(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

70/2023 FORU AGINDUA, EKAINAREN 20KOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, NEKAZARITZAKO LURZATIEN INFORMAZIO GEOGRAFIKORAKO SISTEMAREN (NELIGS) ERREGULAZIOA ETA SISTEMA HORI NAFARROAN KUDEATZEKO ARAUAK EZARTZEN DITUENA

BON N.º 147 - 14/07/2023



  I. ERANSKINA


  II. ERANSKINA


  III. ERANSKINA


  IV. ERANSKINA


Atariko

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021eko abenduaren 2an emandako 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 68. artikuluaren arabera, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikorako Sistema (NELIGS) nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistema da, erregelamendu horren beraren 65. artikuluan jasotzen den Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuan (KKSI) ezarritako esku-hartze moten kudeaketa eta kontrolerako, eta orobat, lurzatien identifikazioa behar duten esku-hartzeetarako, eta beraz, hori da erreferentziako oinarri bakarra, lurzatien identifikaziorako, Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) esparruan.

Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategiko Nazionalean biltzen diren esku-hartze guztiak behar bezala ezarri eta kudeatzeko, tresna juridiko egokiak behar dira, neurri guztiak modu harmonizatuan ezar daitezen Espainiako lurralde osoan.

Esparru horretan, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren II. tituluko II. kapituluak arautzen du Plan Estrategikoaren esku-hartzeen eta Nekazaritza Politika Erkidearen bestelako laguntzen kudeaketa eta kontrola; horiek osatzen ditu abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuak, hark arautzen baitu, 2023tik aitzina, ordainketa zuzenaren forma duten esku-hartzeen aplikazioa, eta baldintza komunen ezarpena, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan, eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarraren erregulazioa, NELIGSaren erreferentziak ere jasoz; azkenik, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretua ere horien osagarri da, haren bidez ezartzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradun diren pertsonek bete behar dituzten baldintza indartuak eta baldintza sozialak aplikatzeko arauak, ordainketa zuzenak hartzen badituzte, eta halaber, landa garapeneko eta POSEI programako (Lurralde Urrun eta Uharteetarako Aukera Espezifikoen Programa) urteko zenbait ordainketa zehatz jasotzen badituzte.

Arau multzo horren guztiaren gainetik dago abenduaren 23ko 30/2022 Legea, Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) kudeatzeko sistema eta hari atxikitako beste gai batzuk arautzen dituena.

1054/2022 Errege Dekretuak, abenduaren 27koak, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eta nekazaritzako ekoizpenaren informazio sistema ezarri eta arautzen du, bai eta nekazaritzako ustiategien erregistro autonomikoa eta nekazaritzako ustiategien koaderno digitala ere; dekretu horren I. eta II. eranskinen arabera, NELIGS da, halaber, nekazariak azaleren eta laboreen datuei buruzko informazioa eman ahal izateko oinarrizko erreferentzia.

NELIGS Nafarroan eratu zen lurzatien identifikazio sistema gisa, mapa edo dokumentu katastraletan eta bestelako erreferentzia kartografikoetan oinarrituta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 70. artikuluan jasotzen denaren arabera, eta bat eginez abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, haren bidez arautzen baita nekazaritzako lurzatien informazio geografikoko sistema.

Arautze hori jasotzen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 90/2015 Foru Aginduan, haren bidez arautu baitzen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (NELIGS), eta hura Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri ziren. Ondoren, foru agindu hori honako hauen bidez aldatu zen: maiatzaren 17ko 142/2018 Foru Agindua, otsailaren 26ko 33/2019 Foru Agindua eta apirilaren 27koko 64/2021 Foru Agindua.

Une honetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduak, 2021eko abenduaren 2koak, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzazioa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoak, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetu du. Beste alde batetik, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak indargabetu du Nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema arautzen duen abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretua.

Arestian aipatutako araudiaren arabera, autonomia erkidegoak arduratuko dira NELIGS sistema ustiatu eta mantentzeaz, bakoitza bere lurraldean, eta aldatzeko eskaeren tramitaziorako prozedurak ezartzeaz, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 21. artikuluarekin bat. Mantentzeko betebehar horiek ez dute salbuetsiko onuraduna 20. artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharreko deklarazioan duen erantzukizunetik.

