(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

88/2024 FORU-DEKRETUA, URRIAREN 9KOA, FARMAZIA-BULEGOETAKO JENDAURREKO ORDUTEGIA, GUARDIAKO ZERBITZUA ETA ALDI BATERAKO IXTEA ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 216 - 24/10/2024



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. FARMAZIABULEGOEN JENDAURREKO ORDUAK


  III. KAPITULUA. FARMAZIABULEGOEN GUARDIAZERBITZUAK


  IV. KAPITULUA. OPORRAK ETA ALDI BATERAKO BESTE ZENBAIT HUTSEGITE


  I. ERANSKINA. GUARDIAKO FARMAZIAEREMUAK Nota de Vigencia


  II. ERANSKINA. GUARDIETATIK SALBUETSITAKO FARMAZIAK


ZIOEN AZALPENA

Farmazia-bulegoetako zerbitzuak arautzen dituen apirilaren 25eko 16/1997 Legeak, 6. artikuluan, farmazia-bulegoetako lanaldiari eta zerbitzu-orduei buruzko arauak ditu. Arau horiek Nafarroan aplikatzekoak dira, aipatu artikulua oinarrizkoa baita, Legearen azken xedapenetako lehenean azaltzen denez. Horrenbestez, farmazia-bulegoek askatasun eta malgutasunez eginen dituzte beren zerbitzuak, deusetan galarazi gabe ordutegi ofizialak bete beharra, eta bai guardiako aldi, oporraldi, larrialdi eta zerbitzuaren izaerarekin lotutako gainerako inguruabarrei buruzko arauak ere, autonomia-erkidegoek ezartzen dituztenak, etenik gabeko laguntza bermatzeko xedearekin.

Nafarroako Foru Komunitateak, azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen bitartez, farmazia-laguntzaren zenbait alderdi arautu zituen. Haren 22. artikulua ordutegiaz eta jendearentzako informazioaz ari da. Haren arabera, farmaziak libre eta malgu arituko dira lan-orduei dagokienez, baina bete behar dituzte, halere, ordutegi ofizialak eta guardien, oporren, larrialdien eta zerbitzuak dauzkan nolakotasunak ezartzen dituen beste inguruabarren gaineko arauak, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak erregelamendu bidez finkatzen dituen baldintzen arabera, populazioari farmazia laguntza etengabea bermatzeko moduan.

Maiatzaren 26ko 129/2003 Foru Dekretuak farmazia-bulegoen jendaurreko orduak, guardia-zerbitzua eta oporretako aldi baterako ixtea ezartzen ditu, estatuko eta Foru Komunitateko araudia garatuz, herritar orok noiznahi farmazia-laguntza jaso ahal izan dezan.

Dena den, arau hori argitaratu zenetik aldaketa ugari gertatu dira farmazia-bulegoetan (irisgarritasuna, errezeta elektronikoa eta beste zenbait egoera), eta, beraz, farmazia-laguntzaren ordutegia eta guardia-zerbitzua erregulatzen dituen araua eguneratu eta aldatu beharra dago, egungo errealitatera eta eskarira egokitu ahal izateko, haren indarraldian eskuratutako esperientziaren arabera.

Aipamen berezia egin behar zaio errezeta elektronikoari. Izan ere, farmazia-plangintza eta -antolamenduaren paradigma goitik behera aldatu du, eta aldaketa hori farmazia-bulegoetako guardien arauetan jaso behar zen. Irisgarritasunari dagokionez, bide-sarea nabarmen hobetu da, eta herri garrantzitsuenetan urteko egun guztietan ireki dituzte farmaziak; horietako batzuek, gainera, hogeita lau eta hamabi orduko ordutegi luzeak dituzte, kokapen estrategikoa dute eta erraz iristeko modukoak dira.

Aurreko araudia indarrean egon den bitartean egin diren aldaketei landa-inguruneko farmazia-bulegoen gaur egungo egoera ekonomikoa gehitu behar zaie, Nafarroa iparraldeko farmazia-bulegoena, bereziki. Izan ere, haien bideragarritasun ekonomikoa arriskuan dago, eta horrek ixtea eragin dezake. Azken hiru urteetan Foru Komunitatean itxi diren farmazia-bulegoen proportzioa azken hogei urteetakoa baino askoz handiagoa da. Azken urteko itxiera-kopurua, adibidez, 2020koa baino ehuneko laurehun handiagoa da, nahiz eta dirulaguntza gehiago eman diren bideragarritasun gutxiko farmaziak ez ixteko. Hori dela eta, araudia gaur egungo errealitatera egokitu behar da, tresna aproposa baita pazienteek farmazia-laguntza egokia jasotzeko duten eskubidea baliatu ahal izatea ziurtatzeko.

