37/2025 FORU AGINDUA, APIRILAREN 9KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITIRA 573 EREDUA (ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA) ETA A24 EREDUA (ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA. EUROPAR BATASUNAREN BARNEAN BIDALKETAK EGITEAGATIKO ITZULKETA-ESKAERA), ETA BESTALDE, ZERGA BEREZIEI BURUZKO LEGEAREN 64 QUINQUIES ARTIKULUKO ZERGADUNAK LURRALDE-ERREGISTROAN INSKRIBATZEA ARAUTZEN BAITA
BON N.º 82 - 28/04/2025
I. ERANSKINA. 573 EREDUAREN FORMATU ELEKTRONIKOA (ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA)
II. ERANSKINA. A24 EREDUAREN FORMATU ELEKTRONIKOA (ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA. EUROPAR BATASUNAREN BARNEAN BIDALKETAK EGITEGATIKO ITZULKETAESKAERA)
Hala xedatuta baitago abenduaren 20ko 7/2024 Legearen azken xedapenetako bigarrenean (7/2024 Legea, abenduaren 20koa, zeinaren bidez zerga osagarri bat ezartzen baita talde multinazionalentzat eta talde nazional oso handientzat gutxieneko zergapetze maila globala bermatzeko, zerga bat finantza-entitate jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gainean eta zerga bat zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gainean, eta, orobat, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen baita), fabrikazioaren gaineko zerga berezi berri bat sortu zen, Espainiako lurralde osoan aplikatu beharrekoa, Kanarietako Autonomia Erkidegoan eta Ceuta eta Melilla hirietan izan ezik, honako hauen kontsumoaren gainean: zigarreta elektronikoetarako likidoak, nikotina-poltsak eta botikatzat hartzen ez diren beste nikotina-produktu batzuk, tabako gaien gaineko zergaren esparru objektibokoak ez direnak.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarria aplikatuz, ez baitago erregulaziorik Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legean, honako hauek dira aplikatzekoak: Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legea eta Zerga Berezien Erregelamendua (uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), kontuan izanda arau horietako zenbait manu abenduaren 20ko 7/2024 Legearen bidez aldatu direla.
Zergaren erregulazioa jasota dago Zerga Bereziei buruzko 38/1992 Legearen I. tituluko IX. kapituluan (Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga), zehazki, 64. artikulutik 64 decies artikulura bitarte, bai eta bederatzigarren, hamargarren eta hamaikagarren xedapen iragankorretan ere. Zerga Berezien Erregelamenduan, aldiz, IX. kapitulu berrian dago araututa, I. tituluaren barnean (Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga), 130. artikulutik 134 bis artikulura bitarte.
Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan oinarritzen da. 35. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio fabrikazioaren gaineko zerga bereziak ordainaraztea, Nafarroako lurraldean sortzen direnean. Horretarako, Estatuan unean-unean indarrean dauden oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berberak aplikatuko dira. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere araubide erkideko lurraldeko datu berak jasoko dituztenak, eta aitorpena eta diru-sarrera egiteko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik sobera bereiziko ez direnak.
Zerga-figura berri horrek indarra hartuta, beharrezkoa da foru agindu hau onestea eta zergaren autolikidaziorako eta itzulketarako eredu bat arautzea, Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharrekoa, baldin eta hura bada zerga ordainarazteko eskumena duen zerga-administrazioa, bat etorriz Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluarekin. Gainera, ereduak aurkezteko modua, baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen dira haren artikuluetan, eta arautzen da Zerga Bereziei buruzko Legearen 64 quinquies artikuluan aipatutako zergadunak lurraldeko erregistroan inskribatzea.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen 18.3 artikuluak aipatzen duenez, subjektu pasiboek zerga-zorra zehaztu eta ordaindu beharko dute Ekonomia eta Ogasun Departamenduak ezartzen dituen tokian, moduan eta epeetan, eta haren ereduak erabiliz.
Ondorioz, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan eta zazpigarren xedapen gehigarrian emandako gaikuntzarekin bat etorriz, honako hau,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. 573 eta A24 ereduak onestea.
1. 573 eredua onesten da, "Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga. Autolikidazioa" izenekoa. Haren formatu elektronikoa I. eranskinean dago jasota.
