(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

22/2024 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 29KOA, KULTURA, KIROL ETA TURISMOKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITIRA NAFARROAKO KIROL FEDERAZIOEN HAUTESKUNDE-PROZESUAK

BON N.º 58 - 18/03/2024



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.2.e) artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko kirol arloko administrazioaren eskumena dela Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea esleitu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Uztailaren 5eko 15/2001 Foru Lege horren 42.4 artikuluak xedatzen du Nafarroako kirol federazioei, beren berariazko eginkizunez gainera, administrazio arloko eginkizun publiko batzuk ere badagozkiela, delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzaile gisa aritzen direla.

49.2.i) artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako kirol federazioek, delegazioz, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren koordinazio eta tutoretzapean, federazioetako hauteskunde-prozesuak kontrolatuko dituzte.

Bestalde, Nafarroako kirol entitateak eta horien erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren 45.1 artikuluak xedatzen du federazioko lehendakaria eta batzar nagusiko kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesuak erregelamendu bidez arautuko direla, ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioei jarraikiz, kasuko kirol modalitatearen berezitasunei erreparatuta.

45. artikuluak berak 2. apartatuak zehazten duenez, Foru Komunitateko Kirol Administrazioak federazioetako hauteskunde-prozesuen araubidea finkatuko du, karguan aritzeko bateraezintasun-arrazoiak barne, estatutu bidez ezar daitezkeenei kalterik egin gabe.

Orain arte federazioen hauteskunde-prozesuak arautzen zituen honako honek: ekainaren 24ko 369/2015 Foru Agindua, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitziren Nafarroako kirol federazioen hauteskunde-prozesuak. Agindu hori 2016-2020 eta 2020-2024 aldietan federazioetan eginiko hauteskunde-prozesuetan aplikatu zen eta azken urteotan berrikuntza asko egon dira halako prozesuak digitalizatzeari dagokionez. Hori dela eta, aurrekoa ordeztuko duen araudi berria onetsi behar da.

Era berean, foru agindu honek federazioetako batzar nagusietan emakumeen presentzia orekatua sustatu eta indartu nahi du. Hartara, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa beteko da.

Agindu honek orain indargabetzen den aurreko ekainaren 24ko 359/2015 Foru Aginduaren egitura bera mantenduko du, eta bertan jasotako arautze sistema gordeko du, nahiz eta artikuluetan behar diren aldaketak eginen diren.

Gardentasunaren printzipioa betetzeko, aukera eman zaie herritar guztiei, eta, bereziki, Nafarroako kirol federazioei (haiek baitira foru agindu honen hartzaile zuzenak) foru agindua sortzen parte hartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Beraz, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan eskudantziak, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak emandakoak eta Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuak emandakoak,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako kirol federazioen hauteskunde-prozesuak arautzea.

2. artikulua. Aplikazioeremua.

Foru agindu honetako xedapenak Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako kirol federazioetan aplikatuko dira, federazioetan egin beharreko hauteskunde-prozesuetarako.

3. artikulua. Hauteskundeak egitea.

1. Federazioetako lehendakariak eta batzar nagusietako kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesuak lau urtean behin eginen dira, ziklo olinpiarrekin bat.

2. Kirol arloan eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez, federazioetako lehendakariak eta batzar nagusiak aukeratzeko hauteskunde-urtearen hasiera onetsiko da, eta hauteskunde-prozesuak egiteko baliozko aldiak finkatuko dira.

3. Nafarroako kirol federazioek Nafarroako kirol federazio bakoitzaren hauteskunde-prozesua arautzeko erregelamendu bat aurkeztuko dute kirol arloan eskumena duen organoak ezartzen duen epean, eta hauteskunde-prozesua hasi baino hilabete lehenago gutxienez, foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hauteskunde-prozesua ezin hasiko da kirol arloan eskumena duen organoak ebazpen bidez erregelamendu hori onetsi ez badu. Ebazpen hori eman gabe egiten den edozein hauteskunde-prozesu deuseza izanen da erabat, eta behar diren erantzukizunak eskatzen ahalko dira, Nafarroako kirol diziplina erregulatzen duen araudiaren arabera.

4. Hauteskunde-prozesua hasi baino hilabete lehenagoko epe hori, aurreko puntuan aipatu dena, betetzen ez duten eskaera batzuk ere ebazten ahalko ditu kirol arloan eskumena duen organoak, baldin eta uste badu prozesu hori egiteak federazioaren garapen eta funtzionamendu hobeak ekarriko dituela.

