75/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, KULTURA, KIROL ETA TURISMO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.
Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren oinarrizko egitura .
1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:
a) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.
b) Turismo Zuzendaritza Nagusia.
c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua erakunde autonomoa bere estatutuek arautuko dute eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari atxikita gelditzen da.
Lehen xedapen iragankorra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuko zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatzen ez den arte, departamentuaren eskumen-esparruari dagokionez, eta foru dekretu honi aurka egiten ez dion neurrian, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretua eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretua.
Bigarren xedapen iragankorra. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia.
Turismo Zuzendaritza Nagusiko titularraren izendapena egiten ez den bitartean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiko egungo titularrak jarraituko du, aldi batez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak turismoaren arloan ematen dizkion eginkizunak betetzen.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira Kultura eta Kirol Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 97/2019 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.