180E/2024 FORU AGINDUA, EKAINAREN 14KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ ONESTEN DIRA ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO IZANGAIEN ZERRENDAK KUDEATZEKO ARAUAK, OSASUN DEPARTAMENTUARI ATXIKITAKO ERAKUNDE AUTONOMOETAKO ZENTRO ETA ESTABLEZIMENDUETARAKO
BON N.º 154 - 30/07/2024
I. KAPITULUA. OSASUNBIDEANAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA
II. KAPITULUA. NAFARROAKO OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INSTITUTUA
I. ERANSKINA. Iraupen luzeko zerrendetarako laneremuak
II. ERANSKINA. Iraupen laburretarako zerrendetako laneremuak/aukerak
III. ERANSKINA. Zerrenda bereziak
Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 29. artikuluak ezartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zer egoeratan kontratatzen ahal dituen langileak administrazio araubidean (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzkoa).
Bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren III. kapituluak ere arautzen du langileak araubide administratiboan kontratatzea; orobat, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak araubide administratiboan kontratatzea.
Arau honek indarrik gabe uzten du 347E/2017 Foru Agindua, martxoaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. Arau berri honen xedapenak, aurreko arauketakoak bezala, aplikatzekoak izanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoan.
Aurreko araudia indarrean egon zen bitartean, hobetzeko aukerak eta eguneratu beharreko zenbait gai hauteman ziren, eta, ikusirik aldaketa nabarmenak direla eta eragina dutela, neurri handiagoan edo txikiagoan, artikulu gehienetan, beharrezkotzat jo da arau berri bat onestea, 347E/2017 Foru Aginduaren artikuluak aldatu beharrean, segurtasun juridikoaren irizpideak kontuan hartuta. Hori dela-eta, administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek lantalde bat eratu zuten Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako langileen kontratazioa aldatzeko aukerak aztertzeko.
Aurreko arauarekin alderatuta, nabarmentzeko aldaketa da, besteak beste, izangaiek aukera izanen dutela hautaturiko zentroa/eremua eta zerrenda motak aldatzeko, urtean bitan.
Halaber, eskaintzari uko egiten ahalko zaio, zigorrik jaso gabe, guraso bakarreko familiekin eta bestelako gurasobakartasun-egoerekin zerikusia duten arrazoiengatik, kontuan harturik familia horiek egoera berezian daudela beren kargura dituzten adingabeak zaintzeko orduan.
Zerrenda berezien kasuan, oinarrizko osasun laguntzako administrarien zerrenda berezi bat ere izanen da, langile horiek ezagutza eta prestakuntza berezia behar izaten dute-eta.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak hau dio: "Legegintza-ekimena eta erregelamenduak egiteko ahala baliatzean, administrazio publikoek printzipio hauen arabera jokatu behar dute: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia". Aurreko paragrafoetan ikusi dugunez, araua printzipio horietara egokitzen da.
Arauaren gardentasuna bermatzeko, aplikatzekoa den araudian jasotako tramiteei jarraitu zaie.
Foru agindu hau aldez aurretik negoziatu beharra zegoenez, Osasun Departamentuko erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean negoziatu da, 2022ko ekainaren 30ean, 2022ko irailaren 6an, 2022ko abenduaren 1ean, 2024ko urtarrilaren 23an eta 2024ko otsailaren 8an egindako bilkuretan.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Foru agindu honen helburua da Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako lanpostuetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatuko dituzten arauak onestea.
I. KAPITULUA. OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA
2. artikulua. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzea.
1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak deialdi publikoetatik abiaturik prestatuko dira, lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez, edo zerrenda irekietan inskribatuz. Betiere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak bermatuko dira.
2. Foru agindu honetan aurreikusten diren aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan inskribatu ahal izateko, eskatzen diren tituluak eduki beharko dituzte izangaiek, deialdirako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edo zerrenda irekietan inskribatzeko unean.
3. Aldi baterako kontrataziorako zerrenda hauek prestatuko dira, eta, izangaiei deia egitean, lehentasun-hurrenkera honi berari segituko zaio:
1. Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
Zerrenda prestatuko da kategoria bereko lanpostu batean plantillako langile gisa sartzeko oposizioaldia gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaiekin. Oposizioan edo oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.
2. Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Zerrendaren hurrenkera ezartzeko, lehenik eta behin, gainditutako azterketen kopurua hartuko da kontuan, eta gainditutako azterketa kopuru bera dutenen artean, batuko dira horietan guztietan osotara lortutako kalifikazioa eta edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuen balorazioa, baldin eta zerbitzu horiek aldi baterako kontrataziorako lanpostuari dagokion estamentuan eta espezialitatean egin badira. Berdinketak jarraituko balu, suspenditutako azterketen kalifikazioa gehituko litzaioke aipatu batura horri.
3. Oposizioko azterketaren batera aurkeztu arren, hautaproba bat bera ere gainditu ez duten izangaien zerrenda. Zerrendaren hurrenkera ezartzeko, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuen balorazioaren osotarako kalifikazioa hartuko da kontuan, baldin eta zerbitzu horiek aldi baterako kontrataziorako lanpostuari dagokion estamentuan eta espezialitatean egin badira.
2. eta 3. puntuetan adierazitako egindako zerbitzuak baloratzeko, zenbatuko dira azken deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak; urteko 1 puntu emanen da, edo dagokion zati proportzionala, eta gehienez ere 12 puntu eskuratzen ahalko dira. Zenbaiten arteko berdinketa izanez gero, zozketa publikoaren bidez ebatziko da.
Atal honetako 1., 2. eta 3. puntuetan aipatutako zerrendak egiteko, kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, egindako azken deialdi publikoa.
Lanpostua lortu dutenek, izendapena argitaratu arte, lehentasuna izanen dute iraupen laburreko kontratuetarako deitzen denean, oposizioan edo oposizio-lehiaketan lorturiko puntuazioaren ordenari jarraikiz. Inola ere ezin izanen zaie kontratua hobetzeko eskaini.
4. Hautaprobetarako deialdi publiko baten bidez kontrataziorako eratutako izangaien zerrenda.
5. Zerrenda irekiak:
Zerrenda irekiak eginen dira baldin eta zerrendaren batean ez badago kontratatzen ahal den izangairik.
Halaber, honelako zerrendak irekitzen ahalko dira lanpostu sortu berriak aldi baterako betetzeko. Horretarako, berariazko epea irekiko da, nahi duenak zerrenda horietan sartzeko aukera izan dezan.
Zerrenda irekietan inskribatzeko eskaeren hurrenkera ezartzeko, lortu nahi den lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak baloratuko dira, zerbitzu urte bakoitzeko puntu bat emanez, edo proportzioan dagokiona.
Berdinketarik badago, eskaera telematikoa erregistroan lehenago aurkeztu dutenek izanen dute lehentasuna, eguna eta ordua kontuan hartuta. Berdinketak badirau, aurkeztutako eskabidearen erregistro-zenbakia hartuko da kontuan.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileen arloko eskumen orokorrak dituen organoak ebazpena eman beharko du zerrenda hauek irekitzeko eta ixteko, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira. Horiek irekitzea ekarri zuten beharrik ez dagoenean itxiko dira.
