1/2025 FORU LEGE-DEKRETUA, MAIATZAREN 7KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO LANGILEEN ARLOKO APARTEKO ETA PREMIAZKO NEURRIAK ONESTEN DITUENA
BON N.º 91 - 09/05/2025
Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen bidez, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasun handia murrizteko beharrezkoak diren egiturazko erreformak egin ziren, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin bat. Plan horrek Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso du. Lege horrek administrazio publikoetako aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesu bat egitea aurreikusten zuen, helburua baita enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murriztea eta gehienez ere %8ko egiturazko behin-behinekotasuna lortzea administrazio publiko guztietan.
Aipatutako abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, hamargarren xedapen gehigarrian, xedatzen zuen hura Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko zela Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritako moduan.
Ildo horretan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren arabera, Nafarroari dagokio Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidearen gaineko eskumen esklusiboa, Estatuko oinarrizko legeriak sektore publikoko langileei onartzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz. Eskumen horri jarraikiz eman zen maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretua, zeinaren bidez neurriak hartzen baitziren Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak egiteko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz. Foru lege-dekretu hori baliozkotu eta foru lege proiektu gisa izapidetu zen, eta horren emaitza izan zen uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea.
2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar zuten egonkortze prozesuei lotutako neurriek nolabaiteko eraginkortasuna izan dute. Aurrekoa gorabehera, hartutako neurriak ez dira nahikoak izan behin-behinekotasuna murrizteko aipatutako %8ko helburutik behera. Gainera, egiaztatu da hautapen eta lanpostuak betetzeko prozedurak arautzen dituen araudiaren zenbait alderdik, bai eta administrazio egoeretakoek ere, ez dutela ahalbidetzen behin-behinekotasun tasak murriztea, ezarritako helburua lortu arte.
Premia horri erantzuteko, borondatezko eszedentzia arautzeari dagokionez, ez da aplikatuko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 26. artikulua (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), foru lege-dekretu honek indarra hartu eta bi urteko epean.
Proposatutako aldaketek, zehazki, aldi bat ezartzen dute sarrerako hautapen prozedura batean parte hartu duten pertsonek lortutako plazan egon beharra borondatezko eszedentzia eskatu ahal izan aurretik; hala, bermatuko da benetan lan eginen dela parte hartu den hautapen prozeduran eskuratutako plazan, gutxienez aldi batez, plaza hori berriro bete aurretik.
Era berean, beste administrazio publiko batean zerbitzuak egiteko borondatezko eszedentzia ematea kasu honetara mugatzen da: xedeko administrazioan egin beharreko zerbitzuak finkoak izatea.
Hala ere, aurretik xedatutakotik salbuetsita geratzen dira Nafarroako toki entitateak.
Beste alde batetik, egoera horretatik lanera itzuliko dela ziurtatzeko, egun jakin batean sartzea aurreikusten da, aurrekontu-zuzkidura duen eta hautapen prozesu batean sartuta ez dagoen plaza huts bat dagoenean, araudia errealitate praktikora egokituz.
Horren ondotik, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 88. artikulua aldatzen da; izan ere, beharrezkoa da araudia argitzea kontuan hartuta Nafarroan aplikatu beharreko araudia eta lekualdatze-lehiaketen deialdia sarrerako deialdien aurretik egin beharra. Zehazki, hirugarren apartatuan, plaza hutsak betetzeko kontratuen azkentze orokortua ekar lezaketen interpretazio murriztaileak saihesteko, zehazten da administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dutela, baldin eta plaza hutsa behin betiko betetzeko prozedura bat -izan sartzeko prozedura, izan lanpostua betetzeko prozedura- argitaratu bada kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita hiru urteko epean.
Era berean, egonkortze prozeduren izapidetze elektronikoari esker, egiaztatu ahal izan da prozedurak ebazteko teknologia berriak erabiltzea oro har efizientea dela. Hori dela eta, sartzeko hautapen prozesuei eta lekualdatze-lehiaketei dagokienez, administrazio bideak errazteko neurriak hartzen dira, prozesu horiek behar duten azkartasuna ziurtatzeko. Neurri horien bidez, epeak murriztuko dira, eta izapide-egintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu ordez, web-fitxen bidez argitaratuko dira. Horrek aukera ematen du aldi baterako langileek betetako plaza hutsak betetzeko prozedurak arintzeko.
Ildo beretik, lekualdatze-lehiaketak are arinago ebazteko, lanpostuko antzinatasuna eta hizkuntzak baino ez dira baloratzen. Datu horiek, oro har, Administrazioaren esku daude, edo oso dokumentazio gutxi ematea eskatzen dute.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, kategoria batzuetan profesional gutxi daudenez, komeni da egoera horren ondorioak arinduko dituzten neurriak ezartzea.
