(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

89/2024 FORU DEKRETUA, URRIAREN 9KOA, NAFARROAKO KIROLAREN ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 216 - 24/10/2024



  LEHEN KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  HIRUGARREN KAPITULUA. KIROL ARLOKO PROFESIONALEN ATALA


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren 14. eta 26. apartatuetan ezarritako eskumen esklusiboen babesean, apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legea onetsi zuen, Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzkoa. Foru lege horren xedea da Nafarroan kirol lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautzea. Berariaz adierazten du zeintzuk diren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun-eremu funtzional orokorra ezartzen da, eta aditzera ematen da lanbide horietako bakoitzean sartzeko zer kualifikazio eskatzen den.

Foru legeak, azken xedapenetako laugarrenaren arabera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean indarra hartu bazuen ere, bertan arautzen diren lanbideetan jarduteko gaitzen duten kualifikazio profesionalak 2025eko irailaren 1etik aurrera exijituko dira. Era berean, aipatutako foru legeak ezarri du dagoeneko lanbide horietan jarduten dutenek data hori baino lehen aurkeztu behar dutela erantzukizunpeko adierazpena.

Legean ezarritakoa benetan betetzea posible izan dadin, ezinbestekoa da foru legea erregelamendu bidez garatzea, eta garapen hori, azken xedapenetako hirugarrenaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio.

Foru legeak, halaber, zenbait aldaketa egin ditu gaur egun indarrean den Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean. Alde batetik, Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa aldatu du, Nafarroako Kirolaren Erregistroa izan dadin. Erregistroak bi atal ditu orain: bata kirol entitateentzat, eta bestea, kirol arloko profesionalentzat. Foru legeak, arrazionalizazio administratiboaren printzipioarekin bat etorriz, administrazio erregistro berri bat sortzea saihestu nahi izan du, eta baliatu nahi izan ditu indarrean dagoen erregistroaren giza baliabideak eta baliabide materialak, bai eta esperientzia ere. Erregistro hori Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari atxikitzen zaio orain, zeina Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuan baitatza gaur egun.

Foru dekretu honek hiru kapitulu ditu bere egituran. Lehenengo kapituluan, bi atalen xedapen komunak jasotzen dira. Hurrengo kapituluan, berriz, kirol entitateen atala arautzen da, Nafarroako Kirol Erakundeak eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuan jasotako arau-esparruan oinarrituta. Nolanahi ere, erregistroa egokitu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako beharrizan eta eskakizun berrietara, arreta berezia jarriz Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoan.

Foru dekretu honek dakarren berrikuntza nagusia hirugarren kapituluan dago, kirol lanbideen arau-esparru berriaren funtsezko piezetako bat arautzen baitu: Kirol arloko Profesionalen Atala. Atal hori ez da datuen errolda huts bat izanen, baizik eta ezinbesteko tresna bat, kontsumitzaileen, erabiltzaileen eta kirol arloko profesionalen enplegatzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko, une oro kontrastatzen ahal izan dezaten Nafarroan jardun nahi duen kirol arloko profesional bakoitzaren kualifikazioa.

Nafarroako Gobernuak, administrazio erregistroak sortuz arautu dituen beste lanbide eremu batzuetan bezala, kirol arloko profesionalen merkatu fidagarri bat nahi du Nafarroan, kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat nahasgarria ez dena eta erraztuko duena profesionalen jarduerak kontrolatzea eta zigortzea ordenamendu juridikoak eskatzen duen kualifikaziorik gabe egiten direnean, zerbitzu horien hartzaileen osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen baitira.

Foru dekretuak atal horren egitura eta inskripzio-, publizitate- eta funtzionamendu-araubidea jorratzen ditu, eta datu pertsonalen babesaren arloko legeriarekin zorrotza izaten saiatu da, halako moldez non kirol arloko profesionalei eskatzen zaizkien datuak datu egokiak eta aukerakoak diren, eta ez gehiegizkoak, erregistroaren atal honen helburuei dagokienez. Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz, foru dekretuak ezartzen du araudi honen xede diren kirol lanbideetan jarduten duten pertsona fisiko jakin batzuk ere behartuta daudela erregistroarekiko harremanak bitarteko elektronikoak erabiliz izateko. Arau horren 14. artikuluak administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra arautzen ditu, eta, 3. apartatuan, aukera ematen du erregelamendu bidez ezartzeko administrazioarekiko harremanetarako soilik bitarteko elektronikoak erabili beharko direla zenbait prozeduratan eta pertsona fisikoen kolektibo batzuentzat, beren lanbide dedikazioa dela-eta.

Foru dekretuak xedapen gehigarrietan zehazten ditu apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak erantzukizun zibileko aseguruaren arloan ezartzen dituen eskakizunak, xedapen horiek baliatzen baitira arauaren xedea kontuan hartuta artikuluetan lekurik ez duten araubide bereziak ezartzeko. Zehaztapen horrek kontuan hartu du proportzionaltasun-kanona, eta, horregatik, ez da eskatzen neurriz kanpoko edo justifikaziorik gabeko estaldurarik.

Xedapen gehigarri bat ere jaso da, behin-behinean garatzen dituena foru legeak, kasu jakin batzuetan, lanbide kualifikazio jakin bat osatzeko exijitzen dituen prestakuntza eta esperientzia espezifikoa. Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriak kirol arloko eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuaren esku uzten du erregelamendu bidezko zehaztapen hori, baina horrek kasuistika osoaren azterketa xehatua eskatuko du, eta hori bateraezina da eskatuko diren irizpideak ahalik eta lasterren finkatzeko beharrarekin.

Hala ere, erantzukizunpeko adierazpena Nafarroako Kirolaren Erregistroan aurkezteko epeei dagokienez, kontuan hartu behar da Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeren zortzigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa. Izan ere, egungo testuak xedatzen duenez, 2025eko irailaren 1a baino lehen kirol lanbideetako batean jardunean daudenek data hori baino lehen aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena, hots, 2025eko irailaren 1a baino lehen. Bestalde, kirol lanbideetan 2025eko irailaren 1etik aurrera hasi nahi dutenek lanbidean hasi aurretik aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena.

Foru dekretu hau egiteko prozeduran, Nafarroan ordezkaritza handiena duten sindikatuei kontsulta espezifikoa egin zaie, Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko urriaren bederatziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

LEHEN KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Foru dekretuaren xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Kirolaren Erregistroa arautzea.

2. artikulua. Nafarroako Kirolaren Erregistroaren atalak.

