(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2025 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, APIRILAREN 2KOA, TRIBUTU HARMONIZAZIOARI BURUZKOA, BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA ALDATZEN DUENA

BON N.º 81 - 25/04/2025



Atariko

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren I. tituluan, Nafarroako tributu-araubidea Estatuko tributu-araubide orokorrarekin harmonizatzeko irizpideak arautzen dira.

Esparru horretan, Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak xedatzen duenez, balio erantsiaren gaineko zerga (aurrerantzean, BEZa) ordainaraztean, Nafarroak Estatuko lurraldean une bakoitzean indarrean dauden oinarrizko printzipio, arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu.

Horren ondorioz, Nafarroak bere tributu-araubidea aldatu behar du zerga horren arau substantibo eta formalei eragiten dien tributu-araubide erkidearen erreformaren bat dagoenean. Helburu horrekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordetuta, tributuei buruzko foru legeak aldatzeko behar diren foru lege mailako arauak ematen ahalko dituela. Aipatu legegintza eskuordetua erabiliz Nafarroako Gobernuak onesten dituen xedapen horiei tributu harmonizaziorako legegintzako foru dekretuaren izena emanen zaie.

Estatuan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatu zuen abenduaren 20ko 7/2024 Legearen azken xedapenetako lehenengoak (7/2024 Legea, abenduaren 20koa, zeinaren bidez zerga osagarri bat ezartzen baita talde multinazionalentzat eta talde nazional oso handientzat gutxieneko zergapetze maila globala bermatzeko, zerga bat finantza-entitate jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gainean eta zerga bat zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gainean, eta, orobat, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen baita).

Zehazki, esne hartzitua sartzen du Europar Batasunaren barruko entregetan, eskurapenetan edo ondasunen inportazioetan ehuneko 4ko zerga-tasa murriztua aplikatzekoa izanen duten produktuen artean.

Era berean, hamaikagarren apartatua gehitzen du aipatutako 37/1992 Legearen eranskinean, iruzurra gelditu nahian gasolioaren, gasolinaren eta erregai gisa erabiltzeko bioerregaien merkatuan. Horretarako, erregaiak gordailu fiskaletik ateratzen dituenari eskatuko zaio froga dezala aduana-araudiaren ondorioetarako operadore ekonomiko baimendua dela edo operadore fidagarria dela, zerga-administrazioak aitortuta, edo bestalde, atera aurretik, berma dezala katearen hurrengo fasean egiten duen hurrengo entrega zergapetuari (BEZetik salbuetsita ez badago) dagokion zerga ordainduko duela.

Aurreko paragrafoan adierazitako helburu berarekin, 7/2024 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen du, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsi zena, BEZaren likidazio-aldiari dagokionez gordailu fiskalen, gasolinen, gasolioen eta beste erregai batzuen eragiketetan. Hala, ezartzen da ezen, eragiketa-bolumena edozein dela ere, zergaren aitorpen-likidazio epea hilekoa izanen dela hidrokarburoen gaineko zergaren eremu objektiboan sartutako gasolinen, gasolioen edo bioerregaien gordailu fiskalen titularrentzat, bai eta produktu horiek gordailu fiskaletatik ateratzen dituzten enpresaburuentzat edo profesionalentzat ere. Ondorioz, nahitaezkoa izanen dute BEZaren erregistro-liburuak zerga-administrazioaren egoitza elektronikoan eramatea, berehala fakturazio-erregistroak emanez. Neurri horri esker, denbora ia errealean ezagutuko dira subjektu pasibo horiek egindako eragiketak, haien kontrola errazteko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu hau ematea eta abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea eta BEZaren Erregelamendua aldatzea (martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua), helburua baita, BEZari dagokionez, Foru Komunitatean Estatuan indarrean dauden arau substantibo eta formal berberak aplikatzea.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2025eko apirilaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzea.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen manuak honela idatzita gelditzen dira:

Bat. 37 artikuluaren bi.1.1.c) apartatua.

"c) Edozein animaliak emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua, hautsa eta hartzitua".

Bi. Eranskinean hamaikagarren apartatua gehitzea.

