(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

242/2023 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 15EKOA, NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAREN ESTATUTUAK ONESTEN DITUENA

BON N.º 244 - 23/11/2023



  NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAREN ESTATUTUAK. I. TITULUA


  IZAERA ETA ESKUMENAK


  II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

  I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK

  II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

  III. KAPITULUA. KUDEAKETAKO ZUZENDARITZA

  IV. KAPITULUA. GAZTERIAREN ZUZENDARIORDETZA

  V. KAPITULUA. ATALAK

  VI. KAPITULUA. INSTALAZIOAK

  VII. KAPITULUA. KIDE ANITZEKO ORGANOAK

  III. TITULUA. ARAUBIDE JURIDIKOA


ATARIKOA

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoei manatzen die susta dezatela gazteriak parte-hartze libre eta eraginkorra izatea garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluak gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuaren bidez, berriz ere erakunde autonomo gisa ezarri zen Nafarroako Gazteriaren Institutua, eta xedatu haren xede nagusia izanen zela gazteriaren arloko politika publikoak gauzatzea eta gai horretan dagozkion eskumenak garatzea, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak esleitzen dizkionak.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura, eta, 4. artikuluan, xedatzen du ezen Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari dagokiola Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenak gauzatzea honako arlo hauetan, besteak beste: gazteriak gizartean parte-hartze aktiboa izateko politika zeharkakoak garatzea, eta gazteak elkartzeko eta gazteriaren sormena eta ekintzailetza bultzatzeko politikak sustatzea. Azkenik, abuztuaren 30eko 66/2023 Foru Dekretuak, zeinaren bidez ezartzen baita Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa, 4. artikuluan ezartzen du Nafarroako Gazteriaren Institutua txertatuko dela aipatutako departamentuaren egituran.

Gazteriaren Institutuak erreferente gisa jokatzen du arlo horretan, haren funtsezko xedea gazteen autonomia erraztea baita, eta, horretarako, gazteei zuzenduriko politika berdinzalea bultzatzen du, sustapen eta parte-hartze sozialerako eta norberaren garapenerako baldintza egokienak bermatuko dituena, hori guztia herritar gazte konprometituak, arduratsuak, osoak eta aktiboak lortzeko bidean aurrera egin nahian.

Erakundeak bilakaera garrantzitsua izan du bere azken aroan, antolaketaren eta kudeaketaren arloetan. Datozen urteetan, bilatuko da eredu berria finkatzea, ebaluatzea eta gazteen egungo errealitatera egokitzea. Estatutu hauek helburu horiek sustatzen dituzte, bai eta politika publikoak eta gazteentzako zerbitzu sarea indartzea ere, eta, hori lortzeko, funtsezkoa da gazteriaren arloko erakunde laguntzaileekin parte hartzea eta koordinatzea.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola erakunde publikoen estatutuak onestea.

Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 15ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onestea.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira. Jarraian jasotzen da horien testua.

Lehen xedapen gehigarria. Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

a) Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruarena.

b) Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko buruarena.

c) Administrazio eta Kudeaketa Ataleko buruarena.

Bigarren xedapen gehigarria. Lege aipamenak.

Indarreko araudian egiten diren aipamen organiko eta funtzionalak, eragiten dietenak foru dekretu honetan esleitutako eginkizunei, ulertuko da egiten zaizkiela foru dekretu honetan bertan araututako organo eta unitateei.

Xedapen iragankor bakarra. Administrazio unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, zehazki, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako estatutuak.

Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio gazteriaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

IZAERA ETA ESKUMENAK

1. artikulua . Izaera.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da administrazio izaerako erakunde autonomo bat, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, bere xedeak betetzeko.

2. artikulua . Atxikipena eta babesa.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, bere helburuak betetzeko, men egin behar die Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak ematen dituen jarraibideei, plangintza eta politika orokorrari dagokienez. Departamentu horren esku gelditzen dira institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta antolamendu juridikoan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua . Eskumenak.

