66/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, ETXEBIZITZAKO, GAZTERIAKO ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.
Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak, bere titularraren goi zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:
a) Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia.
b) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia.
c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
2. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak, eta hari atxikitzen zaizkio gai horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak.
3. Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak zituen eskumenak, eta hari atxikitzen zaizkio gai horretan eskudantziak dituzten unitate organikoak.
4. Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari atxikitzen zaio. Erakunde autonomo hori bere estatutuen arabera arautuko da.
Xedapen gehigarri bakarra. Eskumenen deskontzentrazioa.
Zuzendaritza nagusietako titularren esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: kontratazioa eta zehapen espedienteak.
Xedapen iragankor bakarra. Arauek indarrean jarraitzea eta organoen eta eginkizunen jarraipena.
Departamentuaren egitura organikoa zerbitzuen eta atalen mailan garatzen den bitartean, foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion heinean eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren eskumen-esparruari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretua, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 90/2019 Foru Dekretua eta, orobat, foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.