9/2026 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 9KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ EZARTZEN BAITIRA BALIOKIDETZAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN MUSIKAKO EDO DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZEN ETA DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO EDO BATXILERGOKO IRAKASKUNTZEN ARTEAN
BON N.º 44 - 02/03/2026
I. ERANSKINA. DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO HAINBAT JAKINTZAGAIREN ETA IRAKASGAI JAKIN BATZUEN BALIOZKOTZEAK
II. ERANSKINA. BATXILERGOKO HAINBAT JAKINTZAGAIREN ETA IRAKASGAI JAKIN BATZUEN BALIOZKOTZEAK
III. ERANSKINA. MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZENBAIT IRAKASGAIREN ETA BATXILERGOKO JAKINTZAGAI JAKIN BATZUEN ARTEKO BALIOZKOTZEAK
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 47. artikuluan dioenez, hezkuntza administrazioek ikasleei aukera eman behar diete aldi berean egiteko arteetako lanbide ikasketak eta Bigarren Hezkuntzakoak, eta horretarako behar diren neurriak hartzen ahalko dira ikasketen antolaketan; besteak beste, baliozkotzeak.
Lege horren 45.2 artikuluak arteetako lanbide irakaskuntzen barruan jasotzen ditu musikako lanbide irakaskuntzak eta dantzako lanbide irakaskuntzak.
Otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretuak baliozkotzeak ezartzen ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zenbait jakintzagairen eta musikako eta dantzako lanbide irakaskuntzako zenbait irakasgairen artean.
Errege dekretu horretan ezarritakoari erantzunez idatzi zen 123/2009 Foru Agindua, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Agindu horrek ezartzen ditu musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren edo Batxilergoaren arteko baliozkotzeak, Gorputz Hezkuntza jakintzagaiaren balizko salbuespenak, eta Batxilergoko jakintzagai komunak eta musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu ondoren batxilergoko titulua lortzeko baldintzak.
Nahiz eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzen antolamenduan ekarritako aldaketek ez zuten eraginik izan hura ezarri zenean indarrean zeuden baliozkotzeetan, ez da gauza bera gertatu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa argitaratzean, azken horrek aldaketak ekarri baititu; besteak beste, baliozkotzen ahal ziren Batxilergoko jakintzagai batzuk desagertzea edo aldatzea, eta baliozkotzen ahalko diren beste batzuk sartzea.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berrian sartutako arau aldaketetara egokitzeko, aurrez aipatutako otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretua aldatu zen, urtarrilaren 17ko 14/2023 Errege Dekretuaren bidez.
Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Arteetako Lanbide Irakaskuntzak eta Bigarren Hezkuntza aldi berean ikasteko aukera ematea. Helburu horretarako, ikasketak antolatzeko neurri egokiak hartzen ahalko dira, hala nola baliozkotzeak.
Era berean, alde batetik, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 12ko 53/2023 Foru Aginduak (Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duenak) bere laugarren xedapen gehigarrian, eta, beste alde batetik, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduak (Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duenak) bere laugarren xedapen gehigarrian, bi-biek ezartzen dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzen eta musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzen arteko baliozkotzeei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa beteko dela, eta, hala badagokio, horretarako ematen ahal diren jarraibideak beteko direla.
Aurreko guztia ikusita, bidezkoa da, beraz, beste arau garapen bat egitea, haren bidez ezartzeko Nafarroako Foru Komunitateko musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzen arteko baliozkotzeak, otsailaren 27ko 242/2009 Errege Dekretuan jasotako erregelamendu aldaketak betetzeko.
Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko hainbat jakintzagairen eta musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako zenbait irakasgairen arteko baliozkotzeak ezartzea.
2. Foru agindu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko, pribatu eta itunpeko pribatuetako ikasleei, baldin eta ikastetxe horiek, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzak ematen badituzte.
2. artikulua. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko jakintzagaien eta musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako ikasgai jakin batzuen arteko baliozkotzeak.
1. Honako hauek izanen dira aplikatu beharreko baliozkotzeak:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zenbait jakintzagairen eta musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako zenbait irakasgairen arteko baliozkotzeak, foru agindu honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
b) Batxilergoko zenbait jakintzagairen eta musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako zenbait irakasgairen arteko baliozkotzeak, foru agindu honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera.
c) Musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako zenbait irakasgairen eta Batxilergoko zenbait jakintzagairen arteko baliozkotzeak, foru agindu honen III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
2. Jakintzagai edo irakasgai bat baliozkotuta duten ikasleak ez dira behartuta egonen jakintzagai edo irakasgai horretako eskoletara joatera.
