(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

59/2023 FORU AGINDUA, EKAINAREN 30EKOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA; HONEN BIDEZ ARAUTZEN DA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HAUR HEZKUNTZAN ARI DIREN IKASLEEN EBALUAZIOA

BON N.º 151 - 20/07/2023



  ATARIKO TITULUA. I. KAPITULUA


  XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. TUTORETZA EKINTZA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA


  I. TITULUA. HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOA


  I. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA LEHEN ZIKLOAN


  II. KAPITULUA. EBALUAZIORAKO DOKUMENTUAK LEHEN ZIKLOAN


  II. TITULUA. HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOA


  I. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA BIGARREN ZIKLOAN


  II. KAPITULUA. EBALUAZIORAKO DOKUMENTUAK BIGARREN ZIKLOAN


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan, horietako asko, legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusi beharraren ondorioz sortutakoak, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioen arabera egokitu behar baita, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Haur Hezkuntzari dagokionez, lege testu berriak aldaketa handiak sartzen ditu etapako curriculumaren egituran, hala nola ikasleen ebaluazioari dagozkion hainbat alderditan ere, izan ere, antolamenduari eta printzipio pedagogikoei gehitzen die haurtzaroaren kultura espezifikoarekiko errespetua, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta haren Batzordearen Ohar Orokorretan zehazten dena.

Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen, ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu horren 12. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa arautu behar duten printzipio orokorrak jasotzen dira. Era berean, foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenean, baimena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari aipatutako foru dekretuan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak ditzan.

Hori guztia kontua hartuta, bidezkoa da, beraz, ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa garatu eta, foru agindu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa arautzea.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen helburua da Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa arautzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen).

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta Haur Hezkuntzako irakaskuntzak ematen badituzte.

2. artikulua . Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebaluazioaren helburua izanen da haur bakoitzaren hasierako baldintzak eta bilakaeraren erritmoa eta ezaugarriak identifikatzea. Horretarako, ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko prozesua gauzatuko da ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan araututako Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculumeko elementuak kontuan hartuta, baita horiek zehazteko foru agindu honen 3. artikuluan jasotzen den proposamen pedagogikoan ezartzen dena ere.

2. Ebaluazio prozesuak ikasleek etaparen ikasmaila bakoitzean ikasitakoa baloratuko du, kontuan izanik noraino bete diren ebaluazio irizpideak eta irakasgai bakoitzaren gaitasun espezifikoak. Ebaluazio irizpide eta gaitasun espezifiko horiek izanen dira erreferentziak, etapa horretako arloen balorazioa eta gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko, 61/2022 Foru Dekretuaren I. eta II. eranskinetan ezarritakoa kontuan hartuta.

3. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa globala, etengabea eta hezigarria izanen da, jarraian azaltzen diren zehaztasunen arabera:

a) Globala izanen da, hots, ikasleek Haur Hezkuntzako arloen multzoan ikasitakoari erreparatuko zaio, erreferentzia komuna direla gako-gaitasunak eta etapako helburuak, curriculumeko elementu guztien integrazioa kontuan harturik.

b) Etengabea izanen da, ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan sistematikoki murgilduta egonen baita ikasturte osoan, eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratuta.

c) Hezigarria izanen da; izan ere, bereganatutako gaitasunak eta ikaskuntzak identifikatuz, etengabeko informazioa emanen die irakasleei, eta lehen zikloaren kasuan, hezkuntzako gainerako profesionalei eta familiei ere bai, eta hezkuntzako esku-hartzearen prozesuak eta emaitzak hobetzen lagunduko du.

4. Ebaluazioak bat etorri behar du irakaskuntza horien izaera globalarekin, eta ikastetxeen autonomia pedagogikoaren printzipioa aintzat hartuta eginen da, ikastetxe horien testuinguruaren arabera eta ikasleen ezaugarrien arabera egokituta.

5. Zuzeneko behaketa sistematikoa izanen da ebaluazio prozesuaren teknika nagusia.

6. Ebaluazioak lagungarria izan behar du irakaskuntza prozesuan, erabilitako estrategia metodologikoen eta baliabideen egokitasunaren balorazioaren bidez. Helburu hori betetzeko, inplikatuta dauden irakasle guztiek, eta lehen zikloaren kasuan, hezkuntzako profesional guztiek beren hezkuntza jardunbidea ebaluatuko dute, foru agindu honen 7. artikuluarekin bat.

7. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren balorazioan alderdi kualitatiboak adieraziko dira, prozesu horretan ikasleek izan duten eboluzioaren gaineko ikuspegia jasoko da, eta, kasua bada, aniztasunari arreta eskaintzeko erabilitako neurriak ere bai.

8. Etapako bigarren zikloan, eta haren helburuak lortzeari dagokionez, eskuratutzat joko dira, baldin eta ikasleak gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila aski lortu badu.

3. artikulua . Proposamen pedagogikoa.

1. Ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, ikastetxeek proposamen pedagogiko bat jasoko dute beren hezkuntza proiektuan, eta proiektu horrek bultzatu eta garatuko ditu gaitasunetan oinarritutako ikaskuntzari dagozkion printzipioak, helburuak eta metodologia, ume bakoitzaren garapenik handiena erraztuko duten oinarriak garatzera eta finkatzera orientatua.

2. Proposamen pedagogiko horrek ziklo bakoitzaren hezkuntzari dagozkion alderdiak jasoko ditu, eta garatu eta osatuko du, ikastetxeen pedagogia eta antolakuntza autonomiaren esparruan, aipatutako foru dekretu horren eranskinetan ezarritako curriculuma, ume bakoitzaren ezaugarrien arabera eta haien gizarte eta hezkuntza arloko errealitatearen arabera egokituta. Etaparen bigarren zikloan, proposamen pedagogiko horrek jasoko ditu hari dagozkion arloetako programazio didaktikoak.

4. artikulua . Banako desberdintasunei arreta jartzea.

Ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, banakako arreta izanen da irakasleen eta hezkuntzako gainerako profesionalen hezkuntza ekintzaren ohiko jardunbidea. Gainera, hezkuntzako esku-hartzean aintzat hartuko da ikasleen aniztasuna, eta hezkuntzako jardunbidea haur bakoitzaren ezaugarri, behar, interes eta estilo kognitiboaren arabera moldatuko da; haur bakoitzaren eskola bilakaeran eragina izan dezaketen ezaugarriak identifikatuko dira, ikasle guztien erabateko inklusioa ziurtatzeko helburuarekin. Ikastetxeek neurri egokiak hartuko dituzte, hezkuntza laguntza espezifikoaren beharra erakusten duten ikasleei arreta emateko, eta hezkuntza behar bereziak erakusten dituzten umeen ezaugarri eta premien arabera hobekien egokitzen den hezkuntza erantzuna eskainiko dute.

5. artikulua . Mailaz igotzea.

Haur Hezkuntzako etapako maila batetik bestera igarotzea automatikoa izanen da. Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako etapara igarotzea ere automatikoa izanen da.

6. artikulua . Etapa berean jarraitzea.

1. Oro har, ikasleak Haur Hezkuntzako etapan geratuko dira sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte.

2. Aurreko atalean xedatutakoa ezertan galarazi gabe, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak beste urte batez egon daitezke Haur Hezkuntzan eskolaturik, zazpi urte betetzen duten arte, horrek mesede egiten badie hezkuntzan eta gizartean integratzeari begira, gurasoak edo legezko tutoreak ados badaude eta Hezkuntza Departamentuak baimena ematen badu.

Etapan urte batez jarraitzea salbuespenezkoa izanen da, eta etapako lehen zikloa edo bigarren zikloa bukatzean soilik egiten ahalko da.

Horretarako, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Ikastetxeko zuzendariak Ikasketak Antolatzeko Atalari igorriko dio, bigarren zikloan geratzeko kasua bada, eta Haur Eskolen Zerbitzuari, lehen zikloan geratzea bada kasua, dagokion proposamena, eta hari atxikiak bidaliko ditu orientazioko profesionalen txostena, neurri hori hartzeko arrazoiak azalduko dituena, eta gurasoen edo legezko tutoreen adostasuna adierazten duen agiria.

b) Bigarren zikloan geratzeko proposamena bada, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak eman beharko du etapan jarraitzeko baimena, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuak eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztutako txostenetan oinarriturik. Lehen zikloan geratzeko proposamena bada, prozedura bera erabiliko da, baina geratzeko baimena Haur Eskolen Zerbitzuak eman beharko du.

7. artikulua . Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioa.

1. Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioaren helburua da irakasleen eta hezkuntzako profesionalen lanbide garapena erraztea, lehen zikloaren kasuan, eta orobat, haien etengabeko prestakuntza bultzatzea, ikastetxeen kalitatea eta, bereziki, ikasleen ikasketa prozesua hobetzeko funtsezko elementu gisa. Horregatik, ikasleen ikaskuntza prozesuen gaineko azterketa izanen da erreferente nagusia, hezkuntza errealitatearen esparruan.

2. Haur Hezkuntzako etapan erabiltzen den irakaskuntza prozesua aztertu eta baloratu ahal izateko, irakasleek eta, lehen zikloaren kasuan, hezkuntzako profesionalek ere, beren hezkuntza jardunbidea ebaluatuko dute, ikastetxeak berak ezarritako adierazleetan oinarrituta eta, kasua bada, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuak ezartzen ahal dituen adierazleetan ere bai.

3. Ebaluazioaren emaitzen arabera, beharrezkoa bada, esku-hartze pedagogikoa aldatzea komeni den baloratuko da.

II. KAPITULUA. TUTORETZA EKINTZA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA

8. artikulua . Tutoretza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, ikasleek beren banakako eta taldeko hezkuntza prozesuan tutoretza ekintzaren laguntza izanen dute. Horretarako, ikastetxeek elkarrenganako errespetua, aniztasunarekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza sustatuko dituzte, genero berdintasunean arreta berezia jarrita.

2. Ikastalde bakoitzak tutore bana izanen du, eta hura izanen da haien erreferentziazko pertsona. Tutorea familiekiko harremanaz ez ezik, bere taldean esku hartzen duten gainerako profesionalekiko koordinazioaz ere arduratuko da.

3. Ikasturtean zehar, tutoreak gutxienez bilera bat eginen du guraso eta legezko ordezkari guztiekin, eta banakako beste bat ikasle bakoitzaren guraso edo legezko ordezkariarekin.

9. artikulua . Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa.

1. Ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza prozesuaren bilakaeran parte hartu beharko dute eta hura babestu, eta ikastetxeek ikasleen aurrerabidea errazteko hartzen dituzten laguntza edo errefortzu neurrietan lagundu behar dute.

2. Familiek beren seme-alaben hezkuntza prozesuan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, ikasleen tutoreek eta gainerako irakasleek eta, etaparen lehenengo zikloaren kasuan, hezkuntzako profesionalek ere, haien seme-alaben ikasketen bilakaeraren berri eman behar diete. Horretarako, ikastetxeek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikaslearen ikastetxeko jardueran eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz emanen dela bermatzeko, irakasleek, edo lehen zikloko ikasleen kasuan, hezkuntzako profesionalek, ikaslearen tutorearekin koordinatuta emanen dute informazio hori.

3. Tutoreak idatziz emanen die ikasleen guraso edo legezko ordezkariei ikasleen bilakaerari buruzko informazioa. Etapako lehen zikloaren kasuan, informazio hori ikasturte bukaerako ebaluazioko txostenaren bidez bidaliko da, eta bigarren zikloan, gutxienez hiru hilean behin, ebaluazioko buletinaren bidez bidaliko zaie informazioa familiei.