"Hamaikagarrena. Balio erantsiaren gaineko zergarako sarreraren bermeak, Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erkidea arautzen duen Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatzen den aduanakoaz bestelako gordailu-araubidea uzten duten erregaiei dagokienez.

1. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatutako produktuen azken gordailugileak, baldin eta produktuak gordailu fiskaletik ateratzen badira, edo gordailu fiskalaren titularrak, baldin eta produktu horien jabea bada, berme bat eratu eta mantendu beharko du, balio erantsiaren gaineko zergaren sarrera bermatzeko, ondasun horien ondorengo entrega zergapetu eta salbuetsi gabeak egiteari dagokienez.

2. Aurreko zenbakian adierazitakoa ez da aplikatuko azken gordailugileak edo, hala badagokio, gordailu fiskalaren titularrak honako betekizun hauetakoren bat betetzen duenean:

a) Operadore ekonomiko baimenduaren izaera aitortua izatea, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin, zeinaren bidez Batasunaren aduana-kodea ezartzen baita.

b) Operadore fidagarriaren izaera aitortua izatea, honako baldintza hauek betetzeagatik:

a’) ateratzeak egiten dituztenen erregistroan inskribatuta egotea,

b’) aurreko urte naturalean gutxienez 1.000 milioi litro gasolina, gasolio eta bioerregai atera izana, 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatutako erregai gisa erabiltzeko,

c’) aurreko 3 urteetan handizkako operadore gisa eragiketak egin izana, eta

d’) finantza-kaudimeneko betekizunak betetzea, ezarrita daudenak 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 39. artikuluan eta Batzordearen 2015eko azaroaren 24ko 2015/2447 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 26. artikuluan.

Zerga arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu bidez zehaztuko da operadore fidagarriaren izaera aitortzeko prozedura, eta arautuko da nola sortu eta mantendu operadore fidagarrien erregistro bat.

3. 1. zenbakian aipatzen den bermeak honako forma hauetakoren bat izan beharko du:

a) Europar Batasunean egiaztatutako kreditu-erakunde, finantza-erakunde edo aseguru-konpainia baten abala, orokorrean bermatzen duena balio erantsiaren gaineko zergaren sarrera, ondasun horien ondorengo entrega zergapetu eta salbuetsi gabeak egiteari dagokienez. Honako baldintza hauek bete behar dira:

-Bermearen gutxieneko zenbatekoa izanen da 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatutako inportazioarekin parekatuta dauden eta aurreko bi hilabetean egin diren eragiketei dagokien balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren %110.

-Aurreko bi hilabetetan 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatzen den inportazioarekin parekatutako eragiketarik egin ez bada, bermearen gutxieneko zenbatekoa ezartzeko, kontuan hartuko da aurreikusten den jarduera (horretarako arrazoiak emanen dira), eta gutxienez 3 milioi eurokoa izanen da.

-Bermearen zenbatekoa hilero eguneratuko da, eta, edozein kasutan, bermea behar adinakoa ez denean eginen den inportazioarekin parekatutako eragiketari dagokion balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren %110eko zenbatekora iristeko, bermatuta egiten diren ateratzeen zenbatekoak kendu ondoren.

-Bermea eratuko da bermatutako zerga ordainarazteko eskumena duen zerga-administrazioaren edo -administrazioen alde.

-Administrazio eskudunak bermea betearazten ahalko du, baldin eta, gordailu fiskaletik ondasunak atera eta aduanakoaz bestelako gordailu-araubidea utzi eta hiru hilabetera, ez bada ongi justifikatu ordaindu dela balio erantsiaren gaineko zerga, ondasunak gordailu fiskaletik atera ondoren subjektu pasiboak ondasun horien entrega zergapetua eta salbuetsi gabea egiteari dagokionez, edo subjektu pasibo horrek ondasun horiek erabili dituela entrega hori ez den beste erabilera batean.

