162/2013 FORU AGINDUA, AZAROAREN 7KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ANBULANTZIETAN ZERBITZUAK EMATEKO GAIKUNTZA PROFESIONALAREN FROGAGIRIAK LORTZEKO PROZEDURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 244 - 20/12/2013
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. PROZEDURA
.
.Maiatzaren 25eko 836/2012 Errege Dekretuak ezarri zituen errepideko osasun garraiorako ibilgailuen ezaugarri teknikoak, osasun ekipamendua eta langileak.
Errege dekretu horren 4. artikuluak ezarri zituen anbulantzietan zerbitzuak emateko langileek bete behar dituzten beharkizunak, eta bigarren xedapen iragankorrak arautu zuen nolakoa izanen zen langile berriak prestakuntza-beharkizun berrietara egokitzeko prozesua. Xedapen horretan ezarri ziren, besteak beste, zer baldintzatan emanen zaien gaikuntza nahitaezko prestakuntza ez duten baina eskatutako lan esperientzia frogatzen duten langile eskarmentudunei.
Halaber, aipatutako xedapen iragankorrak autonomia erkidegoei esleitzen die behar diren neurriak hartzeko eginkizuna, langileak prestakuntza beharkizun berrietara egokitzeko prozesua aplikatzeko, kontrolatzeko eta garatzeko.
Nafarroan, otsailaren 7ko 8/2011 Foru Dekretuak ezarri zituen errepideko osasun garraiorako ibilgailuen ezaugarri teknikoak, osasun ekipamendua eta langileak; foru dekretu haren bidez errepideko osasun garraioa arautu zen Nafarroan. Foru dekretu horretan aurreikusten da anbulantzietan zerbitzuak emateko behar den prestakuntza profesionala.
Foru araudian eta osasun-garraioari buruzko oinarrizko araudian aurreikusitakora egokitzeko, beharrezkoa da gaikuntza profesionalerako prozesua abiaraztea, hori baita arau honen xedea.
Orobat, foru agindu honetan sartzen da langile boluntarioak, lan kontraturik ez dutenak, gaitzeko prozedura, hain zuzen ere ongintza entitateetan osasun garraioetan zerbitzuak eman dituztenak, uztailaren 23ko PRE/1435/2013 Aginduan aurreikusitakoarekin bat. Aipatutako agindu horren bidez Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko Erregelamendua garatu zen, errepideko osasun garraioen arloan.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
Foru agindu honen xedea da anbulantzietan zerbitzuak emateko gaikuntza profesionalaren frogagiriak lortzeko prozedura ezartzea, maiatzaren 25eko 836/2012 Errege Dekretuarekin bat; errege dekretu horren bidez errepideko osasun garraiorako ibilgailuen ezaugarri teknikoak, osasun ekipamendua eta langileak ezarri ziren.
2. artikulua . Aplikazio eremua.
1. Foru agindu honetan aurreikusitakoa aplikatzekoa izanen da Nafarroako Foru Komunitatean anbulantzia-gidari gisako lan esperientzia dudarik gabe egiaztatzen dutenentzat, betiere eskatzen diren denboraldiak bete badituzte, edo, zerbitzuak zenbait erkidegotan emanik, zerbitzuen azkeneko aldia Nafarroan bete dutenentzat, interesdunaren eta entitate publiko edo pribatuaren arteko harremanaren forma juridikoa edozein izanik ere
.
2. Gaikuntza profesionalaren frogagiria lortzeko, maiatzaren 25eko 836/2012 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritako beharkizunak bete beharko ditu interesdunak; errege dekretu horren bidez ezarri ziren errepideko osasun garraiorako ibilgailuen ezaugarri teknikoak, osasun ekipamendua eta langileak.
II. KAPITULUA. PROZEDURA
3. artikulua . Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
1. Gaikuntza profesionalaren frogagiriak lortu nahi dituztenek Osasun Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko diote. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
b) Lan bizitzari buruzko txostena edo txostenak, interesdunak anbulantziako garraioko laguntzaile gisa zerbitzuak zer enpresatan eman dituen, enpresa horiek emandakoak.
