(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

28/2024 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 20KOA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA ENPRESEN SUSTRAITZEAREN ALDEKO ETA ENPRESEN DESLOKALIZAZIOAREN AURKAKO NEURRIEI BURUZKO ABENDUAREN 16KO 18/2020 FORU LEGEA GARATZEN DUEN ERREGELAMENDUA

BON N.º 73 - 11/04/2024



  ERREGELAMENDUA, ZEINAREN BIDEZ GARATZEN BAITA 18/2020 FORU LEGEA, ABENDUAREN 16KOA, ENPRESEN SUSTRAITZEAREN ALDEKO ETA ENPRESEN DESLOKALIZAZIOAREN AURKAKO NEURRIEI BURUZKOA

  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

  II. KAPITULUA. ENPRESEN DESLOKALIZAZIOA

  III. KAPITULUA. ENPRESAREN DESLOKALIZAZIOA DEKLARATZEKO PROZEDURA

  IV. KAPITULUA. DIRULAGUNTZAK ITZULTZEA


ZIOEN AZALPENA

Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legeak ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo foru-sektore publiko instituzionalaren laguntzak jasotzen dituzten enpresek balizko deslokalizazio prozesuen aurrean izan beharreko betebehar eta mugak.

Aipatu foru legearen atarikoan adierazten denez, eta Europar Batasunean egin bezala, beharrezkoa da neurri juridikoak hartzea laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek ez ditzaten deslokalizatu beren jarduera ekonomikoak; izan ere, horrek Nafarroan lanpostuak galtzea eragin dezake, baita ekonomia-, ekoizpen- eta industria-ehunean arazoak eragin ere. Zehazki, 18/2020 Foru Legeak enpresen sustraitzearen alde jasotzen duen neurria da Nafarroan lantoki bat duten enpresek, baliabide publikoak jaso ondoren, azken zortzi urteetan jasotako laguntza guztiak itzuli beharko dituztela Nafarroatik kanpo eramaten badute produkzioa edota nabarmen murrizten badute.

Foru lege horrek, artikuluetan zein xedapen gehigarri bakarrean, adierazten du beharrezkoa dela erregelamendu bat onestea legean araututakoa garatzeko.

Erregelamendu honek 23 artikulu ditu, lau kapitulutan banatuak:

Lehen kapituluan ("Xedapen orokorrak") lau artikulu daude, eta horietan jasotzen dira xedapen orokorrak, zeinek zehazten baitute erregelamenduaren xedea eta aplikazio eremu subjektiboa eta objektiboa, eta oroitarazten baitute enpresek Nafarroan laguntza publikoak jasotzeagatik hartu behar duten konpromisoa.

Bigarren kapituluan ("Enpresen deslokalizazioa"), bost artikulu daude eta 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluko edukia osatzen dute. Lehenak identifikatu egiten ditu enpresaren deslokalizazioa gertatu dela deklaratzeko izan behar diren bi baldintzak. Hurrengoek zehatz azaltzen dute baldintza horietako bakoitza, eta azkenak salbuespen kasu bat ezartzen du.

Hirugarren kapituluan ("Enpresen deslokalizazioa deklaratzeko prozedura"), hamar artikulu daude, eta horietan arautzen da enpresak deslokalizatu direla deklaratzeko prozedura: hasierako fasea, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidezko ebazpena, prozedura iraungitzea eta deklarazioa egiteko preskripzio edo epea.

Laugarren kapituluan ("Laguntzak itzultzea"), azkenik, lau artikulu daude. Lehenak adierazten du zer ondorio izanen dituen Nafarroan enpresa batek jarduera deslokalizatzeak; hau da, enpresak azken zortzi urteetan jasotako laguntzak itzuli beharko ditu. Gainerako artikuluetan zehazten da enpresak deslokalizatzearen ondorioz laguntzak itzultzeko eskatzeko eskumena eta prozedura.

Hortaz, foru dekretu honek onesten duen erregelamenduaren xedea da beharrezko xedapenak jasotzea Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legea garatu eta aplikatzeko.

Horrenbestez, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko martxoaren hogeian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren onespena.

Onesten da Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzen diren xedapenak.

