(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

217/2023 FORU DEKRETUA, URRIAREN 11KOA, ANALISI ETA PROSPEKZIO BULEGOA ERAKUNDE AUTONOMOA SORTU ETA HAREN ESTATUTUAK ONESTEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 218 - 20/10/2023



  ANALISI ETA PROSPEKZIO BULEGOAREN ESTATUTUAK


  I. TITULUA. IZAERA ETA ESKUMENAK


  II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

  I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK

  II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

  III. KAPITULUA. KUDEAKETAKO ZUZENDARITZA

  IV. KAPITULUA. EGITURA


  III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK ETA EKONOMIAKO ETA KONTABILITATEKO ARAUBIDEAK


  IV. TITULUA. LANGILEAK


  V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA


ATARIKOA

Politika publikoen plangintza, koordinazioa eta ebaluazioa funtsezko elementuak dira esku-hartze publikoak diseinatzeko, ezartzeko eta hobetzeko prozesuan. Elkarri lotutako jarduerak dira, eta politika publikoen zikloaren parte dira, zeinaren barnean sartzen baitira erronkaren identifikazioa, politiken formulazioa, ezarpena, monitorizazioa eta ebaluazioa. Funtzio horiek denek datuak eta ebidentziak bildu eta aztertzea dute oinarri. Plangintzarako, informazio sendoa behar da, erabaki informatuak hartzeko. Ebaluazioa emaitzen neurketan eta ezarritako politiken eraginean oinarritzen da.

Azaldutako guztiagatik, komenigarritzat jotzen da erakunde autonomo berri bat sortzea, Analisi eta Prospekzio Bulegoa izenekoa, azterketa eta ebaluazio lan hori egin ahal izateko. Erakunde autonomo horri dagokionez, kontuan hartu behar da Nafarroako Gobernuan dauden behatoki guztiek sektoreko izaera dutela. Hau da, beren esku-hartzeko arloei lotutako azterketak egitera mugatzen dira. Beraz, ez dago izaera orokorreko esparru estrategikorik azterketa eta prospekzio integrala egiteko, bide emanen duena kausa eta sektore anitzeko aurreikuspenen gainean erabakiak hartzeko. Ildo horretan, erabaki da lehengo Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Politika Publikoen Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia izan dadila zeharkako erakunde autonomo berri hori.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri da. Haren 2. artikuluan xedatzen denez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak besteak beste gai hauetan esleituak dituen eskumenak: errealitate soziala, aldaketa-prozesuak eta erronka sozialak aztertzea; politika publikoak planifikatzea, koordinatzea eta ebaluatzea; azterlan estrategikoak; lurralde-mailako proiektu estrategikoak ebaluatzea; administrazioa sinplifikatzea; toki-administrazioa digitalizatzen laguntzea; eta departamentuen arteko politikak koordinatzea. Azkenik, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 64/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarraren 3. apartatuak zehazten duenez, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio Analisi eta Prospekzio Bulegoa.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, zeinak hizpide baititu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala, ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola erakunde publikoen estatutuak onestea. Aurrekoa kontuan hartuta, foru dekretu honen xedea da Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa sortzea eta haren estatutuak onestea.

Hori horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko urriaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Sorrera eta xede orokorrak.

Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa sortzen da, honako helburu orokor hauekin:

a) Identifikatzea zer erronka eta aukerari egin beharko dien aurre Nafarroak.

b) Zeharkako politika publikoen eta horien eragin, eraginkortasun eta efizientziaren planifikazio, ebaluazio eta berrikuntza etengabean laguntzea.

c) Aholku ematea Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari, erabaki estrategikoak hartzeko.

2. artikulua. Estatutuak onestea.

Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira; haien testua foru dekretu honen eranskinean azaltzen da.

Lehenbiziko xedapen gehigarria. Hasierako jarduketa plana.

Analisi eta Prospekzio Bulegoaren hasierako jarduketa plana da Nafarroako Gobernuak onesten duena foru dekretu honen data berean hartutako erabakiaren bidez. Planaren testua espedienteari erantsi zaio.

