379E/2025 FORU AGINDUA, URRIAREN 28KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITA LANPOSTUAK ALDI BATERAKO BARNE-IGOERAREN BIDEZ BETETZEKO PROZEDURA OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAN ETA NAFARROAKO OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INSTITUTUAN
BON N.º 236 - 25/11/2025
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak 34. artikuluan ezartzen duenez, langileak sustatzeko, beste modalitate batzuen artean, maila, talde edo kategoria handiagoko lanpostuetan jardunen dira aldi baterako, betiere eskatzen den titulazioa baldin badute eta erregelamendu bidez ezartzen diren arauei jarraikiz.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak garatzen du xedapen hori, eta ezartzen duenari jarraikiz, langileak jarduneko egoera berezian deklaratuko dira, plantilla organikoan hutsik dagoen plaza bat edo titularrarentzako lanpostua gordetzeko eskubidea duen plaza bat betetzen dutenean aldi baterako barne-igoerako sistemaren bidez.
Igoera-prozedurak garatzeko, lan-mahai bat eratu zen, Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek osatua, eta mahai horrek adostu du beharrezkoa dela arau bat onestea argi eta zehatz finkatzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako barne-igoeraren prozedurari eragiten dioten alderdi guztiak, bai eta lanbide-sustapeneko sistema horretarako izangaien zerrendak sortu eta kudeatzeari dagozkionak ere.
Ondorioz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua aldatu ondoren, Osasun Departamentuaren eskumeneko alderdiak arautuko dituen foru agindu bat onetsi behar da orain.
Izan ere, foru agindu horrek arautuko ditu aldi baterako barne-igoerako kasuak eta iraupena, deialdietan parte hartzeko betekizunak eta igoeraren beraren baldintzak. Berritasuna da, baldintza horien barruan, mailaz igotako langileek burutza bat betetzeko aukera izanen dutela orain, salbuespenez betiere eta bakar-bakarrik baldin eta burutza hori igoerako lanpostuaren atxikipen-unitatean bertan badago; gainera, indarreko araudiak ezartzen duenez, funtzionarioek baino ezin izanen dute hori egin, eta betekizunak betetzen ez dituzten langileek ezin izanen dute, inola ere ez, burutzan jardun. Foru aginduak, halaber, sustapeneko zerrendak prestatzeko prozedura eta horien kudeaketa-arauak eta indarraldia arautuko ditu.
Foru agindu hau aldez aurretik negoziatu beharra zegoenez, Osasun Departamentuko erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean negoziatu da, 2022ko martxoaren 15ean eta 29an eta apirilaren 26an egindako bileretan.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Xedea eta aplikazioeremua.
1. Foru agindu honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan ari diren langile finkoek, aldi baterako barne-igoeraren bidez eta jarduneko egoera berezian, lanpostuak betetzeko prozedura arautzea, eta, horrez gain, aipatutako erakunde autonomo bakoitzean izangai zerrendak sortzeko eta kudeatzeko modua ere arautzea.
2. Arau hau aplikatuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko lanpostuak aldi baterako barne-igoeraren bidez betetzeko.
2. artikulua. Aldi baterako barneigoeraren kasuak, iraupena eta amaiera.
1. Bidezkoa izanen da aldi baterako barne-igoera egitea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 24.2 artikuluan jasotako kasuetan:
a) Plantilla organikoan hutsik dagoen plaza bat 6 hilabetetik gora betetzeko.
b) Plaza bat betetzeko, titularrak hura sei hilabetetik gora gordetzeko eskubidea duenean.
