(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

2/2025 FORU LEGEA, MARTXOAREN 3KOA, NAFARROAKO 2025-2028 ESTATISTIKA PLANA ONETSI ETA NAFARROAKO ESTATISTIKARI BURUZKO EKAINAREN 27KO 11/1997 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA

BON N.º 51 - 13/03/2025



  ERANSKINA.


Atariko

Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak Nafarroan estatistika-lana arautzen duen lege-esparrua ezarri zuen, Foru Erkidegoko errealitate sozial, ekonomiko eta demografikoari buruz behar adina informazio fidagarri eta alderagarria edukitzeko helburuarekin.

Foru Lege honek dioenaren arabera, Estatistika Plana estatistika-lana sustatu, antolatu eta planifikatzeko baliabide egokia da. Lan hori Nafarroako Estatistika Sistemak eginen du.

Foru Lege honek Nafarroako Estatistika Plana ezartzen du 2025-2028 eperako, Nafarroako Parlamentuak onetsitako zazpigarrena. Horrekin, Nafarroako estatistika-sistema sendotu eta indartzeko prozesuari segida eman nahi zaio. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen aurreikuspenei jarraiturik, planaren indarraldian garatu beharreko helburuak ezartzen dira, baita horiek lortzeko ekintzak ere, zeinak mamitzen baitira Nafarroako Gobernuak onesten dituen urteko estatistika-programetan.

Nafarroako 2025-2028 Estatistika Planak aurreko planen gidari izandako printzipio berak mantentzen ditu, bere funtsezko xedeen artean berresten du administrazio-iturriak erabiltzea eta informazioa sexu, adin, lurralde, nazionalitate eta beste aldagai batzuen arabera desagregatzea, eta politika publikoak planifikatu eta ebaluatzeari begira estatistika publikoaren beharra ere jasotzen du. Orobat berresten du kalitatea hobetzearen helburuari eusten segitzen zaiola, estatistika-eragiketen kudeaketa-prozesuetan eta, bereziki, haien dokumentazio-prozesuetan.

Plan berri honek helburu horiek sendotu eta beste berri batzuk ere aurreikusten ditu, zeinak baitira Administrazio Publikoa eta gizartea ahalbide batzuez hornitzea, modua emanen dutenak beren interes-eremuen ezagutzan sakondu eta, horrenbestez, kudeaketa-erremintak hobetzeko, irizpidetzat harturik kostu ahalik txikienarena eta administrazio-erregistroak nahiz existitzen diren beste iturri batzuk ahalik eta gehien aprobetxatzea, horrela bikoizkeriak saihestuta, administrazio-zama minimizatuta, eta orobat bermatuta bai sekretu estatistikoa, bai informazio estatistikoaren irisgarritasun, lastertasun eta eskuragarritasuna.

Halaber, gizarte-eragileen partaidetzarekin ezarritako lan-taldeetatik abiaturik egindako parte-hartze prozesuak bide bat eskaintzen du haien informazio-eskariak aurkezteko eta Planaren edukia haien beharretara egokitzeko.

Halaber, Nafarroako Estatistika Planaren helburuak adierazle-multzo baten bitartez ebaluatzeko sistema bat ere aurreikusi da.

Estatistika ofizial guztia eskuragarri egonen da Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean, institutu horrek kudeatzen dituen estatistika-eragiketen baldintza beretan, eta kasuko adierazleak sartuko ditu Nafarroako Estatistika Adierazleen Sistema Publikoan (NEASP). Nafarroako Gobernuko Departamentuetatik datorren estatistika-informazioa ere webgune horretan sartuko da, hargatik eragotzi gabe aipatu informazioa beren zabalkunde-sistemetan ere jasotzeko Departamentuek daukaten aukera. Era berean, estatistika-informazio guztia Gobernu Irekia atalean ere jasoko da, bere berrerabilera errazteko asmoz.

Horrez gain, Foru Lege honek estatistikari dagokionez Nafarroako Gobernuaren eta entitate publikoen eta pribatuen zein estatu-mailako eta nazioarteko erakundeen arteko lankidetza instituzionalaren harremanak ezartzen ditu, bai eta Nafarroako Estatistika Institutuak plan hau betetzeko izanen dituen eginkizunak ere.

