(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

27/2024 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 20KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO BERDINTASUN UNITATEEN EGINKIZUNAK ETA HORIEN KOORDINAZIO EGITURAK ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 73 - 11/04/2024



  I. KAPITULUA. BERDINTASUN UNITATEAK


  II. KAPITULUA. BERDINTASUN UNITATEAK KOORDINATZEKO TRESNAK


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumena da, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasun politikak koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horren bidez, erakunde autonomo honen estatutuak onetsi ziren).

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoen esparru juridikoa da Estatuan. Lege horrek Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak garatzen ditu eta haren xedea da eragingarri egitea tratu- eta aukera-berdintasunerako eskubidea emakumeen eta gizonen artean, batez ere, emakumearen bereizkeria ezabatuz bizitzako edozein esparrutan. Lege horrek ezartzen duenez, gizarte demokratikoago, bidezkoago eta solidarioago bat lortzeko (1. artikulua), tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa kontuan hartuko da botere publiko guztien jardunean, zeharkakotasunez, eta administrazio publikoek printzipio hori modu aktiboan barneratu beharko dute, euren arau-xedapenak ematean nahiz betetzean, esparru guztietako politika publikoak zehaztu eta horien inguruko aurrekontuak egitean, eta euren jarduera guztiak garatzean (15. artikulua).

Bestetik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak -9. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatu egin ziren 2021. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren bidez- ezartzen du emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa zeharkakotasunez ezarriko dela Nafarroako Foru Komunitateko politika publiko guztien diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan, eta adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen eginkizuna izanen dela egiturak, programak eta prozedurak ezarri eta egokitzea beren jarduera administratibo eta politiko publikoetan pixkanaka genero-ikuspegia txertatzeko (9. artikulua). Horretarako, aurreikusten du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bakoitzean eta horien erakunde autonomoetan berdintasun unitate batek eginkizun horietan jardutea.

Berdintasunaren arloko esku-hartzeak izaera sistemikoa eta erantzukidea izan dezan, eta eraginkortasunez eragin dezan politika guztietan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako ordezkariek osatutako Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordeak ziurtatuko duela departamentuek genero-berdintasunaren arloan egiten dituzten jardueren koordinazioa. Arauak berak 11.2 artikuluan jasotzen duenez, Departamentuarteko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu-garapenaren bidez arautuko da, indarrean dagoen foru legean kide anitzeko organoetarako xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak xedatutakoari jarraikiz, arautzen dira berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak.

Testuinguru horretan, foru dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregulazio onerako ezarrita dauden printzipio hauekin: premia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Premia printzipioari dagokionez, arau honen bidez homogeneotasuna eman nahi zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateei, beren eginkizunak garatuz eta mendekotasun organikoa eta funtzionala nahiz lankidetza- eta koordinazio-sistemak ezarriz, egitura horiek eraginkortasuna eta eragina izan dezaten departamentuen prozesu, prozedura eta politiketan. Foru dekretua ere bat dator proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren eta efizientziaren printzipioekin, politika publiko guztietan berdintasuna benetako zeharkakotasunez aplikatzeko erregulazioa ezartzen baita. Azkenik, eta aurreko paragrafoetan azaldutakoaren ondorioz, foru dekretuak koherentzia du eta autonomia erkidegoko, estatuko eta nazioarteko ordenamendu juridikoari erantzuten dio; izan ere, Europako Batzordearen 2020-2025 aldirako Genero Berdintasunerako Estrategiak jasotzen duen bezala, Europar Batasunak gaur egun dituen erronka handi guztiek dute genero-dimentsioa, eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua lortzeko, ezinbestekoa da genero-ikuspegia txertatzea Europar Batasunaren politika eta prozesu guztietan.

Horrenbestez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen azken xedapenetako bosgarrenak -Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen dio foru legea aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan- ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko martxoaren hogeian egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. BERDINTASUN UNITATEAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 9. artikuluan xedatutako berdintasun unitateak eta horien koordinazio egiturak arautzea.

2. artikulua. Eraketa eta integrazio organiko eta funtzionala.