4. Titulu ofiziala tramitatzen ari diren Osasun Zientzien arloko gradudunak eta/edo lizentziadunak aldi baterako kontratatzeko zerrendak.
a) Egoiliar-programa bukatzen duten urtean, Osasun Zientzien arloko gradudunek edo lizentziadunek izena ematen ahalko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko aldi baterako kontrataziorako zerrendetan.
Inskripzioa telematikoki eginen da, nahi den kategoria ofizialeko zerrenda irekietan, horretarako irekitzen den epearen barnean. Agiri hauek erantsi beharko dira: egoiliar-programa egin izana ziurtatzen duen agiria, unitate eskudunak emana; egoiliar-aldian lortutako azken kalifikazioa agertzen duen egiaztagiria; eta egoiliar-aldia egiteko probaren deialdi nazionalean lortu den hurrenkera zenbakia adierazten duen egiaztagiria.
Egoiliar-aldia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan egin dutenek ez dute aurkeztu beharko egoiliar-programa egin izana ziurtatzen duen agiria, ez eta lortutako azken kalifikazioa agertzen duen egiaztagiria ere; dagokion irakaskuntza-unitateak igorriko ditu agiri horiek, zuzenean, Deien Koordinazio eta Kontrolerako Atalera.
b) Egoiliar-aldiko amaierako ebaluazioan lotutako kalifikazioaren arabera ezarriko dira zerrendak. Kalifikazio horretan berdinketarik bada, honako hau hartuko da kontuan eskaeren hurrenkera ezartzeko: egoiliar-aldia egiteko hautaprobaren deialdi nazionalean lortutako hurrenkera zenbakia. Berdinketak badirau, kontuan hartuko da noiz aurkeztu den eskaera telematikoa erregistroan, hots, eguna eta ordua, eta, oraindik ere berdinketa badago, eskaeraren erregistro-zenbakia.
5. Kontratazioaren xede den lanposturako profil profesional zehatza behar bada, zerrendaren hurrenkerari jarraituko zaio, baina, betiere, izangaiak bete beharko ditu eskaintza onartzeko ezarritako betekizunak. Horretarako, langilea non ariko den, zentro horrek txosten bat egin beharko du aldez aurretik, eta hartan justifikatuko dira izangaiak izan beharreko ezaugarriak, bai esperientziari bai prestakuntzari dagokienez. Aldez aurretik jakinaraziko zaio langileen batzordeari.
6. Salbuespenez, pertsona egokienekin kontratazioak egin daitezke lanpostuarekiko egokitasunaren eta ezagutzaren arabera, betiere presa frogatuko arrazoiengatik komeni bada eta dei egiten bazaio zerrendetako izangai izanik lanpostu zehatz hori betetzeko gai den edo hartarako prestakuntza jaso dezakeen bati. Artikulu honen babesean egindako kontratazioek ez dute izanen hilabetetik gorako iraupenik. Horrelako kasuetan, kontratazioa eskatu duen organoak txosten arrazoitu bat prestatu beharko du, idatziz. Txosten hori kontratazio-espedienteari erantsiko zaio, eta langileen batzordeari igorriko zaio, haren berri izan dezan.
3. artikulua. Titulazioa, betekizunak eta egindako zerbitzuak egiaztatzea.
1. Titulazioa eta gainerako betekizunak.
Lanpostua lortu ez dutenek, baldin eta oposizio baten, oposizio-lehiaketa baten edo beste hautaprobaren baten ondorioz aldi baterako kontrataziorako zerrendetan egon nahi badute, telematikoki egiaztatu beharko dute deialdian eskatzen den titulua daukatela, kasuan kasuko oposizioaren edo oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean.
Aldi baterako kontrataziorako zerrenda irekietan egon nahi dutenek noiznahi eskatzen ahalko dute zerrendetan sartzeko, telematikoki, eta deialdian eskatzen den titulu akademikoa daukatela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute eskaera egin ondoko 10 egun balioduneko epean.
Aurreko paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, ezarritako epean ez bada aurkezten eskatutako titulu akademikoa edo hura lortzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, izangaia ez da kontratazio-zerrendetan sartuko.
Euskara jakiteko betekizuna noiznahi egiaztatzen ahalko dute kontratazio-zerrendetan daudenek.
Gainerako betekizunak betetzen direla kontratua egitean frogatu beharko da.
2. Egindako zerbitzuak.
Zerrendak oposizio baten edo oposizio-lehiaketa baten ondoriozkoak badira, edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak 1. atalean ezarritako epean egiaztatu beharko dira, zentro bakoitzeko langileen arloa zuzentzen duen organoak emandako ziurtagiri baten bidez, non datu hauek agertuko baitira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea, eta egindako zerbitzuaren iraupena (noiztik noiz arte), egun kopurua adierazita. Epez kanpo aurkeztutako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Egindako zerbitzuei dagokienez, dagokion deialdia argitaratu arte egindakoak baloratuko dira, ez besterik.
Zerrenda irekietan izena ematen bada, egindako zerbitzuak noiznahi aurkezten ahal dira, eta azken eguneraketara arte egindakoak baloratuko dira. Zerrenda irekietan, egindako zerbitzuak bi urtean behin eguneratuko dira.
Ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioetan egindako zerbitzuak egiaztatzea; izan ere, erakunde autonomo horrek ofizioz egiaztatuko ditu.
Zerbitzuak aldi berean bi zentrotan edo gehiagotan egin direla frogatuz gero, bakar bat baizik ez da zenbatuko, interesdunarentzat onuragarriena dena.
4. artikulua. Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrenden indarraldia.
1. Kasuan kasuko hautapen prozesuan lanpostua lortu duten izangaien izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da 2. artikuluko 3. ataleko 1., 2. eta 3. puntuetan aipatzen diren osasun arloko langileen kontratazio-zerrenden indarraldia.
Osasungintzako lanpostuak ez direnetarako kontratazio-zerrendak indarrean jarriko dira Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako kontratazio-zerrendekin batera.
2. 2. artikuluko 3. ataleko 4. puntuan aipatzen diren zerrendek indarra hartuko dute organo eskudunak dagokion aldi baterako kontratazio-zerrenda onesten duen ebazpena ematean.
3. Aurreko bi ataletako zerrendak indarrean egonen dira harik eta deialdi berrien ondorioz zerrenda berriak egin arte.
4. Txanda irekietan egoteko eskaerak txanda horietan sartuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileak kontratatzearen arloan eskumena duen zerbitzuan telematikoki sartu eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera. Salbuespen dira hilabete bakoitzeko hogeigarren egunetik aurrera aurkeztutako eskaerak; izan ere, horiek zerrenda irekietan sartuko dira aurkeztu eta bigarren hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera.
5. Sartzeko deialdi bakoitzak ekarritako zerrendak egiten diren bakoitzean, ordura arteko zerrenda irekiek indarra galduko dute.
5. artikulua. Kontratazio motak.
1. Kategoria guztietarako, eta foru agindu honen eranskinetan adierazitako eremu bakoitzean, bi zerrenda osatuko dira: bata kontratu laburretarako, eta bestea luzeetarako, izangaiek aukeratzen dutenarekin bat.