Azken xedapenetako lehenean Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen aldaketak jasotzen dira; gehienbat, politika publikoak ebaluatzeko oinarri izan behar diren estatistika-adierazleen sistema publikoak sortzeari buruzkoak dira. Halaber, zenbait egokitzapen jasotzen dira, eratorriak datu-iturri berrien erabileratik eta Nastat-Nafarroako Estatistika Erakundeak garatuko dituen eginkizun berrietatik. Errolda-datuen lagapena ere jasotzen da.

Azkenik, eta Foru Lege honen eranskin gisa, estatistika-eragiketak eta administrazio-informazioko iturrien inbentarioa jasotzen dira, horien gaineko ardura duten Nafarroako Gobernuko Departamentuak identifikatuz. Horiez gain, Planaren indarraldian zehar gehitu beharrekoa suerta litekeen estatistika-eragiketa berrien inguruko dokumentazioa eta 2025-2028 Estatistika Planaren helburuak ebaluatzeko adierazleen zerrenda ere jasotzen dira.

1. artikulua. Onespena.

Nafarroako 2025-2028 Estatistika Plana onesten da.

2. artikulua. Edukia.

Nafarroako 2025-2028 Estatistika Plana Nafarroako Administrazioaren estatistika-lana antolatzen duen instrumentua da. Administrazioak egiten dituen estatistika-informazioen zerrenda jasotzen du, eta Gobernuko unitate ezberdinen edo zentzurik zabaleneko gizartearen beharrak asetze aldera 2025-2028 laurtekoan zehar ekoiztu beharko direnak zehazten ditu, zeinak estatistika-eragiketa gisa identifikatzen baitira. Zehazten ditu, zuzenbide-esparruaz aparte, bere helburuak eta garatua izateko lanabesak, urteko programak, eta Planaren betetze-maila kontrolatzea ahalbidetzen duen ebaluazio-sistema.

3. artikulua. Indarraldia.

Onesten den Nafarroako Estatistika Planaren indarraldia 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31ra bitarteko denbora-tartea izanen da. Dena dela, plan hau hurrengoak indarra hartzen duen arte luzatuko da, baldin eta mugaeguneratzen denerako ez badago onetsitako plan berririk, salbu eta ezarrita dauden epe edo aldien ondorioz salbuetsirik geratu beharrekoak diren eragiketei dagokienez.

4. artikulua. Urteko Estatistikaprogramak.

1. Nafarroako 2025-2028 Estatistika Plana garatzeko, urteko programak prestatuko dira, urte bakoitzean egin beharreko eragiketak zehaztuko dituztenak.

2. Zilegi izanen da urteko estatistika-programetan sartzea planean jasota ez dauden zenbait eragiketa, azaldurik, eragiketa horiek atxikitzen zaizkion programan, zer arrazoirengatik sartuak diren. Eragiketa horiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Estatistika-planaren helburuetarako egokiak izatea.

b) Proiektu tekniko bat edukitzea, III. Eranskinean jasotako ereduan oinarrituta, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 27.2 b) artikuluan ezarritako zehaztapena betez, egin beharreko estatistika-jardueren fidagarritasuna bermatzeko. Nastat-Nafarroako Estatistika Erakundeak eredu hori egokitu ahalko du, justifikatuz eta Nafarroako Estatistika Kontseiluaren onespenarekin.

c) Lege honetan eta Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean aurreikusitako kalitate- eta zuzenbide-printzipioak betetzea.

d) Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuari dagokio aipatu baldintzen betetzeari buruzko balorazioa egitea, aintzat harturik unean-unean indarrean dagoen eredu normalizatuari jarraituz aurkezturiko dokumentazioa eta estatistika hori eragiketa gisa ala estatistika esperimental gisa sailkatua den.

3. Eragiketa horiek urteko estatistika-programetan sartuak izatea, bai eta eragiketen egitea bera ere, dauden aurrekontu- eta antolamendu-ahalbideetara baldintzatuta egonen da beti.