1. Berdintasun unitateak unitate administratiboak dira, berdintasun printzipioa modu aktiboan eta zeharkakotasunez aplikatzen dutenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzean eta haren erakunde autonomoetan, bai politika publikoen garapen fase guztietan -plangintza, kudeaketa eta ebaluazioa- bai hura ezartzearen ondoriozko administrazio prozedura guztietan. Berdintasun unitateak idazkaritza tekniko nagusietan integraturik egonen dira, departamentuetako zeharkako eginkizunen organo arduradunak direlako, eta honako hauek osatuko dituzte: idazkaritza tekniko nagusien titularrek -horiek izanen dira departamentu barneko batzordeetako buru- eta berdintasun teknikariek. Salbuespenez, eta espezializazio eta eraginkortasun arrazoiengatik, departamentu barneko batzordeetako buruak eta berdintasun unitateak gutxienez zerbitzu maila duten beste unitate batzuetan integratzen ahalko dira, edo haiei esleitu. Integrazio hori dagokion departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen foru dekretuan egin beharko da, eta departamentuaren arloko politika publikoen plangintzan, kudeaketan eta ebaluazioan genero-ikuspegia zeharkakotasunez aplikatzen dela bermatu.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzak eta haren erakunde autonomo bakoitzak gutxienez berdintasun unitate bat izanen du, arduratuko dena genero-ikuspegia zeharkakotasunez aplikatzeaz kasuan kasuko politiken planifikazioan, kudeaketan eta ebaluazioan, ezertan galarazi gabe berdintasun teknikari berak betetzen ahal dituela eginkizunak berdintasun unitate batean baino gehiagotan.

3. Berdintasun unitate horietako teknikariek genero-berdintasunean egon behar dute prestaturik, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikita egonen dira. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak hautatuko du, institutu horri atxikitako langile guztietatik, nor arituko den berdintasun unitate bakoitzean.

4. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak aholkularitza, laguntza eta laguntza teknikoa emanen die berdintasun unitateei, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 9. artikuluak ezartzen dizkien eginkizunak bete ditzaten.

3. artikulua. Eginkizunak.

Berdintasun unitateetako teknikariek ziurtatuko dute benetan betetzen dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea, eta sostengua zein laguntza espezializatua emanen diete departamentuei berdintasuna zeharkakotasunez aplikatzeko beren politiketan, bai eta haren aplikazioaren ondoriozko administrazio prozeduretan ere. Horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak gainbegiratuta, eta genero-ikuspegia zeharkakotasunez aplikatzeko beharrezkoak diren beste eginkizun batzuk alde batera utzi gabe, honako eginkizun hauek beteko dituzte:

1. Plangintza, jarraipena eta ebaluazioa:

a) Departamentu bakoitzaren hasierako egoera aztertzea, berdintasunaren arloan erreferentziazkoa den zeharkako araudiari eta araudi sektorialari erantzuteko eta jarduteko lehentasunak identifikatzeko.

b) Departamentu bakoitzaren eta horien erakunde autonomoen urteko berdintasun plana egitea, Nafarroako Gobernuak ezarritako helburu eta gidalerro orokorrekin bat.

c) Aholkularitza ematea departamentu bakoitzari eta horien erakunde autonomoei urteko berdintasun planak abian jartzeko, eta beren ardurapeko ekintzak gauzatu.

d) Informazioa biltzea urteko berdintasun planen jarraipenerako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zehaztutako jarraipen sistematik abiatuta.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen ebaluazioan parte hartzea, bai eta berdintasun arauditik abiatuta Nafarroako emakumeen eta gizonen berdintasunerako egiten diren plan estrategikoen ebaluazioan ere.

f) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak agintzen dizkion gaiak garatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea benetan betetzeari lotuta badaude.

2. Komunikazioa, informazioa eta azterlanak:

a) Departamentuei eta horien erakunde autonomoei aholkularitza ematea, kabineteekin eta komunikazio zerbitzuekin lankidetzan, erabiltzen den barne eta kanpo komunikazioak, publizitatea barne, berdintasunaren balioak azal ditzan, androzentrikoa eta sexista izan gabe.

b) Jarraibideak eta tresnak sortzea departamentuek eta horien erakunde autonomoek hizkera inklusiboa erabil dezaten, ikusarazteko emakumeak eta haiek esparru guztietan egiten dituzten ekarpenak.

c) Informazioa sortzea departamentuen eta horien erakunde autonomoen berdintasun arloko lorpenen berri emateko eta lorpen horiek zabaltzea.

d) Departamentu bakoitzean eta horien erakunde autonomoetan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko txostenak, ikerketak eta azterlanak egin daitezen sustatzea, eta, Nafarroako Estatistika Institutuarekin (Nastat) koordinatuta, politika sektorialetako genero-arrakala nagusiak identifikatzea, jarduera zuzentzaileak bultzatzeko.

e) Estatistika eragiketak eta genero adierazleak proposatzea departamentuen eskumeneko eremuetan.

f) Departamentuei eta horien erakunde autonomoei proposamenak egitea eta aholkularitza ematea, pertsonei buruzko informazio estatistikoak sistematikoki sar dezan sexu aldagaia bilketan, tratamenduan eta analisian (memoriak, inprimakiak, eskaera-orriak, erregistroak, datu-baseak, etab.).

