(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2026 FORU LEGE-DEKRETUA, APIRILAREN 15EKOA, ZEINAREN BIDEZ NEURRI FISKALAK HARTZEN BAITIRA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, EKIALDE ERTAINEKO KRISIAREN ONDORIO EKONOMIKOEI AURRE EGITEKO

BON N.º 76 - 20/04/2026



Atariko

I

Irango gatazkaren ondorioz bizi dugun egoera geopolitikoak aurreikusi gabeko ezegonkortasun fase batean sartu ditu energien eta lehengaien nazioarteko merkatuak. Egoera horrek zuzenean eragiten dio Nafarroako Foru Komunitateko ekonomiari. Izan ere, bertako industria-sarea energia-kontsumo handikoa da eta hornidura-kateen egonkortasunarekiko mendekotasun handia du.

Energiaren prezioen aldakortasuna areagotzeak eta horren ondoriozko ziurgabetasun ekonomikoak aldarazi egin ditu enpresen inbertsio-planak eta familien kontsumo-erabakiak. Egoera horren aurrean, Foru Administrazioak ezinbestean neurri fiskal aringarriak hartu behar ditu, segurtasun juridikoa areagotzeko, zerga-karga arintzeko eta trantsizio energetikoa sustatzeko, gure ekonomiak kanpoko faktoreekiko duen zaurgarritasuna murriztearren.

Beraz, foru lege-dekretu honen bidez zenbait zerga-neurri ezartzen dira egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzeko, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren bidez esleituriko eskumenak erabiliz.

II

Lehenik, luzatu egin dira inbertsioetarako erreserba berezia edo berrinbertitzeagatik egiten den salbuespena gauzatzeko epeak. Hornidura-kateen hausturak eta ekipamenduko ondasunen garestitzeak atzerapen handiak eragin dituzte hainbat industria-proiektutan. Neurriak hartu behar ditugu zergadunek onura fiskalak gal ez ditzaten beren borondatez kanpoko arrazoiengatik, inbertsio horiek gauzatzeko epemugak malgutuz.

Horrela, urtebete luzatzen da Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeagatik egiten den salbuespena gauzatzeko ezartzen den epea, berrinbertitzeko epea 2026. urtean bukatzen zaien zergadunen kasurako; 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzen da, aldiz, inbertsioetarako erreserba berezirako zenbatekoa gauzatzeko epea, epe hori berez 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunen kasurako.

Neurri horren helburua da, hain justu, kalterik ez eragitea zergadunei, baldin eta 2026an aurreikusita zeuzkaten inbertsioak aipatutako epe horien barruan egiteko zailtasunak badituzte.

Bigarren, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren esparruan, eta mendekotasun energetikoa murrizteko, kenkari bat ezarri da 2026ko ekitaldirako, etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko obrak egiteagatik. Neurri horren helburua da epe luzeagoa ezartzea, etxebizitzetan energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa edo etxebizitzak berotzeko edo hozteko energia-eskaria murrizteko obrak gauzatu ahal izateko.

Azkenik, energia-efizientziaren merkatua bultzatzearren, zerga-salbuespen bat ezarri da kostu bidezko ondare-eskualdaketen modalitatean, energia-aurrezpenaren ziurtagirien sistemaren esparruko energia-aurrezkien eskualdaketetan aplikatzeko. Ziurtagiri horiek funtsezko tresna dira funtsak energia aurrezteko proiektuetara bideratzeko. Izan ere, energia-aurrezkien eskualdaketak zergapetuko balira transakzio-kostu bat sortuko lukete, eta horrek kalte eginen lioke energia-aurrezpenaren ziurtagirien erabilerari, energia-efizientzia lehentasun estrategikoa den garai honetan.

III

Neurri horiek foru lege-dekretu bidez hartu dira, ohiz kanpoko premia bereziko inguruabar bat dagoelako, bat etorriz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluarekin.

