(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

52/2023 FORU AGINDUA, EKAINAREN 12KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN LEHEN HEZKUNTZAN DIHARDUTEN IKASLEAK EBALUATU ETA MAILAZ IGOTZEKO ERA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 136 - 29/06/2023



  I. KAPITULUA.. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA


  III. KAPITULUA. TUTORE LANA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA


  IV. KAPITULUA. EBALUAZIO AGIRIAK


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Lehen Hezkuntzako irakaskuntzei dagokienez, lege testu berriak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu hezkuntza etapa horretako curriculum egituran, baita ikasleen ebaluazioari buruzko alderdietan ere.

Lehen Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen martxoaren 1eko 157/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma arautu zuen, ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu horren 13. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleen ebaluazioa arautu behar duten printzipio orokorrak jasotzen dira. Era berean, foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenean baimena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari aipatutako foru dekretuan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Hori guztia kontua hartuta, bidezkoa da, hortaz, garatzea ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa, eta arautzea, foru agindu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA.. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazioeremua.

1. Foru agindu honen helburua da Lehen Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko era arautzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitatean).

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen badituzte.

2. artikulua . Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko prozesua aurrera eramateko, ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuan araututako Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculumeko elementuak hartuko dira kontuan, baita etapako arlo edo esparru bakoitzaren programazio didaktikoetan horiei buruz egiten den zehaztapena ere.

2. Ebaluazio prozesuak -irakasleek eginen dute- ikasleek etaparen ikasmaila bakoitzean ikasitakoa baloratuko du, kontuan izanik noraino bete diren ebaluazio irizpideak eta arlo edo esparru bakoitzaren konpetentzia espezifikoak. Ebaluazio irizpide eta konpetentzia espezifiko horien arabera zehaztuko da arloetako edo esparruetako kalifikazioa, bai eta zer neurritan bereganatu eta garatu diren Oinarrizko Hezkuntza bukatutakoan izan behar duten irteera-profileko funtsezko konpetentziak ere, kontuan harturik, Lehen Hezkuntza amaitzean, funtsezko konpetentzia horien deskriptore operatiboak, zeinak 67/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean jasota baitaude.

3. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa globala, etengabea eta hezigarria izanen da, jarraian azaltzen diren zehaztasunekin bat:

a) Globala izanen da, hots, ikasleek Lehen Hezkuntzako arlo edo esparruetan oro har ikasitakoari erreparatuko zaio; horretarako, funtsezko konpetentziak eta etapako helburuak izanen dira erreferentzia komuna, curriculumeko elementuen integrazioa kontuan harturik.

b) Etengabea izanen da, ikasturte osoan ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan murgilduta egonen baita, sistematikoki, eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratua.

c) Hezigarria izanen da; izan ere, bereganatutako konpetentziak eta ikaskuntzak identifikatuz, irakasleei, ikasleei eta haien familiei etengabeko informazioa emanen die, eta, hala, hezkuntza arloko esku-hartzearen prozesuak eta emaitzak hobetzen lagunduko du.

4. Ikasleei beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko eskubidea bermatuko diete ikastetxeek, foru agindu honen 17. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

5. Etapako helburuak lortzeari eta funtsezko konpetentzien bereganatze eta garapen mailari dagokienez, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Etapako helburuak lortutzat joko dira, baldin eta ikasleak funtsezko konpetentzia bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu badu.

b) Funtsezko konpetentzia bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela iritziko da, baldin eta ikasleak arlo edo esparru guztietan kalifikazio positiboa lortu badu.

c) Era berean, arlo edo esparru guztietan kalifikazio positiboa lortu ez arren, funtsezko konpetentzia bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela iritziko da, baldin eta irakasle taldeak hala erabakitzen badu.

3. artikulua . Etapan jarraitzea.

1. Oro har, ikasleak hamabi urte betetzen dituzten urte naturalera arte arituko dira Lehen Hezkuntzako etapan. Aldi hori urtebetez luzatzen ahalko da, baldin eta irakasle taldeak proposatu badu ikasleak Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren edo seigarren ikasmailetan urtebete gehiago egotea. Erabaki hori behin bakarrik hartzen ahalko da etapa osoan, eta, nolanahi ere, salbuespenezkoa izanen da.

2. Aurreko atalean xedatutakoa ezertan galarazi gabe, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak beste urte batez egon daitezke Lehen Hezkuntzan eskolaturik, horrek mesede egiten badie hezkuntzan eta gizartean integratzeari begira, gurasoak edo legezko tutoreak ados badaude eta Hezkuntza Departamentuak baimena ematen badu.

Etapan beste urte batez jarraitzea salbuespenezkoa izanen da, eta etapako hirugarren zikloa bukatutakoan soilik gertatzen ahalko da.

Horretarako, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Ikastetxeko zuzendariak Ikasketak Antolatzeko Atalari igorriko dio kasuan kasuko proposamena; proposamenari erantsiko dizkio orientatzailearen txostena, neurri hori hartzeko arrazoiak azalduko dituena, eta gurasoen edo legezko tutoreen adostasun agiria.

b) Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak eman beharko du etapan jarraitzeko baimena, kasua bada, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztutako txostenetan oinarriturik.

II. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA

4. artikulua . Irakasleak eta irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, kasuan kasuko ikasle taldeari eskolak ematen dizkioten irakasle guztien multzoa. Irakasle taldeak batera jardunen du ebaluazio prozesuan, tutorearen koordinaziopean.

2. Arlo edo esparru bakoitzeko irakasle arduradunak erabakiko du ikasle bakoitzak zer kalifikazio duen arlo edo esparru horretan; horretarako, dagozkion konpetentzia espezifikoak ebaluatuko ditu.

Arlo edo esparru batean irakasle batek baino gehiagok ematen badituzte eskolak, irakasle horiek elkarrekin erabakiko dute zer kalifikazio jarri.

3. Gainerako erabakiak, ikasle jakin bati eragiten dioten ebaluazio alderdiei buruzkoak, bere irakasle taldeak adostuta hartuko dira, kontuan izanik arloen edo esparruen ebaluazio irizpideak eta konpetentzia espezifikoak izanen direla erreferentziak funtsezko konpetentzien bereganatze eta garapen maila zehazteko. Irakasle taldea ados jartzen ez bada, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horretarako, boto bat izanen da arlo edo esparru bakoitzeko, eta boto guztiek balio berbera izanen dute, baita Erlijio arloaren ordez eskainitako hezkuntza arreta ematen duen irakaslearen botoak ere; abstenitzea ez da posible izanen, ezein kasutan. Berdinketa gertatuz gero, tutorearen kalitateko botoak erabakiko du.

4. Ikastetxeko ikasketa buruak planifikatuko ditu ebaluazio saioak; ikasle talde bakoitzeko tutoreak, berriz, saioak zuzenduko ditu eta horien araudia betetzen dela bermatuko du. Era berean, orientatzaileak, bere eginkizunak betez, saio horiek behar bezala egiteko aholkuak emanen dizkio tutoreari, eta, beharrezkoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak saio horietara joateko eskatzen ahalko dio, dagokion aholkularitza emateko.

5. Nahitaezko ebaluazio saioez gain, talde bakoitzaz arduratzen diren irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste alditan bilduko dira ikasleen bilakaera baloratzeko. Horretarako, ikastetxeko ikasketa buruak bilera deia eginen dio irakasle taldeari.

