(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2011 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 24KOA, NAFARROAKO GIZARTE ZERBITZUETAKO ERREFERENTZIAKO PROFESIONALA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 27 - 09/02/2011



Zioen azalpena

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak gizarte zerbitzuez baliatzeko aukeraren unibertsaltasuna aitortzen du eta gizarte zerbitzuen zorroetan arautzen diren prestazioen gaineko herritarren eskubide subjektiboa ezartzen du. Legearen xedea da, oro har, aurreko araudian araututako gizarte zerbitzuen laguntza izaera kentzea.

Aipatutako foru legearen I. tituluko 6. artikuluan zehazten dira gizarte zerbitzuen hartzaileen eskubide eta betebeharrak, eta j) letran ezartzen da erreferentziako profesional bat esleitu eta libreki hautatzeko eskubidea, arauetan ezarritako moduan.

Foru lege horren VI. tituluan aipatzen dira gizarte zerbitzuen profesionalak, eta erreferentziako profesionala ezartzen da: gizarte zerbitzuen onuradunen eskubidea da, eta haren eginkizuna da pertsonari orientabideak eta laguntza ematea esku-hartze sozialeko prozesu osoan.

Zehazki, 64. artikuluak ezartzen du erreferentziako profesionalaren eginkizuna erabiltzaileak behar dituen zerbitzuak eta prestazioak bideratzea izanen dela, eta esku-hartze guztien globaltasuna eta koordinazioa bermatzea.

Hortaz, gizarte zerbitzuetako erreferentziako profesionalak esku-hartze sozialeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonen (profesionalak, erabiltzailea, familiak eta erakundeak) jarduketak koordinatuko ditu.

Horregatik, foru dekretu honek arautzen ditu profesionalaren profila eta eginkizunak, onuradunak, erreferentziako profesionalaren beharra izanen duten zentro eta zerbitzuak, eta profesional horien hautapena eta esleipena.

Horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko urtarrilaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da erreferentziako profesionalaren eginkizunak, esleipena eta hautapena arautzea, gizarte zerbitzuen zentro eta zerbitzuetako arreta prozesu baten onuradunetzat.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu hau aplikatuko da dekretu honen 6. artikuluan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko laguntzako eta arreta bereziko gizarte zerbitzuetako laguntza anbulatorioko zentro eta zerbitzuetan, eguneroko arretakoetan (egunekoak zein gauekoak) eta egoitzako arretakoetan.

3. artikulua. Erreferentziako profesionalaren definizioa eta profila.

1. Erreferentziako profesionalak dira oinarrizko laguntzako eta arreta bereziko gizarte zerbitzuetan lan egiten dutenak, pertsona eta/edo familia baten arreta beren gain hartzen dutenak eta haiek behar dituzten zerbitzu eta prestazioak bideratzen dituztenak; horrela, arreta sistematikoa, osokoa eta jarraitua ziurtatu, eta ibilbideen koherentzia eta gizarte babeseko gainerako sistemekiko koordinazioa bermatzen dira.

2. Pertsona batek oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuen arreta hartu behar duenean, erreferentziako profesional bat esleituko zaio, lantalde teknikoko kideen artetik, esku-hartze mota edo horren intentsitatea kontuan hartuta.

3. Pertsona bat oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuetatik arreta bereziko gizarte zerbitzuetara bideratu behar denean, arreta jaso dezan, gizarte zerbitzu berezietan ari den erreferentziako profesional bat esleituko zaio; haren eginkizuna izanen da bere gain hartzea, une horretatik aurrera, kasu horren koordinazioa, eta hasiera batean izandako oinarrizko gizarte zerbitzuko erreferentziako profesionalari ematea, esku-hartzearen hasieran zein amaieran, pertsona horrekin jarraitutako banakako arreta programaren berri.

