142E/2024 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 7KOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, KLIMA ALDAKETAREN NAFARROAKO HERRITAR BATZARRA ARAUTZEN DUENA
BON N.º 112 - 31/05/2024; corr. err., BON 27/08/2024
Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen hitzaurreak dioenez, premiazko erronka da klima-aldaketari aurre egitea. Izan ere, gero eta inpaktu larriagoa izaten ari da ingurune eta sektore guztietan, ekosistemetan, biodibertsitatean, azpiegituretan, ekoizpen-sistemetan, bai eta gure osasun- eta elikadura-sistemetan ere. Klima-aldaketa erronka tekniko, zientifiko eta politiko ikaragarria da, eta gizarte osoaren parte-hartzea eskatzen du.
Hori dela eta, foru lege horren 15. artikuluak aurreikusten du lehendik zeuden parte-hartze mekanismoak indartzea, horretarako Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra ezarriz. Batzar hori herritarren partaidetzarako foro gisa eratzen da, hausnarketa eta ezagutza kolektiboa sortzeko eztabaida-ariketa parte-hartzaile gisa. Herritarrei aukera ematen die klima-aldaketaren inpaktuen aurrean Nafarroa erresilienteagoa izateko soluzioez informatzeko, eztabaidatzeko eta adostasunak sortzeko, era bidezko eta solidario batean.
Beraz, foru agindu hau onestea proposatzen da, Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarraren osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzeko, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
1. Foru agindu honen xedea da Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarraren osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzea, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 15. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. Klima Aldaketaren Nafarroako Batzarrak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntza teknikoa eta administratiboa izanen du, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuaren bitartez.
3. Printzipio hauek izanen dira funtzionamenduaren oinarriak: ordezkagarritasuna, inpartzialtasuna, independentzia, gardentasuna, klima-aldaketari buruzko ingurumen-informazioa eskura izatea parte hartu baino lehen, eta informazio-aniztasuna.
1. Klima Aldaketaren Nafarroako Batzarra hogeita hamar pertsonak osatuko dute, denak ere Nafarroako gizartearen aniztasuna ordezkatzen dutenak.
2. Pertsona horien hautaketa talde bideratzaile baten bidez eginen da -foru agindu honen 4. artikuluan araututakoaren arabera-, ausazkotasuna bermatuko duen metodologia bat aplikatuz, zeinak laginaren kalitatea eta adierazgarritasuna zaintzea ahalbidetuko baitu eta irizpide hauetan oinarrituta egonen baita:
- Sexua: 15 emakumezko eta 15 gizonezko.
- Adina: 16 eta 35 urte bitarteko 11 pertsona, 36 eta 55 urte bitarteko 12 eta 56 eta 75 urte bitarteko 7.
- Ikasketa-maila: Lehen edo bigarren hezkuntza betea duten 4 pertsona, batxilergoa edo erdi-mailako gradua duten 11, goi-mailako gradua duten 5 eta unibertsitate-ikasketak dituzten 10.
- Nazionalitatea: Espainiako nazionalitatea duten 27 pertsona eta atzerriko 3.
- Bizileku duten herriaren tamaina: 4 pertsona 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan bizi direnak, 11 1.000 eta 10.000 biztanle bitarteko udalerrietan eta 14 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan.
- Bizileku duten lurraldea (Nafarroa 2000-ko zonifikazioa): 3 pertsona Ipar-mendebaldean bizi dira, 2 Pirinioaldean, 15 Iruñean, 2 Estellerrian, 2 Nafarroako Eki-erdialdean, 3 Erriberagoienean eta 4 Tuteran.
Adierazle bakoitzaren ordezkari-kopurua aldatu liteke Nafarroako Estatistika Institutuak (NASTAT) edo Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako biztanleriaren datu berrienak kontuan hartuta.
3. Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra osatzen duten pertsonak independenteak eta mugiezinak izanen dira, eta haien parte-hartzea borondatezkoa izanen da. Ez dira, inola ere, batzarkide izaten ahalko:
a) Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Europako Parlamentuko edo Nafarroako Parlamentuko kideak eta Nafarroako Parlamentuko parlamentari laguntzaile akreditatuak.
b) Alkateak, zinegotziak eta kontzejuburuak.
c) Edozein alderdi politikotako edo haien fundazioetako enplegatuak.
d) Nafarroako Gobernuko kideak eta goi-karguak.
Parte hartzeko hautatutako pertsonek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, kasu horietako bakar batean ere ez daudela azaltzeko.
4. Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra osatzen duten pertsonek parte hartzea behin onartuta, arrazoitu egin beharko dute uko egitea. Ordezko-multzo bat ezarriko da, batzarkideren batek parte hartzeari uko egiten dion kasurako.
Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarraren lehenengo zeregina honako galdera honi ekitea eta beronen inguruan eztabaidatzea izanen da: "Zer egin behar dugu Nafarroan klima-aldaketaren aurrean, modu eraginkor eta sozialki justuan?". Horrek esan nahi du eskura ditugun soluzioak proposatu behar ditugula berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzen duen Nafarroa bat eraikitzeko -hots, klima-aldaketaren arriskuen eta eraginen aurrean kalteberatasun txikiagokoa-. Soluzio horiek elkartasuna, ekitatea, justizia soziala eta bidezko trantsizio ekologikoa hartu behar dituzte kontuan.
Gai zehatzagoen bidez landuko da eztabaidatu beharreko galdera. 4.1.b) artikuluan aipatutako aditu-taldeak proposatuko ditu, herritarren laguntzarekin; horrela, identifikatuko dira zein diren herritarrentzat klima-aldaketa arintzearekin eta hartara egokitzearekin lotutako gairik garrantzitsuenak.
Eztabaiden emaitza gisa, Batzarrak gomendioen txosten bat eginen du. Txosten hori publikoa izanen da eta ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuari igorriko zaio. Hark Nafarroako Gobernuko gainerako kideei helaraziko die, eta Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko dio, klima-aldaketaren gaineko politikari buruzko eztabaida errazteko, bai eta erabakiak hartzea ere.
4. artikulua. Gobernantza.
1. Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarrak gobernantza independente eta gardena izanen du. Pertsona fisikoek edo juridikoek osatuko dute, eta, haiek hautatzeko, beharrezkoa izanen da klima-aldaketarekin zerikusia duten gaietan esperientzia edo izen handikoak izatea, betiere zeregin bakoitzaren premiak kontuan hartuta. Honako hauen bidez arituko da Batzarra:
a) Kontsultarako aditu-talde bat, honako gai hauetan laguntza emanen duena, herritarrentzat egokia izanen den eztabaida zabala eta informatua sortzeko: landu beharreko gaiak planteatzea; agenda prestatzea; eta informazio zehatza, orekatua eta osoa eman dezaketen pertsonak proposatzea.
Besteak beste kliman, energian, biodibertsitatean, ingurumenean eta eraldaketa sozialean izen handia duten 12 pertsonak osatuko dute taldea, gehienez. Kide horiek proposatzeko, Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren eta Nafarroako Parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordearen gomendioei jarraituko zaie.
Modu independentean jardunen du eta bi koordinatzaile izendatu beharko ditu, txandakakoak izan daitezkeenak. Aditu-taldeko kideen izenak Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarraren webgunean argitaratuko dira.
Koordinatzaileek lanen bozeramaile eta komunikatzaile gisa jardunen dute.
b) Eztabaida-prozesuetan espezializatutako talde bideratzaile pribatu bat, parte-hartzaileak hautatu eta saioak diseinatu eta dinamizatuko dituena eta laguntza teknikoa eta logistikoa emanen duena. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak kontratatuko du talde hori.
2. Bilerak egiteko eta erabakiak hartzeko, Batzarreko eta haren gobernantza-organoetako kideen bi herenek egon beharko dute gutxienez.
