(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

2/2026 FORU LEGEA, MARTXOAREN 23KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 15/2018 FORU LEGEA, EKAINAREN 27KOA, ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIARI BURUZKOA

BON N.º 66 - 07/04/2026



Atariko

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legea onestearekin ezarri zen zer bideri jarraitu behar zaion geure komunitatean I+G+b arloan, eremu publikoan nahiz pribatuan. Foru-lege hori aplikatzearen ondorioz sortu dira Berrikuntzaren Behatokia eta I+G+b arloko Aholku Kontseilua, besteak beste. Halaber, Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragileen Erregistroa abiarazi da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduaren bidez, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako I+G+b Sisteman integratutako exekuzioko eragileen egiaztapenerako prozedura eta beren inskripzioa aipatutako eragileen erregistro publikoan. Hala, ahalbidetu zen Nafarroako I+G+b Sistema antolatu eta koordinatu bat izatea.

Aipatutako foru-lege horrek indarra hartu ondotik metatutako eskarmentuak erakutsi du zein garrantzitsua den araudi bizi bat izatea, lagun egiten diona ezagutzaren eta berrikuntzaren bilakaerari. Eraberritze honen helburua da erdietsitako lorpenak finkatzea eta, era berean, sistema etengabe eguneratu ahal izateko behar diren lanabesez hornitzea berau.

Eraberritze honen oinarrian dagoena ikerketaren eta berrikuntzaren ikuspegi zabalago eta barneratzaileago bat da, honela ulertuta horiek: sistematikoki egindako sormen-lana, jakintza-arlo guztietan jakintzaren bolumena areagotzeko egiten dena, barne hartuta gizakiarekin, kulturarekin eta gizartearekin lotutakoak, bai eta hori aplikatzea ere balio publikoa, soziala, kulturala, ingurumenekoa eta ekonomikoa sortze aldera.

Hori horrela, Nafarroako I+G+b Sistema eremu anitza da, barne hartzen dituena zientzia esperimentalak eta teknikak, bai eta gizarte eta giza zientziak ere, koherente izanik garai honetako erronkekiko, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoarekiko eta desberdinkeriak murrizteko helburuarekiko, zeinak jasota baitaude ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean bertan.

Ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legea onetsi zenez geroztik, Nafarroako I+G+b Sistemak bilakaera izan du, eta ondu egin da, gaur den horretara iritsi arte: funtsezko sistema bat da, Nafarroan I+G+b bultzatzen eta haren bikaintasuna bilatzen duena, non beste eragile batzuen artean, bai baititu bi unibertsitate, osasun ikerketarako institutu bat, hiru ikerketa-zentro eta sei zentro teknologiko, eta horiei gehitzen zaizkie jada enpresen I+G+b arloko hamar unitate eta hogeita bat entitate bakan, guztiak ere beren ezaugarri eta jarduerak dituztenak. Horregatik, orain, inportantea da hausnartzea eragile horiek bete dezaketen eginkizunaz eta horiek antolatzeko moduaz, ahalbidetu dadin I+G+b Sistema dinamikoagoa, kohesionatuagoa eta gizartean eragin handiagoa duena.

Horrenbestez, foru-lege hori aldatuz, aukera ematen da entitate bakanen azpikategoriak egiteko, erregelamendu bidezko garapenaren bidez, eta, hala, posible izanen da errealitateari hobeki egokitutako araudi bat ezartzea Nafarroako I+G+b Sistemarako.