1. Eskumen hauek dagozkio Nafarroako Gazteriaren Institutuari:

a) Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dizkionak, eta, bereziki, gazteen arloko politika publikoak planifikatzea, sustatzea eta ebaluatzea, ikuspegi bikoitza erabiliz: berariazko ekintzak garatzea eta zeharkakotasuna aplikatzea gazteriaren arloan; eta, gainera, genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala kontuan hartuz.

b) Koordinatzea Nafarroako gazteriari eragiten dioten eta Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren gaiak, eta Gobernuak agintzen ahal dizkion bestelakoak.

c) Berariazko legediak ondarearen, kontratuen, aurrekontuen, kontabilitatearen, finantza kontrolaren eta langileriaren arloetan erakunde autonomoei esleitzen dizkienak.

2. Eskumen horiek garatzeko, honako eginkizun hauek izanen ditu Nafarroako Gazteriaren Institutuak:

a) Bultzatzea eta kudeatzea gazteriaren arloko zerbitzu eta programa berariazkoak, eta haien jarraipena egitea.

b) Zuzentzea eta kudeatzea laguntza eta dirulaguntzetarako programak.

c) Aholkuak eta informazioa ematea bere eskumenekoak diren arloen gainean, bat etorriz estatutu hauetan xedatutakoarekin.

d) Gazteriari buruzko txostenak egitea, Nafarroako Gobernuaren departamentuek edo beste administrazio publiko batzuek eskatzen dizkiotenean.

e) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten era guztietako jarduerak egitea.

f) Atxikirik dituen instalazioak kudeatzea, baita horietan egiten diren mantentze eta berritze lanak, inbertsioak eta ekipamenduak ere.

g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK

4. artikulua . Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaritza organoak:

1. Gobernu Kontseilua.

2. Kudeaketako Zuzendaritza.

II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

5. artikulua . Gobernu Kontseiluaren osaera.

1. Honako hauek osatzen dute Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseilua:

a) Kontseiluburua: gazteriaren arloan eskumena duen kontseilaria.

b) Buruordea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

c) Kontseilukidea: Gazteriaren zuzendariordea.

d) Kontseilukidea: Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko burua.

e) Idazkaria: gazteriaren arloan eskumena duen departamentuko idazkari tekniko nagusia.

2. Baldin hutsik gelditzen bada departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguetako bat, haien ordezkoak izendatuko ditu departamentuko kontseilari titularrak, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.

3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die gazteriaren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

4. Ahal den guztietan, haren osaerak gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatuaren printzipioari erantzunen dio, titularrak eta ordezkoak izendatzen direnean.

6. artikulua . Ahalmenak.

Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:

a) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena onestea.

b) Gazteriaren Institutuaren ondarea administratzea.

c) Erakunde autonomoaren zuzendaritza funtzioak kontrolatu eta gainbegiratzea.

d) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak presako kasuetan hartu behar izan dituen ebazpenak ezagutzea.

e) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

7. artikulua . Gobernu Kontseiluko buruaren ahalmenak.

1. Honako ahalmen hauek izanen ditu Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko buruak:

a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izatea eta horiek zuzentzea.

b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta haren jardunari buruzko arauak betearaztea.

2. Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, buruaren ordez buruordea ariko da.

8. artikulua . Idazkaritza.

1. Kontseiluaren bilkuretan parte hartuko du gazteriaren arloko eskumena duen departamentuko idazkari tekniko nagusiak, hitzarekin baina botorik gabe, eta ariko da Gobernu Kontseiluko idazkari eginkizunetan.

2. Honako hauek izanen dira idazkariaren dagozkion eginkizunak:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, buruordearekin elkarlanean, buruaren jarraibideei jarraikiz, eta erabakiak betearazteko tramiteak egitea.

b) Gobernu Kontseiluaren bilkuren aktak egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua . Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak dei egiten duenean eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea da 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoentzat oro har ezarritakoa (11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa).

10. artikulua . Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du beste norbaitek aholkua emateko, haren esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu dituen ezagupena, prestakuntza, izen ona edo bestelako inguruabarrak direla medio. Kasu horretan, dei berezia eginen zaio horretarako.

III. KAPITULUA. KUDEAKETAKO ZUZENDARITZA

11. artikulua . Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea askatasunez izendatuko eta kargutik kenduko du Nafarroako Gobernuak, gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak proposatuta.