4. Idatzizko informazioaren osagarri, elkarrizketa pertsonalak edo taldeko bilerak eginen dira ikasleen gurasoekin edo legezko tutoreekin -foru agindu honen 8.3 artikuluan aipatzen dira bilera horiek-, ikastetxearen eta familiaren arteko komunikazioa errazteko, batez ere ikasleen ikaskuntzaren emaitzak positiboak ez direnean, integrazio sozioedukatiboan arazoak agertzen direnean, edo familiek edo irakasleek eta, kasua bada, hezkuntzako profesionalek, hala eskatzen dutenean.

10. artikulua . Ebaluazioaren objektibotasuna.

1. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko duten eskubidea bermatuko dute ikastetxeek.

2. Aipatu den eskubide hori bermatzeko, irakasleek eta, lehen zikloaren kasuan, hezkuntzako profesionalek, ikasturte bakoitzaren hasieran, 61/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean jasotako helburuen eta gako-gaitasunen berri emanen diete ikasleen familiei. Era berean, arlo bakoitzeko oinarrizko jakintzei, ebaluazio irizpideei eta gaitasun espezifikoei buruzko informazioa emanen diete.

3. Informazio hori ikasturte hasieran eginen den talde bileran emanen da, edo ikastetxeak ezartzen dituen bideen bitartez. Gainera, taldeko tutoreak beharrezko komunikazioa ezarriko du ikasleen gurasoekin eta legezko tutoreekin, ikasle bakoitzaren etengabeko jarraipena bermatzeko.

4. Ikasleen familiek beren seme-alaben ebaluazioari buruzko erabakiak ezagutzeko eskubidea izanen dute. Horretarako, ikaslearen gurasoek edo legezko arduradunek eskatutako argibideak emanen dituzte irakasleek edo, lehen zikloaren kasuan, hezkuntzako profesionalek.

I. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA LEHEN ZIKLOAN

11. artikulua . Ebaluazio prozesua lehen zikloan.

1. Etengabeko ebaluazioa hasierako ebaluaziotik abiatzen da, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan barna jarraitzen du, eta etapa bukaerako ebaluazioarekin bukatzen da; han aztertuko dira helburuen lorpena eta etaparako ezarritako gako-gaitasunak eskuratzen eta garatzen lortutako maila.

2. Ebaluazioa ikastaldearen hezitzaile taldearen ardura izanen da; lan koordinatua egin beharko dute haiek, eta adostasuna lortzen dela bermatu behar dute, umeen ikaskuntzen ebaluazioaren inguruan eta proposamen pedagogikoaren inguruan.

3. Erreferentziako hezitzailea izanen da emandako informazioak jaso eta erregistratzeko arduraduna, eta umeen ebaluazio prozesuari dagozkion jarduketak eta erabakiak koordinatu behar ditu, dagozkion orientazio zerbitzuen laguntzarekin, beharrezkoa bada. Erreferentziako hezitzaileak, gainera, foru agindu honen 8. artikuluan aipatzen diren tutoretza eginkizunak bete behar ditu.

12. artikulua . Hasierako ebaluazioa lehen zikloan.

1. Ume bat lehenengo aldiz hasten denean Haur Hezkuntzako lehen zikloan, edo ikasturte horretan beste ikastetxe batera aldatzen bada, haren garapen prozesuari buruzko daturik adierazgarrienak eta haren beharrak eta eguneroko errutinak jaso behar dira. Kontuan hartuko da, halaber, gurasoek edo legezko ordezkariek emandako informazioa, eta, kasua bada, hezkuntza prozesurako adierazgarriak diren txosten medikoak, psikologikoak, pedagogikoak eta sozialak.

2. Informazio hori kontuan hartuko da ikastetxean umearen harrera prozesua egiteko, eta hezkuntzako profesionalen behaketa izanen da horren osagarria.

3. Hasierako ebaluazioa, ikastetxearen irizpidearen arabera ikasturtearen amaieran ere egin daitekeena, izanen da erreferentziako puntua curriculumaren garapenari buruzko erabakiak hartzeko, eta ume bakoitzaren beharren arabera egokitzeko, hala nola hezkuntzako esku-hartzearen plangintza egokia egiteko ere.

13. artikulua . Etengabeko ebaluazioa

1. Etengabeko ebaluazioko prozesuak kontuan hartuko du hasieran jasotako informazioa, eta erreferentzia hartuko du proposamen pedagogikoan jasotako ebaluazio irizpideak. Ebaluazioko irizpide horiek hezkuntzako esku-hartzea gidatuko dute, eta haien izanen dira arlo bakoitzari dagozkion gaitasun espezifikoak eta zikloko helburu orokorrak lortzeko eta gako-gaitasunak eskuratzeko eta garatzeko erreferenteak.

2. Ikasgela espazio motibagarria izanen da, ikertzera bultzatuko duena, umeen ezagutzan gatazkak eraginen dizkieten proposamen edo ikaskuntza egoerak planteatuz, ikasitakoa praktikan jartzera animatzeko. Jardunbide horretan, hezitzaileen eginkizuna izanen da bidean laguntzea umeari, eta ikas prozesuarekiko duen harremanean bitartekari lana egitea.

3. Ikas prozesu osoan barna, hezitzaileak etengabe jasoko du arlo bakoitzean umeek lortzen duten ikaskuntzari buruzko informazioa, eguneroko egoeren gaineko zuzeneko behaketa sistematikoa eginez. Gainera, ikastaldearen gaineko azterketa orokorra eginen du hezitzaile taldeak, eta ikastaldeari nahiz ikasle bakoitzari dagozkion erabakiak hartuko ditu.

4. Ikaskuntza prozesu horien ebaluaziorako, behaketa erregistroak erabiliko dira, lorpen bakoitza interpretatu eta ateratzeko, emaitzak ez ezik gertatutako prozesuak ere dokumentatuz, eta balioa emanez banaka eta taldeka egindako ibilbideei. Hezitzaile taldeak erabakiko du informazioa jaso eta erregistratzeko baliatuko dituen tresnak, eta ebaluaziorako behar duen informazio zehatza ere bai. Erabaki horiek proposamen pedagogikoan jasoko dira.