5. artikulua . Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioa.

1. Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioaren helburua honako hau da: irakasleen lanbide garapena eta etengabeko prestakuntza bultzatzea, ikastetxeen kalitatea eta, bereziki, ikasleen ikasketa prozesua hobetzeko funtsezko elementu gisa. Horregatik, ikasleen ikaskuntza prozesuak hezkuntza errealitatearen esparruan aztertzea izanen da erreferentzia nagusia.

2. Lehen Hezkuntzako ikasketetako irakaskuntza prozesua aztertzeko eta baloratzeko, irakasleek beren hezkuntza praktika bera ebaluatuko dute. Ebaluazio hori egiteko, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak horretarako ezarritako ebaluazio adierazleak hartuko dira kontuan, gutxienez.

3. Ebaluazioaren emaitzen arabera, eta beharrezkoa bada, esku-hartze pedagogikoa aldatzea komeni den baloratuko da.

6. artikulua . Hasierako ebaluazioa.

1. Ikastetxeek hasierako ebaluazioa eginen dute, eta hori izanen da irakasle taldearen erreferentzia puntua curriculumaren garapenari buruzko erabakiak hartzeko eta ikasleen ezaugarrietara eta ezagutzetara egokitzeko, baita hezkuntza arloko esku-hartzea behar bezala planifikatzeko ere.

2. Ikasturteko lehen hilabetean, irakasle taldeak, tutorearen koordinaziopean, talde bakoitzeko ikasleen hasierako ebaluazioa eginen du, honako informazio iturri hauek kontuan hartuta:

a) Irakasleek ikasleak zuzenean behatuta jasotako informazioa; eskolak hasten direnetik hasierako ebaluazio saioa egin bitartean jasotakoa, zehazki.

b) Ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreek emandako informazioa, informaziorik eman badute; horren osagarri izan daitezke txosten medikoak, psikologikoak, pedagogikoak eta sozialak, interesekoak badira eskola bizitzarako, eta ikaslearen hezkuntza prozesua orientatzeko garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako txostenak.

c) Ikastetxeak eskuratzen duen beste edozein informazio akademiko. Horretarako, berebiziko garrantzia izanen du ikasleak aurreko ikasturtean lortutako emaitzei buruzko informazioak.

d) Aurreko letran ezarritakoaren ondorioetarako, eta etapako lehen ikasmailako ikasleen hasierako ebaluazioa egiteko, zuzendaritza taldeek behar beste koordinazio ekintza antolatuko dituzte, ikasturteko azken hiruhilekoan, ikasleei buruzko informazioa behar bezala helaraz dadin ikasleen jatorrizko ikastetxetik matrikula egin duten ikastetxera, kasua denean. Koordinazio ekintza horiek berebiziko garrantzia izanen dute ikastetxera sartzen diren ikasleek hezkuntza premia bereziak dituztenean. Halaber, Haur Hezkuntzako etapa amaierako txostena datu objektiboa izanen da lehen ikasmailako hasierako ebaluazioari begira.

3. Hasierako ebaluazio hori ikastetxera ikasturteko lehen hilabetearen ondoren sartzen diren ikasleei ere egin beharko zaie. Horien kasuan, ikaslea ikastetxera sartzen denetik gehienez hamabost egun balioduneko epean eginen da hasierako ebaluazioa.

4. Hasierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak, behar izanez gero, foru agindu honen 9. artikuluan ikasleen aniztasunari erantzuteko aipatzen diren hezkuntza neurriak hartuko ditu (HE, HE-SCE, HE-CA, CEP, EP, CEE), ikasleak arlo edo esparru bakoitzean behar bezala aurrera egitea ziurtatzeko. Ez badira beharrezkoak, "EB" terminoa (ez ditu behar) jarriko da. Hartutako erabakiak une horretatik aurrera aplikatu beharko dira hiru hilean behingo lehen ebaluazioan, eta ikasketa espedientean erregistratuko dira -foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen da ikasketa espedientea-. Tutoreak hezkuntza neurriak aplikatzen zaizkien ikasleen familiei horien berri eman beharko die.

7. artikulua . Etengabeko ebaluazioa.

1. Etapa osoan ikasleen ikaskuntza prozesua etengabekoa izan dadin errazteko, ikasturte osoan, modu jarraituan, irakasleek informazioa jasoko dute behaketa sistematikoaren bidez, lanak, jarduerak eta proba espezifikoak baloratuz eta erabili diren edozein motatako ebaluazio tresnen bidez.

2. Etengabeko ebaluazio prozesu horren testuinguruan, ikasleak ez badu behar bezala aurrera egiten, hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek zailtasunak atzeman bezain laster hartu beharko dira, eta haien helburua izanen da hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikaskuntzak bereganatzen direla bermatzea.

3. Hasierako ebaluazioaz gain, hiru ebaluazio partzial ere eginen dira, bat hiruhileko bakoitzeko. Horietako bakoitzak bere ebaluazio saioak izanen ditu, tutoreak koordinatuak, eta haietan taldeari eskolak ematen dizkioten irakasleek hartuko dute parte.

4. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakiak baloratuko dira. Erabakiok ikasleen aniztasunari erantzuteko neurriei eragiten badiete (foru agindu honen 9. artikuluan aipatutakoei), neurriei eustea edo haiek bertan behera uztea komeni den zehaztuko da, edo beste neurri batzuk hartzea komeni den.

5. Etengabeko ebaluazioaren ikuspegia bazter utzi gabe, irakasleek, zein bere arlo edo esparruan, ikasleen kalifikazioa erabakiko dute, eta, nahi izanez gero, ikaslearen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak emanen dituzte. Ebaluazio partzialari edo hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa ikasketa espedientean jasoko da -foru agindu honetako IV. kapituluan aipatzen da espediente hori-, tutorearen ardurapean.

6. Ebaluazio saio bakoitza bukatutakoan, tutoreak gurasoei edo legezko tutoreei adieraziko die, dela idatziz dela Educaren edo bestelako plataforma informatiko batzuen bidez, zein den seme-alaben errendimendua, familiei igorri beharreko ebaluazio buletinaren bidez -foru agindu honetako IV. kapituluan aipatzen da buletina-. Informazio hori osatzeko banakako elkarrizketa bat egin beharko da, ikasturtean bat gutxienez, ikasleen gurasoekin edo legezko tutoreekin.

8. artikulua . Ikasturte amaierako ebaluazioa.

1. Ikasturte bakoitzean, hasierako ebaluazio saioaz eta hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioez gain, amaierako ebaluazio saio bat izanen da. Amaierako ebaluazioan, ikasmaila osoaren ebaluazio prozesuaren balorazioa sintetizatuko da arlo edo esparru bakoitzean.

2. Amaierako ebaluazio saioan, arlo edo esparru bakoitzeko irakasleek ikasle bakoitzarentzat erabaki dituzten kalifikazioak erregistratuko dira. Era berean, amaierako ebaluazio saio horretan, ikasleen aurrerabidearen gaineko balorazioa eginen dute irakasleek, eta ikaskuntza prozesuan aurrera egiten segi dezaten bermatzeko behar diren erabakiak hartuko dituzte; halaber, foru agindu honen 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz, funtsezko konpetentzia bakoitza noraino bereganatu eta garatu duten zehaztuko dute, irakasle guztiek batera. Irakasle taldeak erabakiko du, baita ere, ikaslea hurrengo ziklora edo etapara igaroko den. Saio horren akta behar bezala bete ondoren, itxi eginen da.