Farmazia-bulegoak, oro har, eta, zehazki, landa-ingurunekoak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, osasun-establezimenduak dira, eta pazienteak goizez eta arratsaldez joan daitezke, hitzordurik eskatu gabe eta sartzeko inolako murrizketarik gabe. Horiek horrela, garrantzi handia du landa-inguruneetako farmazia-bulegoei eusteak, ez bakarrik pazienteen eskubide indibidualak babesteko, baita Nafarroako landa-ingurune txiki edo bakartuetako farmazia-bulegoak ez ixteko eta, era horretan, ingurune horiek jendez hustea eragozteko ere.

Errealitate berri horren aurrean, esparru juridiko berri bat ezarri behar da, farmazietako guardiak eta ordutegiak berrantolatu ahal izateko, herritarren eskubideak indartzeko, eta farmaziako profesionalek ordutegietan zein etengabeko farmazia-laguntzan bete behar dituzten gutxieneko betebeharrak ezartzeko, zerbitzua kalitatezkoa izanen dela eta zentzuz erabiliko dela ziurtatze aldera.

Berritasun gisa, landa-inguruneetako farmaziak igande eta jaiegunetan ireki beharko dituzte nahitaez. Horrek nabarmen hobetuko du landa-inguruneetako herritarren bizimodua, orain arte izan ez duten zerbitzu bat izanen dutelako.

Arau hau farmazia-jardueraz harago doa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gizarte-politikaren esparruan txertatuko baita. Izan ere, politika horren egungo lehentasunetako bat da herriak jendez ez hustea eta landa-ingurunean edo baldintza bereziak dituztelako arriskuan dauden inguruneetan biztanleria finkatzen lagunduko duten neurriak hartzea, eta, horretarako, zerbitzuak indartzea, osasun-zerbitzuak barne; alde horretatik, farmazia-bulegoek zeregin oso garrantzitsua dute.

Farmazia-jarduera osasun-sistemaren barruan eta hari estuki loturik dagoelako premisa oinarritzat hartuta, garrantzitsua da nabarmentzea arau berriak aukera ematen duela mediku- eta farmazia-larrialdiak denboran bateratzeko, mediku-arreta jasotzen duten pertsonek behar bezala baliatu ahal izan dezaten larrialdiko farmazia-laguntza jasotzeko duten eskubidea.

Arau honen berritasun nagusia da guardiako farmazia-eremua farmazia-bulegoko guardiak planifikatu eta antolatzeko oinarrizko elementu gisa arautzen duela. Foru-dekretu hau aplikatzeko, farmazia-eremuak honela definitu dira: osasun-eskualde oinarrizkoak edo hurbileko osasun-eskualde oinarrizkoen multzoak edo banaketak, farmazia-establezimendu horien guardia-zerbitzuak antolatzeko ezarriak.

Otsailaren 22ko 12/2023 Foru Dekretuak sortu eta definitutako farmazia-eremuaren irudia guardiako zerbitzuaren eremuan aplikatzean datza guardiako farmazia-eremua, besterik gabe. Foru-dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko zentro soziosanitarioetako farmazia-zerbitzu eta sendagai-biltegietako farmazia-laguntza arautzen du.

Arauak printzipio hauek betetzen ditu: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Besteak beste, proportzionaltasun- eta efizientzia-printzipioak aldi baterako ixtea jakinarazteko prozedura prestatzeko aplikatzen dira. Araua prestatzeko prozeduran egindako txostenek araua beharrezkoa dela justifikatu dute.

Horregatik guztiagatik, eta 129/2003 Foru Dekretua aspaldi argitaratu zenez, ezinbestekoa da hura indargabetzea eta foru-dekretu honen bitartez erregulazio berri bat ezartzea.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko urriaren 9an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru-dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan baimendutako farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia, guardia-zerbitzua eta aldi baterako ixtea arautzea, herritarren farmazia-laguntza ziurtatze aldera. Hori, premisa hauei jarraikiz:

a) Farmazia-bulegoek askatasunez eta malgutasunez eginen dituzte beren zerbitzuak. Hori gorabehera, betiere, foru-dekretu honetan eta hau garatzeko ematen diren arauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, ordutegiak, guardia-zerbitzua, oporraldiak eta beste inguruabar batzuk direla eta.