Foru dekretu honek indarra hartzean, indargabeturik geldituko dira bertan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERREGELAMENDUA, ZEINAREN BIDEZ GARATZEN BAITA 18/2020 FORU LEGEA, ABENDUAREN 16KOA, ENPRESEN SUSTRAITZEAREN ALDEKO ETA ENPRESEN DESLOKALIZAZIOAREN AURKAKO NEURRIEI BURUZKOA

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legea garatzea. Lege horrek ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo foru-sektore publiko instituzionalaren laguntzak jasotzen dituzten enpresek balizko deslokalizazio prozesuen aurrean izan beharreko betebehar eta mugak.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

Erregelamendu hau aplikatzekoa izanen da Nafarroan lantoki bat duten enpresetan, Langileen Estatutuaren 1. artikuluko 5. apartatuan adierazitakoaren arabera, enpresaren egoitza soziala edo fiskala dena delakoa izanik ere, eta baldin eta ondorengo artikuluan adierazitako laguntzak jaso badituzte.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, laguntzak izanen dira honako hauek:

a) Dirulaguntzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 2. artikuluan adierazitakoaren araberakoak.

b) Jasotako beste edozein laguntza, edozein forma juridikotakoa, erregelamendu honen 1. artikuluan jasotako entitateek emandakoa, baldin eta laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan jasotako irizpideak betetzen baditu.

2. Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen zein erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo geldituko dira I+G+b sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak, lehiakortasuna hobetzea edo jakintza transferitzea helburua badute.

3. Erregelamendu hau ez da aplikatuko merkatuaren baldintzetan eginiko zerbitzu eta negozio juridikoetan, ezta egoera fiskal bereziak aitortzean ere (zerga-arinketak, zerga-salbuespenak, kenkariak eta antzekoak).

4. artikulua. Enpresaren konpromisoa.

Enpresa onuradunek ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzeko betebeharra jaso beharko da deialdien oinarrietan zein laguntzak emateko oinarri diren hitzarmenetan edo beste edozein tresna juridikotan.

II. KAPITULUA. ENPRESEN DESLOKALIZAZIOA

5. artikulua. Enpresen deslokalizazioa.

Erregelamendu honen ondorioetarako, enpresa bat deslokalizatu egin dela ulertuko da bi baldintza hauek batera gertatuz gero:

a) Enpresak Nafarroan gauzatzen duen jarduera guztiz etetea edo nabarmen murriztea.

b) a) letran adierazitako bi baldintzetako bat gertatu eta aldi berean, edo gertatu eta aurreko edo hurrengo hiru urteetan, Nafarroan gauzatzen zuen jarduera bera foru komunitatetik kanpo gauzatzea, enpresa beraren bidez zein beste enpresa baten bidez, azken horrek Nafarroan zegoen enpresarekin Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako harremanetako bat badu.

6. artikulua. Enpresaren jarduera etetea.

18/2020 Foru Legearen 4.2 artikuluaren arabera, enpresak Nafarroan gauzatzen duen jarduera eten duela ulertuko da honako hauek gertatuz gero:

a) Enpresa desegitea, kapital sozietateei buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

b) Enpresak Nafarroan dituen ekoizpen-instalazio guztiak ixtea.

c) Enpresak Nafarroan dituen ekoizpen-instalazio batzuk ixtea eta ondorengo artikuluan adierazitako baldintzetan jarduera nabarmen murriztea.

7. artikulua. Enpresaren jarduera nabarmen murriztea.

1. 18/2020 Foru Legearen 4.3 artikuluari jarraikiz, ulertuko da enpresak Nafarroan gauzatzen duen jarduera nabarmen murrizten dela baldin eta Foru Komunitatean duen langile kopurua murrizten badu halako moldez non murrizketa aurretik zeukan langile kopuruaren erdia baino gutxiago gelditzen diren.

2. Langile kopuruaren murrizketaren irismena kalkulatzeko, aztertuko da enpresak Nafarroan duen plantillaren batezbestekoa, eta, horretarako, aintzat hartuko da 5. artikuluan adierazitakoa gertatu aurreko bi urtean plantillan izandako aldaketa.

3. Enpresaren deslokalizazioa gertatzeko, gutxienez 25 langile gutxiago izan beharko dira enpresan, kontratu mugagabea dutenak zein aldi baterako kontratua dutenak izan.

8. artikulua. Enpresak jarduera Nafarroatik kanpo gauzatzea.

