64/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla. Azken hori kasuan kasuko kontseilariaren menpe dago zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean. 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuetako titularren menpe egon daitezkeela.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Foru lege horren beraren 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.
Hori horrela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia.
b) Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusia.
c) Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
e) Nafarroako Administrazio Auzitegia.
2. Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoa Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikitzen zaio.
3. Analisi eta Prospekzio Bulegoa erakunde autonomoa Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaio. Erakunde autonomo hori bere estatutuen arabera arautuko da.
Lehen xedapen iragankorra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuaren egitura organikoa zerbitzuen eta atalen mailan garatzen den bitartean, foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion heinean eta departamentuaren eskumen-esparru berriari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretua. Arau horietan eta departamentuen egitura organikoei buruzko gainerako foru dekretuetan Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua aipatzen denean, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentua aipatzen dela ulertu behar da, haren eskumen-esparru berriari dagokionez.
Bigarren xedapen iragankorra. Egun dauden unitateen atxikipena.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa garatzen ez den bitartean, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaizkio Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari atxikitako unitateak eta langileak.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.