2. A24 eredua onesten da, "Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga. Europar Batasunaren barnean bidalketak egiteagatiko itzulketa-eskaera" izenekoa. Haren formatu elektronikoa II. eranskinean dago jasota.
2. artikulua. 573 eredua aurkeztera eta sarrera egitera behartutakoak eta epeak.
1. Zerga ordainaraztea Nafarroako Foru Komunitateari dagokionean, Hitzarmen Ekonomikoaren 35. artikuluaren arabera, honako hauek aurkeztu beharko dute 573 eredua Nafarroako Foru Ogasunean: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluko pertsona fisiko edo juridikoek eta entitateek, zergaduntzat hartuta baitaude Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 quinquies artikuluan.
2. Hala ezarrita baitago uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduaren 44.3 artikuluan, likidazio-aldia hilabete naturala izanen da, eta 573. eredua aurkezteko eta, hala badagokio, zerga-zorraren sarrera egiteko epea, berriz, zerga sortu eta hurrengo hilabeteko lehen 20 egun naturalak izanen dira.
3. Zergaren zergadunek ez dute autolikidazioa aurkeztu beharko, baldin eta ordaindu beharreko kuotarik ez badute kasuan kasuko likidazio-aldian, Zerga Berezien Erregelamenduaren 134.2 artikuluan xedatzen den bezala.
3. artikulua. A24 eredua aurkezteko subjektuak eta epeak.
1. Zerga Bereziei buruzko 38/1992 Legearen 64 nonies artikuluaren c) apartatuan xedatutakoaren arabera, zerga honen xede diren produktuak zergaren barneko lurralde-eremutik beste estatu kide bateko lurraldera bidaltzen dituztenek eskubidea izanen dute lurralde horretan ordaindutako kuoten itzulketa jasotzeko. Itzulketa hori eskatu ahal izateko, A24 eredua aurkeztu beharko da.
2. Itzulketa egiteko eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira itzulketaren oinarriak frogatzen dituzten egiaztagiriak, bai eta zergaren ordainketa frogatzen dutenak ere.
3. A24 eredua aurkeztuko da itzulketa egiteko eskaera ekarri duten gertakariak gertatu diren hilabetea amaitu eta hurrengo hogei egun naturalen barnean.
4. artikulua. 573 eta A24 ereduak modu elektronikoan aurkezteko modua.
1. Ereduak modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Internet erabiliz, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.
Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.
2. Nafarroako Foru Ogasunean konplitu beharko da 573 autolikidazio-eredua aurkezteko eta, hala badagokio, zerga-zorra ordaintzeko betebeharra. Horretarako, zergadun bakoitzak aitorpen bat aurkeztuko du, non jasoko baita Nafarroako lurraldean zergapekoek beren jarduera egiten duten establezimenduetako bakoitzari buruzko guztia.
3. Zerga Bereziei buruzko 38/1992 Legearen 64 quinquies artikuluan aipatutako zergadunen kasuan, 573 eredua aurkezteko eta, hala badagokio, zerga-zorra ordaintzeko betebeharra Nafarroako Foru Ogasunean bete beharko dute baldin eta zerga-egoitza Nafarroako lurraldean badute.
5. artikulua. 573 eta A24 ereduak aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.
1. Honako hauek aurkezten ahalko dituzte 573 eta A24 ereduak modu elektronikoan, Internet bidez:
a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.
b) Zerga arloan aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, foru agindu horretan onesten baita kanpo lankidetzarako akordioa, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko zerga-zorren ordainketa.
2. 573 eta A24 ereduak modu elektronikoan aurkezteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.
b) Aurkezpen elektronikoa egiteko, men eginen zaie Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen modu elektronikoan aurkeztera behartzen duten kasuak.
6. artikulua. 573 eta A24 ereduak modu elektronikoan aurkezteko prozedura.
573 eta A24 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau beteko da:
1. Sartu Ogasunarekin izapideak egiteko zerbitzura, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orritik.
2. Hautatu kasuan kasuko eredua, eta hura aurkezteko behar diren datu guztiak bete web-inprimakian.
CSV formatuko fitxategi bat erantsiz betetzen ahalko da; horretarako, fitxategiaren edukia egokitu behar da Nafarroako Foru Ogasuneko web-orrian ezarrita dauden erregistro diseinuetara.