Premiaz ezarri dira, nazioarteko gatazkaren ondorio ekonomikoak azkar agertzen ari direlako. Parlamentuan prozedura arruntean tramitatuta, atzeratu eginen litzateke neurri horiek indarrean jartzeko eguna, eta horrek Nafarroako enpresen likidezia-falta handitzeaz gain, trantsizio energetikorako ezinbestekoak diren inbertsio-erabakiak geldiaraziko lituzke.

Foru lege-dekretu honek, bere egituran eta edukian, premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak betetzen ditu, eta proposatutako helburuetarako behar-beharrezkoak diren zerga-aldaketak baino ez ditu ezartzen, beharrik gabeko administrazio-kargak ekidinez eta Nafarroako eta Estatuko ordenamendu juridikoarekiko koherentziari eutsiz.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko apirilaren hamabostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeko eta inbertsioetarako erreserba berezia gauzatzeko epeak luzatzea.

1. Ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketa batean lortutako dirua berrinbertitzeko epea, zeina ezarrita baitago Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 37.1. artikuluan, urtebete luzatzen da, baina, bakar-bakarrik, berrinbertitzeko epea 2026. urtean bukatzen zaien zergadunentzat.

2. Inbertsioetarako erreserba berezia gauzatzeko epea, zeina arautua baitago 26/2016 Foru Legearen 45.2 artikuluaren lehenengo paragrafoan, 2027ko abenduaren 31ra arte luzatzen da, baina, bakar-bakarrik, gauzatze-epea 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunentzat.

Azken xedapenetako lehena. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren aldaketa.

2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hirurogeita bosgarren xedapen gehigarriko 1., 2. eta 3. apartatuek ondotik ematen den testua izanen dute (aipatu foru legearen testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen):

"1. Zergadunek zilegi izanen dute edozein etxebizitzaren berokuntza- eta hozkuntza-eskaria murrizteko asmoz 2022an, 2023an, 2024an eta 2026an eginiko obrengatik epe horretan ordaindu dituzten kopuruen ehuneko 20 kentzea, baldin eta etxebizitza hori beren ohiko etxebizitza bada, edo une horretan etxebizitza gisa erabilia izateko alokairuan emana duten nahiz alokatzeko asmoa duten beren jabetzako beste bat, eta, betiere, azken kasu horretan, etxebizitza 2027ko abenduaren 31 baino lehenago alokatzen bada.

Ondorio horietarako, etxebizitzaren berokuntza- eta hozkuntza-eskaria murriztu dela ulertuko da, soilik, ehuneko 7 murrizten bada, gutxienez ere, obrak egin ondoren teknikari eskudunak jaulkitako etxebizitzaren energia-efizientziari buruzko ziurtagirian jasotako berokuntza- eta hozkuntza-eskariaren adierazleen batura, obrak hasi aurretik jaulkitako ziurtagirikoekin alderatuta.

Kenkaria eginen da obrak egin ondoren eginiko energia-efizientziaren ziurtagiria jaulkitzen den zergaldian. Edozein kasutan, ziurtagiri hori 2027ko urtarrilaren 1a baino lehenago jaulki beharko da.

Kenkari horren gehienezko oinarria urteko 5.000 eurokoa izanen da.

2. Zergadunek zilegi izanen dute edozein etxebizitzaren energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetzeko asmoz 2022an, 2023an, 2024an eta 2026an eginiko obrengatik epe horretan ordaindu dituzten kopuruen ehuneko 40 kentzea, baldin eta etxebizitza hori beren ohiko etxebizitza bada, edo une horretan etxebizitza gisa erabilia izateko alokairuan emana duten nahiz alokatzeko asmoa duten beren jabetzako beste bat, eta, betiere, azken kasu horretan, etxebizitza 2027ko abenduaren 31 baino lehenago alokatzen bada.