Foru-lege honetan jasotako beste aldaketetako bat lotuta dago emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzearekin, emakumeen desberdinkeria-egoerak, eta, kasua bada, diskriminazio-egoerak, desagerraraztearekin, eta emakumeen presentzia sustatzearekin zientzia- eta berrikuntza-jardueretan, erabakitze-organoetan eta lan-baldintzetan. Berdintasun-arloko araudia asko aldatu da, bai Estatuan, bai Nafarroako Foru Komunitatean. Estatu-mailan, azpimarratzekoa da 2/2024 Lege Organikoa, abuztuaren 1ekoa, emakumeek eta gizonek ordezkaritza parekidea eta presentzia orekatua izatekoa, bai eta urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan eta urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuan sartutako erregelamenduzko garapenak ere. Nafarroako Foru Komunitatean, nabarmentzekoa da 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Europan ere aurrera egin da berdintasun-printzipioa eta genero-ikuspegia sar daitezen zientziarekin, ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutako jardueretan. Horregatik, inportantea da lan egitea inklusioa eta dibertsitatea hobetu daitezen ikuspuntu guztietatik.

Era berean, denboraren joanak berak eskatzen du Nafarroako I+G+b-rako inbertsio-helburuak eguneratzea, eta dugun errealitatearekin bateratzea horiek, zeina jaso baita Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Plan berriaren jarraipenean.

Azkenik, beste aldaketa batzuk ere egiten dira, helburu dutenak egungo foru-legearen testua fintzea, araua hobeki aplika dakion Nafarroako I+G+b Sistemari. Aldaketa horien bidez, zenbait planteamendu sartu nahi dira, lagungarri izaten ahal direnak I+G+b gehiago eta eragin handiagokoa sortzeko.

Aldaketa honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateak berretsi egiten du zientziarekin, teknologiarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa, motorrak baitira aurrerapena izan dadin ekonomian, gizartean eta ingurumenean, eta Nafarroako gizarte osoarentzat bikaintasuna, berdintasuna, jasangarritasuna eta balio-sorrera lortzera bideratzen dira bertako politikak.

Artikulu bakarra. Aldatu egiten da 15/2018 Foru Legea, ekainaren 27koa, Zientziari eta Teknologiari buruzkoa.

Bat. Aldatu egiten da 3. artikuluko 3. helburua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"3. Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) antolatzea eta dinamizatzea, jakintzaren sorrera, garapena, hedapena eta aprobetxamendua sustatzeko kalitate-, berdintasun- eta demokrazia-parametroetan, bai eta jakintzaren ekoizpenean eta haren emaitzetan parte hartzea ere, Nafarroako sektore publikoarekiko, entitate sozialekiko eta sektore produktiboarekiko kooperazioa handituz".

Bi. Aldatu egiten da 3. artikuluko 7. helburua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"7. Ikasketa zientifiko, teknologiko, sozial eta humanistikoetako prestakuntza sustatzea maila guztietan, lanbide-heziketan, unibertsitatean eta doktoregoetan, gizartearen beharrak asetzen eta orekatzen laguntze aldera, indar berezia eginda emakumeek STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) ikasketetara sarbidea izan dezaten".

Hiru. Aldatu egiten da 3. artikuluko 10. helburua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"10. Lankidetza sustatzea, elkarlan publiko-pribatua sendotzea eta ikerketako jakintzaren transferentzia egiten laguntzea, Nafarroako I+G+b Sistematik (SINAI) sare produktibora, sare sozialera eta, oro har, gizartera, hain zuzen ere".

Lau. Aldatu egiten da 3. artikuluko 13. helburua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"13. Sustatzea zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politikak eta -planak koordina daitezela autonomia-erkidegoenekin, Estatuko Administrazio Orokorrarenekin eta Europar Batasunarenekin".

Bost. Aldatu egiten da 3. artikuluko 18. helburua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"18. Talentuaren sorrera, atxikipena eta itzulera erraztea behar diren neurriak hartuz honako arlo hauetan: laguntza logistikoa, ekintzailetza eta kontratazioaren sustapena".

Sei. Aldatu egiten da 6. artikuluaren 2. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"2. Honako hauek dira Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileak: I+G+b arloan exekuzio-, dinamizazio-, hedapen-, dibulgazio-, finantzaketa- edo koordinazio-eginkizunak betetzen dituzten eragile publiko eta pribatu guztiak".