5. Ume baten aurrerabidea espero zena ez denean, ikastetxearen proposamen pedagogikoaren arabera, laguntza neurriak hartuko dira. Neurri horiek ikasturtean zailtasunak sumatu orduko hartuko dira, eta helburua izanen dute gaitasun espezifikoen garapena bermatzea.

6. Gurasoek eta legezko arduradunek parte hartu eta lagundu behar dute beren seme-alaben edo ardurapean dituzten haurren hezkuntza prozesuaren bilakaeran, ebaluazioari dagozkion erabakien berri izan behar dute eta elkarlanean aritu ikastetxeekin, haurren aurrerapenari laguntzeko hartzen dituzten neurrietan.

7. Ikasturte bakoitzaren bukaeran, erreferentziazko hezitzaileak guraso edo legezko arduradunei emanen die umeen ikas prozesuaren gaineko ebaluazioaren berri, alderdi kualitatiboetan oinarrituta.

II. KAPITULUA. EBALUAZIORAKO DOKUMENTUAK LEHEN ZIKLOAN

14. artikulua . Ebaluaziorako dokumentuak lehen zikloan.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio dokumentuetan jasoko da.

2. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ebaluazioko dokumentuak honako hauek dira:

- Espediente pertsonala.

- Ikasturte bukaerako ebaluazio txostena.

- Lehen zikloko amaierako ebaluazioaren txostena.

3. Ebaluazio dokumentuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretua aipatu beharko da.

15. artikulua . Espediente pertsonala.

1. Espediente pertsonalak ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko ditu, baita espedientea egin duen ikastetxearen datuak ere, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izen-deiturak, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, eta kasua bada, etapa horretan zer ikastetxetan egon den matrikulatuta, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia eta ikastetxearen herria.

b) Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean etaparen zein ikasmaila egin den, hizkuntza eredua, Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arloen zerrenda eta ikasturte amaierako balorazioak.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Espediente pertsonala umea ikastetxean hasten den unean irekiko da.

16. artikulua . Ikasturte amaierako ebaluazio txostena.

1. Lehen zikloko ikasturte bakoitzaren bukaeran, erreferentziazko hezitzaileak ume bakoitzaren ebaluazioko bukaerako txostena prestatuko du, etengabeko ebaluazioan jasotako datuetan oinarrituta.

2. Ikasturte amaierako ebaluazio txostenean, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, honako alderdi hauek aintzat hartuz:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena eta herria.

b) Ikaslearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: izen-deiturak, zen etapatan ari den, hizkuntza eredua, zikloko ikasmaila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko datu hauek gutxienez eman behar dira: umearen ikaskuntza prozesuaren arloei buruzko balorazioa, alderdi kualitatiboetan oinarrituta, erreferentziatzat hartuta ebaluazio irizpideak.

17. artikulua . Lehen zikloko amaierako ebaluazio txostena.

1. Ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatzeko, etapako ziklo bakoitzaren bukaeran ume bakoitzak bere eboluzioari buruzko txosten bana izanen dute.

2. Horretarako, erreferentziako hezitzaileari dagokio delako txosten hori prestatzea, eta han jasoko ditu ikastetxe emailearen identifikazio datuak, umea identifikatzeko datuak, eta lehen zikloko eskolaratzearen inguruko informazioa, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izen-deiturak, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkarien izen-deiturak, etapa horretan zer ikastetxetan egon den matrikulatuta, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

c) Eskolaratzeari buruzko informazioa datu hauek osatuko dute gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean lehen zikloko maila, hizkuntza eredua, Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arlo edo esparruen zerrenda eta arlo bakoitzaren gaineko amaierako ebaluazioa, zikloko maila bakoitzean.

3. Lehen zikloaren bukaerako ebaluazio txostena kontuan hartu beharreko datu objektiboa izanen da, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailako tutoreak hasierako ebaluazioa egiten duenean. Txosten hori familiei emanen zaie, eta emandakotzat jotzen ahalko da, familiek bide telematikoa erabiliz kontsultatzeko aukera dutenean.

I. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA BIGARREN ZIKLOAN

18. artikulua . Irakasleak eta irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, ikastalde horrekin lanean ari diren irakasle guztien multzoa. Irakasle taldea batera ariko da ebaluazio prozesuan, tutorearen koordinaziopean.

2. Arlo bakoitzeko irakasle arduradunak erabakiko du ikasle bakoitzaren ikaskuntzaren gaineko balorazioa, eta horretarako, haren gaitasun espezifikoen gaineko ebaluazioa eta ebaluazio irizpideak hartuko ditu kontuan.

Arlo batean irakasle batek baino gehiagok ematen badituzte eskolak, irakasle horiek elkarrekin erabakiko dute balorazioa.

3. Ikasle jakin bati dagozkion ebaluazio alderdiei buruzko gainerako erabakiak hari eskola ematen dioten irakasleek adostu beharko dituzte, kontuan izanik irakasgaien ebaluazio irizpideak eta gaitasun espezifikoak izanen direla erreferenteak gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko. Adostasun hori ezinezkoa bada, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horretarako, boto bat izanen da arlo bakoitzeko, eta boto guztiek balio berbera izanen dute, baita Erlijio arloaren ordez eskainitako hezkuntza arreta ematen duen irakaslearen botoak ere; abstentzioa ez da inoiz onartuko. Berdinketa gertatuz gero, tutorearen kalitateko botoak erabakiko du.

