58/2024 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 24KOA, HEZKUNTZA KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXEETAN ATZERRIKO HIZKUNTZETAN IKASTEKO PROGRAMAK GARATZEN DITUENA
BON N.º 119 - 10/06/2024
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
III. KAPITULUA. IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA
III. KAPITULUA. IKASLEAK
IV. KAPITULUA. IRAKASLEAK
V. KAPITULUA. IKASTETXEEN ANTOLAKAETA ALDERDIAK
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren helburuetako bat zera da, kanpoaldera irekitzea hizkuntzen ikaskuntza hobetuta, mugikortasuna eta trukeak handitzeko, eta europarren arteko lankidetza sendotzeko. Azken finean, hezkuntza sistema eleaniztuna eskatzen dute herritarrek. Halaber, hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.
Jarduketa ildo horretan, Europak hezkuntzaren arloan izanen duen etorkizunari dagokionez, Europako Hezkuntza Esparru bat sortu nahi da. Helburuak bi izanen dira: bata, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren ikuspegi globala izatea, eta, bestea, ikasleek, beren ama hizkuntza edo ama hizkuntzak menderatzeaz gainera, beste hizkuntza bat edo bi menderatzea. Hona helburuak: derrigorrezko hezkuntzan hizkuntzak ikastea bultzatzea, Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan (https://www.coe.int/en/web/common-european-framework-reference-languages/table-1-cefr-3.3-common-reference-levels-global-scale) oinarritutako berariazko gaitasun mailak lortzea eta hezkuntzan eta prestakuntzan hizkuntza kontzientziaren kontzeptua sartzea. Halaber,k hizkuntzak ikasteko esparru inklusiboa eskaintzen du, pertsona bakoitzaren hizkuntza gaitasunak kontuan hartuta.
Eleaniztasunak pertsona baten komunikaziorako gaitasunean bi hizkuntza edo gehiago biltzen ditu aldi berean, eta hizkuntzak ikasten edo erabiltzen dituenak horien artean ezartzen duen elkarreragina eta transferentzia azpimarratzen ditu. Zenbait hizkuntza erabiltzeko gaitasunak honako hauen garapena bilatzen du: hizkuntza bakoitzaren hizkuntza errepertorioarena, alderdi komunena eta horien arteko transferentzia bideratzen duten prozesuena.
Hezkuntza Departamentuaren ustez, hezkuntza interes estrategikokoa da atzerriko hizkuntzetan murgiltzean oinarritutako programak eskaintzea hezkuntza sisteman, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan jarraitzea bermatuz.
Horregatik guztiagatik, eta atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen ezarpena eta garapena eta horiek irakasten dituzten ikastetxeen funtzionamendua errazteko, foru agindu honek programa horien garapena arautzen du atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/ Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Foru agindu honek honako honi jarraikitzen dio: 71/2022 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena. Arestian aipatutako foru dekretuak, halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak ezartzen ditu. Helburu, xede eta printzipio horien zehaztapena, eskumenei dagokienez, ikasleen irteera profilean jasotzen da, Oinarrizko Irakaskuntza amaitzean. Profil horrek etapa amaitzean espero diren gako-gaitasunak identifikatzen ditu. Horrez gain, ikasgai bakoitzerako gaitasun espezifikoak definitzen dira, baita ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukiak ere. Printzipio orokorren artean zera aipatzen da, besteak beste, Hezkuntza Departamentuak arautuko dituela aniztasunari erantzuteko neurriak, antolaketakoak eta curriculumekoak, ikastetxeek, duten autonomia baliatuz, irakaskuntzen antolaketa malgua egiteko aukera izan dezaten, ikasleen ezaugarrietara egokituta. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren printzipio pedagogikoen artean zera adierazten da, ahozko ulermena, adierazpena eta interakzio edo elkarreragina lehenetsiko direla.
Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuan honako hau adierazten da ikasleen ebaluazioari buruz: globala, etengabea eta prestakuntzazkoa izanen da eta gako-gaitasunen garapen maila hartuko du kontuan, bai eta ikasketa prozesuetan zehar izandako aurrerapena ere.
Foru agindu honek bost kapitulu, xedapen gehigarri bakar bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bakar bat eta azken xedapen bakar bat ditu.