2. Zuzendari kudeatzailearen postua hutsik dagoenean, edo hura kanpoan edo eri dagoenean edo ezintasun pertsonala duen kasuetan, Gazteriaren zuzendariordea ariko da haren ordez.

12. artikulua . Eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak:

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eskumeneko jarduera eta organoak zuzentzea eta barrutik antolatzea, bere gain hartuta funtzionamenduaren erantzukizun nagusia.

b) Erakunde autonomoaren ordezkaritza gorena.

c) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduketa plan eta programak, aurrekontu aurreproiektuaren proposamena eta urteko memoria prestatzea.

d) Gobernu Kontseiluaren erabakiak betearaztea eta betetzea, eta, presazko kasuetan, behar diren ebazpenak hartzea, eta horien berri ematea Gobernu Kontseiluari, egiten duen lehenengo bilkuran.

e) Txostenak egitea Nafarroako Gobernuak edo gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak espedienteen gainean ebazteko proposamenei buruz.

f) Erakunde autonomoak jarduteko behar dituen administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

g) Erakunde autonomoaren instalazioak erabiltzeko irizpideak eta prezio publikoen araubidea onestea.

h) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak erakunde autonomoen ordezkariei kontratuak egiteko ematen dizkien ahalmenak.

i) Bere eskumeneko arloetan zehapen espedienteak hasi, tramitatu eta ebazteko ahalmenak erabiltzea.

j) Nafarroako Gazteriaren Institutuko atalburuak eta bulegoburuak bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

k) Institutuaren langileen buru aritzea, eta, zehazki, arlo horretan dituen ahalmenak erabiltzea, hain zuzen ere ematen dizkionak, 3., 5. eta 6. artikuluetan, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, zeinaren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak.

l) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) zuzentzea.

m) Nafarroako Gazteriaren Behatokia zuzentzea.

n) Betetzea gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak, bere kargua dela eta, agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

13. artikulua . Eginkizunak eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak Gazteriaren zuzendariordearen esku utz ditzake bere eskudantzietako batzuk, bat etorriz indarra duen legeriarekin.

IV. KAPITULUA. GAZTERIAREN ZUZENDARIORDETZA

14. artikulua . Gazteriaren Zuzendariordetza.

Zuzenean Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren mende ariko da Gazteriaren Zuzendariordetza; bere eginkizunak beteko ditu haren goragoko plangintzaren, zuzendaritzaren eta koordinazioaren mende.

15. artikulua . Izendapena eta kargutik kentzea.

Gazteriaren zuzendariordea askatasunez izendatuko eta kargutik kenduko du Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak proposatuta.

16. artikulua . Gazteriaren Zuzendariordetzaren eginkizunak.

1. Honako eginkizun hauek izanen ditu Gazteriaren Zuzendariordetzak:

a) Gazteriaren arloko zeharkako politika publikoak planifikatzea eta ebaluatzea, indarreko araudiaren arabera.

b) Erakunde autonomoari atxikitako kide anitzeko organoak koordinatzea eta harreman transbertsalak sustatzea, gazteriaren arloko politikak garatzeko.

c) Elkarrizketa iraunkor eta egituratuak izatea gazteekin, eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekiko harremanen esparrua koordinatzea.

d) Gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzea.

e) Gazteriaren arloan, lankidetza eta elkarrizketa sustatzea honako hauen artean: toki entitateak, eragile ekonomiko eta sozialak, gazteriaren arloko profesionalak eta arlo honetan eskumenak dituzten bestelako erakunde garrantzitsuak.

f) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) koordinatzea.

g) Nafarroako Gazteriaren Behatokia gainbegiratzea.

h) Behar diren diziplinako espedienteak irekitzea institutuari atxikitako langileek egindako falta arinak direla-eta.

i) Ikuskapen lana koordinatzea, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

j) Aire zabalean egiten diren gazteentzako jarduerei buruzko araudia garatzea eta jarduera horiek kontrolatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuari esleitutako eskumenen esparruan.

k) Aholkuak eta laguntza ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzari eta gainerako unitateei, bere eskumeneko arloetan, eta proposamen txostenak egitea Kudeaketako Zuzendaritzak ebazpenak emateko.

l) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastuak baimentzea, aurrekontuei eta ekonomiari buruzko araudiak ahalmen hori zerbitzuetako zuzendariei esleitzen dien kasuetan.

m) Beste edozein eginkizun baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

V. KAPITULUA. ATALAK

17. artikulua . Gazteriaren Zuzendariordetzaren atalak.

