(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

14/2025 FORU LEGEA, INGURUMENEAN ERAGINA DUTEN JARDUERAK ARAUTZEN DITUEN ABENDUAREN 16ko 17/2020 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

BON N.º 227 - 13/11/2025; corr. err., BON 18/11/2025



ATARIKOA

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan energia berriztagarrien integrazioa egitea, bai eta ekonomia zirkularreko ekimen haiek, modua ematen dutenak ustiategietan sortzen diren hondakinak energian edo ongarri organikoetan eraldatzeko, klima-larrialdiari eta lehen sektoreak Europa osoan bizi duen kinka bereziki larriari erantzuteko estrategia bihurtzen dira.

Testuinguru horretan, munta berezikotzat jo behar da biometanoa, energia berriztagarriaren iturria izaki, eta eratorria nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan sortzen diren askotariko hondakin organikoei hurbileko lurralde batean berrerabiliak izateko egiten zaien tratamendu-prozesutik.

Energia-iturri horrek piztu duen interesa hainbestekoa da ezen, gaur egun, Nafarroan tamaina desberdinetako biometanizazio-plantak ezartzeko proiektu ugari baitago Nafarroaren luze-zabaleko kokaleku desberdinetan, garapen-maia oso desberdinetan daudenak.

Ekimen horiek bateragarriak izan behar dira lurralde-oreka jasangarriko printzipioekin, energia berriztagarrizko eta ekonomia zirkularreko azpiegitura-instalazioekin konprometitutako udalen interes orokorrarekin eta haietako herritarren ongizate eta bizi-kalitatearekin. Izan ere, ekimen horiek jasangarritasuna horren hiru ildoetan bermatu behar dute: ingurumenarena, ekonomiarena eta soziala.

Administrazioak zaindu behar du planta horietako bakoitzak kontrol-sistema zorrotzak ezartzen dituela jasotzen dituen hondakinen jatorriaren nahiz trazabilitatearen gainean, biltegi estalietako kudeaketarako plana betetzen dela, lortzen den ongarria edo energia ingurune hurbil batean erabiltzen dela, nekazaritza-ustiategiekiko edo hiriguneekiko gutxieneko distantziak errespetatzen direla, trafiko astunaren mugikortasuna kontrolatzen dela eta olfatometriazko neurketa periodikoak egiten direla, exijitzen ahal diren beste betekizun batzuen artean.

Nafarroako Gobernuak jada ekin dio halako foru dekretua izapidetzeari, zeinak arautzen baititu simaur eta digestatoen kudeatzea eta horri loturiko kreditatze- eta kontrol-prozesuak. Onesten denean, giltzarri-izaerako lanabes bat izanen da tankera horretako instalazioen lurralde-ezarpena orekaz egiten dela bermatzeko, eta horrez gain errazteko ezen planta horien tamaina doitu egiten zaiela lurraldeen beharrizanei eta harrera-ahalmen errealari.

Horregatik, moratoria bat proposatzen da, modua emanen duena ahalik denbora laburrenean plangintza-tresna publiko bat eskueran izatea, zinez eraginkorra, aurreikusten baita foru-lege proposamena indargabetuta geratuko dela aipatu foru dekretua behin betikoz onestearekin.

Artikulu bakarra. Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea aldatzea.

Xedapen gehigarri bat eransten da. Hona testua:

“Zortzigarren xedapen gehigarria. Biometanizazio-proiektuen aldi baterako berrikuspena.

1. Foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere hamabi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak aztertuko du zertan den Foru Komunitatean biometanoa sortzeko dauden proiektuen garapena, bai eta 2030erako Biogasaren Nafarroako Agendaren betetze-maila ere.

2. Epe horretan, administrazio publiko eskudunek ez dute biometano-instalazioen proiektu berririk onartuko.

3. Halaber, jada hasita eta izapidetze-fasean dauden administrazio-espedienteak kautelaz eten egingo dira, salbu eta honako bi baldintza hauek betetzen badituzte:

-Jendaurreko informazio- edo erakusketa-fasea amaitu bada.

-Sektore-txosten lotesle guztiak aldekoak badira eta espedientea organo substantiboaren ebazpen-proposamenaren fasean badago.

4. Etete horretatik espresuki kanpo geratzen dira, halaber, foru lege honek indarra hartu aurretik gutxienez baldintza hauetako bat bete duten proiektuak:

-Ingurumen-baimen integratuaren ebazpena lortu dutenak, ingurumen-ebaluazioa eta hirigintza-bateragarritasuna barne.

-Nafarroako Gobernuak espresuki foru-erkidegoaren intereseko proiektu deklaratzen dituenak.

5. Edonola ere, xedapen honetako kautelazko etetea 2026ko irailaren 30a baino lehen amaituko da, edota eremu kalteberetan ongarritzeari buruzko foru-araudia indarrean sartzen den unean.

6. Foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak departamentu arteko batzorde tekniko bat eratuko du, Landa Garapenean, Lurralde Kohesioan, Industrian, Trantsizio Ekologikoan eta Osasunean eskumena duten departamentuetako ordezkariek osatua, txosten bateratu bat egiteko xedez. Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

-Izapidetzen eta gauzatzen ari diren proiektuei buruzko diagnostiko tekniko eguneratua.

-Proiektu horien lurralde-, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-inpaktuaren azterketa.

-Beharrezko gomendioak plangintza orekatua, jasangarria eta teknikoki zorrotza bermatzeko, erakundeen eta herritarren parte-hartzearekin”.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web