3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, ikastetxeko ikasketa buruari dagokio espazio egokiak ikasleen eskura jartzea, baldin eta ikastetxean geratzen badira baliozkotu zaizkielako nahitaez joan behar ez duten jakintzagaiei edo irakasgaiei dagokien eskola aldian, bai eta denbora tarte horretan ikasle horiei arreta emateko prozedura egokiak ezartzea ere.
3. artikulua. Baliozkotze bakarra.
1. Jakintzagai edo irakasgai bakoitza baliozkotze bakarrerako baino ez da erabiltzen ahalko.
2. Ikasmaila desberdinetako jakintzagaiak irakasgai beraren bidez baliozkotzeak baliozkotze bakarraren izaera izanen du, nahiz eta baliozkotze hori ikasturte desberdinetan aplikatu.
3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako Musika jakintzagaia baliozkotu duten ikasleek Hirugarren mailako Musika jakintzagaia baliozkotu nahi badute, berariaz eskatu beharko diote ikastetxeko zuzendaritzari, hirugarren mailako jakintzagai horretan matrikulatzen diren ikasturtean, foru agindu honen 4. artikuluan araututako epeak eta baldintzak kontuan hartuta.
4. Ikaslea mailaz igotzen ez bada, foru agindu honetan ezarritako baldintzetan aitortutako baliozkotzeek beren baliozkotasunari eutsiko diote. Aurrekoa gorabehera, baliozkotze hori baliorik gabe utz dezakete ikasleek, jakintzagai edo irakasgai hori dagokion ikasturtean ikasi nahi badute.
4. artikulua. Baliozkotze eskaera.
1. Ikasleek edo, adingabeak badira, haien gurasoek edo legezko ordezkariek baliozkotze eskaera bat egin beharko dute, jakintzagaia edo irakasgaia baliozkotu nahi den ikastetxeko zuzendariari zuzenduz.
2. Baliozkotze eskaera horrek data eta sinadura izan beharko ditu, eta honako informazio hau jasoko du:
a) Ikasle interesdunaren datu pertsonalak: izen-abizenak, NANa edo pasaportea, helbidea, herria eta probintzia, posta kodea, posta elektronikoa eta harremanetarako telefonoa.
b) Ikaslea matrikulatuta dagoen ikasturtean baliozkotu nahi diren jakintzagaien edo irakasgaien zerrenda, haietako bakoitzaren izena eta dagokion ikasmaila zehaztuta.
c) Baliozkotzea aplikatzeko erabil daitezen proposatzen dituen jakintzagaien edo irakasgaien zerrenda, haietako bakoitzaren izena eta dagokion ikasmaila zehaztuta.
3. Baliozkotze eskaerarekin batera, baliozkotzea aplikatzeko ikasleak erabili nahi duen jakintzagaia edo ikasgaia gainditu izana egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko da. Baliozkotu beharreko jakintzagaiaren edo irakasgaiaren ikasturte berean ikasten ari bada, hartan matrikulatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria erantsi beharko da.
4. Baliozkotze eskaerak aurkezteko azken eguna kasuan kasuko baliozkotzea egin nahi den ikasturteko urriaren 15a izanen da.
5. artikulua. Baliozkotzeko prozedura.
1. Foru agindu honetan aipatzen diren baliozkotzeak aplikatzea ikastetxeko zuzendariari dagokio, hots, ikaslea baliozkotu beharreko jakintzagaian edo irakasgaian matrikulatu den ikastetxeko zuzendariak.
2. Antzeko edukiak jorratzen dituzten jakintzagaien eta irakasgaien baliozkotzeak aplikatzeko, beharrezkoa izanen da oinarrizko edukien/ezagutzen bat etortzea %75ekoa edo gehiagokoa izatea, kontuan hartutako mailako edo mailetako guztiekiko.
3. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, baliozkotzea aplikatu ahal izateko, ikastetxeko zuzendariak kontuan hartu beharko du Hezkuntza Departamentuak arauz ezar dezakeena antzeko edukia duten jakintzagai eta irakasgaiei buruz edo, hala badagokio, hark eman ditzakeen jarraibideak.
4. Artikulu honetan ezarritako edozein kasutan, zuzendariak, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, gehienez ere bost egun balioduneko epea izanen du, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, interesdunari baliozkotzea onartu zaion ala ez jakinarazteko.