Bigarren xedapen gehigarria. Lege aipamenak.

Indarreko araudian egiten diren aipamen organiko eta funtzionalak, eragiten dietenak foru dekretu honetan esleitutako eginkizunei, ulertuko da egiten zaizkiela foru dekretu honetan bertan araututako organo eta unitateei.

Hirugarren xedapen gehigarria. Unitateen izenak eta eginkizunak aldatzea.

1. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren izena eta eginkizunak aldatzea; aurrerantzean, Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzua izanen da, eta estatutuen 16. artikuluan zehazten diren eginkizunak izanen ditu. Hura zuzentzen duen pertsona bere horretan mantentzen da.

2. Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko bi atalen izena eta eginkizunak aldatzen dira. Plangintza, Ebaluazio eta Kalitate Atalaren izena Analitika Aurreratuaren, Prospekzioaren, Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atala izanen da, eta estatutuen 18. artikuluan zehazten diren eginkizunak izanen ditu. Bitarteko egoeran hor aritzen den pertsona bere horretan mantentzen da.

3. Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalaren izena Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala izanen da, eta estatutuen 19. artikuluan zehazten diren eginkizunak izanen ditu. Bitarteko egoeran hor aritzen den pertsona bere horretan mantentzen da.

Xedapen iragankor bakarra. Administrazio unitateen iraupena.

1. Oraingo izenari eta eginkizunei eutsita irauten dute, foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu arte, atal mailatik beherako unitate organikoek (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako bulegoak; zehazki, Plangintza Dokumentuak Sortu eta Zabaltzeko Bulegoa, Plan Orokorrak Koordinatzeko Bulegoa eta Proiektuen Kudeaketarako eta Jarraipenerako Bulegoa). Behin-behinekoz atxikiko zaizkie egitura berriko organoei, orain arte dituzten eginkizunen arabera.

2. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari atxikitako Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia kentzen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Erregelamendua garatzeko ahalmena.

Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. TITULUA. IZAERA ETA ESKUMENAK

1. artikulua. Izaera.

Analisi eta Prospekzio Bulegoa administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, bere xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena.

Analisi eta Prospekzio Bulegoa atxikita egonen da Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari, eta bere helburuak betetzeko, men eginen die Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak ematen dituen plangintza eta politika orokorreko jarraibideei. Departamentu horrek estatutuetan, foru legerian eta ordenamendu juridiko.administratiboan esleitzen zaizkion kontrol-ahalmenak izanen ditu haren gainean.

3. artikulua. Eskumenak.

1. Honako eskumen hauek izanen ditu Analisi eta Prospekzio Bulegoak:

a) Identifikatzea zer erronka eta aukerari egin beharko dion aurre Nafarroak gaur egun zein epe ertain eta luzean, informazioaren azterketa sistematikoa eginez, zeinak ebidentzia enpirikoa eta zorrotza emanen baitu erabakiak hartzeko orduan.

b) Zeharkako politika publikoen eta horien eragin, eraginkortasun eta efizientziaren planifikazio, jarraipen eta ebaluazio etengabean laguntzea.

c) Berrikuntza publikoko prozesuen plangintzan, jarraipenean eta ebaluazioan laguntzea eta orientatzea.

d) Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia orientatzea erabaki estrategikoak hartzerakoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoetan zeharka jardunez.

2. Aurreko puntuan aipatutako eskumenak garatzeko, Analisi eta Prospekzio Bulegoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Epe labur, ertain eta luzean aztertzea Nafarroako gizartearen aldaketa-joerak eta mugimendua zehazten dituzten gai estrategikoak.

b) Nafarroako Gobernuko departamentuetan eta erakundeetan dauden azterketa-eremuak koordinatzea eta kudeatzea.

c) Ikerketa prospektiboa egitea bulegoaren txostenei zorroztasuna eta ebidentzia enpirikoa emateko.

