69/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du ezen, aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean, eta 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuetako titular diren pertsonen menpe egon daitezkeela.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Lurralde Kohesiorako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia.
b) Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.
c) Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia.
d) Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.
e) Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua.
f) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
2. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak mantendu egiten ditu Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan betetzen zituen eskumenak, eta hari dagozkion unitate organikoak atxikitzen zaizkio.
Xedapen gehigarri bakarra. Izendapenen berrespena.
Berretsi egiten dira Pedro Andrés López Vera Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren izendapena, Berta Miranda Ordobás Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren izendapena eta Pedro José Cebrián Leyún Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuko zuzendariaren izendapena.
Xedapen iragankor bakarra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuko zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatzen ez den bitartean, eta foru dekretu honen edukiari aurka egiten ez zaion neurrian, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez: Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretua; ulertu behar da izen horiek dituzten departamentuei egiten zaizkien aipamenak Lurralde Kohesiorako Departamentuari dagozkiola.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.