Horrenbestez, kontuan hartuta aipatutako araudia egokitu behar dela NPE 2023-2027 esparru berrira, eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoarekin bat, nahitaezkoa da NELIGS sistema aurreko aldian arautzen zuen araua indargabetzea, eta foru agindu berri bat prestatzea, premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia printzipioak aintzat hartuta. Beraz, premia eta efizientzia printzipioak betez, agindu hau justifikatzen da interes orokorreko arrazoiengatik, modu argian identifikatuz lortu nahi diren helburuak, eta tresnarik egokiena izanik, horiek lortzen direla bermatzeko.

Beste alde batetik, NELIGS sistema aldatzeko administrazio prozedurak betetzen du proportzionaltasun printzipioa, horren bidez estali beharreko premiari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa jasotzen duelako. Segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, NELIGS sistema aldatzeko administrazio prozedura egikaritu da Espainiako eta Europar Batasuneko gainerako antolamendu juridikoarekiko koherentzian, arau esparru egonkor, integratu eta argi bat sortuz.

Gardentasun printzipioa aplikatuz, oinarri arautzaile hauen hartzaile izaten ahal direnei aukera eman zaie parte hartze aktiboa izateko arauen prestaketan, bidali baitzaizkie entitate ezagunei eta beste hainbat interesduni, egokiak iruditzen zaizkien gogoetak egin ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. Artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan, 50.1.a) artikuluan (NFEBHLO).

Urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen, eta ezarri zen Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala zela Europako nekazaritza funtsen laguntzak ordaintzeko nekazaritza lurzatiak identifikatzeko sistema kudeatzea, mantentzea eta ezagutaraztea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua . Xedea.

1. Agindu honen helburua da arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nekazaritzako Lurzatiei buruzko Informazio Geografikoaren Sistema (NELIGS) ustiatzea eta mantentzea, erabiltzea kudeaketa eta kontrolerako sistema integratuaren esparruan, eta NELIGS sistema aldatzeko eskaerak tramitatzeko prozedura ere bai.

2. Foru agindu honen xedea da, orobat, hauen onespena: NELIGS sisteman definitutako erabilerei dagozkien I, II, III eta IV eranskinak, bazkalekuak diruz laguntzeko koefizienteak, bazkalekuak diruz laguntzeko koefizientea (BLK) aldatzeko eskaerak aurkezteko prozedura, eta bazkalekuen esparruko abeltzaintza jarduera justifikatzeko prozedura.

2. artikulua . NELIGSen aplikazio eremua.

1. NELIGS nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistema da, Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuan ezarritako esku-hartze moten kudeaketarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 65. Artikuluan ezarria baitago, baita lurzatiak identifikatzea eskatzen duten esku-hartzeetarako ere. Beraz, NPEaren esparruan nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko erreferentziako oinarri bakarra da.

NELIGS da, halaber, nekazariak azaleren eta laboreen datuei buruzko informazioa eman ahal izateko oinarrizko erreferentzia, abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuaren I eta II eranskinetan jasotakoaren arabera.

2. NELIGSen dagoen informazioak ez du eskubiderik sortzen legez onarturiko mugetarako eta beste jabetza batzuetarako, ezta nekazaritzako politika erkidearen esparruko laguntzei lotuta ez dauden lurren erabilerak definitzeko ere, Jabetzaren Erregistroen edo Katastroaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumena direnean.

3. artikulua . Definizioak.

Arau hauetan ezartzen diren definizioak izanen dira aplikagarriak: abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 2. artikuluan; haren bidez arautzen da Espainiako Plan Estrategikoaren eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuen esku-hartzeen kudeaketa eta kontrol sistema; eta abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 3. Artikuluan ezartzen direnak; haren bidez arautzen dira, 2023tik aurrera, zuzeneko ordainketa moduko esku-hartzeen aplikazioa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan baldintza komunen ezarpena, eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarra ere bai.

4. artikulua . NELIGSeko informazioa.

1. NELIGSeko informazioa publikoa da eta Europar Batasuneko laguntzak jasotzen ahal dituzten lurzatien informazioa dauka, azalerari dagokionez; halaber, I. eranskinean ezartzen den moduan, lursailaren eta erabilera eta aprobetxamenduak definituak dituzten esparruen eta lurzatien euskarri grafikoa dauka, lursailaren errealitatearekin bat egiten dutenak.