5. Hauteskunde-erregelamenduaren proiektua, hauteskunde-egutegia barne, zuzendaritza-batzordeak egin eta onetsi beharko du, eta federazioko batzar nagusiak berretsi beharko du. Batzar nagusiak onetsi eta hilabeteko epean, gehienez ere, kirol arloan eskuduna den organoaren erregistroan aurkeztu beharko da eskaera bat hauteskunde-erregelamendua onets dezan, eskaerak erregelamenduaren testu osoa jasotzen duela; erregelamendua onetsi zen batzar nagusiaren akta ere aurkeztu beharko da. Akta horretan berariaz jaso beharko da erregelamendu proposamen hori kirol arloko eskumena duen organoak indarreko arauak zorrotz betez egin ditzakeen aldaketen mende dagoela, eta aldaketa horiek hauteskunde-erregelamenduari gehituko zaizkiola federazioaren batzar nagusia berriz bildu beharrik gabe.

6. Kirol arloko eskumena duen organoak federazioen hauteskunde-erregelamendu guztiak gainbegiratuko ditu, eta haien onespenari buruz ebatziko du, eskaera egin ondorengo hilabeteko epean, gehienez. Gainera, hauteskunde-prozesuak koordinatu eta babestuko ditu. Berariazko ebazpenik eman ezean, erregelamendua onetsi ez dela ulertuko da.

7. Gobernu eta ordezkaritza organoak normalean lau urtean behin hautatuko dira. Haien agintaldiak iraunen du ordezkoek jabetza hartu arte, eta, beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordura arte.

8. Hauteskundeak, ezinbestean, kirol federazio bakoitzari dagokion urte olinpiarrean eginen dira. Federazio olinpiarrak ez direnek, berriz, udako olinpiar jokoak jokatzen diren urtean eginen dituzte hauteskundeak.

4. artikulua. Hautesleerrolda.

1. Hautesle-erroldan hauteskunde-prozesuan parte hartzeko eskubidea duten pertsonen identifikaziorako datuak jasoko dira, baita kirol entitateen datuak ere. Erroldan kasuan kasuko federazioak emandako ziurtagiri bat sartuko da, foru agindu honetan batzar nagusirako hautesle izateko eskatutako beharkizunak betetzen direla adierazten duena.

Federazioak adierazten badu kirol entitateek boto gehiago izaten ahal dituztela entitate bakoitzak duen lizentzia kopuruaren arabera, aintzat hartuko den kopurua izanen da amaitutako azken kirol denboraldian izandakoa, eta hautesle-erroldan jaso beharko da kirol entitate bakoitzak duen lizentzia kopuru hori adierazten duen ziurtagiria.

2. Kirol federazioek prozedura bat izan beharko dute hautesle-erroldan egoteko eskubidea duten pertsona fisikoek kontsultatu ahal izateko bertan daudela, eta datu pertsonalak babesteko araudia errespetatuko dute betiere. Kontsulta hori aurrez aurre egiten ahalko da, federazioaren bulegoetan, edo telematikoki egiten ahalko da, federazio bakoitzaren web-orriaren bidez. Kontsulta telematikoki egitean, ezin izanen dira erroldaren informazio guztia jasotzen duten fitxategiak deskargatu.

Kirol entitateak barne hartzen dituen hautesle-errolda argitaratuko da federazioaren bulegoko iragarki-taulan eta federazioaren web-orrian.

3. Behin-behineko hautesle-erroldari buruzko erreklamazioak egiteko, gutxienez 5 egun balioduneko epea izanen da. Hauteskunde-batzordeak ebatziko du horien gainean.

Hauteskunde-batzordeak erroldari buruz ematen dituen ebazpenen aurkako errekurtsoak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari aurkeztuko zaizkio 5 egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi eta hautesle-errolda irmo deklaratu ondoren, ezin izanen da hari buruzko inolako aurkaratzerik egin hauteskunde-prozesuaren hurrengo faseetan.

4. Behin betiko hautesle-erroldaren ale bat kirol arloko eskumena duen organoari igorri beharko zaio, eta bertan geldituko da gordailutua. Hartara, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak erabiltzen ahalko du, erroldaren aurkako erreklamaziorik jasotzen badu.

5. Erroldan sartutako pertsona fisikoei dagokienez, datu hauek bilduko dira: a) ordena zenbakia; b) izen-abizenak; c) jaiotze data; d) kirol lizentziaren zenbakia; e) zein kirol estamentutakoa den.

