16/2024 FORU LEGEA, URRIAREN 30EKOA, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKO FORU LEGEAREN TESTU BATEGINA ONESTEN DUEN EKAINAREN 2KO 4/2008 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA ALDATZEN DUENA
BON N.º 226 - 07/11/2024
Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 28ko epaiaren ondoren nafar mutualisten eskaerei soluzio bat emate aldera, foru lege honek aldatu egiten du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorra, halako moldez non, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei eginiko ekarpenetatik eratorritako Gizarte Segurantzako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioak ez baitira geratuko aipatu xedapenaren aplikaziotik salbuetsita.
Halaber, 2024ko zergaldian aplikatzekoa den aparteko kenkari bat arautzen du Gizarte Segurantzarengandik 2020-2023 zergaldietan erretiro- edo baliaezintasun-prestazioak jaso zituzten subjektu pasiboentzat, harako prestazioak zeinak eratorriak baitziren gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzarturiko aseguru-kontratuetara 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenago egin eta fiskalki kengarriak izan ez ziren ekarpenetatik. Kenkariaren zenbatekoa banaka zehazten da subjektu pasibo bakoitzarentzat, Gizarte Segurantzarengandik jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen eta 2020-2023 epeko zergaldietan eginiko autolikidazioen arabera.
Hori horrela, aldatu egiten da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina.
Artikulu bakarra. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren aldaketa.
Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren manu hauek honako testu hau izanen dute:
Bat. Bigarren xedapen iragankorra, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin.
"Bigarren xedapen iragankorra.-Gizarte aurreikuspeneko mutualitateei ezarriko zaien araubide iragankorra.
1. Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin itundutako aseguru-kontratuetatik eratorritako erretiro- eta baliaezintasun-prestazioak lan-etekin gisa sartuak izan beharko dira zerga-oinarrian, baldin kontratu haietarako 1999ko urtarrilaren 1a baino lehenago eginiko ekarpenekin zerga-oinarria parte batez behintzat minoratua izan bazen.
2. Zerga-oinarrian sartze hori halako neurrian eginen da non jasotako zenbatekoak gainditu egiten baititu unean uneko lege indardunen poderioz zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ahal izan ez diren mutualitatearentzako ekarpenak, zeinak, beraz, jada zergapetuak izan baitira.
3. Baldin ezin bada frogatu zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ahal izan ez diren ekarpenen zenbatekoa, jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen ehuneko 75 sartuko da zerga-oinarrian".
Bi. Hirurogeita hamargarren xedapen gehigarria gehitzea, eragina 2024an izanen duena.
"Hirurogeita hamargarren xedapen gehigarria.-Aparteko kenkaria, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei eginiko ekarpenen ondorioz 2020tik 2023ra bitartean Gizarte Segurantzarengandik jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen ondoriozkoa.
1. Kasuko kuota diferentziala zehaztu ondoren, baldin subjektu pasibo batek 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenago ekarpenak egin bazituen gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzarturiko aseguru-kontratuetara, harako ekarpenak zeinek, fiskalki kengarriak ez izateaz gainera, Gizarte Segurantzarengandik 2020, 2021, 2022 edo 2023ko zergaldietan erretiro- edo baliaezintasun-prestazio bat jasotzeko eskubidea sorrarazi baitzuten, orduan zilegi izanen du 2024ko zergaldiari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioan aparteko kenkari bat aplikatzea, honako apartatu hauek xedatzen dutenaren arabera zehaztua.
2. Kenkariaren zenbatekoa aipatu zergaldietan subjektu pasiboak ordainduko ez zukeen kuota diferentzialaren arabera zehaztuko da, ez-ordaintze horren zenbatekoa izanik gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin eginiko aseguru-kontratuengatik 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenago eginiko ekarpenei zegokien Gizarte Segurantzarengandiko erretiro- edo baliaezintasun-prestazioaren parteari ehuneko 25eko murrizketa aplikatu izan balio suertatuko zatekeena.
Ondorio horietarako, murriztuko den partea izanen da 2020, 2021, 2022 eta 2023an jasotako prestazioaren zenbatekoari koefiziente bat aplikatzearen emaitza, harako koefizientea zeina suertatuko baita 1979ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko kotizazio-egunen kopurua zatitzetik prestaziorako eskubidea eman duten egun kotizatuen guztizko kopuruaren artean.
3. Baldin eta, familia-unitateko kide bat baino gehiagok izanik kenkaria aplikatzeko eskubidea, familia-unitateko kideek aukeratu bazuten baterako aitorpena egitea prestazioak jaso ziren zergaldietan, orduan, 2024an kenkariaren zenbatekoa banaka zehaztuko zaie, aipatu zergaldietako bakoitzean familia-unitateko kide bakoitzak jasotako prestazioaren proportzioan.
4. Kenkaria aplikatu ahalko da baldin eta subjektu pasiboa Nafarroako Foru Ogasunarekin zergapetu bada berak Gizarte Segurantzarengandik aipatu zergaldietan jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen osoko zenbatekoaz, eta kasu horretan bakarrik".
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra, legean bertan aurreikusitako efektuekin.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.