2. NELIGS sistemaren informazioa eskuragarri dago Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren web-orrian: http://sigpac.navarra.es.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren NELIGS sistemaren web-orrian jaso dira Nafarroako Foru Komunitateko lurzati eta esparru guztien muga geografikoa, eta agertzen dira: haien banakako erreferentzia, haien nekazaritza erabilerari dagokien atributua, bazkalekuen diru-laguntzetarako koefizientea, ureztatze koefizientea (lehorra/ureztalurra), batez besteko malda, fruitu oskoldunen zuhaitzen kopurua espezieak zehaztuta, eta errenten jasangarritasunerako oinarrizko laguntzen araubideari dagokion eskualdea, eta orobat, beste hainbat informazio garrantzitsu (laborantza utzia, barruti geldia, belarra biltzeko moduko bazkaleku iraunkorra, babes bereziko bazkaleku landua...).

Gainera, beste hainbat kartografia jaso dira, esaterako:

- Paisaiaren berezitasun topografikoak edo elementuak, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. eranskineko 4. apartatuan, 2. apartatuan, zehazten diren moduan.

- Bazkaleku iraunkorrak, eta ingurumen aldetik babestekoak diren eremu gisa izendatutako eremuak, bazkaleku iraunkorrez estalitakoak.

- Ur ibilguak babesteko zerrendak, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. Eranskineko 2. Apartatuko BCAM4-rako definitzen diren moduan.

- Zailtasun bereziko eta ingurumen balio handiko olibondo sailen azalera.

- Arrozaren laborantza tradizionaleko eremuak.

- Mailakako baratze sailak.

- NPEaren Plan Estrategikoaren laguntzak kudeatzeko beharrezkoak izan litezkeen bestelako kartografiak.

Lurzatien antolamendu prozesuan dauden lurzatiei buruzko informazio grafikoa eta alfanumerikoa ere jaso da.

5. artikulua . NELIGSa eguneratzea.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, ekitaldi bakoitzeko laguntzarako eskabide bakarra aurkezteko epea hasi aurretik, NELIGSen eguneratuko ditu aurreko urtean aldaketa jasan duten Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Zerga Erregistroko katastroko lurzatien identifikazioa, morfologia eta ustiapen sistema (lehorra/ureztalurra).

Horrez gain, NELIGSeko informazioa eguneratuko du, eskuragarri dagoen beste edozein informazio erabiliz, hala nola, Mahastien Erregistrokoa, tokian berean egiten diren kontrolak, ortoargazkiak, sateliteko irudiak, erabileren eta aprobetxamenduen mapak.

2. Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren IV. Tituluan jasotako laguntzen eskaeretarako, eta halaber, bestelako edozein dirulaguntza nahiz erregistro publikoan inskribatzeko eskaeretarako, azalerak deklaratzeko erreferentzia gisa NELIGS erabiltzen den erregistro publikoetan, dirulaguntzaren xede diren edo dagokion erregistroan, barne dela SIEX sistemako nekazaritza ustiategien erregistro autonomikoa, inskribatzeko eskaeraren xede diren NELIGS esparru aktiboak deklaratzen dituen ustiategiaren titularraren ardura da NELIGSen erregistratzen den informazio grafikoa nahiz alfanumerikoa egiazkoa eta errealitateari atxikia izatea.

Bereziki, eskatzaileak egiaztatuko du mugatze grafikoak eta NELIGS esparruaren erabilerak bat egiten dutela lursailaren errealitatearekin eta esparruan ez dagoela diruz lagungarriak ez diren elementurik (hala nola, bideak, eraikinak eta izaera iraunkorreko beste elementu elkor batzuk). Bazkalekuen esparru kasuan, egiaztatuko du esparruari esleitutako larreen onargarritasunaren koefizienteak behar bezala adierazten duela laguntzarako onartzen den azaleraren portzentajea. Azkenik, ureztalurren esparruetarako, onuradunak ziurtatu beharko du ureztalurra legezkoa dela, ura erabiltzeko dituen eskubideen arabera.

Laguntzen eskatzailea ados ez badago bere esparruari buruz NELIGSen erregistratutako informazioarekin, lursailaren errealitatearekin bat egiten ez duelako, hori aldatzeko eskaera aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ongi motibatua eta dokumentu bidez justifikatua.

3. Eguneratze horiek agertzen badute, laguntza baten eskaeraren edo ordainketaren ondoren, NELIGSen erregistratutako informazioa ez zela zuzena, dagokion araudian ezarritako zehapenak aplikatuko dira, ukatu gabe aplikatzea, dagokion unean, Nekazaritza Politika Erkidea eta hari lotutako beste hainbat gai kudeatzeko sistema arautzen duen abenduaren 23ko 30/2022 legearen II. tituluan aurreikusten den zehapen araubidea.