Bere egituran, honako atal hauek ditu Gazteriaren Zuzendariordetzak:

a) Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala.

b) Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala.

c) Administrazio eta Kudeaketa Atala.

18. artikulua . Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak:

a) Gazteriaren arloko araudiaren garapena koordinatzea.

b) Nafarroako Gazteriaren Behatokiaren kudeaketa arrunta, baita gazteriarekin zerikusia duten ikerketa eta azterlanak koordinatzea eta egitea ere.

c) Gazteriaren Erakunde arteko Kontseiluaren koordinazioan laguntzea.

d) Gazteriaren Departamentuarteko Batzordearen koordinazioan laguntzea.

e) Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea eta informaziorako eta parte hartzeko beste programa batzuk kudeatzea.

f) Gazteen sormen kultural eta artistikoa bultzatzea, ekintza hauen bitartez: dirulaguntzen deialdiak, sariketak edo arte egonaldiak, besteak beste.

g) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) kudeatzea eta aisialdiko eskolen aitortza ofiziala egitea.

h) Etengabeko prestakuntzako planak eta ekintzak diseinatu, garatu, gauzatu eta sustatzea, gazteekin lan egiten duten teknikariei eta gazteei zuzenduta.

i) Sustatzea gazteriaren arloko profil profesionalen arauketa, profesionaltasunaren kualifikazioen arabera.

j) Beste edozein eginkizun, baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Gazteriaren zuzendariordeak agintzen dizkionak.

19. artikulua . Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunak:

Honako eginkizun hauek izanen ditu Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak:

a) Gazteen mugikortasun programak sustatzea eta antolatzea, hala nola trukeak, auzolandegiak, kanpamentuak eta aisialdiko eta denbora libreko beste jarduera batzuk.

b) Nazioarteko mugikortasuna, ikaskuntza eta boluntariotza sustatzea helburu duten Europako programak bultzatzea eta kudeatzea, besteak beste, Erasmus + eta Elkartasunerako Europako Kidegoa.

c) Europako gazte txartelaren programa, aterpekide txartela eta beste txartel batzuk kudeatzea.

d) Gazteen mugikortasuna, prestakuntza eta kultura sustatzeko programak garatzea, Europako, Estatuko eta beste autonomia erkidego batzuetako erakundeekin lankidetzan.

e) Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen koordinazioan laguntzea.

f) Beste zerbitzu eta programa espezifiko edo zeharkako batzuk sustatzea, gazteen balioak garatzeko eta haien autonomia eta boluntariotza hobetzeko.

g) Hezkuntza aisialdia sustatzea gazteen artean.

h) Aholkularitza ematea toki entitateei, gazteen elkarteei eta arlo horretan eskumenak dituzten beste entitate batzuei, eta horiei zuzendutako laguntzak kudeatzea eta tramitatzea.

i) Aire zabalean egiten diren gazteentzako jarduerei buruzko araudia eta jarduera horien kontrola kudeatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuari esleitutako eskumenen esparruan.

j) Nafarroako Gazte Entitateen Errolda kudeatzea.

k) Aholkularitza ematea aisialdiaren eta denbora librearen eremuan haur eta nerabeen eskubideak indarkeriaren aurka babesteari buruz, eta komunikazio kanalak bultzatzea haur eta nerabeek indarkeria egoerak edo beren eskubideen urraketa salatu ahal ditzaten.

l) Beste edozein eginkizun, baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Gazteriaren zuzendariordeak agintzen dizkionak.