3. Aktak itxi ondoren, edozein aldaketa egin behar izanez gero, dagokion administrazio eginbidearen bidez eginen da.

9. artikulua . Banako desberdintasunei erantzutea.

1. Ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuaren 15. eta 16. artikuluetan ezarritakoarekin bat, ikastetxeek neurriak hartuko dituzte bermatzeko ohikoaz besteko hezkuntza arreta behar duten ikasleek aukera izanen dutela Lehen Hezkuntza bukatutakoan etaparako ezarritako helburuak lortu eta funtsezko konpetentziak bereganatu ahal izateko, haien deskriptore operatiboak aintzat harturik (67/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean jasota daude). Ikasle horiei eman beharreko arreta normalizazio eta inklusio printzipioek gidatuko dute.

2. Horretarako, ikasleen aniztasunari erantzuteko honako neurri hauek ezarri beharko dira:

a) Hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE): askotariko arrazoiak direla medio, ikaskuntza prozesuarekin jarraitzeko, edozein arlo edo esparrutako curriculumeko elementu guztietan edo batzuetan ohikoaz besteko hezkuntza arreta behar duten ikasleei zuzendutako neurria da hezkuntza laguntza edo errefortzua. Ikaslea zer ikasmailatan eta arlo edo esparrurako matrikulaturik dagoen, hartarako ezarri diren konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira ebaluazio erreferentziak. "HE" neurria hasierako ebaluazioan ezarri dela adieraziko da, bai eta hiru hilean behingoetan ere, horietan aplikatu bada, kasuan kasuko kalifikazioarekin batera; amaierako ebaluazioan, aldiz, ez da adieraziko, eta kalifikazioa baino ez da jarriko.

b) Sartzeko curriculum egokitzapenak barne dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-SCE): ohikoak ez bestelako baliabide materialak eta sarbide baliabideak behar dituzten ikasleei zuzendutako neurria da sartzeko curriculum egokitzapenak barne hartzen dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua. Entzumen, ikusmen edo motrizitate arazo larrien edo bestelako desgaitasunen ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aplikatu beharko zaie bereziki neurri hori. Ikaslea zer ikasmailatan eta arlo edo esparrurako matrikulaturik dagoen, hartarako ezarri diren konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira ebaluazio erreferentziak. "HE-SCE" neurria hasierako ebaluazio ezarri dela adieraziko da, bai eta hiru hilean behingoetan ere, horietan aplikatu bada, kasuan kasuko kalifikazioarekin batera; amaierako ebaluazioan, aldiz, ez da adieraziko, eta kalifikazioa baino ez da jarriko.

c) Curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-CA): adimen gaitasun handiko ikasleei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko zuzendutako neurria da curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua. Ikasleari aukera emanen zaio matrikulatuta dagoen ikasmaila baino goragoko ikasmailetako konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio irizpideak lantzeko; kalifikazioa jartzeko, baina, ikaslea zer ikasmailatan eta arlo edo esparrurako matrikulaturik dagoen, hartarako ezarri diren konpetentzia espezifikoei eta ebaluazio irizpideei lotuko zaizkie irakasleak. "HE-CA" neurria hasierako ebaluazioan ezarri dela adieraziko da, bai eta hiru hilean behingoetan ere, horietan aplikatu bada, kasuan kasuko kalifikazioarekin batera; amaierako ebaluazioan, aldiz, ez da adieraziko, eta kalifikazioa baino ez da jarriko.

d) Errekuperazio programa (EP): ikasturtea bukatutakoan arlo edo esparruren bat gainditu gabe utzi duen ikasleari zuzendutako neurria da errekuperazio programa, aplikatuko dena hala ikaslea mailaz igotzen denean nola ikasmaila berean beste urtebete eman behar duenean; izan ere, helburua da ikasleari laguntzea arlo edo esparru horretan bereganatu ez dituen ikaskuntzak eskuratzen. Hasierako ebaluazioan, "EP" neurria ezarri dela adieraziko da, eta gainditu gabe dagoen arlo edo esparrua zer ikasmailari dagokion jarriko. Ikasmaila berean jarraituz gero, arlo edo esparru bateko errekuperazio programa gainditu gabeko arlo edo esparruei aplikatuko zaie.

e) Curriculuma eguneratzeko plana (CEP): gure hezkuntza sisteman ohi baino beranduago sartzearen ondorioz curriculumean desfasea duten ikasleei zuzendutako neurria da curriculuma eguneratzeko plana; helburua da curriculum maila nahikoa erdiestea, errazagoa izan dadin matrikulatuta dauden ikasmailako curriculumera iristea. Era berean, zilegi izanen da neurria Lehen Hezkuntzako lehen ikasmailako ikasleei aplikatzea, alde handia badago etapa honetara iristean duten curriculum mailaren eta lehen ikasmailari dagokionaren artean. Bi kasuetan, etapa honetako lehenbiziko urte akademikoan baino ezin izanen da aplikatu. Neurri horiek aplikatuko diren hiru hilean behingo ebaluazioetan, eta ikasleak duen curriculum mailaren arabera dagokion ikasmailako eta arlo edo esparruko konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio irizpideak izanen dira ebaluazio erreferentziak. Amaierako ebaluazioan, ordea, erreferentziak ikaslea matrikulatuta dagoen ikasmailari dagozkionak izanen dira. "CEP" neurria hasierako ebaluazioan ezarri dela eta curriculum mailaren arabera dagokion ikasmaila adieraziko da; hiru hilean behingo ebaluazioetan, neurria aplikatu bada, kasuan kasuko kalifikazioa ere jarriko da. Amaierako ebaluazioan, aldiz, ez; hor bakarrik adieraziko da ikaslea matrikulaturik dagoen ikasmailari dagokion kalifikazioa. Salbuespena egiten ahalko da baldin eta hizkuntza dela-eta ezin bada curriculum maila atzeman; halakoetan, zilegi izanen da maila atzeman arte ezer ez jartzea.

f) Curriculum egokitzapen esanguratsua (CEE): hezkuntza premia bereziak eta curriculumean desfase nabaria -matrikulatuta dauden ikasmailaren curriculumetik nabarmen aldentzen dena- dituzten ikasleei zuzendutako neurria da curriculum esanguratsua; helburua da ikasleei erraztasunak ematea curriculumera iristeko, eta horretarako, asmoa izaten da ahalik eta gehien garatzea funtsezko konpetentziak, Lehen Hezkuntza bukatutakoan, haien deskriptore operatiboak aintzat harturik (67/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean jasota daude). Ikasle horien etengabeko ebaluazioari begira, egokitzapenak hizpide dituen arlo edo esparruetako ebaluazio irizpideak izanen dira erreferentzia. Hasierako ebaluazioan, "CEE" neurria ezarri dela adieraziko da, bai eta hiru hilean behingoetan eta amaierako ebaluazioan ere, kalifikazioarekin batera; curriculum maila zein ikasmailari dagokion ere adieraziko da.

3. Curriculum egokitzapen esanguratsuen neurria hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aplikatzea ez da oztopo izanen hurrengo ziklo edo etapara igarotzeko.