b) Ohiko zerbitzu-orduetatik kanpo guardiako txandak ezarriz, herritarrei bermatu eginen zaie farmazia-laguntza noiznahi jaso ahal izatea. Guardiako txandan ari den bitartean, farmazialariak nahitaez eman beharreko sendagai eta osasun-produktuak medikuak errezeta bidez agindutakoak izanen dira, besterik ez.

c) Foru-dekretu honetan dauden xedapenak gutxienekoak dira, eta farmazia-bulego guztiek nahitaez bete beharrekoak.

d) Farmazia-bulegoek jendearentzat irekita dauden bitartean soilik izaten ahalko dituzte pizturik beren identifikazio-elementuak, nola ohiko orduetan hala guardiako orduetan.

2. artikulua. Definizioak.

Foru-dekretu honen aplikazioaren ondorioetarako, ondoko kontzeptuak honela ulertuko dira:

1. Guardiako farmazia-eremuak: osasun-eskualde oinarrizkoak edo hurbileko osasun-eskualde oinarrizkoen multzoak edo banaketak, farmazia-establezimendu horien guardia-zerbitzuak antolatzeko ezarriak; I. eranskinean jasota daude.

2. Guardia-taldea: guardiako farmazia-eremu baten zatia, guardia-zerbitzua antolatzeko.

II. KAPITULUA. FARMAZIA-BULEGOEN JENDAURREKO ORDUAK

3. artikulua. Lanegunetako jendaurreko ordutegi arrunta.

1. Jendaurreko ordutegi arrunta farmazia-bulegoak irekita egon behar duten eta farmazia-laguntza eman behar duten ordutegia izanen da, guardiako txandak salbu.

2. Jendaurreko ordutegi arrunta irizpide hauen arabera antolatuko da:

a) Astelehenetik ostiralera, biak barne, goizez eta arratsaldez egonen dira irekita (egunero berdin): goizean gutxienez lau ordu, 8:00ak eta 15:00ak bitartean, eta arratsaldean gutxienez bi ordu eta erdi, 16:00ak eta 21:00ak bitartean.

b) Larunbatean goizez egonen dira irekita: farmazia-eremuetan eta/edo hirietan gutxienez hiru ordu, eta landa-eremuetan gutxienez bi ordu, bederatzietatik ordu bietara bitartean, salbu foru-dekretu honen 5. artikuluan jasotako kasuetan.

Ezohiko egoeretan, behar bezala justifikatuz gero, farmazia-bulegoek larunbatetan ixtea eskatzen ahalko dute, baldin eta herriko farmazia-bulegoen erdiak irekita badaude eta farmazia-laguntza egokia ziurtatzen bada.

4. artikulua. Ordutegi arrunt murriztua.

700 biztanle baino gutxiagoko herrietako farmazia-bulegoek eta herrian irekitako bakarrak diren farmazia-bulegoek, baldin eta herrian osasun-etxerik ez badago, murriztu dezakete aurreko artikuluan adierazitako jendaurreko ordutegi arrunta. Betiere, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu behar dituzte:

a) Astelehenetik ostiralera, biak barne, egunean bost ordu egon behar dute irekita, gutxienez, eta egunero berdin.

b) Larunbatean bulegoa itxi dezakete, baldin eta guardiako farmazia-eremuan edo gertuko herriren batean guardiakoak diren farmazia-bulegoekin farmazia-laguntza ziurtatzen bada; guardiako farmazia-bulego horiek hogeita hamar minutu baino gutxiagora egon behar dute.

5. artikulua. Ordutegi arruntaren luzapena.

Farmazia-bulegoetako titularrek jendaurreko ordutegi arrunta baino luzeago bat jar dezakete astelehenetik ostiralera; betiere, egunero berdina. Larunbateko ordutegi-luzapena desberdina izan daiteke astegunetakoaren aldean.

Horrez gain, jendaurreko ordutegi jarraitu bat jar dezakete, guardien urteko programazioko egun guztien 24 orduak hartzen dituena.

6. artikulua. Igande, jaiegun eta pareko egunetako ordutegia.

1. Igandeetan eta Nafarroako Foru Komunitatean jaieguntzat hartutako egunetan (herrietako jaiak barne), guardia-zerbitzua ematea dagokien farmazia-bulegoak bakarrik egonen dira irekita, salbu etengabeko ordutegia dutenak eta Gobernuko beste departamenturen batek merkataritza-guneetan egun jakin batzuetan irekitzeko baimendutakoak.

