(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

45/2023 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 10EKOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN BATXILERGOAN DIHARDUTEN IKASLEAK EBALUATU, MAILAZ IGO ETA HAIEI TITULUAK EMATEKO ERA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 115 - 02/06/2023



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA


  III. KAPITULUA. TUTORETZA EKINTZA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA


  IV. KAPITULUA. EBALUAZIO DOKUMENTUAK


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Batxilergoko ikasketei dagokienez, lege testu berriak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu hezkuntza etapa horretako curriculum egituran, baita ikasleen ebaluazioari buruzko alderdietan ere.

Batxilergoko gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma arautu du ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu horren 19. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa arautu behar duten printzipio orokorrak jasotzen dira. Era berean, foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenean baimena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari aipatutako foru dekretuan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Hori guztia kontua hartuta, bidezkoa da, hortaz, garatzea ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa, eta arautzea, foru agindu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen helburua da Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat -foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du-.

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta Batxilergoko irakaskuntzak ematen badituzte.

2. artikulua . Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko prozesua aurrera eramateko, ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuan araututako Batxilergoko irakaskuntzen curriculumeko elementuak hartuko dira kontuan, baita etapako irakasgai bakoitzaren programazio didaktikoetan horiei buruz egiten den zehaztapena ere.

2. Ebaluazio prozesuak -irakasleek eginen dute-, ikasleek etaparen ikasmaila bakoitzean ikasitakoa baloratuko du, kontuan izanik noraino bete diren ebaluazio irizpideak eta irakasgai bakoitzaren gaitasun espezifikoak. Ebaluazio irizpide eta gaitasun espezifiko horiek izanen dira erreferentziak etapa horretako irakasgaien kalifikazioa eta gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko.

3. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa jarraitua, hezigarria eta irakasgaien arabera bereizia izanen da, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Etengabea izanen da, ikasturte osoan ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan sistematikoki murgilduta egonen baita, eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratua.

b) Hezigarria izanen da; izan ere, bereganatutako gaitasunak eta ikaskuntzak identifikatuz, irakasleei, ikasleei eta haien familiei etengabeko informazioa emanen die, eta, hala, hezkuntza arloko esku-hartzearen prozesuak eta emaitzak hobetzen lagunduko du.

c) Berezitua izanen da, irakasgai bakoitzeko irakasleak arduratuko baitira ebaluazioa egiteaz. Ebaluazio horretan, irakasgai bakoitzaren gaitasun espezifikoetatik abiatuta, gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehaztuko da, eta, ondorioz, etapako helburuen lorpena.

4. Ikasleei beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko eskubidea bermatuko diete ikastetxeek, foru agindu honen 24. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

5. Etapako helburuak eta gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila lortzeari dagokienez, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Etapako helburuak lortutzat joko dira, baldin eta ikasleak gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu badu.

b) Gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela iritziko da, baldin eta ikasleak irakasgai guztietan kalifikazio positiboa lortu badu.

c) Era berean, irakasgaietako batean kalifikazio positiboa lortu ez arren, gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela iritziko da, baldin eta irakasle taldeak hala erabakitzen badu.

6. Batxilergoko titulua lortzeko proposatutako ikasle orok etapako gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela idatziz jasota eduki beharko du hori eskatzen duen ebaluazio dokumentu bakoitzean, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritako kategorien eskalaren arabera.

3. artikulua . Etapan jarraitzea.

Ikasleek lau urte eman ditzakete Batxilergoa araubide arruntean egiten, jarraian izan edo ez.

II. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA

4. artikulua . Irakasleak eta irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, bertan lanean ari diren irakasle guztien multzoa. Irakasle taldeak batera jardunen du ebaluazio prozesuan, tutorearen koordinaziopean.

2. Irakasgai bakoitzaren ardura duen irakasleak erabakiko du ikasle bakoitzak irakasgai horretan duen kalifikazioa, haren gaitasun espezifikoak ebaluatuz.

3. Gainerako erabakiak, ikasle jakin bati eragiten dioten ebaluazio alderdiei buruzkoak, bere irakasle taldeak adostuta hartuko dira, kontuan izanik irakasgaien ebaluazio irizpideak eta gaitasun espezifikoak izanen direla erreferentziak gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko. Adostasun hori ezinezkoa bada, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horretarako, irakasgai bakoitzeko boto bat emanen da eta boto guztiek pisu bera izanen dute; abstentzioa ez da inola ere onartuko. Berdinketa gertatuz gero, tutorearen kalitateko botoak erabakiko du.

4. Ikastetxeko ikasketa buruak planifikatuko ditu ebaluazio saioak; talde bakoitzeko tutoreak, berriz, saioak zuzenduko ditu eta horien araudia betetzen dela bermatuko du. Era berean, orientazioaren arduradunak, bere eginkizunak betez, saio horiek behar bezala egiteko aholkuak emanen dizkio tutoreari, eta, beharrezkoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak saio horietara joateko eskatzen ahalko dio, dagokion aholkularitza emateko.

5. Nahitaezko ebaluazio saioez gain, talde bakoitzaz arduratzen diren irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste alditan bilduko dira ikasleen bilakaera baloratzeko. Horretarako, ikastetxeko ikasketa buruak deitu beharko du irakasle taldea.

5. artikulua . Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioa.

1. Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioaren helburua honako hau da: irakasleen lanbide garapena eta etengabeko prestakuntza bultzatzea, ikastetxeen kalitatea eta, bereziki, ikasleen ikasketa prozesua hobetzeko funtsezko elementu gisa. Horregatik, ikasleen ikaskuntza prozesuak hezkuntza errealitatearen esparruan aztertzea izanen da erreferentzia nagusia.

2. Batxilergoko ikasketetako irakaskuntza prozesua aztertzeko eta baloratzeko, irakasleek beren hezkuntza praktika bera ebaluatuko dute. Ebaluazio hori egiteko, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuak horretarako ezarritako ebaluazio adierazleak hartuko dira kontuan, gutxienez.

3. Ebaluazioaren emaitzen arabera, beharrezkoa bada, esku-hartze pedagogikoa aldatzea komeni den baloratuko da.

6. artikulua . Hasierako ebaluazioa.

1. Ikastetxeek hasierako ebaluazioa eginen dute, eta hori izanen da irakasle taldearen erreferentzia puntua curriculumaren garapenari buruzko erabakiak hartzeko eta ikasleen ezaugarrietara eta ezagutzetara egokitzeko, baita hezkuntza arloko esku-hartzea behar bezala planifikatzeko ere.

2. Ikasturteko lehen hilabetean, irakasle taldeak, tutorearen koordinaziopean, talde bakoitzeko ikasleen hasierako ebaluazioa eginen du, honako informazio iturri hauek kontuan hartuta:

a) Irakasleek ikasleak zuzenean behatuta jasotako informazioa; eskolak hasten direnetik hasierako ebaluazio saioa egin bitartean jasotakoa, zehazki.

b) Ikasleen gurasoek, legezko tutoreek edo, adin nagusikoak badira, ikasleek beraiek emandako informazioa, halakorik eman badute. Eskola bizitzarako interesgarriak izan daitezkeen txosten mediko, psikologiko, pedagogiko eta sozialekin zabaldu ahal da informazio hori, baita ikasleen hezkuntza prozesua orientatzeko esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoekin ere.

c) Ikastetxeak eskuratzen duen beste edozein informazio akademiko. Ildo horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako orientaziorako aholkuan eta etapa horretako ikasketen historian erregistratutako informazioa Batxilergoko lehen mailako ikasleen hasierako ebaluazioa egiteko datu objektiboa izanen da.

3. Hasierako ebaluazio hori ikastetxera ikasturteko lehen hilabetearen ondoren sartzen diren ikasleei ere egin beharko zaie. Horien kasuan, ikaslea ikastetxera sartzen denetik gehienez hamabost egun balioduneko epean eginen da hasierako ebaluazioa.

4. Hasierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak, behar izanez gero, foru agindu honen 9. artikuluan aipatutako errefortzuko hezkuntza neurriak hartuko ditu (HE, HE-SCE, HE-CA), ikasleak irakasgai bakoitzean behar bezala aurrera egitea ziurtatzeko. Ez badira beharrezkoak, "EB" terminoa (ez ditu behar) jarriko da. Hartutako erabakiak une horretatik aurrera aplikatu beharko dira hiru hilean behingo lehen ebaluazio osoan, eta ikasketa espedientean erregistratuko dira -foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen da ikasketa espedientea-. Tutoreak hezkuntza neurriak aplikatzen zaizkien ikasleen familiei horien berri eman beharko die.

7. artikulua . Etengabeko ebaluazioa eta errekuperazioa.

1. Etapa osoan ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraipena errazteko, ikasturte osoan, modu jarraituan, irakasleek informazioa jasoko dute behaketa sistematikoaren bidez, lanak, jarduerak eta proba espezifikoak baloratuz eta erabili diren edozein motatako ebaluazio tresnen bidez.

2. Hasierako ebaluazioaz gain, hiru ebaluazio partzial ere eginen dira, bat hiruhileko bakoitzeko. Horietako bakoitzak bere ebaluazio saioak izanen ditu, tutoreak koordinatuak, zeintzuetan taldeari irakasgaiak ematen dizkioten irakasleek hartuko baitute parte.

3. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eginen da. Hezkuntza errefortzuko neurriei eragiten dieten erabakien kasuan, neurri horiek mantentzea edo ezabatzea egokia den ebatziko da, baita neurri berriak hartzea komeni den ere.

4. Etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak erabakiko du ikasleei bere irakasgaian zer kalifikazio jarri, eta, beharrezkoa bada, ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak eginen ditu. Ebaluazio partzialari edo hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa ikasketa espedientean jasoko da -foru agindu honetako IV. kapituluan aipatzen da espediente hori-, tutorearen ardurapean.