Nafarroako Kirolaren Erregistroak bi atal izanen ditu:

a) Kirol Entitateen Atala. Atal honetan inskribatuko dira egoitza Nafarroan duten eta Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean edo haren ordezko lege xedapenean araututa dauden kirol entitateak. Halaber, atal honetan inskribatzen ahalko dira Kirolari buruzko Foru Legean araututakoak ez diren beste entitate batzuk, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zehazten dituen baldintzetan, kontuan hartuta gizartearen beharrak, ordenamendu juridikoko beste sektore batzuetako arau-aldaketak eta kirol jarduera osatzen duten elementu guztien benetako eskaerak.

b) Kirol arloko Profesionalen Atala. Atal honetan inskribatuko dira Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean edo hura ordezten duen lege xedapenean araututako kirol arloko profesionalak.

3. artikulua. Administrazioatxikipena.

Nafarroako Kirolaren Erregistroa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleitutako eskumenak dituen erakundeari atxikita egonen da.

4. artikulua. Nafarroako Kirolaren Erregistroarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea.

Pertsona fisiko eta juridikoen eta Nafarroako Kirolaren Erregistroaren arteko komunikazioa eginen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio prozeduren izapidetze elektronikoaren arloan aplikatzekoa den araudian jasotako xedapenen arabera, bai eta Estatuko oinarrizko legearen arabera ere.

BIGARREN KAPITULUA

KIROL ENTITATEEN ATALA

5. artikulua. Erregistroko azpiatalak eta unitateak.

Nafarroako Kirol Entitateen Atalak azpiatal eta unitate hauek ditu, inskribatutako entitateen izaera eta helburuak kontuan hartuta:

a) 1. azpiatala. Bertan kirol klubak eta Erregistroan kirol klub filialaren izenarekin sartzen diren entitateak inskribatuko dira. Azpiatal honek bi unitate izanen ditu:

- Kirol kluben unitatea.

- Kirol klub filialen unitatea.

b) 2. azpiatala. Bertan kirol federazioak inskribatuko dira.

c) 3. azpiatala. Bertan kirola sustatzeko entitateak inskribatuko dira.

d) 4. azpiatala. Bertan kirol sozietate anonimoak, kirol arloko kapital-sozietateak oro har eta kirol klubak ez diren entitateak inskribatuko dira, baldin eta Estatuko legeriaren arabera aitortuta badaude kirol lehiaketa ofizial profesional edo profesionalizatuetan parte hartzeko.

Aipatutako azpiatalez gain, 5. azpiatala ere sortzen ahalko da, eta bertan Kirolari buruzko Foru Legean araututakoak ez diren beste entitate batzuk inskribatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zehazten dituen baldintzetan, kontuan hartuta gizartearen beharrak, ordenamendu juridikoko beste sektore batzuetako arau-aldaketak eta kirol jarduera osatzen duten elementu guztien benetako eskaerak.

6. artikulua. Erregistroko inskripzioaren ondorioak.

1. Entitate bat Kirol Entitateen Atalean inskribatzeak berekin dakar kirol entitatearen aitortza ofiziala ematea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen edo hura ordezten duen xedapenaren ondorioetarako.

2. Kirol klubak eta kirola sustatzeko entitateak Kirol Entitateen Atalean inskribatzea publizitatearen ondorioetarako eginen da, elkartzeko eskubidea arautzen duen araudi orokorrarekin bat etorriz.

3. Kirol Entitateen Atalean inskribatzeak ez ditu baliozkotuko okerreko datuak, ezta ordenamendu juridikoaren arabera deusezak diren egintzak ere.

7. artikulua. Inskribatzen ahal diren egintzak eta dokumentazioa gordailutzea.

1. Kirol Entitateen Atalean honako hauek inskribatuko dira:

a) Kirol kluben, kirola sustatzeko entitateen eta kirol federazioen eraketa.

b) Kirol klub filialaren izenarekin erregistroan sartu nahi duten entitateek inskripzioa eskatzeko hartutako erabakia.

c) Kirol kluben, kirola sustatzeko entitateen eta kirol federazioen estatutuen onespena eta aldaketa, bai eta eskuordetutako funtzio publikoak betetzeari dagozkion federazio-erregelamenduak ere.

d) Kirol kluben, kirola sustatzeko entitateen eta kirol federazioen administrazio- eta ordezkaritza-organoetako kideen izendapenak eta kargugabetzeak.

e) Kirol kluben, kirol federazioen eta kirola sustatzeko entitateen desegitea eta likidazioa.

2. Kirol kluben, kirola sustatzeko entitateen eta kirol federazioen inskripzioan honako hauei buruzko idazpenak eta horien aldaketak jaso beharko dira:

a) Izena.

b) Helbidea.

c) Helburuak eta estatutu-jarduerak.

d) Jardunaren lurralde esparrua.

e) Administrazio- eta ordezkaritza-organoetako titularren identitatea.

f) Eraketaren eta inskripzioaren data.

g) Onura publikoaren deklarazioa eta errebokatzea.

h) Jarduerak judizialki etetea.

i) Kirol entitateen desegitea eta likidazioa, eta horretarako arrazoiak.

j) Erregistroan jaso beharreko egintzei eragiten dieten ebazpen judizialak, administratiboak edo arbitrajekoak.

3. Edozein entitate kirol klub filialaren izenarekin inskribatzean, honako hauei buruzko idazpenak eta horien aldaketak jaso beharko dira:

a) Izena.

b) Helbidea.

c) Entitatearen helburua.

d) Jardunaren lurralde esparrua.

e) Entitatearen administrazio- eta ordezkaritza-organoetako titularren identitatea, eta, hala badagokio, kirol klub filialeko kirolarien ordezkaritza- eta funtzionamendu-organoetakoena.

f) Eraketaren eta inskripzioaren data.

g) Onura publikoaren deklarazioa eta errebokatzea, bidezkoa denean.

h) Jarduerak judizialki etetea.

i) Kasuko entitateen desegitea eta likidazioa, eta horretarako arrazoiak.

j) Erregistroan jaso beharreko egintzei eragiten dieten ebazpen judizialak, administratiboak edo arbitrajekoak.