3. Aholkularitza eta laguntza teknikoa:

a) Departamentuetako eta horien erakunde autonomoetako langileei aholkularitza ematea emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa eraginkortasunez txerta dezaten araudia lantzean, plan estrategikoetan eta garrantzi berezikoetan, erreferentziazko programa eta proiektu sektorialetan, bai eta beren jarduera osoan ere.

b) Berdintasuna zeharka txertatzeko prozesua orientatzea departamentu bakoitzaren eta horien erakunde autonomoen laneko administrazio mekanismo eta prozeduretan, berdintasunerako arauzko aginduen eraginpean badaude.

c) Genero-ikuspegia arauzko xedapenetan eta planetan txertatzeko prozesuan, departamentuei eta horien erakunde autonomoei laguntza ematea, horiek egiten hasten diren unetik bertatik, genero-eraginaren aurretiazko ebaluazio txostenaren bidez. Txosten hori nahitaez egin behar da, txosten horien edukia eta egiteko prozedura arautzen dituen foru dekretuan ezarritakoaren arabera (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrena).

d) Departamentuetako eta horien erakunde autonomoetako organoei laguntzea berdintasun-klausulak txerta ditzaten kontratuen pleguetan eta dirulaguntza, beka eta bestelako laguntza publikoen deialdien oinarri arautzaileetan, eta berdintasun-klausulen betetze-mailaren eta eraginaren jarraipena egitea.

4. Berdintasunari buruzko prestakuntza:

a) Departamentu bakoitzaren berdintasunari buruzko urteko prestakuntza programa diseinatzea. Programa hori egiteko, departamentu bakoitzaren urteko berdintasun planen lehentasunak eta helburuak eta politika publikoetan genero-berdintasuna aplikatzeko prestakuntza ibilbidea hartuko dira kontuan. Gainera, departamentu bakoitzean urteko prestakuntza programaren zabalkundean lagunduko dute, eta jarraipena eginen diote.

b) Kasuan kasuko departamentuko edo organismoko langileei zuzendutako berdintasunari buruzko prestakuntza programak gauzatzen, horien jarraipena egiten eta ebaluatzen laguntzea, NAPIrekin edo departamentu bakoitzeko prestakuntza kudeatzeko erreferentziazko erakundeekin lankidetzan, kasua zein den.

5. Koordinazioa:

a) Bere eskumen arlokoak diren lantaldeetan eta lan eremuetan parte hartzea.

b) Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordean departamentu eta horien erakunde autonomo bakoitzak dituen ordezkariei laguntza ematea.

c) Foru dekretu honen bidez arautzen diren berdintasunerako departamentu barneko batzordeetan parte hartzea, horiek bultzatzea eta horiei aholku ematea.

4. artikulua. Baliabideak.

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak zehaztuko du berdintasun unitateetako teknikarien eskumenen esparrua. Erakundeari atxikitako teknikarien artean izendatuko ditu berdintasun unitate bakoitzean sartuko diren pertsonak, eta egin beharreko ordezkapenak ezarriko ditu.

2. Berdintasun unitateetako teknikariek erdi mailako teknikariak izan beharko dute, eta lanaldi osoko dedikazioa izanen dute eginkizunak betetzeko. Pertsona berak berdintasun unitate batean baino gehiagotan bete ahal izanen ditu eginkizunak.

3. Departamentu edo erakunde autonomo bakoitza arduratuko da berdintasun unitateei beren eginkizunak behar bezala betetzeko baliabide materialak eta teknikoak emateaz.

4. Berdintasun unitateetako teknikariak egoteko espazio fisikoa unitate horien ardura duen departamentuarena, erakunde autonomoarena edo erakunde publikoarena izanen da.

5. artikulua. Berdintasun unitateei atxikitako teknikarien prestakuntza.

1. Berdintasun politikak sustatzeko, diseinatzeko, ezartzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko eginkizunak behar bezala betetzeko, eta departamentuei eta erakundeei berdintasunaren arloko aholkularitza teknikoa emateko, berdintasun unitateei atxikitako teknikariek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza espezializatua eta espezifikoa izanen dute. Horretarako, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 9.2 artikuluaren arabera, bermatuko da berdintasun unitateak osatzen dituzten teknikariek prestakuntza dutela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.

2. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, departamentuen eta erakunde autonomoen laguntzarekin, etengabeko prestakuntzako programak ezarriko ditu urtero, berdintasun unitateei atxikitako teknikariak eguneratzeko eta birziklatzeko.

II. KAPITULUA. BERDINTASUN UNITATEAK KOORDINATZEKO TRESNAK

6. artikulua. Berdintasun unitateak koordinatzeko tresnak.

Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea eta berdintasunerako departamentu barneko batzordeak dira berdintasun unitateak koordinatzeko tresnak, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoari dagokio berdintasun unitateen koordinazio orokorra.

7. artikulua. Berdintasun unitateak koordinatzea.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokio Nafarroako Gobernuko departamentuetako eta horien erakunde autonomoetako berdintasun unitateen koordinazio orokorra.

8. artikulua. Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea.

1. Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordearen xedea da berdintasun politika koordinatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen eta horien erakunde autonomoen artean.

2. Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea sektoreen arteko elkarlan, lankidetza eta koordinazio organo bat da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika guztietan emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa txertatzeko.

3. Honako hauek izanen dira Departamentuarteko Batzordearen eginkizunak:

a) Laguntza ematea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia bete dadin.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko jarduketak koordinatzen direla ziurtatzea.

c) Departamentuen berdintasun arloko plangintza sustatzea eta bultzatzea, berdintasun politika orokorra eta zeharkakoa departamentuen jarduera sektorialetara eramateko. Esparru horretan, batzorde horri dagokio, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren aholkularitzarekin, administrazioaren urteko lehentasunak ezartzea berdintasunaren arloan, eta Nafarroako Gobernuaren urteko berdintasun plana onestea.

d) Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan Estrategikoaren betearazpenaren eta betetze-mailaren jarraipena egitea, kontuak ematea ahalbidetuz.

e) Departamentuarteko talde teknikoak sortzea, aholkuak eta laguntza emateko, bere eginkizunak behar bezala bete ditzan.

4. Honako hauek osatuko dute Departamentuarteko Batzordea:

a) Batzordeburua: Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da batzorde horren burua.

b) Batzordeko buruordea: Genero-berdintasunaren arloko eskumenak esleituak dituen Departamentuaren titularra izanen da buruordea.

c) Batzordeko kideak: Eremu estrategikoetan emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa txertatzeko eskumena duten departamentuetako zuzendari nagusiak eta erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileak izanen dira kideak. Kideak genero-berdintasunaren arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez zehaztuko dira.

d) Idazkaria: Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Berdintasunerako Gobernantzaren Zuzendariordetzaren titularra izanen da idazkaria.

e) Departamentuarteko Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da bere eginkizunak betetzeko. Gainerako guztian, funtzionamendua lotuko zaio Estatuko eta Foru Komunitateko oinarrizko legerian, gai hauetan aplikatzekoan, kide anitzeko organoetarako aurreikusitakoari.

f) Eraginkortasun irizpideei jarraituz, parte hartzen duten zuzendaritza nagusiek eta kudeaketako zuzendaritzek beren departamentuko gainerako zuzendaritza nagusietara zabalduko dute sortutako informazioa.

9. artikulua. Berdintasunerako departamentu barneko batzordeak.

1. Departamentu barneko batzordeen xedea da berdintasun politika koordinatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzean. Departamentu barneko batzorde bakoitzean, zuzendaritza nagusi eta kudeaketako zuzendaritza guztiak egonen dira ordezkatuta, departamentuetako urteko berdintasun planetan sartutako neurriak planifikatzen eta garatzen dituzten zerbitzuetako zuzendaritzen bitartez.

2. Idazkaritza tekniko nagusiaren titularrak presidente lanak izanen ditu, berdintasun unitateko teknikarien eta departamentuko langileen arteko koordinazioa errazteko eta bultzatzeko, eta berdintasun unitateko teknikariek idazkari lanak eginen dituzte. Salbuespenez, eta espezializazio eta eraginkortasun arrazoiak direla medio, departamentu barneko batzordeetako presidentetza gutxienez zerbitzu maila duten beste unitate batzuei esleitzen ahalko zaie. Esleipen hori dagokion departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen foru dekretuan egin beharko da, eta departamentuaren arloko politika publikoen plangintzan, kudeaketan eta ebaluazioan genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzen dela bermatu.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzean departamentu barneko batzorde batek jardunen du, eta foru agindu bidez onetsiko da batzorde hori sortzea. Berdintasunerako departamentu barneko batzordeak lankidetza, kooperazio eta koordinazio sektorialeko organoak dira, departamentuetako politiketan emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa txertatzeko.