4. Estatistika-eragiketak sartuak izan daitezen eskatzen ahalko dute Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean zehazturiko Nafarroako Estatistika Sistemako unitateek.

5. Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak eskatzen zaizkion laginak prestatuko ditu Foru Komunitateko Administrazioak bere esku dituen eta komunikazioa ezartzeko beharrezkoak diren datu guztiekin, xede bakarra izanik Estatistika-planean edo kasuko urteetako programetan onetsitako estatistika-eragiketetarako datuen bilketa.

6. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Estatistika Kontseiluak bere txostena egin ondoren, Urteko Estatistika-programa onetsiko du programari dagokion urtearen aurreko urteko abenduaren 31 baino lehen.

7. Urteko Estatistika-programa bakoitzaren indarraldia bat etorriko da urte naturalarekin. Halere, hurrengo plana onetsi arte luzatuta geratuko da, beren izaeragatik jarraitutasuna behar duten eragiketentzat.

8. Urteko Estatistika-programa bakoitzak, onesten den unean, azaldu beharko ditu bere helburuak, horietako bakoitzean lortu beharreko jomugak eta horien betetze-maila ebaluatzeko adierazleak.

9. Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak Urteko Estatistika-programa bakoitzaren jarraipen-txostena eginen du, Nafarroako Gobernuak onets dezan, bidezkoa bada. Aldez aurretik, Nafarroako Estatistika Kontseiluari jakinaraziko zaio. Txostenek azalduko dute zein den egoera, helburu-lorpenari dagokionez.

5. artikulua. Nahitaezko erantzuna.

1. Nafarroako 2025-2028 Estatistika Planean jasotako eragiketak nahitaez bete beharrekoak dira.

2. Nafarroako Estatistika-planak estatistika-eragiketen egitea esleitzen dien estatistika-organoek administrazio-datuen iturrietarako irispidea izanen dute, barne direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, erakunde autonomoen eta haien menpeko gainerako entitate eta enpresek dauzkaten datu pertsonal identifikatuak, baldin eta datu horiek beharrezkoak badira haiek ardurapean dituzten estatistika-eragiketak egiteko, eta bat etortzen badira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datuak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean xedatutakoarekin.

3. Nafarroako Estatistika Planeko eragiketetarako ematen diren datuak sekretu estatistikoaren araubidepean egonen dira, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan xedatzen den bezala.

6. artikulua. Estatistikaplanaren helburu orokorra.

Nafarroako 2025-2028 Estatistika-planaren helburu orokorra da Nafarroaren arlo desberdinei buruzko ezagutza handitzea, beharrezkoak diren estatistikak eginez eragile guztiekin koordinatuta eta baliabide publikoak modu efizientean erabiliz, politika publikoak ebaluatzeko estatistika-iturri nagusia izan daitezen.

7. artikulua. Estatistikaplanaren helburu berekiak.

Helburu orokorra bermatzearren, helburu bereki hauek ezartzen dira:

1. Nafarroako Estatistika-sistemaren elementuen arteko koordinazioa areagotzea, bai eta beste estatistika-sistema batzuekikoa ere.

2. Administrazio Publikoaren eta orokorkiago gizartearen eskaerei erantzunen dien estatistika-informazioa eskueran edukitzea.

3. Gizarte-erakundeen parte-hartzea sustatzea, haien beharrak ezagutzeko.

4. Administrazio-informazioko iturrien inbentarioa etengabe eguneratzen dela bermatzea, informazio estatistikoa hobetze aldera.

5. Administrazio-erregistroak eta beste informazio-iturri erabilgarri batzuk helburu estatistikoekin erabil eta berraprobetxa daitezen sustatzea.

6. Estatistika ofizialaren erabilera sustatzea politika publikoen analisi eta ebaluaziorako eta erabakiak hartzeari begira, horretarako adierazle-sistema bat eraikiz, Nafarroako Gobernuaren plan eta estrategien informazio- eta ebaluazio-beharrak aseko dituena.