2. Kontratu laburtzat hartuko dira helburu hauetarako erabiltzen direnak:
- Jardunean dauden plantillako langileak ordeztea, kontratu luzetzat hartzen ez direnean.
- Lanaldi partzialeko kontratazioak egitea, lanaldi osoaren %85etik beherakoak direnean, zeinahi delarik ere kontratu mota eta iraupena.
- Oro har, hasiera bateko aurreikuspenen arabera, 6 hilabetetik beherako iraupena duten kontratazio guztiak.
3. Kontratu luzetzat hartuko dira helburu hauetarako erabiltzen direnak:
- Aurreko paragrafoan aipatzen ez diren lanpostu hutsak bitarteko gisa betetzea.
- Plantillako langileei erreserbatutako lanpostuak betetzea.
- Oro har, hasiera batean, 6 hilabeterako edo gehiagorako den beste edozein egiturazko kontratazio.
6. artikulua. Eremua/aukera hautatzea.
1. Aldi baterako kontratazioa bilatzen dutenek lehentasunezko eremua/aukera hautatuko dute, honela:
a) Iraupen luzeko kontratazio-zerrendak.
Izangaiek foru agindu honen I. eranskinean agertzen diren eremu guztiak aukeratzen ahalko dituzte.
b) Iraupen laburreko kontratazio-zerrendak.
Oro har, izangaiek foru agindu honen II. eranskinean adierazten diren eremuetatik hiru aukeratzen ahalko dituzte gehienez. Halaber, eranskin honetan aurreikusitako arauak bete behar dituzte, kontratazio eremu batzuetako aukerak hautatzeko.
Eremuak aukeratzeko muga ez da aplikatuko betetzen zailak diren lanpostuetan. Hala, kasu horietan, orokorrean ezarritako hiru aukerez gain, betetzen zailak diren beste nahi adina lanpostu hautatzen ahalko dira. Hautatutako aukera guztietarako arau honetan ezarritakoa aplikatuko da.
2. Telematikoki bakarrik hautatuko dira lehentasuneko eremua eta kontratazio-zerrendaren mota, eta halaber modu telematikoan aldatuko dira hautaketak.
7. artikulua. Kontratazio mota eta laneremua/aukera hautatzeko prozedura.
1. Deialdian izena emateko eskaeran, izangaiek adieraziko dute zer zerrenda motatan eta zer lan-eremutan edo lan-aukeratan egon nahi duten.
Hala ere, nahi izanez gero, hasierako aukera horiek 10 egun balioduneko epean aldatzen ahalko dituzte, deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
2. Zerrenda irekietan izena eman nahi dutenek inskripzio-eskaeran hautatu beharko dute zer zerrenda motatan eta zer lan-eremu edo -aukeratan egon nahi duten.
3. Aurreko ataletan adierazitakoaren arabera aukeratzen diren lan-eremuak edo -aukerak eta zerrenda motak urtero aldatzen ahalko dira, otsailean eta irailean. Aldaketa horrek indarra izanen du, hurrenez hurren, urte bakoitzeko martxoaren 1etik eta urriaren 1etik aurrera sortzen diren kontratazio-eskaintzetarako.
4. Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute ez diezaietela deitu lanaldiaren heren bateko edo gutxiagoko kontratazioak eskaintzeko.
5. Izangaiek, hala nahi badute, eskatzen ahalko dute lanaldiaren %50eko edo hortik beherako kontratazio-eskaintzetarako soilik deitu diezaietela.
6. Beren eginkizunak betetzean erasoren bat jasan dutenek, eta hala jaso bada Erasoen Erregistroan, berehala eska dezakete lan egiteko hautaturiko lan-eremu/aukeren aldaketa.
1. Zerrendetan daudenei kontrataziorako deia eginen zaie, lehentasun-ordenari zorrotz jarraituz, baldin eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ez badute kontraturik indarrean eskainitako kontratua hasiko den egunean, alde batera utzi gabe kontratazioa hobetzeari buruz ezarrita dagoena.
Horretarako, ulertuko da kontratu bat indarrean dagoela hasten den momentutik bertatik, salbu eta iraupen laburreko zerrendetatik lortutako kontratuak badira, horietan ulertuko baita kontratua indarrean dagoela kontrataziorako izangaiak baiezkoa ematen duenetik.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostu bat daukan norbaiti deitzea suertatzen denean, eta eskaini beharreko lanpostua jabetzan daukana bezalakoa ez bada, izangaiari deituko zaio, bakar-bakarrik, kontratazio-eskaintza goragoko kategoria edo maila batean aritzeko baldin bada edo, kategoria berekoa izanik, ofizialki aitorturiko beste espezialitate batekoa bada. Izangaiak eskaintzari uko egiten badio, ez zaio berriz dei eginen sei hilabeteko epean, kategoria berean dirauen bitartean.
3. Zerrendak kudeatzean, desgaitasunari dagokionez, kontuan hartuko da zer ezartzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei aplikatzekoa den langileei buruzko araudian, eta hori beteko da.
Desgaitasuna duen pertsona batek egoera hori edozein momentutan egiaztatzen ahalko du zerrendak indarrean dauden bitartean. Desgaitasuna egiaztatzen duen unean bertan sortuko da lehentasuna, zeina Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarrita baitago (testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.
4. Aldi baterako kontratatzeko zerrendetan dauden 55 urtetik gorako izangaiek, baldin eta 15 urtetan edo gehiagotan zerbitzuak egin badituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, deirako lehentasuna izanen dute beren zerrendetan. Hala ere, aurreko atalean adierazitako egoeran daudenek lehentasuna izanen dute haien aurretik. Lehentasun honek eragina izan dezan, aipatu egoeran daudenek lehentasuna aplikatzeko eskatu beharko dute, eta, beharrezkoa bada, egoera hori frogatuko dute kontratazio-zerrendak kudeatzeko eskumena duen organoaren aurrean.
5. Deitzean, izangaiari eskuragarri dagoen eskaintza jakinaraziko zaio honako bide hauetako baten bitartez, jarraian adierazitako ordenan eta izangaiak guztiak eman baditu:
- Telefono mugikorra (deia eta/edo SMSa).
- Telefono finkoa.
- Helbide elektronikoa.
Horretarako, interesdunek adierazitako zenbaki eta helbideak erabiliko dira, eta haien ardura izanen da etengabe eguneratuta edukitzea.
6. Iraupen laburrekotzat hartzen diren kontratazioetan, egun berean bi saiakera eginen dira izangaiarekin harremana izateko, ordu desberdinetan, gutxienez ere ordubeteko tartearekin.
Iraupen luzeko kontratazioetan, bi saiakera eginen dira harremana izateko, ordu desberdinetan (gutxienez 2 orduko tartearekin), egun baliodun desberdinetan.
Bi kontratazio motetan, eta eskainitako kontratua egunean berean edo hurrengo 24 orduetan hasten bada, dei bakarra eginen da, izangaiak adierazitako edozein komunikazio-bitartekoren bidez.
Dei guztiak erregistratuta geldituko dira kontratazio-zerrendak kudeatzeko aplikazioan.