4. Nafarroako Kirol Entitateen Atalean, kirol kluben, kirola sustatzeko entitateen eta kirol federazioen dokumentazio hau gordailutu eta artxibatuko da:

a) Inskribatzeko, aldatzeko edo deuseztatzeko eskaerak.

b) Sortze-akta eta entitatearen organo eskudunaren aktak, jasotzen dituztenak erregistroko alderdiak aldatzen dituzten erabakiak edo erregistroan datu berriak sartu nahi dituztenak.

c) Estatutuak eta haien aldaketak, eta eskuordetutako funtzio publikoei dagozkien erregelamenduak, kirol federazioen kasuan.

d) Jarduerak judizialki etetea.

e) Desegiteari eta likidazioari buruzkoa, bereziki entitatearen desegitearen ondorioz geratzen den ondareari eman zaion erabilera.

f) Erregistroan jaso beharreko egintzei eragiten dieten ebazpen judizialak, administratiboak edo arbitrajekoak.

5. Kirol Entitateen Atalean gordailutu eta artxibatuko da bertan kirol klub filialaren izenarekin sartzen diren entitateen dokumentazio hau:

a) Inskribatzeko, aldatzeko edo deuseztatzeko eskaerak.

b) Entitateko organo eskudunak erregistroan inskribatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, bai eta erregistroko alderdiak aldatzen dituztenen edo bertan datu berriak sartu nahi dituztenen erabakiena.

c) Entitate pribatuen kasuan, entitatea arautzen duten estatutuak eta haien aldaketak, eta Kirol Klub Filialeko kirolariek bete beharreko funtzionamendu arauak.

d) Entitate pribatuen kasuan, haien desegite eta likidazioari buruzkoa.

e) Entitateko organo eskudunaren ziurtagiria, jasota dituena kirol klub filialeko kirolarien ordezkaritza- eta funtzionamendu-organoak osatzen dituzten kideak.

6. Kirol Entitateen Atalean inskribatutako entitateen datuak progresiboki artxibatzen joanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak horiek kontserbatzeko eta baliozkotzeko egokitzat jotzen duen formatu elektronikoan, horrek ukatu gabe egokitzat jotzen den beste edozein formatu ere erabiltzea.

7. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zehazten ahalko ditu Kirol Entitateen Atalean egon beharreko inskripzio datuak eta jatorrizko dokumentazioa edo ziurtagiriak, horiek hobeki identifikatu eta zehazteko, entitateen izaerari dagokionez.

8. Kirol Entitateen Atalean dauden datuen funtsezko edozein aldaketa eginez gero, eguneratu beharko da, dagokion entitateak aldez aurretik hala eskatuta, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

8. artikulua. Tasak eta prezio publikoak.

Kirol Entitateen Atalean inskribatzea eta ematen diren ziurtagiriak eta kopiak bat etorriko dira Nafarroako Foru Komunitatean tasa eta prezio publikoei buruz indarrean dagoen araudian agindutakoarekin.

9. artikulua. Kirol kluben eta kirola sustatzeko entitateen inskripzioa.

Kirol klubak eta kirola sustatzen duten entitateak Kirol Entitateen Atalean inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Izena emateko eskabidea.

b) Sortze-akta, kirol entitateak arautzen dituen foru dekretuan ezarritakoaren arabera eta baldintzak beteta, kasuan kasuko entitatearen sustatzaileek sinatuta.

c) Kirola sustatzeko entitate baten inskripzio eskaeraren kasuan, entitate sustatzaile bakoitzak dagokion foru araudian ezarritako gutxieneko bazkide kopurua duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

d) Estatutuak, kasuan kasuko entitatearen sustatzaileek sinatuak.

e) Pertsona juridikoak badira kirol klubaren sustatzaile, eta kirola sustatzeko entitateak eratzen badira, entitate sustatzaile bakoitzeko organo eskudunak balio osoz hartutako erabakiaren ziurtagiria, non jasotzen baita kirol entitatea eratu eta bertako kide izateko borondatea, bai eta hura ordezkatzen duen pertsona fisikoaren izendapena ere.

f) Pertsona fisikoak badira kirol klubaren sustatzaile, haien identitatearen egiaztagiriak.

10. artikulua. Kirol klub filialaren izenarekin inskribatzea.

Entitateak Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan kirol klub filialaren izenarekin inskribatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Izena emateko eskabidea.

b) Entitateko gobernu- edo zuzendaritza-organo eskudunak sinatutako erabakiaren ziurtagiria, non jasotzen baita Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kirol Entitateen Atalean inskribatzeko borondatea, Nafarroako kirol araudiaren ondorioetarako, eta araudi horren mende jartzen dela, entitateak garatzen duen kirol-jarduerari dagokionez aplikatzekoa den guztian.

c) Entitate nagusiaren gobernu-organoen osaera eguneratua.

d) Araudi espezifikoaren arabera dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

e) Entitate pribatua bada, estatutuak edo entitatea arautzen duten xedapenak.

f) Hala badagokio, kirol klub filialeko kirolarien funtzionamendu-arauak, behar bezala onetsiak.

11. artikulua. Kirol federazioen inskripzioa.

Foru Komunitateko Kirol Administrazioak ofizioz inskribatuko ditu Nafarroako kirol federazioak Nafarroako Kirol Erregistroko Kirol Entitateen Atalean, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean ezarritako prozeduraren arabera eratzeko baimena eman ondoren.

12. artikulua. Entitate eskatzaileen inskripzioa onesteko edo ukatzeko eskumena eta prozedura.

1. Foru Komunitateko Kirol Administrazioari dagokio entitate eskatzaileen inskripzioa onestea edo ukatzea, hargatik ukatu gabe Nafarroako kirol federazioentzat xedatutakoa.

2. Inskribatzeko eskaera gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da, hurrengo atalean ezarritako ukatu gabe. Ezarritako gehieneko epea iraganik ebazpenik jakinarazi ez bada, baietsi egin dela ulertuko da.

3. Eskaeran edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan eta haren edukian akats formalik atzematen bada, Foru Komunitateko araudiak ezarritako erregulazioaren arabera, edo izena inskribatuta dagoen beste izen batekin bat badator edo harekin hutsegiteak edo nahasteak sor baditzake, edo izena marka erregistratu ageriko batekin bat badator, salbu eta markaren titularrak eskatzen badu, edo haren baimenarekin, eten eginen da inskripzioa egiteko epea, eta aurkitu diren akatsak zuzentzeko epea irekiko da.

4. Entitate eskatzailea foru dekretu honen aplikazio eremuan sartuta ez dagoenean, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak, hari entzun ondoren, Kirol Entitateen Atalean inskribatzea ukatuko du eta eskatzaileari adieraziko dio zein den inskribatzeko eskumena duen erregistroa edo administrazio organoa. Inskribatzea ukatuz gero arrazoiak emanen dira beti.

5. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak kirol elkarte edo entitatearen eraketan ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzen baditu, ebazpen arrazoitua emanen da eta dokumentazio guztia Fiskaltzari edo jurisdikzio-organo eskudunari igorriko zaio, eta horren berri emanen zaio entitate interesdunari. Administrazio prozedura etenda geratuko da ebazpen judizial irmoa eman arte.

6. Kirol entitatearen jardueran ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzen badira, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak ebazpen arrazoitua emanen du eta dokumentazio guztia Fiskaltzari edo jurisdikzio-organo eskudunari igorriko dio, eta horren berri emanen dio entitate interesdunari.

13. artikulua. Komunikazioak.

Kirol klubek eta kirola sustatzeko entitateek Nafarroako Kirolaren Erregistroan dituzten inskripzio- eta desegite-idazpenak, bai eta bidezkoak diren beste guztiak ere, Nafarroako Elkarteen Erregistroari komunikatuko zaizkio, hala badagokio.

14. artikulua. Kirol Entitateen Atalaren publizitatea.

1. Nafarroako Kirol Entitateen Atala publikoa da oro har, kirol kluben, kirola sustatzeko entitateen eta kirol federazioen inskripzioari dagokionez.

2. Publizitatea gauzatuko da idazpenen edukia egiaztatuz, Erregistroan gordailututako idazpen eta agirien informazio-ohar soilaren bidez edo kopiaren bidez, edo bitarteko elektronikoen bidez, betiere datu pertsonalak babestearen arloan indarra duen araudian ezarritako baldintzak beteta.

3. Nafarroako Kirol Entitateen Atala publikoa da izaera espezifikoarekin, bertan kirol klub filialaren izenarekin sartzen diren entitateen inskripzio-idazpenean jasotako izenari, xedeari eta helbideari dagokienez.

15. artikulua. Betebeharrak.

1. Kirol Entitateen Atalean inskribatutako kirol entitateen betebeharra da:

a) Beren tipologiari dagozkion betekizunak eta helburuak gordetzea, bai eta Foru Komunitateko araudiak entitate bakoitzaren izaerarekin lotuta ezartzen dituen betebehar espezifikoak betetzea ere.

b) Atalean jasotako datuei dagokienez gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.

c) Foru Komunitateko Kirol Administrazioak, Erregistroan dauden datuak eguneratuak izateko eta tipologiari dagozkion betekizunak eta helburuak betetzen diren frogatzeko xedearekin, eskatzen duen informazioa ematea, horretarako ezarriko den epearen barnean.

2. Betebehar horiek betetzen ez badira, ofizioz deuseztatzen ahalko da Kirol Entitateen Ataleko inskripzioa, entitate interesdunari entzun ondoren, baina horrek galarazi gabe Nafarroako Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu ahal izatea, hala badagokio.

HIRUGARREN KAPITULUA. KIROL ARLOKO PROFESIONALEN ATALA

16. artikulua. Kirol arloko Profesionalen Ataleko inskripzioaren xedea eta helburuak.

1. Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kirol arloko Profesionalen Atalean inskribatuko dira Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean ezarritako egintzak, bai eta foru dekretu honetan ezartzen diren guztiak ere.

2. Erregistroko atal honen oinarrizko helburuak honako hauek dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako kirol lanbideen egoera ezagutzeko tresna izatea.

b) Kirol lanbideen sektorearekin lotutako estatistika-jardueren iturri izatea.

c) Nafarroako Kirol Administrazioak kirol lanbideetan jarduten duten pertsonen gaineko kontrol jarduera erraztea.

d) Nafarroako Kirol Administrazioak kirol lanbideen eremuan esleituak dituen sustapen-, programazio- eta plangintza-jarduerak erraztea.

e) Kirol arloko profesionalen kualifikazioari buruzko informazioa ematea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, enpresa enplegatzaileei edo interesa duen beste edozein pertsonari, bai eta aipatutako profesionalei ezarritako desgaikuntza-zehapenei buruzko informazioa ere.

f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesgabetasun-egoerak saihestea, beharrezkoa den gutxieneko kualifikazioa ez duten pertsonek jarduera profesionalak gauzatzean sor daitezkeenak.

17. artikulua. Kirol arloko Profesionalen Atalaren xede diren datuak.

1. Kirol arloko Profesionalen Atalak Nafarroan kirol lanbideetan jardun nahi duten pertsonen datuak izanen ditu xede.

2. Boluntariotza ez da erregistro honetan inskribatuko, horrek ukatu gabe dagozkion erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko betebeharra. Foru dekretu honen ondorioetarako soilik, boluntariotzarekin parekatuko dira Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen esparruan monitore, entrenatzaile, prestatzaile fisiko eta zuzendariek ordainsaririk gabe betetzen dituzten jarduera guztiak.

3. Kirol arloko profesionalei eskatzen zaizkien datuek egokiak eta aukerakoak izan behar dute, eta ez gehiegizkoak, helburu nagusi honekin: kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko tresna izatea, profesionalen kualifikazioa eta lanbidean jarduteko gainerako betekizunak ezagututa.

18. artikulua. Kirol arloko Profesionalen Atalaren egitura.

1. Kiroleko Profesionalen Atala azpiatal hauetan egituratuko da, eta horiek aldatu edo beste batzuk sortzen ahalko dira, kirol arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez:

a) Pertsona fisikoen azpiatala.

b) Lanbide sozietateen azpiatala.

c) Gaitutako pertsonen azpiatala.

2. Pertsona fisikoen azpiatala berriz banatzen ahalko da elkargoko kide diren pertsona fisikoen arloan eta elkargoko kide ez diren pertsona fisikoen arloan, bai eta beharrezkotzat jotzen diren beste batzuetan ere.

3. Lanbide sozietateen azpiatalean, Merkataritza Erregistroan eta dagokion lanbide elkargoko Lanbide Sozietateen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako lanbide sozietateak baizik ez dira sartuko, Lanbide sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean edo hura ordezten duen xedapenean ezarritakoaren arabera.

4. Gaitutako pertsonen azpiatalean sartuko dira Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeren lehen xedapen iragankorraren lehen apartatuan ezarritako egoeran dauden pertsonak.

19. artikulua. Kirol arloko Profesionalen Atalaren eginkizunak eta idazpen motak.

1. Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kapitulu honetan zerrendatutako pertsona fisiko eta juridikoen datuak inskribatzea eta idaztea, bai eta horien aldaketak edo deuseztapenak egitea ere.

b) Atalean dauden datuak egiaztatzea eta haiei buruz informatzea.

c) Kirol arloko eskumena duen departamentuko titularrak agintzen dion beste edozein eginkizun.