18/2020 Foru Legearen 4.4 artikuluari jarraikiz, ulertuko da enpresak jarduera bera Nafarroatik kanpo gauzatzen duela, baldin eta enpresa bera edo sozietateen talde bereko beste enpresa bat jarduera beste toki batean egiten hasten bada edo kanpoko jarduera igotzen bada Nafarroan eten den edo nabarmen murriztu den proportzio berean.

Hori aztertzeko, jarduera bera dela ulertuko da bat datozenean EJSNko (ekonomia-jardueren sailkapen nazionaleko) 4 zenbakiak.

9. artikulua. Salbuesteko kasua.

1. 18/2020 Foru Legearen 4.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, behar bezala egiaztatutako aparteko kasuetan ulertuko da ez dela enpresa deslokalizatzen, baldin eta, 5. artikuluan ezarritakoak gertatu eta aldi berean, enpresak edo sozietateen talde bereko beste enpresa batek Nafarroan beste jarduera batzuei hasiera ematen badie eta ezabatutako lanpostu kopuru berdina edo gehiago sortzen baditu.

2. Erregelamendu honen 10. artikuluan ezarritako prozedurari hasiera ematean aztertuko da ea aldi berean gertatzen diren aurreko apartatuan adierazitako gertakaria eta 5. artikuluan jasotako baldintzak.

III. KAPITULUA. ENPRESAREN DESLOKALIZAZIOA DEKLARATZEKO PROZEDURA

10. artikulua. Prozedurari hasiera ematea.

Enpresaren deslokalizazioa deklaratzeko prozedura ofizioz eginen du enpresen garapenaren arloan eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuko titularrak, beraren ekimenez zein goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuen arrazoibidezko eskaeraren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.

11. artikulua. Informazioa eta aurretiazko jarduketak.

1. Prozedurari hasiera eman baino lehen, hura gauzatuko duen organo eskudunak informazioaren eta aurretiazko jarduketen aldia irekitzen ahalko du, egoera zehatza aztertzeko eta prozedurari hasiera ematea komeni den edo ez baloratzeko.

2. Aurretiazko jarduketak eginen dira zehazteko enpresaren deslokalizatzea eragin duten kausak gertatu diren; jarduketa horiek prozedurari hasiera emateko organo eskudunak ezarritako organoak egin beharko ditu.

12. artikulua. Hasiera emateko txostena.

1. Hasiera emateko txostenean adierazi beharko dira enpresaren deslokalizazioa eragin ahal izan duten arrazoiak eta gertakizunak. Halaber, adierazi beharko da zein den organo eskuduna prozedura instruitzeko eta hura ebazteko.

2. Deslokalizazioa deklaratzeko prozedurari hasiera emanen dion txostena ukitutako enpresari jakinarazi beharko zaio.

13. artikulua. Instrukzio organoa.

Prozedurari hasiera eman beharko dio deslokalizatzeko prozedura hasteko txostenean hautatutako pertsonak, zeinak lanpostu juridiko bat izan beharko baitu.

14. artikulua. Instrukzio egintzak.

Instrukzio organoak honako txosten hauek eskatu beharko ditu:

a) Enpresen garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren txostena; bertan adierazi beharko da Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan aipatu deslokalizaziorako baldintzak gertatu direla.

b) Ukitutako enpresari laguntzak eman dizkioten Nafarroako Gobernuko departamentu(ar)en eta Nafarroako foru-sektore publiko instituzionalaren entitateen txostenak; bertan adierazi beharko da enpresak itzuli behar duen zenbatekoa.

15. artikulua. Alegazioak eta informaziorako eskubidea.

1. Enpresak eskubidea izanen du prozeduraren edozein unetan egoki deritzona alegatzeko.

2. Horrez gain, enpresak eskubidea izanen du edozein momentutan espedientearen egoera ezagutzeko eta bertan dauden dokumentu, txosten eta aurrekariak jasotzeko, baita horien kopiak jasotzeko ere.

3. 14. artikuluan aipatu txostenak eman ondoren, horiek enpresari jakinaraziko zaizkio ahalik eta lasterren, hark txostenak jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean alegazioak aurkez ditzan.

16. artikulua. Ebazpen proposamena.

1. Instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du txostenak jaso ondoren eta ukitutako enpresak alegazioak egin ondoren.