5. Ebaluazio saio bakoitza bukatutakoan, tutoreak idatziz adieraziko die gurasoei eta legezko ordezkariei zein den seme-alaben errendimendua, edo ikasleari berari, adin nagusikoa bada, dela idatziz, dela EDUCA edo beste plataforma informatiko batzuen bitartez, familiei igorri beharreko ebaluazio buletinaren bidez -foru agindu honetako IV. kapituluan aipatzen da buletina-. Informazio hori osatzeko, ikasleen gurasoekin, legezko tutoreekin edo, adin nagusikoak izanez gero, ikasleekin beraiekin banakako elkarrizketa bat egin beharko da gutxienez, ikasturte bakoitzeko.

6. Irakasgai guztiek errekuperazioa egiteko tresnak izanen dituzte, amaierako ebaluazio arruntetik eta berezitik aparte, salbu eta hirugarren ebaluazioko errekuperazioen kasuan; izan ere, ikastetxeek amaierako ebaluazio arruntean egiten ahalko dituzte errekuperazio horiek. Horretarako, irakasleek, koordinazio didaktikoaren departamentuko buruak koordinatuta, programazio didaktikoetan jaso beharko dute nola errekuperatu behar diren hiru hilabetean behingo ebaluazio bakoitzean gainditu gabe gelditzen diren curriculumeko elementu ebaluagarriak. Ikasleak ikaskuntza prozesuaren ebaluazioan kalifikazio negatiboa lortzen duenean gauzatuko da errekuperazio prozesua.

8. artikulua . Ikasturte amaierako ebaluazioa.

1. Ikasturte bakoitzean, hasierako ebaluazio saioaz eta hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioez gainera, bi amaierako ebaluazio saio izanen dira: ohiko bat, eta, beharrezkoa bada, berezi bat. Amaierako ebaluazioan, irakasgai bakoitzaren ikasturte osoko ebaluazio prozesuaren laburpen baloratiboa eginen da. Hirugarren hiruhilekoko ebaluazio saioa amaierako ebaluazio arruntarekin batera egin daiteke.

2. Hiru hilean behingo ebaluazioetan erdietsi gabeko alderdiak gainditzeko, amaierako ebaluazioan, hala ohikoan nola berezian, alderdi horiek gainditzeko probak edo lanak eginen dira.

3. Amaierako ebaluazio arruntaren saioan, irakasgai bakoitzaz arduratzen diren irakasleek irakasgai horietan ikasleei eman dizkieten kalifikazioak erregistratuko dira. Era berean, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, irakasle taldeak batera zehaztuko du gako-gaitasun bakoitzeko bereganatze eta garapen maila. Amaierako ebaluazio arrunt horretan irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleen kasuan baino ez da eginen zehaztapen hori.

Ebaluazio horren akta behar bezala bete ondoren, ebaluazioa itxi eginen da. Amaierako ebaluazio arruntean irakasgairen batean kalifikazio negatiboa jaso duten ikasleek irakasgai horien amaierako ebaluazio berezira aurkeztu beharko dute.

4. Amaierako ebaluazio bereziaren saioan, irakasgai bakoitzaz arduratzen diren irakasleek irakasgai horietan ikasleei eman dizkieten kalifikazioak erregistratuko dira. Era berean, foru agindu honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, irakasle taldeak batera zehaztuko du gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila, gainditu gabe geratu den irakasgai kopurua alde batera utzita.

Ebaluazio horren akta behar bezala bete ondoren, ebaluazioa itxi eginen da.

5. Ikasle bat amaierako ebaluazio berezira aurkezten ez bada, "ez aurkeztua" (EA) jarriko da irakasgai horretan. Ondorio guztietarako, "EA" kalifikazioa negatiboa izanen da.

6. Lehenengo mailako gainditu gabeko irakasgaiak dituzten bigarren mailako ikasleei irakasgai horiek ebaluatuko zaizkie amaierako ebaluazio arrunta -eta, beharrezkoa bada, amaierako ebaluazio berezia- egin aurretik. Kalifikazio horiek gainditu gabeko irakasgaien amaierako ebaluazio arrunteko aktan jasoko dira, edo, hala badagokie, gainditu gabeko irakasgaien amaierako ebaluazio bereziko aktan. Akta horiek dagokion ikasturteko amaierako ebaluazio arrunteko akten eta ebaluazio bereziko akten aurretik itxiko dira, hurrenez hurren.

7. Aktak itxi ondoren, edozein aldaketa egin behar izanez gero, dagokion administrazio eginbidearen bidez eginen da.

9. artikulua . Banako desberdintasunei arreta jartzea.

1. Ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte ohiko arretaz bestelakoa behar duten ikasleek etaparako ezarritako helburuak lortu eta dagozkien gako-gaitasunak bereganatu ahal izatea ziurtatzeko. Nolanahi ere, ikaslea matrikulatuta dagoen ikasturterako ezarritako ebaluazio irizpideak izanen dira ebaluazio erreferentziak. Ikasle horiei eman beharreko arreta normalizazio eta inklusio printzipioek gidatuko dute.

2. Horretarako, aniztasunari arreta emateko honako neurri hauek ezarri beharko dira:

a) Hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE): hainbat arrazoi direla medio, ikasketa prozesuarekin jarraitzeko, edozein irakasgaitako curriculumeko elementu guztietan edo batzuetan ohikoa ez den hezkuntza arreta behar duten ikasleei zuzendutako neurria da hezkuntza laguntza edo errefortzua.

b) Sartzeko curriculum egokitzapenak barne dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-SCE): ohikoak ez bestelako baliabide materialak eta sarbide baliabideak behar dituzten ikasleei zuzendutako neurria da sartzeko curriculum egokitzapenak barne hartzen dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua. Entzumen, ikusmen edo motrizitate arazo larrien edo bestelako edozein desgaitasunen ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aplikatu beharko zaie bereziki neurri hori.

c) Curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-CA): adimen gaitasun handiko ikasleei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko zuzendutako neurria da curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua.

3. Aipatutako hezkuntza neurriak curriculuma malgutzeko eta alternatiba metodologikoak emateko printzipioan oinarrituko dira, eta Atzerriko Hizkuntza eta Gorputz Hezkuntza irakasgaietan arreta berezia jarriko zaie.

4. Ebaluazioei dagokienez, ebaluazioak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen beharretara egokitu beharko dira, eta, horretarako, ikastetxeek neurri egokienak ezarriko dituzte. Ildo horretan, deitzen diren berariazko probetan, tresnak egokituko dira, baita, behar denean, denborak eta laguntzak ere, ikasle horien ebaluazioa ongi eginen dela bermatzeko.

5. Era berean, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek, behar izanez gero, foru agindu honen zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari heltzen ahalko diote.

6. Era berean, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek, etapako ikasturte bat edo biak egiteko, bakoitzaren matrikula bi irakasgai multzotan zatitzen ahalko dute, eta horiek urte akademiko desberdinetan eginen dituzte. Neurri hau, halaber, behar bezala frogatutako osasun arazo larriak dituzten ikasleei aplikatzen ahal zaie. Horretarako, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Neurri horri heldu nahi dioten ikasleek edo, adingabeak badira, haien gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari eskatu beharko diote, dagozkion osasun agiriak erantsita, osasun arazo larrien kasu guztietan.

b) Ikastetxeko zuzendariak dagokion proposamena bidali beharko dio Ikasketak Antolatzeko Atalari, neurri hori hartzeko arrazoia justifikatuz.

c) Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunak ebatziko du, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak egindako txostenari jarraituz. Txosten hori Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztutako txostenetan oinarrituko da.

7. Ikastetxe batean aldi baterako ospitaleko hezkuntza arreta, etxeko arreta edo ohikoa ez bestelako hezkuntza arreta behar duen ikasleren bat matrikulatuta badago, irakasle taldeak, ikasle horiei arreta ematen dieten irakasleekin koordinatuta, haiek ebaluatzeko prozesurako behar diren prozedurak ezarriko dituzte.

10. artikulua . Irakasgaien kalifikazio eskala.

1. Kalifikazioa honako hau da: ebaluazio prozesuan lortutako ebidentzietan oinarrituz ikasleei eskala baten barruan kategoria bat esleitzeko egintza.

2. Irakasgaien ebaluazioaren emaitzak, bai hiru hilean behingo ebaluazioetan bai amaierako ebaluazioetan, zenbakizko kalifikazio baten bidez adieraziko dira, hamartarrik gabe, 0tik 10erako eskalan, 0 kalifikazio txikiena izanik eta 10 handiena. Horretarako, koordinazio didaktikoko departamentu bakoitzeko kideek adostutako kalifikazio irizpideak hartu beharko dira kontuan, irakasgai bakoitzean kalifikazio prozedura homogeneo bat erabiltzea ziurtatzeko.

3. Negatiboak izanen dira 5etik beherako kalifikazioak eta positiboak gainerakoak.

4. Ikasle batek irakasgairen baten amaierako ebaluazio arruntean ez badu kalifikazio positiboa lortzen eta ez bada aparteko deialdiko probara aurkezten, "EA" (ez aurkeztua) jarriko zaio, eta kalifikazio negatibotzat hartuko da ondorio guztietarako. Ikasturteren bateko batez besteko nota kalkulatu behar izanez gero, ohiko deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan.

5. Hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioetako bakoitzean, irakasgai bakoitzeko kalifikazioekin batera, dagokion ebaluazioan ezarri den hezkuntza errefortzu neurria (HE, HE-SCE, RE-CA) erregistratuko da, halakorik egin bada. Neurri horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak murrizteko, eta ez dira idatziz jaso beharko amaierako ebaluazio arruntaren aktetan edo, hala badagokio, berezietan.

11. artikulua . Gakogaitasunen bereganatze eta garapen maila.

1. Irakasgai bakoitzeko gaitasun espezifikoen ebaluazioak, gainerako irakasgaietakoekin batera, gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko balioko du.