2. Atal honek eginkizun horiek betetzeko, idazpen mota hauek eginen ditu, dagokionaren arabera:

a) Inskripzioak. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskura egonen diren datuak inskribatuko dira.

b) Idatzoharrak. Idatzoharrak eginen dira erregistroan inskribatu behar ez diren kirol arloko profesionalen datuei buruz, bertan jaso behar badira.

c) Deuseztatzeak. Profesionalen inskripzioak foru dekretu honetan ezarritako kasuetan deuseztatuko dira.

20. artikulua. Baliabide elektronikoak.

1. Helburuak betetzeko behar diren bitarteko elektronikoen bidez tratatuko dira atal honetako datuak, betiere printzipio hauek errespetatuz, subjektuen identifikaziorako eta komunikazioaren helbururako: tramiteak sinplifikatu eta arintzea, doakotasuna, sarbide librea, konfidentzialtasuna, segurtasuna eta egiazkotasuna.

2. Bitarteko elektronikoen bidez emandako datuen informazio-, komunikazio- eta egiaztapen-sistema bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio prozeduren izapidetze elektronikoaren arloan aplikatzekoa den araudiarekin.

3. Foru dekretu honetan araututako bitarteko elektronikoen bidez izapidetutako prozeduretan emandako administrazio-agiriak baliozkoak eta eraginkorrak izanen dira, baldin eta benetakotasun-, osotasun- eta kontserbazio-bermeak betetzen badituzte, bai eta Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako beste batzuk ere.

21. artikulua. Inskripzioa egiteko modua eta edukia.

1. Dagokion azpiatala kudeatzeaz arduratzen den pertsonak eginen du inskripzioa, kirol arloko profesional bakoitzeko idazpen bakarrean.

2. Profesional bakoitzari dagokion idazpenak datu hauek izan behar ditu nahitaez:

a) Inskripzioari esleitu zaion kode alfanumerikoa.

b) Pertsona fisikoaren izena, abizenak, helbidea eta sexua. Pertsona juridikoen kasuan, sozietate izena eta helbidea.

c) Inskribatu beharreko pertsonaren ordezkariaren izena, abizenak, helbidea eta sexua, hala badagokio.

d) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZa), Atzerritarraren Nortasun Txartela (ANTa), pasaportea edo antzeko edozein agiri ofizial.

e) Erantzukizunpeko adierazpenaren eta inskripzioaren aurkezpen-data.

f) Erantzukizun zibileko aseguru-polizaren datuak edo, hala badagokio, aseguru hori banaka kontratatzeko betebeharretik salbuesteko datuak.

g) Beteko den kirol lanbidea edo lanbideak, eta lanbide jarduerak presentzia fisikoa behar duen ala ez, apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen arabera.

h) Kirol-modalitatea eta kirol-espezialitatea edo kirol-diziplina.

i) Lanbide jarduera gauzatzean garatutako zeregina edo maila.

j) Lanbidean jarduteko ahalmena ematen dion titulu akademikoa edo, hori izan ezean, lanbide kualifikazioaren ziurtagiria edo egiaztagiria.

k) Elkargoko kide-zenbakia, baldin eta Estatuko lege mailako arau batek ezartzen badu kirol lanbide horretan jarduteko nahitaezkoa dela elkargoko kide egitea.

l) Apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak eskatzen dituen prestakuntzari eta esperientziari buruzko datu espezifikoak.

m) Lortutako gaikuntzak.

n) Lehen sorospenen arloko prestakuntza, gutxieneko prestakuntza-baldintzak arautzen dituen foru dekretuaren arabera.

o) Zehapen irmoak, lanbidean jarduteko desgaikuntza dakartenak. Ez dira sartuko kirol federazioek ezarritako etete edo desgaikuntza zehapenak.

3. Azpiatalean inskribatutako datu guztiak, pertsona fisikoei buruzkoak, sexuaren arabera bereizita jaso, bildu, aztertu eta aurkeztu beharko dira.

22. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpen batean oinarritutako inskripzioa.

1. Inskripzioa formalizatzeko, norberaren kontura diharduten profesionalek eta lanbide sozietateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute Foru Komunitateko Kirol Administrazioan.

2. Foru dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpena izanen da kirol arloko profesionalek edo haiek ordezkatzen dituztenek sinatutako agiria, non adierazten baita, sinatzailearen erantzukizunpean, betetzen direla Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren baldintzak, eta konpromisoa hartzen dela betekizun horiek mantentzeko jarduera profesionala indarrean dagoen bitartean, bai eta dagozkion egiaztagiriak izateko ere, hala behar denean.

3. Foru lege honek arautzen dituen lanbideetan hasteko eta aritzeko, nahitaez bete beharreko baldintza izanen da dagokion lanbide elkargoan sartzea, baldin eta Estatuko legeek hala ezartzen badute. Halakoetan, lanbide elkargoak foru dekretu honetan ezartzen den informazioa eman behar dio Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kirol arloko Profesionalen Atalari.

Foru lege horretan araututako edozein lanbidetan jarduteko eskatzen den kualifikazioa izanik beren jarduera profesionalean aritu nahi duten gainerako profesionalek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute Foru Komunitateko Kirol Administrazioan, foru dekretu honetan zehazten den informazioa jasotzen duena.

4. Profesionalei ez zaie erantzukizunpeko adierazpena eskatuko baldin eta Gorputz Hezkuntzako irakasle lanbidean baizik ari ez badira, Administrazio Publikoarekin lotura dutela zuzenbide administratiboaren edo lan zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu harreman baten bidez; nolanahi ere, horrek ez du ukatzen Administrazio Publikoak Erregistroari bidali behar izatea foru dekretu honetan ezarritako informazioa.

5. Gorputz Hezkuntzako irakasle, kirol monitore, entrenatzaile, kirol zuzendari eta prestatzaile fisikoaren lanbidean hasi eta jarduteko, hasi aurretik frogatu beharko da norbera ez dela kondenatua izan, epai irmo bidez, sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik. Berariazko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatzen ahalko da hori, baimena emanez datuak kontsultatzeko Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusian, edo aipatutako erregistroaren ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da.

Administrazio Publikoarekin lotura duten Gorputz Hezkuntzako irakasleek betebehar hori betetzeko, hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuak ezarritakoari jarraituko zaio.

23. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

1. Erantzukizunpeko adierazpena interesdunak edo, hala badagokio, haren ordezkariak aurkeztuko du, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak onesten duen eredu normalizatuaren bidez.