5. Ikastetxeko zuzendariak hartutako erabakiaren aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, interesdunari erabaki hori jakinarazi eta ondoko hiru egun balioduneko epean. Ikastetxeko zuzendariari dagokio jasotako erreklamazioak ebaztea. Horretarako, gehienez hiru egun balioduneko epea izanen du, erreklamazioa aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera. Erreklamazioak ebazteko, ikastetxeko zuzendariak gai horretan eskumena duten Hezkuntza Departamentuko unitate teknikoen aholkularitza izaten ahal du.
6. artikulua. Ebaluazio dokumentuak.
1. Jakintzagai edo irakasgaien baliozkotzea ebaluazio dokumentuetan jasoko da, honako alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Baliozkotzea aplikatzeko jada gainditua duen jakintzagai edo irakasgai bat erabili nahi badu, inguruabar hori jasoko da baliozkotzeari indarra emanen dion eginbideko ebaluazio agirietan, eta "Baliozkotua" (BAL) idatziko da baliozkotutako jakintzagaiaren edo irakasgaiaren ebaluazio partzialen nahiz azken ebaluazioaren laukietan, zenbakizko kalifikaziorik zehaztu gabe. Une horretatik aurrera, ikasleak jakintzagai edo irakasgai horretako eskoletara joateari uzten ahalko dio.
b) Baliozkotzea aplikatzeko erabili nahi duen jakintzagaia edo irakasgaia baliozkotu nahi duen jakintzagaiaren edo irakasgaiaren ikasturte berean egiten ari bada, inguruabar hori jasoko da baliozkotze eskaeraren eginbideko ebaluazio agirietan. Une horretatik aurrera, "Baliozkotzeko zain" (BZ) idatziko da baliozkotu nahi den jakintzagaiaren edo irakasgaiaren ebaluazio partzialen nahiz azken ebaluazioaren laukietan. Une horretatik aurrera, ikasleak jakintzagai edo irakasgai horretako eskoletara joateari uzten ahalko dio. Behin irakasgaia gainditu izana ziurtatu ondoren (egiaztatzeko agiria azken ebaluazio arruntaren eta, kasua bada, ebaluazio bereziaren data bitartean aurkezten ahalko du), "Baliozkotua" (BAL) terminoa erabiliko da, inolako zenbakizko kalifikaziorik zehaztu gabe. Irakasgaia gainditzen ez badu, ohiko edo, hala badagokio, ezohiko deialdiaren azken aktan "Gainditu gabe" (GB) adieraziko da.
2. Baliozkotze bat aitortzeko beharrezkoak diren jatorrizko egiaztagiriak edo kopia konpultsatuak ikaslearen espediente pertsonalari erantsiko zaizkio.
7. artikulua. Kalifikazio irizpideak eta batez besteko nota.
1. Ondorio guztietarako, "Baliozkotua" (BAL) terminoa kalifikazio positibotzat hartuko da; "Baliozkotzeko zain" (BZ) eta "Gainditu gabe" (GG) terminoak, berriz, kalifikazio negatibotzat.
2. Baliozkotu diren jakintzagaiak eta irakasgaiak (BAL) ez dira kontuan hartuko espediente akademikoak lehian sartu beharko liratekeen deialdietan, ezta, Batxilergoaren kasuan, tituluaren batez besteko nota kalkulatzeko ere.
Lehen xedapen gehigarria. Batxilergoko titulua musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetatik lortzea.
1. Musikako edo dantzako lanbide ikasketak eta Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu dituzten ikasleek Batxilergoko titulua lortzen ahalko dute, Arteen modalitatean.
2. Ikasle horien Batxilergoko tituluan ageri den nota haztapen hau eginez aterako da:
a) Batxilergoko jakintzagai komunetan lortutako kalifikazioen batez bestekoaren %60.
b) b) Musika edo dantzako lanbide ikasketetan lortutako batez besteko notaren %40, irakaskuntza horiek antolatzeko behar diren errege dekretuan ezarritakoaren arabera kalkulatuta.
3. Nolanahi ere, musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetatik batxilergoko titulua lortzeari dagokionez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatzen duena beteko da.
Bigarren xedapen gehigarria. "Gainditu gabe" (GB) terminoaren ondorioak espedienteen lehia prozesuetan.
Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruan egiten diren deialdi guztietan, ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra badago eta deialdian ez bada zehaztu "Gainditu gabe" (GB) terminoa bihurtzeko eskalarik, honako hau aplikatuko da:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetako "Gainditu gabe" (GB) jakintzagai bakoitzari Gutxiegi kalifikazioa aplikatuko zaio (3).
b) Batxilergoko irakaskuntzetako "Gainditu gabe" (GB) jakintzagai bakoitzari "3" kalifikazioa aplikatuko zaio.
c) Musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako "Gainditu gabe" (GB) irakasgai bakoitzari "3" kalifikazioa aplikatuko zaio.
Hirugarren xedapen gehigarria. Baliozkotze prozedura baten bidez gainditutako jakintzagaiak eta irakasgaiak.
Baliozkotze prozedura baten bidez gainditutako jakintzagaiak eta irakasgaiak ez dira beste jakintzagai edo irakasgai batzuk baliozkotzeko erabiltzen ahalko.
Laugarren xedapen gehigarria. Baliozkotzeen aplikaezintasuna.
Foru agindu honetan xedatutako baliozkotzeak ez dira inola ere aplikatzen ahalko eskabidea egiteko unean ikasleek aurkeztutako ziurtagiri akademikoak eman dituzten ikastetxeetako irakaskuntzak baldin badira arautu gabekoak eta titulaziora bideratu gabeak.
Bosgarren xedapen gehigarria. Ikastetxeen aholkularitza.
Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek bermatuko dute informazio eta aholkularitza egokia emanen dietela ikasleei eta, adingabeak izanez gero, haien gurasoei edo legezko ordezkariei, foru agindu honetan xedatutako guztiari buruz.
Seigarren xedapen gehigarria. Informazio eskuragarria eta ulergarria.
Ikastetxeek foru agindu honi dagokionez familiei eta ikasleei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian aurkeztu beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuz.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
1. Indarrik gabe geratzen da 123/2009 Foru Agindua, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen dira musikako edo dantzako lanbide ikasketen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren edo Batxilergoaren arteko baliozkotzeak, Gorputz Hezkuntza jakintzagaiaren salbuespenak, eta Batxilergoko jakintzagai komunak eta musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditutakoan batxilergoko titulua lortzeko baldintzak.
2. Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO HAINBAT JAKINTZAGAIREN ETA IRAKASGAI JAKIN BATZUEN BALIOZKOTZEAK
MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZAK
| BALIOZKOTZEN DEN DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO JAKINTZAGAIA ETA IKASMAILA | MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN BALIOZKOTZEN DEN |
| 1. mailako eta 3.eko Musika (biak baliozkotzen dira) | Musika tresna nagusiaren edo ahotsaren irakasgaiaren 1. maila |
| 4. mailako Musika | Musika tresna nagusiaren edo ahotsaren irakasgaiaren 2. maila |
| 1. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
| 2. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
| 3. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
| 4. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZAK
| BALIOZKOTZEN DEN DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO JAKINTZAGAIA ETA IKASMAILA | DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN BALIOZKOTZEN DEN |
| 1. mailako eta 3.eko Musika (biak baliozkotzen dira) | 1. mailako Musika |
| 4. mailako Musika | 2. mailako Musika |
| 1. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
| 2. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
| 3. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
| 4. mailako aukerako jakintzagaia | Beste baliozkotze batean erabili ez den edozein irakasgai |
II. ERANSKINA. BATXILERGOKO HAINBAT JAKINTZAGAIREN ETA IRAKASGAI JAKIN BATZUEN BALIOZKOTZEAK
MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZAK
BATXILERGOKO 1. MAILA
| BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO 1. MAILAKO JAKINTZAGAIA | MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN BALIOZKOTZEN DEN |
| Musika Analisia I | 1. mailako Harmonia |
| Arte Eszenikoak I | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Ikus-entzunezko Kultura | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Musika Hizkuntza eta Praktika | 2. mailako Musika Hizkuntza |
| Korua eta Ahots Teknika I | 1. mailako Korua edo antzeko edukia duen irakasgaia |
| Literatura Unibertsala | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| 1. blokeko aukerako jakintzagaia (*) (2 ordu) | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili ez den edozein irakasgai |
| 2. blokeko aukerako jakintzagaia (*) (4 ordu) | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili ez den edozein irakasgai |
(*) Ikasleek aukerako jakintzagai bakar bat baliozkotzen ahalko dute, 1. blokekoa edo 2. blokekoa. A ereduko ikasleek, G/A ikastetxe batean, 1. blokekoa baino ez dute baliozkotzen ahalko.
