6/2025 FORU LEGEA, MAIATZAREN 15EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO GAIKUNTZADUN FUNTZIONARIOENTZAT ERRESERBATUTAKO LANPOSTUETAN ALDIBATERAKOTASUNA MURRIZTEKO PRESAKO NEURRIEI BURUZKO MAIATZAREN 30EKO 16/2022 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA
BON N.º 98 - 20/05/2025
Foru lege honek xede du Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbaturiko lanpostuen jabetza egun berean hartzeari buruzko araudia aldatzea, hutsaldu egin baitira prozesu desberdinetan jabetza-hartzea egun berean izan zedin komenigarri egiten zuten eraginkortasun administratiboko arrazoiak, Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legeak ahalbidetzen zituen egonkortze-prozesu nahiz prozesu arruntetan.
Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak helburu zeukan egiturazko aldibaterakotasunaren tasa ehuneko 8 baino beherago kokatzea administrazio publikoen multzoan.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abenduaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluak foru-araubidearen oinarrizko ardatzetakotzat jasotzen du Nafarroak toki-araubidearen alorrean duen eskumen historikoa. Hala, aipatu manuaren arabera, Nafarroari dagozkio "gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege-dekretu Itunduan eta bere xedapen osagarrietan erabakitakoaren babesean", bai eta "aurrekoekin bateragarriak izan eta Estatuko oinarrizko legeriaren arabera autonomia-erkidegoei edo probintziei dagozkiekeenak" ere.
Gaur egun, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak bere 234. artikuluan ezartzen du ezen, arau orokor gisa, Foru Komunitateko Administrazioak emandako gaikuntza duten funtzionarioentzat ez beste inorentzat erreserbatuta egonen dela idazkaritza nahiz kontu-hartzailetzaren alorretako eginkizun publiko beharrezkoen egikaritzea.
Orobat, aipatu foru legearen 236. artikuluak dioenez, Nafarroako Gobernuan toki-administrazioaren arloko eskumena duen departamentuari dagokio harako langileak hautatu eta izendatzea, zeinek foru-gaikuntzadun langileei erreserbatutako eginkizun publiko beharrezkoak bete behar baitituzte, idazkaritza eta/edo kontu-hartzailetzaren alorretakoak.
Eta, hain zuzen ere, Nafarroako toki-entitateetako idazkaritza eta kontu-hartzailetzako postuetan ari da gertatzen behin-behinekotasun egoera larria, urteak joan urteak etorri bere horretan dirauena, postu horien funtzionariozko postu-betetzea Nafarroako toki-entitateen maparen balizko berregituraketara baldintzatuta egotearen ondorioz.
Horri eransten zaion egitatea da foru-gaikuntzadun funtzionario urriek ezin izan dutela parte hartu, orain dela hamabi urte baino atzeragotik, Nafarroako toki-entitateetako beste lanpostu foru-gaikuntzadun batzuetara mugitu edo lekualdatzea ahalbidetuko zieten zenbait merezimendu-lehiaketatan, lanpostu hutsak betetzeaz denaz bezainbatean dagoen araugintza-blokeoa dela-eta.
2024ko irailaren 10eko auto baten bitartez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak erabaki zuen konstituzio-kontrakotasuneko arazoa aurkeztea maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legearen, funtzio publikoan merezimendu-lehiaketa bitartez sartzeko salbuespenezko prozesua arautzen duenaren, 6. artikuluaren aurka. Prozesu hori, hain zuzen ere, Sala horrexek berak etenda dauka 2023ko abenduaz geroztik; eta, horrenbestez, prozesu desberdinetako lanpostuen jabetza-hartzeak batera egitearen aldeko eraginkortasun administratiboko arrazoiak funtsik gabe geratu dira.
Maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legeko 8.2 artikuluak ezartzen du ezen, eraginkortasun administratiboko arrazoiengatik, eta bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 252. artikuluan ezarritakoarekin, izendatuak izan direneko lanpostuaz egun berean jabetuko direla 1. artikuluan aurreikusitako merezimendu-lehiaketa berezietan lanpostua adjudikatu zaienak eta 3.etik 7.era bitarteko artikuluetan aurreikusitako hautaprozesuen ondorioz foru-gaikuntza lortu dutenak. Artikulu hori kontraesanean sartu da aipatu postuen jabetza-hartzea bateratasunez egiteko zeuden eraginkortasun administratiboko arrazoiekin eta arau horrek ezarritako aldibaterakotasun-murrizketako helburuekin; bai eta, azken batean, enplegu publikorako sarbideari buruzko konstituzio-arauekin berekin eta funtzionario orok mugikortasunerako duen oinarrizko eskubidearekin ere.
Hori guztia dela-eta, maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legea aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzkoa.
Foru lege hau onetsia izateko beharrezkoa izan da gehiengo osoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluak eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 172 eta 173. artikuluek xedatuaren arabera.
Artikulu bakarra. 16/2022 Foru Legea aldatzea, maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzkoa.
Bat. 8. artikuluaren 2. apartatua kentzen da.
Bi. Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da.
"Xedapen gehigarri bakarra.-Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
Harik eta Konstituzio Auzitegiak ebatzi arte Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legeko zenbait manuri buruz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurkezturiko konstituzio-kontrakotasun arazoa, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eginen da, honako baldintza hauek guztiak betetzen dituzten izangaiek osaturikoa:
1. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 679/2022 Ebazpenaren bitartez deituriko prozeduretako epaimahaiek kasuko izangaiaren aldeko izendapen- eta gaitze-proposamena egin izana.
2. Foru-gaikuntzarik lortu ez izana, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren abenduaren 1eko 680/2022 Ebazpenaren bitartez deitutako prozeduren ondoriozkorik. Ebazpen horren bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako gaikuntza lortzeko deialdia, eta Nafarroako toki-entitateetako idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako postuetarako sarbidea ematea, oposizio-lehiaketaren sistemazko txanda askeko hautaprozesuaren bitartez, bai eta aldi baterako enplegua oposizio-lehiaketa bidez egonkortzeko hautaprozesua ere.
Nafarroako toki-entitateetako idazkaritzako edo kontu-hartzailetzako postuetarako aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda hori ordezkoa izanen da oposizio-lehiaketaren sistemazko txanda askeko deialdiaren ondoriozkoaren aldean, bai eta aldi baterako enplegua oposizio-lehiaketaz egonkortzeko prozesuaren ondoriozkoaren aldean ere, zeinak lehenago aipatu baitira.
Zerrendako izangaien hurrenkera izanen da izendapen-proposamenetan haiek betetzen duten posizioaren araberakoa.
Izangaiei deitzea eta, kasua bada, haiek kontratatzea, eginen dira abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz, zeinak onesten baitu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina, eta halaber jarraikiz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 187/2013 Foru Aginduari, zeinaren bidez arauak onesten baitira, hala eskatzen duten Nafarroako toki-entitateetako idazkari eta kontu-hartzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzekoak. Aplikatzekoa suertatzen den gainerako araudiari ere helduko zaio.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.