2. Erantzukizunpeko adierazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean edo hura ordezten duen legean ezarritako edozein lekutan aurkeztuko da.

3. Foru dekretu honen xedapen iragankorretan jasotakoa ukatu gabe, erantzukizunpeko adierazpena lanbidean jarduten hasi aurretik aurkeztu beharko da.

4. Erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan, gutxienez, honako informazio hau jasoko da:

a) Kirol arloko profesionalaren identifikazio-datuak (izena, abizenak eta helbidea) eta, hala badagokio, ordezkariarenak, sexuaren aldagaia barne, bai eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzeko identifikazio-agiri batena ere. Lanbide sozietateen kasuan, sozietate izena, egoitza, identifikazio fiskaleko zenbakia eta, hala badagokio, eratze-eskriturari eta dagokion erregistroko inskripzioari buruzko datuak, baita ordezkariarenak ere.

b) Erantzukizun zibileko aseguru-polizaren datuak edo, hala badagokio, aseguru hori banaka kontratatzeko betebeharretik salbuesteko datuak.

c) Beteko den kirol lanbidea edo lanbideak, eta lanbide jarduerak presentzia fisikoa behar duen ala ez, Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen arabera.

d) Lanbidean jarduteko ahalmena ematen dion titulu akademikoa edo, hori izan ezean, lanbide kualifikazioaren ziurtagiria edo egiaztagiria.

e) Lehen sorospenen arloko prestakuntza, arlo horretako gutxieneko prestakuntza-baldintzak arautzen dituen foru dekretuaren arabera.

f) Lanbidean aritzeko desgaikuntza dakarten zehapen penal edo administratibo irmoak. Ez dira sartuko kirol federazioek ezarritako etete edo desgaikuntza zehapenak.

5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea bakarrik, oro har, aski izanen da lanbidean hasteko aurkezpen egunetik beretik, horrek ukatu gabe egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak. Hala, erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan, interesdunak adierazi beharko du baduela aurkeztutako informazioa egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jarriko duela hala eskatzen zaionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebeharrak betetzeko dagokion aldi osoan. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak, bere egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak baliatuz, adierazitakoa betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko eskatzen ahalko du.

6. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak etengabe argitaratuta, eguneratuta eta elektronikoki eskuragarri izanen ditu erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak.

24. artikulua. Gorputz Hezkuntzako irakasle lanbidean baizik ari ez direnak, Administrazio Publikoarekin lotura dutela zuzenbide administratiboaren edo lan zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu harreman baten bidez.

Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuak, ikasturte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Administrazio Publikoarekin zuzenbide administratiboaren edo lan zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu harreman baten bidez lotura duten eta Gorputz Hezkuntzako irakasle lanbidean baizik ari ez diren kirol arloko profesionalen identifikazio datuak (izena, abizenak eta helbidea) igorriko ditu, sexuaren aldagaia barne, ikasturte horretan betetzen duten lanpostua zehaztuta.

25. artikulua. Elkargoetako kideak.

Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen esparruan sartzen diren kirol arloko profesionalak biltzen dituen lanbide elkargoan inskribatutako pertsonen datuak ofizioz igorriko dizkio dagokion lanbide elkargoak Kirol arloko Profesionalen Atalari, eta dagokion azpiatalean inskribatuko dira.

26. artikulua. Adierazpena zuzentzea.

Erantzukizunpeko adierazpenean datu edo adierazpenen bat zehatza ez bada edo falta bada, interesdunari hamar egun balioduneko epea emanen zaio atzemandako akatsak zuzentzeko. Horiek zuzentzen ez badira, ezinezkoa izanen da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horien berri izaten den unetik aurrera, horrek ukatu gabe izan litezkeen erantzukizunak.

27. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak.

1. Erantzukizunpeko adierazpena foru dekretu honetan ezarritako moduan eta baldintzetan aurkezte hutsak ahalmena emanen du aurkezten den egunetik aurrera dagokion lanbide jardueran aritzeko, horrek ukatu gabe egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak.

2. 2025eko irailaren 1a baino lehenagotik kirol lanbideetako batean diharduten pertsonek data hori baino lehen aurkezten ez badute erantzukizunpeko adierazpena, ezin izanen dute jarduera horretan jarraitu, dagozkion zehapenak alde batera utzi gabe.

Gainerakoen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena lanbide jardueran hasi aurretik ez aurkeztea aski izanen da dagokion zehapen prozedura hasteko. Horrek ez du ukatzen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez den bitartean lanbidean jarduteari utz ditzan behar diren administrazio-jarduerak egiteko ahalmenaz baliatzea.

3. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak aukera emanen dio organo eskudunari egiteko, noiznahi, agiri horretan jasotako datuen ikuskapen eta egoaztapen lanak, egiazkoak diren jakiteko, eta kautelazko edo zehatzeko neurriak hartuko ditu, egokia bada.

4. Erantzukizunpeko adierazpenari erantsi edo gehitzen zaion funtsezko edozein datu, adierazpen edo agiri zehaztugabea edo faltsua dela egiaztatzen bada, adierazpena aurkezten ez bada edo legezko betekizunak betetzen ez direla egiaztatzen bada, horrek lanbidean jardutea eragotziko du, ukatu gabe egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Kasu horretan, organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren, inguruabar horiek adieraziko dituen ebazpena emanen du. Ebazpen horren bidez, inskripzioa deuseztatuko da, eta interesdunak lanbide jardueran aritzeari utzi beharko dio.

5. Erantzukizunpeko adierazpenari erantsitako edozein datu, adierazpen edo dokumentu zehaztugabea edo faltsua denean, aurreko atalean ezarritakoaren ondorioetarako, ulertuko da funtsezkoa dela baldin eta lanbide kualifikazioari, bete beharreko lanbideari edo, hala badagokio, eska daitekeen erantzukizun zibil profesionaleko aseguruari eragiten badio.

6. Kirol arloko profesionalen inskripzioa Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren ebazpen bidez eginen da, gehienez ere sei hilabeteko epean, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik edo foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera eskumena duen organoak datuak igortzen dituenetik zenbatzen hasita.

7. Kirol arloko profesionalek publizitate-mezu guztietan aipatu beharko dute Kirol arloko Profesionalen Atalean inskribatuta daudela, bai eta, hala badagokio, esleitutako kode alfanumerikoa ere.

28. artikulua. Inskripzioaren iraupena, aldaketa, etetea eta deuseztatzea.