I. kapituluan -"Xedapen orokorrak" izenekoan- atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen xedea eta aplikazio esparrua eta definizioa arautzen dira. II. kapituluan -"Irakaskuntzen antolaketa" izenekoan-, curriculuma, ordu banaketa, atzerriko hizkuntzan emanen den irakasgaia, aniztasunari erantzutea, ebaluazioa eta etapen arteko protokoloa lantzen dira. III. kapituluan -"Ikasleak" izenekoan-, ikasleen hizkuntza gaitasunaren maila, taldekatzeak, sartzea eta irtetea biltzen dira. IV. kapituluan -"Irakasleak" izenekoan-, irakasleen hizkuntza gaitasunaren maila, irakasleen funtzioak, ordu-murrizketa eta prestakuntza arautzen dira. V. kapituluan -"Ikastetxeen antolaketa" izenekoan-, hauek biltzen dira: atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinazioa, koordinatzailearen ordu-murrizketa, programaren urteko memoria, ikastetxearen hizkuntza proiektua eta ikastetxeek programetan sartu eta haietatik ateratzeko moduak. Foru agindu hau xedapen gehigarri batekin, bi xedapen iragankorrekin, xedapen indargabetzaile batekin eta azken xedapen batekin amaitzen da; Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indarrean hasteari buruzkoa da hori.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak baliatuta,
AGINTZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea Bigarren Hezkuntzan Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen (AHIP) garapena arautzea da. Programa horiek ingelesez, frantsesez eta alemanez emanen dira.
2. Foru agindu honen aplikazio eremua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ematen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan kokatuta dauden ikastetxe publiko eta pribatuak dira.
2. artikulua. Oinarriak eta printzipio metodologikoak.
Arlo guztietan gaitasunak ikasteko zenbait hizkuntza erabiltzea da programa hauen oinarria eta, halaber, Hizkuntzen Tratamendu Integratua, Eduki eta Atzerriko Hizkuntzen Ikaskuntza Integratua (EAHII), ikuspegi holistikoa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala halako programei eusten dieten printzipio metodologikoak dira, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen definizioa.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan (AHIP) atzerriko hizkuntza (ingelesa, frantsesa edo alemana) ordu gehiagoz erabiltzen da eta curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntza horretan ikasten dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, honako programa hauek izaten ahal dira:
- Bigarren Hezkuntza eleaniztuna (ingelesa, frantsesa edo alemana). Atzerriko hizkuntza batean ikasten dira hizkuntzakoak ez diren bi arlotako curriculum edukiak gutxienez, eta, gainera, jarraipena ematen die Lehen Hezkuntzako Ingelesez Ikasteko Programari (IIP), Frantsesez Ikasteko Programari (FIP) eta Alemanez Ikasteko Programari (AIP).
- Atal elebidunak (ingelesa, frantsesa edo alemana): Atal Elebidunen programak irakasgai bateko edo gehiagoko curriculum ofiziala garatzen du, ingelesa, frantsesa edo alemana komunikazio hizkuntza gisa, parte batean, erabilita. Frantseseko eta alemaneko atal elebidunetan, DBH 1en eta DBH 2n errefortzua jarriko da, modu orokorrean, atalei dagokien Atzerriko Hizkuntza irakasgairako. DBH 3ra eta DBH 4ra pasatutakoan, behin ikasleek hizkuntzaren gaineko ezagutza nahikoa izanik, ikastetxeak hizkuntzakoa ez den arlo bat (gutxienez) eskainiko du dagokion atzerriko hizkuntzan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan atzerriko hizkuntzen hainbat programa egoten ahalko dira ikastetxe bakoitzean, ikasleen artean gaitasun eleaniztunei dagokienez dagoen aniztasunari behar bezala erantzuteko. Proposamen zabalago honi esker, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten ahal dira atzerriko hizkuntzetan murgiltze maila bat baino gehiagorekin.
III. KAPITULUA. IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA
4. artikulua. Curriculuma.
Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek Nafarroako Foru Komunitatean egonik indarrean diren curriculum ofizialak garatuko dituzte, halako programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua. Ordu banaketa.