4. Ikastetxeko ikasketa buruak planifikatuko ditu ebaluazio saioak; talde bakoitzeko tutoreak, berriz, saioak zuzenduko ditu eta horien araudia betetzen dela bermatuko du. Era berean, orientazioaren arduradunak, bere eginkizunak betez, saio horiek behar bezala egiteko aholkuak emanen dizkio tutoreari, eta, beharrezkoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak saio horietara joateko eskatzen ahalko dio, aholkularitza egokia emateko.

5. Nahitaezko ebaluazio saioez gain, talde bakoitzaz arduratzen diren irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste alditan bilduko dira ikasleen bilakaera baloratzeko. Horretarako, ikastetxeko ikasketa buruak deitu beharko du irakasle taldea.

19. artikulua . Hasierako ebaluazioa.

1. Ikastetxeek hasierako ebaluazio bat eginen dute, eta hori izanen da irakasle taldearen erreferentzia puntua curriculumaren garapenari buruzko erabakiak hartzeko eta ikasleen ezaugarrietara eta ezagutzetara egokitzeko, baita hezkuntza arloko esku-hartzea behar bezala planifikatzeko ere.

2. Ikasturteko lehen hilabetean, irakasle taldeak, tutorearen koordinaziopean, talde bakoitzeko ikasleen hasierako ebaluazioa eginen du, honako informazio iturri hauek kontuan hartuta:

a) Irakasleek ikasleak zuzenean behatuta jasotako informazioa; eskolak hasten direnetik hasierako ebaluazio saioa egin bitartean jasotakoa, zehazki.

b) Ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek emandako informazioa, informaziorik eman badute; horren osagarri izan daitezke txosten medikoak, psikologikoak, pedagogikoak eta sozialak, interesekoak badira eskola bizitzarako, eta ikaslearen hezkuntza prozesua orientatzeko garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako txostenak ere bai.

c) Ikastetxeak eskuratzen duen beste edozein informazio akademiko.

3. Hasierako ebaluazio hori ikastetxera ikasturteko lehen hilabetearen ondoren sartzen diren ikasleei ere egin beharko zaie. Horien kasuan, ikaslea ikastetxera sartzen denetik gehienez hamabost egun balioduneko epean eginen da hasierako ebaluazioa.

4. Hasierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak, behar izanez gero, foru agindu honen 22. artikuluan ikasleen aniztasunari erantzuteko aipatzen diren hezkuntza neurriak hartuko ditu (HE, HE-SCE, HE-CA, CEA), ikasleak arlo edo esparru bakoitzean behar bezala aurrera egiten duela ziurtatzeko. Ez badira beharrezkoak, "EB" terminoa (ez ditu behar) jarriko da. Hartutako erabakiak une horretatik aurrera aplikatu beharko dira hiru hilean behingo lehen ebaluazioan, eta ikasketa espedientean erregistratuko dira -foru agindu honen II. kapituluan aipatzen da ikasketa espedientea-. Umeren baten gainean hezkuntza neurriak aplikatzea erabakitzen bada, tutoreari dagokio horien berri ematea familiei.

20. artikulua . Etengabeko ebaluazioa.

1. Etapako bigarren zikloan ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraipena errazteko, ikasturte bakoitzean barna, modu jarraituan, irakasleek informazioa jasoko dute behaketa sistematikoaren bidez eta egindako jardueren balorazioaren bidez.

2. Etengabeko ebaluazio prozesu horren testuinguruan, ikasleak ez badu modu egokian aurrera egiten, hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek zailtasunak atzeman bezain laster hartu behar dira, eta haien helburua izanen da hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikaskuntzak bereganatzen direla bermatzea.

3. Hasierako ebaluazioaz gain, hiru ebaluazio partzial ere eginen dira, bat hiruhileko bakoitzeko. Ebaluazio partzial bakoitzak bere ebaluazio saioak izanen ditu, tutoreak koordinatuak, eta taldeari ikasgaiak ematen dizkioten irakasleek hartuko dute parte.

4. Saio horien helburua izanen da ikasleen ikaskuntza prozesua aztertzea; horretarako, arloetako balorazioak aztertuko dira, taldea bere osoan ere aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira, bai taldeari bai ume bakoitzari buruz ere. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa ere eginen da. Foru agindu honen 22. artikuluan aipatutako aniztasunari erantzuteko hezkuntza neurriei dagozkien erabakien kasuan, neurri horiek mantentzea edo kentzea egokia den ebatziko da, baita neurri berriak hartzea komeni den ere.

5. Etengabeko ebaluazioaren ikuspegia bazter utzi gabe, irakasleek, zein bere arloan, ikasleen balorazioa erabakiko dute, eta, nahi izanez gero, ikaslearen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak emanen dituzte. Ebaluazio partzialari edo hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa II. titulu honen II. kapituluan aipatzen den espediente pertsonalean jasoko da, tutorearen ardurapean.

6. Ebaluazio saio bakoitza bukatu ondoren, tutoreak umeen guraso edo legezko arduradunei emanen die, dela idatziz dela Educaren edo bestelako plataforma informatiko batzuen bidez, haien umeen errendimenduari buruzko informazioa, familientzako ebaluazio buletinaren bidez -II. titulu honen II. kapituluan aipatzen da buletina-. Informazio hori osatzeko banakako elkarrizketa bat egin beharko da, ikasturtean bat gutxienez, ikasleen gurasoekin edo legezko arduradunekin.

21. artikulua . Ikasturte amaierako ebaluazioa.

1. Ikasturte bakoitzean, hasierako ebaluazio saioaz eta hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioez gainera, amaierako ebaluazio saio bat izanen da. Amaierako ebaluazioa irakasgai bakoitzaren ikasturte osoko ebaluazio prozesuari buruzko balorazio laburtua izanen da.

2. Amaierako ebaluazio saioan, arlo edo esparru bakoitzeko irakasleek ikasle bakoitzarentzat erabaki dituzten balorazioak erregistratuko dira. Era berean, azken ebaluazio horretan, irakasle taldeak ikasleen aurrerapenari buruzko balorazioa eginen du, eta haien ikaskuntza prozesuaren jarraipena bermatzeko behar diren erabakiak hartuko ditu.