2. Aldi baterako barne-igoerak 8 urte iraunen du gehienez zerrenda bakoitzeko.
3. Jarduneko egoera berezia arrazoi hauetakoren batengatik amaituko da:
a) Zerrenda bakoitzeko 8 urteko gehieneko epea betetzeagatik.
b) Egoera horren hasierako deklarazioan edo haren luzapenetan ezarritako epea igarotzeagatik.
c) Probaldia ez gainditzeagatik.
d) Mailaz igotako langilea sarrera-prozesu baten bidez lortutako beste lanpostu batean hasteagatik.
e) Mailaz igotako langilea lekualdatze-lehiaketa bidez lortutako beste lanpostu batean hasteagatik, salbu lanpostu horren plaza Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoa edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutukoa bada.
f) Mailaz igotako langilea lanbide-sustapen bidez lortutako beste lanpostu batean hasteagatik.
g) Aldi baterako izendapena errebokatzeagatik, inguruabarrek hartara bultzatzen dutenean, foru agindu honen 8.7 artikuluan ezarritako prozedura tramitatu ondoren.
h) Interesdunak uko egiteagatik.
i) Lanpostua gordetzeko eskubidea duen langile bat ordezten denean: ordeztutako pertsona lanera itzultzeagatik, lanera itzultzeko legez edo erregelamenduz ezarritako epea amaitzeagatik, edo lanpostua gordetzeko eskubidea sortu zuen arrazoia azkentzeagatik, erretiro-kasuetan izan ezik.
j) Organo eskudunak hala erabakitzeagatik, izendatu beharra ekarri zuten arrazoiak desagertu direla edo izendapena deuseztatzeko zerbitzu edo antolaketa arrazoiak daudela frogatuz gero.
k) Plaza erregelamenduzko prozedura baten bidez betetzeagatik, behin-behinean, aldi baterako edo behin betiko, edo langile bat osasun-arrazoiengatik birkokatzeagatik.
l) Plaza hutsa amortizatzeagatik.
3. artikulua. Deialdian parte hartzeko betekizunak.
1. Interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean:
a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoa izatea, kasuan kasuko deialdian iragarritako lanpostuena baino maila, talde edo kategoria beheragokoa. Ondorio horietarako, beheragoko kategoriako lanpostutzat joko dira maila berekoak izanda destinoko edo berariazko osagarri txikiagoak jasotzen dituztenak.
b) Jarduneko zerbitzuan edo eszedentzia berezian egotea. Nolanahi ere, deia egiten den unean eta sustapen-aldian, jarduneko zerbitzuan egoteko baldintza bete beharko da.
c) Dagokion deialdian eskatzen den titulazioa edukitzea edo hura lortzeko moduan egotea.
2. Aldi baterako barne-igoerako zerrendetan sartzeko, izangaiek foru agindu honen 6.2 artikuluan ezarritako kalifikazioak lortu beharko dituzte hautaprobetan.
3. Lanpostuak aldi baterako barne-igoerako prozeduraren bidez eta jarduneko egoera berezian betetzera deituak izateko baldintzak foru agindu honen 8. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoak dira.
4. Euskararen ezagutza edozein unetan egiaztatzen ahalko da, betiere deia jaso aurretik.
4. artikulua. Aldi baterako barneigoeraren baldintzak.
1. Jarduneko egoera bereziaren deklarazioak ez du aldaketarik ekarriko langileari izendapenaren aurretik zegokion araubide juridikoan, edozein dela ere beteko duen lanpostu horren nolakotasuna.
2. Halaber, langileen gizarte-aurreikuspeneko araubidea ez da inola ere aldatuko, eta jatorrizko lanpostuan zuen bera izanen du jarduneko egoera berezian dagoen aldian.
3. Egoera horretan dagoen bitartean, langileak ezin izanen du inolako burutza edo zuzendaritzarik bete, lanpostu berriaren unitateko burutzak izan ezik.
4. Jarduneko egoera bereziko aldia amaitu ondoren, langilea automatikoki eta etenik gabe itzuliko da zerbitzu aktibora gordeta zuen plazara.
5. artikulua. Aldi baterako barneigoeran aritzeko bideak.
1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne-igoeran aritu nahi dutenek, horretarako baldintzak betetzeaz gainera, kasuan kasuko erakunde autonomoak egiten dituen deialdi publikoetan ezarritako hautaprobak egin beharko dituzte aurrez, eta horietan oinarriturik osatuko dira barne-igoerarako izangaien zerrendak. Hauek izanen dira bideak proba horiek egiteko:
1. Lan publikoaren eskaintza batetik eratorritako sarrera-deialdiko proban parte hartzea.
2. Berariazko deialdi bateko proban parte hartzea.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileek, Profesionalen Zuzendaritzak eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak proposaturik, hurrenez hurren, lanpostuak langile finkoen barne-igoeraren bidez betetzeko proba espezifikoetarako deia eginen dute, honako kasu hauetan plazak bete beharra dagoenean:
- Lan publikoaren eskaintzaren bidez sortutako zerrendan kontratatzen ahal den izangairik ez dagoenean.