4. Departamentu barneko batzordeen eginkizunak izanen dira:

a) Departamentu bakoitzaren urteko berdintasun planen prestaketan eta jarraipenean parte hartzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako urteko Planaren esparruan.

b) Aurreikusitako berdintasun jarduerak sustatzea, barnean kontrastatzea eta departamentuari jakinaraztea.

c) Departamentu bakoitzean berdintasunaren arloan programatutako jarduerak koordinatzen eta abian jartzen direla ziurtatzea, horien jarraipena eginez eta inpaktua aztertuz.

d) Departamentu bakoitzean sortzen diren aholkularitza espezializatuko eskaerak jaso eta berdintasun unitateetako teknikariei helaraztea, eta berdintasun unitatearen eta departamentuaren arteko komunikaziorako bidea izatea.

e) Departamentuko zuzendaritzetako langileentzat berdintasunari buruz programatzen den prestakuntza ezagutzea eta abian jartzea ahalbidetzea, horretarako dituen eskumenen arabera.

f) Beren eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten gaien berri ematea zuzendaritza nagusietako eta kudeaketako zuzendaritzetako ordezkari gisa Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordean parte hartzen duten kideei.

5. Beren eginkizunak behar bezala betetzeko, departamentu barneko batzordeek talde teknikoak izendatuko dituzte, unean unekoak edo iraunkorrak, departamentuaren urteko berdintasun planean aurreikusitako jarduerez arduratzeko. Departamentuko langileek osatuko dituzte, eta berdintasun teknikariek parte hartuko dute horietan.

6. Departamentu barneko batzordea urtean behin elkartuko da, gutxienez, atal honetan jasotako eginkizunak betetzeko. Gainerako guztian, funtzionamendua lotuko zaio Estatuko eta Foru Komunitateko oinarrizko legerian, gai hauetan aplikatzekoan, kide anitzeko organoetarako xedatutakoari.

7. Urtero, departamentu barneko batzordeko kideentzako prestakuntza ekintzak proposatuko dira.

10. artikulua. Talde teknikoak.

Departamentu barneko batzordeek horretarako izendatutako pertsonek osatuko dituzte talde teknikoak, eta, batzuetan, kanpoko laguntza teknikoa ere izaten ahalko dute. Departamentu barneko batzordeari aholkularitza emateaz eta departamentuetan berdintasun plangintza garatzeaz arduratuko dira.

Xedapen gehigarri bakarra. Erakunde autonomoak.

1. Kasuan kasuko departamentuetako berdintasun unitateei dagokie berdintasun printzipioa zeharkakotasunez aplikatzea, bai politika publikoen garapen fase guztietan -plangintza, kudeaketa eta ebaluazioa-, bai eta horiek erakunde autonomoetan ezartzearen ondoriozko administrazio prozedura guztietan ere.

Hala ere, erakunde autonomo bakoitzean berdintasun unitate independenteak eratzeko aukera aurreikusten da.

Horretarako, erakunde autonomo bakoitzaren kudeaketako zuzendaritzak eskaera eginen dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren kudeaketako zuzendaritzari, premia hori arrazoitzen eta justifikatzen duen txosten batekin batera. Azken horrek, berdintasun unitatean sartuko diren pertsonak izendatuko ditu, erakunde horri atxikitako langileen artean.

2. Erakunde autonomoetako berdintasun unitateak idazkaritza tekniko nagusien pareko eginkizunak betetzen dituzten unitateetan integratuta egonen dira, edo, bestela, zerbitzuaren pareko gutxieneko maila duten unitateetan.

3. Erakunde autonomoetako berdintasun unitateak aurreko apartatuan aurreikusitako pertsonek eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak izendatutako berdintasun teknikariek osatuko dituzte. Biek ala biek parte hartuko dute atxikita dauden departamentuaren departamentu barneko batzordeetan.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.

Indarrik gabe geratzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, indarrik gabe geratzen da Nafarroako Gobernuaren 2017ko apirilaren 12ko Erabakia, zeinaren bidez Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea sortu eta haren eginkizunak eta osaera onetsi baitziren.

Azken xedapenetako lehenengoa. Departamentu barneko batzordeak.

Nafarroako Gobernuko departamentuek eta, hala badagokie, erakunde autonomoek, neurri egokiak hartuko dituzte, foru dekretu honek indarra hartu eta gehienez ere 2 hilabeteko epean, departamentu barneko batzordeak eratzeko eta bertako kideak izendatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena. Garatzea eta gauzatzea.

Genero-berdintasunaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu honetan xedatutakoa garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web