3. Era berean, foru agindu honen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, bigarren zikloko hirugarren mailako ikasleentzat, irakasle taldeak batera zehaztuko du gako-gaitasun bakoitzeko bereganatze eta garapen maila.

4. Ikastaldearen tutorearen ardurapean, gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila jasoko da bigarren zikloko amaierako ebaluazio txostenean eta etapa bukaerako txostenean, II. titulu honen II. kapituluan aipatzen den moduan.

22. artikulua . Aniztasunari erantzuteko neurriak.

1. Foru agindu honen 4. kapituluan xedatutakoa betez, ikastetxeek neurri egokiak hartuko dituzte, hezkuntza laguntza espezifikoaren beharra erakusten duten ikasleei arreta emateko, eta hezkuntza behar bereziak erakusten dituzten umeen ezaugarri eta premien arabera hobekien egokitzen den hezkuntza erantzuna eskainiko dute.

2. Horretarako, aniztasunari arreta emateko honako neurri hauek ezarri beharko dira:

a) Hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE): hainbat arrazoi direla medio, ikasketa prozesuarekin jarraitzeko, edozein irakasgaitako curriculumeko elementu guztietan edo batzuetan ohikoa ez den hezkuntza arreta behar duten ikasleei zuzendutako neurria da hezkuntza laguntza edo errefortzua. Ikaslea matrikulaturik dagoen ikasmailarako eta arlorako ezarri diren gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira ebaluaziorako erreferenteak. "HE" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion balorazioarekin batera, aplikatu den hiruhileko balorazioetan ere, baina ez amaierako ebaluazioan, azken horretan balorazioa bakarrik jasoko baita.

b) Sartzeko curriculum egokitzapenak barne dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-SCE): ohikoak ez bestelako baliabide materialak eta sarbide baliabideak behar dituzten ikasleei zuzendutako neurria da sartzeko curriculum egokitzapenak barne hartzen dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua. Arreta berezia jarri beharko da neurri hori aplikatzen zaienean entzumen, ikusmen edo motrizitate arazo larrien edo bestelako edozein desgaitasunen ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei. Ebaluaziorako erreferenteak ikaslea matrikulatuta dagoen arlorako eta mailarako ezarritako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira. "HE-SCE" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion balorazioarekin batera, aplikatu den hiruhileko ebaluazioetan ere bai, baina ez amaierako ebaluazioan, azken horretan balorazioa bakarrik jasoko baita.

c) Curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-CA): adimen gaitasun handiko ikasleei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko zuzendutako neurria da curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua. Ikasleari aukera emanen zaio matrikulatuta dagoen ikasmaila baino goragoko ikasmailetako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak lantzeko; balorazioa egiteko, ordea, ikaslea matrikulatuta dagoen mailarako eta arlorako ezarri diren gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak hartuko dituzte kontuan irakasleek. "HE-CA" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion kalifikazioarekin batera, aplikatu den hiruhileko ebaluazioetan are bai, baina ez amaierako ebaluazioan, azken horretan balorazioa bakarrik jasoko baita.

d) Curriculum egokitzapen adierazgarria (CEA): hezkuntza premia bereziak eta curriculumean desfase nabaria -matrikulatuta dauden ikasmailaren curriculumetik nabarmen aldentzen dena- dituzten ikasleei zuzendutako neurria da curriculum egokitzapen adierazgarria; helburua da ikasle horiei erraztasunak ematea curriculumera iristeko, eta horretarako, asmoa izaten da ahalik eta gehien garatzea gako-gaitasunak, 61/2022 Foru Dekretuaren II. eranskinean jasotzen diren gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak aintzat hartuta. Ikasle horien etengabeko ebaluazioari begira, egokitzapena aplikatu den arlo edo esparruetako ebaluazio irizpideak izanen dira erreferenteak. "CEA" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da, eta, dagokion kalifikazioarekin batera, hiru hilean behingo ebaluazioetan eta amaierako ebaluazioan ere bai. Gainera, curriculum mailari dagokion ikasmailaren zenbakia erantsiko zaio.

23. artikulua . Ikaskuntza prozesuaren balorazioa.

1. Ikasleek arlo bakoitzean egindako ikaskuntza prozesuaren balorazioan alderdi kualitatiboak adieraziko dira, prozesu horretan ikasleek izan duten eboluzioaren gaineko ikuspegia jasoz, eta, kasua bada, aniztasunari arreta eskaintzeko erabilitako neurriak ere bai.

2. Hizkuntza behar bereziak izanik curriculum egokitzapen adierazgarriak aplikatu zaizkien umeen kasuan, ikaskuntza prozesuaren balorazioa egiteko erreferentetzat hartuko dira egokitzapenaren xede izan diren arlo eta ikasturteetako ebaluazio irizpideak.

3. Hasierako ebaluazioan ez ezik, hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioetako bakoitzean, irakasgai bakoitzeko balorazioarekin batera, aniztasunaren arretarako dagokion ebaluazioan ezarri den hezkuntza neurria (HE, HE-SCE, RE-CA, CEA) erregistratuko da, halakorik aplikatu bada. Curriculum egokitzapen adierazgarrien kasuan, CEA terminoa jasoko da bukaerako ebaluaziorako saioan ere.

4. Gainera, Erlijio arloaren ordezko hautatua egin duten ikasleentzat emandako hezkuntza arretaren ordutegian umeek izan duten errendimenduari dagozkion oharrak ere adieraziko dituzte irakasleek.

24. artikulua . Gakogaitasunen bereganatze eta garapen maila.

1. Bigarren zikloaren bukaeran, gako-gaitasunen bereganatze eta garapenean ume bakoitzak lortutako maila zehaztuko da, arlo bakoitzeko gaitasun espezifikoen ebaluazioa aintzat hartuta.