2. Horretarako, irakasleek ebaluazio prozesuan bildutako ebidentzietatik abiatuta, eta Hezkuntza Departamentuak horri buruz xedatzen duena aintzat hartuta, baita ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak (KPB) ezartzen dituen parametroak ere, halakorik egiten badu, irakasle taldeak erabakiko du, dagokion eztabaidaren ondoren, ikasle bakoitzaren gako-gaitasun bakoitzari esleitu beharreko kategoria, kontuan hartuta, kategoria hori esleitzeko tartean dauden ezaugarri bereziko beste irakasgai batzuk ere, halakorik badago. Irakasgai horien artean, ikastetxeak diseinatutakoak, beste hizkuntza batzuetan emandakoak eta, curriculuma irakasteko erabilitako metodologiaren arabera etapako gako-gaitasunen batekin lotura izan dezaketen beste batzuk egonen dira.

3. Gako-gaitasunen bereganatze eta garapen mailaren ebaluazioaren emaitzak honako kategoria eskala honen arabera adieraziko dira:

a) "Ez da lortu".

b) "Lortu da (maila baxua)".

c) "Lortu da (maila ertaina)".

d) "Lortu da (maila altua)".

b), c) eta d) letretan zerrendatutako kategoriek zehaztuko dute ikasleak gako-gaitasunetan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duen.

4. Esleitzen diren kategoriak dagozkien ebaluazio aktetan jaso beharko dira. Hori amaierako ebaluazio arruntaren aktetan jaso beharko da, ikasleak ebaluazio horretan irakasgai guztiak gainditu baditu. Irakasgai guztiak gainditu ez badira, amaierako ebaluazio bereziaren aktan idatziz jaso beharko da, irakasgaietan lortutako kalifikazioak gorabehera.

5. Aurreko apartatuan aipatzen den aktetan jasotzeko behar hori etapako bi ikasturteei dagokie, baina bakoitzean dagokion ikasturtean emandako irakasgaien ebaluazio irizpideak eta horien gaitasun espezifikoen ebaluazioa hartu beharko dira kontuan.

12. artikulua . Mailaz igotzea.

1. Lehen mailako amaierako ebaluazio arruntaren saioan, irakasle taldeak lehen ikasmailako irakasgai guzti-guztiak gainditu dituzten ikasleak bigarren mailara igoko ditu, ez beste inor.

2. Lehen mailako amaierako ebaluazio bereziaren saioan, irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleak, edo, gehienez, bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa dutenak hurrengo mailara igoko dira, gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila edozein dela ere.

3. Irakasgai guztiak gainditu gabe bigarren mailara igotzen direnek lehen mailan gainditu ez dituzten irakasgaietan ere matrikulatu beharko dute; irakasgai horiek gainditu gabekotzat joko dira. Koordinazio didaktikoko departamentuek gainditzeke dauden irakasgaien ebaluazio prozesua eta horiek errekuperatzeko jarduerak antolatuko dituzte. Oro har, bigarren mailako irakasleek ebaluatuko dituzte ikasleek gainditu gabe dituzten irakasgaiak, baldin eta horiek jarraitutasuna badakarte foru agindu honen I. eranskinean ezarritakoa aplikatuz. Gainerako kasuetan, gainditu gabeko irakasgaien ebaluazioa dagokion koordinazio didaktikoko departamentuak izendatutako irakaslearen ardura izanen da.

4. Bigarren mailara igotzeko baldintzak betetzen ez direnean, ikasleak beste urte bat emanen du lehen mailan, eta berriz matrikulatuko da ikasmaila horretako irakasgai guztietan.

5. Ikasleek maila bera behar adina aldiz egiten ahalko dute, mailaz igotzeko eta/edo titulatzeko baldintzak aplikatuz, betiere foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa errespetatuz.

13. artikulua . Bigarren mailan beste urte bat ematea.

1. Bigarren ikasturtea amaitzean, foru agindu honetako 15. artikuluko 2. apartatuan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik titulurako proposatu ez diren ikasleak kalifikazio negatiboko irakasgaietan matrikulatzen ahalko dira, gainditutako irakasgaiak berriro egin behar izan gabe, betiere foru agindu honetako 3. artikuluan ezarritako iraupena errespetatuz.

2. Nolanahi ere, gainditu gabeko irakasgai guztietan matrikulatzeaz gain, aukera izanen du, berriz ere, Batxilergoko bigarren mailan gainditutako beste batzuetan ere matrikulatzeko, eta irakasgai horietan aurretik lortutako nota mantenduko da gutxienez ere.

3. Gainditutako irakasgaietan berriz matrikulatuz gero, honako hau hartu beharko da kontuan:

a) Matrikulatuz gero, ohiko deialdian soilik izanen dute nota hobetzeko aukera; ikasle horiek ez dute aparteko deialdian parte hartzen ahalko.

b) Aurretik aipatutako ohiko deialdian, berriz egiten ari diren irakasgaietan lortutako azken kalifikazioa agertu beharko da nahitaez.

c) Kalifikazio berria ebaluazio dokumentuetan erregistratuko da, eta, ondoan, "NH" sigla (nota hobetu).

d) Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko, irakasgai horietako bakoitzean urte akademiko ezberdinetan lortutakoen artean amaierako notarik altuena hartuko da kontuan.

14. artikulua . Batxilergoko irakasgaien arteko jarraitutasuna.

1. Foru agindu honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera, bigarren mailako irakasgai jakin batzuk gainditzeko, lehen mailako irakasgaiak egin eta gaindituta eduki beharko dira, jarraitutasuna dakartelako.

2. Hala ere, modalitate edo bide beraren barruan, ikasleak bigarren mailako irakasgaian matrikulatzen ahalko dira lehen mailako irakasgaia egin gabe, baldin eta irakasgaia ematen duten irakasleek uste badute bigarren mailako irakasgaia probetxuz jarraitu ahal izateko beharrezko baldintzak betetzen dituztela, koordinazio didaktikoko dagokion departamentuak ezartzen dituen jarraibideen arabera. Horretarako, departamentuek diseinatutako maila probak barne hartzen ahalko dira.

3. Ikasleak matrikulatu aurretik, dagokion didaktika departamentuko buruak ikaslearen eskaera baietsi edo ezetsiko duen adierazten duen txosten bat egin beharko du. Txosten hori egindakoan, honako aukera hauek izanen dira:

a) Txostena baiestekoa bada, ikasleak bigarren mailako irakasgaian matrikulatu beharko du, lehen mailako irakasgaia inola ere egin behar izan gabe, eta, beraz, ez du horretan matrikulatu beharko.

b) Txostena ezestekoa bada, ikasleak bi aukera izanen ditu: ez egitea erabaki, eta, ondorioz, dagokion bigarren mailako irakasgaian matrikulatzeko aukera baztertu, edo egin, gainditu gabeko irakasgai gisa. Hala ere, horrek ez ditu bigarren mailara igotzeko baldintzak aldatuko. Ikasleak irakasgaia egitea erabakitzen badu, horren amaierako kalifikazioa lehen mailako gainditu gabekoen ebaluazio arrunteko aktan agertu beharko da. Amaierako kalifikazio hori negatiboa bada, ikasleak gainditu gabekoen aparteko deialdira aurkeztu beharko du, eta lortutako kalifikazioa gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren aktan agertuko da. Amaierako kalifikazio hori kontuan hartuko da Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko.

4. Lehen mailako irakasgaia egin eta bigarren mailako irakasgaia ezin bada kalifikatu lehen mailakoa ez gainditzeagatik, amaierako ohiko deialdiko aktan, eta, hala badagokio, aparteko deialdikoan, bigarren mailako irakasgaian "GGP" siglak agertuko dira (gainditu gabe progresiboa delako). Ondorio guztietarako, "GGP" kalifikazioa negatiboa izanen da. Aurrekoa gorabehera, irakasgai horretako gaitasun espezifikoez egiten den ebaluazioak, gainerako irakasgaietakoak bezala, gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko balioko du.

5. Ondorio guztietarako, ikastetxeek diseinatutako irakasgaiak ez dira, inola ere, eduki progresiboko irakasgaitzat hartuko.

15. artikulua . Batxilergoko titulua eta batez besteko nota.

1. Gako-gaitasun eta etaparako ezarritako helburu guztietan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu dela egiaztatzen du Batxilergoko tituluak.

2. Batxilergoko titulua lortzeko proposatutako ikasle guztiek honako bi baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Etapako irakasgai guztiak gaindituta izatea edo, salbuespen gisa, artikulu honetako 6. apartatuan jasotako baldintzekin bat etorriz, irakasgai bat izan ezik beste guztiak gaindituta izatea.

b) Gako-gaitasun guztietan eta etaparako ezarritako helburuetan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu izana.

Lehen aipatutako baldintza bikoitza kontuan hartuta, bi irakasgai edo gehiagotan kalifikazio negatiboa duten ikasleak ez dira titulua lortzeko proposatzen ahalko, gako-gaitasunetan duten bereganatze eta garapen maila zeinahi delarik ere.

3. Modalitate jakin batean Batxilergoko titulua lortzeko, modalitate horretako bi ikasmailetako irakasgai guztietan ebaluazio positiboa eduki beharko da, edo, bestela, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 26ko 67/2022 Foru Aginduaren eranskinetan xedatutakoa bete beharko da -agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Batxilergoko irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dira-.

4. Batxilergoko titulua lortzeko proposatutako ikasle orok etapako gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela idatziz jasota eduki beharko du hori eskatzen duen ebaluazio dokumentu bakoitzean, foru agindu honen 11. artikuluan aipatutako kategorien arabera.

5. Batxilergoko tituluaren batez besteko nota zehazteko, modalitate horretako irakasgai guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da, edo, hala badagokio, bideko irakasgaiena, Erlijio irakasgaia ere barne hartuz, berau egin bada, eta hurbilen dagoen ehunenera biribilduko da; distantziak berdinak izanez gero, gora. Hala ere, berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia dagoenean.