d) Gobernuaren jardunarekin eta haren politika publikoekin lotutako adierazleak eta informazio-iturriak identifikatzea eta aztertzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozial nagusien sare-lotura bultzatzea, erronka eta aukera berriei lotuta.

f) Lankidetza eta laguntza Nafarroako Gobernuaren berrikuntza publikoko prozesuetan.

g) Nafarroako Gobernuaren estrategia operatiboa diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta haren jarraipena egiten laguntzea.

h) Politika publikoen plangintza operatiboa eta ebaluazioa egiten laguntzea.

i) Politika publikoen plangintzaren eta ebaluazioaren sustapena, prestakuntza eta zabalkundea Nafarroako Gobernuko departamentuetan.

j) Adjudikatzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Analisi eta Prospekzio Bulegoaren zuzendaritza organoak:

1. Gobernu Kontseilua.

2. Kudeaketako Zuzendaritza.

II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

5. artikulua. Osaera.

1. Honako kide hauek osatzen dute Analisi eta Prospekzio Bulegoaren Gobernu Kontseilua:

a) Burua: Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusia (zuzendaritza nagusi horri dago atxikita Analisi eta Prospekzio Bulegoa).

b) Buruordea: Analisi eta Prospekzio Bulegoko kudeatzailea.

c) Kideak: Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuko zuzendaria.

2. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko idazkari tekniko nagusiak Gobernu Kontseiluko idazkari-lanak eginen ditu.

3. Gobernu Kontseiluko kidetzak edo idazkaritza hutsik gelditzen badira, kontseilariak behin-behinean izendatuko ditu ordeztuko dituztenak behin betiko izendapenak egiten ez diren bitartean.

6. artikulua. Ahalmenak.

Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:

a) Urtero, txostena egitea erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenaz.

b) Kontrolatzea eta gainbegiratzea erakundearen zuzendaritza lanak.

c) Onestea zentro eta instalazio berekiak erabiltzeko prezio publikoen araubidea.

d) Analisi eta Prospekzio Bulegoko kudeatzaileak urgentziaz hartu beharreko ebazpenen berri izatea.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluko buruaren ahalmenak.

Honako ahalmen hauek dagozkio Analisi eta Prospekzio Bulegoaren Gobernu Kontseiluko buruari:

a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai-zerrenda finkatzea, bilkuretan buru izatea eta horiek zuzentzea.

b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta haren jardunari buruzko arauak betearaztea.

8. artikulua. Idazkaritza.

1. Idazkaria Kontseiluaren bileretara joanen da, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

2. Honako hauek izanen dira idazkariaren eginkizun berariazkoak:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, buruaren jarraibideei jarraikiz, eta erabakiak betearazteko tramiteak egitea.

b) Gobernu Kontseiluaren bilkuren aktak egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak buruak dei egiten duenean eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea da oro har ezarrita dagoena martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean, zeinak hizpide baititu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak noiznahi eskatzen ahalko du beste pertsona batzuen aholkua, baldin haien esku-hartzea egokitzat jotzen badu daukaten ezagutza, prestakuntza, izen on edo beste arrazoi batzuengatik. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA. KUDEAKETAKO ZUZENDARITZA

11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

Nafarroako Gobernuak askatasunez izendatuko eta kargutik kenduko du Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari kudeatzailea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko kontseilariak proposatuta.

12. artikulua. Eginkizunak.

Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeatzea erakunde autonomoa, bere gain hartuta funtzionamenduaren erantzukizun nagusia.

b) Erakundearen ordezkari izatea.

c) Erakundearen menpeko administrazio unitateak zuzentzea eta antolatzea.

d) Erakundeari, bere helburuak betetzeko, agintzen zaizkion jarduketak zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea.

e) Exekutatzea eta betetzea Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak.

f) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak erakunde autonomoen ordezkariei kontratuak egiteko ematen dizkien ahalmenak.

g) Erakundeak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta agintzea administrazio egintzak bete daitezela.