2. Horretarako, irakasleek ebaluazio prozesuan jaso dituzten ebidentzietatik abiatuta, eta horri buruz Hezkuntza Departamentuak xedatzen ahal duena aintzat hartuta, eta orobat, ikastetxeko Koordinazio Pedagogikoko Batzordeak ezartzen ahal dituen parametroak kontuan hartuta, irakasleek, dagokion eztabaida egin ondoren, ume bakoitzarentzat gako-gaitasunei esleitu beharreko kategoria erabakiko dute.

3. Gako-gaitasunen bereganatze eta garapen mailaren ebaluazioaren emaitzak honako kategoria eskala honen arabera adieraziko dira:

a) "Ez da lortu".

b) "Lortu da (maila baxua)".

c) "Lortu da (maila ertaina)".

d) "Lortu da (maila altua)".

b), c) eta d) letretan zerrendatutako kategoriek zehaztuko dute ikasleak gako-gaitasunetan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duen.

4. Azkenean esleitutako kategoriak jaso behar dira, bai bigarren zikloko hirugarren ikasturteko bukaerako ebaluazio buletinean, bai zikloko amaierako ebaluazio txostenean eta etapa bukaerako txostenean ere, II. titulu honen II. kapituluan aipatzen den moduan.

25. artikulua . Ikasleak ikastetxez aldatzea.

1. Etapako bigarren zikloa amaitzean, umea beste ikastetxe batera aldatzen bada ikasketak jarraitzera, jatorrizko ikastetxeak ikastetxe berrira bidali behar du, hark eskatzen duenean, II. titulu honen II. kapituluan aipatzen den etapa bukaerako txostena, egiaztatuz han jasotzen diren datuak bat datozela ikastetxe horrek gordetzen duen espediente pertsonalean ageri diren datuekin.

2. Lekualdatzea etapako bigarren zikloa bukatu baino lehen egiten bada, jatorrizko ikastetxeak ikastetxe berrira bidaliko du, hark eskatzen duenean, ikaslearen lekualdatzeari dagokion txosten pertsonala, II. titulu honen II. kapituluan jasotzen den, ikaslea ikastetxe berrian integratzea eta ikaskuntza prozesuari jarraipena ematea errazteko.

3. Ez da beharrezkoa izanen artikulu honetan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko ikastetxeak eta ikastetxe berriak ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.

II. KAPITULUA. EBALUAZIORAKO DOKUMENTUAK BIGARREN ZIKLOAN

26. artikulua . Ebaluaziorako dokumentuak bigarren zikloan.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio dokumentuetan jasoko da.

2. Haur Hezkuntzako etapako bigarren zikloko ebaluazio agiriak honako hauek dira:

- Familientzako ebaluazio buletina.

- Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

- Bigarren zikloko amaierako ebaluazio txostena.

- Etapa amaierako txostena.

- Espediente pertsonala.

3. Ebaluazio dokumentuetan, familiendako ebaluazio buletinean izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretua aipatu beharko da.

4. Artikulu honen 2. apartatuan zehaztutako dokumentuez gain, ikastetxeek ikasleen erregistro pertsonalaren laburpena (IEPL) izanen dute, eta, pertsona interesdunak eskatuz gero, egindako ikasketen ziurtagiriak ematen ahalko dituzte, egindako irakasgaiak eta lortutako balorazioak zehaztuta. Ikastetxeko idazkariak sinatuko ditu ziurtagiriak eta zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.

27. artikulua . Familientzako ebaluazio buletina.

1. Familientzako ebaluazio buletinaren bidez tutoreak informazioa ematen die umeen gurasoei edo legezko arduradunei, hiru hilean behin, beren seme-alaben errendimenduari buruz.

2. Familientzako ebaluazio buletinean, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, honako alderdi hauek aintzat hartuz:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena eta herria.

b) Ikaslearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: izen-deiturak, zer etapa egiten ari den, hizkuntza eredua, zikloko ikasmaila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko datuak hauek dira gutxienez: egungo ebaluazioa, arloen zerrenda eta haien balorazioa, eta aurreko ebaluazioetako balorazioa. Era berean, hiru hilean behingo ebaluazio bakoitzean, ikasturtean zehar hartutako hezkuntza neurriak jasoko dira, halakorik hartu bada. Halaber, ikaskuntza prozesuari buruzko eta eskolara egindako huts-egiteen laburpenari buruzko oharrak bilduko ditu, eta, bigarren zikloko hirugarren mailako amaierako ebaluazioaren kasuan, gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila.

28. artikulua . Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

1. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonalean jasoko dira: Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuaren aipamena, jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearen identifikazio datuak eta lekualdaketa gertatu den ikasturteko hiru hilean behingo ebaluazio prozesuari buruzko datuak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, ikastetxearen erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izen-deiturak, jaiotze data, jaioterria, zein probintziatan jaio zen eta zein herrialdetan.

c) Bigarren zikloko ikasmaila bakoitzeko ebaluazio prozesuari buruzko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, zikloko ikasmaila edo ikasmailak, hizkuntza eredua, hiru hilean behin egindako ebaluazioen balorazioak eta, hala badagokio, aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriak, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruz egokitzat jotzen diren ohar guztiak.

2. Tutoreak izenpetuko du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

29. artikulua . Bigarren zikloko amaierako ebaluazio txostena.

1. Ikasle bakoitzak, bigarren zikloaren amaieran, bere eboluzioari eta gako-gaitasunen bereganatze eta garapenari buruzko txosten bat izanen du.

2. Horretarako, dagokion txostena ematea ikasleen tutoreari dagokio, eta han jasoko ditu ikaslearen identifikazio datuak, bigarren zikloko eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izen-deiturak, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkarien izen-deiturak, bigarren zikloan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

b) Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean bigarren zikloko zein ikasmaila egin den, hizkuntza eredua, Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arloen zerrenda eta, kasua bada, atzerriko zein hizkuntzatan egin diren, eta amaierako ebaluazioaren emaitzak ere bai. Gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila ere jasoko da.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

3. Txosten hori familiei emanen zaie, eta emandakotzat jotzen ahalko da, familiek hura kontsultatzeko bide telematikoa erabiltzeko aukera dutenean.