3. Erabakiak, bai Batzarrarenak, bai gobernantza-organoenak, gehiengo soilez hartuko dira. 3. artikuluan aurreikusten diren gomendioen txostenetan, txostena egin beharra eragin duen emaitza jasoko da.
4. Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren osoko bilkurara deituko da, Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarraren antolaketa, funtzionamendua eta gobernantza aurkezteko. Osoko bilkura horretan, aditu-taldea osatzeko pertsona fisikoen proposamen bat aurkeztuko da. Era berean, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak Nafarroako Ingurumen Kontseiluari aurkeztutako puntu berberen berri emanen dio Nafarroako Parlamentuko dagokion batzordeari.
5. Bi kontsultak egin ondotik, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak, foru agindu bidez, aditu-taldeko kideak izendatuko ditu.
6. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak, Klima Aldaketarako Bulegoaren bidez, Batzarraren funtzionamendu egokirako behar den laguntza logistikoa emanen du.
5. artikulua. Lanen metodologia.
1. Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra bost bileratan bilduko da foru agindu honen 3. artikuluan deskribatutako lana egiteko. Saioak, ahal dela, larunbat eta igandeetan izanen dira.
2. Batzarreko, aditu-taldeko edo talde bideratzaileko kideren batek desgaitasunen bat badu, behar diren bitartekoak jarriko dira gainerako parte-hartzaileen baldintza bertsuetan hartuko dutela parte ziurtatzeko. Hain zuzen, helburu hori lortzeko eta mugikortasunari lotutako isurtzeak saihesteko, baliabide telematikoak erabiltzeari emanen zaio lehentasuna.
3. Talde bideratzaileak, bilerak egin aurretik, klima-aldaketari buruzko informazioa eta arauak hautatuko eta Batzarraren esku jarriko ditu.
4. Batzarrak, hasierako bileran, batzarkideak, laguntza-taldeak eta lan-metodologia aurkeztuko ditu. Bilera horretan, proposamenak eztabaidatzeko, aztertzeko eta onartzeko jarraitu beharreko arauak eta dinamikak proposatuko ditu talde bideratzaileak. Batzarrak, arau eta dinamika horiek onartu aurretik, egiten diren ekarpenak eztabaidatu beharko ditu.
5. Batzarraren lanak errazteko, hiru fasetan antolatuko dira bilerak:
a) Ikastea eta ezagutzea, batzarkideei informazio orekatua, argia eta osoa emateko;
b) Gaiari buruzko eztabaida eta debatea, eta
c) Gomendio-txosten bat prestatzea eta bozkatzea.
6. Hasieran proposatutako saioen edukiak aldatzeko aukera izanen dute talde bideratzaileak eta Batzarrak berak.
7. Talde bideratzaileak, aditu-taldeak edo Batzarrak proposatuta, beste aditu batzuk ere gonbidatzen ahalko dira ikaste-saioetara.
8. Batzarrak hala erabakitzen badu, bilera gehigarri baterako deia egiteko aukera izanen du, agintaldiari lotutako lanak amaitzeko.
9. Bederatzi hilabetekoa izanen da foru agindu honen 3. artikuluan deskribatutako zeregina amaitzeko epea, hasierako bilkuratik kontatzen hasita.
10. Ingurumen-arloan eskumena duen departamentuaren webgune batean egonen da eskuragarri Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarrari buruzko informazioa. Bertan, saioei, aurrerapenei eta emaitzei buruzko informazio guztia eguneratuko da.
Xedapen gehigarri bakarra. Zeregin berriak ezartzea.
1. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduz, zeregin berriak ezartzen ahalko zaizkio Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarrari.
2. Foruagindu honen 2. eta 4. artikuluetan zehaztutakoaren arabera, Batzarra osatzen duten pertsonen eta zeregin bakoitzerako aditu-taldearen erdiak berritu eginen dira. Talde bideratzaileari dagokionez, kontratazio publikoari buruzko araudian xedatutakoa beteko da.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.