h) Analisi eta Prospekzio Bulegoari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak ebaztea, langileen arloko erreklamazioak izan ezik.

i) Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena, zuzendari nagusiei esleitzen diena aurrekontuei, ekonomiari eta kontratuei buruzko araudiak.

j) Baimentzea eta xedatzea era guztietako gastu ekonomikoak, aitortzea pagatzeko obligazioak eta aurkeztea erakundearen aurrekontuaren aurreproiektuaren proposamena, bat etorriz arlo honetan indarra duen araudian ezarritakoarekin.

k) Lan sistemen hobekuntzaz arduratzea, haien berrikuntza bultzatuz, Nafarroako gizartean atzematen diren beharren arabera.

l) Erakundeari esleitutako baliabide tekniko eta ekonomikoak optimizatzeaz arduratzea.

m) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak banatzekoak barne.

n) Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari proposatzea bitarte baterako izenda ditzala Analisi eta Prospekzio Bulegoko atalburuak, bulegoburuak edo ataletik beherako beste unitate batzuetako buruak, behin funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena emanda Nota de Vigencia.

ñ) Bulegoko langileen buru izatea, eta, zehazki, arlo horretan dituen ahalmenak erabiltzea, hain zuzen ere ematen dizkionak, 3., 5. eta 6. artikuluetan, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, zeinaren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak.

o) Ebazpen bidez izendatzea erakunde autonomoko ataletik beherako buruen aldi baterako ordezkoak, kargua hutsik dagoenean, titularrak kanpoan direnean edo aldi baterako eritasun nahiz ezintasun bat dutenean.

p) Bere kargua dela-eta Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiko titularrak agintzen dizkion eginkizun guztiak.

13. artikulua. Eginkizunak eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak mendeko edo atxikitako unitateei eskuordetzen ahalko dizkie bere eskudantzietako batzuk, indarreko legerian ezarritakoari jarraituz.

IV. KAPITULUA. EGITURA

14. artikulua. Analisi eta Prospekzio Bulegoaren egitura.

Analisi eta Prospekzio Bulegoa unitate organiko hauek ditu bere egituran:

- Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzua.

15. artikulua. Izendapena.

Zerbitzuko zuzendaria askatasunez izendatuko eta kargutik kenduko du Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko kontseilariak proposatuta.

16. artikulua. Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Txostenak, azterlanak eta analisiak egitea Nafarroako gizartearen egoerari eta bilakaerari buruz.

b) Aholku ematea politika publikoen plangintza operatiboa eta ebaluazioa egiteko, diseinatzeko eta gauzatzeko.

c) Prospektiba estrategikoaren bidez identifikatzea zer erronka eta aukerari egin behar dien aurre Nafarroak epe ertain eta luzean, horretarako behar bezala prestatuta egoteko.

d) Berrikuntza publikoko prozesuen plangintzan, jarraipenean eta ebaluazioan laguntzea eta orientatzea.

e) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta kudeatzaileak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

17. artikulua. Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuaren egitura.

1. Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Analitika Aurreratuaren, Prospekzioaren, Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atala.

b) Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atala.

2. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrak askatasunez izendatuko eta kargutik kenduko ditu ataletako buruak, Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari kudeatzaileak proposatuta.

18. artikulua. Analitika Aurreratuaren, Prospekzioaren, Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Analitika Aurreratuaren, Prospekzioaren, Estrategia Operatiboaren eta Ebaluazioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako gizartearen egungo egoera, gizarte-eraldaketako prozesuak eta aldaketa-joerak aztertzea, Nastat-ekin eta departamentuekin lankidetzan, irizpideak edo ikuspegiak txertatuz ezagutza hobea izateko, besteak beste, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren, irisgarritasunaren eta desgaitasunaren arloetan.

b) Analisi prospektiboa, identifikatzeko zer erronka eta aukerari egin beharko dien aurre Nafarroak epe ertain eta luzean (demografikoak, ekonomikoak, geopolitikoak, ingurumenekoak, sozialak, hezkuntzakoak, etab.) eta haietarako prestatzen laguntzeko.

c) Erabaki estrategikoak hartzeko aholkularitza, dakartzaten ondorioak kontuan hartuta.

d) Aholkularitza ematea Nafarroako Gobernuko departamentuei politika publikoen diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan.

e) Analisiaren, Ebaluazioaren, Berrikuntzaren, Prospekzioaren eta Estrategia Operatiboaren Zerbitzuaren urteko lan-planean esleitzen zaizkion ebaluazioak egitea eta gainbegiratzea.

f) Aipatutakoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, bai eta agintzen zaizkionak ere.