6. Erroldan sartuta dauden kirol entitateen kasuan, honako datu hauek jaso beharko dira: a) ordena zenbakia; b) izena; c) erregistro zenbakia; d) ordezkatzen dituen lizentzia kopurua (5.3 eta 10.4 artikuluen arabera, boto ponderatua emateko aukera jasota dagoen kasuetan, bakar-bakarrik).

5. artikulua. Hauteskundeerregelamendua.

1. Federazioek hauteskunde-erregelamendu bana izanen dute, hauteskundeetarako deia egin aurretik onetsi beharrekoa.

2. Hauteskunde-erregelamenduak ondoko alderdi hauek arautuko ditu, gutxienez:

a) Kasuan kasuko federazioaren batzar nagusiaren osaera, estamentu bakoitzaren ordezkari kopurua adierazita.

b) Hauteskunde-batzordearen osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

c) Baldintzak, epeak eta hautagaien aurkezpena eta hautapena. Baterako hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten federazioek bakarka aurkezteko aukera aintzat hartu beharko dute, tramitea errepikatzen ahal baita ezin badira bete 17.8 artikuluan ezarritako hautagaitzen ehunekoak.

d) Gatazkak eta erreklamazioak ebazteko prozedura.

e) Hauteskunde-mahaien osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

f) Batzar nagusia hautatzeko arauak.

g) Hauteskunde-errekurtsoak jartzeko aukera.

h) Bozketa-sistemak.

i) Federazioko lehendakaria hautatzeko arauak.

j) Hauteskunde-egutegia.

k) Batzar nagusian norbaitek kide izateari utziz gero izaten diren hutsuneak betetzeko prozedura.

3. Batzar nagusiko kideak hautatzeko bozketari dagokionez, kirol entitateen apartatuan, aukera ematen ahal da boto ponderatua emateko, hauteskunde-erregelamenduan jasotako irizpideei jarraikiz.

4. Batzar nagusia eratu ondoren, hori osatzen duten kide eta entitateetako bakoitzak boto bat emateko eskubidea izanen du, batzar nagusian sartzeko prozesuan lortutako boto kopurua edozein izan dela ere.

6. artikulua. Hauteskundedeialdia.

1. Federazio bakoitzeko lehendakariak eginen du batzar nagusirako hauteskundeetarako deia, hauteskunde-erregelamendua onetsi ondoren, bertan ezartzen den araudiari eta prozedurari jarraikiz.

2. Deialdi hori federazioaren web-orrian argitaratu beharko da, baita federazioaren iragarki-taulan ere. Halaber, deialdia kirol arloan eskuduna den administrazio organoari jakinarazi beharko zaio. Betebehar horiek ez badira gauzatzen, hauteskunde-prozesu osoa bertan behera geratuko da eta arduradunei dagozkien erantzukizunak exijituko zaizkie, Nafarroan kirol diziplina arautzen duen araudiarekin bat.

3. Kirol arloko eskumena duen administrazio organoak nahi dituen baliabideak erabil ditzake hauteskunde-prozesuen zabalkundea egiteko.

4. Deialdia egiten den unetik aurrera, zuzendaritza-batzordea federazioaren kudeaketa-batzorde gisa arituko da eta federazioko lehendakaria jarduneko lehendakaria izanen da; hala batak nola besteak administrazio eta kudeaketa lanak baizik ez dute eginen.

5. Aipatutako kudeaketa-batzordeko kideren bat federazioko lehendakari izateko hautagai gisa aurkezten baldin bada, batzordea utzi beharko du aurkeztu baino lehenago edo aldi berean.

6. Kudeaketa-batzordeak eta federazioko kideek ezin izanen dute hautagaitza bat bultzatu edo erraztu federazioaren bitartekoak baliatuz.

Betebehar hori gauzatu ezean, erantzukizunak eskatzen ahalko dira.

7. Deialdiak ondoko alderdi hauek arautuko ditu, gutxienez:

a) Behin-behineko hautesle-errolda.

b) Federazioko hauteskunde-batzordearen eraketa.

c) Hauteskunde-erregelamendua (hauteskunde-egutegia barne).

7. artikulua. Hauteskundeegutegia.