Zazpi. Aldatu egiten dira 7. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta e) letrak, eta testu hau izanen dute aurrerantzean:

"a) Ikerketa-zentroa: oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako erakundea, bere jarduerak interes zientifikoko esparruetan egiten dituena, jakintza-arlo guztietan, barne hartuta gizarte eta giza zientziak".

"e) Entitate bakanak: entitateak, funtsezko eginkizun gisa dutenak sustatzea gizartean heda daitezen ezagutza zientifikoa eta I+G+b arloaren emaitzak, eta, orobat, prestakuntza izatea zientzia-, matematika-, ingeniaritza- eta teknologia-jakintzen arloetan, dinamizatzea berrikuntzaren ekosistema, laguntzea I+G+b proiektuei, horretarako gaitasunik izanez gero, eta I+G+b arloarekin lotutako bestelako eginkizunak".

Zortzi. Aldatu egiten da 7. artikuluaren 2. apartatuaren f) letra, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"f) Zuzendaritza-organo parekidea izatea, non izanen baita emakumeen eta gizonen presentzia orekatua, halako moduz non sexu bakoitzeko pertsonak ez diren izanen ehuneko hirurogei baino gehiago, ez eta ehuneko berrogei baino gutxiago ere. Posible izanen da ez aplikatzea parekidetasun-irizpidea eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua, jarraikiz ekintza positiboaren printzipioari, baldin emakumeak ehuneko hirurogei baino gehiago badira; betiere, justifikatu egin beharko da. Gainerako ez-betetzeak justifikatu egin beharko dira, muntazko arrazoi objektiboen bidez, behar bezala arrazoiturik. Halakoetan, ekintza-plan bat ezarri beharko da, helburu duena betetzea ordezkaritza parekidea eta presentzia orekatua".

Bederatzi. Aldatu egiten da 8. artikuluaren 2. apartatuaren b) letrako 2. betebeharra, eta hau da testu berria:

"Bigarrena.-Ardura handieneko postua -zuzendari nagusia edo antzekoa- hautatzea prozesu ireki, ez-baztertzaile eta garden baten bidez, non baloratuko baitira doktore-titulua izatea zentroak lantzen duen I+G+b arloren batean, master bat enpresen zuzendaritza eta administrazioan, argitalpenak, patenteak eta arloko nazioarteko esperientzia. Eskumen hori duten zuzendaritza-organoek eginen dute hautapena. Hautapen-prozesu horretan kontuan hartuko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioari jarraitzea, eta eragileek frogatu beharko dute ezen, postu horiek betetzeko izangaien zerrendan, sexu bakoitzeko pertsonak ez direla ehuneko hirurogei baino gehiago, ez eta ehuneko berrogei baino gutxiago ere, salbu eta muntazko arrazoi objektiboak daudenean, behar bezala justifikatuak. Posible izanen da ez aplikatzea emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa, jarraikiz ekintza positiboaren printzipioari, baldin emakumeak ehuneko hirurogei baino gehiago badira; betiere, justifikatu egin beharko da. Unibertsitateek ez dute betebehar hori bete beharrik izanen".

Hamar. Aldatu egiten da 8. artikuluaren 2. apartatuaren c) letra, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"c) Berdintasunarena: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan bat izatea, araudian ezarritakoaren arabera egina, erregistratua eta aplikatua, eta bereziki honako hauen arabera: 2007ko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta hura garatzen duen araudia; hots, 901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, planak eta horien erregistroa arautzen dituena eta aldatzen duena maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, laneko hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratzeari eta gordetzeari buruzkoa; 902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, emakumeen eta gizonen arteko ordainsari-berdintasunarena; eta 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa.

Berdintasun-plana izatera behartuta ez dauden entitateentzat, emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazioak ekiditeko neurriak edukitzea eta gauzatzea edo borondatezko berdintasun-plan bat izatea. Bi horiek berdintasun-plana edo neurriak barne hartzen dituen eraginkortasun mugatuko erabaki gisa erregistratu beharko dira. Edonola ere, neurrien eta borondatezko berdintasun-planen exekuzioaren jarraipen-txostenak eginen dira.