4. Erabiltzaileak oinarrizko laguntzako eta arreta bereziko gizarte zerbitzuen arreta jaso behar badu aldi berean, erreferentziako profesionala arreta bereziko gizarte zerbitzuetako profesional bat izanen da. Profesional horrek erreferentziako oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuari urteko txostena igorriko dio; hartan adieraziko da zer-nolako arreta jaso duen pertsonak, bai eta horren bilakaera ere, gizarte zerbitzu berezian.

5. Pertsona bat osasun mentaleko zentroek igortzen badute, urteko txostena dagokion osasun mentaleko zentrora bidaliko da.

6. Pertsona batek gizarte zerbitzu berezien arreta jaso behar badu, erreferentziako profesionala erabiltzailearen profilaren, zentro edo zerbitzu motaren eta horren arreta intentsitatearen araberakoa izanen da.

4. artikulua. Erreferentziako profesionalaren eginkizunak.

Erreferentziako profesionalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

1. Gizarte babeseko sistemen baliabide eta prestazioei buruzko informazioa, orientabidea eta aholkua ematea.

2. Gizarte zerbitzuetako eta zentroetako erabiltzaileen eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ematea, bai eta haien gaineko antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa ere.

3. Banakako arreta plana egitea, hainbat profesionalez osatutako lantaldeak planifikatutako esku-hartzeak koordinatuz eta koherente eginez, eta kontuan hartuz erabiltzailearen eta familiaren hautua.

4. Banakako arreta planaren jarraipena, gainbegiratzea eta ebaluazioa egitea, eta planean sartzea hainbat profesionalez osatutako lantaldeak egindako aldaketak.

5. Gizarte zerbitzuetako eta gizarte babeseko bestelako sistemetako pertsonaren, familiaren eta profesionalaren mintzakide nagusia izatea.

5. artikulua. Erreferentziako profesionalaren onuradunak.

Erreferentziako profesional baten onuradun izanen dira Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete, eta hurrengo artikuluan aipatzen diren oinarrizko laguntzako eta/edo arreta bereziko gizarte zerbitzuetako zentro edo zerbitzu baten arreta jasotzen duten pertsonak.

6. artikulua. Erreferentziako profesionalaren beharra duten gizarte zerbitzuak.

1. Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuak edo oinarrizko gizarte zerbitzuak:

a) Udalek ematen duten etxeko laguntza zerbitzua, autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko programan.

b) Akonpainamendu sozialeko zerbitzua Gizarteratze Programan.

c) Babes gabeziako eta gatazka sozialeko egoeren prebentzio zerbitzua Haur eta Familientzako Arreta Programan.

d) Babes gabeziako egoerak atzeman eta deklaratzeko zerbitzua, Haur eta Familientzako Arreta Programan.

e) Familiako esku-hartze zerbitzua, adingabea familiarengandik bereizterik ez dakarten babes gabezia arin eta moderatuko egoeretan eta gatazka sozialekoetan, Haur eta Familientzako Arreta Programan.

2. Arreta bereziko gizarte zerbitzuak:

a) Laguntza anbulatorioko zerbitzua.

1. Desgaitasunak dituzten pertsonentzako laguntza anbulatorioko zerbitzuak:

Laguntza Goiztiarraren Zerbitzua.

Mintzamenaren arloko errehabilitazio zerbitzua.

2. Eri mentalentzako laguntza anbulatorioko zerbitzuak:

Esku-hartze soziokomunitarioko zerbitzua.

Errehabilitazio psikosozialeko zerbitzua errehabilitazio psikosozialeko zentroan.

3. Gizartetik baztertutako edo baztertuta izateko arriskuan diren pertsonentzako laguntza anbulatorioko zerbitzuak:

Gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko zerbitzua. Gizarteratze eta laneratze taldea (GLT).

Etxebizitzaren arloko gizarteratze zerbitzua. Etxebizitzaren arloko gizarteratze taldea (EGT).

4. Babesik gabeko eta/edo gizarte arazoak dituzten adingabeentzako laguntza anbulatorioko zerbitzuak:

Haur eta nerabeentzako arreta zerbitzua. Haur eta nerabeentzako arreta taldea (HNAT).