4. Artikulu honetan azaldutako hezkuntza neurriak curriculum malgutasunaren eta alternatiba metodologikoen printzipioan oinarrituko dira, eta bereziki azpimarratuko dira, kasua bada, Atzerriko Hizkuntzaren eta Gorputz Hezkuntzaren arloetan.

5. Ebaluazioei dagokienez, ebaluazioak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen beharretara egokitu beharko dira, eta, horretarako, ikastetxeek neurri egokienak ezarriko dituzte. Ildo horretan, deitzen diren berariazko probetan, tresnak egokituko dira, baita, behar denean, denborak eta laguntzak ere, ikasle horien ebaluazioa ongi eginen dela bermatzeko.

6. Ikastetxe batean aldi baterako ospitaleko hezkuntza arreta, etxeko arreta edo ohikoa ez bestelako hezkuntza arreta behar duen ikasleren bat matrikulatuta balego, irakasle taldeak, ikasle horiei arreta ematen dieten irakasleekin koordinatuta, haiek ebaluatzeko prozesurako behar diren prozedurak ezarriko dituzte.

10. artikulua . Hezkuntza sisteman berandu sartu diren ikasleak.

1. Oro har, hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak adinagatik dagokien ikasmailako talde batean eskolatuko dira. Eskolatze hizkuntzan gabezia larriak badituzte, zilegi izanen da ikastetxeak ikasleek behar duten laguntza ezartzea, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta.

2. Ondorio horietarako, adinaren eta Lehen Hezkuntzako ikasmailaren arteko baliokidetasun hauek hartuko dira kontuan, oro har:

- 6 urte betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean: 1. ikasmaila.

- 7 urte betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean: 2. ikasmaila.

- 8 urte betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean: 3. ikasmaila.

- 9 urte betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean: 4. ikasmaila.

- 10 urte betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean: 5. ikasmaila.

- 11 urte betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean: 6. ikasmaila.

3. Hala ere, hasierako ebaluazioa egin ostean ikasleren bati bi urteko edo gehiagoko desfasea atzematen bazaio curriculum gaitasunean, zilegi izanen da adinagatik dagokiona baino beheragoko ikasmailan eskolatzea. Kasu horretan, eta etapan mailaz igotzeko eta jarraitzeko ondorioetarako, ikasle batek halako neurria badu, eskolatutako ikasmailan bigarrenez ari dela ulertuko da. Ikasle horientzat, errefortzu neurriak (RE edo RE-SCE) eta curriculuma eguneratzekoak (CEP) har daitezke, kasua zein den, ikasketekin probetxuz jarraitu ahal izateko. Aipatutako desfasea desagertzen bada, ikasle horiek adinagatik dagokien ikasmailara pasako dira, etapako edozein unetan.

11. artikulua . Arlo edo esparruen kalifikazio eskala.

1. Kalifikazioa honako hau da: ebaluazio prozesuan lortutako ebidentzietan oinarrituta ikasleei eskala baten barruan kategoria bat esleitzeko egintza.

2. Arlo edo esparruen ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira, hala hiru hilean behingo ebaluazioetan nola amaierakoan: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan. Horretarako, kontuan hartuko dira zikloko taldeek kalifikazioa egiteko adostutako irizpideak, arlo edo esparru guztietan kalifikazio prozedura homogeneoa bermatzearren.

3. Esparruen kasuan, irakasleek esparruari jarriko diote kalifikazioa, eta ez esparrua osatzen duten arloei; horrek ez ditu ezertan galarazten ikasleari, gurasoei edo legezko tutoreei ikaslearen bilakaeraren berri emateko ezartzen ahal diren prozedurak. Halaber, eta abuztuaren 8ko 63/2022 Foru Aginduaren 7.2 artikuluan ezarritako aukera baliatuta arloak esparruei lotu bazaizkie, lotutako arloek beren kalifikazio erregistro propioa izan beharko dute, esparruari emandako kalifikaziotik apartekoa.

4. Hasierako ebaluazioan ez ezik, hiru hilean behingo ebaluazioetako saio bakoitzean ere, eta arlo bakoitzeko kalifikazioekin batera, ikasleen aniztasunari erantzuteko neurria erregistratuko da (HE, HE-SCE, HE-CA, CEP, CEE), kasuan kasuko ebaluazioan halakorik aplikatu bada; horri lotuta, kontuan hartu beharko da EP neurria hasierako ebaluazioan baino ez dela adierazi behar. Neurri horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko, eta ez dira adieraziko amaierako ebaluazioaren aktetan, salbu eta CEE neurriaren kasuan, hori amaierako ebaluazioaren aktan adierazi beharko baita.

5. Errekuperazio programa (EP) behar duten arlo edo esparru guztietan, ikaslea matrikulatuta dagoen ikasmailaren aurrekoei dagokienean, honako zehaztapen hauei jarraituko beharko zaie:

a) Errekuperazio programa ikaslea unean-unean egiten ari den ikasmailarena baino curriculum maila baxuagoari dagokionean, artikulu honen 2. atalean ezarritako kalifikazio eskala erabiliko da, arloa edo esparrua gainditu arte. Ikasturteko edozein unetan gerta daiteke hori, eta gertatzen denean, data eta amaierako kalifikazioa adierazi beharko dira; kalifikazio hori, halaber, amaierako ebaluazioaren aktan jasoko da.

b) Ikaslea curriculum maila baxuenaren gainetik dagoen ikasmailan ari bada, artikulu honetako 2. atalean ezarritako kalifikazio eskala erabiltzen ahalko da baldin eta ikasmaila horri dagozkion oinarrizko jakintzak lantzen baditu;bestela, "GB" (gainditu gabe) terminoa erabiliko da. "GB" terminoa kalifikazio negatibotzat hartuko da, ondorio guztietarako.

c) Aurreko letran ezarritako gorabehera, kontuan hartu beharko da "GB" terminoa ezin izanen dela erabili unean-unean ikaslea egiten ari den curriculum maila baxuenean.

6. Kontuan hartu behar da Erlijio arloa eduki nahi ez duten ikasleentzat egin den hezkuntza arretan ez dela inongo kalifikazio erregistrorik izanen, baina irakasleek, nahi izanez gero, oharrak egin ahal izanen dituzte ikasleek tarte horretan egiten dutenari buruz.

12. artikulua . Funtsezko konpetentzien bereganatze eta garapen maila.

1. Arlo edo esparru bakoitzeko konpetentzia espezifikoak beste arlo edo esparruetakoekin batera eta osotara ebaluatuta, posible izanen da zehaztea noraino bereganatu eta garatu diren ikasleek Lehen Hezkuntza bukatutakoan izan behar duten irteera-profilean ezarritako funtsezko konpetentziak, kontuan harturik haien deskriptore operatiboak, zeinak 67/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean jasota baitaude.

2. Horretarako, irakasleek ebaluazio prozesuan bildutako ebidentzietatik abiatuta, eta Hezkuntza Departamentuak horri buruz xedatzen duena aintzat hartuta, baita ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak (KPB) ezartzen dituen parametroak ere, halakorik egiten badu, irakasle taldeak erabakiko du, dagokion eztabaidaren ondoren, ikasle bakoitzaren funtsezko konpetentzia bakoitzari esleitu beharreko kategoria, kontuan hartuta, kategoria hori esleitzeko tartean dauden ezaugarri bereziko beste arlo edo esparru batzuk ere, halakorik badago. Arlo edo esparru horien artean egonen dira beste hizkuntza batzuetan emandakoak eta curriculuma irakasteko erabilitako metodologiaren arabera etapako funtsezko konpetentziaren batekin lotura izan dezaketen beste batzuk. Halaber, eta ondorio horietarako, kontuan hartuko da Erlijio arloa eduki nahi ez duten ikasleentzat egin den hezkuntza arreta.