4. Bigarren zikloko amaierako txostenak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia beharko du.

30. artikulua . Etapa amaierako txostena.

1. Ikasleen prestakuntza prozesuaren jarraipena bermatzeko, ikasle bakoitzak txosten bat jasoko du etaparen bukaeran, bere bilakaerari eta gako-gaitasunen bereganatzeari eta garapenari buruzkoa.

2. Horretarako, dagokion txostena ematea ikasleen tutoreari dagokio, eta han jasoko ditu ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izen-abizenak, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkarien izen-abizenak, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

b) Eskolatzeari buruzko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean etaparen zein ikasmaila egin den, hizkuntza eredua, Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arlo edo esparruen zerrenda eta, kasua bada, atzerriko zein hizkuntzatan egin diren eta amaierako ebaluazioaren emaitzak. Gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila ere adieraziko da.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

3. Etapa amaierako txostena kontuan hartu beharreko datu objektiboa izanen da, Haur Hezkuntzako lehen mailako tutoreak hasierako ebaluazioa egiten duenean.

4. Txosten hori familiei emanen zaie, eta emandakotzat jotzen ahalko da, hura kontsultatzeko familiek bide telematikoa erabiltzeko aukera dutenean.

5. Etapa amaierako txostenak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia beharko du.

31. artikulua . Espediente pertsonala.

1. Espediente pertsonalean, ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, baita espedientea egin duen ikastetxearen datuak ere, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia eta ikastetxearen herria.

b) Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean etaparen zein ikasmaila egin den, hizkuntza eredua, Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arlo edo esparruen zerrenda eta, kasua bada, atzerriko zein hizkuntzatan egin diren, eta amaierako ebaluazioaren emaitzak. Era berean, hasierako ebaluazioko erabakiak jaso beharko dira, baita aniztasunari arreta emateko hartutako hezkuntza neurriei buruzko informazioa ere.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Espediente pertsonala umea ikastetxean hasten den unean irekiko da, eta ikastetxeko idazkaritzari dagokio hura irekitzea, ikaslea matrikulatu ondoren.

3. Idazkariak izenpetuko du espediente pertsonala, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

4. Tutorea arduratuko da ikasturte bakoitzean hartutako erabakiak eta ikasturteko ebaluazioen emaitzak espediente pertsonalean erregistratzeaz.

Lehen xedapen gehigarria. Haur Hezkuntzako eskoletan berandu hasten diren ikasleak.

Oro har, Haur Hezkuntzan berandu hasten diren haurrak adinaren arabera dagokien ikasmailan hasiko dira, eta eskolan integratzeko eta haien desfasea gainditzeko, halakorik balego, beharko liratekeen errefortzu neurriak hartuko dira.

Bigarren xedapen gehigarria. Erlijio irakaskuntza Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.

Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren ebaluazioa etapako gainerako arloetako irakaskuntzak egiten diren modu berean eginen da. Gainerako erlijio konfesioen irakaskuntzen ebaluazioa Estatuarekin izenpetutako hezkuntza arloko lankidetza hitzarmenetan ezarritakoaren arabera eginen da.

Hirugarren xedapen gehigarria. Informazio eskuragarri eta ulergarria.

Ikastetxeek ikasleen familiei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian eman beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuz.

Laugarren xedapen gehigarria. Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.

Ikastetxeek foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio dokumentu ofizialetan eskatzen diren datu guztiak erregistratuko dituzte EDUCA aplikazio informatikoan, Hezkuntza Departamentuak horretarako zehazten duen epean.

Bosgarren xedapen gehigarria. Ebaluazio agiriak gorde eta artxibatzea.

Ikastetxeko idazkaria arduratuko da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeaz eta zaintzeaz. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea itxiz gero.

Seigarren xedapen gehigarria. Egiazkotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.

1. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen egiazkotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea ixten bada edo bertan behera geratzen bada.

2. Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, ikastetxe batek besteari lagatzeari eta horien segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. Ebaluazio agiriak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko apartatuetan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, haien egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen badira eta betetzen badira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta azken hori garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.

4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez, ebaluazio agirietan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

1. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuari buruzko aholkuak ematea, prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.

2. Era berean, aipatutako zerbitzuak ebaluazio agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Berezitasunak.

Ikasleen ebaluazioen alderdiren baten inguruan berezitasunik agertuko balitz, eta foru agindu honetan halakorik jaso ez bada, haren gaineko ebazpena batera emanen dute Hezkuntza Ikuskatzailetzako Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan bada, eta Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuak eta Haur Eskolen Zerbitzuak, Haur Hezkuntzako lehen zikloan bada.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Hezkuntza kontseilariak abuztuaren 8an emandako 62/2022 Foru Aginduaren eranskina aldatzea.

Aldatzen da abuztuaren 8ko 62/2022 Foru Agindua, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden Haur Hezkuntzako ikastetxeetako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituena; "hezkuntza jarduera" agertzen den lekuan "hezkuntza arreta" jarri behar da.

Xedapen iragankor bakarra. Gakogaitasunen bereganatze eta garapen maila 2022/2023 ikasturtean.

2022/2023 ikasturtean ez da aplikagarria izanen foru agindu honen 24. artikuluan aipatzen den kategorien eskala.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.

1. Indargabetuta geratzen da apirilaren 2ko 47/2009 Foru Agindua, Hezkuntzako kontseilariak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ari diren ikasleen ebaluazioa arautzen duena.

2. Maila bereko nahiz apalagoko xedapenen kasuan, indarrik gabe geratuko da foru agindu honetan xedatutakoaren kontra doan oro.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web