7. Dei guztietan, 24 ordu baliodun egonen dira erantzuteko, eta ulertuko da eskaintzari arrazoi justifikaturik gabe uko egin zaiola baldin eta epe hori iragaten bada erantzunik eman gabe.
Iraupen luzeko kontratazioetarako deien kasuan, helbide elektroniko bat egonen da izangaiak adierazi dezan egindako eskaintza onartzen duen edo ez. Onartzen duela adieraziz gero, harekin harremanetan jarriko dira baieztatu dezan eta, eskaintza bat baino gehiago badago, horietako bat aukeratu dezan. Uko eginez gero edo erantzunik eman ezean, 13.2 artikuluan ezarritako zigorra aplikatuko da.
Iraupen laburreko kontratazioen kasuan, eskaintzen den kontratua hurrengo 3 egunetan hastekoa bada, ez zaio erantzuteko epe hori emanen.
8. Ezinezkoa bada izangai batekin harremanetan jartzea arestian zehaztutakoari jarraikiz, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte. Halakoetan, lan-eskaintza horren gaineko eskubide guztiak galduko dira.
9. Artikulu honetan deskribatutako dei-sistemaren ordez besteren bat erabiltzen ahalko da, baldin kontratazio-zerrenden kudeaketa errazteko bitarteko eta prozedura teknologikoak badaude.
10.1. Lanpostu bera iraupen luzeko beste eskaintza batekin bete behar bada kontratu bat bukatu ondoko 15 egunetan, kontratu hori bete duen izangaiari eskainiko zaio, kasu hauetan izan ezik:
a) Lanpostu hori betetzeko, behin-behinean, aldi baterako nahiz behin betiko, profesional bat birkokatzen bada.
b) Indarreko arauen babesean, lanpostua bete behar bada lanpostu bat jabetzan duten langileen aldi baterako barne igoeraren bidez.
c) Kontratatuta zegoen pertsonari, hasiera batean, kontratazio labur baterako deitu bazitzaion.
10.2. Lanpostu bera bete behar bada iraupen laburreko beste eskaintza baten bidez eta lanpostua betetzen ari zenari ezin bazaio jarraitzeko eskaini, bestelako arrazoi batengatik edo administrazio-kontratu motagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak pertsona horri deituko dio lehentasunez kontratazio berrirako.
11. Baldin, ordenamendu juridikoan aurreikusitako edozein bitartekoren bidez, aldi baterako kontratazio bat deusez deklaratzen bada, zerrendako dei hurrenkerari ez jarraitzeagatik, indarrean den kontratua deuseztatuko da, eta haren ordez kontratatuko da deitua izateko eskubide hobea duena, eta, hori dena, galarazi gabe bestelako ondorioetarako eskubidea ere.
12. Dei masiboak.
Kontratazio-eskaintza asko egin behar badira, sartzeko prozesu bat, lekualdatze-lehiaketa bat, aldez aurreko barne-egokitzapen bat edo beste edozein inguruabar izan delako, aurreko paragrafoetan ezarritako ohiko prozedura aldatzen ahalko da, eta kontratazioa honela eginen da:
- Eskura dauden eskaintzak argitara emanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orrian. Halaber, hautaketa-sistema telematiko bat eta/edo helbide elektroniko bat egonen da, izangaiak onarpena adierazi ahal izateko, eta, kasua bada, adierazi ahal izateko zer eskaintza nahiago dituen edo baten bati uko egin nahi dion.
- SMS eta/edo mezu elektroniko bat bidaliko zaie, eskaintzen berri emateko, kontratazio-zerrendetan dauden eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan kontraturik indarrean ez duten pertsonei edo kontratazioa hobetzeko aukera dutenei, eta hor adieraziko zaie nola onartu behar duten eskaintza.
- Erantzuna emateko epea bukatuta, kontratua eginen zaie onarpena adierazi dutenei, zerrendako lehentasun-ordenari zorrotz jarraituz.
- Hautaketaren emaitza argitara emanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren webgunean, edo telefonoz deituko zaie eskaintzaren bat onartu duten guztiei.
- Kontuan harturik zenbat kontratu eskaintzen diren, horietan sartzen ahal direnei, hautaketarik egin ez badute edo eskaintza guztiei uko egin badiete, 13.2 artikuluan ezarritako zigorra aplikatuko zaie.
13. Aurreko ataleko dei-sistema erabiltzen ahalko da 10 egun balioduneko epean onartzen ez diren kontratazio-eskaintzetan.
9. artikulua. Erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentzia dutenei deitzea.
1. Izangaiek aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jasotzen badute erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan, eta kontratua onartzen badute, lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuarentzat aurreikusitako iraupena ikusita, aukera baldin badute lanpostuan benetan hasteko.
3. Lanpostuan sartuko dira erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak hala eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.
4. Horrelakoetan, Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio erditzea, adopzioa, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentzia izan izan ez balitz lanpostuan hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea. Aldi hori onartuko zaio baldin eta kontratua sinatzen badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.
10. artikulua. Deia egitean sor daitezkeen bestelako egoera bereziak.
1. Langile bat haurdunaldiko arriskua duen langile bat ordezteko eta/edo erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentzia bat betetzeko kontratatzen diren izangaiek kontratu-aldaketak metatzen ahalko dituzte bata bestearen atzetik, etenik gabe, langilea berriz ordeztu beharra baldin badago edoskitzearen ondoriozko arriskuagatik edo edoskitzaroak metatzeagatik, edo oporrengatik, bai eta, aipatutako egoera horiek bukatu eta 15 eguneko epearen barrenean, ordezturiko langilea bere seme-alabak zaintzeko eszedentzia bereziaren egoerara igarotzen bada.
Egoera berezi horiek direla-eta metatutako ordezkapenak kontratu bakartzat hartuko dira, eta kontrataturiko pertsonak aldi horretan guztian eman beharko ditu zerbitzuak, salbu eta eszedentzia berezien kasuan, ez badira aipatutako arrazoi horiengatikoak.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Hautapen Prozesuak, Lanpostuak Betetzea eta Deiak Kudeatzeko Zerbitzuak kudeatuko ditu dei horiek, edo, kasua bada, erakunde autonomoan langileen kontratazioaren eskumen orokorra bere gain hartzen duen zerbitzuak, eta iraupen luzeko kontratuen tratamendua izanen du, salbu eta izangaia iraupen laburreko modalitatean kontratatu bada; kasu horretan, aurreko atalean aurreikusitako arrazoiengatik egiten den ordezkapenak iraupen laburrekoen tratamendua izanen du.
11. artikulua. Kontrataziorako prestasuna.