3. Funtsezko konpetentzien bereganatze eta garapen mailaren ebaluazioaren emaitzak honako kategoria eskala honen arabera adieraziko dira:

a) "Ez da lortu".

b) "Lortu da (maila baxua)".

c) "Lortu da (maila ertaina)".

d) "Lortu da (maila altua)".

b), c) eta d) letretan zerrendatutako kategoriek zehaztuko dute ikasleak funtsezko konpetentzietan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duen.

4. Azkenean esleitzen diren kategoriak amaierako ebaluazioaren aktetan jasoko dira, arlo edo esparruetan lortutako kalifikazioetatik aparte.

5. Aurreko atalean aipatutakoa etapako ikasmaila guztietan egin beharko da; ikasmaila bakoitzean, ikasmaila horretan ematen diren arlo edo esparruetako ebaluazio irizpideei begiratuko zaie, eta konpetentzia espezifikoen ebaluazioari.

13. artikulua . Mailaz igotzea.

1. Etapako ikasmaila bakoitietan (1., 3. eta 5. Ikasmailak) automatikoki igoko da mailaz.

2. Irakasle taldeak erabakiko du, modu kolegiatuan, ikaslea hurrengo ziklora edo etapara igaroko den -ikasmaila bikoitietan, 2., 4. eta 6., ikasmailetan-, eta erabakia hartzeko funtsezko konpetentzien bereganatze eta garapen mailari erreparatuko diote, bai eta ikasleek aurrera egiteko lagungarri izan daitezkeen neurrien balorazioari ere.

3. Ikasmaila bikoitietan, oro har, mailaz igoko da; ez da mugarik izanen kalifikazio negatiboa duten arlo kopuruari dagokionez. Ikasmaila berean urte bat gehiago egotea salbuespenezko neurria izanen da, eta neurri hori hartuko da, baldin eta, ikaslearen curriculum desfaseari edo ikasteko zailtasunei aurre egiteko aski neurri arrunt, egoki eta pertsonalizatu aplikatu ondoren, irakasle taldeak uste badu maila berean beste urte batez egotea dela neurririk egokiena ikasleari bere garapenean laguntzeko. Maila berean jarraitzea erabakiz gero, planifikatu egin beharko da curriculuma: ikasleen premietara egokitu beharko dira curriculum baldintzak, eta hautemandako zailtasunak gainditzera bideratuak egon beharko dute, bai eta jada eskuratutako ikaskuntzetan aurrera egitera eta horiek sakontzera ere. Baldintza horiek pertsonalizatutako errekuperazio plan batean jasoko dira, non ikasle horrentzat egoki jotzen diren behar beste neurri aurreikusiko baitira. Ikasmaila berean jarraitzeko erabakia behin bakarrik hartzen ahalko da etapa osoan zehar.

4. Arlo edo esparru guztiak gainditu gabe mailaz igotzen diren ikasleak aurreko ikasmailetan gainditu gabe utzitako arlo edo esparruetan ere matrikulatu beharko dira. Gainditu gabeko arloak edo esparruak dituzten ikasleek irakasle taldeak ezarritako errekuperazio planak (EP) jasoko dituzte. Ikasturteko edozein unetan, irakasleek, ikasleen bilakaera aztertu ondoren, gainditu gabe zituzten ikaskuntzak gainditu dituztela erabakitzen ahalko dute. Erabakia noiz hartu den adieraziko da hala eskatzen duten ebaluazio agirietan. Halaber, une hartatik aurrera, ikasleak egin behar duen curriculum maila eguneratuko da. Ikaslearen taldeak duen curriculum mailara eguneratuz gero, EP sigla erabiltzeari utziko zaio, eta zilegi izanen da behar den errefortzu neurria hartzea, halakorik behar bada.

5. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei curriculum egokitzapen esanguratsuak aplikatu bazaizkie, mailaz igo behar duten erabakitzeko, egokitzapenak hizpide izan dituen arlo edo esparruetako eta ikasmailetako ebaluazio irizpideak izanen dira erreferentzia; kontuan hartu beharko da egokitzapen horiek aplikatzea ez dela inola ere oztopo izanen mailaz igotzeko, baldin eta lortu badira, irakasle taldearen iritziz, egokitzapenei dagozkien ebaluazio irizpideak.

14. artikulua . Ikasleak ikastetxez aldatzea.

1. Ikasle bat etapa bukatu aurretik beste ikastetxe batera joanez gero, jatorrizko ikastetxeak destinokoari bidali beharko dio lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, azken horrek eskatuta, eta, horrekin batera, ikasketen historiaren kopia bat -ebaluazio dokumentu horiek foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen dira-. Hura jasotzen duen ikastetxeak ikaslearen ikasketa espedientea irekiko du, eta matrikulazioa behin betiko bihurtuko da behin historia akademikoaren kopia jaso ondoren.

2. Ez da beharrezkoa izanen artikulu honetan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko eta destinoko ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.

3. Ikasle bat beste ikastetxe batetik lekualdatuz gero, honako inguruabar hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Lekualdatzea egitean ikasturtea hasita badago, ikaslearen matrikula destinoko ikastetxearen hezkuntza eskaintzara egokitu beharko da.

b) Lekualdatzea egiten bada ikasturtea amaituta, eta ikasleak kalifikazio negatiboak baditu jatorrizko ikastetxean, destinoko ikastetxean ematen ez diren arloetan, baliorik gabe geldituko dira.

c) Euskara eta Literatura arloari dagokionez, ikasleak arlo hori aintzat hartzen ez duen hizkuntza ereduren batera sartzen diren lekualdatze kasu guztietan, Euskara eta Literatura arloaren kalifikazioa baliorik gabe geldituko da, kalifikazio hori negatiboa izan bada.

d) Era berean, Euskara eta Literatura arloaz besteko Hizkuntza Koofiziala eta Literatura arloa egin duten ikasleek kalifikazio negatiboa izan badute, baliorik gabe geldituko da.

e) Edozein kasutan, jatorrizko ikastetxeetako kalifikazio positiboak kontuan hartuko dira batez besteko nota kalkulatzeko, ikasketa espedienteen arteko lehia dagoenean, bat etorriz foru agindu honen seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin.

III. KAPITULUA. TUTORE LANA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA

15. artikulua . Tutoretza eta orientazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, ikasleek beren banakako eta taldeko hezkuntza prozesuan orientazioa eta tutoretza ekintza izanen dituzte lagun. Horretarako, ikastetxeek elkarrenganako errespetua, aniztasunarekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza sustatuko dituzte, genero berdintasunean arreta berezia jarrita.

2. Ikasle talde bakoitzak tutore bat izanen du eta bere erreferentziazko pertsona izanen da. Tutorea familiekiko harremanaz ez ezik, bere taldean esku hartzen duten gainerako profesionalekiko koordinazioaz ere arduratuko da.

3. Ikasturtean zehar, tutoreak gutxienez bilera bat eginen du guraso eta legezko ordezkari guztiekin, eta banakako beste bat horietako bakoitzarekin.