1. Kirol arloko profesionalak Kiroleko Profesionalen Atalean inskribatzeak balio mugagabea izanen du, non eta ez den bidezkoa hura aldatzea edo deuseztatzea, aplikatu beharreko araudian ezarritako arrazoiengatik.

2. Inskripzioa egiteko oinarritzat hartu ziren baldintzak aldatzen badira, horren berri eman beharko du kirol arloko profesionalak, gertatu eta hilabeteko epean, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, atalean inskriba dadin, eta aldaketa egiaztatzen eta justifikatzen duen dokumentazioa eduki beharko du beti atalaren eskura.

3. Inskripzioa aldatzen ahalko da, erantzukizunpeko adierazpenik gabe, inskribatzeko oinarri izan ziren baldintzak betetzeari uzten zaionean; horretarako, aldez aurretik dagokion administrazio prozedura instruituko da, interesdunei entzunda eta ebazpen arrazoitu bidez. Prozedura horrek, hala badagokio, inskripzioa birsailkatzea edo deuseztatzea ekar dezake.

4. Lanbide jarduera borondatez eta behin betiko uzten bada, Kirol arloko Profesionalen Atalari jakinarazi beharko zaio, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, erregistroko inskripzioa deuseztatzeko.

5. Inskripzioa honako arrazoi hauengatik deuseztatzen ahalko da:

a) Pertsona fisiko profesionalaren heriotza.

b) Lanbide sozietatea azkentzea.

c) Inskribatutako pertsonak beharrezko lege-baldintzak betetzen ez dituela egiaztatzea.

d) Inskripzio-egintza deuseza dela deklaratzea edo baliogabetzea.

e) Lanbidean jarduteko ezgaitzen duen zehapen administratibo edo penal irmoa.

f) Titularraren borondatezko eskaera, lanbide jarduera uzteagatik.

g) Inskripzioa eskatzeko aurkeztutako adierazpena edo bertako zerbait faltsua izatea.

h) Erregistroko arduradunak datuak edo dokumentuak egiaztatzeko egindako errekerimenduei kasurik ez egitea.

i) Lanbidean modu iraunkorrean jardutea eragozten duten antzeko arrazoiak.

6. Aurreko zenbakiko c), g), h) eta i) letretan adierazitako arrazoiengatik inskripzioa deuseztatzen bada, deuseztatze-ebazpena eman aurretik interesdunei entzunen zaie.

7. Inskripzioa Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren ebazpen bidez deuseztatuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik edo foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera eskumena duen organoak datuak igortzen dituenetik zenbatzen hasita.

29. artikulua. Zehapenen idatzoharrak.

1. Lanbidean jarduteko desgaikuntza diren zehapen administratibo edo penal irmoen idatzoharrak zehapena jaso duen kirol arloko profesionalari dagokion idazpenean eginen dira, eta zehapen horiek inskripzioa aldi baterako etetea eraginen dute, desgaikuntza-neurriaren irismenaren arabera.

2. Behin dagokion zehapena beteta, idatzoharra deuseztatu eginen da ofizioz edo interesdunak eskatuta, eta ondoriorik gabe geratuko da etetea. Zehapenaren ebazpena irmo deklaratutako epai baten bidez baliogabetzen bada, idatzoharra ere deuseztatu eginen da, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

30. artikulua. Kirol arloko Profesionalen Atalaren izaera publikoaren araubidea.

1. Kirol arloko Profesionalen Atalak etengabe eguneratuko du kirol arloko profesionalen zerrenda, lanbideen arabera ordenatuta, eta zerrenda hori elektronikoki eskuragarri egonen da Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren atariaren bidez.

2. Kirol arloko Profesionalen Atalaren izaera publikoaren arabera, pertsona orok du kirol arloko profesionalen datu publikoak eskuratzeko eskubidea.

3. Atalaren publikotasuna, ahal dela, interesduna bide elektronikoa erabiliz sartuta gauzatuko da.

31. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Erregistroaren datu publikoetan ez dira sartuko helbideei, egoera zibilari, telefonoari, posta elektronikoari buruzko datu pertsonalak, ez eta Erregistroan aurkeztutako agirietan jasota dauden eta haren helburuaren arabera nahitaez publikoak izan behar ez duten beste datu pertsonal batzuk ere.

2. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak segurtasun-neurri egokiak hartu beharko ditu, datu pertsonalen gaineko araudian aurreikusitakoaren arabera.

32. artikulua. Datuak egiaztatzea.

Atalaz arduratzen den organoak egiazta dezake emandako datuak zehatzak edo faltsuak diren, eta, horrez gain, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen VIII. tituluko II. kapituluan arautzen den kirol ikuskaritzak ere behar diren egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi.

Lehenengo xedapen gehigarria. Kirol arloko profesionalen erantzukizun zibileko asegurua.

1. Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legearen 15. artikuluaren arabera, foru lege horretan araututako lanbideetan jarduteko, aldez aurretik erantzukizun zibileko asegurua egin behar da, zerbitzu profesionalak ematean hirugarrenei eragindako kalteen ordaina estaltzeko.

Erantzukizun zibileko asegurua zuzenean edo lanbide elkargo edo elkarteen bidez kontratatzen ahalko da.

2. Administrazio publiko baten zerbitzuan baizik ari ez diren profesionalei ez zaie halakorik eskatuko. Aseguru hau, orobat, ez da nahitaezkoa baldin jarduera profesionala hirugarrenen kontura bakarrik egiten bada eta horiek jada aseguru-estaldura badute lanbidean aritzeak berekin dakarren jarduerako arriskuetarako.

3. Orobat, ez da nahitaezkoa izanen asegurua banaka hartzea baldin norberak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren titulu ofiziala badu, edo baliokide bat, eta jardule gisa alta emanik badago egoki den elkargoan, betiere hark erantzukizun zibil profesionaleko aseguru kolektibo bat badu.

4. Araututako kirol lanbideei dagozkien zerbitzuak ematen dituzten lanbide sozietateek aseguru bat egin beharko dute, haien kontura jarduten duten kirol arloko profesionalen ekintzen edo ez-egiteen erantzukizun zibila estaltzeko.

5. Kirol arloko profesionalen eta lanbide sozietateen ekintzengatik edo ez-egiteengatik aseguratutako gutxieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da biktima eta ezbehar bakoitzeko, eta 600.000 euro urte bakoitzeko. Gutxieneko zenbateko horiek eguneratzen ahalko dira kirol arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.

6. Erantzukizun zibileko aseguruaren indarraldia eta edukia egiaztatuko dira, egiaztapen edo ikuskapenaren xede baldin badira, aseguru-entitateak emandako estaldura-ziurtagiriaren bidez, dagokion elkargoak emandako ziurtagiriaren bidez edo poliza eta indarraldiari dagokion primaren ordainagiria erakutsiz edo lekukotza emanez.