1. Kontratazio-zerrendetan dauden izangaiek edozein unetan kontratatzeko moduan egon beharko dute, salbu eta kontratu-harremana hasteko egunean hala ez egoteko arrazoi hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Lanean aritzea; eskaintza egiten duen erakunde edo zentro berean lanean ari direnek ez dute arrazoi hau alegatu beharrik.
b) Gaixotasun baten ondoriozko baja-egoeran egotea.
c) Kargu politiko baterako edo ordezkaritza-kargu baterako izendatua edo hautatua izatea, eta, horren ondorioz, bere eginkizunetan aritzeko bateraezintasuna izatea, administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko aukeratua izatea, edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek aukeratua izatea konstituzio-organoetan parte hartzeko edo horiek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.
d) Nazioarteko erakundeetako batzordeetan, destinoa atzerrian duten osasun arloko GKEetan edo nazioarteko lankidetza programetan parte hartzen egotea.
e) Ezkontzearen edo bikote egonkorra osatzearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen egotea, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
f) Odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak hiltzeagatik edo gaixotasun larriagatik otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen baimen-epean egotea, gertaera gertatzen denetik modu jarraituan zenbatuta.
g) Erditze, adopzio, adoptatzeko zaintza edo harreragatiko lizentzian egotea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen epean.
h) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzen egotea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.
i) Legezko zaintza dela-eta, %33ko edo hortik gorako desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat zaintzen egotea, pertsona horrek lan ordaindurik egiten ez duenean. Hori frogatzeko, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira.
j) Norbere kargura izatea odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, pertsona horrek lan ordaindurik egiten ez duenean. Hori frogatzeko, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira.
Halakoetan, izangaiak salbuespenez eskatzen ahalko du zerrendetan deitzeko moduan egotea kargura duen pertsona bizi den eremuan soilik, iraupen laburreko nahiz luzeko eskaintzetarako.
k) Izangaiak hala erabakitzea, urtebetez genero indarkeriaren biktima izateagatik.
l) Erakunde ofizial baten beka bat jasotzen hasi denean.
m) Izangaiak berak eskatzen ahalko du, arrazoi pertsonalengatik, jaso dezatela ez dagoela prest kontratu laburretarako eta/edo luzeetarako zerrendetako lanpostuetan aritzeko, eremu/aukera guztietan, gutxienez 6 hilabetez.
n) 16. artikuluan jasotako zerrenda berezietarako prestakuntza-aldia egin behar izatea edo horretan aritzea, deia egiten den unean.
o) Ezkontideari edo bikotekide egonkorrari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioa egin ondoan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako aldian.
p) Hamar egun balioduneko oporraldian egotea, urte naturalaren barnean eta izangaiak hautatutako aldian. Aldi horrek etenik gabea behar du izan, otsailean, martxoan, apirilean, maiatzean, urrian edo azaroan bakarrik, Aste Santuko jaiegunetan izan ezik.
2. Kontratatzeko moduan ez egoteko aipatutako egoeraren batean dauden izangaiek frogatu egin beharko dute egoera hori, kontratua eskaintzeko deia jaso eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, eskainitako kontratuari bidezko arrazoirik izan gabe uko egiten diola ulertuko da deiaren egunetik hasita.
Era berean, izangaiak, kontratatzeko moduan ez egoteko egoera batean badago, hala adierazten ahalko dio noiznahi Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Hautapen Prozesuak, Lanpostuak Betetzea eta Deiak Kudeatzeko Zerbitzuari, edo kasuan-kasuan haren eskumenak dituen organoari, eta une horretan berean frogatu beharko du.
3. Gorago aipatutako egoeraren batean dagoela alegatzen duen izangaiari ez zaio eskainiko beste kontraturik, eskainitako lanari uko egiten dion egunetik edo, tartean kontratazio-eskaintzarik izan gabe ere, kontratatzeko moduan ez egoteko egoera batean zegoela adierazi eta frogatu zuen egunetik, eta, ordutik aurrera, zerrendan duen tokiari eutsiko dio egoera horretan irauten duen bitartean.
4. Kontratatzeko moduan ez egoteak izangaia dagoen zerrenda guztietan izanen ditu ondorioak, salbu 1. ataleko m) letrako kasuan; hartan, aukeratuko du kontratatzeko moduan ez egotea iraupen luze eta/edo laburretarako kontratazio-zerrendetan, kontratazio eremu/aukera guztietan.
5. Interesdunak eskatzen ahalko du berriz kontratatzeko moduan egotea aurreko egoera horretan 6 hilabete iragan ondoan edo, epe hori iragan gabe ere, kontratatzeko moduan ez egoteko arrazoia bukatzen denean; horretarako, kontratazio-organoari adierazi beharko dio arrazoi hori bukatu dela, eta hori frogatu beharko du. Artikulu honetako 1. ataleko m) letran ezarritako kasuan, beti iragan beharko da 6 hilabeteko epe hori.
Berriz kontratatzeko moduan jarriko da hamar egun balioduneko epea iraganik, egoera hori frogatzen denetik zenbatzen hasita, salbu eta b) letraren kasuan, halakoetan bi egun baliodunekoa izanen baita epe hori.
Pertsona bakoitzak bitan bakarrik alega ditzake h), i) eta j) letretako kasuak kontratatzeko moduan ez egoteko.
6. Berriz kontratatzeko moduan egoteko eskatzen denean atzematen bada eskaera egin zenean, alegatutakoaren kontrara, ez zegoela arrazoirik kontratatzeko moduan ez egoteko, ulertuko da artikulu honetako m) letrako 1. ataleko egoera gertatu dela, eta hor ezarritako araubidea aplikatuko da.
7. Artikulu honetan ezarritako komunikazioak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari helarazteko, administrazio-prozeduraren arloan indarrean den araudian aurreikusitako bitartekoak erabiliko dira.
12. artikulua. Zerrendatik kanporatzea.
1. Egoera hauetakoren batean daudenak kontratazio-zerrendetatik kanporatuko dira:
a) Betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak ez betetzea, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.
b) Lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak izatea, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzutik edo edozein administrazio publikotatik diziplinazko espediente baten bidez baztertuak izatea, egoera horrek irauten duen bitartean.
c) Interesdunak uko egitea, berak hala eskatuta.
2. Izangai bati aldi baterako kontratu bat azkentzen bazaio probaldian lanpostuan ongi ez aritzeagatik, aukeratutako zerrenda berezietatik kanpo geldituko da. Probaldia ongi gauzatu gabeko zerrenda berezi zehatzari bakarrik eraginen dio baztertze partzial horrek.
3. Epai irmo baten bidez biktimaren lanpostutik urruntzeko agindua duten izangaiak kanporatu eginen dira kasuan kasuko zentroetako kontratazio-zerrendetatik, epaia betetzeko, baldin eta biktimak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ematen baditu zerbitzuak.
4. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:
Kanporatzeko arrazoiren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta 10 eguneko epean entzutea eman ondoren, bidezkoa denean, kanporatzeko proposamena igorriko dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariari, edo une oro erakunde autonomo honetan langileen arloan eskumen orokorrak dituen organoari.
Profesionalen Zuzendaritzak, Hautapen Prozesuak, Lanpostuak Betetzea eta Deiak Kudeatzeko Zerbitzuak proposatuta, ebazpen bat emanen du izangaia zerrendetatik kanpo uzteko, 1., 2. eta 3. ataletan ezarritako arrazoiak direla-eta.
5. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere 10 eguneko epean, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
6. Kanporatzeko prozedura tramitatu bitartean, ulertuko da pertsona hori ez dagoela kontratatzeko moduan.
7. Prozedura hau ez da aplikatuko baldin eta interesdunak uko egiten badu, berak eskatuta.
13. artikulua. Lehentasunhurrenkera.