2. Herriko jaien edo ohiz kanpoko egoeren ondorioz farmazia-laguntzaren eskariak behera egiten duenean, Osasun Departamentuak baimena eman dezake herri bateko zenbait farmazia-bulego aldi baterako ixteko, baldin eta gutxienez herri bakoitzeko farmazia-bulegoen erdiak irekita jarraitzen badute, goizeko ordutegian. Iruñean eta Tuteran, guardiako farmazia-eremua hartuko da oinarritzat azken eskakizun hori betetzeko.

Udan, Osasun Departamentuak baimena eman dezake herri bateko farmazia-bulegoak aldi baterako ixteko, baldin eta herri bakoitzeko farmazia-bulegoen erdiak gutxienez irekita jarraitzen badu, gutxienez, goizeko eta arratsaldeko ordutegian.

3. Farmazia bakarra duten herrietan ere gauza bera egin daiteke, baldin eta hurbilen irekita dagoen farmazia 30 minutura baino gutxiagora badago.

7. artikulua. Farmazialaria egotea eta profesional gisa jardutea.

1. Farmazia-bulegoan farmazialari bat egotea eta profesional moduan jardutea ezinbestekoa da jendeari sendagaiak eman ahal izateko. Laguntzaileak izan nahiz ez izan, jendaurreko orduetan farmazialariak nahitaez jardun behar du farmazia-bulegoan, profesionala den aldetik, eta erantzukizun osoa izanen du.

2. Ordutegi arrunta edo murriztua duten farmaziei dagokienez, farmazialariak bertan egon beharrak esan nahi du farmazia-bulegoko titularrak edo farmazialari zuzendariak edo ordezko farmazialariak egon behar duela, salbu behar bezala justifikatuta huts egiten badu.

Hiru egun baino gehiagotan huts eginen badu (justifikatuta), farmazia-bulegoko titularrak aurrez jakinarazi behar dio Osasun Departamentuari zein farmazialarik ordeztuko duen.

3. Farmazia-bulegoek farmazialaria egotea eta profesional gisa jardutea ziurtatzeko adina farmazialari izan behar dituzte, jardueren aniztasuna eta jendaurreko ordutegi luzatuak kontuan harturik.

Farmazia-bulegoak optika-atala, ortopedia-atala edo audioprotesi-atala izateko baimena badu, eta titularra atal horietakoren baten arduradun teknikoa bada, gutxienez farmazialari bat gehiago eduki behar du.

Ordutegi luzatua izanez gero, farmazia-bulegoaren jendaurreko ordutegi osoan farmazialari bat egonen dela eta profesional gisa jardunen duela ziurtatu eta justifikatu behar da, agirien bitartez. Zehazki, farmazialari gehigarrien zerrenda eta ordutegi osoa betetzeko txanden plana aurkeztu behar dira.

8. artikulua. Farmaziabulegoen ordutegiak.

1. Farmazia-bulegoetako titularrek Osasun Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote, aldez aurretik, ordutegia eta haren aldaketak, Departamentuak berak jarritako baliabide informatikoen bidez. Osasun Departamentuak ordutegia baliozkotuko du edo ez, foru-dekretu honetan ezarritako irizpideen arabera.

Eguneko guardiak egiten dituzten farmazia-bulegoei dagokienez, astelehenetik ostiralera ordutegi luzatua dutenek ordutegi bera izan behar dute guardien urteko programazio osoan.

2. Farmazia-bulegoetako titularrek beren ordutegi-plana jakinarazten ez badute edo eskatu zaien moduan zuzendu ez badute, honako hau izanen da farmazia-bulegoko jendaurreko ordutegi arrunta: goizez, bederatzi eta erdietatik ordu bata eta erdietara; eta arratsaldez, bostetatik zazpi eta erdietara; eta udan, arratsaldez, ordu erdi beranduagora arte.

3. Foru-dekretu hau indarrean sartu eta gero jendearentzat irekitzen diren farmazia-bulegoek ireki aurretik jakinarazi beharko diote Osasun Departamentuari beren ordutegi-plana.

4. Farmazia-bulegoek jendaurreko ordutegia agerian eta ongi ikusteko moduan izanen dute beti.

5. Nafarroako farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegiak Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren webguneetan egonen dira eskura, eguneratuta.