- Sustatu beharreko kategoriako lan publikoaren eskaintzan deialdirik egon ez denean.
- Azken deialditik 8 urte igaro direnean.
6. artikulua. Aldi baterako barneigoerako zerrendak egiteko prozedura.
1. Deialdia eta prozedura.
Aldi baterako barne-igoerako zerrendak kategoria batean egiteko prozedura deialdia argitaratzearekin hasiko da.
1.1. Lan publikoaren eskaintzan sartutako kategorietarako, eskaintza horretan jasotako plazak argitaratzen dituen sarrera-deialdia izanen da prozeduraren jatorria.
Aldi baterako barne-igoeran parte hartzeko, eskabidean adierazi behar da interes hori, eta, era berean, zein lan-eremutarako nahi dituen deiak jaso, aldez aurreko barne-egokitzapenean definitutakoen artean. Eremuak aukeratzen ez badira, ulertuko da hautagaiak guztietan sartuta egon nahi duela.
1.2. Lan publikoaren eskaintzan sartzen ez diren kategorietarako, proba espezifikoen deialdia izanen da prozeduraren jatorria. Kasu horretan, prozedura honela garatuko da:
a) Deialdia eta eskabideak aurkeztea.
Deialdia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, kasua zein den.
Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, aurreko paragrafoan aipatutako deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabidean, interesdunak aukeratu beharko du zer lan-eremutarako nahi dituen deiak jaso, aldez aurreko barne-egokitzapenean definitutakoen artean. Eremuak aukeratzen ez badira, ulertuko da guztietan sartuta egon nahi duela.
b) Prozeduraren garapena.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Argitaratu eta hurrengo bost egun naturaleko epean, interesdunek erreklamazioak egin eta eskabideko akatsak zuzendu ahalko dituzte.
Epe hori amaitu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta, orobat, probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren adieraziko da. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.
Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa, biak ala biak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren webgunean argitaratuko dira, kasua zein den.
c) Proben edukia.
Probak teorikoak eta/edo praktikoak izan daitezke, eta deialdiko lanpostuaren ezaugarrietara egokituko dira.
d) Epaimahaia.
Hautaprobak baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta bost kidek osatuko dute; horietako bat epaimahaiburua izanen da, eta beste bat, idazkaria.
Langileak hautatzeari buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatu beharreko araudian xedatutakoa aplikatuko da hautaketa-epaimahaien osaerari eta jardunari dagokienez.
2. Probak egitea eta emaitzak argitaratzea.
Izangaien behin betiko zerrendak argitaratu ondoren eginen dira hautaprobak.
- Sarrera-deialdi batetik eratorritako kategorietarako, izangaiek deialdi bakoitzean zehazten den proban edo probetan puntuazio onenaren %30 lortu beharko dute gutxienez.
- Proba espezifikoen deialditik eratorritako kategorietarako, beharrezkoa izanen da izangaiek hautaketa-probak gainditzea.
3. Kategoria eta eremu bakoitzerako, aldi baterako barne-igoerako zerrenda bat eratuko da.
Sarrera-deialdi batetik eratorritako aldi baterako barne-igoerako zerrenda bakoitzaren lehentasun-ordena ezartzeko, lehenik eta behin, gainditutako azterketa-kopuruari erreparatuko zaio; gainditutako azterketa kopuru bera izanez gero, horietan lortutako kalifikazio osoa hartuko da kontuan; eta berdinketak jarraitzen badu, gainditu gabeko azterketen nota gehituta ebatziko da.
Proba espezifikoetatik eratorritako aldi baterako barne-igoerako zerrenda bakoitzaren lehentasun-ordena ezartzeko, lehenik eta behin, gainditutako azterketa-kopuruari erreparatuko zaio; gainditutako azterketa kopuru bera izanez gero, horietan lortutako kalifikazio osoa hartuko da kontuan; eta berdinketak jarraitzen badu, gainditu gabeko azterketen nota gehituta ebatziko da.