4. Hirugarren zikloan, tutoreak koordinatuko du hezkuntza orientaziorako eta orientazio akademiko eta profesionalerako elementuak sartzea, horien barne dela, gutxienez ere, ikasketak eta lanbideak deskubritzen joatea eta estereotipo sexistarik gabeko bokazio interesak sortzea.

16. artikulua . Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa.

1. Ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza prozesuaren bilakaeran parte hartu beharko dute eta hura babestu, ikastetxeek ikasleen aurrerabidea errazteko hartzen dituzten laguntza edo errefortzu neurrietan lagunduta.

2. Familiek seme-alaben hezkuntza prozesuan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, ikasleen tutoreek eta gainerako irakasleek haien seme-alaben ikasketen bilakaeraren berri eman behar diete. Horretarako, ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikaslearen ikastetxeko jardueran eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, irakasleek ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute informazio hori.

3. Tutoreak gurasoei edo legezko tutoreei emanen die seme-alaben errendimendu akademikoari buruzko informazioa, gutxienez hiru hilean behin, familiei bidaltzen zaien ebaluazio buletinaren bidez -foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen da-.

4. Idatzizko informazioa osatzeko, elkarrizketa pertsonalak edo taldeko bilerak eginen dira ikasleen gurasoekin edo legezko tutoreekin -foru agindu honen 15.3 artikuluan aipatzen dira bilera horiek-, ikastetxearen eta familiaren arteko komunikazioa errazteko, batez ere ikasleen ikaskuntzaren emaitzak positiboak ez direnean, integrazio sozioedukatiboan arazoak agertzen direnean edo familiek edo irakasleek hala eskatzen dutenean.

17. artikulua . Ebaluazioaren objektibotasuna.

1. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko duten eskubidea bermatuko dute ikastetxeek.

2. Ikasleek ebaluaziorako eta beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objetiboki aitortua izan dadin duten eskubidea bermatzearren, irakasleek, ikasturte hasieran, informazioa emanen diete ikasleen familiei helburuei buruz eta Oinarrizko Hezkuntza bukatutakoan izan behar duten irteera-profilaren funtsezko konpetentziei buruz, kontuan harturik, Lehen Hezkuntza amaitzean, funtsezko konpetentzia horien deskriptore operatiboak, zeinak 67/2022 Foru Dekretuaren I. eranskinean jasota baitaude. Era berean, arlo edo esparru bakoitzeko oinarrizko jakintzei, ebaluazio irizpideei eta konpetentzia espezifikoei buruzko informazioa emanen diete, bai eta kalifikaziorako eta mailaz igotzeko irizpideei buruz ere.

3. Informazio hori ikasturte hasieran eginen den talde bileran emanen da, edo ikastetxeak ezartzen dituen bideen bitartez. Gainera, taldeko tutoreak beharrezko komunikazioa ezarriko du ikasleen gurasoekin eta legezko tutoreekin, ikasle bakoitzaren etengabeko jarraipena bermatzeko.

4. Ikasleen familiek beren seme-alaben ebaluazioari eta maila igoerari buruzko erabakiak ezagutzeko eskubidea izanen dute. Horretarako, irakasleek ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreak eskatutako argibideak emanen dituzte. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.

5. Era berean, familiek dagokien ikaslearen probak, ariketak edo idatzizko lanak eskuratzen ahalko dituzte. Ildo horretan, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute beren seme-alaben ebaluazio prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, etab.) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.

IV. KAPITULUA. EBALUAZIO AGIRIAK

18. artikulua . Ebaluazio agiriak.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazioa agirietan jasoko da.

2. Lehen Hezkuntzako etapako ebaluazio agiriak honako hauek dira:

- Familientzako ebaluazio buletina.

- Amaierako ebaluazioaren akta.

- Gainditu gabekoen ebaluazioaren akta.

- Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

- Ikasketen historia.

- Ikasketa espedientea.

- Etapa amaierako txostena.

Horietatik guztietatik, ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia, etapa amaierako txostena eta lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ebaluazio agiri ofizialak.

3. Ebaluazio dokumentu ofizialetan, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretua aipatu beharko da. Dokumentuek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

4. Ikasketen historia, eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ikasleak lurralde nazional osoan mugitu ahal izatea bermatzeko oinarrizko agiriak, baita ikastetxe berrian ikaskuntza prozesuaren jarraipena izanen dela bermatzeko ere.

5. Artikulu honetako 2. atalean zehaztutako dokumentuez gain, ikastetxeek ikasleen erregistro pertsonalaren laburpena (IEPL) izanen dute, eta, interesdunak eskatuz gero, egindako ikasketen ziurtagiriak ematen ahalko dituzte, egindako arloak eta esparruak eta lortutako kalifikazioak zehaztuta. Ikastetxeko idazkariak sinatuko ditu ziurtagiriak eta zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.

6. Bat etorriz ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluan ezarritakoarekin, ikasketen historiaren eta etapa amaierako txostenaren kopia bidaliko da ikasleak ikasketak jarraituko dituen Bigarren Hezkuntzako ikastetxera, ikastetxeak eskaera egin ostean. Bidalketa ez da zertan egin baldin eta destinoko ikastetxeak bide telematikoak erabiliz eskuratu baditzake agiriok.

7. Ikastetxe bat itxi edo bere jarduna bertan behera geratzen bada, Hezkuntza Departamentuak ebaluazio agiriak lekualdatzeko neurri egokiak hartuko ditu, eta beste ikastetxe publiko bati esleituko dio ixtekoa den ikastetxearen ebaluazio agiri ofizialak zaindu eta gordetzeko zeregina, hura publikoa, pribatua edo pribatu itundua izan.

19. artikulua . Familientzako ebaluazio buletina.

1. Familientzako ebaluazio buletinaren bidez tutoreak informazioa ematen die gurasoei edo legezko tutoreei, hiru hilean behin, beren seme-alaben errendimenduari buruz.

2. Familientzako ebaluazio buletinean, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, honako alderdi hauek aintzat hartuz:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, egiten duen etapa, hizkuntza-eredua, ikasmaila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko datuak hauek dira gutxienez: egungo ebaluazioa, arlo edo esparruen zerrenda eta haien kalifikazioa, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Era berean, hiru hilean behingo ebaluazio bakoitzean, ikasturtean zehar hartutako hezkuntza neurriak jasoko dira, halakorik izan bada. Halaber, ikaskuntza prozesuari buruzko eta ez-bertaratzeen laburpenari buruzko oharrak bilduko ditu, eta, amaierako ebaluazioaren buletina bada, mailaz igotzeari buruzko erabakia eta funtsezko konpetentzia bakoitzaren bereganatze eta garapen maila.

20. artikulua . Amaierako ebaluazioaren akta.

1. Amaierako ebaluazioaren aktak ikasmaila bakoitzerako eginen dira, eta eskolaldia bukatzean itxiko dira.

2. Amaierako ebaluazioaren aktan, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza-eredua, taldea osatzen duten ikasleen zerrenda izenduna, arlo edo esparru bakoitzean amaierako ebaluazioan lortutako kalifikazioak, mailaz igotzeari buruzko erabakia eta funtsezko konpetentzia bakoitzean lortutako bereganatze eta garapen maila.

3. Amaierako ebaluazioaren aktak taldearen irakasle taldeak izenpetuko ditu, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko dute. Sinadura autografoen ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna eta data agertuko dira.