III. KAPITULUA. FARMAZIA-BULEGOEN GUARDIA-ZERBITZUAK

9. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Jendearentzako irekita dauden farmazia-bulego guztiek nahitaez hartu behar dute parte ezartzen diren guardia-zerbitzuetan, etengabeko farmazia-laguntza ziurtatzeko.

2. Guardia-zerbitzuak foru-dekretu honen I. Eranskinean jasotako farmazia-eremuak oinarritzat hartuta antolatutako dira. Oro har, eta foru-dekretu honetan ezartzen diren irizpideen kalterik gabe, guardiako farmazia-eremu bakoitzean guardiako farmazia-bulego bat egon behar du, gutxienez.

3. Egunean 24 orduko etengabeko ordutegia duten farmazia-bulegoak eta astelehenetik ostiralera 12 orduko ordutegi luzatua duten farmazia-bulegoak kontuan hartuko dira dagozkien guardiako farmazia-eremu eta guardia-taldeen guardia-zerbitzuak betetzeko.

4. Nafarroako guardien programazioa urtarrilaren 6aren ondoko astelehenean hasiko da urtero, eta hurrengo urteko urtarrilaren 6aren ondoko igandean amaituko da.

Guardien behin betiko programazioa abenduaren 8tik 15era bitartean jasoko dute urtero farmazia-bulegoek.

10. artikulua. Iruñerriko guardiako farmaziaeremuko guardiazerbitzuen antolamendua.

1. Guardia-zerbitzuak antolatzeko, Iruñerriko guardiako farmazia-eremua I. Eranskinean jasotako guardia-taldeetan banatua dago.

2. Guardiako farmazia-eremu honetako guardiak eguneko zenbatzen dira.

3. Iruñerriko guardiako farmazia-eremuan, etengabeko farmazia-laguntza honela dago antolatuta:

a) Eguneko ordutegian guardiako lau farmazia-bulego egonen dira, gutxienez; hau da, I. Eranskinean jasotako guardia-talde bakoitzeko farmazia-bulego bana.

b) Gaueko ordutegian, eta orokorrean, gutxienez bi farmazia-bulego guardian egoteko moduan antolatuko dira guardia-zerbitzuak; farmazia-bulego horietako bat, gutxienez, Iruñean egonen da.

c) Eguneko ordutegian, farmazia-bulego bat beste batek ordezten badu, biek guardia-talde berekoak izan behar dute. Horrela egiterik ez bada, mugakide duen guardia-talde bateko farmazia-bulego batek ordezten ahalko du, baldin eta batetik bestera 1.000 metro baino gehiago ez badaude (lerro zuzenean neurtuta) eta guardiako txanda duen beste farmazia-bulego batetik 500 metro baino gutxiagora ez badago (lerro zuzenean neurtuta).

11. artikulua. Tuterako guardiako farmaziaeremuko guardiazerbitzuen antolamendua.

1. Guardia-zerbitzuak antolatzeko, Tuterako guardiako farmazia-eremua I. Eranskinean adierazitako oinarrizko osasun-eremuez osatuta dago.

2. Guardiako farmazia-eremu honetako guardiak eguneko zenbatzen dira.

3. Farmazia-eremu honetako guardia-zerbitzua hau izanen da: eguneko eta gaueko ordutegian farmazia-bulego bana.

12. artikulua. Bestelako kasuak.

1. Guardia-zerbitzuak antolatzeko, gainerako eremu eta herriak I. Eranskinean adierazitako guardiako farmazia-eremuetan banatuta daude.

2. Guardiako farmazia-eremuetako guardiak, Iruñerrikoak eta Tuterakoak salbu, asteko zenbatzen dira.

Eremu horietan, guardiak eguneko zenbatzen ahalko dira, baldin eta guardiako farmazia-eremuko farmazia-bulegoetako titularren gehiengoa ados badago eta Osasun Departamentuari hala eskatzen badiote. Horretarako, bertaratutakoekin egindako bileraren akta, bozketaren emaitza eta akordioaren sinadura aurkeztu behar dira.

3. Guardiako farmazia-eremuan osasun-etxea duen herriren bat badago, guardia-zerbitzua antolatzen ahalko da herri horretako farmazia-bulego batek beti guardia egiteko moduan, baldin eta guardiako farmazia-eremuko farmazia-bulegoak ados badaude.