7. Estatistika ofizialaren kalitatea sustatzea, xede horrekin zorroztasuna, fidagarritasuna eta gardentasuna bermatuz prozesuen dokumentazioaren eta metadatuen argitaratzearen bitartez.

8. Informazio-erabilera erraztuko duen zabalkunde estatistikoko sistema bat sustatzea, zeina lagungarria izanen baita datu-irisgarritasun eta -berrerabilerarako, bai eta elkarreragingarritasunerako ere.

9. Informazioaren egokitasuna, puntualtasuna eta independentzia bermatzea, argitalpen-egutegi bat ezagutaraziz.

10. Arloka desagregatutako informazioa ematea, zeinean arreta berezia emanen baitzaio genero-ikuspegiari, lurraldeari, nazionalitateari, jaiotza-herrialdeari, desgaitasunari, adinari, ikasketa-mailari eta diru-sarreren mailari, diagnostikoak egiteko eta erabakiak hartzeko.

11. Teknologia-, prozedura- eta heziketa-neurri haiek sustatzea zeinek ahalbidetuko baitute datu-iturri berriak erabiltzea eta informazio-sistema integratuetan erabilera konbinatua egitea.

12. Arau amankomunak oinarri hartuta, estatistiken koherentzia eta alderagarritasuna sustatzea, definizioei, unitateei eta sailkapenei dagokienez; halatan, beste estatistika-organismo publiko batzuek eginak direnekiko alderaketak ahalbidetuko dira.

8. artikulua. 20252028 Estatistika Plana ebaluatzea.

2025-2028 Estatistika-plana bukatu ondoren, Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak ebaluazio-proposamen bat eginen du, zeina aurkeztuko baitu Nafarroako Estatistika Kontseiluak onetsia izateko, urteko programa bakoitzaren ebaluazio-txostenetan oinarrituz eta Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Ebaluazioak planaren helburu berekiei erantzunen die.

Helburuen betetze-mailaren jarraipenerako adierazleak IV. eranskinean daude, haietako bakoitzak Plan hau bukatzen denean erdietsi beharko dituen jomugekin batera. Nafarroako Estatistika Kontseiluak zilegi izanen du adierazleak planaren indarraldian zehar aldatzea, alternatiba egokiagoak daudela baderitzo.

Nafarroako Gobernuari onespenerako igorriak izan aurretik, Nafarroako Estatistika Kontseiluari dokumentu horien berri emanen zaio.

Halaber, nahitaezkoa izanen da Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin dezala Nafarroako Estatistika Kontseiluak hautaturiko ordezkari batek, ebaluazioaren edukien berri emateko.

9. artikulua. Estatistikaeragiketak.

Estatistika-eragiketek kalifikazio hori lortuko dute Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak Lege honen 4. artikuluari jarraikiz dokumentazio proposatua aztertu eta adostasuna eman ondoren. Ondorio horietarako, estatistika-eragiketatzat joko dira gizarte osoaren edo gizarte-sektoreren baten estatistika-beharrizan identifikatu bati erantzuteko egiten diren jarduerak. Behartzen dute datu-bilketa eta -prozesatzerako prozedura taxutzera, eta amaitzen dira kontzeptualki mugarritutako gai bati buruzko emaitza agregatu estatistikoak lortzearekin.

Kasuaren arabera, estatistikak landu daitezke banakako datuen bilketan oinarrituta edo agregatuak aprobetxatuta. Sektore pribatutik datozen datuak estatistika-eragiketa baterako informazio-iturri izan daitezke baldin eta baldintza egokiak betetzen badituzte irisgarritasunari, alborapenik ezari eta kalitateari dagokienez.

Estatistika-ekoizpena efizientea izateko beharrezkoak diren estatistika-azpiegiturako lanak ere estatistika-eragiketatzat hartu ahalko dira, beren sorkuntzak eta mantentzeak estatistika-beharrei erantzuten dieten neurrian.

Kasu guztietan, horiek lantzearen helburua estatistikoa da.

Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak prestatuko du behar den dokumentazio-eredua, zeina institutu horren webgunean egonen baita eskuragarri.

10. artikulua. Administrazioinformazioko Iturrien Inbentarioa.

Administrazio-informazioko Iturrien Inbentarioa administrazio-erregistroen katalogo bat izanen da, erregistro horiek estatistika-eragiketetarako informazioa emateko modukoak izanik, haien jatorrian edo berrikuspen metodologiko batean aintzat hartu beharreko datu-iturri gisa.

Administrazio-erregistro bakoitzerako, inbentarioak ondokoak bilduko ditu, gutxienez: kasuko administrazio-erregistroa sorrarazi duen administrazio-egintzari buruzko informazioa, arau- eta kontzeptu-identifikazioa, edukia eta biztanleria-estaldura. Informazio hori bete beharko da unean indardun den eta Nastaten webgunean eskuragarri egonen den dokumentazio-ereduari jarraikiz.

11. artikulua. Estatistika esperimentalak.

Urteko Programek datu-iturri berrietan eta/edo metodologia berritzaileetan oinarritutako estatistika esperimentalak jaso ahalko dituzte, zeinak ez baitira estatistika-eragiketatzat kalifikatuko harik eta ebaluazio-prozesuek hori egitea ahalbidetzen duten arte.

Estatistika esperimentalei aplikatuko zaizkie Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak "Estatistika-jardueraren arauketa" izeneko I. Tituluan ezartzen dituen printzipioak eta arauak, salbu eta "Emaitzen zabalkundea eta argitalpena" izeneko 5. atala.

Eragiketa horiek halakotzat identifikatuko dira Urteko Programetan. Ebaluazio-txostenek erreferentziak jaso beharko dituzte egindako lanei buruz.

12. artikulua. Adierazle estatistiko publikoen sistemak.

Nafarroako Adierazle Estatistiko Publikoen Sistema (NAEPS) eta Lurralde-adierazle Estatistikoen Sistema sortuko dira beharraren, abagunearen eta bideragarritasunaren arabera, Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeko 57. eta 58. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Adierazleak dokumentatuko dira Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak egin eta institutu horren webgunean argitaratutako ereduaren arabera.

Adierazle bat dagokion sisteman txertatzea Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuari dagokio, zeinak erantzuna ezezkoa denean txosten bidez arrazoitu beharko baitu, ondoko arrazoietakoren bati helduz: justifikatu gabeko beharrizana, adierazlearen estimazioaren bideragarritasunik eza, aurkeztutako dokumentazioaren kalitate kaskarra, edo behar diren baldintzak betetzen ez dituzten iturriak.

Adierazleen dokumentazioaz eta metodologiaz erantzule izatea dagokie adierazlea sartua izatea eskatzen duten unitateei, eta Nastat-Nafarroako Estatistika Erakundea subsidiarioki arituko da, horretarako bitarteko egokirik ez dagoen kasuetan.

Lurralde-adierazle Estatistikoen Sistemaren kasuan, aintzat hartuko dira Nafarroako Lurralde-informazioaren Sistemak (NLIS) planteaturiko eskakizunak.

13. artikulua. Zabalkundea.

Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak bere webgunea lehenetsiko du estatistika-informazio guztiaren eta horrekin lotura duen dokumentazioaren zabalkundea egiteko.

Hirugarrenek datu horiek erabiltzeko, estatistika-iturriaren erreferentzia aipatu beharko dute nahitaez.

14. artikulua. Erakundeen arteko lankidetza.

1. Nafarroako Estatistika Institutuak zilegi izanen du, interesekoa iruditzen bazaio, mota guztietako entitate eta erakundeengana jotzea, Nafarroako 2025-2028 Estatistika Planean ezarritako helburuak kudeatzeko xedearekin.

2. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Estatistika Institutuaren bitartez, lankidetza-hitzarmenak sinatu ahalko ditu tokiko, autonomia erkidegoetako, estatuko eta nazioarteko entitateekin, Foru Komunitatean lortutako estatistikak hobetzeko asmoz, halako moldez non estatistikek ordezkaritasuna hobetu eta Nafarroari buruzko ustiapen osoagoak ahalbidetuko baitituzte. Akordioak, betiere, Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren bitartez izenpetuko dira.