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako orokorrean ezarritako indarreko araudiaren arabera banatuko dira arloak kurtso edo ikasturteetan, bai eta haien ordutegiak ere; halaber, ikasleen gaitasunak garatzera bideratuta egonen dira.
2. Astero atzerriko hizkuntzan emanen diren saioak, Atzerriko Hizkuntza irakasgaikoak barne, honela banatuko dira:
3. 2. artikuluan ezarritako gutxieneko saio kopurura iristeko, ingelesez, frantsesez edo alemanez emanen dira, orokorrean, arlo hauetako edukiak:
- Atzerriko Hizkuntza.
- Geografia eta Historia.
- Biologia eta Geologia.
- Fisika eta Kimika.
- Gorputz Hezkuntza.
4. 2. puntuan xedatutakoa alde batera utzi gabe, atzerriko hizkuntzetan emateko saioen kopuru jakin bat eman nahi duten ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek hizkuntza gaietan eskumena duen zerbitzuaren baimenaren bidez ematen ahalko dituzte saio horiek, hezkuntza ikuskaritzaren arloan eskumena duen zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren, betiere itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan hezkuntza ituna aldatzen ez bada, eta, ikastetxe publikoen kasuan, Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jotako baliabideak ematen baditu.
5. 3. puntuan adierazitakoez gain, beste irakasgai batzuk ere atzerriko hizkuntzetan eman nahi dituzten eta plantillan beharrezkoak diren giza baliabideak eta irakasle horien konpromisoa duten ikastetxeek hizkuntza gaietan eskumena duen zerbitzuaren baimenaren medioz egiten ahalko dute hori, hezkuntza ikuskaritzaren arloan eskumena duen zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren betiere.
6. Frantsesez eta alemanez ikasteko programetan, salbuespenez, 3. puntuan ezarritakoez bestelako ikasgai batzuk ere irakasten ahalko dira, hizkuntza gaietan eskumena duen zerbitzuaren baimenarekin betiere, eta hezkuntza ikuskaritzaren arloan eskumena duen zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren.
7. Atal elebidunetan, irakasgaiak partzialki ematen ahalko dira atalaren xede den atzerriko hizkuntzan; halako kasuetan, bermatu eginen da ordutegiaren gutxienez %50 atzerriko hizkuntzan ematen dela.
8. Bigarren Hezkuntza Eleaniztunean ikasitako irakasgaiak osorik eman beharko dira atzerriko hizkuntzan.
6. artikulua. Atzerriko hizkuntzaren irakasgaia.
Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetako Atzerriko Hizkuntza irakasgaia ikastetxean behin betiko lanpostua izanik hizkuntza horretan espezialistak diren irakasleek emanen dute lehentasunez.
Hizkuntza horretan irakasten diren gainerako irakasgaiak indartzeko edukiak ematen ahal dira.
7. artikulua. Aniztasunari erantzutea.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ikasle guztien hezkuntza premia orokor eta bereziak betetzeko deskribatutako hezkuntza jarduera guztiak biltzen ditu aniztasunari erantzuteak:
1. Inklusio Planaren barnean (abuztuaren 29ko 69/2023 Foru Agindua), ikastetxeek aniztasunari erantzuteko neurriak aurreikusi eta garatuko dituzte, hots, ikasle guztiei hezkuntza arloko erantzun egokia emateko beharrezkoak direnak. Xedea zera da, ikasleei gaitasunak garatzen laguntzea, haien askotariko motibazioak, interesak, jarrerak eta gaitasunak kontuan hartuko dituen antolaketa dinamika bat ezarrita.
2. Neurri inklusiboak hartuko dira ikasle guztiek, bereziki hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenek, irteera profilean aurreikusitako gaitasunak eskuratu ditzaten. Neurri haietako batzuk izaten ahal dira ohiko taldean laguntza ematea, taldekatze malguak egitea edo curriculumaren egokitzapenak, bai eta malgutzearen alde egitea eta alternatiba metodologikoak erabiltzea atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan eta ebaluazioan, batez ere hura ulertzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan. Ikastetxeak baloratuko du ikasleek zein hizkuntzatan hartu behar duten hezkuntza laguntza, gaztelaniaz, euskaraz edo atzerriko hizkuntzan.