Modalitatea edo bidea aldatu bada, foru agindu honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da batez besteko nota.

Helduentzako Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako batez besteko nota foru agindu honen bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.

6. Salbuespen gisa, amaierako ebaluazio bereziaren saioan, irakasle taldeak proposatu dezake irakasgai bat izan ezik gainerako guztiak gainditu dituen ikasle batek Batxilergoko titulua lortzea, baldin eta honako baldintza hauek guztiak betetzen badira:

a) Irakasle taldearen ustez ikasleak etapako helburuak eta gako-gaitasun guztiak lortu izana.

b) Ikasleak irakasgaiko eskoletan etengabe huts egin ez izana arrazoi justifikaturik gabe.

c) Ikaslea probetara aurkeztu izana eta irakasgaiaren ebaluaziorako beharrezkoak diren jarduerak eginak izatea, aparteko deialdikoak barne.

d) Etapako irakasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa bost edo handiagoa izatea. Kasu horretan, etaparen amaierako kalifikazioa kalkulatzeko, gainditu gabeko irakasgaian lortutako zenbakizko nota hartuko da kontuan.

7. Batxilergoko titulua bakarra izanen da, eta egindako modalitatea eta lortutako batez besteko nota adieraziko dira.

16. artikulua . Modalitateko edo bideko irakasgaiak aldatzea.

1. Ikasturte berriko matrikula egitean, modalitateko irakasgai espezifikoetan edo hautazko irakasgaietan amaierako kalifikazio negatiboa izan duten ikasleek aukera izanen dute irakasgai horien ordez izaera bereko beste batzuk hartzeko, eta, kasu horretan, aurrekoak baliorik gabe geratuko dira.

2. Aldaketa horrek aurreko ezagutzak izatea eskatzen duen eduki progresiboko irakasgai batean matrikulatzea badakar, ikasle horiei foru agindu honen 14. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

17. artikulua . Modalitatea edo bidea aldatzea.

1. Oro har, ikasleek Batxilergoko modalitatea edo, hala badagokio, bidea aldatzen ahalko dute ikasturte berri bateko matrikula formalizatzean. Ikastetxeak aurkezten duen hezkuntza eskaintza kontuan hartuz egin daiteke aldaketa hori, eta lehen maila osorik errepikatzean eginen da, edo lehen mailatik bigarrenera igarotzean, edo bigarren mailan beste urte bat ematean.

2. Salbuespenez, eta epe horren osagarri gisa, ikasleek ikasturteko lehenengo hiruhilekoan modalitatea edo bidea aldatzen ahalko dute, gehienez ere urriaren 15era arte, betiere, aldaketa horren ondorioz ez bada gorabeherarik sortzen Hezkuntza Departamentuak ikasturterako aurrez ezarritako hezkuntza plangintzan.

3. Lehen maila osorik errepikatzean modalitatea edo, hala badagokio, bidea aldatzen duten ikasleek berriz ere lehen mailako irakasgai guztietan matrikulatu beharko dute modalitate berrian edo, hala badagokio, bide berrian.

4. Modalitatea edo bidea bigarren mailara igotzean aldatzen bada, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Ikasleek bigarren mailako irakasgai komun guztiak egin beharko dituzte, eta, hala badagokio, lehen mailako gainditu gabeko irakasgai komunak.

b) Ikasleek modalitate edo bide berriko irakasgai espezifikoak egin beharko dituzte, bai lehen mailakoak, bai bigarrenekoak, honako hauek salbu: bi modalitate edo bideetan emanik lehen ikasturtean gainditu direnak, zein ordutegitan egin diren -modalitateko irakasgai espezifikoen ordutegian edo hautazko irakasgaien ordutegian- kontuan hartu gabe. Era berean, Matematika I egin eta gainditu bada, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I egitetik salbuetsiko dira.

c) Era berean, ikasleek etapa amaitzen dutenean lehen mailako hautazko bi irakasgai eginda eduki beharko dituzte, hautazko bloke bakoitzeko bat, eta bigarren mailako bat, honako hau kontuan hartuta:

- Bertan behera utzitako modalitatean egin eta gainditutako zeinahi irakasgai espezifiko hautazko ordutegian erabiltzen ahalko da, bai bigarren mailakoan, bai, hala badagokio, lehen mailakoan.

- Bertan behera utzitako modalitatearen hautazko espazioko bloke jakin batean egin eta gainditutako zeinahi irakasgai modalitate berriaren lehen mailako dagokion blokean erabiltzen ahalko da.

d) Ikasleak egin beharreko lehen mailako irakasgai berriak ez dira kontuan hartuko jadanik lortu den maila igoeraren ondorioetarako, eta gainditu gabeko irakasgaitzat hartuko dira.

5. Modalitatea edo bidea bigarren mailan beste urte bat ematean aldatzen bada, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Ikasleek bigarren mailako gainditu gabeko irakasgai komun guztiak egin beharko dituzte, eta, hala badagokie, lehen mailako gainditu gabeko irakasgai komunak.

b) Ikasleek modalitate edo bide berriko irakasgai espezifikoak egin beharko dituzte, bai lehen mailakoak, bai bigarrenekoak, honako hauek salbu: bi modalitate edo bideetan emanik etapan zehar gainditu direnak, zein ordutegitan egin diren -modalitateko irakasgai espezifikoen ordutegian edo hautazko irakasgaien ordutegian- kontuan hartu gabe. Era berean, Matematika I egin eta gainditu bada, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I egitetik salbuetsiko dira.

c) Era berean, ikasleek etapa amaitzen dutenean lehen mailako hautazko bi irakasgai eginda eduki beharko dituzte, hautazko bloke bakoitzeko bat, eta bigarren mailako bat, honako hau kontuan hartuta:

- Bertan behera utzitako modalitatean egin eta gainditutako zeinahi irakasgai espezifiko hautazko ordutegian erabiltzen ahalko da, bai bigarren mailakoan, bai, hala badagokio, lehen mailakoan.

- Bertan behera utzitako modalitatearen hautazko espazioko ikasturte eta bloke jakin batean ikasi eta gainditutako zeinahi irakasgai modalitate berriaren dagokion ikasturte eta blokean erabiltzen ahalko da.

6. Modalitatea edo bidea aldatzearen ondorioz, ikasketa planari gehitu beharreko lehenengo mailako eduki progresiboko irakasgaiak foru agindu honen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera gainditzen ahalko dira.

7. Foru agindu honen 15.5 artikuluan aipatzen den batez besteko nota kalkulatzeko, gainera, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Irakasgai komunak eta hautazkoak hartuko dira kontuan, baita ikasleek amaitutako Batxilergoko ikasketei dagokien modalitateko edo bideko irakasgai espezifikoak ere, eta, hala badagokio, Erlijioa irakasgaia.

b) Modalitate edo bide aldaketa aplikatzearen ondorioz modalitate edo bide horretan ikasketak amaitzeko beharrezko irakasgaien kopurua gainditzen duten irakasgai guztiak baztertu eginen dira batez besteko nota kalkulatzerakoan.

18. artikulua . Batxilergoko titulua beste ikasketa batzuetatik lortzea.

1. Lanbide Heziketako teknikari titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua eskuratzen ahalko dute modalitate Orokorrean, irakasgai komunak gaindituta.

2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortzen ahalko dute Arteen modalitatean, irakasgai komunak gaindituta.

3. Musika edo Dantzako lanbide ikasketak eta irakasgai komunak gainditu dituztenek ere lortzen ahalko dute Batxilergoko titulua Arteen modalitatean.

4. Ikasle horien Batxilergoko tituluan ageri den nota ponderazio hau eginez aterako da:

a) Batxilergoko irakasgai komunetan lortutako kalifikazioen batez bestekoaren % 60.

b) Titulua lortzeko erabiltzen diren ikasketetan lortutako batez besteko notaren % 40, irakaskuntza horiek antolatzeko errege dekretuetan ezarritakoaren arabera kalkulatuta.

19. artikulua . Ohorezko aipamena eta ohorezko matrikula.

1. Ikasturte bakoitzaren amaieran, irakasgaiko irakasleak ohorezko aipamena ematen ahalko die irakasgaiaren amaierako ebaluazio arruntean 10 kalifikazioa lortu duten, eta, aprobetxamendu akademiko bikaina erakusteaz gain, irakasgaiarekiko ahalegina eta interesa adierazi duten ikasleei. Aipamen hori ebaluazio dokumentuetan jasoko da, 10 kalifikazioaren ondoan "OM" sigla jarriz.

2. Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ohorezko matrikula lortzeko proposatuko dira, honako baldintza hauek guztiak betetzen badituzte:

a) Batxilergoko ikasturte bakoitzaren amaierako ebaluazio arruntean irakasgai guztiak gainditu izana.

b) Batxilergoko bigarren maila urte akademiko bakarrean egin izana.

c) Etapan lortutako batez besteko nota 9 edo handiagoa izatea.

3. Hizkuntza eredu bakoitzeko (D, G/A) modalitate bakoitzean ohorezko matrikula bat ematen ahalko da 25 ikasleko edo frakzioko.

4. Horren arabera, modalitate bakoitzean, etapako batez besteko notaren beheranzko ordenan esleituko dira ohorezko matrikulak. Bi ikaslek edo gehiagok batez besteko nota bera lortzen badute eta esleitu beharreko ohorezko matrikulen kopurua ikasle horien kopurua baino txikiagoa bada, honako lehentasun ordena hau hartuko da kontuan berdinketa hausteko:

a) Bigarren mailako irakasgai komunetan batez besteko handiena izatea, ehunen hurbilenera biribilduta, eta goitik eta behetik distantzia bera baldin badago, gora.

b) Lehen mailako irakasgai komunetan batez besteko handiena izatea, ehunen hurbilenera biribilduta, eta goitik eta behetik distantzia bera baldin badago, goikora.

c) 10 kalifikazioa duten bigarren mailako irakasgai komunen kopuru handiena izatea.

d) 10 kalifikazioa duten lehen mailako irakasgai komunen kopuru handiena izatea.

e) Berdinduta jarraituz gero, zozketa bidez ebatziko da.