Eskaera egiten duena salbuetsita geratuko da, soilik, zalantzarik gabe erakusten badu agintaritza eskudunari jakinarazi diola, ezarritako epeetan, egiaztatutako desadostasuna, eta jakinarazpenari ez zaiola erantzun, berari ezin egotzi zaizkion arrazoiengatik, informazio hori eskatzailearen beraren aldetik etorri nahiz beste iturriren batetik etorri. Hori guztia, 1047/2022 Errege Dekretuko 20. artikuluaren arabera.

6. artikulua . NELIGSen aldaketa motak.

1. Interesdunek 7. artikuluko 1. puntuan deskribatzen diren aldaketak egiteko aurkezten dituzten eskaerak mota hauetan sailkatuko dira:

- 1. mota: erabilera aldaketa esparru oso batean, esleitutako erabilerarekin ados ez egoteagatik.

- 2. mota: ustiapen sistemaren aldaketa (lehorra/ureztalurra) esparru oso batean, esleitutako ustiapen sistemarekin ados ez egoteagatik, NELIGSko erabilera guztietarako, nekazaritzarako ez direnak izan ezik.

- 3. mota: esparru baten zatiketa, haren parte bati esleitutako erabilerarekin ados ez egoteagatik.

- 4. mota: esparru bat banantzea, haren parte bati esleitutako ustiapen sistemarekin (lehorra/ureztalurra) ados ez egoteagatik.

- 5. mota: lurzati bat izatea nekazaritzako erabilera duen hiri eremu baten barruan.

- 6. mota: fruitu oskoldun, algarrobo eta gaztainondo esparruei dagozkien aldaketa eskaerak.

- 7. mota: aldaketa bazkaleku esparru oso baten onargarritasun koefizientean; horretarako II. eranskinean dauden balioak erabiliko dira.

- 8. mota: esparru bat zatitzea onargarritasun koefizientea aldatzeko haren parte batean; horretarako II. eranskinean agertzen diren balioak erabiliko dira.

- 9. mota: paisaia elementuak sartzea, ezabatzea, edo haien tipologia eta/edo geometria aldatzea.

- 10. mota: nekazaritza jarduera berriro hastea ondoko intzidentzia hauetako batek ukitzen duen esparru batean: 117. intzidentzia, Laborantza abandonatua; 158. intzidentzia, Lugorria 5 urtez segidan; 177. intzidentzia, Laborantza Etengabeak mantentze jarduerekin 5 urtez segidan; 186. intzidentzia, Bazkaleku etengabea mantentze jarduerekin 5 urtez segidan; 199. intzidentzia, Esparru geldia; 211. intzidentzia, Nekazaritza jarduerarik gabeko bazkalekua.

- 11. mota: ur-ibilguak babesteko zerrenda geruzari buruzko informazioa aldatzea.

- 12. mota: arroza laborantza tradizionaleko eremuen geruzari buruzko informazioa aldatzea.

- 13. mota: zailtasun espezifikoko eta ingurumen balio handiko olibondo sailen geruzari buruzko informazioa aldatzea.

- 14. mota: baratze mailakatuen geruzari buruzko informazioa aldatzea.

- 15. mota: Beste aldaketa eskaera batzuk, aipatutakoetan sartzen ez direnak.

2. Esparru baten erabilera aldatzeko eskatzen bada Fruitu Lehorrera (FS), edo haiek besteren batekin nahasita, eskatzaileak aldi berean aurkeztu beharko du aldaketa eskaera bat, fruitu oskoldunen, algarroboen eta gaztainondoen esparruei dagokiena, bertan adieraziz fruitu lehorren kopuru/espezieei dagozkien aldaketak (alta/baja).

7. artikulua . NELIGS aldatzeko eskaerak.

1. Nafarroan dagoen NELIGS esparru baten titularra, edo haren aprobetxamenduaren erabilera eta gozamena baliatzeko gaitasuna duen edonor, ez badago konforme NELIGSen erregistratutako informazioarekin, aipatu esparruari dagokionez, lurraldearen errealitatearekin bat egiten ez duelako, hori aldatzeko eskaera aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ongi motibatua eta dokumentu bidez justifikatua.

2. Abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 108.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, NELIGS aldatzeko eskaerak Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren titularrari zuzenduta bidaliko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian eskuragarri dagoen aplikazioa erabiliz, dela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin horretarako hitzarmena formalizatu duten entitate laguntzaileen bidez, dela departamentuaren beraren bulegoen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan, eta orobat, Nekazaritza Politika Erkidearen kudeaketa sistema eta hari lotutako beste hainbat gai arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikuluan, aurreikusitakoa aplikatuz. Eskatzaileak berak ere aurkezten ahalko ditu, bere ziurtagiri digitala erabiliz.

3. Bi epe ezartzen dira eskaerak aurkezteko:

a) Lehenengo epeak bat eginen du abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuan araututako NPEaren Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuari atxikitako esku-hartzeen eskaera bakarraren epearekin, aldaketak aurkezteko epea barne.

Aurrez egiten diren kontrolen, kontrol administratiboen edo monitorizazio bidezko kontrolen ondorioz nekazariak eskaera bakarraren egokitzapen bat eskatu behar badu, abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 112.2 eta 112.3 artikuluan araututakoaren arabera, eta NELIGSen jasotako informazioa aldatzea behar badu, esparru horien aldaketa eskatzen ahalko du, artikulu horretan jasotzen diren epeetan.

Nekazariak bere eskaera bakarra egokitzen badu aurretiko kontroletan, kontrol administratiboetan edo monitorizazio bidezko kontroletan oinarrituta, beharrezkoa balitz, ofizioz eguneratuko da NELIGSen dagoen informazioa, betiere egiaztatuta badago koherenteak direla NELIGSen dagoen informazioa eta eskaera bakarrean jasotzen den informazioa.

Goiko hiru paragrafo horietan ezarritakoaren arabera aurkezten diren eskaerek ondorioa izanen dute urte honetan zehar eskatzen diren laguntzak emateko.

b) Bigarren epea irailaren 1etik urriaren 30era arte izanen da. Epe horretan aurkezten diren eskaerek ondorioa izanen dute hurrengo urteko laguntzak emateko.

4. Nekazari batek eskaera bat baino gehiago aurkezten badu esparru bat beraren aldaketarako, aldi bakar batean, aurkezten duen azken eskaera bakarrik hartuko da kontuan.

5. Aldaketarako eskaera esparru horri dagokion katastroko lurzatiaren berezko informazio grafikoari edo alfanumerikoari buruzkoa denean (katastroko mugak eta ustiapen sistema (lehorra/ureztalurra), eskaera hori Lur-ondasunen Erregistroan edo Udalean aurkeztu beharko da, kudea dezaten. Dena dela, hiri eremuen kasuan, katastroko lurzati bat baino gehiago beren baitan biltzen dituzten NELIGS lurzatiak zehazten ahalko dira.

6. Oro har, ez da onartuko 100 m² baino gutxiagoko azalera duen esparru baten zatiketa ekartzen duen eskaerarik.

8. artikulua . Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Aldaketarako eskaera tramitaziorako onar dadin, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren fotokopia, edo Departamentuari kontsulta egiteko ematen dion baimena.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, legezko ordezkariaren NANaren fotokopia, eta ordezkaritza frogatzeko agiria.

c) Eskaera hirugarren batek sinatu behar badu, baimen agiria eta hirugarrenaren NANa beharko dira.

d) Eskatzailea pertsona interesduna dela frogatzen duen agiria. Frogagiri hori ez da beharrezkoa izanen eskatzailea esparruaren titular katastrala bada, edo esparrua laguntzen eskaera bakarrean sartua badago, edo haren izenean badago nekazaritzako ustiategien erregistroan. Aurkeztu beharreko dokumentazioa hau da: salerosketako eskritura publikoa, Jabetza Erregistroaren ohar soila, testamentua edo oinordeko adierazpena.

e) Proposatutako aldaketa justifikatzen duen dokumentazioa, alegia, aldaketa motaren arabera, agiri hauek:

- Kasu guztietan, aldaketarako arrazoiaren azalpen labur bat.

- Aldaketa partzialetan, beharrezkoa izanen da zedarritze grafiko bat aurkeztea, non argi identifikatuko baita esparruko zein zatitan egin nahi den aldaketa.

- 7. eta 8. motako aldaketetan nahitaez aurkeztu beharko da txosten tekniko bat, III. eranskinean adierazitako prozeduraren arabera.

- 10. motako aldaketa guztietan, nahitaez aurkeztu beharko dira lurzatien argazki geoerreferentziatuak, zeinetan nekazaritzako jarduera berriz hasi dela baieztatzen ahalko baita.