1. Kasuan kasuko kontratuak amaitzean, pertsona bakoitzak azkeneko kontratua sinatu aurretik zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio.
2. Lehentasun-hurrenkerako postua honako arrazoi hauengatik galduko da:
a) Bi lan-eskaintzari uko egitea arrazoi justifikaturik gabe.
Norbaitek 6 aldiz uko egiten badie 6 lan-eskaintzari, arrazoi justifikaturik gabe, ez zaio kontratatzeko deituko 6 hilabeteko epean, gutxienez. Aldi hori iraganik, berriz ere kontratatzeko moduan egotea eskatzen ahalko du.
b) Indarrean den lan-kontratu bati edo haren luzapen bati uko egitea.
c) Ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez, gutxienez 6 saiakera egin ondoan 2 hilabeteko epean.
Lehentasun-hurrenkera arrazoi honengatik galdu bada, eta berriz ere ezinezkoa bada harekin harremanetan jartzea goian adierazi bezala, izangaiari ez zaio kontratatzeko deituko 6 hilabeteko epean, gutxienez. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere kontratatzeko moduan egotea.
3. Aurreko atalean ezarritako ondorioetarako, uko egiteak justifikatutzat joko dira honako kasu hauetan:
a) 11. artikuluko 1. atalean jasotako kasuetan egitea uko kontratazio-eskaintzei, edo 24 ordu baino gutxiago egotea deia jasotzen denetik kontratua benetan hasten den arte.
b) Lan-kontratu bati uko egitea 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Lan kontratu indardunari uko egitea lanaldiaren %50ekoa edo laburragoa bada, gutxienez ere sei hilabete igaro badira kontratuaren hasieratik eta gutxienez 10 egun baliodun lehenago komunikatzen bazaio organo eskudunari.
d) Izangaiak iraupen luzeko kontratu bat onartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, zentro batek eskainitako iraupen laburreko kontratu bati uko egin ondoren, eta ez badu benetan hasi lehen kontratu-harremana.
e) Indarreko lan kontratu bati uko egitea, baldin kontratudunak egoiliar programa bati hasiera ematen badio dauden espezialitateetako edozeinetan. Kasu horietan, ez zaio beste kontraturik eskainiko gutxienez 6 hilabeteko epean. Aldi hori iraganda, eskatuko du berriz ere kontratatzeko moduan egotea.
f) Kontratazio-eskaintza bati uko egitea arratsaldeko edo gaueko lan-txanda finkoan aritzeko denean, baldin eta izangaiak 6 urteko adingabe bat zaindu behar badu eta familia gurasobakarra bada edo gurasobakartasun-egoeran badago. 3 egun balioduneko epean frogatu beharko du hori, deia jasotzen duen egunetik; horretarako, familia gurasobakarraren titulua aurkeztu beharko du, kasuan kasuko autonomia-erkidegoan familia arloko eskumena duen departamentuak emana, edo, ustekabean gertatutako inguruabarrik bada, zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabiliko du.
Inguruabar hau noiznahi alegatzen ahalko da, edo deia egin ondoan, eta interesdunak zehaztu beharko du zer nahiago duen: arratsaldeko txanda finkoetarako ez deitzea, gaueko txanda finkoetarako ez deitzea, edo bakar baterako ez deitzea. Behin egoera hori frogatuta, ez zaio horrelako kontratuetarako deituko harik eta adingabeak 6 urte betetzen dituen arte.
g) Indarrean dagoen lan kontratu bati uko egitea, lanpostu finkoa lortzeagatik administrazio publiko batean.
4. Zerrendako postua galtzea behar bezala egiaztatu beharko da, eta gehienez 10 eguneko epean jakinaraziko zaie interesdunei.
2. artikuluko zerrendako bakoitzean hurrenkera-postua galduz gero, zerrendako azken postura igaroko da izangaia, hori erabakitzen den unean.
Zerrenda irekien kasuetan, zerrendako tokia galtzea erabakitzen denetik 6 hilabeteko epean, ukitutako pertsonak ezin izanen ditu bere merezimenduak eguneratu, ez eta zerrendetan berriz inskribatu ere.
5. Zerrendako tokia galtzearen ondorioetarako, kontratazio laburretarako zerrendak, kontratazio luzeetarako zerrendak eta zerrenda bereziak independenteak izanen dira.
6. Zerrendako tokia galtzen duenak dagokion postua hartuko du berriz, hurrenkera-postua galtzea eragin duen arrazoiaren egunetik bi urte iragan ondoan.
14. artikulua. Kontratua hobetzea.
1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratua duen langile batek indarreko kontratuari uko egiten ahal dio kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen baldin bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa baldin bada, kasuan kasuko zerrendan inskribatua badago eta hauetako kasuren bat gertatzen bada:
a) Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio.
b) Kategoria jakin bateko indarreko kontratua izatea eta kategoria goragoko bateko kontratu luze bat eskaintzen bazaio.
2. Kontratu hobe bati uko egiten diotenei ez zaie beste kontratu hobe bat eskainiko harik eta daukan kontratuak indarra galdu arte, eta, betiere, 6 hilabetez gehienez.
15. artikulua. Zerrenda bereziak.
1. Ordezkapenetarako eta bestelako beharrak betetzeko, zerrenda bereziak eratzen ahalko dira iraupen laburreko modalitatean, III. eranskinean ezarritako unitate eta lanpostuetarako.
2. Zerrenda berezi horiek irekiak izanen dira, eta 2. artikuluan xedatutakoaren arabera prestatzen diren kontratazio-zerrendetan dauden izangaiekin osatuko dira, haiek beraiek eskatuta, betiere, behar diren betebeharrak betetzen badituzte. Zerrenda horietara bide hauetako edozeinen bitartez sartuko da:
- Espezialista-titulua izatea, espezialitatea dagoenean edo egon denean, edo graduondoko prestakuntza egiaztatzea (gutxienez 200 ordukoa), gradua bukatu ondoan hasi eta bukatua, lanpostuarekin zerikusia duena, edozein modalitatetakoa, eta gutxienez 30 eguneko aurrez aurreko praktikak dituena.
Graduondoko prestakuntza egiaztatzeko betebehar horiek aplikatuko zaizkie foru agindu hau indarrean jarri ondoan aurkezten diren tituluei. Lehenago aurkeztutako graduondoko tituluak, onartuak izan badira, baliozkotzat joko dira aurrerantzean ere zerrenda berezietan egoteko.
- Zerbitzuak eman izateagatik arlo horietan, gutxienez 90 eguneko benetako lanarekin azken 5 urtean, zerrenda berezian inskribatzeko eskaera aurkeztu zen egunetik zenbatuta.
- Hurrengo artikuluan jasotako prestakuntzaldia egin izateagatik.
3. Zein hilabetetan egiten den zerrenda berezietan egoteko eskaera telematikoa, ezarritako bitartekoen bidez, hurrengo hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera sartuko dira eskatzaileak zerrenda berezi horietan. Salbuespen dira hilabete bakoitzeko hogeigarren egunetik aurrera aurkeztutako eskaerak; izan ere, horiek zerrenda berezietan sartuko dira aurkeztu eta bigarren hilabeteko lehenbiziko lanegunetik aurrera.