5. Modalitate jakin batean esleitu beharreko ohorezko matrikulen kopurua handiagoa bada artikulu honetako 2. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten hautagaien kopurua baino, soberan dauden ohorezko matrikulak hizkuntza eredu bereko gainerako modalitateen artean banatuko dira, banaka. Gainerako modalitateetan banatzeko ordena bigarren mailan matrikulatutako ikasle kopuru handiena dutenen araberakoa izanen da. Soberako ohorezko matrikulak har ditzaketen modalitateek bigarren mailan matrikulatutako ikasle kopuru bera badute, eta soberako matrikulen kopurua modalitate hartzaileena baino txikiagoa bada, artikulu honetako 4. apartatuan ezarritako ordenaren arabera eginen da esleipena.

6. Ohorezko matrikularen lorpena ikasleen ebaluazio dokumentuetan jasoko da.

7. Artikulu honetan xedatutakoa Batxilergoko titulua beste ikasketa batzuetatik lortu duten ikasleei ere aplikatuko zaie -foru agindu honen 18. artikuluan aipatzen dira-. Ikasle horiek, aipatutako artikuluan xedatutakoaren arabera, Batxilergoko ikasketetarako sarbidea eman dieten ikasketen arabera dagokien modalitatean titulatuko dira.

20. artikulua . Matrikula deuseztatzea.

1. Batxilergoan diharduten ikasleen gurasoek, legezko tutoreek edo, adin nagusikoak izanez gero, ikasleek beraiek dagokien matrikula deuseztatzeko eskatzen ahalko diote ikasketa espedientea jasota dagoen ikastetxeko zuzendaritzari, baldin eta agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatzen badute honako egoera hauetakoren batean daudela:

a) Eritasun fisiko nahiz psikiko luze bat eduki izana.

b) Lanpostu bat eskuratu izana.

c) Familia arloko betebeharrak.

d) Aparteko beste inguruabar batzuk.

2. Eskaerak apirilaren 30a baino lehen egin behar dira, eta, beharrezkoa bada, taldeko irakasleei entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak ebatziko ditu. Zuzendariak gehienez bost egun balioduneko epean baimenduko du matrikula deuseztatzea, baldin frogatzen bada aurreko apartatuan aipatutako egoeraren batean dagoela eta horrek ikasketetan normal aritzea eragozten badio.

3. Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio dokumentuetan jasoko da, eta baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen du eragina deuseztatze horrek. Kasu horretan, ikasturte hori ez da kontuan hartuko iraupena kalkulatzeko, eta ikastetxe berean hurrengo ikasturterako plaza gordetzeko eskubideari eutsiko dio. Plaza gordetzeko eskubide hori gauzatzeko, hurrengo ikasturtean berriro matrikulatu beharko du.

21. artikulua . Ikasleak ikastetxez aldatzea.

1. Ikasle bat etapa bukatu aurretik beste ikastetxe batera joanez gero, jatorrizko ikastetxeak helmugakoari lekualdatzeagatiko txosten pertsonala bidali behar dio, azken horrek eskatuta, eta, horrekin batera, ikasketen historiaren kopia bat -ebaluazio dokumentu horiek foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen dira-. Ikastetxe hartzaileak dagokion ikasketa espedientea irekiko du, eta matrikulazioa behin betiko bihurtuko da ikasketen historiaren kopia jasotakoan.

2. Ez da beharrezkoa izanen artikulu honetan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko eta helmugako ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.

3. Ikasle bat beste ikastetxe batetik lekualdatuz gero, honako inguruabar hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Lekualdaketa egitean ikasturtea hasita badago, ikaslearen matrikula helmugako ikastetxearen hezkuntza eskaintzara egokitu beharko da. Horretarako, bere eskaintzan ez baditu barne hartzen jatorrizko ikastetxeko dagokion modalitateko irakasgai espezifikoak edo hautazkoak, horien ordez ikastetxe berriak eskaintzen dituen dagokion modalitateko, edo, hala badagokio, bideko izaera bereko beste batzuk aukeratu beharko dituzte ikasleek, eta aurrekoak baliogabetu eginen dira.

b) Lekualdatzea ikasturtea bukatu ondoren egiten bada eta jatorrizko ikastetxeko dagokion modalitateko irakasgai espezifikoetan edo hautazkoetan kalifikazio negatiboak izanik helmugako ikastetxeak irakasgai horiek ematen ez baditu, horien ordez ikastetxe berriak eskaintzen dituen dagokion modalitateko, edo, hala badagokio, bideko izaera bereko beste batzuk aukeratu beharko dituzte ikasleek, eta aurrekoak baliogabetu eginen dira.

c) Euskara eta Literatura irakasgaiari dagokionez, ikasleak irakasgai hori aintzat hartzen ez duen hizkuntza ereduren batera sartzen diren mugikortasun kasu guztietan, Euskara eta Literatura irakasgaiaren kalifikazioak ez du ondorio akademikorik izanen kalifikazio hori negatiboa izan bada.

d) Era berean, Euskara eta Literatura irakasgaiaz bestelako Hizkuntza Koofiziala eta Literatura irakasgaia egin duten ikasleen kasuan, amaierako kalifikazioa negatiboa badute horrek ez du ondorio akademikorik izanen.

e) c) eta d) letretan ezarritakoa gorabehera, Batxilergoko bigarren mailako amaierako ebaluazio bereziaren ondoren Euskara eta Literatura edo beren jatorrizko erkidegoko Hizkuntza Koofiziala eta Literatura irakasgaia soilik gainditzeke duten ikasleen kasuan, ikastetxeak eskaintzen dituen hautazko irakasgaietako bat ere egin beharko dute titulazioa lortzeko.

f) Edozein kasutan, jatorrizko ikastetxeetako kalifikazio positibo guztiak hartuko dira kontuan Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko.

III. KAPITULUA. TUTORETZA EKINTZA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA

22. artikulua . Tutoretza eta orientazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren 23. artikuluaren arabera, ikasleek beren banakako eta taldeko heziketa prozesuan orientazioa eta tutoretza ekintza izanen dituzte lagun. Horretarako, ikastetxeek elkarrekiko errespetua, aniztasunekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza sustatuko dituzte. Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarria sustatzeko, genero ikuspegia txertatuko da hezkuntza eta lanbide orientazioaren arloan.

2. Ikasle talde bakoitzak tutore bat izanen du eta bere erreferentziazko pertsona izanen da. Tutorea familiekiko harremanaz ez ezik, bere taldean esku hartzen duten gainerako profesionalekiko koordinazioaz ere arduratuko da.

3. Tutoreak, bere zereginei jarraituz, ebaluazio saioez gain, ikasturte bakoitzean gutxienez bilera bat eginen du taldeari eskolak ematen dizkion irakasleekin, ikasturteko lehen hiruhilekoan.

4. Era berean, ikasturtean zehar, tutoreak gutxienez bilera bat eginen du guraso eta legezko ordezkari guztiekin, eta banakako beste bat horietako bakoitzarekin.

5. Ikastetxeek informazioa eta orientazioa eman beharko diete ikasleei, beren interesetarako eta ondorengo prestakuntzarako modalitate, bide eta irakasgai egokienak aukera ditzaten.

23. artikulua . Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa.

1. Ikasleak adingabeak direnean, gurasoek eta legezko tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza prozesuaren bilakaeran parte hartu beharko dute eta hura babestu, ikastetxeek ikasleen aurrerapena errazteko hartzen dituzten laguntza edo errefortzu neurrietan lagunduta.

2. Familiek beren seme-alaben hezkuntza prozesuan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, ikasleen tutoreek eta gainerako irakasleek beren seme-alaben ikasketen bilakaeraren berri eman behar diete. Horretarako, ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikaslearen ikastetxeko jardueran eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, irakasleek ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute informazio hori.

3. Tutoreak beren seme-alaben errendimendu akademikoari buruzko informazioa emanen die gurasoei edo legezko tutoreei, gutxienez hiru hilean behin, familiei bidaltzen zaien ebaluazio buletinaren bidez -foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen da-.

4. Idatzizko informazioa osatzeko, elkarrizketa pertsonalak edo taldeko bilerak eginen dira ikasleen gurasoekin edo legezko tutoreekin -foru agindu honen 22.4 artikuluan aipatzen dira bilera horiek-, ikastetxearen eta familiaren arteko komunikazioa errazteko, batez ere ikasleen ikaskuntzaren emaitzak positiboak ez direnean, integrazio sozioedukatiboan arazoak agertzen direnean edo familiek edo irakasleek hala eskatzen dutenean.

24. artikulua . Ebaluazioaren objektibotasuna.

1. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko duten eskubidea bermatuko dute ikastetxeek.

2. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez ebaluatua eta aitortua izateko duten eskubidea bermatzeko, irakasleek, ikasturte bakoitzaren hasieran, etaparen helburuen eta gako-gaitasunen berri emanen diete. Era berean, irakasgai bakoitzaren oinarrizko jakintzen, ebaluazio irizpideen eta gaitasun espezifikoen berri emanen diete, bai dagokien ikasturtekoena, bai gainditu gabe dauden irakasgaiena, hala badagokio, baita kalifikazio irizpideen eta errekuperazio sistemen berri ere. Era berean, tutoreak mailaz igotzeko irizpideen eta, hala badagokio, titulazio irizpideen berri emanen du.

3. Informazio hori ikasleen gurasoei eta legezko tutoreei ere adieraziko zaie, ikasturtearen hasierako taldeko bileran edo ikastetxeak erabakitzen dituen bideak erabiliz. Gainera, taldeko tutoreak beharrezko komunikazioa ezarriko du ikasleen gurasoekin eta legezko tutoreekin, ikasle bakoitzaren etengabeko jarraipena bermatzeko.