- 10. motako aldaketetan, esparruak badu 199. intzidentzia: esparru geldiak, eta 2 ha baino gehiagoko azalera badu, partzelen baliagarritasuna erakutsi beharko du, salbu eta titular katastrala bada, egiaztatu ahal izateko abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren 11. artikulua betetzen dela. Aurkeztu beharreko dokumentazioa: Errentamendu edo apartzeria kontratua, edo jabeak sinatutako dokumentu pribatua, haren aprobetxamendua erabili eta gozatzeko ahalmena emanen diona, edo lurzatia erabiltzeko eskubidea egiaztatzen duen bestelako agiriren bat.

- 10. motako aldaketetan, bazkaleku erabilerako esparruetan, 199. intzidentzia: esparru geldiak, edo 211. intzidentzia: jarduerarik gabeko bazkalekuak; kasu horietan, nahitaez aurkeztu behar da txosten teknikoa, IV: eranskinean jasotako prozeduraren araberakoa.

- Aukeran, aldaketaren xedea justifikatzen duen bestelako frogagiriren bat aurkezten ahalko da, adibidez: argazki geoerreferentziatuak, landa kontrolaren akta baten kopia, eskatutako aldaketa justifikatzen duen txosten teknikoa, profesional eskudunak sinatua, eta abar.

f) Eskaera erakunde laguntzaile baten bidez aurkeztuz gero, entitate horri baimena eman beharko zaio, NELIGSen aldaketa egiteko eskaera sinatu eta Erregistroan eman dezan.

2. Eskaera harturik, aurkeztutako agiriak eskatutakoak direla egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta hala jakinaraziko zaiola berari.

9. artikulua . NELIGS aldatzeko eskaeren ebazpena.

1. Aldaketa eskaeren kasuan, aldatu nahi den NELIGS erabilera Bazkaleku larrea (PS), Bazkalekua zuhaixkekin (PR), Bazkalekua arbolekin (PA) baldin bada eta nekazaritzako ingurumen aldetik babestu beharreko bazkaleku gisa katalogatua bada, abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean, 4. apartatuan (BCAM9) ezarritakoa hartuko da kontuan.

2. Aldaketa eskaerak aurkezten direnean, ustiapen sistemaren aldaketak badira, lehenengo aldian aurkeztuak, aurreko urteko abenduaren 31 baino lehenagotik katastroan ageri direnak bakarrik onetsiko dira. Eskaera bigarren epean aurkezten bada, aldaketak katastroan jasoa egon beharko du aurkezten den urteko abenduaren 31rako.

3. Aldaketa eskaeren kasuan, erabilera mahastia (VI) baldin bada, edo mahastia beste zerbaitekin (mahastia- fruta-arbola -VF-, mahastia-olibondoa -VO- edo fruitu lehorrak-mahastia -FV-), Mahastien Erregistroarekin koordinatuta ebatziko dira.

4. Paisaia elementuen geruzan jasoa dagoen informazioarekin lotutako eskaerak ebazteko, kontuan hartuko da abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean, 4. apartatuan (BCAM 8) ezarritakoa.

5. Ur-ibilguen babes zerrenden geruzari buruzko informazioarekin lotutako eskaerak ebazteko, kontuan hartuko da abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean, 2. apartatuan (BCAM 4) ezarritakoa.

6. Nekazaritza jarduera berriro hastearekin lotutako eskaerak ebazteko, 1048/2022 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

7. Arrozaren laborantza tradizionaleko eremuen geruzari buruzko informazioarekin lotutako eskaerak ebazteko, kontuan hartuko da 1048/2022 Errege Dekretuaren 53. artikuluko 1 a) apartatuan ezarritakoa.

8. Zailtasun bereziko eta ingurumen balio handiko olibondo sailen geruzari buruzko informazioarekin lotutako eskaerak ebazteko, kontuan hartuko da 1048/2022 Errege Dekretuaren 79. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoa.

9. Aldatzeko eskaerak Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebatziko ditu, aurkezten diren egunetik 6 hilabeteko epean.

Lehen xedapen iragankorra. Nafarroako landa garapeneko 20142022 programaren egikaritza.

Nafarroako landa garapeneko 2014-2022 programaren neurrien egikaritzari aplikatuko zaion sistema, nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko, foru agindu honetan jasotakoa izanen da.

Bigarren xedapen gehigarria. Arau osagarriak.