Lehen xedapen gehigarria. 2025eko Urteko Estatistika Programaren onespena.

Nafarroako Gobernuak, beranduenik, Foru Lege hau indarrean sartu eta hiru hileko epean onetsiko du 2025eko Urteko Estatistika Programa.

Bigarren xedapen gehigarria. Udalerroldetako datuetarako irispidea.

Online Errolda martxan jartzen denetik aurrera, Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak eskueran izanen ditu udal-erroldak, Nafarroako Foru Komunitateko udalengandik jasoak eta denbora errealean eguneratuak, Nafarroako Biztanleria Erregistroan erabiltzeko.

Azken xedapenetako lehena. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legea aldatzea.

1. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 3. artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

"3. artikulua. Estatistika-jardueraren printzipioak.

Foru Lege honek arautzen duen estatistika-jarduerak orokorrean honako printzipio hauek izanen ditu gidalerrotzat: interes publikoa, gardentasuna, homogeneotasuna, proportzionaltasuna, emaitzen zabalkunde eta argitalpena, informazioaren kontserbazio eta zainketa, administrazio publikoen arteko lankidetza, sekretu estatistikoa eta informazio-ematearen nahitaezkotasuna, eta oinarri izanen ditu "Europako Estatistiketako Jardunbide Egokien Kodea"ren araberako kalitate-irizpideak.

Estatistika-jarduera lagungarri gisa erabiliko da datuetan oinarritutako kudeaketarako eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko, eta politika publikoak nahiz haien kudeaketa planifikatzeko eta ebaluatzeko balioko du. Horretarako, kontuan hartuko ditu politika publikoak ebaluatu ahal izateko estatistika-beharrizanak."

2. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 9. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

"1. Foru lege honen ondorioetarako, estatistika ofizialtzat joko dira Nafarroako Estatistika Planean edo Nafarroako Urteko Estatistika-programetan jasota daudenak, eta foru lege honetako 28. artikuluak dioenari jarraikiz Nafarroako Gobernuak onetsitakoak diren estatistika-eragiketak."

3. Aldatu egiten da Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 22. artikuluaren 3. apartatua. Honako testu hau izanen du:

"3. Honako datu hauek eta ez besterik dauzkaten direktorioak: izena, identifikatzaileak, kokalekua, jarduera, tamaina-identifikatzaileak, esportatze- edo inportatze-enpresa izaera, helbide elektroniko korporatiboak, telefono korporatiboak, eta zabalkunde orokorreko erregistroetan edo direktorioetan jaso ohi diren beste ezaugarri orokor batzuk."

4. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 31. artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

"1. Nafarroako Estatistika Institutuaren eginkizunak ondokoak dira:

a) Nafarroarentzat interesekoa den estatistika-jarduera publikoaren sustapena, zuzendaritza eta koordinazioa.

b) Nafarroarentzat interesekoa den estatistika-jarduera publikoaren printzipioak, xedeak eta gainerako zertzeladak ezagutaraztea.

c) Nafarroako Estatistika Planaren Aurreproiektua egitea, horretarako lankidetzan arituz Foru Komunitateko Administrazioko Estatistika Sistemako gainerako unitateekin eta toki administrazioekin.

d) Datuen sailkapenerako eta emaitzen aurkezpenerako kontzeptu, definizio, sailkapen, nomenklatura eta kodeei buruzko arauak proposatzea, horiek Nafarroako estatistika-jardueran erabiliak izatea sustatzea, eta bultzada ematea koordinazio metodologikoa egin dadin toki erakundeen, beste autonomia-erkidego batzuen, Estatuko Administrazio Orokorraren, Europar Batasunaren eta kasuko beste erakundeen estatistika-jarduerarekin.

e) Urteko Estatistika-programetan bere esku utzi diren estatistika-eragiketak egitea.

f) Estatistika demografiko, ekonomiko eta sozialen sistema integratuak prestatzea.