7. Dekretu honetan ezarritako erantzukizun zibileko aseguruaren estaldurak ez du ukatzen, hala badagokio, indarreko araudian ezarritako nahitaezko beste edozein estaldura egitea, ez eta askatasunez itundutako beste edozein estaldura ere.

8. Kontratatutako polizak indarrean jarraitu beharko du, nolanahi ere, lanbide jarduera garatzen den denbora guztian.

9. Xedapen honetan aipatzen den eskakizuna betetzat joko da baldin eta kirol arloko profesionala Nafarroan ezartzen bada eta dagoeneko erantzukizun zibil profesionaleko aseguru baten estaldura badu Europar Batasuneko beste estatu kide batean -bertan ere ezarrita egonda-, edo berme bat badu, funtsean aseguruaren baliokide dena xedeari, lurralde esparruari eta aseguratutako arriskuari, aseguratutako zenbatekoari edo bermearen mugari dagokienez. Betekizunekiko baliokidetasuna partziala baino ez bada, asegurua zabaltzeko eskatzen ahalko da, edo beste berme bat, foru dekretu honetan ezarritako baldintzak bete arte.

Bigarren xedapen gehigarria. Boluntarioen erantzukizun zibileko asegurua.

1. Kirol arloko lanbideetan jarduten duten boluntarioei ez zaizkie eskatuko foru dekretu honen lehen xedapen gehigarrian erantzukizun zibilaren arloan aurreikusitako betebeharrak.

2. Kirol arloko lanbideetan jarduten duten boluntarioek erantzukizun zibilaren arriskua estaltzeko eskubidea dute, Nafarroako Boluntarioei buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 11.2 artikuluan edo hura ordezten duen xedapenean aitortua.

Hirugarren xedapen gehigarria. Lankidetza dagokion elkargoarekin.

Kirol arloko eskumena duen departamentuko titularrak behar adina hitzarmen sinatzen ahalko ditu Kirol arloko Profesionalen Atalaren eta dagokion elkargoaren artean informazioa trukatzeko, bai eta interes orokorrekotzat jotzen diren beste jarduketa batzuetarako ere.

Laugarren xedapen gehigarria. Lanbidean jarduteko desgaikuntza edo eteteepaiei buruzko datuak kontsultatzea.

Nafarroako Kirolaren Erregistroko Kirol arloko Profesionalen Atalaz arduratzen den organoak behar diren kudeaketak eginen ditu lanbidean jarduteko desgaikuntza- edo etete-epaiei buruzko datuak lortzeko, jasota daudenak Justizia Administrazioari Laguntzeko Administrazio Erregistroen Sisteman integratutako erregistroetan, erregistro horretan jasota gera daitezen.

Bosgarren xedapen gehigarria. Lanbide sozietateak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, kirol arloko profesionalei buruzko aipamen guztiak lanbide sozietateei buruzkoak ere badira, salbu eta xedapenaren izaeragatik pertsona fisikoei bakarrik aplikatzekoak badira.

Seigarren xedapen gehigarria. Kirolmodalitateak eta espezialitateak.

Kirol-modalitate edo -espezialitate bateko kirol lanbide batean jarduteari buruz erantzukizunpeko adierazpenetan dauden datuak Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioak aitortutako modalitate eta espezialitateetan oinarritu beharko dira.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Prestakuntza eta esperientzia espezifikoak.

1. Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak kasu bakoitzean eska ditzakeen prestakuntza- eta esperientzia-maila zehazten duen eta horiek aitortzeko prozedura arautzen duen foru agindua onesten ez den bitartean, xedapen gehigarri honetan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

2. Lanbide jakin batzuetan jarduteko titulu akademiko orokorrak dituztenek erantzukizunpeko adierazpenean adierazi beharko dute prestakuntza ofizial espezifikoa gainditu dutela dagokien kirol-jarduera edo -modalitatean. Prestakuntza ofizial espezifiko teoriko-praktiko horrek hirurogei orduko iraupena izan beharko du gutxienez.

3. Prestakuntza hori, hala badagokio, titulazio, ziurtagiri edo prestakuntza ofizialen bidez egiaztatu beharko da, edo titulazio akademiko orokor jakin batzuen bidez, baldin eta kirol arlo edo jarduera horretako prestakuntza espezifikoa jasotzen badute. Egiaztatzeko modu horretatik salbuetsita gelditzeko eta egiaztapena ofizialak ez diren titulu edo ziurtagirien bidez egin ahal izateko, beharrezkoa izanen da prestakuntza-eskaintza ofizialik ez egotea edo nahikoa ez izateko; kasu horiek aldez aurretik onartuko dira, Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren ebazpen baten bidez.

4. Kirol arloko edo jarduerako esperientzia espezializatua urtebetekoa edo 600 ordukoa izanen da gutxienez.

5. Esperientzia, enplegatuen kasuan, profesionalak emandako zerbitzuen lan-bizitzari buruzko txostenaren edo txostenen bidez egiaztatu beharko da. Lan-bizitzari buruzko txosten horretan, kirol arloan egiaztatu nahi den esperientziarekin zerikusia duten lan edo lanbide jarduerak soilik jasoko dira, beste lan edo lanbide jarduera batzuk alde batera utzita. Txosten horiek ezin badira aurkeztu, emandako zerbitzuen beste edozein froga ere baliozkoa izanen da.

6. Norberaren konturako langileen kasuan, esperientzia Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta hartan azaldu beharko da autonomoen araubidean zer jardueratan egon den alta emanda.

7. Langile boluntarioen kasuan, beren borondatez lan egin duten erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da esperientzia. Ziurtagiri horretan, berariaz jasoko dira egindako jarduerak eta eginkizunak, zein urte eta tokitan egin diren eta jarduera horietan emandako orduen kopurua, gutxi gorabehera.

Xedapen iragankor bakarra. Kirol arloko profesionalek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

1. 2025eko irailaren 1a baino lehen kirol lanbideren batean ari direnek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute egun hori baino lehen.

2. Kirol lanbidean 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi nahi dutenek lanbidean hasi aurretik aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira espresuki:

a) Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren 17. artikuluko lehen apartatuko bigarren paragrafoa, eskolako kirol-klubei buruzkoa, eta IV. titulua.

b) Foru dekretu honek ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa. Foru dekretua garatzeko gaikuntza orokorra.

Kirolaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web