Foru agindu honetan jaso ez diren kasuetan, kontuan hartuko dira: abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, Plan Estrategikoaren esku-hartzeen eta Nekazaritza Politika Erkidearen bestelako laguntzen kudeaketa eta kontrola arautzen duena; abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretua, arautzen baitu, 2023tik aitzina, ordainketa zuzenaren forma duten esku-hartzeen aplikazioa, eta baldintza komunen ezarpena, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan, eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarraren erregulazioa; abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretua, haren bidez ezartzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntzen onuradun diren pertsonek bete behar dituzten baldintza indartuak eta baldintza sozialak aplikatzeko arauak, ordainketa zuzenak hartzen badituzte, eta halaber, landa garapeneko eta POSEI programako (Lurralde Urrun eta Uharteetarako Aukera Espezifikoen Programa) urteko zenbait ordainketa zehatz jasotzen badituzte.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 90/2015 Foru Agindua eta haren ondorengo aldaketak indargabetzen dira; haren bidez arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (NELIGS), eta hura Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri ziren.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

I. ERANSKINA

NELIGS-EN DEFINITUTAKO ERABILERAK

-Nekazaritzako erabilerak.

Laborantza lurrak.

NELIGS ERABILERA

DESKRIBAPENA

IV

Berotegiak eta plastikopeko laboreak

TA

Lur goldagarriak

TH

Baratzea

Laborantza iraunkorrak.

NELIGS ERABILERA

DESKRIBAPENA

CF

Zitrikoak-Fruta-arbolak elkarketa

CI

Zitrikoak

CS

Zitrikoak-Fruta oskoldunak elkarketa

CV

Zitrikoak-Mahastia elkarketa

FF

Fruta-arbolak-Fruta oskoldunak elkarketa

FL

Fruitu lehorrak eta olibadia

FS

Fruitu lehorrak

FV

Fruitu lehorrak eta mahastia

FY

Fruta-arbolak

OC

Olibadia-Zitrikoak elkarketa

OF

Olibadia-Fruta-arbolak

OV

Olibadia

VF

Mahastia-Fruta-arbolak

VI

Mahastia

VO

Mahastia-Olibadia

Bazkalekuak.

NELIGS ERABILERA

DESKRIBAPENA

PA

Bazkalekua zuhaitzekin

PR

Bazkalekua zuhaixkekin

PS

Bazkalekua

Beste batzuk.

NELIGS ERABILERA

DESKRIBAPENA

ZC

Eremu berrantolatua, ortoargazkian agertzen ez dena

ZV

Eremu zentsuratua

-Nekazaritzakoak ez diren erabilerak.

NELIGS ERABILERA

DESKRIBAPENA

AG

Ur lasterrak eta ur azalerak

CA

Bideak

ED

Eraikinak

FO

Basogintza

IM

Elkorrak

MT

Sastraka

ZU

Hiri eremua

II. ERANSKINA

II. ERANSKINA

BAZKALEKUEN ONARGARRITASUN KOEFIZIENTEA

ONARTZEN AHAL DEN AZALERAREN
PORTZENTAJEA

BAZKELEKUEN ONARGARRITASUN KOEFIZIENTEAREN BALIOA
(%)

≥ 0 eta “ %20

0

≥ 20 eta “ %30

25

≥ 30 eta “ %40

35

≥ 40 eta “ %50

45

≥ 50 eta “ %60

55

≥ 60 eta “ %70

65

≥ 70 eta “ %80

75

≥ 80 eta “ %90

85

≥ %90

100

III. ERANSKINA

III. ERANSKINA

BAZKALEKUEN ONARGARRITASUN KOEFIZIENTEA (CSP) ALDATZEKO ESKAERAK AURKEZTEKO PROZEDURA

NELIGS esparru bati esleitutako CSParekin ados ez egonez gero, interesdunak beste koefiziente bat eskatzen ahal du, txosten tekniko bat aurkeztuta. Txosten hori teknikari eskudun batek sinatu behar du, eta haren izena, abizenak eta NANa adierazi behar dira. Txostenari erantsi behar zaio titulu ofizialaren kopia edo dagokion lanbide elkargoaren ziurtagiria.

Txostenak atal hauek izanen ditu:

1. Alegatutako lurzatiaren edo esparruaren NELIGS erreferentzia eta teknikariak zein egunetan egin zuen landako bisita (ezin da 6 hilabete baino zaharragoa izan).