20. artikulua . Administrazio eta Kudeaketa Atalaren eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Administrazio eta Kudeaketa Atalak:

a) Koordinatzea, banatzea eta garatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko jarduera administratiboak.

b) Aholkuak eta laguntza ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuko egitura guztiari, egoki diharduela bermatzeko behar diren jarduera guztiak sustatzeko lanetan.

c) Erakunde autonomoaren Erregistro Orokorra eta Artxibo Orokorra kudeatzea.

d) Ziurtagiriak egitea eta, orobat, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren esku dauden agiriak eta datuak ematea.

e) Giza baliabideen eta barne araubidearen plangintza, koordinazioa eta kudeaketa, laneko arriskuen prebentzioari lehentasuna emanez.

f) Erakunde autonomoari atxikitako instalazioak kudeatzea eta, orobat, horien mantentze-lanak, funtzionamendua eta ekipamendurako inbertsioak gainbegiratzea eta gauzatzea.

g) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Aurrekontu Orokorren aurreproiektua prestatzeko lanak koordinatzea, erakunde autonomoko zuzendariordetzarekin eta atalekin elkarlanean.

h) Jarduera ekonomiko-administratiboaren plangintza eta kudeaketa koordinatzea, eta kontabilitatearen eta aurrekontuaren jarraipena egitea, bai eta erakunde autonomoaren kontratazio eta mandatuen prozesu guztiena ere.

i) Datuen babesaren eta informazioaren segurtasunaren arloko arduradunari dagozkionak.

j) Egiaztatzea instalazioek betetzen dituztela gazteen aterpetxe izateko eskatzen zaizkien baldintzak eta, halaber, Gazteen Aterpetxeen Espainiako Sarearekiko (REAJ) harremanak koordinatzea.

k) Beste edozein eginkizun, baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Gazteriaren zuzendariordeak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

21. artikulua . Bulegoak eta horiekin parekaturiko unitateak.

Gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariari dagokio foru agindu baten bidez sortzea, aldatzea edo kentzea bulegoak edo bulegoekin parekatutako beste unitate administratibo edo tekniko batzuk, Kudeaketako Zuzendaritzak proposaturik, aurretik txostena emanda funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek.

VI. KAPITULUA. INSTALAZIOAK

22. artikulua . Instalazioak.

Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako instalazioak:

a) Baztan gazteen aterpetxea.

b) Belbieretxea gazteen aterpea.

c) Getadarko gazteen aterpea.

VII. KAPITULUA. KIDE ANITZEKO ORGANOAK

23. artikulua . Kide anitzeko organoak.

1. Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako kide anitzeko organoak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea. Gazteentzako zeharkako politikak koordinatzeko eta bultzatzeko organoa da.

b) Gazteriaren Erakunde arteko Kontseilua. Gazteriari buruzko politika integralaren arloko kontsulta eta aholkularitza organoa da.

c) Tokiko Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea. Gazteriaren arloko lankidetza administratiboko organoa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen artekoa.

2. Horien osaerak, ahal den guztietan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatuaren printzipioari erantzunen dio, titularrak eta ordezkoak izendatzen direnean.

III. TITULUA. ARAUBIDE JURIDIKOA

24. artikulua . Ondarea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ondarearen gaineko araubidea izanen da Nafarroaren ondareari buruzko araudian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa.

25. artikulua . Langileen araubidea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileen araubidea izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileena.

26. artikulua . Kontratazio araubidea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kontratazio araubidea izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak erregulatzen dituen araudian erakunde autonomoentzat ezarritakoa.

27. artikulua . Baliabide ekonomikoak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baliabide ekonomikoak:

a) Hari atxikitako ondasunen eta eskubideen interesak, errentak eta mozkinak.

b) Nafarroako Foru Komunitateak erakunde autonomoari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentziak eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru sarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpenak edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

28. artikulua . Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.

Nafarroako Foru Ogasuna erregulatzen duen araudiak erakunde autonomoentzat oro har ezarritakoa izanen da aurrekontuen, ekonomia eta finantzaren, kontu-hartzailetzaren, kontrol finantzarioaren eta kontabilitatearen araubidea.

29. artikulua . Errekurtsoak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

30. artikulua . Defentsa juridikoa.

Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoari dagokio aholku juridikoa ematea eta erakundea ordezkatzea eta defendatzea epaiketetan, jurisdikzio maila zein den ere, aipatu aholkularitza juridikoa atxikita duen departamentuaren egiturari buruzko foru dekretuan ezarritakoaren arabera.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web