4. Ikasle adingabeen familiek beren seme-alaben ebaluazioari eta maila igoerari buruzko erabakiak ezagutzeko eskubidea izanen dute. Horretarako, irakasleek ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreak eskatutako argibideak emanen dituzte. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.

5. Era berean, familiek dagokion ikaslearen probak, ariketak edo idatzizko lanak eskuratzen ahalko dituzte. Ildo horretan, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute beren seme-alaben ebaluazio prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, eta abar) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.

6. Artikulu honetan aipatzen diren eskubideak adin nagusiko ikasleek ere badituzte, horrek galarazi gabe haien gurasoek edo legezko ordezkariek eskubide horiek erabiltzea, azken horien interes legitimoa gailentzen bada.

IV. KAPITULUA. EBALUAZIO DOKUMENTUAK

25. artikulua . Ebaluazio dokumentuak.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio dokumentuetan jasoko da.

2. Batxilergoko etapako ebaluazio dokumentuak honako hauek dira:

- Familientzako ebaluazio buletina.

- Amaierako ebaluazio arruntaren akta.

- Amaierako ebaluazio bereziaren akta.

- Gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren akta.

- Gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren akta.

- Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

- Ikasketen historia.

- Ikasketa espedientea.

Horietatik guztietatik, ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia eta lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ebaluazio dokumentu ofizialak.

3. Ebaluazio agiri ofizialetan, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretua aipatu beharko da beti. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

4. Ikasketen historia, eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ikasleak lurralde nazional osoan mugitu ahal izatea bermatzeko oinarrizko agiriak, baita ikastetxe berrian ikaskuntza prozesuaren jarraipena izanen dela bermatzeko ere.

5. Artikulu honetako 2. apartatuan zehaztutako dokumentuez gain, ikastetxeek ikasleen erregistro pertsonalaren laburpena (IEPL) izanen dute, eta, interesdunak eskatuz gero, egindako ikasketen ziurtagiriak ematen ahalko dituzte, egindako irakasgaiak eta lortutako kalifikazioak zehaztuta. Ikastetxeko idazkariak sinatuko ditu ziurtagiriak eta zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.

6. Ikastetxe bat itxi edo bere jarduna bertan behera geratzen bada, Hezkuntza Departamentuak ebaluazio agiriak lekualdatzeko neurri egokiak hartuko ditu, eta beste ikastetxe publiko bati esleituko dio ixtekoa den ikastetxearen ebaluazio agiri ofizialak zaintzea eta gordetzea, hura publikoa, pribatua edo itunpeko pribatua izan.

26. artikulua . Familientzako ebaluazio buletina.

1. Tutoreak, hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioetako bakoitza amaitu ondoren, gurasoei eta legezko ordezkariei, edo, adin nagusikoa izanez gero, ikasleari berari ikaslearen errendimenduaren berri emateko egiten den dokumentua da familientzako ebaluazio buletina.

2. Familientzako ebaluazio buletinean, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, honako alderdi hauek aintzat hartuz:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena eta herria.

b) Ikaslearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, zen etapatan dagoen, hizkuntza eredua, modalitatea edo bidea, ikasmaila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko gutxieneko informazio datuak hauek dira: unean uneko ebaluazioa, irakasgaien zerrenda, horien kalifikazioa eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Era berean, hiru hilean behingo ebaluazio bakoitzean, ikasturtean zehar hartutako hezkuntza neurriak jasoko dira, halakorik hartu bada. Horrez gainera, honako hauek jasoko dira: ikasketa prozesuari buruzko oharrak, eskolako hutsegiteen laburpena eta, amaierako ebaluazioaren kasuan, mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia. Amaierako ebaluazio arruntean, irakasgai guztietan kalifikazio positiboa lortu duten ikasle guztien kasuan, gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila orokorra ere adierazi beharko da. Irakasgai guztiak gainditu ez badira, amaierako ebaluazio bereziaren aktan idatziz jaso beharko da, irakasgaietan lortutako kalifikazioak gorabehera.

27. artikulua . Amaierako ebaluazio arruntaren akta.

1. Amaierako ebaluazio arruntaren akta ikasmaila bakoitzean eginen da, eta eskolaldia bukatzean itxiko da, ohiko deialdia egin ondoren.

2. Amaierako ebaluazio arruntaren aktan, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda, irakasgai bakoitzaren amaierako ebaluazio arruntaren emaitzak eta mailaz igotzeari edo, hala badagokio, titulua emateari buruzko erabakia. Era berean, irakasgai guztietan kalifikazio positiboa lortu duten ikasleen kasuan, gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila orokorra islatu beharko da, baita, hala badagokio, Batxilergoan lortutako batez besteko nota ere.

3. Batxilergoko tituluaren batez besteko notak -foru agindu honen 15. artikuluan aipatzen da- Erlijioa irakasgaian lortutako kalifikazioa barne hartuko du. Batez besteko nota horretaz gain, aktan batez besteko nota normalizatua ere jaso beharko da, Erlijioa irakasgaian lortutakoa bazter utzita, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bosgarren apartatuan aurreikusitakoari jarraituz.

4. Amaierako ebaluazio arruntaren saioko aktak taldeko irakasle taldeak izenpetuko ditu eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko dute. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaskuntza eginkizuna eta data jasoko dira.

28. artikulua . Amaierako ebaluazio bereziaren akta.

1. Amaierako ebaluazio bereziaren akta ikasmaila bakoitzean eginen da, eta aparteko deialdia egin ondoren itxiko da.

2. Amaierako ebaluazio bereziaren aktak Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jaso beharko ditu, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza eredua, ikasleen izenen zerrenda, irakasgai bakoitzaren amaierako ebaluazio bereziaren emaitzak eta mailaz igotzeari edo, hala badagokio, titulua emateari buruzko erabakia. Era berean, gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila orokorra islatu beharko da, baita, hala badagokio, Batxilergoan lortutako batez besteko nota ere.

3. Batxilergoko tituluaren batez besteko notak -foru agindu honen 15. artikuluan aipatzen da- Erlijioa irakasgaian lortutako kalifikazioa barne hartuko du. Batez besteko nota horretaz gain, aktan batez besteko nota normalizatua ere jaso beharko da, Erlijioa irakasgaian lortutakoa bazter utzita, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bosgarren apartatuan aurreikusitakoa betetzeko.

4. Amaierako ebaluazio bereziaren saioko aktak taldeko irakasle taldeak izenpetuko ditu eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko dute. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaskuntza eginkizuna eta data jasoko dira.

29. artikulua . Gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren akta.

1. Gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren aktan, gainditu gabeko lehen mailako irakasgaiak dituzten bigarren mailako ikasleak sartuko dira, eta bigarren mailako amaierako ohiko deialdiaren aurretik itxiko da akta hori.

2. Gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren aktan, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, hizkuntza eredua, ikasleen izen zerrenda eta, ikasle bakoitzari dagokionez, gainditu gabeko irakasgaien zerrenda eta horien kalifikazioa.

3. Gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren akta esku hartu duten irakasleek izenpetuko dute eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaskuntza eginkizuna eta data jasoko dira.

30. artikulua . Gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren akta.

1. Gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren aktan, gainditu gabekoen ebaluazio arruntaren ondoren lehen mailako gainditu gabeko irakasgaiak izaten jarraitzen duten bigarren mailako ikasleak sartuko dira. Bigarren mailako amaierako aparteko deialdia egin baino lehen itxiko da.

2. Gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren aktan, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldea identifikatzeko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, hizkuntza eredua, ikasleen izen zerrenda eta, ikasle bakoitzari dagokionez, gainditu gabeko irakasgaien zerrenda eta horien kalifikazioa.

3. Gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren akta esku hartu duten irakasleek izenpetuko dute eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaskuntza eginkizuna eta data jasoko dira.

31. artikulua . Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

1. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonalean, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuaren aipamena, jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearen identifikazio datuak eta lekualdaketa gertatu den ikasturteko hiru hilean behingo ebaluazio prozesuari buruzko datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, ikastetxearen erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, jaiotza data, jaioterria, zein probintziatan jaio zen eta zein herrialdetan.

c) Unean uneko ikasturteko ebaluazio prozesuari buruzko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapako maila, modalitatea eta, hala badagokio, bidea, hizkuntza eredua, egin diren hiru hilean behingo ebaluazioen emaitzak eta, hala badagokio, aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriak, eta egokitzat jotzen diren ikaslearen aurrerapen orokorrari buruzko ohar guztiak.

2. Tutoreak izenpetuko du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

32. artikulua . Ikasketen historia.

1. Batxilergoko ikasketen historian, ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkariaren izen-deiturak, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

b) Eskolatzeari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta, horietako bakoitzari dagokionez, etapako maila, modalitatea eta, hala badagokio, bidea, hizkuntza eredua, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, irakasgaien zerrenda eta, hala badagokio, zer atzerriko hizkuntzatan egin diren, deialdi bakoitzeko ebaluazioaren emaitzak, deialdi bakoitzeko gainditu gabeko irakasgaiak eta horien kalifikazioa, eta mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia, baita erabaki horiek noiz hartu diren ere. Halaber, ikasketen historian, hala badagokio, tituluko batez besteko nota eta nota normalizatua agertuko dira.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasketen historia Batxilergoa amaitzean emanen zaie ikasleei, eta, edonola ere, ikasketa horietako eskolatzea bukatzen denean. Ikasleak adingabeak badira, haien gurasoei edo legezko tutoreei emanen zaie.

3. Ikasketen historiak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du, eta egindako ikasketak egiaztatzeko balio izanen du.

33. artikulua . Ikasketa espedientea.

