(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

89/2024 FORU AGINDUA, IRAILAREN 24KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, 038 EREDUA, "ERREGISTRO PUBLIKOETAN INSKRIBATUTAKO ENTITATEEK EGINDAKO ERAGIKETEN ZERRENDA", ONESTEN DUENA

BON N.º 207 - 11/10/2024



  ERANSKINA.


Atariko

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 72. artikuluak ezartzen du Nafarroako erregistro publikoetako titularrek hilero eman behar dutela aurreko hilean eratu, ezarri, aldatu edo azkendu diren entitateen berri, aitorpen informatibo bat aurkeztuz.

Aitorpen informatibo hori apirilaren 3ko 97/2002 Foru Aginduan arautzen da, haren bidez onesten baita 038 eredua, "Erregistro publikoetan inskribatutako entitateek egindako eragiketen zerrenda".

Erregistro publiko horien araubide juridikoari dagokionez, estatuan maiatzaren 8ko 11/2023 Legea onetsi da, zeinak, besteak beste, Europar Batasuneko notario- eta erregistro-jarduketen digitalizazioaren arloko zuzentarauen transposizioa egiten baitu, barne-ordenamendura ekartzeko. Zehazki, lege horren 35. artikuluak Merkataritza Kodea aldatzen du, Merkataritza Erregistroaren eta Europako plataforma nagusiaren arteko lotura ziurtatzeko; 36. artikuluak Hipoteka Legea aldatzen du, Jabetza Erregistroa eramateko teknika berri bat ezartzeko, hain zuzen ere, folio erreala formatu eta euskarri elektronikoan erabiltzekoa, erregistroko sistema informatiko baten bidez; eta 38. artikuluak Neurri Fiskal, Administratibo eta Sozialei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legea aldatzen du, beste erregistro batzuekiko elkarreragingarritasuna arautzeko, besteak beste.

Hori dela eta, 038 ereduaren erregistro diseinuetan eremu berri bat sartu behar da, "Sozietatearen Erregistroko Identifikatzaile Bakarra (IRUS)" izenekoa, folio elektronikoan egindako inskripzioak identifikatu ahal izateko.

Bestalde, foru agindua argitaratu ondoren, aldaketak egin dira eredua aurkezteko moduetan. Zehazki, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 147/2021 Foru Aginduak kendu egin zuen ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkezteko aukera. Horren ordez, M994 inprimaki osagarriaren bidez aurkeztu beharra ezarri zuen.

Horregatik guztiagatik, komeni da 97/2002 Foru Agindua indargabetzea eta foru agindu berri bat onestea, 038 ereduaren edukia eta aurkezteko moduak eguneratzeko, azaldutako moduan.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Horrenbestez, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako gaikuntzaz baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 038 eredua onestea.

038 eredua onesten da, "Erregistro publikoetan inskribatutako entitateek egindako eragiketen zerrenda" izenekoa, formatu elektronikokoa. Haren edukia eranskinean dago.

2. artikulua. 038 eredua aurkeztu behar dutenak.

038 eredua, "Erregistro publikoetan inskribatutako entitateek egindako eragiketen zerrenda" izenekoa, aurkeztu beharko dute sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak diren entitateak eratu, ezarri, aldatu edo azkentzeko inskripzioa baimendu duten Nafarroako erregistro publikoen titularrek.

3. artikulua. 038 eredua aurkezteko epea eta haren edukia.

038 eredua hilabete natural bakoitzean aurkeztuko da, aurreko hilean baimendutako inskripzioei dagokienez.

4. artikulua. 038 eredua aurkezteko modua.

038 eredua formatu elektronikoan soilik izanen da eskuragarria eta modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Internet bidez, 5. eta 6. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 038 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 038 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

6. artikulua. 038 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

038 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedurak honako hauek izanen dira:

A) Eredu informatiboen inprimaki osagarriaren bidez (994), prozedura hau erabiliz:

1. Eredu informatiboen inprimaki osagarria (994) aurkezteko tramitean sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Egin beharreko aitorpenaren eredua hautatu: M038.

3. Transmititu beharreko aitorpenaren fitxategia erantsi.

Fitxategi horren edukia eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izan behar da.

4. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak adieraziko du zer zenbaki esleitu zaion aurkeztu den aitorpenari, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

B) Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, prozedura hau erabiliz:

1. Erregistro orokor elektronikoan sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

2. Sartu "Eskaera aurkeztu" atalean.

3. Inprimakian eskatutako informazioa bete eta fitxategia erantsi, transmititu beharreko aitorpenarekin batera.

Fitxategi horren edukia eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izan behar da.

4. Eskaera bete ondoren, "igorri" aukera erabili.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe geratzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 3ko 97/2002 Foru Agindua, onesten duena 038 eredua, erregistro publikoetan inskribatutako entitateek egindako eragiketak zerrendatzekoa, bai eta eredu horretako barne orrialdeen ordez ordenagailuak zuzenean irakurtzen ahal dituen euskarriak jartzeko diseinu fisiko eta logikoak ere.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2024ko urriari dagokion aitorpen informatiboari aplikatuko zaio aurrenekoz, zeina 2024ko azaroan aurkeztuko baita.