3. Aitorpena bete ondoren, tramitatzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
7. artikulua. 573 ereduaren dirusarrera egiteko prozedura.
Eredua aurkezteko web zerbitzuak aukera emanen du autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaintzeko, eta horretarako ordaintzeko aukera hauek emanen ditu:
a) Ordainketa telematikoaren bidez, web formularioa bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketa jarraibideak betez.
Diru-sarrera egin ondoren, sistemak aukera emanen du ordainagiria inprimatzeko, eta bertan ordainketa data agertuko da.
b) Banku-helbideratzearen bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduari jarraikiz, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
c) Banku-transferentziaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 30eko 145/2022 Foru Aginduan xedatutako baldintzetan. Foru agindu horrek zorrak transferentzia bidez ordaintzeko prozedura eta baldintzak arautzen ditu.
d) Ordainketa-gutun bat lortuz (508 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein gordailu-erakundetan ordaintzeko.
8. artikulua. Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 quinquies artikuluan aipatutako zergadunak inskribatzea zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren lurraldeerregistroan.
1. Zerga Berezien Erregelamenduaren 134. artikuluaren arabera, establezimendua edo zerga-egoitza Nafarroako lurraldean duten zergadunek eskatu beharko dute Nafarroan zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatzeko, baldin eta 38/1992 Legearen 64 quinquies artikuluan aipatuta badaude.
2. Oro har, zergaren barneko lurralde-eremuan establezimendua duten zergadun horiek altan egon beharko dute egoki den epigrafean, egin beharreko jarduerari dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergan. Eskaera bat aurkeztuko dute Nafarroako Foru Ogasunean, honako hauek jasoko dituena:
a) Eskatzailearen izen-deiturak edo sozietate-izena, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta, hala dagokionean, ordezkariarenak, ordezkaritza hori frogatzen duen dokumentazioarekin batera.
b) Egin nahi den jarduera deskribatzen duen memoria laburra, eskatzen den inskripzioari dagokionez.
3. Jarduera hasi aurretik egin beharko da inskripzio eskaera lurralde-erregistroan; elektronikoki egin behar da, Nafarroako Foru Ogasunaren webguneko Erregistro Orokor Elektronikoan. Eskaera jaso eta behar den espedientea tramitatu ondoren, kudeaketa bulegoak erabakiko du, hala badagokio, lurralde-erregistroan inskribatzea.
Inskripzioaren erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, harekin batera, inskripzioa egiaztatzen duen txartela igorriko zaio -hartan jardueraren eta establezimenduaren kodea (JEK) agertuko da-.
Inskripzio eskaera ukatzen bada, erabaki hori, behar bezala arrazoitua, eskatzaileari jakinaraziko zaio, jar daitezkeen errekurtsoak edo erreklamazioak adierazita.
Nafarroako Foru Ogasunari jakinarazi beharko zaio aitorpenean edo inskripzioa egiteko aurkeztutako hasierako dokumentazioan jasotako datuetan gerora egiten den edozein aldaketa.
4. Zerga honen lurralde-erregistroan inskribatzeko betebeharra duten zergadunei eta operadore ekonomikoei esleitzen zaien jardueraren eta establezimenduaren kodea (JEK) konfiguratzeko, zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren jarduera-gakoak aplikatu beharko dira, azaroaren 20ko EHA/3482/2007 Aginduaren XLII. eranskinean agertzen direnak.
5. Zergadun horien inskripzioa baliogabetzen ahalko da Zerga Berezien Erregelamenduan eta Legean ezarritako arauak, mugak eta baldintzak ez betetzeagatik.
Lehenengo xedapen gehigarria. Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren aitorpen informatiboa aurkeztea.