BATXILERGOKO 2. MAILA
| BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO 2. MAILAKO JAKINTZAGAIA | MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN BALIOZKOTZEN DEN |
| Musika Analisia II | 2. mailako Harmonia |
| Arte eszenikoak II | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Korua eta Ahots Teknika II | Bigarren mailako Korua edo antzeko edukia duen irakasgaia |
| Artearen Historia | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Musikaren eta Dantzaren Historia | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Literatura Dramatikoa | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| 2. mailako aukerako jakintzagaia (*) | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai |
(*) Aukerako irakasgai gisa ikasitako edozein jakintzagai baliozkotzen ahalko da, Euskal Hizkuntza eta Literatura II jakintzagaia izan ezik, jakintzagai komuna baita.
DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZAK
BATXILERGOKO 1. MAILA
| BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO 1. MAILAKO JAKINTZAGAIA | DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN BALIOZKOTZEN DEN |
| Arte Eszenikoak I | 1. mailako Dantza flamenkoa, Dantza klasikoa, Dantza garaikidea, Dantza estilizatua, Bolero eskola, Oinarrizko dantza teknikak edo Dantza garaikideko teknikak |
| Ikus-entzunezko Kultura | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Musika Hizkuntza eta Praktika | 3. mailako Musika |
| Korua eta Ahots Teknika I | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Literatura Unibertsala | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| 1. blokeko aukerako jakintzagaia (*) (2 ordu) | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili ez den edozein irakasgai |
| 2. blokeko aukerako jakintzagaia (*) (4 ordu) | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili ez den edozein irakasgai |
(*) Ikasleek aukerako jakintzagai bakar bat baliozkotzen ahalko dute, 1. blokekoa edo 2. blokekoa. A ereduko ikasleek, G/A ikastetxe batean, 1. blokekoa baino ez dute baliozkotzen ahalko.
BATXILERGOKO 2. MAILA
| BALIOZKOTZEN DEN BATXILERGOKO 2. MAILAKO JAKINTZAGAIA | DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZEIN IRAKASGAIREKIN BALIOZKOTZEN DEN |
| Arte eszenikoak II | 2. mailako Dantza flamenkoa, Dantza klasikoa, Dantza garaikidea, Dantza estilizatua, Bolero eskola, Oinarrizko dantza teknikak edo Dantza garaikideko teknikak |
| Korua eta Ahots Teknika II | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Artearen Historia | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Musikaren eta Dantzaren Historia | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| Literatura Dramatikoa | Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila |
| 2. mailako aukerako jakintzagaia (*) | Ez DBHn ez Batxilergoan beste baliozkotze baterako erabili gabeko edozein irakasgai |
(*) Aukerako irakasgai gisa ikasitako edozein jakintzagai baliozkotzen ahalko da, Euskal Hizkuntza eta Literatura II jakintzagaia izan ezik, jakintzagai komuna baita.
III. ERANSKINA. MUSIKAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZENBAIT IRAKASGAIREN ETA BATXILERGOKO JAKINTZAGAI JAKIN BATZUEN ARTEKO BALIOZKOTZEAK
| MUSIKAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAI BALIOZKOTZEN DEN | BALIOZKOTZEKO ERABILIKO DEN BATXILERGOKO JAKINTZAGAIA |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Musika Analisia II |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Arte Eszenikoak II |
| 1. Mailako Korua edo antzeko edukia duen irakasgaia | Korua eta Ahots Teknika II |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Ikus-entzunezko Kultura |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Artearen Historia |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Musikaren eta Dantzaren Historia |
| 1. Mailako Musika Hizkuntzako | Musika Hizkuntza eta Praktika |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Literatura Dramatikoa |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Literatura Unibertsala |
DANTZAKO LANBIDE IRAKASKUNTZETAKO ZENBAIT IRAKASGAIREN ETA BATXILERGOKO JAKINTZAGAI JAKIN BATZUEN ARTEKO BALIOZKOTZEAK
| DANTZAKO LANBIDE IKASKETETAKO ZEIN IRAKASGAI BALIOZKOTZEN DEN | BALIOZKOTZEKO ERABILIKO DEN BATXILERGOKO JAKINTZAGAIA |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Musika Analisia II |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Arte Eszenikoak II |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Korua eta Ahots Teknika II |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Ikus-entzunezko Kultura |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Artearen Historia |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Musikaren eta Dantzaren Historia |
| 1. eta 2. mailako Musika | Musika Hizkuntza eta Praktika |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Literatura Dramatikoa |
| Antzeko edukia duen irakasgai baten ikasmaila | Literatura Unibertsala |