Txosten horiek ezin badira aurkeztu, emandako zerbitzuen beste edozein froga ere baliozkoa izanen da.
2. Norberaren konturako langileen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria ere erantsiko zaio eskaerari, eta hartan azaldu beharko da autonomoen araubidean zer jardueratan egon den alta emanda.
3. bis artikulua. Osasun garraioaren arloko eginkizunak dituzten administrazio publikoko langileen gaikuntza
.
1. Administrazio publikoko langileak, eskatutako lan esperientzia dutela dudarik gabe egiaztatzen denean eta beste eginkizunen artean osasun garraioaren arlokoak legez ezarrita dauden postuetan aritu izanaren gaineko baldintzak betetzen badituzte, anbulantzia-gidari gisa gaituak izanen dira, maiatzaren 25eko 836/2012 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritako baldintzetan.
2. Osasun Departamentuan langile berekiak gaitzeko tramiteen kudeaketa haiek atxikita dauden zuzendaritza nagusiari dagokio, betiere beste eginkizunen artean garraioaren arlokoak legez ezarrita dauden postuetan aritu izanaren gaineko baldintzak betetzen dituzten langileak badira.
4. artikulua . Eskaerak egiteko epea.
Foru agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera egin daitezke ziurtapen eskaerak.
5. artikulua . Eskaeren tramitazioa.
1. Osasunaren Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak tramitatuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta behar diren egiaztapenak eginen ditu, eta, behar izanez gero, hasitako tramitazioari jarraipena emateko behar den dokumentazio osagarria eskatuko du.
2. Zerbitzu horrek proposamen-txostena emanen du, eskatutako gaitasun profesionalaren ziurtagiriarekin loturik.
3. Proposamen-txostena aldekoa ez bada, interesdunari igorriko zaio, aukera izan dezan alegazioak eta egokitzat jotzen dituen dokumentazioa aurkezteko, gehienez 20 eguneko epean.
6. artikulua . Ebazteko epea
.
Osasun Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez, gaikuntza emanen edo ukatuko da, eskaera aurkeztu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria . Ongintza entitateetako langile boluntarioak gaitzea.
Osasun garraioko zerbitzuak Espainiako Gurutze Gorrian eta gainerako ongintza entitateetan ematen dituzten langile boluntarioen kasuan, uztailaren 23ko PRE/1435/2013 Aginduaren bigarren xedapen gehigarriarekin bat (agindu haren bidez Lurreko garraioaren antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua garatu zen, errepideko osasun garraioen arloan), eskarmentua frogatzeko, borondatezko zerbitzua zer erakundetan eman den, erakunde horrek emandako ziurtagiria erabiliko da, eta hartan azaldu beharko dira egindako jarduerak eta eginkizunak, zer urtetan egin diren eta guztira zenbat ordu eman diren jarduera horietan. 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkez daitezke eskaerak.
Bigarren Xedapen Gehigarria . Nafarroako Osasun arloko Langileen Erregistroan izena ematea.
Nafarroako Osasun arloko Langileen Erregistroan izena emanen zaie foru agindu honen bidez gaitutako profesional guztiei, azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 2. eta 3. artikuluan aipatutako profesionalengandik bereizirik (azaroaren 21eko 44/2003 Legea, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa).
Xedapen Iragankor Bakarra . Jada aurkeztutako eskaerak.
Foru agindu honen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan baliozko moduan aurkeztutzat hartuko dira foru agindu hau indarrean sartu aurretik jasotako eskaera guztiak.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Indargabetzeak.
Anbulantzietako garraioko laguntzaileen prestakuntza ikastaroak emateko zentroen ziurtapen prozedura eta ikastaro horien irakaskuntza programa arautu zituen Osasuneko kontseilariaren 1995eko otsailaren 7ko Foru Agindua indarrik gabe uzten da, baita foru agindu honen aurkako maila bereko edo apalagoko arau guztiak.
Azken Xedapen Bakarra . Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko azaroaren 7an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1315819