Baldin eta, 2025eko apirilaren 1ean, helburu komertzialekin biltegiratuta badituzte zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren xede diren produktuak, aitorpen informatibo bat aurkeztu beharko da 2025eko maiatzaren 1etik 31ra bitartean, Nafarroako Foru Ogasunaren erregistro orokor elektronikoaren bidez. Bertan, zehaztuko da zer produktu mota eta zenbat biltegiratuta zeuden 2025eko apirilaren 1ean. Aitorpen horretan adierazi beharko da nola dauden sailkatuta produktuak, kontuan izanda Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 septies artikuluan araututako zerga-tasei dagozkien apartatuak.
Bigarren xedapen gehigarria. Nor dagoen behartuta, eta zer epetan, zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren xede diren produktuak erregularizatzera, 2025eko apirilaren 1ean.
1. 2025eko apirilaren 1ean helburu komertzialekin biltegiratutako produktuak edukiz gero eta, betiere, etendura araubideari lotuta ez badaude, produktu horien zerga-egoera erregularizatu behar da, zergaren sortzapena gertatzen baita.
2. Erregularizazio hori 573 ereduaren autolikidazioaren bidez eginen da, zeina 2025eko apirilari baitagokio. 2025eko uztailaren 1etik 20ra bitartean aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, ordaindu.
Hirugarren xedapen gehigarria. Datu pertsonalen tratamendua.
Zergapekoak bere tributu eskubide eta betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.
Lehenengo xedapen iragankorra. Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergari dagokion autolikidazioa aurkezteko epea 2025eko apirilean, maiatzean eta ekainean.
2025eko apirileko, maiatzeko eta ekaineko likidazio-aldiei dagozkien autolikidazioak 2025eko uztailaren 1etik 20ra bitartean aurkeztu beharko dira.
Bigarren xedapen iragankorra. Zerga berezien lurraldeerregistroan inskribatzeko epea.
Zerga Berezien Legearen 64 quinquies artikuluan aipatutako fabrikatzaile, gordailu fiskal edo zergadun diren operadore ekonomikoek, baldin eta, zerga honek indarra hartzean, eragiketak egiten ari badira fabrikazioaren gaineko zerga berezi honen xedeko produktuak fabrikatzeko, merkaturatzeko edo banatzeko, eta foru agindu honetan aurreikusitakoa aplikatu behar bazaie, eskatu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunaren lurralde-erregistroan izaera horrekin inskribatzeko.
Fabrika edo gordailu fiskalek eskatu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunaren lurralde-erregistroan inskribatzeko, baldin eta establezimenduaren egoitza Nafarroako lurraldean badago, eta, Zerga Berezien Legearen 64 quinquies artikuluan aipatutako zergadunen kasuan, Espainian duten egoitza fiskala Nafarroako lurraldean badago. Bi kasuetan, foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita hamar egun balioduneko epean egin beharko da izapidea.
Azken xedapenetako lehena. Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamendua, zergen aitorpenlikidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
573 eredua (Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zerga. Autolikidazioa) gehitzen zaio ordainketak bankuan helbideratzea onartzen duten ereduen zerrendari (apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduaren eranskinean dago jasota).
Azken xedapenetako bigarrena. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 18ko 54/2019 Foru Agindua aldatzea (zerga berezien xedeko produktuen kontabilitatea nola eraman arautzen du).
Azaroaren 18ko 54/2019 Foru Agindua aldatzen da, zeinaren bidez arautzen baita zerga berezien xedeko produktuen kontabilitatea eramateko betebeharra nola bete. Hona hemen testu berria:
Bat. 4.2 artikulua aldatzen da, i) letra gehitzen baita. Hona hemen:
"i) Irteera mugimenduak, baldin eta establezimendu baimenduek (zigarro elektronikoetarako likidoen, nikotina-poltsen eta botikatzat hartzen ez diren beste nikotina-produktu batzuen gordailu fiskalak, aireportuetan daudenak), soilik txikizkako establezimendu gisa jarduten dutenek, egindako salmentek eragindakoak badira; agregatuta bidaltzen ahalko dira eguneko idazpen bakar batean produktu bakoitzeko".
Bi. 9.3 informazio-eremua aldatzen da "Kontabilitateko idazpenen bidalketa, Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez" eranskinaren II. apartatuan. Hona hemen testu berria:
"9.3. NK kodea.
Nahitaezko datua.