19. artikulua. Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Berrikuntza Publikoaren eta Europako Proiektuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berrikuntza publikoko proiektuak sustatzea.

b) Administrazio publikoaren zerbitzuen kalitatea hobetzeko xedea duten berrikuntza publikoko proiektuak garatzea.

c) Berrikuntza publikoa eta lankidetza eremuak bultzatzen dituzten plataforma irekiak sustatzea.

d) Nafarroan ere egin daitezkeen berrikuntza publikoko jardunbideen eta esperientzien zabalkundea.

e) Sistematizazioko, ikuskapeneko eta parte hartzeko foro profesionalak indartzea, zabaltzea eta lotzea.

f) Topaketak, biltzarrak, jardunaldiak eta bestelako ekitaldi profesional eta/edo zientifikoak antolatzea eta haiek egiteko laguntza ematea.

g) Berrikuntza publikoaren arloko Europar Batasuneko proiektuak sustatzea.

h) Praktika berritzaileak sustatzea eta trukatzea Europako programen esparruan.

20. artikulua. Bulegoak eta horiekin parekaturiko unitateak.

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko kontseilariaren foru aginduaren bidez sortu, aldatu eta kenduko dira bulegoak edo bulegoekin parekatutako beste unitate administratibo edo tekniko batzuk, Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari kudeatzaileak proposatuta.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDE EKONOMIKOAK, AURREKONTUAK ETA EKONOMIAKO ETA KONTABILITATEKO ARAUBIDEAK

25. artikulua. Ondarea.

Gai horiek erregulatzen dituen araudian xedatutakoari jarraikiz, Analisi eta Prospekzio Bulegoaren osagai izanen dira erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen ondasun eta eskubide guztiak. Ondare horren ondasun diren aldetik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute.

26. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Honako hauek dira Analisi eta Prospekzio Bulegoaren baliabide ekonomikoak:

a) Hari atxikitako ondasunen eta eskubideen interesak, errentak eta mozkinak.

b) Nafarroako Foru Komunitateak erakunde autonomoari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentziak eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru sarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpenak edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

27. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

1. Analisi eta Prospekzio Bulegoaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menpe izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, diru sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun mailari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.

3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

28. artikulua. Kontuhartzailetza.

Analisi eta Prospekzio Bulegoaren kudeaketa ekonomikoa -hots, eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

29. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Analisi eta Prospekzio Bulegoa kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. LANGILEAK

30. artikulua. Langileen araubidea.

Honako hauek dira Analisi eta Prospekzio Bulegoko langileak:

a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak, Analisi eta Prospekzio Bulegoari atxikitakoak edo atxikitzen zaizkionak.

c) Erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

31. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Analisi eta Prospekzio Bulegoaren egintzen araubide juridikoa da erakunde autonomoetarako ezarrita dagoena martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen III. tituluko II. kapituluan; foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Errekurtsoak.

Analisi eta Prospekzio Bulegoak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

33. artikulua. Laguntza juridikoa.

1. Bat etorriz bere 551.3 artikuluan Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak ezartzen duenarekin, epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren aholkulari juridikoei dagokie Analisi eta Prospekzio Bulegoaren ordezkaritza eta defentsa, salbu beste abokatu elkargokide bat izendatzen bada hura ordezkatzeko eta defendatzeko.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Analisi eta Prospekzio Bulegoari, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoari buruzko urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan ezarritako moduan.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web