9/2024 FORU LEGEA, UZTAILAREN 5EKOA, NAFARROAKO ESKUBIDE KULTURALEI BURUZKO URTARRILAREN 15EKO 1/2019 FORU LEGEA ALDATZEKOA
BON N.º 148 - 19/07/2024
Kultura entretenimendu edo aisialdiaz askoz harago doa: eskubide unibertsal bat da, bermatu behar dena. Ezinbestekoa da pertsonen garapen integralerako eta, horrenbestez, gizartearen ongizatean aurrerapausoak emateko, bai eta garapen sozioekonomikorako ere. Halaber, kultura gizarte-integrazio eta -kohesiorako tresna bat da, migrazioak, bizikidetza eta gizarte-aldaketak nagusi diren testuinguru batean.
Halatan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onetsitako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluan ezartzen da pertsona orok eskubidea duela erkidegoaren bizitza kulturalean libreki parte hartzeko, arteez gozatzeko, aurrerapen zientifikoan eta horrek dakartzan onuretan parte hartzeko, bai eta norberak egindako lan zientifiko, literario edo artistikoak direla-eta dagozkion interes moralak babestuta edukitzeko ere.
Horrenbestez, ezbairik gabekoa da kultura gure gizartearen funtsezko elementu dela; eta, alde horretatik, urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoak, gure ordenamendu juridikoan zinezko mugarri den horrek, paradigma-aldaketa bat ekarri zuen, kulturarako eskubidetik eskubide kulturaletara pasatzea ahalbidetu zuena, bai eta erraztu ere eskubide horiek giza eskubidetzat baliatuak izatea, orobat errazturik kulturarako eta sorkari artistikoetarako irispide unibertsala eta bizitza kulturaleko parte-hartzea. Halaber, sormena sustatu zuen, arte-adierazpenak babestu zituen, eta kulturgintzako langileek eta kulturaren eta sorkuntzaren industrietako ekintzaileek duten zeregina babestu eta aitortu zuen.
Aipatu legeak printzipio batzuk ezartzen ditu, bermatzekoak pertsona orok modua izan dezan, zein ere den bere egoera sozial, ekonomiko, kultural edo geografikoa, ondasun eta zerbitzu kulturaletarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartu eta horren garapenari ekarpena egiteko.
Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko 1/2019 Foru Legeak berak, bere 1.2 artikuluan, dio: "foru lege honetan xedatutakoa betetzeko, Nafarroako Administrazio Publikoek koordinatuko dituzte eskubide kulturalekin lotuta gauzatzen dituzten jarduketak, bermatu eta sustatuko dute eskubide horien erabilera eta kultur ondasun eta zerbitzuetarako irispidea izatea, eta ziurtatuko dute sortzaileen, kultur eragileen eta herritarren parte-hartzea bizitza kulturalean eta kulturaren arloko politika publikoak diseinatu, garatu eta ebaluatzeko prozesuetan". Horregatik, 5.1 artikuluan, foru legeak xedatzen du: "foru lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitako baldintzetan, Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoek bermatuko dute eskubide kulturalak osotara eta libreki erabiltzea egiazko berdintasuneko araubidean, horretarako behar diren aurrekontu-neurriak hartuz, bai eta behar diren gainerako neurriak ere, izaera positiboa eta sustapenekoa dutenak barne".
Alabaina, 5.1 artikuluan "horretarako behar diren aurrekontu-neurri"ei buruz ezartzen den bermea kontzeptu juridiko zehazgabea da, inolako efekturik gabeko asmo-adierazpen huts batera eraman dezakeena.
Bestalde, teknologia berriek irekitzen duten bideak eta egile-eskubideen eta jabetza intelektualaren aldezpenaren eskutik sortzen diren erronkek legedia etengabe eguneratzera behartzen dute, gizartearen bilakaerak aurrera egin ahala bizirik iraunen duen legedia izatekoa bada.
Hori dela-eta, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko 1/2019 Foru Legea aldatzea, ziurtasuna eta berme juridikoa emateko eta helburu-zehaztapena ahalbidetzeko.
Artikulu bakarra. 1/2019 Foru Legea aldatzea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa.
Bat. 21. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
“21. artikulua. Arte eta literatur sorkuntzarako askatasuna.
Ordenamendu juridikoari jarraikiz, pertsona guztiek eskubidea dute arte eta literatur ekoizpen eta sorkuntzarako, eta beren sorkariak beren aukerako lengoaia, kode eta formatuetan adierazi edo formulatzeko, jabetza intelektualeko eskubideak errespetatuz, pertsonek eta sorkuntza artistikoko prozesuek sortuak, sistema teknologiko berritzaileak ere erabiltzeko aukerarekin, hala nola adimen artifiziala, sorkuntza-prozesuen lagungarri gisa bai baina ordezko gisa ez”.
Bi. Xedapen gehigarri bakarraren izenburua aldatzen da.
“Lehenengo xedapen gehigarria.-Zerbitzu-kartak”.
Hiru. Bigarren xedapen gehigarria izanen den bat eransten da, testu honekin:
“Bigarren xedapen gehigarria.-Gutxieneko aurrekontu-baliabideak.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorretan jarduera eta zerbitzu kulturaletara eta kultur eginkizunera bideratzen dituen aurrekontu-baliabideak urtero pixkanaka gehituko dira, halako moldez non 2030. urtetik aurrera ezin izanen baitira izan Nafarroako Foru Komunitateko aurrekontu orokorraren %1,5 baino txikiagoak, eta gutxieneko gastu gisa finkatuta geratuko eta joko baitira ordutik aurrerako aurrekontu-ekitaldietarako.
Era berean, eta aurrekontuak uzten duen eskuragarritasunaren arabera, beharrezkoa izanen da pizgarri fiskalak eta mezenasgoa aldiro berrikustea, Nafarroako kultur sistemaren lehiakortasuna mantentzearren eta adierazitako aurrekontu-helburua lortzeko lagungarri gisa”.
Lau. Hirugarren xedapen gehigarria izanen den bat eransten da. Honako testu hau izanen du:
“Hirugarren xedapen gehigarria.-Adimen artifizialaren erabilerari buruzko informazioa.
Halaber, dirulaguntzei dagokienez, jarduera edo zerbitzuetarako baldintza teknikoen pleguetan edo bitarteko berekiei eginiko enkarguetan, zuzeneko dirulaguntza izendunetarakoak edo norgehiagokazko laguntzetarakoak edo beste entitate batzuentzako transferentzietarakoak diren administrazio-prozeduretan, zeinetan modua baitago, diruz lagundutako jardun edo xedea egite aldera, adimen artifizialeko teknikez baliatzeko, Nafarroako Gobernua saiatuko da esanbidezko klausula bat txertatzen, non adieraziko baita ezen, edozein jarduera egiteko asmoz adimen artifizialeko ereduak erabiliz gero, hornitzaileak horren berri eman beharko duela, bai eta zehaztu ere proiektua garatzen duten pertsona fisikoek izanen duten esku-hartzearen maila eta, kasua bada, haien berrikuspen-zeregina, eta begirune gorena bermatu beharko da adimen artifizialaren eta jabetza intelektualaren gaiari buruz dagoen araudiaren aldera, bai eta dataset-aren gardentasuna ere, eta bete egiten direla, gai honi buruzko araudi propioa taxutu bitartean, adimen artifizialari buruz dagoen araudiak ezartzen dituen gainerako betebeharrak”.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.