2. Esparruen jabetzaren edo erabileraren ziurtagiria (jabetza, errentamendua, herri lurrak).

3. Abeltzaintza jardueraren egiaztapena, larratzeko esparruak biltzen dituen abeltegiaren REGA kodea adieraziz eginen dena. Gainera, leku horretan abereak larratzen direla frogatzen duen beste edozein dokumentazio aurkezten ahalko da, hala nola abereak gobernatzeko instalazioak, hesiak, askak eta abar daudela frogatzen duten argazkiak, abereak mugitzeko gidak egotea eta abar.

4. Eskatutako aldaketa frogatzen duten nahikoa argazki. Guztiek ere datarekin eta geoerreferentziatuak behar dute.

5. Lurzoruaren okupazioaren ezaugarritzea. Aldaketa egin nahi den esparru bakoitzean dagoen landaredi mota (belardia, sastrakadia, zuhaiztia, elkorra, etab.) adierazi beharko da, baita landaredi hori osatzen duten espezieak, larratzekoak diren edo abereentzako bazka sortzen duten, zirkulatzeko modukoak diren eta abereentzat irisgarriak diren, eta landare mota bakoitzak esparruan hartzen duen portzentajea ere bai.

Egokia bada, lurzoruaren estalduran homogeneoak diren eremuak mugatuko dira esparruaren irteera grafikoaren gainean.

Ezaugarritze horretarako, honako irudi hau agertuko da aldatu beharreko esparru bakoitzeko:

LURZORUAREN OKUPAZIOA: (esparruaren identifikazioa)

LANDARETZA

IRISGARRIA ETA ZIRKULATZEKO MODUKOA

LARRATZEKOA EDO BAZKA
SORTZEN DU

%

AZALERA

OKUPATUA

MALDA

“ EDO = %60

KALKULATUTAKO
APROBETXAMENDUAREN %

Mota

Espezieak

Belardia

Sastraka

BAI

BAI

EZ

-

%0

EZ

-

-

%0

Zuhaiztia

BAI

BAI

EZ

-

%0

EZ

-

-

%0

Elkorra

-

-

-

%0

ESPARRUA, GUZTIRA:

%100

6. Aldatu beharreko azalerarako LOK bat proposatzea.

Aurreko puntuetan bildutako informazioa oinarri hartuta, teknikari eskudunak LOK bat proposatuko du alegatutako esparrurako, hauek kontuan hartuta:

-Landaredi mota bakoitzaren inguruan kalkulatutako aprobetxamendua.

-Larratzeko diren, zirkulatzeko modukoak diren eta abereentzat bazka ekoizteko balio duten edo bazka ekoizten duten azalerak baino ezin dira hautatu.

-%60tik gorako malda duten eremuetan zuzenketa faktorea aplikatzen da honako taula honen arabera:

EREMUAREN MALDA

MALDA FAKTOREA

%60 edo txikiagoa

1

%60 eta %75 artekoa

0,75

%76 eta %85 artekoa

0,50

%86 eta %100 artekoa

0,25

%100 baino handiagoa

0

IV. ERANSKINA

IV. ERANSKINA

BAZKALEKU ESPARRUKO ABELTZAINTZA JARDUERA JUSTIFIKATZEKO PROZEDURA

Esparru geldia edo bazkaleku jarduerarik gabeko esparrua bada, interesdunak abeltzaintza jarduera justifikatu beharko du, txosten teknikoa aurkeztuta. Txosten hori teknikari eskudun batek sinatu behar du, eta haren izena, abizenak eta NANa adierazi behar dira. Txostenari erantsi behar zaio titulu ofizialaren kopia edo dagokion lanbide elkargoaren ziurtagiria.

Txostenak atal hauek izanen ditu:

1. Aldatu nahi den lurzati edo esparruaren NELIGS erreferentzia eta teknikariak zein egunetan egin zuen landako bisita (ezin da 6 hilabete baino zaharragoa izan).

2. Esparruen jabetzaren edo erabileraren ziurtagiria (jabetza, errentamendua, herri lurrak).

3. Abeltzaintza jardueraren egiaztapena, larratzeko esparruak biltzen dituen abeltegiaren REGA kodea adieraziz eginen dena. Gainera, esparru horretako larratzea frogatzen duen beste edozein dokumentazio aurkezten ahalko da, hala nola abereak gobernatzeko instalazioak, hesiak, askak eta abar daudela frogatzen duten argazkiak, abereak mugitzeko gidak egotea eta abar.

4. Eskatutako aldaketa frogatzen duten nahikoa argazki. Guztiak ere datarekin eta geoerreferentziatuak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web