(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

25/2025 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 26KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN KOMUNIKAZIO BITARTEKARITZAKO GOI-MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA

BON N.º 91 - 09/05/2025



  ERANSKINA. Komunikazio Bitartekaritzako goimailako teknikari titulua


ZIOEN AZALPENA

1

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide-ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza-sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa-mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa-zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide-gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide-kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.

Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenak, gaitasun digitalari eta genero-ikuspegiari buruzko faktore garrantzitsuak jasotzen ditu, eta lanbide-heziketari dagozkion zenbait alderdiri eragiten die, hala nola Lanbide Heziketaren sustapenari; araubide bereziko irakaskuntzetatik sartzea errazten du, eta, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Titulua lortzeko aukera berresten die Oinarrizko Lanbide Heziketa egin dutenei, beste gai garrantzitsu batzuen artean.

Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzkoak, hezkuntza-sistemako beste unibertsitate- eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzekiko harremana ezartzen du, eta prestakuntza-ibilbide osoa sortzen du.

Lege horrek nabarmenki aldatzen ditu Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko baldintzak, sartzeko prestakuntza-eskakizunei dagokienez. Aipatutako legearen arau bidezko garapenean zehaztuko dira baldintza horiek.

659/2023 Errege Dekretuak, uztailaren 18koak, Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duenak, arauzko estaldura ematen die sistema malgutu eta irisgarriago egiteko planteatutako zehaztapenei, eta lanbide heziketako eskaintza nahikoa eta egokia bermatzen du, hala ikasleentzat nola langileentzat, sisteman aurreikusitako gradu guztietan; horretarako, aukera ematen du prestakuntza ibilbideak sortzeko, nahitaezko hezkuntza bukatu aurretik eta haien laneko bizitza osoan zehar, ikaskuntzaren kultura berri bat orokortze aldera. Errege dekretu horrek beharrezkoa den esparrua ezartzen du Lanbide Heziketako Sistema gizartearen eskakizunetara eta premietara pixkanaka egokitzeko, kalitatezko lanbide kualifikazioa lor dadin.

Goi-mailako Lanbide Heziketako tituluak ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege-dekretu jakin batzuk aldatzen dituen maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuak eguneratu egiten du heziketa-ziklo bakoitzaren ikasketa-plana osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda; egokitu egiten du proiektu zaharra eskaturiko moduluartekotasunera; egokitu egiten ditu irakasleen kidegoak urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretua argitaratu ondotik (800/2022 Errege Dekretua, urriaren 4koa, Iraungi beharrekoa den lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan integratzea arautzen duena eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleei buruzko zenbait errege-dekretu aldatzen dituena); eta eguneratu egiten du zenbait errege-dekreturen 6. artikuluaren edukia, eta, ondorioz, eguneratu egiten du lanbide-moduluen eta gaitasun-unitateen arteko egokitasunari buruzko eranskina.

Foru-dekretu honen bitartez, Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi-mailako heziketa-zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Curriculum honek Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari titulua ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 3ko 831/2014 Errege Dekretua garatzen du, eta Goi-mailako lanbide-heziketako tituluak ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege-dekretu jakin batzuk aldatzen dituen maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuan jasoriko aldaketak txertatzen ditu, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretan dituen eskumenak erabiliz (uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedaturikoari jarraikiz), zeinak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aitortzen baitzaizkio.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemaren esparruan lanbide-heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide-heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum-autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide-erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide-erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan-jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide-profilaren barrenean, dagokion gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide-kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide-kualifikazio horiek (SSC449_3 -Gorren komunitatearen sustapena, garapena eta parte-hartzea, uztailaren 22ko 1096/2011 Errege Dekretuak arautua- eta SSC447_3 -Pertsona gor-itsuaren eta komunitatearen arteko bitartekaritza, uztailaren 22ko 1096/2011 Errege Dekretuak arautua-) eta kualifikazio osatu gabeek (SSC321_3 -Komunitate-dinamizazioa, urriaren 19ko 1368/2007 Errege Dekretuaren bidez arautua- eta SSC090_3 -Autonomia pertsonaleko eta sozialeko trebetasunetan heztea, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuaren bidez arautua-) lanbide-jardueraren eremua osatzen dute, haietako bakoitzaren gaitasunen multzoak definitzen dutena. Gaitasun horiek eta euskarri gisa erantsi diren lanbide-moduluek badute zabalera eta espezializazio aski goi-mailako teknikari honen enplegagarritasuna bermatzeko.