1. Ikasketa espedientean, ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, baita espedientea egin duen ikastetxearen datuak ere, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia eta ikastetxearen herria.

b) Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta, horietako bakoitzari dagokionez, etapako maila, modalitatea eta, hala badagokio, bidea, hizkuntza eredua, Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, irakasgaien zerrenda eta, hala badagokio, zer atzerriko hizkuntzatan egin diren, deialdi bakoitzeko ebaluazioaren emaitzak, eta deialdi bakoitzeko gainditu gabeko irakasgaiak eta horien kalifikazioa. Halaber, hala badagokio, tituluko batez besteko nota eta nota normalizatua agertuko dira. Era berean, hasierako ebaluazioko erabakiak jaso beharko dira, baita aniztasunari arreta emateko hartutako hezkuntza neurriei buruzko informazioa ere.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasketa espedientea etaparen hasieran irekiko da, edo, hala badagokio, ikastetxera sartzean, eta ikastetxeko idazkaritzari dagokio irekitzea, ikaslea matrikulatu ondoren.

3. Idazkariak izenpetuko du ikasketa espedientea, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

4. Tutorea arduratuko da hartutako erabakiak eta maila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak ikasketa espedientean erregistratzeaz. Ikastetxeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena arduratuko da gainditu gabeko irakasgaien kalifikazioak erregistratzeaz.

34. artikulua . Ebaluazio agiriak zaintzea eta artxibatzea.

1. Ikastetxeko idazkaria arduratuko da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeaz eta zaintzeaz. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea itxiz gero.

2. Ikastetxe pribatuek eta pribatu itunduek akten ale bat igorriko dute atxikirik dauden Bigarren Hezkuntzako Institutura.

35. artikulua . Benetakotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.

1. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen benetakotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea ixten bada edo bere jarduna bertan behera uzten badu.

2. Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, ikastetxe batek besteari lagatzeari eta horien segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. Ebaluazio agiri ofizialak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko apartatuetan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta ziurtatzen badira haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, eta betetzen badira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta azken hori garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.

4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez ere, ebaluazio agiri ofizialetan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Lehen xedapen gehigarria. Ikasketen parte bat atzerrian egiten deneko ebaluazioa.

1. Ikasleek atzerriko hizkuntza bat ikasteko asmoz beste herrialde batean egonaldi bat egitea da ikasketen parte bat atzerrian egitea.

2. Behin matrikulatuta, atzerrian Batxilergoaren baliokideak diren ikasketak egitekoak diren ikasleek beren ikastetxeari horren berri eman beharko diote, eta esan ikastetxeak zein izen duen, zer herritan dagoen eta zer herrialdetan. Datu hauek ebaluazio agiri ofizialetan erregistratuko dira behin-behinekoz.

3. Handik bueltan, ikasleak behin-behinekoz erregistratutako informazioa egiaztatu ahal izateko dokumentazioa aurkeztuko dio ikastetxeari, ikastetxeak informazio hori behin betiko bihurtzeko.

4. Ebaluazio partzialetan, atzerriko egonaldiaren iraunaldian, hiru hilean behingo ebaluazioetako irakasgaien kalifikazioen erregistroan IPA sigla jarriko da (ikasketen parte bat atzerrian).

5. Atzerriko egonaldiaren ondorioz, ikasleek ikasturtearen amaierako ebaluazioa helmugako herrialdean egiten badute, ikasleak edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariak egindako ikasketak aitortzeko eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Ordezkaritzan. Atzerriko egonaldia egin aurretik, ikasleek eta haien familiek aitorpen sistema horri buruzko informazioa eskatzen ahalko diote aipatutako ordezkaritzari. Bestalde, ikastetxeak amaierako ebaluazioetan IPA terminoa jasoko du, bai irakasgai bakoitzari, bai gako-gaitasun bakoitzari dagokionez. Mailaz igotzeko eta, hala badagokio, titulua emateko erabakien kasuan, IPAEG terminoa erabiliko da (ikasketen parte bat atzerrian egiteagatik erabaki gabe).

6. Egonaldiak hirugarren hiruhilekoari eragiten badio, baina ez badakar ikasleen ikasturte amaierako ebaluazioa helmugako herrialdean egitea, hirugarren ebaluazioaren erregistroa IPAEG siglaren bidez egiten ahalko da, bai irakasgai bakoitzari, bai gako-gaitasun bakoitzari dagokionez, edo foru agindu honen 10. artikuluan jasotako irakasgaien kalifikazio eskalaren bidez. Amaierako ebaluazioa eta dagokion erregistroa egiteko, irakasgaien programazio didaktikoetan ezarritakoa hartuko da kontuan, baita foru agindu honen 10. eta 11. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako kalifikazio eskalak eta kategoriak ere. Atzerriko egonaldia egin aurretik, ikasleek eta haien familiek behar bezala informatuta egon beharko dute atzerriko egonalditik itzultzean kontuan hartu beharreko ebaluazio prozesuari buruz aipatutako programazioetan jasotzen denaz.

Bigarren xedapen gehigarria. Erlijio ikasketak.

1. Erlijio katolikoaren ikasketen ebaluazioa etapako gainerako ikasgaietakoak bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen dituzte. Gainerako erlijio konfesioen ikasketaren ebaluazioak Estatuarekin izenpetutako hezkuntza arloko lankidetza hitzarmenetan ezarritakoa beteko du.

2. Hala ere, berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia dagoenean.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gorputz Hezkuntza irakasgaitik salbuestea.

1. Gorputz Hezkuntza irakasgaia salbuesten ahalko da, interesdunak ikastetxeko zuzendaritzan eskaera egin ondoren, Batxilergoko ikasketak egiten ari diren eta, aldi berean, honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutela egiaztatzen duten ikasle guztien kasuan:

a) Goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izatea, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

b) Dantzako lanbide ikasketetako ikaslea izatea.

2. Salbuespena justifikatzeko, ikasturtearen edozein unetan, eskabidearekin batera, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izatearen edo zentro batean Dantzako lanbide ikasketetan matrikulatuta egotearen egiaztagiria aurkeztu beharko da. Une horretatik aurrera, Gorputz Hezkuntzako ebaluazio partzialen laukian SZ terminoa jasoko da (salbuesteko zain), eta ikasleak irakasgai horretako eskoletara joateari uzten ahalko dio.

3. Amaierako ebaluazio arruntaren aktan S sigla (salbuetsia) behin betiko jasotzeko, zenbakizko kalifikaziorik zehaztu gabe, amaierako ebaluazio arruntera arte arestian aipaturiko matrikulari edo baldintzari eutsi izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiririk aurkeztu ezean, amaierako ebaluazio arruntaren aktan GG terminoaren bidez (gainditu gabe) kalifikatuko da irakasgai hori. Mailaz igotzeari eta titulua emateari begira, GG terminoak kalifikazio negatiboa izanen du. Termino hori bera ez da kontuan hartuko ikasketa espedienteak konkurrentzian sartu beharko liratekeen deialdietan.

4. Ikasleak goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateari uzten badio edo dantzako lanbide ikasketak uzten baditu amaierako ebaluazio arruntaren saioaren aurretik, hortik aurrera Gorputz Hezkuntza irakasgaian ebaluatu dezatela eskatu beharko du.

5. Gorputz Hezkuntza irakasgaitik salbuetsia izanez gero, irakasgai hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

Laugarren xedapen gehigarria. Batxilergoaren eta Musikako edo Dantzako lanbide ikasketen arteko baliozkotzeak.

1. Batxilergoaren eta Musikako edo Dantzako lanbide ikasketen arteko baliozkotzeei (B) dagokienez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, horretarako ematen diren jarraibideak bete beharko dira.

2. Baliozkotu beharreko irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batxilergo tituluaren batez besteko nota kalkulatzerakoan, ezta ikasketa espedienteak lehian sartu beharko liratekeen deialdietan ere.

Bosgarren xedapen gehigarria. Gaitasun handiko ikasleentzako malgutasun neurriak.

Gaitasun handiko ikasleentzako malgutasun neurriei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak horretarako ematen dituen jarraibideak bete beharko dira.

Seigarren xedapen gehigarria. Gakogaitasunak, bigarren mailan araubide arruntean beste urte bat ematearen kasuan.

1. Batxilergoko bigarren maila egiten beste ikasturte bat daramaten ikasleen irakasle taldeari dagokio gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila zehaztea.

2. Horretarako, irakasle talde horrek eguneratu eginen du horiei buruz egindako azken balorazioa. Horretarako, bigarren mailan matrikulatuta jarraitzen duen ikasturte horretan matrikulatuta dagoen irakasgaietako gaitasun espezifikoen ebaluazioa hartuko du kontuan. Eguneratze horrek ez du inola ere ekarriko gako-gaitasun bakoitzean lortutako kategoria gutxitzea, gaitasun horiei buruz egindako azken balorazioarekin alderatuta.

3. Ikasleen irakasle taldea ez bada ados jartzen gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko, erabaki hori bozkatu egin beharko da. Bozketa horren ondoren berdinketa gertatzen bada, ikasleen tutorearen kalitate botoaren bidez ebatziko da, tutore horrek ikasleari bigarren maila egiten jarraitzen duen ikasturtean eskolak ematen dizkion edo ez kontuan hartu gabe.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Batxilergoko maila igoera hiru ikasturtetan.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Batxilergoko irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 26ko 67/2022 Foru Aginduaren bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz, ikasleek ondoz ondoko hiru ikasturtetan egiten ahalko dituzte Batxilergoko ikasketak araubide arruntean.

2. Batxilergoko ikasketak hiru ikasturtetan egiten dituzten ikasleen maila igoerari dagokionez, lehen mailatik bigarrenera igarotzean ez da halako erabakirik hartuko.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Beste modalitate batzuetako Batxilergoko titulua lortzea.

1. Batxilergoko titulua modalitate jakin batean lortu dutenek beste edozein modalitatetan lortzen ahalko dute titulua, modalitate berriko sei irakasgai espezifikoak gaindituz gero (lehen mailako hiru eta bigarren mailako hiru).