Zerga arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu bidez garatuko dira berme horiek kudeatzeko baldintzak eta prozesuak.

b) Balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa, ondasun horien ondorengo entrega zergapetu eta salbuetsi gabe bat egiteari dagokionez. Konturako ordainketa izanen da balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren %110ekoa, 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatzen den inportazioarekin parekatutako eragiketari dagokionez, eta ordainarazteko eskumena duten zerga-administrazioek ezartzen duten lekuan, moduan eta inprimakian eginen da. Subjektu pasiboak konturako ordainketaren kenkaria egiten ahalko du balio erantsiaren gaineko zerga jaso (edo aitortu) den likidazio-aldiari dagokion autolikidazioan, ondorengo entregarengatik, edo subjektu pasibo horrek justifikatzen duenean gordailu fiskaletik atera zen produktua erabili duela entrega hori ez den beste erabilera batean.

4. Azken gordailugileak, gordailu fiskaletik produktuak atera aurretik, inguruabar hauetakoren bat justifikatu beharko dio gordailu fiskalaren titularrari:

-Operadore ekonomiko baimendua edo operadore fidagarria dela, kasuan kasuko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta berrikusteko eskumena duen zerga-administrazioaren ziurtagiriaren bidez.

-Bermea behar adinakoa dela, 3. zenbakiko a) letran aipatzen den zerga-administrazioaren ziurtagiriaren bidez, abala denean, edo, aldiz, zergaren konturako ordainketa denean, egindako sarreraren frogagiriaren bidez, zeinak zerga arloan eskumena duen departamentuaren titularrak zehazten dituen baldintzak beteko baititu.

Zerga-administrazio eskudunak egiaztatzen duenean bermea edo ordainketa behar adinakoa dela, baimena emanen du produktua gordailu fiskaletik ateratzeko.

Produktua gordailu fiskaletik ateratzeko baimena emateko prozedura amaituko da zerga-administrazio eskudunak berariazko ebazpena ematen duenean. Ebazpen horretan, erabakiko edo ukatuko da produktua gordailu fiskaletik ateratzea, eta hori kode elektroniko baten bidez egiten ahalko da.

Gordailu fiskalaren titular batek baimentzen badu erregaiak gordailutik ateratzea aldez aurretik inguruabar horietakoren bat egiaztatu gabe, zerga-zorra ordaintzeko erantzule solidarioa izanen da, ondasun horien ondorengo entrega zergapetua eta (balio erantsiaren gaineko zergatik) salbuetsia egiteari dagokionez. Kontrako frogarik ezean, ulertuko da erantzule solidarioari eska dakiokeen zerga-zorraren balio erantsiaren gaineko zergaren kuota dela balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren %110, 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatzen den inportazioarekin parekatutako eragiketari dagokionez.

5. 1.-2. zenbakiko b) letran aipatutako foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hilabetean, produktuen azken gordailugilea, edo gordailuaren titularra, produktuen jabea bada, ez da behartuta egonen balio erantsiaren gaineko zergaren sarrera bermatzera, ondoren ondasun horien entrega zergapetua eta salbuetsi gabea egiteari dagokionez.

2.-Epe horretan, gordailugileak edo, hala badagokio, gordailu fiskalaren titularrak operadore fidagarriaren izaera aitortzea eskatzen ahalko du, foru agindu horretan aurreikusitako baldintzetan.

3.-Araubide iragankorra ez da aplikatuko operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera hori ebatzitakoan, eta, nolanahi ere, eranskineko atal honetan aipatzen den hilabetea igaro ondoren.

Epe iragankorra amaitzen bada aurreko epea igarota operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera ebatzi gabe, balio erantsiaren gaineko zergaren sarrera bermatu beharko da, ondasun horien entrega zergapetu eta salbuetsi gabeari dagokionez, zeina ondoren eginen baitu produktuen azken gordailugileak, edo gordailuaren titularrak, produktuen jabea bada, 3. zenbakian aurreikusitako baldintzetan.

4.-Zerga-administrazioak behar diren sistema teknikoak emanen dizkie gordailu fiskalen titularrei araubide iragankor horren aplikazioa egiaztatzeko".

Bigarren artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren aldaketa.

Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.3 artikuluari 5. zenbakia gehitzen zaio:

"5. Hidrokarburoen gaineko zergaren eremu objektiboan sartutako gasolinen, gasolioen edo bioerregaien gordailu fiskalen titularrak, bai eta produktu horiek gordailu fiskaletatik ateratzen dituzten enpresaburuak edo profesionalak ere".

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Tributu harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2024ko abenduaren 22tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web