Ondorio horietarako, obra horiek egin diren etxebizitzaren energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetu dela ulertuko da, soilik, gutxienez ere ehuneko 30 murrizten denean energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren adierazlea, edo etxebizitzaren energia-kalifikazioaren hobekuntza bat lortzen denean, halako moldez non, kalifikazio-eskala berean, “A” edo “B” energia-klasea lortzen den, hori frogaturik obrak egin ondoren teknikari eskudunak jaulkitako energia-efizientziaren ziurtagiriaren bidez, obren hasiera aurretik jaulki zenarekin alderatuta.

Kenkaria eginen da obrak egin ondoren eginiko energia-efizientziaren ziurtagiria jaulkitzen den zergaldian. Edozein kasutan, ziurtagiri hori 2027ko urtarrilaren 1a baino lehenago jaulki beharko da.

Kenkari horren gehienezko oinarria urteko 7.500 eurokoa izanen da.

3. Nagusiki etxebizitza-erabilerakoak diren eraikinetan kokaturiko etxebizitzen jabe diren zergadunek, baldin eta eraikin horietan 2022an, 2023an, 2024an, 2025ean, 2026an edo 2027an energia-birgaitze obrak egin badira, zilegi izanen dute aipatu obrengatik epe horretan ordaindutako kopuruen ehuneko 60 kentzea.

Ondorio horietarako, eraikinaren energia-birgaitze obratzat joko dira halakoak non etxebizitza kokatzen den eraikinaren energia-efizientzia hobetzea lortzen baita, eta frogatu egin beharko da, eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiriaren bitartez, zeina teknikari eskudunak jaulkiko baitu obrak egin direnean, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren beherakada izan dela, energia-ziurtagirian jasoa eta gutxienez ere ehuneko 30ekoa edo, bestela, eraikinaren energia-kalifikazioa hobetu dela, kalifikazio-eskala berean “A” edo “B” energia-klasea lorturik, obren hasiera aurretik jaulkitako ziurtagiriarekin alderatuta.

Etxebizitzekin parekatuko dira haiekin batera erosiak diren garaje-plazak eta trastelekuak.

Ez dute kenkari hori egiteko eskubiderik emanen jarduera ekonomiko bati atxikita dagoen etxebizitza-zatian eginiko obrek.

Kenkaria 2022, 2023, 2024, 2025, 2026 eta 2027ko zergaldietan eginen da haietako bakoitzean ordaindutako kopuruei dagokienez, baldin eta energia-efizientziaren ziurtagiria kenkaria eginen den zergaldia amaitu aurretik jaulki bada. Ziurtagiria jaulkitzen denean obra horiengatiko kopuruak ordaindu ziren zergaldiaren ondorengo batean, kenkaria eginen da ziurtagiria jaulkitzen den aldian. Nolanahi dela ere, ziurtagiri hori 2028ko urtarrilaren 1a baino lehenago jaulki beharko da.

Kenkari horren gehienezko oinarria urteko 5.000 eurokoa izanen da. Kenkariaren urteko gehieneko oinarria gainditzeagatik kenkaria egin gabe geratu diren kopuru ordainduetan kenkaria egiten ahalko da, muga berarekin, hurrengo lau ekitaldietan. Kenkariaren oinarri metatuak ezin izanen du ezein kasutan 15.000 euro gainditu".

Azken xedapenetako bigarrena. Ondareeskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren xedapenak biltzen dituen testu bateginaren aldaketa.

Zenbaki bat gehitzen zaio, 37 zenbakia, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.I.B) artikuluari (testu bategin hori apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Testu hau izanen du:

"37. Energia-aurrezkien eskualdaketak, energia-aurrezpenaren ziurtagirien sistemaren esparruan (36/2023 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, Energia-aurrezpenaren ziurtagirien sistema bat ezartzen duena)".

Azken xedapenetako hirugarrena. Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako laugarrena. Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Ahalmena ematen zaie Nafarroako Gobernuari eta tributuen arloan eskumena duen departamentuaren titularrari foru lege-dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean, eta bertan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web