1. Hauteskunde-egutegian jarduketa hauek egiteko egunak jasoko dira zehatz-mehatz:

a) Hauteskunde-deialdia, hauteskunde-egutegia argitara ematea eta federazioko hauteskunde-batzordearen eraketa.

b) Hautesle-errolda argitara ematea eta horren gainean erreklamazioak egiteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez 5 egun baliodunekoa izanen da.

c) Erroldaren aurkako erreklamazioak aurkezteko epearen bukaera.

d) Erroldari egindako erreklamazioak ebazteko hauteskunde-batzordearen ebazpena (gehienez ere 3 egun balioduneko epean eman beharrekoa) eta behin betiko hautesle-erroldaren onespena.

e) Behin betiko hautesle-erroldaren onespenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoa aurkezteko ezarritako 5 egun balioduneko epearen hasiera.

f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

g) Batzar nagusirako hautagaitzak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez 3 egun baliodunekoa izanen da.

h) Batzar nagusirako hautagaitzak aurkezteko epearen bukaera.

i) Hauteskunde-batzordeak batzar nagusirako hautagaiak aldarrikatzea.

j) Batzar nagusiko hautagaien aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoa aurkezteko ezarritako 5 egun balioduneko epearen hasiera.

k) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

l) Hauteskunde-mahaia izendatzea.

m) Nafarroako kirol federazioen batzarretako kide izateko hauteskundeetako bozketa egitea eta aktak federazioaren hauteskunde-batzordera igortzea.

n) Hauteskunde-batzordeak batzar nagusirako hautetsiak aldarrikatzea.

o) Batzar nagusiko kideen aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoa aurkezteko dagoen 5 egun balioduneko epearen hasiera.

p) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

q) Nafarroako kirol federazioetako lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epearen hasiera. Epe hori gutxienez 3 egun baliodunekoa izanen da.

r) Federazioko lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epearen amaiera.

s) Hauteskunde-batzordeak federazioko lehendakaritzarako hautagaitzak aldarrikatzea.

t) Lehendakaritzarako hautagai zerrenden aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoa aurkezteko dagoen 5 egun balioduneko epearen hasiera.

u) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera. Federazioko lehendakari izateko hautagai bakar bat besterik ez badago, aurkezten ahal diren errekurtsoak NKJBak ebatzi ondoren, ez da beharrezkoa izanen hauteskunde-egutegi osoa betetzea, eta federazioko lehendakari berria bere karguaz jabetzen ahalko da hauteskunde-batzordearen aurrean.

v) Batzar nagusia eratzeko eta federazioko lehendakaria hautatzeko bilkuraren deialdia.

w) Hauteskunde-batzordeak lehendakaria aldarrikatzea.

x) Federazioko lehendakariaren aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoa aurkezteko dagoen 5 egun balioduneko epearen hasiera.

y) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean errekurtsoak aurkezteko epearen bukaera.

z) Federazioko lehendakariaren kargu-hartzea. Lehendakariaren aldarrikapenaren aurka Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean aurkeztutako errekurtsoren bat badago, lehendakaria ezin izanen da karguaz jabetu NKJBak errekurtso horiek ebatzi arte.

2. Behin-behineko hautesle-erroldari dagozkion erreklamazioak hauteskunde-batzordeak ebatziko ditu eta horien jakinarazpena zuzenean eginen zaie erreklamazio horien interesdunei.

3. Batzarreko kideak eta federazioko lehendakaria aukeratzeko hauteskundeak ezin izanen dira egin erregio mailako lehiaketa ofizialak egiten diren egunetan.

4. Hauteskunde-batzordeak zilegi izanen du hauteskunde-egutegia aldatzea, hura ezarri ondoren gertatutako gorabeherak direla-eta, ahalik eta partaidetzarik handiena bultzatzearren. Hauteskunde-egutegia aldatu ahal izateko beharrezkoa izanen da kirol arloko eskumena duen organoaren baimena, eta horretarako, aurretik, hauteskunde-batzordeak berariazko eskaera arrazoitua egin beharko dio.

8. artikulua. Batzar nagusiko hautesleak.

1. Federazioaren batzar nagusirako hauteskundeetan ondoren azaltzen diren estamentuetako pertsona fisiko eta entitateak izanen dira hautesle, federazioaren lizentzia indarrean badute hauteskundeak egiten diren kirol denboraldian eta aurrekoan:

a) Denboraldi horretan, eta aurrekoan ere, federazioaren lizentzia indarrean duten adin nagusiko kirolariak.

b) Kirol klubak, klub filialak, eskoletako kirol klubak eta kirol sozietate anonimoak, denboraldi horretan eta aurrekoan federazioren lizentzia indarrean izan badute eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik badaude. Horrez guztiaz gain, batzar nagusiko hauteskundeetan kirol entitate batek hautesle izateko honako baldintza hauetako bat bete beharko du: kirolarien estamentuko edo estamentu teknikoko lizentzia bat gutxienez tramitatu izana entitate horren bidez aipatu bi denboraldietan, edo bi denboraldi horietan federatutako kirol jarduera edo lehiaketa bat antolatu izana. Ez badu federazioaren lizentziarik, federazioak sustatutako lehiaketa edo jardueretan izena ematea eta parte hartzea izanen da indarreko federazioaren lizentziatzat hartuko dena. Hori helburu, federazioek agiri bat eskatuko diote Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturik dauden eta kasuan kasuko kirolean gaiturik dauden entitateak erakusten dituena.