ERANSKINA.

ERANSKINA

038 EREDUAREN DISEINU LOGIKOAK. ERREGISTROEN AZALPENA

Aitortzaile edo zergapeko bakoitzarentzat bi erregistro mota izanen dira, lehen idazgunearen arabera bereizten direnak, irizpide hauek aintzat hartuta:

1. motakoa: Aitortzailearen erregistroa: identifikazio datuak eta aitorpenaren laburpen-orria. 1. motako erregistroaren diseinua, atal hauetan beretan eta foru agindu honen eranskinean ageri direnetatik.

2. motakoa: Eragiketaren erregistroa. 2. motako erregistroaren diseinua, atal hauetan beretan eta foru agindu honen eranskinean ageri direnetatik.

Aurkezteko ordena erregistro motaren araberakoa izanen da. 1. motako erregistro bakar bat egonen da eta 2. motakoen kasuan, aitorpenean zenbat eragiketa dauden, horrenbeste erregistro izanen dira.

Eremu alfazenbakizko eta alfabetiko guztiak ezkerretara lerrokaturik eta eskuinetara zuriunez beterik aurkeztuko dira, letra larrietan, karaktere berezirik eta bokal azentudunik gabe.

Hizkuntzaren karaktere berezietarako, ISO-8859-1 kodifikazioa erabiliko da. Hala, "Ñ" letrak ASCII 209 (Hex.D1) balioa izanen du eta "Ç" letrak (c larri hautsia) ASCII 199 (Hex.C7) balioa.

Zenbakizko eremu guztiak eskuinetara lerrokaturik eta ezkerretara zeroz beterik agertuko dira, zeinurik gabe eta paketatu gabe.

Eremu guztiek izanen dute edukia, eremuaren azalpenean kontrakoa zehazten ez bada. Edukirik ez badute, zenbakizko eremuak zeroz beteko dira, eta alfazenbakizkoetan eta alfabetikoetan, berriz, zuriuneak utziko dira.

Aurkezpen kolektiboa egiten denean (aitortzaile bat baino gehiago fitxategi berean), euskarriaren lehen erregistro gisa zero motako erregistro bat aurkeztuko da (aurkezlearen erregistroa), jarraian azaltzen den zero motako erregistroaren diseinuari jarraikiz. Horretan sartuko dira aurkezpenaren erantzulea den pertsonaren edo entitatearen datuak, eta beti eginen da, nahiz eta pertsona edo entitate hori euskarrian aitortzaile moduan ere aurkeztu. Ondoren jarriko dira lehen aitortzailearen datuak (1. motako erregistroa), eta, ondoren, eragiketak (2. motako erregistroa); gero, hurrengo aitortzailearen datuak, eta, ondoren, eragiketak; eta horrela hurrenez hurren.

038 EREDUA

A) 0. MOTAKO ERREGISTROA: AURKEZPEN KOLEKTIBOA

- Zenbateko guztiak positiboak izanen dira.

- Edukirik ez duten zenbakizko eremuak zeroz beteko dira.

- Edukirik ez duten alfazenbakizko eremuak eta eremu alfabetikoak zuriunez beteko dira.

- Zenbakizko eremu guztiak eskuinaldean lerrokaturik eta ezkerraldean zeroz beterik.

- Eremu alfazenbakizko eta alfabetiko guztiak ezkerraldean lerrokaturik eta eskuinaldean zuriuneak dituztela, letra larriz, karaktere berezirik eta azentudun bokalik gabe, non eta eremuaren azalpenean besterik agintzen ez den.

038 EREDUA

B) 1. MOTAKO ERREGISTROA: AITORTZAILEAREN ERREGISTROA

- Zenbateko guztiak positiboak izanen dira.

- Edukirik ez duten zenbakizko eremuak zeroz beteko dira.

- Edukirik ez duten alfazenbakizko eremuak eta eremu alfabetikoak zuriunez beteko dira.

- Zenbakizko eremu guztiak eskuinaldean lerrokaturik eta ezkerraldean zeroz beterik.

- Eremu alfazenbakizko eta alfabetiko guztiak ezkerraldean lerrokaturik eta eskuinaldean zuriuneak dituztela, letra larriz, karaktere berezirik eta azentudun bokalik gabe, non eta eremuaren azalpenean besterik agintzen ez den.

038 EREDUA

C) 2. MOTAKO ERREGISTROA: ERAGIKETA ERREGISTROA

- Zenbateko guztiak positiboak izanen dira.

- Edukirik ez duten zenbakizko eremuak zeroz beteko dira.

- Edukirik ez duten alfazenbakizko eremuak eta eremu alfabetikoak zuriunez beteko dira.

- Zenbakizko eremu guztiak eskuinaldean lerrokaturik eta ezkerraldean zeroz beterik.

- Eremu alfazenbakizko eta alfabetiko guztiak ezkerraldean lerrokaturik eta eskuinaldean zuriuneak dituztela, letra larriz, karaktere berezirik eta azentudun bokalik gabe, non eta eremuaren azalpenean besterik agintzen ez den.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web