3. Ikasleak, oro har, ez dira atzerriko hizkuntzan emandako saioen %30 baino gehiago beren erreferentzia taldetik bereizita egonen, arrunta ez den hezkuntza arretaren ondorioz, salbu eta hizkuntzen arloaren ardura duen zerbitzuak behar bezala justifikatuta eta baimenduta ez badago eta hezkuntzako ikuskapenaren ardura duen zerbitzuak aldeko txostena ematen ez badu.
1. Programa horiei atxikitako ikasleen ebaluazioa eta sustapena Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa erregulatzeko araudian orokorki xedatutakoaren arabera arautuko da, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
2. Ikasleen ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da, eta, erreferente nagusi gisa, kontuan hartuko du etaparako ezarritako helburuak lortu ote diren eta irteera profilean aurreikusitako gako-gaitasunak zenbateraino bereganatu diren, ikasgai edo esparru guztiei dagokienez.
3. Hizkuntzen ikaskuntzaz bestelako irakasgaiak arlo bakoitzeko berariazko gaitasunen eskurapen mailaren arabera kalifikatuko dira.
4. Ikasleen espediente akademikoan adierazi eginen da ikasketak Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa batean egin direla, programa horren xede den atzerriko hizkuntza zehazteaz gainera. Inguruabar hori eginbide baten bidez jasoko da, testu honekin:
"Espediente akademiko honen ikasle titularrak Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen barruko irakaskuntzak egin ditu jarraian adierazitako hizkuntzan eta kurtsoetan: [dagokion hizkuntza atzerritarra], [zehaztu beharreko hezkuntza maila eta etapa]".
9. artikulua. Etapa arteko protokoloa.
1. 43/2023 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko jarraitutasuna eta kohesio pedagogikoa bermatzeko, bilerak eginen dira, koordinaziorako eta etapa horietako irakasleen artean informazioa transmititzeko. Horien artean, hauekin lotutako alderdiei helduko zaie:
- Ikasleen hizkuntza gaitasuna.
- Ikasleen premia akademikoak eta pertsonalak.
- Aniztasunari erantzuteko neurriak.
- Langileak eta materialak.
- Alderdi didaktikoak, antolaketakoak eta metodologikoak.
2. Lehen Hezkuntzako 6. mailako lehen hiruhilekoan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako irakasle tutoreek orientazio aholku bat emanen dute ikasleentzat, atzerriko hizkuntzako hizkuntza gaitasunaren maila kontuan hartuta; zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Atzerriko Hizkuntzan Ikasteko Programa baten jarraitutasunaren egokitasunari buruz aholkatuko dute. Horretarako, diseinatutako eta Educan integratutako tresna erabiliko da. Tresna horrek Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren deskribatzaileei jarraitzen die, eta aholku orientagarri egokia emateko ezinbestekoak diren beste alderdi akademiko eta jarrerazko batzuk ere jasotzen ditu.
3. Tutoretza ekintzaren bidez, familiei aholku horren berri emanen zaie, eta ikasturtean zehar aldatu egiten ahalko da, ikasleen bilakaeraren arabera.
III. KAPITULUA. IKASLEAK
10. artikulua. Atzerriko hizkuntzako hizkuntza gaitasunaren maila.
Ikasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza gaitasunaren maila hemen ezarritakoari jarraikiz arautuko da: Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ulermen, ekoizpen, elkarreragin eta bitartekaritzaren esparruko komunikazio jarduerak eta estrategiak praktikan jartzea lagungarria izanen da etapari dagokion hizkuntza gaitasunaren maila erdiesteko.
11. artikulua. Bateratzeak.
Ikasle taldeen antolaketa eta banaketa Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera egin beharko da.
12. artikulua. Ikasleen sarrerairteerak.
1. Ikasleen sarrera:
1.1. Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeetatik datozen ikasleek Bigarren Hezkuntza Eleaniztuna ikasten jarraitzeko aukera izanen dute.
1.2. Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programarik ez duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeetatik datozen ikasleek hurrengo ikasturteetako programetan sartzeko eskatzen ahalko dute, baldin eta, dagokion koordinazio didaktikoko departamentuaren irizpidearen arabera eta ikastetxeko zuzendaritzaren baimenarekin, ikasturterako maila egokira iristen badira. Horretarako, egokitzat jotako maila probak aplikatzen ahalko dituzte.