Ekoizpen-sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituztenak Nafarroarentzat, tituludun horrek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hori gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun hauen lanbide-jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin lotuta dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan banatua dago. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide-moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza-jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide-heziketako goi-mailako heziketa-zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide-modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan-unitateen eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.

4

Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa-ziklo honetara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasatzen ahal den beste ikasketa batzuetara Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari titulurako heziketa-zikloa bukatu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (4. eranskinean garatua) lanbide-moduluen eta titulu honetako kualifikazioetako gaitasun-unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.

5

Azkenik, foru-dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 5. eta 6. eranskinetan deskribatzen da, heziketa-ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko martxoaren hogeita seian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru-dekretu honen xedea da Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak lanbide-arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari titulua elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Komunikazio Bitartekaritza.

b) Maila: 3-Goi-mailako Lanbide Heziketa.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide-arloa: Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak.

e) Europako erreferentea: ISNI - 5b (Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

f) Etengabeko Ikaskuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparrua: 5. maila.

3. artikulua. Lanbideerreferentea eta lanbidejarduera.

Foru-dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun-unitateak, lanbide-gaitasunak eta enplegagarritasunerakoak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemaren esparruan lanbide-heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikariaren heziketa-zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide-moduluak foru-dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Heziketa-ziklo hau ematen duten lanbide-heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituzten lanbide-moduluetako bakoitzerako. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan-unitateen bitartez eginen da.

3. Programazio didaktikoetan, curriculumean sartzeko curriculum-egokitzapenak jasotzen ahalko dira, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.

5. artikulua. Zikloaren helburu orokorrak eta lanbidemoduluak.

1. Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikaria izateko heziketa-zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jasorik daude.

2. Goi-mailako heziketa-zikloek egitura modularra izanen dute, eta uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 96.1 artikuluan aurreikusiriko ardatz-zatian eta aukerako-zatian antolatuko dira.

3. Heziketa-ziklo horretan, enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-aldi bat sartuko da, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren IV. tituluan arauturiko baldintzetan.

4. Foru-dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira heziketa-ziklo honen lanbide-moduluak, Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari titulua ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 3ko 831/2014 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarririkoarekin bat etorriz (maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuak aldatu zuen 831/2014 Errege Dekretua).

5. Lanbide-modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru-dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora-banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora-banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa-ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.

6. Hautazko parte bat sartzen da, 100 ordukoa, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 102. artikuluan aipatzen dena. Parte hori urtebeteko iraupena duen lanbide-modulu batek edo lau hileko bi moduluk osatzen ahalko dute; bigarren kasu horretan, lau hileko bi modulutan banatzen ahalko da ikasturte desberdinetan. Hezkuntza Departamentuari dagokio hautazko moduluen eskaintza arautzea. Prestakuntza profesionaleko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek hautazko moduluak proposatzen ahalko dituzte, tituluen curriculumetan txertatzeko. Foru-dekretu honen azken xedapenetako lehenengoan xedatutakoaren ondorioetarako, proposamen horiei buruzko txostena egin beharko du Hezkuntza Departamentuan prestakuntza profesionalaren arloko eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak.

6. artikulua. Heziketazikloan sartzeko bideak.

1. "Foru-dekretu honek arautzen duen heziketa-zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 112. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira".

7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi-mailako beste edozein heziketa-ziklotarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

2. Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu-tituluak eskuratzeko ikasketetarako, onarpenerako ezartzen diren baldintzekin betiere.

3. Maiatzaren 21eko 500/2024 Errege Dekretuaren XCI eranskinaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide-heziketako goi-mailako teknikari-tituluen eta unibertsitateko gradu-ikasketen arteko kreditu-onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie forudekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean banatuak.

8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarririko lanbide-heziketako tituluen lanbide-moduluen eta foru-dekretu honek curriculumaren egitura eta garapena ezartzen dituen tituluko lanbide-moduluen arteko baliozkotzeek ekainaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 126. artikuluan ezarririkoa beteko dute, eta foru-dekretu honen 3. eranskinean daude adierazirik.