2. Aukera horri heltzen dioten ikasleek helduentzako ikasketen bidez egin beharko dute modalitate berria, eta bi ikasturteetako irakasgaietan matrikulatzeko aukera izanen dute.

3. Eduki progresiboko irakasgaiei dagokienez, foru agindu honen 14. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Helduen hezkuntza.

1. Foru agindu honetan araututakoa aplikatuko zaie helduentzako Batxilergoko ikasleei ere, alde batera utzi gabe haien egoera berezietara eta Hezkuntza Departamentuak xedatutakora egokitu beharra.

2. Ildo horretan, helduentzako Batxilergoko irakaskuntzen ordenamendua, antolaketa, ezarpena eta ordutegia arautzen dituen martxoaren 8ko 15/2023 Foru Aginduari jarraituz ikasleek bi ikasturteetako irakasgaietan matrikulatzeko aukera dutenez, lehen mailatik bigarrenera igarotzerakoan ez da mailaz igotzeko erabakirik hartuko.

3. Era berean, helduentzako Batxilergoko gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko, ez da foru agindu honen 11. artikuluan xedatutakoa bete beharko, honako hau baizik:

a) Titulua lortzeko proposatzen diren ikasleen kasuan, "Lortu da" terminoa jasoko da gako-gaitasun guztietan.

b) Etapan gainditu gabeko irakasgai bakarra izanik gako-gaitasunen bat lortu ez dutelako titulua lortzeko proposatzen ez diren ikasleen kasuan, bereganatu ez diren gako-gaitasunetan bakarrik jasoko da "Ez da lortu" terminoa.

c) Aurreko letretan aipatutakoak ez bezalako kasu guztietan, ez da gako-gaitasunei buruzko ezer jaso beharko.

4. Batxilergoko araubide arruntaren eta helduentzako Batxilergoaren arteko mugikortasunari dagokion orotan, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Araubide arrunteko Batxilergoan dabilen ikaslea helduentzako Batxilergoko ikasketak egiten has daiteke, baldin eta araubide arrunteko irakasle taldeak mailaz igotzeari eta, kasua bada, titulazioari buruz hartutako azken erabakia errespetatzen badu.

b) Hogei urtetik gorako ikasleak edo ikasturtea hasten den urtean adin hori betetzen dutenak ez ditu lotetsiko aurreko letran aipatutako erabakiak, eta araubide arrunteko Batxilergoan gainditutako irakasgaiak ez dituzte berriro egin beharko.

c) Batxilergoko araubide arruntetik helduentzako Batxilergoko ikasketetara sartzen diren ikasleak ikasturte oso batean edo ikasturte bateko edo bietako irakasgai solteetan matrikulatzen ahalko dira. Era berean, bigarren ikasmailako matrikula egiteko lehenengo ikasmailako bi irakasgai uzten ahalko dira, gehienez, gainditu gabe. Nolanahi ere, foru agindu honen 14. artikuluan arauz xedatutakoa bete beharko da.

d) Ikasleak helduentzako Batxilergoko ikasketetatik araubide arrunteko Batxilergora sartzen ahalko dira, betiere ez badute agortu foru agindu honen 3. artikuluan adierazitako lau urteko iraupena. Ikasle horiek helduentzako Batxilergoan gainditutako irakasgaiak egitetik salbuetsita egonen dira, baina, nolanahi ere, matrikulan lehen mailako Gorputz Hezkuntza irakasgaia sartu beharko da.

5. Batxilergoko tituluaren batez besteko nota zehazteko, etapan egin eta gainditutako irakasgai guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da, irakasgai horiek zein modalitatetakoak edo bidetakoak diren kontuan hartu gabe, Erlijio irakasgaia ere barne hartuz, berau egin bada, eta hurbilen dagoen ehunenera biribilduko da; distantziak berdinak izanez gero, gora. Hala ere, berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatu beharrez, Erlijio irakasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko beste ikasketa batzuetan sartzeko, ez eta bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere, horietan ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia dagoenean.

Hamargarren xedapen gehigarria. Ikasleek ebaluazio saioetan parte hartzea.

Gaiaren izaerak hala eskatzen duenean edo talde bateko ikasleek hala eskatzen dutenean, ebaluazio saio baten hasieran edo amaieran, talde horretako ikasleen ordezkariak ikasleen gai orokorrak azaltzeko aukera izanen du.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Informazio argia eta ulergarria.

Ikastetxeek familiei eta ikasleei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian aurkeztu beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuz.

Hamabigarren xedapen gehigarria. Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.

Ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek foru agindu honetan aipatutako ebaluazio dokumentu ofizialetan eskatzen diren datu guztiak erregistratuko dituzte EDUCA aplikazio informatikoan, Hezkuntza Departamentuak horretarako zehazten duen epean.

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

1. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuari buruzko aholkuak ematea, prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei hori hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.

2. Era berean, aipatutako zerbitzuak ebaluazio agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Berezitasunak.

Foru agindu honetan ebaluazioari, mailaz igotzeari eta ikasleen titulazioari dagokienez jaso ez den edozein berezitasun, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak ebatziko dute batera.

Lehenengo xedapen iragankorra. 2022/2023 ikasturteko Batxilergoko bigarren mailako gakogaitasunen kalifikazioa.

1. 2022/2023 ikasturtean Batxilergoko bigarren maila 25/2015 Foru Dekretuan ezarritako curriculumaren arabera egin duten ikasleei dagokienez, aipatutako 25/2015 Foru Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako gako-gaitasunak kalifikatzeko honako kalifikazio eskala hau hartuko da oinarritzat: "Ez da lortu"; "Lortu da (maila baxua)", "Lortu da (maila ertaina)"; "Lortu da (maila altua)".

2. Amaierako ebaluazio arruntean irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleen kasuan bakarrik jaso beharko dira kalifikazio horiek amaierako ebaluazio arruntaren aktan. Bestela, amaierako ebaluazio bereziaren aktan jaso beharko dira, gainditu gabeko irakasgaien kopurua, halakorik badago, kontuan hartu gabe.

Bigarren xedapen iragankorra. Batxilergoko titulua 2022/2023 ikasturtean lortzea.

1. 2022/2023 ikasturtean Batxilergoko bigarren maila 25/2015 Foru Dekretuan ezarritako curriculumaren arabera egin duten ikasleen kasuan, Batxilergoko titulua lortzeko, azaroaren 16ko 984/2021 Errege Dekretuaren 21. eta 22. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

2. Batxilergoko titulua lortzeko proposatutako ikasle guztiek honako bi baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Etapako irakasgai guztiak gaindituta izatea edo, salbuespen gisa, 984/2021 Errege Dekretuaren 21.3 artikuluan jasotako baldintzekin bat etorriz, irakasgai bat izan ezik beste guztiak gaindituta izatea.

b) Gako-gaitasun guztietan eta etaparako ezarritako helburuetan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu izana.

Lehen aipatutako baldintza bikoitza kontuan hartuta, bi irakasgai edo gehiagotan kalifikazio negatiboa duten ikasleak ez dira titulua lortzeko proposatzen ahalko, gako-gaitasunetan duten bereganatze eta garapen maila zeinahi delarik ere.

3. Erlijioa irakasgaiari dagokionez, irakasgai hori kontuan hartuko da Batxilergoko tituluko batez besteko nota kalkulatzeko, baita beste ikasketa batzuetara sartzeko batez besteko nota kalkulatzeko eta ikasketa espedienteek konkurrentzian sartu behar duten bekak eta ikasteko laguntzak lortzeko deialdietan ere.

Hirugarren xedapen iragankorra. 20222023 ikasturtean ohorezko matrikula lortzea.

2022/2023 ikasturtean ohorezko matrikulak jartzeko, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 19ko 50/2017 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Laugarren xedapen iragankorra. 20222023 ikasturtean matrikula deuseztatzea.

2022-2023 ikasturtean matrikula deuseztatzeko, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 19ko 50/2017 Foru Aginduaren 17. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Bosgarren xedapen iragankorra. Ikasketa planen arteko trantsizioa.

Ikasketa planen arteko trantsizioari dagokion guztian, Ikasketa-planen arteko trantsizioari buruzko neurriak ezartzen dituen martxoaren 28ko 205/2023 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz -3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena-.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.

1. Indargabetuta geratzen da 50/2017 Foru Agindua, apirilaren 19koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duena.

2. Maila bereko nahiz apalagoko xedapenetan, indarrik gabe uzten da foru agindu honetan xedatutakoaren kontra doan oro.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Foru agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

I. ERANSKINA

BATXILERGOKO IRAKASGAIEN ARTEKO JARRAITUTASUNA

BATXILERGOKO LEHEN MAILA

BATXILERGOKO BIGARREN MAILA

Musika Analisia I

Musika Analisia II

Arte Eszenikoak I

Arte Eszenikoak II

Biologia, Geologia eta Ingurumen Zientziak

Biologia

Biologia, Geologia eta Ingurumen Zientziak

Geologia eta Ingurumen Zientziak

Korua eta Ahots Teknika I

Korua eta Ahots Teknika II

Marrazketa Artistikoa I

Marrazketa Artistikoa II

Marrazketa Teknikoa I

Marrazketa Teknikoa II

Marrazketa Teknikoa I edo Marrazketa Teknikoa Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatua I

Marrazketa Teknikoa Arte Plastikoetara eta Diseinura Aplikatua II

Fisika eta Kimika

Fisika

Fisika eta Kimika

Kimika

Grekoa I

Grekoa II

Latina I

Latina II

Gaztelania eta Literatura I

Gaztelania eta Literatura II

Atzerriko Hizkuntza I

Atzerriko Hizkuntza II

Matematika I

Matematika II

Matematika I edo Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika I

Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II

Teknologia eta Ingeniaritza I

Teknologia eta Ingeniaritza II

Euskara eta Literatura I

Euskara eta Literatura II

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web