Era berean, entitate guztiek izan beharko dituzte jarduera-protokoloak lan esparruan geratzen diren sexu-askatasunaren eta osotasun moralaren kontrako indarkeria, delitu edo bestelako jokabide, sexu-jazarpen edo sexu-arrazoiengatiko jazarpenen kasuetarako".

Hamaika. e) letra berri bat gehitzen zaio 8. artikuluaren 2. apartatuari, honako testu honekin:

"e) LGTBI+ gaiarena: sustatzea eduki dadila LGTBI+ pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurrien eta baliabideen multzo planifikatu bat, zeinek barne hartuko baitu LGTBI+ pertsonen kontrako jazarpen- edo indarkeria-kasuak artatzeko jarduera-protokolo bat. Horretarako, negoziazio kolektiboaren bidez adostuko dira neurriak langileen legezko ordezkaritzarekin, Estatuko eta komunitateko legediak ezartzen duten eran".

Hamabi. Aldatu egiten da 9. artikuluaren 1. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"1. Nafarroako I+G+b Sisteman (SINAI) I+G+b arloko jarduerak egiten dituzten exekuzioko eragile gisa akredita daitezke unibertsitateak, ikerketa zentroak, osasun ikerketarako institutuak eta zentro teknologikoak. Akreditazioa lortzeko, 7. artikuluan eskatutako baldintzak betetzeaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Plantillan ikertzaile doktoreak izatea.

b) Plantillako ikertzaile doktoreen artean, bete beharko da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa, halako moduz non sexu bakoitzeko pertsonak ez diren izanen ehuneko hirurogei baino gehiago, ez eta ehuneko berrogei baino gutxiago ere. Posible izanen da ez aplikatzea emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa, jarraikiz ekintza positiboaren printzipioari, baldin emakumeak ehuneko hirurogei baino gehiago badira; betiere, justifikatu egin beharko da. Gainerako ez-betetzeak justifikatu egin beharko dira, muntazko arrazoi objektiboen bidez, behar bezala arrazoiturik. Halakoetan, ekintza-plan bat ezarri beharko da, helburu duena presentzia orekatua betetzea.

c) I+G+b arloko proiektuak egitea.

d) Nazioarteko I+G+b arloko proiektuetan parte hartzea".

Hamahiru. Aldatu egiten da 9. artikuluaren 3. apartatuaren a) letrako 1. betebeharra, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"Lehena.-Nazioarteko aholkularitza-batzorde zientifiko bat izatea, zentroaren balorazio bat eginen duena urtero, bermatuta osaera anitza izanen duela, entitateak lantzen dituen jakintza-arloekin bat datorrena, eta barne hartuko dituena, hala dagokionean, gizarte eta giza zientzietako espezialistak".

Hamalau. Aldatu egiten da 11. artikuluaren izenburua, eta hau izanen da berria:

"11. artikulua. Entitate bakanak: dinamizazio-, hedapen-, dibulgazio-, finantzaketa- eta exekuzio-eginkizunetarako eragileak".

Hamabost. Aldatu egiten da 11. artikuluaren 1. apartatuaren d) letra, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"d) Berrikuntza-ekosistemaren dinamizazioko eta/edo finantzaketako bestelako jarduerak egitea".

Hamasei. e) eta f) letra berriak gehitzen zaizkio 11. artikuluaren 1. apartatuari, honako testu honekin:

"e) I+G+b proiektuetan parte hartzea, horretarako gaitasunik izanez gero.

f) I+G+b-ari laguntzeko beste jarduera batzuk".

Hamazazpi. 3. apartatu berri bat gehitzen zaio 11. artikuluari, honako testu honekin:

"3. Entitate hauek azpikategoriatan sailkatu ahal izango dira egiten dituzten jardueren arabera, erregelamenduaren bitartez, hau da, Nafarroako I+G+b Sisteman, INAIn, integratutako exekuzioko eragileak nola akreditatu behar diren eta eragile horiek erregistro publikoan nola inskribatu behar diren arautzen duen erregelamenduaren bidez egoki jotakoen artean".