2. Lanbide Heziketako Sistemako prestakuntzen eta haren aurretiko erregulazioen berezko prestakuntzen arteko lanbide-moduluak baliozkotzeko, ekainaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 127. artikuluan adierazirikoa bete beharko da.

2017ko martxoaren 5a baino lehenago ezarririko tituluetarako, abenduaren 9ko 1085/2020 Errege Dekretuan ezarririkoa izanen da aplikagarria (1085/2020 Errege Dekretua, abenduaren 9koa, zeinaren bidez ezartzen baitira Espainiako hezkuntza-sistemaren barneko lanbide-heziketaren tituluetako lanbide-moduluen baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak eta zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntza-sistemaren barneko lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua).

9. artikulua. Lanbidemoduluen eta gaitasununitateen arteko korrespondentzia.

1. Lan-esperientziaren bidez edo beste bide ez-formal eta informal batzuen bidez eskuraturiko lanbide-gaitasunen estandarrak egiaztatuz lanbide-moduluak baliozkotzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 128. artikuluan ezarririkoa beteko da, hala badagokio. Foru-dekretu honen 4 A) eranskinean zehazten dira.

2. Lanbide-moduluak gaindituz lanbide-gaitasunen estandarrak egiaztatzeko, "lanbide-moduluek gaitasun-unitateekin duten korrespondentzia, horiek egiaztatzeko" taulak aplikatuko dira. Foru-dekretu honen 4 B) eranskinean zehazten dira.

3. 1. puntuan aurreikusiriko ondorioetarako, aplikatzekoak izanen dira indargabeturiko Lan-esperientziaren bidez harturiko lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arauturiko prozeduraren bidez egiaztatu diren gaitasun-unitateak ere.

4. Gaitasun-unitateen eta/edo lanbide-moduluen izendapenen eguneratzeak kontuan harturik, bat etorri ezean, kodetzeak lehentasuna izanen du izendapenaren gainetik.

5. Enpresa edo organismo parekatuko prestakuntza-aldia salbuesten ahalko da uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 131. artikuluan jasoriko baldintzetan.

10. artikulua. Irakasleak.

1. Heziketa-ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide-moduluetan irakaslanean aritzea Bigarren Hezkuntzako katedradunei, Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoei dagokie; foru-dekretu honen 5. eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute.

2. Irakasleen kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien tituluak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Errege-dekretu horren bidez, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko Erregelamendua onesten da, eta lege organiko horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sarrera-araubide iragankorra arautzen da.

3. Beste profil laguntzaile batzuk izanez gero, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren V. tituluaren IV. kapituluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte profil horiek.

11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.

1. Heziketa-ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru-dekretu honen 6. eranskinean ezarritakoak dira.

2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute bakoitzean ematen diren lanbide-moduluetako ikaskuntzaren emaitzei dagozkien irakaskuntza-jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza-espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza- eta ikaskuntza-jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna osagarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta tresneriak behar dituzten segurtasun-tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Bete beharrekoak dira laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera-berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

3. Ikasle-talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza-lekuak, heziketa-ziklo edo hezkuntza-etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza-lekuek ez dute nahitaez itxituren bidez bereiziak egon behar.

5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresneria, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak ikasle-kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik prestakuntza-espazio horietan ematen diren lanbide-moduluetako ebaluazio-irizpideak eta edukiak.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da leku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Lanbidetrebakuntzekiko lotura.

Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala I lanbide-moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide-erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, urriaren 3ko 831/2014 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru-dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Arau garapena.

Hezkuntza Departamentuko titularrari ahalmena emanen zaio foru-dekretu honetan xedatutakoa egoki aplikatzeko behar diren arau guztiak garatu ditzan, eta, bereziki, foru-dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren hautazko moduluak onartu edo aldatu ditzan eta curriculumetako lanbide-moduluen iraupena edo irakaste-sekuentzia aldatu dezan, betiere aldaketa horiek funtsean ez badiote eragiten tituluan zehaztutako lanbide-profilari eta Estatuko oinarrizko araudian ezarritako gutxieneko iraupenak errespetatzen badira.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Foru-dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA. Komunikazio Bitartekaritzako goi-mailako teknikari titulua

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web