g) Estatistika-unitateen direktorioak prestatzea eta lurralde, populazio, etxebizitza eta jarduera ekonomikoari buruzko informazioaren oinarrizko parametroak eta markoak sortzeko eta eguneratuta edukitzeko behar diren errolda-eragiketak egitea.

h) Estatistikaren alorreko ikerketa eta estatistikako langileen prestakuntza eta lanbide-trebakuntza bultzatzea.

i) Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari gisa jardutea estatistika-alorrean espezializatutako toki-unitate eta -erakundeekiko eta erakunde autonomikoekiko zein estatuko edo nazioartekoekiko harremanetan, eta haiekiko koordinazioa eta elkarlana sustatzea estatistika-jardueran. Ordezkaritza-lan horretan departamentuetako unitate espezializatuen laguntza izanen du, eta zilegi izanen du departamentu haien esku uztea bere ordezkaritza, egokitzat jotzen denean.

j) Estatistika Sistemaren unitateekiko lankidetzan, sekretu estatistikoa aplikatu eta errespeta dadin zaintzea.

k) Nafarroari buruzko estatistiken zabalkundea sustatzea.

l) Nahitaez irizpena ematea hitzarmen- edo akordio-proiektuei eta zerbitzu-kontratazioei buruz, haien bitartekoen edo helburuen artean egon daitekeen estatistika-jarduerari dagokionez, baldin eta haietan Foru Komunitateko Administrazioak parte hartzen badu.

m) Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek gauzatu nahi dituzten estatistika-eragiketen proiektu guztiei buruzko irizpena ematea, baldin proiektu horiek badakarte haiek berezkoak dituzten administrazio-harremanetatik at informazio-eskaera egitea pertsona fisiko edo juridikoei.

n) Irizpena ematea galdetegi, administrazio-prozedura eta aplikazio informatikoei buruz, eragina dutenean Nafarroako Estatistika Planean sartuta dauden estatistika-eragiketak egiteko beharrezkoak diren erregistroetan.

o) Foru Lege honek arautzen duen estatistika-jarduera egiten duten unitateek estatistikak egitean erabilitako galdetegien eta metodoen eraginkortasuna egiaztatzeko ikerketak aurrera eramatea.

p) Irizpena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren administrazio-prozeduren taxuketari eta erreformari buruz, haiek, beren izaeragatik, ondorioak izan ditzaketenean estatistika-iturri gisa erabiltzeko modukoak diren informazioen ekoizpenean, halako moldez non berrikuntza horien aprobetxamendua optimizatuko eta estatistika-beharrizanak asetzen egokiro lagunduko baita.

q) Eskatzen zaizkion biztanleria-proiekzioak eta horiekin zerikusia duten gainerako aurreikuspen-ereduak prestatzea.

r) Estatistika-datuaren kultura Administrazioan, hezkuntza-eremuan eta gizartean bultzatzea, estatistika ofizialaren erabilera sustatzeko.

s) Legeak esleitzen dion beste edozein estatistika-eginkizun."

5. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 35. artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

"35. artikulua. Urteko estatistika-jarduerari buruzko informazioa.

Urteko ebaluazio-txostenak egite aldera, departamentu bakoitzak bere ardurapeko estatistika-eragiketei buruzko informazio beharrezkoa helarazi beharko dio Nastati, indarreko dokumentazio-ereduari jarraiki".

6. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 49. artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

"49. artikulua. Nafarroako Biztanleria Erregistroa sortzea.

Nafarroako Biztanleria Erregistroa sortzen da. Erregistroan ondoko datuak jasoko dira: izen-deiturak, helbidea, sexua, jaioteguna eta NAN zenbakia edo, atzerritarren kasuan, agiri horren ordezkoaren zenbakia. Datu horiek Nafarroako Foru Komunitateko udal guztietako biztanle-erroldetan agertzen direnak izanen dira. Zilegi izanen da Foru Komunitateko Administrazioaren esku dauden kontaktu-datu osagarriak ere jasotzea, komunikaziorako beharrezkoak direnean, foru lege honen 52. artikuluak ezarritako helburuetarako."

7. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 50. artikuluaren testua aldatzen da. Honela idatzita geratuko da:

"50. artikulua. Nafarroako Biztanleria Erregistroko datuak lortzea.

Estatistika Institutu Nazionalak helaraziko ditu Nafarroako Biztanleriaren Erregistroko datu pertsonalak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, zeina datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa baita eta zeinak indargabetu egiten baitu 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), bai eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz ere, zeina Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa baita.

Nafarroako Biztanleria Erregistroko beste datu guztiak, osoki edo partzialki ez badaude Estatistika Institutu Nazionalak helarazi dituen horien artean, lortu ahalko dira, foru lege honen 52. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako soil-soilik, Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzakoak diren administrazio-erregistroetatik, eta Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren Tratamendu-jardueren Erregistroan jasota eta identifikatuta egon beharko dira."

8. Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeari titulu berri bat eransten zaio, "VI. Titulua. Nafarroako estatistika-adierazle publikoen sistemak" izenekoa. Honako testu hau izanen du:

"VI. TITULUA.-NAFARROAKO ESTATISTIKA-ADIERAZLE PUBLIKOEN SISTEMAK

56. artikulua. Ebaluaziorako adierazle-sistemak.

Plan, programa, proiektu eta plangintza estrategikoko edozein dokumentu motaren helburuekin zerikusia duten adierazleak halako moduz taxutuko dira non estatistika-eragiketa ofizialetako datuak erabiliko baitituzte, haien homogeneotasuna, alderagarritasuna eta zabalkunde aldizkakoa bermatze aldera.

57. artikulua. Nafarroako Adierazle Estatistiko Publikoen Sistema.

NAEPS-Nafarroako Adierazle Estatistiko Publikoen Sistemak erreferentzia gisa balioko du Foru Komunitateko Administrazioko unitate ezberdinek beren plangintza- eta diagnostiko-jardueretan edo politika publikoak ebaluatzeko behar dituzten estrategia-, inpaktu- eta testuinguru-adierazleetarako, edo horien beharra duen beste edozein egoeratarako.

Adierazle berriak txertatu ahal izateko, haien kalkulurako iturriek Nafarroako Estatistika Planean edo estatistika-plangintza ofizialeko beste instrumentu batzuetan jasota egon beharko dute.

Adierazle guztiek eduki beharko dute beren prestaketarako metodologia, zeinak barne hartuko baititu, gutxienez ere, definizioa, formula teorikoa, neurtze-unitatea, erabilitako iturriak eta kalkuluaren aldizkakotasuna.

Informazio hori Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean argitaratuko da eta berrerabilia izan dadin sustatuko da.

58. artikulua. Nafarroako Lurralde-adierazle Estatistikoen Sistema.

Nafarroako Lurralde-adierazle Estatistikoen Sistemak bilduko ditu NAEPS-Nafarroako Adierazle Estatistiko Publikoen Sistemako adierazle haiek zeinentzat posible baita Nafarroa osoa baino txikiagoa den lurraldetasun bat barne hartzea. Halaber, beren izaera dela-eta Nafarroa osorako eskaini ezin baina lurraldeka ordea eskaini ahal diren adierazleak bilduko ditu.

Lurralde-desagregazioa arau ofizialetan zehaztutako zonakatzeetakoren bat izan beharko da.

Lurralde-adierazleak sisteman sartzeko irizpideak izanen dira beharra, une-egokitasuna eta bideragarritasuna.

Lurralde-adierazleak koherenteak izanen dira Nafarroarentzako erreferentziazko adierazlearekiko, horrelakorik dagoenean.

Adierazle guztiek beren prestaketarako metodologia beharrezkoa izan beharko dute. Horrek gutxienez ere barne hartuko ditu definizioa, formula teorikoa, neurtze-unitatea, erabilitako iturriak eta kalkuluaren aldizkakotasuna.

Informazio hori Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta berrerabilia izatea bultzatuko da.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean sartzea.

Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean sartuko da indarrean.

ERANSKINA.

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web