Gainerako farmazia-bulegoek aukera hauek izanen dituzte:

a) Guardia-zerbitzurik ez egitea, baldin eta guardiako farmazia-eremuko gainerako titularrak ados badaude eta osasun-etxea dagoen herrirako bidea hogeita hamar minutu baino gutxiagoan egin badaiteke.

b) Guardiako farmazia-eremuko farmazia-bulego guztiek txandan parte hartuko balute legokiekeen maiztasun berarekin sartzea guardia-zerbitzuen antolaketan.

13. artikulua. Guardien ordutegia.

1. Guardia-zerbitzuak eguneko hogeita lau orduak hartzen ditu, goizeko bederatzietan hasi eta biharamun goizeko bederatziak arte, honela:

a) Eguneko ordutegia: goizeko bederatzietatik gaueko hamarretara.

b) Gaueko ordutegia: gaueko hamarretatik goizeko bederatzietara.

Iruñerriko guardiako farmazia-eremuan eta Tuterako farmazia-eremuan, eguneko guardiak goizeko hamarretatik gaueko bederatzietara eginen dira, eta gauekoek bederatzietatik goizeko hamarretara.

Guardiako farmazia-eremuko farmazia-bulegoetako titularren gehiengoa ados badago, eguneko eta gaueko guardiak hasteko eta amaitzeko ordutegia aldatzen ahalko da, baldin eta zerbitzua egunean 24 orduz ematen bada, eta Osasun Departamentuari hala eskatzen badiote. Horretarako, bertaratutakoekin egindako bileraren akta, bozketaren emaitza eta akordioaren sinadura aurkeztu beharko dira.

2. Herri hauetako farmazia-bulegoetan ezinbestekoa da guardiako txandak irauten duen bitartean farmazialari bat egotea, asteko egun guztietan, igande eta jaiegunak barne: Iruña, Berriozar, Antsoain, Burlata, Atarrabia, Uharte, Mutiloa, Barañain, Zizur Nagusia eta Tutera.

3. Aurreko atalean jasota ez dauden herrietan, farmazialariak gutxienez ordu hauetan egon behar du farmazia-bulegoan: astelehenetik ostiralera, farmazia-bulegoaren ohiko ordutegian; larunbatetan, goizeko bederatzi eta erdietatik eguerdiko ordu bata eta erdietara; eta igande eta jaiegunetan eguerdiko hamaiketatik ordu batera.

Gainerakoan, guardia-zerbitzua modu lokalizatuan ematen ahalko da; betiere, farmazialariak ziurtatu behar du zerbitzua hogeita hamar minutu baino gutxiagoan ematea. Guardiako farmaziak zein diren eta non dauden jakiteko sistema bat ezarriko da, farmazia-laguntza etengabea dela eta deien trazabilitatea eta intzidentzien kudeaketa egokiak direla ziurtatzeko.

4. Aurizko eta Izaba-Zaraitzuko guardiako farmazia-eremuetan, biak ere farmazia-jarduera berezikoak, egunez bakarrik eginen dituzte guardiak, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak arte.

14. artikulua. Guardiatxanden antolaketa.

1. Farmazia-bulego berriak ireki eta gutxienez hogeita hamargarren egunean sartuko dira guardiako txandetan.

2. Kasu hauetan baimentzen ahalko da guardiako txanden antolaketan ez parte hartzea:

a) Farmazia-bulegoak salbuestea eskatzen duenean eta dagokion guardiako farmazia-eremu edo guardia-taldeko gainerako farmazia-bulegoek salbuespen hori onartzen dutenean.

b) Guardiako farmazia-eremu edo guardia-taldean ordutegi luzatuarekin etengabeko farmazia-laguntza betetzen duten farmazia-bulegoak daudenean.

3. Guardien programazioari dagokionez, titularrek aldaketak eskatzen ahalko dizkiote Osasun Departamentuari, horretarako jarritako aplikazio informatikoaren bidez, guardia egin baino hamabi egun lehenago, gutxienez. Guardiako txanden aldaketak baliozkotzeko edo ez baliozkotzeko, Osasun Departamentuak horretarako jarritako aplikazio informatikoa erabiliko da, baldin eta aldaketa horiek etengabeko farmazia-laguntzaren prestazioa murrizten ez badute.

15. artikulua. Guardiako txanden jendaurreko informazioa.

1. Osasun Departamentuak bere webgunearen bitartez emanen du ezarritako guardia-txanden berri, astebete lehenago, gutxienez, eta hedabideei bidaliko dizkie, zabal ditzaten. Osasun Departamentuaren webgunean guardiako txanden kopiak eskuratzen ahalko dira, farmazia-bulegoetan ikusgai jartzeko.