1.3. Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programarik egiten ari ez diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek hurrengo ikasturteetako programetan sartzeko eskatzen ahalko dute, baldin eta, dagokion koordinazio didaktikoko departamentuaren irizpidearen arabera eta ikastetxeko zuzendaritzaren baimenarekin, ikasturterako maila egokira iristen badira. Horretarako, egokitzat jotako maila probak aplikatzen ahalko dituzte.
1.4. Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa bat egitea erabakitzen duten ikasleek etapa osoan eginen dute programa hori.
2. Irteera:
2.1. Salbuespen gisa, ikasleak Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programa egiteari uzten ahalko dio edozein ikasturte bukatutakoan, gurasoak edo legezko tutoreak eskabidea idatziz aurkeztu eta gero. Eskabidea ikastetxeko zuzendariari bidaliko zaio, eskaeraren arrazoiak adierazita. Zuzendariak, irakasle taldeari eta orientazio departamentuari kontsulta egin ondoren, eskabidearen gaineko ebazpena emanen du.
2.2. Ikasleen sarrerek edo irteerek hurrengo ikasturtearen hasieran izanen dute eragina.
IV. KAPITULUA. IRAKASLEAK
13. artikulua. Atzerriko hizkuntzako hizkuntza gaitasunaren maila.
Programa horiek emateko, programaren xede den atzerriko hizkuntzaren titulazio maila egiaztatu beharko dute irakasleek, Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.
14. artikulua. Irakasleen eginkizunak.
Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, programa horietan eskolak ematen dituzten irakasleek honako funtzio hauek izanen dituzte:
a) Ikasmaila bakoitzaren hasieran, programaren berariazko programazio didaktikoa prestatzea.
b) Programa koordinatzeko bileretara joatea eta haietan aktiboki parte hartzea.
c) Urteko memoria, hizkuntza gaitasuneko txostenak eta aholku orientatzaileak prestatzen parte hartzea.
d) Berariazko prestakuntzako jardueretan, material didaktikoak eta curriculumekoak prestatzeko mintegietan edo lantaldeetan parte hartzea, bereziki ikastetxeak atzerriko hizkuntzetako programa ezartzeari eta berrikusteari buruzko lanetan.
15. artikulua. Irakasleen ordumurrizketa.
Sare publikoko ikastetxeetan, zuzeneko irakaskuntzakoa izanen ez den irakastordu bat esleituko zaio hizkuntzetakoak ez diren irakasgaiak irakasten dituen eta programaren barnean gutxienez irakasgai bat komunikazio-hizkuntzan ematen duen irakasle bakoitzari, bere irakasgaia prestatzeko eta egokitzeko. Konpentsazio hori bateraezina izanen da atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan parte hartzeagatik aldi berean gauzatzen diren beste ordu-murrizketa batzuekin.
Programan parte hartzen duten irakasle guztiek, hizkuntzetako irakasgaiak zein hizkuntzetakoak ez diren irakasgaiak eman, ordu osagarri bat izanen dute beren ordutegian (ahal delarik ordutegi berean) koordinazio lanetarako: bilerak, txostenak eta memoriak idaztea, edo bestelako eginkizunak.
16. artikulua. Irakasleen prestakuntza.
Halako programetan parte hartzen duten irakasleen prestakuntza honako hauetara bideratuta egonen da: hizkuntzaren, didaktikaren eta metodologiaren arloan beharrezko ezagutzak eskuratzea, eguneratzea eta hobetzea, Atzerriko Hizkuntzak Ikasteko Programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera betiere.
V. KAPITULUA. IKASTETXEEN ANTOLAKAETA ALDERDIAK
17. artikulua. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinazioa.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek pertsona bat izendatuko dute programaren koordinazioaz arduratzeko, programaren funtzionamendu egokia bermatze aldera; atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautzen dituen apirilaren 26ko 43/2023 Foru Dekretuaren 13. artikuluan deskribatzen dira haren ezaugarriak eta funtzioak. Zuzeneko dedikazioa izanen du ikasleentzat, bere funtzioak beteko dituela bermatze aldera.