4. Oinarrizko osasun laguntzako administrarien zerrenda bereziaren kasuan, kontuan hartuko da izangaiak zer osasun-eskualde oinarrizko edo larrialdi arrunt edo bereziko zerbitzu aukeratu dituen iraupen laburreko kontratazioetarako zerrendetan, 6. artikuluari jarraikiz, eta eskualde edo zerbitzu horietan sartuko da zerrenda berezietan ere. 1.b).
Zerrenda berezi horietan egoteko, kontuan hartuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako edozein taldetan administrari gisa egindako zerbitzuak.
Artikulu honen babesean egindako kontratazioek ez dute izanen hilabetetik gorako iraupenik. Hala ere, kontratuaren arrazoia aldi baterako ezintasuna bada, kontratudunak lanean jarraituko du harik eta lanpostuaren titularra lanera itzultzen den arte.
5. Deiak puntuazio-ordenari jarraikiz eginen dira. Zerrenda berezietako izangaiek lehentasuna izanen dute III. eranskinean adierazitako unitateetan egiten diren kontratazio-eskaintzetan, artikulu honetan aurreikusitakoari jarraikiz.
6. Zerrenda berezietan agertzen diren izangaiei foru agindu honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie, prestasunari, zerrendetatik kanporatzeko arrazoiei eta zerrendako postua galtzeari dagokienez.
16. artikulua. Zerrenda berezietarako prestakuntza.
Zerrenda orokorretan dauden langileei Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erraztuko die zerrenda berezietan sartu ahal izatea, zerrenda horietarako ezartzen diren prestakuntza-aldien bidez, eta horren berri emanen dio langileen batzordeari.
Eremuko zerrenda orokorreko lehentasun-hurrenkeraren arabera eskainiko da aukera hori, eta borondatezkoa izanen da izangaiarentzat.
Prestakuntzaldia onartzen dutenak nahitaez geldituko dira prestakuntzaren xede den zerrenda bereziaren barnean.
17. artikulua. Izapideak eta jendaurrean jartzea.
Foru agindu honetan aipatzen diren izapide guztiak telematikoki eginen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez, helbide honetan: https://empleosalud.navarra.es/eu/contratacion.
Baremazioaren emaitzak eta aldi baterako kontrataziorako zerrendak prestatu eta kudeatzeko prozeduraren ondoriozko administrazio-egintza guztiak jendaurrean jarriko dira aurreko paragrafoan adierazitako web-orrian. Halaber, prozedura horien ondorioz sortuko diren zerrendetara sartu ahal izanen da web-orri horren bidez. Zerrenda horietan beharrezko informazioa egonen da, norberak une oro jakin ahal izateko zer postutan dagoen.
II. KAPITULUA. NAFARROAKO OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INSTITUTUA
18. artikulua. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aplikatzea.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko lanpostuetan aldi baterako kontratazioen bidez aritzeko izangaien zerrendak foru agindu honen I. kapituluan ezarritakoari jarraikiz kudeatuko dira, baina kapitulu honetan ematen diren berezitasunekin.
19. artikulua. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hartan sartzeko edo aldi baterako kontrataziorako proba berariazkoen deialdiak egiten ez dituen artean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zerrendak erabiliko ditu.
2. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hartan sartzeko edo aldi baterako kontrataziorako berariazko proben deialdiren bat eginez gero, erakunde hartarako zerrendak deialdi horretatik sortuko dira berariaz.
20. artikulua. Zentroa edo eremua hautatzea.
Aldi baterako kontrataziorako izangaiek lehentasunezko zentroa edo eremua hautatuko dute, honela:
1. Oro har, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eremu/zentro bakarra da, hala kontratazio laburren zerrendetarako, nola kontratazio luzeen zerrendetarako.
2. Aurrekoa gorabehera, albaitaritza espezialitatea duten osasun arloko fakultatiboek, kontratu luzeetarako zerrendetan, eskaintzen diren eremu guztiak aukeratzen ahalko dituzte, eta, kontratu laburretarako zerrendetan, berriz, gehienez bi eremu aukeratzen ahalko dituzte:
- 1. eremua: Iruñeko Osasun Barrutiari dagokio, eta Nafarroako Iparraldeko, Nafarroako Ekialdeko eta Tafallako osasun eskualde oinarrizkoak hartzen ditu bere baitan.
- 2. eremua: Lizarrako Osasun Barrutiari dagokio, eta Lizarrako, Villatuertako, Alloko, Antzingo, Ameskoako, Los Arcosko, Vianako, Lodosako eta San Adriango osasun eskualde oinarrizkoak hartzen ditu bere baitan.
- 3. eremua: Tuterako Osasun Barrutiari dagokio, eta Tuterako Ekialdeko, Tuterako Mendebaldeko, Valtierrako, Corellako, Cintruenigoko, Cascanteko eta Buñuelgo osasun eskualde oinarrizkoak hartzen ditu bere baitan.
Lehenbiziko xedapen gehigarria. Kontrataziozerrendak kudeatzeko akordioaren Jarraipen Batzordea.
1. Jarraipen-batzorde bat ezartzen da arau honen aplikazioa aztertzeko eta kontrolatzeko. Honela osatuko da batzorde hori: Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileen mahai sektorialean dauden sindikatu bakoitzeko ordezkari bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko hiru ordezkari, erakunde autonomo horren Profesionalen Zuzendaritzak izendatu beharrekoak, edo haren eginkizunak bere gain hartzen dituen organoak izendatu beharrekoak, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoko ordezkari bat. Ordezkari bakoitzak ordezko bat izan dezake.
Jarraipen Batzordearen eskumena izanen da arau honen aplikazioa eta betetzea aztertzea, aplikazioan sortu diren arazo nabarmen eta zehatzak azaltzea, kontratazio-zerrenden kudeaketa hobetzeko aldaketa-neurriak proposatzea eta interpretazio irizpideak ezartzea, foru agindu honen osagarri.
2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariari dagokio Batzordeko buru izatea, eta sindikatuek izendatutako ordezkari bat ariko da idazkari.
Jarraipen Batzordeak urtean behin eginen du ohiko bilkura. Deialdian gai-zerrenda adieraziko da, eta sindikatuek eta Administrazioak proposatutako aferak jasoko dira bertan, baldin eta bilera egiteko eguna baino hiru egun baliodun lehenago proposatu badituzte. Batzordearen buruari dagokio deialdia egitea, eta idazkariari dagokio hura gainerako kideei igortzea.
Baldin, presakoa izateagatik, gairik badago hurrengo ohiko deialdirako utzi ezin dena, lau batzordekidek gutxienez proposa dezakete bilkura berezi bat egitea, gutxienez ere hura egin baino hamar egun baliodun lehenago. Baldintza horiek betez gero, buruak deialdia eginen du eta idazkariak gainerako kideei igorriko die. Batzordeburuak aldatzen ahal izanen du batzordekideek proposatutako eguna, baina gehienez ere hamar egun balioduneko aldea egonen da proposatutako bi egun horien artean. Duen presarengatik bilera eragin duen afera izanen da gai-zerrendako bakarra.
3. Batzordearen eraketa baliozkoa izateko, bilkurak egiteko, beharrezkoa izanen da elkartzea burua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere batzordekideen erdiak.