2. Farmazia-bulegoek kanpoaldean jarrita eduki behar dute beti, ikusteko moduan, zein den edo diren hurbileneko guardiako farmazia-bulegoak, dagokion guardiako farmazia-eremukoak barne, eta baita hurbilen dauden farmazia-bulegoak ere.

IV. KAPITULUA. OPORRAK ETA ALDI BATERAKO BESTE ZENBAIT HUTSEGITE

16. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Oporrei dagokienez, gutxienez bi farmazia-bulego dauden herrietan, jendaurreko farmazia-bulegoak urtean sei astez itxi daitezke, gehienez. Herri bateko jendaurreko farmazia-bulegoen erdiak baino gehiago ezin dira aldi berean oporrengatik itxi. Aldi berean ixtea eskatu izanez gero, eskaria lehendabizi egin duen farmazia-bulegoak izanen du lehentasuna. Geroko eskariekin txandak ezarriko dira.

2. Salbuespen gisa, jendaurreko farmazia-bulego bakarra dagoen herrietan, urtean bi astez ixten ahalko dute, baldintza hauek betez gero:

a) Hurbilen dagoen farmazia-bulegorako bidea hogeita hamar minutu baino gutxiagoan egin ahal izatea.

b) Itxi nahi den egunetan guardiako txandarik ez izatea. Aldi horretan guardia egitea badagokio, guardiako farmazia-eremu bereko beste farmazia-bulego batekin aldaketa adostu izanaren agiria aurkeztu beharko du.

3. Farmazia-bulegoko titularrek gutxienez hiru egun baliodun lehenago eskatu behar diote Osasun Departamentuari farmazia-bulegoa aldi batean itxita egonen dela oporrengatik edo beste edozerengatik.

Osasun Departamentuak egiaztatuko du eremu horretan farmazia-laguntza behar bezala ziurtatuta geldituko dela eta ez dagoela beste farmazia-bulegorik aldi berean ixteko lehentasuna duenik. Hala ez bada, aldi horretan farmazia-bulegoa ezin duela itxi jakinaraziko dio interesdunari. Farmazia-bulegoa ixteko aldia baino lehen Osasun Departamentuak hori baimentzen ez badu, titularrak farmazia-bulegoa ixten ahalko du.

17. artikulua. Jendaurreko informazioa.

Farmazia-bulegoak oporrengatik edo beste arrazoiren batengatik ixteko baimena badu, bide publikotik ikusteko moduan adierazi beharko du eta, gainera, hurbilen dauden farmazia-bulegoen eta haien guardiako txanden berri emanen du.

18. artikulua. Egoera bereziak.

1. Herri edo guardiako farmazia-eremuren batean, ohiz kanpoko egoeraren bat dela eta (osasun-larrialdi bat, adibidez) farmazia-laguntzaren eskariak gora egiten badu, Osasun Departamentuak jendaurreko ordutegiak eta guardia-zerbitzuak aldatzen ahalko ditu, farmazia-laguntza egokia dela ziurtatzeko.

2. Salbuespenezko kasuetan, Osasun Departamentuak gaueko guardiako txandak kentzeko baimena ematen ahalko die guardiako farmazia-eremuetan dauden bulegoei, baldin eta bulego horiek ixteko arriskua badago, geografia berezia dutelako, guardiako txanden maiztasuna handia delako, biztanle gutxi dituztelako eta, beraz, gaueko ordutegian farmazia-laguntza jasotzeko eskaera txikia delako. Gaueko guardiako txandetatik salbuestea baimentzeko, dokumentu bidez justifikatu beharko da etengabeko farmazia-laguntzaren eskariak behera egin duela, eta ados egon beharko dute eremuko herrietako udalek eta, hala badagokio, Osasun Kontseiluak.

Xedapen gehigarri bakarra. Farmaziabulego salbuetsiak.

Foru-dekretu hau indarrean jartzean guardiak egitetik salbuetsita dauden farmazia-bulegoek egoera horri eusteko eskubidea izanen dute, bai eta Lizarrako guardiako ordutegiei ere.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira farmazia-bulegoetarako jendea hartzeko ordutegia, zaintzako zerbitzua eta oporraldia ezartzen dituen maiatzaren 26ko 129/2003 Foru Dekretua eta foru-dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Erregelamendu bidezko garapena.