c) Estamentu teknikoetako pertsonak (teknikariak edo entrenatzaileak) eta arbitroen estamentukoak (arbitroak, epaileak eta antzekoak), denboraldi honetan, eta aurrekoan ere, federazioaren lizentzia indarrean duten adin nagusikoak. Horretarako, federazioaren lizentziatzat hartuko da dagokion kirol federazioan sartuta egotea ekartzen duena, adibidez, dagozkien entrenatzaileen elkargoetako, arbitroen batzordeetako edo antzekoetako kide izatea.

d) Federazioren baten estatutuetan arestian aipatu ez den estamenturen bat jasotzen baldin bada, estamentu horretako parte-hartzaileak, denboraldi horretan eta aurrekoan federazioaren lizentzia indarrean izan dutenak, kasuan kasuko estatutuetan jasotzen den bezala. Federazioaren lizentziarik ez badago, indarreko federazioaren lizentziatzat hartuko da, ondorio hauetarako, federazioak sustatutako lehiaketetako edo jardueretako indarreko inskripzioa eta parte-hartzea, edo federazioko kide izatea, federazioaren erregelamendu edo estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Kirol denboraldiak, kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarriak kontuan harturik, federazioaren erregelamenduan zehaztuko dira, aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera.

3. Bi estamentu edo gehiagoko kideak izanik, hautesle izateko baldintzak bietan betetzen dituztenek, bietan erabiltzen ahalko dute botoa emateko eskubidea.

4. Erregelamendu bidez eta batzar nagusiak onetsirik, gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle izateko berariazko betebehar batzuk ezartzen ahalko dira, kirol modalitatearen ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta, horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

5. Artikulu honen ondorioetarako, hautesleak batzar nagusiaren bozketaren egunean izan beharko dira adinez nagusi.

9. artikulua. Batzorde nagusiko kide eta lehendakari izateko hautagaiak.

1. Federazioaren batzar nagusiko kide izateko hautagai izaten ahal dira:

a) Kirolari, teknikari, epaile, edo arbitroen aldetik, hautesle diren adin nagusiko pertsona fisikoak.

b) Kirol entitateen aldetik, hautesle diren kirol entitateak. Kirol entitate bakoitzak hautagaitza bakar bat aurkezteko eskubidea du entitate den aldetik, eta hautatua gertatuz gero, batzar nagusian ordezkari bat izateko eskubidea izanen du. Kirol entitateen kasuan, behin betiko hautesle-erroldan dauden guztiak batzar nagusirako hautagai izanen dira zuzen-zuzenean, eta, horrenbestez, ez dute berariazko hautagaitzarik aurkeztu behar.

c) Estatutuetan jasotako beste estamentu batzuen aldetik, hautesle diren pertsona fisikoak edo entitateak.

2. Bi estamentuko edo gehiagoko kide diren pertsona fisikoen kasuan, hautagai izateko baldintzak bietan betetzen badituzte, estamentu bakar batean izan daitezke hautagai, bakoitzak aukeratzen duenean, hain zuzen.

3. Federazioko lehendakari izateko hautagai izaten ahal dira:

a) Egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona fisikoak, foru agindu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera hautesle izaera dutenak.

b) Bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean duten 18 urtetik gorako pertsona fisikoak, hautesle diren federazioko entitateek federazioko lehendakari izateko hautagai gisa proposatuak.

c) Aurrekoaz gainera, federazio bakoitzak berariazko baldintza batzuk jar ditzake federazioko lehendakarigaiak bete beharrekoak, federazioaren estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, betiere. Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak errespetatzen direla zainduko du, eta, horretarako, zilegi izanen du betebehar horien onespena ukatzea.

4. Ezin izanen dute federazio baten lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu honako egoeraren batean daudenek:

a) Federazioan lan egiten duen edo zerbitzuak egiten dituen edozein pertsona fisiko.

b) Federazioaren hautesle-erroldan jasotako kluben batean zuzendaritza-karguren bat duen edozein pertsona fisiko.

5. Hautagaiak aurkezteko epea irekita egonda, norbaitek hautagai izateko baldintzak ustez ez betetzeagatik aurkezten den errekurtso bat ebatzi gabe dagoenean, aurkezten diren hautagaiak behin-behinekoz onartuko dira.