Kontabilitateko mugimenduaren xedeko produktuari dagokion NK kodea adieraziko da, uztailaren 23ko 2658/1987 (EEE) Erregelamenduan ezarritakoa, eranskinaren indarreko testuarekin bat. Erregelamenduak muga-zergen eta estatistikaren nomenklatura eta aduana-tarifa erkidea arautzen ditu.
Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko zergaren eta hidrokarburoen gaineko zergaren esparru objektiboan sartutako produktuen kasuan, adieraziko da NK kodea 8 digiturekin.
Ardoaren eta edari hartzituen eta tarteko produktuen gaineko zergen esparru objektiboan sartutako produktuen kasuan, adieraziko da IK kodea Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 foru Legearen 26. eta 29. artikuluetan, hurrenez hurren, jasotako digitu-kopuruarekin.
Garagardoaren eta tabako-laboreen gaineko zergen esparru objektiboan sartutako produktuen kasuan, adieraziko da NK kodea 4 digiturekin.
Zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gaineko zergaren eremu objektiboan sartutako produktuen kasuan, adieraziko da NK kodea 8 digiturekin.
Fabrikazioaren gaineko zerga berezien eremu objektiboan sartzen ez diren produktuen kasuan, adieraziko da NK kodea gutxienez 4 digiturekin.
Alkoholari eta edari alkoholdunen gaineko zergen esparruan jarduten duten establezimenduetan, kontabilitateko idazpenean jasotako produktuek epigrafe eta epigrafe kode bera dutenean, baina NK kode desberdinak eta produktu erreferentzia bakarra, foru agindu honen I. eranskineko 9.8 atalean zehaztuta, hala dela adieraziko da, "DENETARIK" kodea betez.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. 573 EREDUAREN FORMATU ELEKTRONIKOA (ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA)
AITORPENAREN LABURPENA.
Kudeaketa bulegoa: Nafarroako Foru Ogasuna.
Datuak kalkulatzen dira inprimakian alta emandako establezimenduen zerrendatik abiatuta:
Kuota osoa:
Kenkariak:
Kuota likidoa:
ESTABLEZIMENDUEN ZERRENDA.
Likidazio mota (1):
- 1: JEKa duen establezimendua: Identifikazioa JEKaren bidez.
- 2: JEKa ez duen establezimendua: Identifikazioa IFZaren bidez.
- 3: Zergak indarra hartzean (2025eko apirilaren 1ean) biltegiratutako produktuak erregularizatzea.
Hirugarren apartatua hautatu beharko da, baldin eta 2025eko apirileko autolikidazioaren arrazoia bada 2025eko apirilaren 1ean xede komertzialekin biltegiratuta dauden eta zergaren xede diren produktuen sortzapena.
Establezimenduaren identifikazioa (2):
- JEKa duen establezimendua: Identifikazioa JEKaren bidez.
- JEKa ez duen establezimendua: Identifikazioa IFZaren bidez.
- Zergak indarra hartzean (2025eko apirilaren 1ean) biltegiratutako produktuak erregularizatzea: Identifikazioa IFZaren bidez.
Epigrafea (3): Epigrafeak aipatuta azaltzen dira Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 septies artikuluan, lau epigrafetan banatuta.
- 1. epigrafea: Zigarreta elektronikoetarako likidoa, nikotinarik ez duena edo 15 miligramo nikotina edo gutxiago dituena produktuaren mililitro bakoitzeko.
- 2 epigrafea: Zigarreta elektronikoetarako likidoa, 15 miligramo nikotina baino gehiago dituena produktuaren mililitro bakoitzeko.
- 3 epigrafea: Nikotina-poltsak.
- 4 epigrafea: Beste nikotina-produktu batzuk.
Zerga-oinarria (4): Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 sexies artikuluan xedatutakoaren arabera likidatu beharreko zerga-oinarrien zenbateko osoa. Lauki horretan, epigrafe bakoitzaren produktua adierazi beharko da, honako neurri-unitate hauetan:
Zerga-oinarria bolumena izanen da, mililitrotan adierazia, zigarreta elektronikoetarako likidoetarako, eta produktuaren pisu osoa, gramotan adierazia, aldiz, nikotina-poltsetarako eta beste nikotina-produktu batzuetarako.