Familiako esku-hartze zerbitzua.

Familia orientazioko zerbitzua.

Familia bitartekotzaren zerbitzua.

Familiako elkargune zerbitzua.

5. Genero indarkeriaren biktimentzako laguntza anbulatorioko zerbitzuak:

Genero indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko zerbitzu berezia. Genero indarkeriaren biktimei osoko arreta emateko taldea (BOAT).

b) Eguneroko arretako zerbitzuak.

Mendekotasun egoeran diren pertsonentzako, adindunentzako, desgaitasunak dituzten pertsonentzako, eri mentalentzako, gizartetik baztertutako edo baztertzeko arriskuan diren pertsonentzako eta gizarte zerbitzu orokorren zorroan jasotzen diren adingabeentzako eguneko, gaueko eta lanerako zentroetako zerbitzuak oro.

c) Egoitzako arreta zerbitzuak.

Mendekotasun egoeran diren pertsonentzako, adindunentzako, desgaitasunak dituzten pertsonentzako, eri mentalentzako, gizartetik baztertutako edo baztertzeko arriskuan diren pertsonentzako egoitzako arreta zerbitzuak oro, babesik gabeko edo gizarte arazoak dituzten adingabeentzako behaketa eta abegi zerbitzuak eta egoitzako harrera zerbitzuak, eta genero indarkeriaren biktimentzako larrialdietako zentroko eta abegi etxeko zerbitzuak.

Tutoretzapeko etxebizitzako edo etxebizitza funtzionaleko, eta eri mentalentzako zein genero indarkeriaren biktimentzako etxebizitza gainbegiratuko zerbitzuak oro.

7. artikulua. Erabiltzaileek oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuetako erreferentziako profesionala hautatzea.

Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuetan gizarte laguntzako prozesu batean diren pertsona guztiek eskubidea izanen dute erreferentziako profesionala libreki hautatzeko, haien bizitoki eremuko gizarte zerbitzuen oinarrizko barrutian lan egiten duten profesionalen artetik. Eskubide horren eraginkortasuna mugatzen ahalko da, kasuko toki entitateek ezarritako banaketa irizpideen edo profesional bakoitzeko erabiltzaile ratioaren arabera.

Adingabekoen eta ezgaituen kasuan, hautaketa haien legezko ordezkariek eginen dute.

8. artikulua. Erabiltzaileek arreta bereziko gizarte zerbitzuetako erreferentziako profesionala hautatzea.

Arreta bereziko gizarte zerbitzuetan gizarte laguntzako prozesu batean diren pertsona guztiek eskubidea izanen dute erreferentziako profesionala libreki hautatzeko, zentroan lan egiten duten profesionalen artetik, horretarako aukera dagoenean, zerbitzuak edo zentroak berak ezarritako banaketa proportzionaleko irizpideei jarraikiz.

Adingabekoen eta ezgaituen kasuan, hautaketa haien legezko ordezkariek eginen dute.

9. artikulua. Erreferentziako profesionala esleitzea.

1. Foru Komunitateko Administrazioari, udalerriei eta Nafarroako gainerako toki entitateei dagokie erreferentziako profesionala goiko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz eslei dadila bermatzea.

2. Erreferentziako profesionalaren esleipena foru dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eginen du kasuko gizarte zerbitzuen zentroko edo zerbitzuko ordezkariak.

3. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duten administrazio publikoek, foru dekretu honen 7. eta 8. artikuluetan aitortutako eskubidea galarazi gabe, ofizioz esleitzen ahalko dute erreferentziako profesionala, honako kasu hauetan:

- Programa, zentro eta zerbitzu zehatz bat berrantolatzen bada eta/edo plantillak aldaketak izaten baditu.

- Egoitza aldatzea beste gizarte zerbitzuen oinarrizko barruti batera edo arreta bereziko gizarte zerbitzuetako beste zentro batera.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko titularrari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak oro eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Azkoienen, 2011ko urtarrilaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1101282

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web