Oraindik ere berdinketarik izanez gero, hura hausteko kontuan hartuko da deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna. Berdinketak bere horretan badirau, zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
4. Eremuen araberako zerrendak egitea, lehentasun-hurrenkera zehaztuta.
Emaitzak argitaratu ondoren, eremu bakoitzeko zerrendak sortuko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren webgunean argitaratuko dira, kasua zein den.
Desgaitasuna duten pertsonek lehentasuna izanen dute zerrendetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuan oro har ezarritakoaren arabera.
7. artikulua. Zerrenden indarraldia.
Zerrenda berri bat sortzen bada foru agindu honetan ezarritako aldi baterako barne-igoeran aritzeko bideren baten bidez, lehendik zegoen zerrendak indarra galduko du, eta ez da inoiz erabiliko indarrean ez dagoen zerrendarik deiak egiteko. 8 urteko gehieneko epea bete ez dutenei ere aplikatuko zaie.
Nolanahi ere, aldi baterako barne-igoerako zerrendak indarrean jarraituko du baldin eta, ondoren sustapen horretara sartzeko bideren bat garatuta, ez bada zerrenda berririk sortzen, izangai batek ere ez lortzeagatik gutxieneko puntuazioa.
8. artikulua. Zerrenden kudeaketa.
1. Deitzea.
Honako hauek eginen dituzte lanpostuak aldi baterako barne-igoeraren bidez betetzeko deiak: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentraletako Profesionalen Zerbitzuak; eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko Profesionalen Atalak.
Izangaien zerrendak ezarritako irizpideen arabera ordenatuta, sortzen diren beharren arabera eginen da deia.
Jarduneko egoera berezian dauden izangaiei beste lanpostu bat betetzeko deitzen ahalko zaie, aldi baterako barne-igoeran jarraitzeko betiere, lanpostua une horretan betetzen ari dena baino kategoria handiagokoa bada.
Interesdun batekin harremanetan jartzea ezinezkoa denean, zerrendako postu berean jarraituko du.
2. Jarduneko egoera berezian dagoela deklaratzea. Deia jasotzeko baldintzak.
a) Jarduneko zerbitzuan egotea.
Aldi baterako ezintasunagatik lanean hastea ezinezkoa bazaie, lehentasun-ordena mantenduko dute zerrendan.
b) Haurdunaldiko arriskua bada edo amatasun edo adopzioagatiko lizentzia dagoenean, lanpostua gordeko da benetan lanean hasi arte, eta une horretan jarduneko egoera berezian dagoela deklaratuko da.
c) Maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuak arautzen dituen baimenetako bat baliatzen ari direnak (soldatarik gabeko baimena edo partzialki ordaindutako baimena), aldi baterako barne-igoeran sartzen badira, arau horretan ezarritakoaren arabera erregularizatuko zaie egoera.
d) Eszedentzia berezian daudenek ere parte hartzen ahal dute, eta lanpostua bete, betiere egoera horri uko egiten badiote eta jarduneko zerbitzura itzultzen badira.
3. Igoera onartzea edo igoerari uko egitea.
Aldi baterako barne-igoerako zerrendetan dauden pertsonek onarpena eman edo uko egiten ahalko diote sustapenari, bai eskaintzen zaien unean, bai lanpostua betetzen duten bitartean.
4. Lehentasun-ordena galtzea.
4.1. Zerrendako lehentasun-ordena galduko da, eta zerrendaren amaierara igaroko da, arrazoi hauengatik:
a) Aldi baterako barne-igoeraren eskaintzari uko egitea, arrazoi justifikaturik ez badago. Kasu horretan, ez zaio aldi baterako beste barne-igoerarik eskainiko uko egin duenetik gutxienez hilabete igaro arte.
b) Aldi baterako barne-igoera onartu eta lanpostua betetzen hasi ondoren uko egitea, arrazoi justifikaturik ez badago. Kasu horretan, ez zaio aldi baterako beste barne-igoerarik eskainiko uko egin duenetik gutxienez sei hilabete igaro arte.
a) eta b) kasuetan, arrazoi justifikatutzat hartuko da erasoa jasatea, genero-indarkeriaren biktima izatea edo urruntze-agindua edukitzea. Halaber, justifikatutako arrazoitzat hartuko da 55 urte edo gehiago izatea gaueko lan-txanda finkoko plaza bat eskaintzen denean.
c) Probaldia ez gainditzea, dagokion prozeduraren ondoren zerrendatik kentzea erabakitzen ez denean. Kasu horretan, beste barne-igoera bat eskainiko zaio, lehentasun-ordena berriaren arabera.