6. Lehendakaritzarako zein batzar nagusirako hautagai izateko nahitaezko baldintza da pertsona hori desgaituta ez egotea honako hiru hauetarako: desgaituta ez egotea, dagokion organoak emandako bide administratiboko ebazpen irmo baten bidez, kirol arloko ordezkaritza edo zuzendaritza karguak hartzeko; desgaituta ez egotea, epai irmo baten bidez, kargu publiko edo ordezkaritza kargu bat gauzatzeko; eta kirol arloan desgaituta ez egotea, federazio nazional edo nazioarteko baten kirol epaimahai baten behin betiko ebazpen baten bidez.

7. Artikulu honen ondorioetarako, hautagaiak batzar nagusiaren bozketaren egunean izan beharko dira adinez nagusi.

10. artikulua. Kirol entitateak.

1. Kirol entitateek, bai batzar nagusirako hauteskunde-prozesuan, bai batzar nagusian bertan, izanen dituzten ordezkariak aukeratzea kirol entitateei beraiei dagokie, horretarako nahi dituzten pertsona fisikoak izendatuz. Batzar nagusiaren bilkuretan, ordezkaritza hori ezin du bere gain hartu, kirolarien, teknikarien, arbitroen edo beste batzuen estamentuen izenean, jadanik batzarkide den ezein pertsona fisikok. Halaber, pertsona fisiko bakoitzak kirol klub edo entitate bakarra ordezkatzen ahalko du.

2. Ordezkaritza hori bere gain hartu behar duen pertsona fisikoa egiaztatzeko, kirol entitateek ordezkaritza hori egiaztatzeko agiri bat aurkeztu beharko dute, entitateko lehendakariak sinatua.

3. Federazioan inskribaturik dauden edo lizentzia duten kirol entitate guztiek, 8.1.b) artikuluan finkatutako antzinatasuna badute, gutxienez boto bat emateko eskubidea izanen dute batzar nagusiko kideak hautatzeko prozesuan.

4. Nafarroako kirol federazioek erregelamendu bidez baimena ematen ahalko diete kirol entitateei boto gehiago izateko batzar nagusiko kideak hautatzeko prozesuan, bakoitzak duen lizentzia kopuruaren arabera. Horrelakoetan, botoen proportzionaltasuna ponderatuko da kirol entitate bakoitzaren lizentzia kopuruaren arabera.

11. artikulua. Hauteskundebatzordea.

1. Hauteskunde-batzordea hiru kidek osatuko dute, gutxienez. Nolanahi ere, kideetako bik federazioko diziplina-batzordeetako kide izan beharko dute, eta gainerakoak zozketaz hautatuko dira hautesle-erroldako kideen artean. Gero, denen artean, gehiengoz, batzordeburua eta batzordekideak aukeratuko dituzte. Federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautagaiek ezin izanen dute batzorde honetan parte hartu. Edozein arrazoi dela eta, diziplina-batzordeetan ez badago batzar nagusiko tokiak betetzeko behar adina kide, toki huts horiek zozketaz beteko dira hautesle-erroldako kideen artetik.

2. Hauteskunde-batzorde bakoitzeko kideen zerrenda kirol arloko eskumena duen organoari jakinaraziko zaio.

3. Hauteskunde-batzordearen erabakiak gehiengoz hartuko dira; berdinketarik badago, batzordeburuak kalitatezko botoaren bidez erabakiko du. Hauteskunde-batzordearen erabakiek balioa izateko, beharrezkoa izanen da kideen gehiengo osoa bertan egotea.

4. Edozein arrazoirengatik, hauteskunde-batzordearen agintaldian zehar, kargurik hutsik gelditzen bada, bete egin beharko da, 11.1 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, kargu horiek bete bitarte hauteskunde-batzordeak lanean jardun dezake, betiere kideen gehiengoa osatzeko adinako quoruma baldin badago.

5. Hauteskunde-batzordearen agintaldia hauteskunde-prozesua bukatzearekin batera bukatuko da, eta horren barrenean sartzen da hasierako hautagairik ez egoteagatik lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko epea berriz irekitzearen ondoriozko denbora (21. artikuluan arautua). Ziklo olinpiarraren erdian hautaketa partzialen bat egin behar bada edo lehendakaria aukeratu behar baldin bada, beste hauteskunde-batzorde bat izendatuko da.

12. artikulua. Hauteskundebatzordearen funtzioak.