Bolumen edo pisu hori zenbaki hamartar batean adierazita badago, hurrengo zenbakira biribilduko da, goitik, hirugarren hamartarraren zifra bostekoa edo hortik gorakoa denean. Gainerako kasuetan, behetik biribilduko dira. Kopuru horiek bi hamartarrekin adieraziko dira.
Zerga-tasa (5): Epigrafe bakoitzari dagokion zerga-tasa aplikatuko da, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 septies artikuluan xedatutakoaren arabera.
Kuota osoa (6): Epigrafe bakoitzaren zerga-oinarriari zerga-tasa aplikatuta ateratzen den zenbatekoa; horrela lortzen dira kuotak epigrafeetarako.
Kenkariak (7): Zein kasutan onartzen den kuota-kenkaria indarrean dagoen araudiaren arabera (Zerga Berezien Erregelamenduaren 133. artikuluko 3. atala).
Kuota likidoa (8): Kuota osoaren eta kenkarien arteko diferentziatik ateratzen den zenbatekoa.
(6), (7) eta (8) laukitxoen zenbatekoak eurotan adierazi beharko dira, bi hamartarrekin, goitik biribilduta hurrengo zenbakira, hirugarren hamartarra bostekoa edo handiagoa denean. Gainerako kasuetan, behetik biribilduko dira.
II. ERANSKINA. A24 EREDUAREN FORMATU ELEKTRONIKOA (ZIGARRETA ELEKTRONIKOETARAKO LIKIDOEN ETA TABAKOAREKIN LOTUTAKO BESTE PRODUKTU BATZUEN GAINEKO ZERGA. EUROPAR BATASUNAREN BARNEAN BIDALKETAK EGITEGATIKO ITZULKETA-ESKAERA)
AITORPENAREN LABURPENA.
Kudeaketa bulegoa: Nafarroako Foru Ogasuna.
Eskaeraren zenbatekoa: Itzultzeko eskatzen den zenbatekoa, guztira. Eskatutako itzulketen xehetasunetik abiatuta lortuko da.
ESKATUTAKO ITZULKETEN XEHETASUNA.
Partida-zenbakia (1): Bidalitako produktuen antolamendua.
Destinoko EBko estatu kidea (2): Adierazi beharko da Europar Batasuneko zer estatu kidetara bidaltzen diren epigrafe mota bakoitzeko produktuak.
Epigrafea (3): Epigrafeak aipatuta azaltzen dira Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 septies artikuluan, lau epigrafetan banatuta.
- 1. epigrafea: Zigarreta elektronikoetarako likidoa, nikotinarik ez duena edo 15 miligramo nikotina edo gutxiago dituena produktuaren mililitro bakoitzeko.
- 2 epigrafea: Zigarreta elektronikoetarako likidoa, 15 miligramo nikotina baino gehiago dituena produktuaren mililitro bakoitzeko.
- 3 epigrafea: Nikotina-poltsak.
- 4 epigrafea: Beste nikotina-produktu batzuk.
Produktuaren kopuruak (4): Abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 64 nonies artikuluaren c) apartatuan xedatutakoaren arabera, barneko lurralde-eremutik Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetara bidaltzen diren produktuen zenbateko osoa. Lauki horretan, epigrafe bakoitzaren produktuaren kopurua adierazi beharko da, honako neurri-unitate hauetan:
Bolumena, mililitrotan adierazia, zigarreta elektronikoetarako likidoetarako, eta produktuaren pisu osoa, gramotan adierazia, aldiz, nikotina-poltsetarako eta beste nikotina-produktu batzuetarako.
Bolumen edo pisu hori zenbaki hamartar batean adierazita badago, hurrengo zenbakira biribilduko da, goitik, hirugarren hamartarraren zifra bostekoa edo hortik gorakoa denean. Gainerako kasuetan, behetik biribilduko dira. Kopuru horiek bi hamartarrekin adieraziko dira.
Itzuli beharreko kuota (5): Epigrafe bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa.
Zenbatekoa eurotan adierazi beharko da, bi hamartarrekin, goitik biribilduta hurrengo zenbakira, hirugarren hamartarra bostekoa edo handiagoa denean. Gainerako kasuetan, behetik biribilduko dira.