21. artikulua . Gainditu gabekoen ebaluazioaren akta.

1. Gainditu gabekoen ebaluazioaren aktan etapako aurreko ikasmailetan gainditu gabeko arloak edo esparruak dituzten ikasleak izanen dira hizpide, eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikasmailaren azken deialdia egin aurretik itxiko da.

2. Gainditu gabekoen ebaluazioaren aktan jaso beharko dira Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta arloak eta esparruak gainditu gabe dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Gainditu gabeko arloak edo esparruak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, hizkuntza-eredua, ikasleen izen zerrenda eta, ikasle bakoitzari dagokionez, gainditu gabeko arlo edo esparruen zerrenda eta horien kalifikazioa.

3. Gainditu gabekoen ebaluazioaren akta esku hartu duten irakasleek izenpetuko dute, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du. Sinadura autografoen ondoan sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna eta data agertuko dira.

22. artikulua . Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

1. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonalean, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuaren aipamena, jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearen identifikazio datuak eta lekualdaketa gertatu den ikasturteko hiru hilean behingo ebaluazio prozesuari buruzko datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, jaiotza data, jaioterria, zein probintziatan jaio zen eta zein herrialdetan.

c) Unean uneko ikasturteko ebaluazio prozesuari buruzko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapako maila eta hizkuntza-eredua, bai eta egin diren hiru hilean behingo ebaluazioen emaitzak ere, eta, hala badagokio, aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriak eta egokitzat jotzen diren ikaslearen aurrerapen orokorrari buruzko ohar guztiak.

2. Ikasleen mugigarritasuna bermatzearren, zenbait arlo egin badira esparru baten barruan, esparru eta hiruhileko horretan lortutako kalifikazioa jarriko zaio arloetako bakoitzari.

3. Tutoreak izenpetuko du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

23. artikulua . Ikasketen historia.

1. Lehen Hezkuntzako ikasketen historian, ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkariaren izen-deiturak, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

b) Eskolatzearen inguruko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean etaparen zein ikasmaila egin den, hizkuntza-eredua, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arlo edo esparruen zerrenda, eta, kasua bada, atzerriko zein hizkuntzatan egin diren, amaierako ebaluazioaren emaitzak eta gainditu gabe dauden arloak edo esparruak, kalifikazioa eta mailaz igotzeari buruzko erabakia, bai eta erabaki horiek noiz hartu diren ere adierazita.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasleen mugigarritasuna bermatzearren, zenbait arlo egin badira esparru baten barruan, arloetako bakoitzean lortutako amaierako kalifikazioa jasoko da ikasketen historian. Kalifikazio hori dagokion esparruan lortutako bera izanen da.

3. Ikasketen historia gurasoei edo legezko tutoreei emanen zaie Lehen Hezkuntza bukatutakoan.

4. Ikasketen historiak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du, eta egindako ikasketak egiaztatzeko balio izanen du.

24. artikulua . Ikasketa espedientea.

1. Ikasketa espedientean, ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, baita espedientea egin duen ikastetxearen datuak ere, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia eta ikastetxearen herria.

b) Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean etaparen zein ikasmaila egin den, hizkuntza-eredua, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arlo edo esparruen zerrenda eta, kasua bada, atzerriko zein hizkuntzatan egin diren, amaierako ebaluazioaren emaitzak eta gainditu gabe dauden arloak edo esparruak, horien kalifikazioa eta mailaz igotzeari buruzko erabakia adierazita. Esparruak egin direnean, esparru horien barruan egindako arloak adierazi beharko dira. Era berean, hasierako ebaluazioko erabakiak jaso beharko dira, bai eta aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriei buruzko informazioa ere.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasketa espedientea etaparen hasieran irekiko da, edo, hala badagokio, ikastetxera sartzean, eta ikastetxeko idazkaritzari dagokio irekitzea, ikaslea matrikulatu ondoren.

3. Idazkariak izenpetuko du ikasketa espedientea, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

4. Tutorea arduratuko da hartutako erabakiak eta ikasmaila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak ikasketa espedientean erregistratzeaz. Ikastetxeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena arduratuko da gainditu gabeko arlo edo esparruen kalifikazioak erregistratzeaz.

25. artikulua . Etapa amaierako txostena.

1. Ikasleen prestakuntza-prozesuaren jarraipena bermatzeko, ikasle bakoitzak txosten bat jasoko du etaparen bukaeran, bere bilakaerari eta funtsezko konpetentzien garapenari buruzkoa.

2. Horretarako, ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkariaren izen-deiturak, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

b) Eskolatzearen inguruko informazioa osatzen duten datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta ikasturte bakoitzean etaparen zein ikasmaila egin den, hizkuntza-eredua, Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, arlo edo esparruen zerrenda, eta, kasua bada, atzerriko zein hizkuntzatan egin diren, amaierako ebaluazioaren emaitzak eta gainditu gabe dauden arloak edo esparruak, kalifikazioa eta mailaz igotzeari buruzko erabakia, bai eta erabaki horiek noiz hartu diren ere adierazita.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

3. Zenbait arlo egin badira esparru baten barruan, arloetako bakoitzean lortutako amaierako kalifikazioa jasoko da etapa amaierako txostenean. Kalifikazio hori dagokion esparruan lortutako bera izanen da.

4. Etapa amaierako txostena gurasoei edo legezko tutoreei emanen zaie Lehen Hezkuntza bukatutakoan. Ikasleen familiek bide telematikoen bidez lortu badezakete txostena, ez dago zertan eman.

5. Etapa amaierako txostenak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du.

26. artikulua . Ebaluazio agiriak zaintzea eta artxibatzea.

Ikastetxeko idazkaria arduratuko da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeaz eta zaintzeaz. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek gordetzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.

27. artikulua . Benetakotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.

1. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen benetakotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea desagertu edo azkentzen bada.

2. Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. Ebaluazio agiri ofizialak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko ataletan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta ziurtatzen badira haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, eta betetzen badira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta azken hori garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.

4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez ere, ebaluazio agiri ofizialetan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Lehen xedapen gehigarria. Ikasketen parte bat atzerrian egiten deneko ebaluazioa.

1. Ikasleek atzerriko hizkuntza bat ikasteko asmoz beste herrialde batean egonaldi bat egitea da ikasketen parte bat atzerrian egitea.

2. Behin matrikulatuta, Lehen Hezkuntzaren baliokideak diren ikasketak atzerrian egitekoak diren ikasleek beren ikastetxeari eman beharko diote horren berri, eta adierazi ikastetxeak zein izen duen, zer herritan dagoen eta zer herrialdetan. Datu hauek ebaluazio agiri ofizialetan erregistratuko dira behin-behinekoz.

3. Handik bueltan, ikasleak behin-behinekoz erregistratutako informazioa egiaztatu ahal izateko dokumentazioa aurkeztuko dio ikastetxeari, ikastetxeak informazio hori behin betiko bihurtzeko.

4. Ebaluazio partzialetan, atzerriko egonaldiak iraun bitartean, hiru hilean behingo ebaluazioetako arlo edo esparruen kalifikazioen erregistroan IPA sigla jarriko da (ikasketen parte bat atzerrian).