1. Hauteskunde-batzordeari honako hauek dagozkio:

a) Kasuan kasuko federazioaren batzar nagusirako eta lehendakaritzarako hauteskundeak antolatzea.

b) Hauteskunde-mahaiek eta hauteskundeetan parte hartzen duten hautagaiek egindako kontsultak ebaztea.

c) Behin-behineko hautesle-erroldaren aurka jartzen diren erreklamazioak ebaztea.

d) Hauteskundeetako ekintzetan ofizialki parte hartzen duten pertsona guztien gaineko diziplina jurisdikzioa bere gain hartzea eta hauteskunde-prozesuan gertatzen diren arau-hausteak zuzentzea, deusetan galarazi gabe Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari dagozkion eskumenak.

e) Hautesle-erroldak onestea, federazioen batzar nagusietarako eta lehendakaritzarako hauteskundeetako hautagaiak eta hautetsiak izendatzea eta horiei karguen jabetza ematea.

2. Federazioaren hauteskunde-batzordeak ondoko hauek bidali beharko dizkio, telematikoki, kirol arloko eskumena duen organoari:

a) Hauteskunde-batzordea eratzeko bileraren akta.

b) Hautesle-erroldaren onespen ziurtagiria, behin-behinekoa, horren aurka aurkeztutako errekurtsoen ebazpena eta behin betikoa.

c) Hauteskunde-mahaiaren osaketaren ziurtagiria.

d) Batzar nagusirako aurkeztutako hautagaitzen ziurtagiria.

e) Batzar nagusirako bozketen emaitzen ziurtagiria. Dagozkion hauteskunde-mahaietako botoen zenbaketaren akta atxiki beharko da.

f) Batzar nagusiko kide izendatzen dituzten hautagaien zerrenda, ondoko hauek adierazita: kideen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa.

g) Federazioko lehendakaritzara aurkeztutako hautagaitzen ziurtagiria.

h) Federazioko lehendakaria aukeratzeko batzar nagusiaren bilkuraren akta, bozketa bakoitzaren emaitzen ziurtagiria barne.

i) Federazioko lehendakaria karguaz jabetzearen gaineko akta.

3. Agiri horiek ondorengo epe hauetan aurkeztu beharko dira kirol arloko eskumena duen organoan:

a) 2.a) puntutik 2.d) puntura bitartekoak, batzar nagusirako hauteskundeak egin aurretik.

b) 2.e) puntutik 2.g) puntura bitartekoak, lehendakaritzarako hauteskundeak egin aurretik.

c) 2.h) eta 2.i) puntuetakoak, hauteskunde-prozesuaren bukaeran.

13. artikulua. Hauteskundemahaia. Hautapena eta osaera.

1. Hauteskunde-mahaia eratzeko eta hautaketa prozedura gauzatzeko, honako prozedura hauetako bat gauzatu beharko da:

1.1. Prozedura arrunta:

a) Hauteskunde-mahaia, oro har, bat bakarra izanen da, hurrengo atalean aurreikusitako salbuespen kasuan izan ezik, eta gutxienez hiru kide izanen ditu: mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea. Halaber, karguen ordezkoak hautatuko dira.

b) Estamentu batzuetan kide asko izateagatik hauteskunde-mahai bat baino gehiago eratzea beharrezkotzat jotzen bada, kasuan kasuko federazioak behar beste mahai ezartzen ahalko ditu. Bereizgarri hori hauteskunde-erregelamenduan jaso beharko da, eratu beharreko mahaien kopurua zehaztuta. Hori gertatuz gero, hautesleak ordena alfabetikoaren arabera banatuko dira mahaietan, eta mahai bakoitzak hautesle kopuru bera izanen du.

c) Hauteskunde-mahaia osatzen duten pertsonak hautatzeko, zozketa eginen da hautesle-erroldako eta mahai bakoitzean estamentuen arabera banatutako hautesleen artean. Horrela aukeraturiko mahaikideek beren artean eta gehiengo soilaz hautatuko dituzte mahaiburua, idazkaria eta mahaikidea.