Alde horretatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 31. artikulua aldatzen da, aukera emateko oposizio sistema aplikatzeko, antzinatasun txikiagoa duten pertsonei errazteko osasun arloan hutsik dauden plazetan sartzea, arauan aurreikusitako baldintzetan.
Halaber, aipatutako urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 29.3 artikulua aldatzen da, barne har dezan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileei dagokienez, testu bateginaren 88. artikuluan Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztientzat oro har ezarritako arau-azalpen bera.
Gainera, lekualdatze-lehiaketen ebazpena arintzeko, bi urtez eteten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1.3 apartatuaren aplikazioa, eta aldi baterako erregulazio berri bat ezartzen da, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzat xedatutakoaren baldintza berberetan.
Horren guztiaren ondorioz, foru lege-dekretu honek administrazio publikoen zerbitzura dauden langileak arautzeko Nafarroako Foru Komunitatean dagoen araudi propioa aldatu nahi du.
Zehazki, foru lege-dekretu honek honako arau hauei eraginen die: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua.
Proiektua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorrera eraman da, 2025eko martxoaren 21ean eta apirilaren 10ean, 16an eta 23an.
Azaldutako arrazoiek foru lege-dekretu hau onestea eskatzen dute, aparteko eta premiazko beharrizanaren ondorioz aipatutako neurriak berehala hartzeko, justifikazio memorian luze azaltzen den bezala.
Azkenik, kontuan harturik foru lege-dekretu honek ukitzen dituela Nafarroako administrazio publiko guztiak, eta hortaz, baita toki entitateak ere, Toki Araubidearen Foru Batzordeak proiektua aztertu zuen, eta txostena eman, 2025eko maiatzaren 5ean.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eta Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko maiatzaren zazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzea.
Bat. Aldatzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 9. artikulua. Honela gelditu da:
"9. artikulua.
Funtzionario izateko, bata bestearen ondoren baldintza hauek bete beharko dira:
a) Hautapen probak gainditzea.
b) Agintari eskudunak egindako izendapena. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
c) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioa eta legeak onartu, eta karguari atxikirik dauden eginbeharrak zintzo beteko dituela.
d) Plazaren jabetza hartzea, izendapen ebazpenean horretarako zehazten den egunean, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik".
Bi. Aldatzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 30. artikulua. Honela gelditu da:
"30. artikulua.
Plaza gorderik ez duten funtzionarioak zerbitzura itzuliko dira plaza hutsak daudenean, baldin eta sartzeko hautapen prozedurarako deialdi batean sartuta ez badaude".
Hiru. Aldatzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 88.3 artikulua. Honela gelditu da:
"88. artikulua.
3. Artikulu honen lehen apartatuaren b) letran xedatutako kasuan, administrazio-kontratudun langileek betetako plaza hutsak betetzeko, lanpostuak betetzeko edo mugigarritasunerako arauz aurreikusitako mekanismoetako edozein erabili beharko da.
Hala ere, langilea administrazio-araubidean kontratatu zenetik hiru urte igarotakoan, kontratua azkenduko da, eta karrerako funtzionarioek soilik betetzen ahalko dute plaza huts hori, kasuan kasuko hautapen prozesua hutsik geratu ezean; kasu horretan, langileak berriro kontratatzen ahalko dira administrazio-araubidean.
Salbuespenez, administrazio-kontratadun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dute, baldin eta plaza hori lan eskaintza publiko batean sartu bada eta sartzeko edo lanpostuak betetzeko dagokion deialdia argitaratu bada, kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita hiru urteko epean. Kasu horretan, deialdia ebatzi arte bete ahal izanen du, eta kargu-uzteak ez du konpentsazio ekonomikorik ekarriko".
Lau. Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria gehitzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean.
"Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria.
1. Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako sarrerako hautapen prozesuen izapideak eta jarduketak epe hauen araberakoak izanen dira:
a) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea: 20 egun natural.
b) Deialdian onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendei alegazioak aurkezteko epea: 10 egun baliodun.
c) Behin-behineko emaitzei alegazioak aurkezteko epea: 5 egun baliodun.
d) Prozeduran parte hartzeko betebeharrak egiaztatzeko eta eskainitako lanpostu hutsak aukeratzeko epea: 10 egun baliodun.
e) Funtzionario izendatzeko edo, hala badagokio, lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko behar den dokumentazioa aurkezteko epea: 10 egun baliodun, izendapen edo kontratazio proposamena argitaratzen denetik aurrera.
2. Prozeduran onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko nahiz behin betiko zerrendak eta hautatutako pertsonak izendatzeko proposamena dagokion deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira.
3. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean hartuko dute plazen jabetza hautatutako pertsonek, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik".
Bost. Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria gehitzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean.
"Hogeita bederatzigarren xedapen gehigarria.