Hemezortzi. Aldatu egiten da 12. artikuluaren 1. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"1. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzioko eragileen koordinatzailea den eragilea arduratzen da sistemaren exekuzioko eragile guztien koordinazioaz, Nafarroan zientzia, teknologia eta enpresaren arteko erlazioa dinamizatzeaz eta Nafarroako gizartearen esparru guztietan zientzia, ikerketa, berrikuntza eta teknologiaren hedapena egiteaz".

Hemeretzi. Aldatu egiten da 12. artikuluaren 4. apartatuaren h) letra, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"h) Nafarroako eragile, entitate publiko eta enpresen arteko elkarlaneko eta transferentziarako I+G+b proiektuak koordinatzea, eta elkarlan publiko-pribatua sendotzea horrela".

Hogei. Aldatu egiten da 13. artikuluaren 2. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"2. Departamentu horrek kudeatuko du erregistro hori, eguneraturik eta osorik izatearren Nafarroan I+G+b arloan aritzen diren entitateen zerrenda, eta bermatuko du lege honek ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen eta gordetzen dituztela, baita erregelamenduz ezarritakoak ere".

Hogeita bat. Aldatu egiten da 17. artikuluaren 1. apartatuaren j) letra, eta testu hau izanen du:

"j) I+G+b arloko bi pertsona, Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan parte hartzeko eskubidea duten sindikatuek adostasunez izendatuak".

Hogeita bi. Aldatu egiten da 17. artikuluaren 2. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"2. Aipatutako pertsonak izendatzerakoan, errespetatu egin behar da emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa, halako moduz non sexu bakoitzeko pertsonak ez diren izanen ehuneko hirurogei baino gehiago, ez eta ehuneko berrogei baino gutxiago ere".

Hogeita hiru. Aldatu egiten da 17. artikuluaren 5. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"5. Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseiluko kide izatea ez da ordainduko, baina joan-etorrien eta egonaldien gastuak ordainduko zaizkie artikulu honen 1. apartatuaren b) eta c) letretan aipatzen direnei, baldin eta bizi badira Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo".

Hogeita lau. Aldatu egiten dira 21. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta ñ) letrak, eta testu hau izanen dute aurrerantzean:

"a) Zientziako eta ikerketako talentua sustatzeko neurriak, honako hauen bidez: doktorego aurreko eta ondoko bekak, industriako doktoregoetarako laguntzak, ikertzaileen mugikortasunerako laguntzak eta I+G+b proiektuak egiteko ikertzaileak eta teknikariak kontratatzeko laguntzak".

"ñ) Talentua Nafarroako Foru Komunitatera erakartzeko eta fidelizatzeko neurriak, laguntza logistikoko, ekintzailetzarako eta kontratazioa laguntzeko sistemekin".

Hogeita bost. o) eta p) letra berriak gehitzen zaizkio 21. artikuluaren 1. apartatuari, eta testu hau izanen dute:

"o) Lanbide-karrera eta lanbide-mugigarritasuna sustatzeko neurriak Nafarroako I+G+b Sistemako eragileetako langile zientifiko-teknikoentzat".

"p) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erosketa publiko berritzaileak egin ditzan sustatzeko eta babesteko neurriak".

Hogeita sei. Kendu egiten da 22. artikuluaren 2. apartatua, eta, hori horrela, zenbakitu gabeko paragrafo bakarra izanen du artikuluak.

Hogeita zazpi. Aldatu egiten da 27. artikuluaren 3. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"3. Deialdi horien bidez, gizartearen behar eta erronkei erantzuten dieten eta Zientzia, teknologia eta berrikuntza planean ezarrita dauden eragileak, ikertzaileak, I+G+b arloko proiektuak edo I+G+b arloko azpiegiturak finantzatuko dira, eta lan-egonkortasuna eta enplegu-hazkundea sustatuko dira horrela teknologiaren eta ikerketaren alorretan".