4.2. Artikulu honen 2.c) apartatuan aipatutako baimenak baliatzen diren bitartean, deia onartzen ez duen aldi baterako barne-igoerako izangaiak lehentasun-ordenari eutsiko dio zerrendetan. Kasu horretan, ez zaio aldi baterako beste barne-igoerarik eskainiko dagokion baimena amaitu arte.
5. Salbuespenak.
Izangaia zerrendatik kanpo geratuko da arrazoi hauengatik:
a) Aldi baterako barne-igoeran zerrenda bakoitzeko zortzi urteko gehieneko aldia betetzea.
b) Interesdunak hori eskatzeagatik.
c) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.
d) Probaldia ez gainditzea, dagokion prozeduraren ondoren zerrendatik kentzea erabakitzen denean.
6. Probaldia.
6.1. Langileen aldi baterako barne-igoerarako baldintza da probaldia gainditzea; probaldia bi hilabetekoa izanen da.
6.2. Probaldia gainditu ezean, barne-igoera amaituko da.
7. Aldi baterako barne-igoera amaitzeko prozedura:
Artikulu honetan jasotako 4.1.c), 5.c) eta 5.d) kasuetan, inplikatutako zerbitzuburuak txosten arrazoitu baten bidez jakinaraziko dio dagokion eremuko profesionalen zerbitzu edo zuzendaritzari, eta hark, interesdunari 10 eguneko entzunaldi-izapidea egin ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentraletako Profesionalen Zuzendaritzari proposatuko dio, edo, NOPLOIren kasuan, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuari, langilea indarreko zerrendako azken postura igaro dadin edo, bestela, zerrendatik kanpo gera dadin. Profesionalen zuzendariak, Osasunbidearen kasuan, edo Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuko buruak, NOPLOIren kasuan, horretarako ebazpena emanen du, eta interesdunari, zentroari eta Langileen Batzordeari igorriko dio.
Lehenbiziko xedapen gehigarria. Aldi baterako barneigoerako zerrenden jarraipena egin daiteke https://empleosalud.navarra.es/eu/ web orrialdearen bidez.
Urtero txosten bat eginen da, sustapenetan parte hartu duten lanpostuak, zentroak eta langileak zehaztuta.
Orobat, jarraipen-mahai bat eratuko da, Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek osatua, eta gutxienez sei hilean behin bilduko da.
Bigarren xedapen gehigarria. Urtero, gutxi gorabeherako egutegi bat onetsiko da, eta, bertan, proba espezifikoen deialdia izanen duten gutxieneko lanpostuak jasoko dira. Nolanahi ere, aldatu egin daiteke Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako negoziaziomahai sektorialean nahitaezko negoziazioa egin ondoren.
Onesten den lehen egutegian, maila bakoitzeko, proba espezifikoak osatzen dituzten gaien gehieneko kopurua ezarriko da.
Xedapen iragankor bakarra. Foru agindu honek indarra hartzen duenean jarduneko egoera berezian daudenek, aldi baterako barneigoerako aurreko prozeduren ondorioz, egoera horretan jarraituko dute foru agindu honetan ezarritako kausaren batengatik amaitu arte, eta arau hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da 8 urteko gehieneko epea zenbatzen.
Aldi baterako barne-igoera amaitzen duten izangaiek, 8 urteko gehieneko epea bete ez badute, aldi baterako beste barne-igoera bat hasten ahalko dute baldin eta indarrean dagoen zerrendan badaude.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera abiarazten diren aldi baterako barne-igoerako prozedurei aplikatuko zaie.