1. Administrazio publikoek deitutako lekualdatze-lehiaketako prozesuen izapideak eta jarduketak epe hauen araberakoak izanen dira:
a) Prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea: 10 egun natural.
b) Deialdian onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendei alegazioak aurkezteko epea: 5 egun baliodun.
c) Merezimenduen behin-behineko balorazioari alegazioak aurkezteko epea: 5 egun baliodun.
d) Lanpostu hutsak aukeratzeko epea: 5 egun baliodun.
2. Prozeduran onartutako eta baztertutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrendak deialdiaren web-fitxan argitaratuko dira. Baztertutako inor ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web-fitxan".
Sei. Azken xedapena gehitzen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean.
"Azken xedapena.
Izapidetze epeak dituzten hogeita zortzigarren eta hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriak Nafarroako Gobernuak eguneratu ahal izanen ditu erregelamenduzko arauen bidez".
2. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua aldatzea.
Bat. Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 9. artikulua aldatzen da. Honela gelditu da:
"9. artikulua.
1. Lekualdatze-lehiaketetan, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barnean, honako elementu hauek baloratuko dira, eta honela banatuta:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
b) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute soilik.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren b) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
2. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:
a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zein plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, plaza horien ezaugarri espezifikoak banan-banan aztertu ondoren. Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten plazak.
3. Aurreko apartatuetan aipatzen diren elementuak baloratzeko, jarraituko zaie erregelamendu honi eta, erregelamendu hau garatzeko administrazio publiko bakoitzeko organo eskudunak onartzen dituen merezimenduen baremoei.
4. Lekualdatze-lehiaketen deialdien oinarrietan, ezarri daiteke lehiakideek gainditu behar dutela prestakuntza ikastaro bat".
Bi. Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 39. artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:
"39. artikulua.
Lehiaketan parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasun handiena duten pertsonen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da".
3. artikulua. Nafarroako Osasun ZerbitzuaOsasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea aldatzea.
Bat. Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 29.3 artikulua aldatzen da (foru lege horren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da). Honela geldituko da:
"3. Artikulu honen lehen apartatuaren b) letran xedatutako kasuan, administrazio-kontratudun langileek betetako plaza hutsak betetzeko, lanpostuak betetzeko edo mugigarritasunerako arauz aurreikusitako mekanismoetako edozein erabili beharko da.
Hala ere, langilea administrazio-araubidean kontratatu zenetik hiru urte igarotakoan, kontratua azkenduko da, eta karrerako funtzionarioek soilik betetzen ahalko dute plaza huts hori, kasuan kasuko hautapen prozesua hutsik geratu ezean; kasu horretan, langileak berriro kontratatzen ahalko dira administrazio-araubidean.
Salbuespenez, administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten plazan jarraitu ahal izanen dute, baldin eta plaza hori lan eskaintza publiko batean sartu bada eta argitaratu bada sartzeko, lanpostuak betetzeko edo aurreko egokitzapenari dagokion deialdia, kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita hiru urteko epean. Kasu horretan, deialdia ebatzi arte bete ahal izanen du, eta kargu-uzteak ez du konpentsazio ekonomikorik ekarriko".
Bi. Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 31. artikulua aldatzen da (foru lege horren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da). Honela geldituko da:
"31. artikulua.
1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile izateko hautapena deialdi publiko bidez eginen da, eta dagozkion hautapen probak oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez eginen dira.
Salbuespenez, merezimendu-lehiaketaren sistema erabili ahal izanen da osasun arloko fakultatibo espezialistei dagozkien A mailako plazak direnean, baldin eta horietan jarduteko bereziki kualifikatutako ezagutzak behar badira.
Sarrerako salbuespenezko prozedura bat denez, Osasun Departamentuak sartze horien berri emanen dio Nafarroako Parlamentuari, plazaz jabetu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan.
Oposizio sistema erabili ahal izanen da deialdia onesteko unean hutsik dauden eta deialdia egin aurreko urtearen erdia baino gehiago hutsik egon diren plazak betetzeko, Osasuneko Mahai Sektorialari aldez aurretik jakinarazita.
2. Eraginkortasun arrazoiak direla-eta oposizio-lehiaketa bidezko hautapen prozedura aukeratzen denean, prozedurak dituen ondoz ondoko bi faseen ordena aldatu ahal izanen da.
Osasun arlokoak ez diren estamentuetan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat modu orokorrean ezarritako araudia aplikatuko da".
3. Deialdien oinarrietan ezarri ahal izanen da lehiaketa fasea baztertzailea izanen dela. Lehiaketa faseari emandako puntuazioak ezin izanen du inola ere gainditu oposizio-lehiaketa osoan lor daitekeen gehieneko puntuazioaren %40, eta lehiaketa fasean lortutako puntuazioa ezin izanen da aplikatu oposizio faseko ariketak gainditzeko".