5. Atzerriko egonaldiak ez badu hirugarren ebaluazioa barne hartu, hirugarren ebaluazio horretako eta amaierako ebaluazioaren kalifikazio erregistroa egiteko, arlo edo esparruetako programazio didaktikoetan ezarritakoari begiratuko zaio, bai eta foru agindu honen 11. eta 12. artikuluetan ezarritako kalifikazio eta kategoria eskalei ere, hurrenez hurren. Atzerriko egonaldia egin aurretik, ikasleen familiek behar bezala informatuta egon beharko dute atzerriko egonalditik itzultzean kontuan hartu beharreko ebaluazio prozesuari buruz aipatutako programazioetan jasotzen denaz.

6. Atzerriko egonaldiak barne hartu badu hirugarren ebaluazioa, amaierako ebaluazioaren kalifikazio erregistroa egiteko -hala arlo edo esparruen kalifikaziorako nola funtsezko konpententzien kalifikaziorako-, IPA sigla jartzen ahalko da, edo, bestela, men egin foru agindu honen 11. eta 12. artikuluetan ezarritako kalifikazio eta kategoria eskalei, hurrenez hurren. Hurrengo ikasturtean, oro har, ikaslea hurrengo ikasmailan matrikulatuko da. Dena dela, ikastetxeak, beharrezko hasierako ebaluazioa egin ondoren, eta adina eta bi hezkuntza sistemetan lortutako emaitza akademikoak kontuan harturik, zilegi du matrikula beheragoko ikasmailan egitea.

Bigarren xedapen gehigarria. Erlijio irakaskuntza.

1. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren ebaluazioa etapako gainerako arloetakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu. Gainerako erlijio konfesioen irakaskuntzaren ebaluazioak Estatuarekin izenpetutako hezkuntza arloko lankidetza hitzarmenetan ezarritakoa beteko du.

2. Nolanahi ere, ikasle guztien berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatzeko, Erlijio arloaren ebaluazioan lortutako kalifikazioak ez dira kontatuko ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharreko deialdietan, ez eta, ikasleak onartzeko, espediente horietara jo behar denean ere eskatzaileen artean hautaketa egiteko.

Hirugarren xedapen gehigarria. Adimen gaitasun handiko ikasleentzako malgutasun neurriak.

Adimen gaitasun handiko ikasleentzako malgutasun neurriei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak horretarako ematen dituen jarraibideak bete beharko dira.

Laugarren xedapen gehigarria. Informazio argia eta ulergarria.

Ikastetxeek ikasleen familiei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian eman beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuz.

Bosgarren xedapen gehigarria. Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.

Ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek foru agindu honetan aipatutako ebaluazio dokumentu ofizialetan eskatzen diren datu guztiak erregistratuko dituzte Educa aplikazio informatikoan, Hezkuntza Departamentuak horretarako zehazten duen epean.

Seigarren xedapen gehigarria. Espedienteen arteko lehia Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruan egiten diren deialdi guztietan, ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra badago eta deialdian ez bada zehaztu kalifikazio kualitatiboak kuantitatibo bihurtzeko eskalarik, honako eskala hau izanen da aplikatzekoa: Gutxiegi (3), Nahiko (5), Ongi (6), Oso ongi (7,5) eta Bikain (9).

2. Era berean, aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, oro har, ez dira kontuan hartuko atzerrian egindako ikasmailetan (IPA) lortutako kalifikazioak, hau da, egonaldi horren ondorioz azken ebaluazioan erregistratutakoak , baldin eta kalkulatu badaiteke beste lehia-nota bat, kontuan hartuta dagokion deialdian eskatutako beste ikasmaila batzuetan kalifikazioen arabera lortutako kalifikazioak. Lehia-nota bat kalkulatu ezin bada, kontuan hartu beharreko ikasmailak, dagokion deialdian, IPA siglekin erregistratutako azken kalifikazioak baino ez dituelako, Hezkuntza Departamentuak xedatzen duena beteko da.

3. Ondorio horietarako, "GG" siglak Gutxiegi (3) kalifikazioa izanen du.

4. Foru agindu honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Erlijioaren irakasgaia ez da kontatuko ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra dagoen deialdietan, ez eta ikasleak onartzeko eskatzaileen artean hautaketa egin beharrez ikasketa espedienteetara jo beharra dagoenean ere.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Ebaluazio diagnostikoa.

1. Lehen Hezkuntzako laugarren ikasmailan, ikasleek lortutako konpetentzien ebaluazio diagnostikoa eginen dute ikastetxe guztiek. Ebaluazio hori, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoa, informatzailea, prestakuntzakoa eta orientatzailea izanen da ikastetxeentzat, irakasle, ikasle zein familientzat edo legezko tutoreentzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat. Ebaluazio hori zentsala izanen da, eta haren erreferentzia esparrua, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144.1 artikuluarekin bat ezarritakoa.

2. Aipatutako lege organikoaren 121. artikuluan aipatzen diren hobekuntza planen esparruan, eta ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aztertuta, ikastetxeek jarduketa proposamenak eginen dituzte, horien bidez ikasleek ezarritako konpetentziak lor ditzaten laguntzeko, hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea hobetzeko neurriak hartzeko eta irakaslana orientatzeko.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

1. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuari buruzko aholkuak ematea, prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei hori hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.

2. Bestetik, aipatu zerbitzuak ebaluazio agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Berezitasunak.

Foru agindu honetan ebaluazioari eta mailaz igotzeari dagokienez jaso ez den edozein berezitasun, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak ebatziko dute batera.

Lehen xedapen iragankorra. Funtsezko konpetentzien kalifikazioa, Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. ikasmailetan, 20222023 ikasturtean.

1. 2022-2023 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 2., 4. edo 6. ikasmaila 60/2014 Foru Dekretuan ezarritako curriculumaren arabera egin duten ikasleei dagokienez, aipatutako 60/2014 Foru Dekretuaren 8. artikuluan adierazitako funtsezko konpetentziak kalifikatzeko honako kalifikazio eskala hau hartuko da oinarritzat: "Ez da lortu"; "Lortu da (maila baxua)"; "Lortu da (maila ertaina)"; "Lortu da (maila altua)".

2. Kalifikazio horiek ebaluazio amaierako aktan erregistratu beharko dira.

Bigarren xedapen iragankorra. Erlijio arloa 20222023 ikasturtean.

1. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren ebaluazioa etapako gainerako arloetakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu. Gainerako erlijio konfesioen irakaskuntzaren ebaluazioak Estatuarekin izenpetutako hezkuntza arloko lankidetza hitzarmenetan ezarritakoa beteko du.

2. 2022-2023 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 6. ikasmaila amaitzen duten ikasleen kasuan, etapako ikasmailetan zehar Erlijio arloan lortu duten kalifikazioa aintzat hartuko da ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra dagoen deialdietan.

Hirugarren xedapen iragankorra. 20222023 ikasturteko kalifikazioak erregistratzea.

1. Hiru hilean behingo ebaluazioetako kalifikazioak erregistratzeari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 22ko 72/2014 Foru Aginduaren 8. artikuluan ezarritako kalifikazio eskala aplikatzen ahalko da.

2. Amaierako ebaluazioaren kalifikazioak erregistratzeko, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritako kalifikazio eskalari men egin beharko zaio.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.

1. Indargabeturik geratzen da 72/2014 Foru Agindua, abuztuaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak ebaluatu eta hurrengo mailara pasatzeko arauak ezartzen dituena.

2. Maila bereko edo apalagoko xedapenetan, indargabeturik dago foru agindu honetan ezarritakoaren aurka doan oro.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web