152/2023 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 6KOA, EKONOMIA ETA OGASUN DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 190 - 11/09/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla. Azken hori kasuan kasuko kontseilariaren menpe dago zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Foru lege horren beraren 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.
Hori horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko irailaren seian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Ekonomia - Next Generation Zuzendaritza Nagusia.
b) Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusia.
c) Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
e) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.
2. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegia, independentzia funtzionala duen organoa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitzen zaio.
Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko Idazkaritza, atalaren maila duena, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari atxikitzen zaio.
3. Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitzen zaio. Erakunde autonomo hori bere estatutuen arabera arautuko da.
Xedapen gehigarri bakarra. Izendapenen berrespena.
Berretsi egiten da Óscar Martínez de Bujanda Esténoz Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearen izendapena.
Lehen xedapen iragankorra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuaren egitura organikoa zerbitzuen eta atalen mailan garatzen den bitartean, eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion neurrian, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretua eta Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretua.
Bigarren xedapen iragankorra. Egun dauden unitateen atxikipena.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa garatzen ez den bitartean, Nafarroako Estatistika Institutuari (NASTAT) atxikita dauden unitateek eta langileek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikita jarraituko dute.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariari, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.