Bigarren xedapen gehigarria. Deitzeko lehentasuna.
Foru agindu honen 8.4 artikuluan jasotako dei egiteko lehentasunak (55 urtetik gorakoak, 15 urte baino gehiago izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzura) ez du ondoriorik izanen, edo aldatuko da, baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Orokorrean erabakitzen bada hura ezabatzea edo aldatzea. Mahai Orokorrean kasu horretarako onesten den araua zehaztutakoa izanen da aplikatzekoa den arauketa, behar den Akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.
Indarrik gabe geldituko da 347E/2017 Foru Agindua, martxoaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako.
Orobat, indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Iraupen luzeko zerrendetarako lan-eremuak
1. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa (Nafarroako Odol eta Ehun Bankua barne).
2. Reina Sofía ospitalea. Eremu honen barnean daude Tuterako Osasun Mentaleko Zentroa eta Osasun Barrutiko Kudeatzailetzako zerbitzu hauek: Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua eta Herritarren Arretarako eta Kudeaketan Laguntzeko Zerbitzua (Harrera, Artxiboa, Kodetzea eta Herritarren Arreta).
3. Tuterako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntza.
4. García Orcoyen ospitalea. Eremu honen barnean daude Lizarrako Osasun Mentaleko Zentroa eta Osasun Barrutiko Kudeatzailetzako zerbitzu hauek: Profesionalen Zerbitzua eta Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzua.
5. Lizarrako Osasun Barrutiko Oinarrizko Osasun Laguntza.
6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralak.
7. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza.
8. Osasun Mentaleko Kudeatzailetza (salbu Lizarrako eta Tuterako Osasun Mentaleko Zentroak).
Eremu horien barnean daude horien egitura organikoan dauden unitate guztiak eta berariaz aipatzen direnak.
II. ERANSKINA. Iraupen laburretarako zerrendetako lan-eremuak/aukerak
Iraupen laburreko kontratazio-zerrendak aukeratzeko, I. eranskinean deskribatutako eremu berak dira, unitate berberak dituzte, eta horietako bakoitzean aukera kopuru bat hauta daitezke, honelaxe:
1. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa.
2. Reina Sofía ospitalea.
3. Tuterako Osasun Barrutia.
Hauetatik 3 eremu aukeratzen ahalko dira: Tutera Mendebaldeko, Tutera Ekialdeko, Valtierra-Cadreitako, Corellako, Cintruenigoko, Cascanteko eta Buñuelgo osasun-eskualde oinarrizkoak. Oinarrizko osasun eskualde bat aukeratzeak berarekin dakar bertan kokatzen diren zentro eta zerbitzu hauetatik edozeinetan kontratatzeko prest egotea: osasun etxeak, kontsultategiak eta landa eremuko larrialdi zerbitzuak.
4. García Orcoyen ospitalea.
5. Lizarrako Osasun Barrutia.
Hauetatik gehienez 3 eremu aukeratzen ahalko dira: Lizarrako, Villatuertako, Alloko, Antzin-Ameskoako, Los Arcosko, Vianako, Lodosako eta San Adriango osasun eskualde oinarrizkoak eta Lizarrako Larrialdietako Zerbitzu Arrunta. Oinarrizko osasun eskualde bat aukeratzeak berarekin dakar bertan kokatzen diren zentro eta zerbitzu hauetatik edozeinetan kontratatzeko prest egotea: osasun etxeak, kontsultategiak eta landa eremuko larrialdi zerbitzuak.
6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralak.
7. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza.
Hauetatik 3 aukeratzen ahalko dira gehienez:
- Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzari eta Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zuzendariordetzari atxikitako osasun-eskualde oinarrizko bakoitza, Iruñeko espetxea barne. Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean bertan diren unitate guzti-guztiak sartzen dira (Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeko langileak eta herrietako larrialdi zerbitzuetakoak, hala osasun etxeetakoak nola kontsultategietakoak).
- Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzua. Eremu hau aukeratzen dutenei honako hauetan lan egiteko deitzen ahalko zaie: San Martín doktorea osasun zentroa (horren barrenean da 112 koordinazio zentroa), Iruñerriko zentroak, Iruñeko anbulantzia medikalizatuak eta Tafallako Larrialdietako Zerbitzu Arrunta.
- Iruñeko Conde Oliveto eraikinean dauden zerbitzuak. Aukera hau hautatzen duenari dei egiten ahal zaio Profesionalen Zerbitzurako, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzurako, Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzurako, Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzurako eta Aho-hortzetako Osasunaren Atalerako.
8. Osasun Mentaleko Kudeatzailetza (salbu Tuterako eta Lizarrako Osasun Mentaleko Zentroak).
III. ERANSKINA. Zerrenda bereziak
- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa:
Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Ebakuntza-gelak (erizaintza, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
Esterilizazioa (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Neonatologia/Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatea (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Hemoterapia (laborategiko teknikari espezialistak).
Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Zainketa Intentsiboetako Unitatea-Koronarioen Unitatea (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Dialisia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Larrialdi orokorrak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Pediatriako larrialdiak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Anestesia Ondoko Bizkorketarako Unitatea (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Endoskopiak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Onko-hematologia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Pediatria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Gammagrafia (erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak). Zerrenda honetan egon nahi dutenek medikuntza nuklearreko trebakuntza egokia izan behar dute.
Larrialdiak (administrazio-langileak).
Sukaldea (ekoizpena).
Tuterako Osasun Barrutia.
- Tuterako Reina Sofía ospitalea:
Dialisia (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Ebakuntza-gelak (erizaintza, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
Endoskopiak (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
ZIU (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Neonatologia eta Pediatria (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Larrialdiak eta Zaintza Intentsiboaren Unitate ibiltaria (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Onko-hematologia (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Larrialdiak (administrazio-langileak).
Bolanteak (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Oinarrizko Osasun Laguntza:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeak (administrazio-langileak).
Lizarrako Osasun Barrutia.
- Lizarrako García Orcoyen ospitalea:
Ebakuntza-gelak (erizaintza, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak eta zeladoreak).
Endoskopiak (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
ZIU (erizainak eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Erditzeak (erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Larrialdiak eta Zaintza Intentsiboaren Unitate ibiltaria (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
Hemoterapia (laborategiko teknikari espezialistak).
Larrialdiak (administrazio-langileak).
- Oinarrizko Osasun Laguntza:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeak eta larrialdi-zerbitzu bereziak. (administrazio-langileak).
- Osasun Mentaleko Kudeatzailetza:
Osasun Mentala (erizaintza eta erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariak).
- Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza:
Oinarrizko osasun laguntzako taldeak, larrialdi-zerbitzu bereziak eta larrialdi-zerbitzu arruntak (administrazio-langileak).
Koordinazioko erizaintza.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Larrialdietako zerrenda berezira jo dezake Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak.
- Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua:
Detekzio Goiztiarra (erradiodiagnostikoko teknikari espezialistak).
Detekzio Goiztiarraren Atala (administrazio-langileak).
NOPLOI (Osasun Publikoko erizainak).
Analisi Kimikoen Unitatea (laborategiko teknikari espezialistak).