2. Ebazpen proposamena arrazoitua izanen da eta proposatu beharko du enpresaren deslokalizazioa deklaratzea edo deslokalizazioaren deklarazioa bertan behera uztea. Horrez gain, interesdunak alegatutako puntuei buruzko irizpena eman beharko du.

17. artikulua. Entzunaldiaren izapidea.

Prozedura instruitu ondoren, interesdunari jakinaraziko zaio eta horrek hamabost eguneko epea izanen du alegazioak aurkezteko.

18. artikulua. Prozeduraren ebazpena.

1. Entzunaldia izapidetzen amaitu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du, eta Nafarroako Gobernura igorriko du enpresen garapenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren bidez.

2. Prozedura Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez ebatziko da.

3. Erabaki hori arrazoitua izan beharko da eta interesdunak alegatutako puntuei buruzko irizpena eman beharko du; halaber, deslokalizazioa deklaratzea edo bertan behera uztea erabakitzen ahalko du.

Erabakian, hala badagokio, adieraziko da enpresaren deslokalizazio eguntzat hartzen den data, eta hori hartuko da kontuan erregelamendu honetan xedatutakoaren ondorioetarako.

4. Erabakia enpresari jakinaraziko zaio eta haren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

19. artikulua. Iraungitzea eta preskribatzea.

1. Prozedurari hasiera emateko txostena jakinarazi eta sei hilabete igaro ondoren ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, enpresaren deslokalizazioaren deklarazioaren prozedura iraungiko da.

2. Ezin izanen da enpresaren deslokalizazioaren deklarazioaren prozedura hasi 5. artikuluan adierazitako baldintzak gertatu eta lau urte igaro badira; kasu horretan, ulertuko da Administrazioak deklarazio hori egiteko eskubideak preskribatu duela.

IV. KAPITULUA. DIRULAGUNTZAK ITZULTZEA

20. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

1. Deslokalizazioaren deklarazioaren ondorioz, enpresak azken zortzi urteetan jaso dituen dirulaguntzak itzuli beharko ditu, deslokalizazioa deklaratzen duen Nafarroako Gobernuaren erabakiak ezartzen duen egunetik atzera zenbatuta, erregelamendu honek ezarritako baldintzei jarraikiz.

2. Enpresaren deslokalizazioaren deklarazioa irmoa denean, enpresak laguntzak itzultzeko prozedura hasiko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan ezarritakoari jarraikiz eginen dena.

21. artikulua. Dirua itzultzeko eskatzeko eskumena.

Deslokalizazioa egin duen enpresak jasotako laguntza bakoitza itzul dezan eskatzeko eskumena izanen du laguntza eman duen Nafarroako Gobernuko departamentuak edo foru-sektore publiko instituzionalaren entitateak.

22. artikulua. Itzultzeko prozedura.

1. Laguntza itzultzeko prozedura hasteko ebazpenean adierazi beharko da itzuli beharreko zenbateko osoa. Horren barruan sartuko da bai printzipala baita laguntza jaso zenetik enpresaren deslokalizazioaren deklarazioa egin den egunera arte sortutako berandutze-interesak ere. Emandako laguntza ez bada dirulaguntza bat izan, itzuli beharrekoa kalkulatzeko, laguntzaren zenbatekoa izanen da Europar Batasunaren araudian ezarritakoaren arabera dagokion dirulaguntza baliokide gordina.

Gainera, enpresak itzuli beharreko laguntzaren ehuneko hogeiko errekargua ordaindu beharko du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean ezarritako kasuetan izan ezik.

2. Itzultzeko prozedura hasteko ebazpena jakinarazi ondoren, enpresak hamabost eguneko epea izanen du alegazioak aurkezteko.

3. Itzultzeko prozedura laguntza eman zuen organoak ebatzi beharko du eta ebazpen hori enpresari jakinaraziko zaio hamabi hilabeteko epean.

4. Dirulaguntzak itzultzea eskubide publikoko diru-sarrera da; horregatik, aplikatzekoa da Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea.

23. artikulua. Premiamendubidea.

Itzuli beharraren gaineko ebazpena irmoa izatean, enpresak hiru hilabeteko epea izanen du laguntza itzultzeko. Epe hori igarotzean ez bada laguntza itzuli, premiamendu-bidea hasiko da, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web