Hogeita zortzi. Aldatu egiten da 27. artikuluaren 4. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"4. Jakintza-transferentzia sustatzeko, laguntzen bidez enpresen, zentro teknologikoen, ikerketa-zentroen, osasun-ikerketako institutuen, Osasun Departamentuko zentroen eta unibertsitateen arteko baterako ikerketa-proiektuak sustatuko dira, haiei esparru guztietan egonkortasuna ziurtatzea ere helburu izanda".

Hogeita bederatzi. Aldatu egiten da 28. artikulua, eta testu hau izanen du:

"28. artikulua. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileentzako laguntza-deialdiak, errendimenduaren araberakoak.

1. Nafarroako I+G+b Eragileen Sistemako (SINAI) iraunkortasuna segurtatzeko, I+G+b proiektuetarako, ekipamendu-inbertsioetarako eta hedapen eta dibulgazio zientifikoko jardueretarako laguntzen deialdiez gain, beste deialdi batzuk ezartzen ahalko dira, errendimenduaren araberako laguntza oinarrizkoetarako deialdiak zehazki, ekonomikoa ez den jarduera osorik finantzatzeko, zentroaren bikaintasuna eta ikerketarako eta transferentziako gaitasuna kontuan hartuta.

2. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileen bikaintasunerako orientazioa segurtatzeko, deialdietan, balorazio-irizpide gisa erabiliko dira bikaintasun- eta hobekuntza-adierazleak, honako hauek jasoko dituztenak, besteak beste: plantillako doktore kopurua, argitalpenak, patenteak, sortutako oinarri teknologikoko enpresak, industriarekin I+G+b arloan izandako proiektuen fakturazioa, lortutako Europako finantzaketa, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzarako indarreko planean ezarritako gainerako adierazleak".

Hogeita hamar. Aldatu egiten da 30. artikuluaren 3. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"3. Planaren indarraldia lau urtekoa izanen da gutxienez".

Hogeita hamaika. 6. apartatu berri bat gehitzen zaio 32. artikuluari, eta testu hau izanen du:

"6. Administrazio publikoak berrikuntza bultzatzea enpresaren sektorean, erosketa publiko berritzailea erabiliz tresna dinamizatzaile gisa".

Hogeita hamabi. Aldatu egiten da xedapen gehigarri bakarra, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"Xedapen gehigarri bakarra.-Nafarroako I+G+b arloko inbertsio-helburuak.

Botere publikoen jarduketa gidatzeko xedez, honako inbertsio-helburu hauek ezartzen dira Nafarroan I+G+b arlorako:

Nafarroan, I+G+b-rako bideratutako inbertsio-helburua 2030. urterako: BPGd-aren %3.

Nafarroan, sektore publikoan I+G+b-rako bideratutako inbertsio helburua 2030. urterako: BPGd-aren %1.

Nafarroan, sektore publikoan I+G+b-rako bideratutako inbertsio helburua 2030. urterako: Nafarroako Aurrekontu Orokorraren %8.

Azken helburu hori taula honetan xehatzen da:

I+G+B PLANGINTZA, DATU ERREALEN ETA 2030ERAKO HELBURUAREN ARABERA201920232030
Unibertsitateen portzentajea Nafarroako Aurrekontu Orokorrarekiko1,871,922,00
I+G+b-aren sustapenerako portzentajea Nafarroako Aurrekontu Orokorrarekiko1,441,772,00
Estatuak eta EBk Nafarroako I+G+b-rako egindako ekarpenen portzentajea, Nafarroako Aurrekontu Orokorrarekiko2,453,393,00
Zerga-deskontuaren portzentajea Nafarroako Aurrekontu Orokorrarekiko1,010,821,00
Guztira, sektore publikoak I+G+b-rako bideratutako inbertsio helburua, Nafarroako Aurrekontu Orokorrarekiko6,777,908,00

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web