Osasun Departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio foru-dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko; bereziki, hauekaldatzeko: foru-dekretu honen I. eranskinean jasotako guardiako farmazia-eremu eta guardia-zerbitzuak eta foru-dekretu honen II. eranskineko guardietatik salbuetsitako farmaziak.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru-dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Hala eta guztiz ere, 9.4 artikuluko aurreikuspenek foru-dekretu hau indarrean jarri eta hiru hilabetera izanen dute eragina.

I. ERANSKINA. GUARDIAKO FARMAZIA-EREMUAK Nota de Vigencia

I. ERANSKINA

I. Iruñerriko guardiako farmazia-eremua.

I guardia-taldea: Iturrama osasun-eskualde oinarrizkoa (aurrerantzean, OEO), Noain Elortzibar OEO, Azpilagaña OEO, Alde Zaharra OEO eta Zabalgunea OEO II.

II guardia-taldea: Donibane OEO, Zizur, Barañain OEO, Ermitagaña-Mendebaldea OEO eta Etxabakoitz OEO.

III guardia-taldea: Antsoain OEO, Berriozar OEO, Orkoien OEO, Buztintxuri OEO, Txantrea OEO, Arrotxapea OEO eta Sanduzelai OEO.

IV guardia-taldea: Aranguren OEO, Burlata OEO, Uharte OEO, Atarrabia OEO, Lezkairu OEO, Mendillorri-Sarriguren OEO, Arrosadia OEO.

II. Tuterako guardiako farmazia-eremua: Tutera Ekialdea OEO eta Tutera Mendebaldea OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

III. Tutera aldeko guardiako farmazia-eremuak.

I guardia-taldea: Corella OEO, Cintruénigo OEO eta Valtierra eta Arguedas herriak.

II guardia-taldea: Buñuel OEO eta Cascante OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

IV. Azkoiengo guardiako farmazia-eremua: Azkoien OEO eta Milagro, Alesbes eta Cadreita herriak.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

V. Erriberri-Zarrakazteluko guardiako farmazia-eremua: Zarrakaztelu OEO eta Erriberri OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

VI. Tafalla-Artaxoako guardiako farmazia-eremua: Tafalla OEO eta Artaxoa OEO.

Guardiako bi farmazia egunez (Tafalla eta Artaxoa) eta guardiako farmazia bat gauez (Tafalla).

VII. Lodosako guardiako farmazia-eremua.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

VII. San Adriango guardiako farmazia-eremua: San Adrián OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

IX. Lizarrerriko guardiako farmazia-eremua:

I guardia-taldea: Lizarra OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

II guardia-taldea: Villatuerta OEO, Allo OEO, Antzin-Ameskoa OEO eta Aiegi herria.

Guardiako farmazia bat egunez.

X. Doneztebe-Elizondoko guardiako farmazia-eremua: Doneztebe OEO eta Elizondo OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

XI. Lesakako guardiako farmazia-eremua: Lesaka OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

XII. Leitza-Irurtzun-Etxarri-Ultzamako guardiako farmazia-eremua: Leitza OEO, Irurtzun OEO, Etxarri Aranatz OEO eta Ultzama OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

XIII. Altsasuko guardiako farmazia-eremua: Altsasu OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

XIV. Viana-Los Arcosko guardiako farmazia-eremua: Viana OEO eta Los Arcos OEO.

Guardiako farmazia bat egunez eta gauez.

XV. Garesko guardiako farmazia-eremua: Gares OEO.

Guardiako farmazia bat egunez.

XVI. Agoitz-Aurizko guardiako farmazia-eremua: Agoitz OEO eta Auritz OEO.

Guardiako farmazia bat egunez.

XVII. Izaba-Zaraitzuko guardiako farmazia-eremua: Izaba OEO eta Zaraitzu OEO.

Guardiako farmazia bat egunez.

XVIII. atala gehitzen da, testu hau izanen duena: "Zangozako guardiako farmazia-eremua: Zangoza OEO: Guardiako farmazia bat egunez eta gauez Nota de Vigencia.

II. ERANSKINA. GUARDIETATIK SALBUETSITAKO FARMAZIAK

II. ERANSKINA

Herri hauetako farmazia-bulego hauek etengabeko farmazia-laguntza ematetik salbuetsita daude:

- Arantza.

- Arribe.

- Barasoain.

- Betelu.

- Cabredo.

- Etxalar.

- Fontellas.

- Goizueta.

- Igantzi.

- Santsol.

- Urdazubi (herria).

- Luzaide.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web