18. artikulua. Koordinazio figuraren ordumurrizketa.
Ikastetxe publikoetan, koordinazioa bere gain hartzen duen pertsonak ordubete izanen du zuzeneko irakaskuntza murrizteko, koordinazio lanaren ondoriozko berezko eginkizunetarako.
19. artikulua. Programaren urteko memoria.
Ikasturte bakoitza bukatzen denean, atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen koordinatzaileak programaren urteko memoria prestatu eta Hezkuntza Departamentuan atzerriko hizkuntzen arloan eskumena duen zerbitzura igorriko du. Memoriak honako alderdi hauek bildu beharko ditu, besteak beste:
a) Arloak atzerriko hizkuntzan eta emaitzen balorazioa.
b) Programaren xedeko hizkuntza komunikazio-hizkuntza gisa tratatzeko erabilitako baliabide material eta metodologikoak.
c) Erabilitako metodologia aktiboak.
d) Aniztasunari erantzuteko hartutako neurriak.
e) Egonaldiak, trukeak, programak eta jarduerak, zeinetan ikastetxeak parte hartzen baitu.
f) Jasotako prestakuntzaren balorazioa.
g) Hobetzeko proposamenak.
20. artikulua. Ikastetxeko hizkuntza proiektua.
1. Ikastetxeek ikastetxeko hizkuntza proiektu bat izan beharko dute, eta, proiektu horretan, hizkuntzen koordinazioa, hizkuntzen tratamendu integratua, eleaniztasuna sustatzea eta hizkuntza aniztasuna bultzatzea sustatu beharko dira, Nafarroako hezkuntza sistemak hizkuntza komunikaziorako gaitasunaren arloan duen kalitatea hobetzeko. Hizkuntza arloko hezkuntza proiektuak bat etorri behar du ikastetxearen plangintza dokumentuekin eta curriculum zehaztapenekin, etengabe eguneratzeaz gainera.
2. Ikastetxearen hizkuntza proiektuak foru agindu honen 5. artikuluaren arabera ikastetxe bakoitzak ezarri duen curriculum antolaketa eta asteko ordu banaketa jaso beharko ditu, gutxienez lau urtez egonkortasuna bermatzeaz gain.
21. artikulua. Ikastetxeak programetan sartzea edo haietatik ateratzea.
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek, baldin eta atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeek atzerriko hizkuntzan ikasteko programa bat badute, Bigarren Hezkuntza Eleaniztunean jarraituko dute, dagokion hizkuntzan.
2. Atal elebidunen kasuan, ikastetxeek hizkuntzen arloan eskumena duen zerbitzura sartzeko edo bertatik irteteko eskatuko dute. Ikastetxea lau ikasturtez edo gehiagoz egonen da programan, eta ikastetxeak bermatu beharko du programak jarraituko duela, programan jadanik sartu diren ikasleek etaparen bukaeran programa horretan segituko dutela bermatzeko. Hizkuntzen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen bat onartuko da, programetara sartzeko edo hortik irteteko eskatzeko prozedura zehazteko.
3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, lehen ikasmailan hasiko da atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak ezartzen, eta pixkanaka jarraituko da, ikasmailaz ikasmaila.
Xedapen gehigarri bakarra. Salbuespenak.
Foru arau honetan xedatutakoaren edozein salbuespen ikastetxeak eskatu beharko dio, behar bezala arrazoituta, hezkuntzako ikuskapenean eskumena duen zerbitzuari, hark aztertu eta, egokitzat joz gero, onar dezan.
Lehenengo xedapen iragankorra. Ordu banaketa eta irakasgaiak.
2023-24 ikasturtean 5. artikuluan ezarritakoari jarraikitzen ez dioten ordu banaketa eta irakasgai banaketa atzerriko hizkuntzan ematen ari diren ikastetxeek 2024-25 ikasturtean ere horiekin jarraitzen ahalko dute.
Bigarren xedapen iragankorra. Ikastetxearen hizkuntza proiektua.
Ikastetxearen hizkuntza proiektua, behin foru agindu honetara egokituta dagoela, 2025/2026 ikasturtean hasiko da indarrean, 20. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Orobat, indarrik gabe geratzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arauak.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.