4. artikulua. Nafarroako administrazio publikoetan behinbehinekotasuna murrizteko borondatezko eszedentzien araubidea arautzea.
Eteten da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 26. artikuluaren aplikazioa, bi urteko epean, foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera.
Ondorioz, bi urteko aldi horretan, borondatezko eszedentziei honako araudi hau aplikatuko zaie:
"1. Borondatezko eszedentzia deklaratzen ahalko da, funtzionarioek eskatuta, ondoko kasu hauetan:
a) Zerbitzuak egiten hasten bada beste administrazio publiko batean edo langilearena ez den beste administrazio baten mendekoa den eta berezko nortasun juridikoa duen entitate batean, baldin eta gutxienez bi urtez jardunean edo egoera parekatuan egon bada, plazaren jabetza hartzen denetik kontatzen hasita.
Apartatu honetan xedatutakotik salbuetsiko dira Nafarroako toki entitateetako funtzionarioak, borondatezko eszedentziaren modalitate hori lortu ahal izanen baitute beste administrazio publiko batean edo nortasun juridiko propioa duen beste administrazio baten mendeko erakunde batean zerbitzuak ematen hasten badira.
b) Administrazio publiko beraren baitan, maila bereko edo desberdineko beste lanpostu bat eskuratzen duen funtzionarioak, unitate organikoko burutza edo zuzendaritza direnak izan ezik, bietako bat aukeratu beharko du, eta beste lanpostuan borondatezko eszedentzian deklaratzea eskatzen ahalko du.
c) Interesdunak aldez aurretik eskatuta, borondatezko eszedentzian deklaratuko dira administrazio publiko berean maila bereko edo desberdineko beste lanpostu batean aldi baterako zerbitzuak egiten hasten diren funtzionarioak, lehen hemezortzi hilabeteetan betetzen zuten plaza gordeta, baldin eta gutxienez bi urtez jardunean edo antzeko egoeran egon badira, funtzionarioen araubideko plazaz jabetzen direnetik zenbatzen hasita.
d) Alderdi politikoetan edo erakunde sindikal edo profesionaletan zuzendaritza karguetan aritzeko, baldin eta kargu horietan aritzea eta funtzio publikoan lan egitea bateragarriak ez badira.
e) Funtzionarioaren interes partikularrengatik, jatorrizko plaza hemezortzi hilabetez gordeko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta egiaztatzen baldin bada eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela, funtzionarioen araubideko plazaz jabetzen direnetik zenbatzen hasita.
2. Borondatezko eszedentziak ez du denbora mugarik izanen, hura ematen den kasu guztietan.
3. Borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek ezin izanen dute zerbitzura itzultzea eskatu, egoera horretan urtebete egin arte. Lanera itzultzea erabaki ondoren, ezarritako egunean itzuli beharko dira. Hala egin ezean, langileak galdu eginen du funtzionario izaera.
4. Borondatezko eszedentzian daudenek lortutako maila, gradua eta antzinatasuna gordeko dituzte, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko eta ez zaie kontatuko, inongo ondorioetarako, egoera horretan eman duten denbora.
5. artikulua. OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuaren eremuan behinbehinekotasuna murrizteko lekualdatzelehiaketen araubidea arautzea.
Eteten da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1.3 apartatuaren aplikazioa, bi urteko epean, foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik denetik aurrera.
Ondorioz, bi urteko aldi horretan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lekualdatze-lehiaketei honako araudi hau aplikatuko zaie:
"Lekualdatze-lehiaketetan, gehienez 46 puntuko balioa izanen duen eskala baten barnean, honako elementu hauek baloratuko dira eta honela banatuta:
a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
b) Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik): 2 puntu gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.
Apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute soilik.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da zer plazatan baloratzen diren b) apartatu honetan ezarritako merezimenduak, banan-banan aztertu ondoren plaza horien ezaugarri espezifikoak.
Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, euskararen ezagutza baloratuko da plazak dauden eremuaren arabera, honako irizpide hauei jarraikiz:
a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Deialdi bakoitzean zehaztuko da eremu mistoko zein plazatan baloratzen den euskararen ezagutza, herritarrei ematen zaien arreta- edo tratu-mailaren arabera, plaza horien ezaugarri espezifikoak banan-banan aztertu ondoren. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan".
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2025eko maiatzean eginen du barne-egokitzapeneko edo lekualdaketako lehiaketetarako deialdia, gaur egun egiten ari diren enplegu publikoko eskaintzetako lanpostuei dagozkienak.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Araudia indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru lege-dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Erregelamendu mailako babesa.
Foru lege-dekretu honek aldatzen dituen erregelamenduzko arauetan jasotako zehaztapenak aldatu ahal izanen dira haiek jasotzen dituen arauari dagokion erregelamendu mailako arauen bidez.
Azken xedapenetako bigarrena. Nafarroako Parlamentura igortzea.
Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.