1.2. Prozedura berezia:

Federazioko kideen kopurua txikia izateagatik edo ohiz kanpoko inguruabarrengatik (bozketa-prozesuaren iraupena edo antzeko beste batzuk), zaila baldin bada hauteskunde-mahaia federazioko kideen arteko zozketa bidez eratzea, federazioek baimena eskatzen ahalko dute mahaia prozedura honen bidez eratzeko:

a) Hauteskunde-mahaia, bakarra izanen baita, federazioarentzat lanean ari diren langileen artetik izendatutako kideek osatuko dute, edo horretarako kontratatzen direnek. Horrelakoetan, hauteskunde-mahaia pertsona bakarrekoa izan daiteke.

b) Hauteskunde-mahaiaren osaera eta kideak hautatzeko prozedura hauteskunde-erregelamenduan jaso beharko da, eta kideak izenez identifikatu beharko ditu.

c) Kirol arloko eskumena duen organoak uko egin diezaioke federazioak prozedura berezia erabiltzeko egiten duen proposamenari, uste baldin badu hauteskunde-prozesuan ez direla behar bezain ongi segurtatzen federazioko kideen eskubideak eta bermeak, edo izendatutako kideren batek abstenitzeko arrazoiren bat dagoela, edo beharrezkotzat jotzen badu federazioko kideek parte-hartze handiagoa izatea hauteskunde-prozesuan. Horrelakoetan, prozedura arrunta jasoko da hauteskunde-erregelamenduan.

2. Hauteskunde-mahaia eratzea ezinezkoa denean titular eta ordezkoak bertaratu ez direlako, lehen hiru boto-emaileek ordezkatuko dituzte, eta mahaiburu, idazkari eta mahaikide karguak hartuko dituzte, hurrenez hurren.

14. artikulua. Hauteskundemahaia. Funtzionamendua.

1. Hauteskunde-mahai bakoitzean, nahitaez, estamentu bakoitzarentzako hautetsontzi zigilatu bat, hautesle-erroldaren zerrenda (4. artikuluko 5. eta 6. ataletan jasotzen diren datuekin), gutun-azalak eta boto-paperak egonen dira.

2. Federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetara aurkezten diren hautagaiak ezin izanen dira hauteskunde-mahaietan aritu.

3. Hauteskunde-mahaietako kideei dagokie bozketak egoki garatzen direla begiratzea, hala nola boto-emaileen nortasuna frogatzea, botoen kontaketa egitea eta bozketa-akta prestatzea eta sinatzea. Akta horretan alderdi hauek jasoko dira: botoa eman duten hautesleen kopurua, bozketan gertatutako gorabeherak, bozketaren ondorioz egin diren erreklamazioak, eman diren boto baliozkoak, baliogabeak eta zuriak eta hauteskundeen emaitza.

4. Estamenturen batean, 13.1.1b) artikuluan ezarritakoaren arabera, hauteskunde-mahai bat baino gehiago eratzen bada, federazioko hauteskunde-batzordeak estamentu horren federazioko hauteskundeei dagokien amaierako akta eginen du. Amaierako akta horretan eratutako mahai guzti-guztiei dagozkien apartatu guztiak batuko dira.

5. Hauteskunde-erregelamenduan ezartzen ahalko da batzar nagusiko kideak hautatzeko prozesuan zilegi izanen dela hauteskunde-mahaia beste herri batzuetara eramatea, hauteskunde-prozesuan parte hartzeko erraztasunak emateko. Alderdi hori hauteskunde-erregelamenduan jaso eta zehaztu beharko da.

15. artikulua. Hauteskundebarrutia.

Hauteskunde-barrutia bakarra izanen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoa hartuko du.

16. artikulua. Hautagaitzak aurkeztea.

1. Idazki sinatu baten bidez aurkeztuko dira batzar nagusirako eta lehendakaritzarako hautagaitzak. Hartan, hautagaiak azalduko du postua eskuratzeko beharkizunak betetzen dituela, eta hautagai aurkezteko nahia adieraziko du, NANaren fotokopia erantsirik.

2. Batzar nagusirako hautagaitzei dagokienez, hautagaitzak honako prozedura hauetako baten bidez aurkezten ahalko dira; eta hautatutako prozedura hauteskunde-erregelamenduan jasoko da:

a) Hautagai aurkezten diren pertsonetako bakoitzak banaka aurkeztea hautagaitza.

b) Batera egitea; horretarako, baterako hautagaitzak dagokion estamentuan bete beharreko postu adina hautagai aurkeztu beharko ditu. Kasu horretan, 16.1 artikuluan aipatzen den agirian jaso beharko da baterako hautagaitzan sartuta egoteko onarpena, edota hautagaitza hori onartzeko beste agiri bat aurkeztu, hautagaitza horretan parte hartzen duten pertsona guztiek sinatutakoa.

c) Baterako hautagaitza aurkezten ahalko dute soilik boto-eskubidea duten 300 kide baino gehiagoko federazio eta estamentuek, baldin eta federazioak 10 klub baino gehiago baditu eta boto-eskubidea duten emakumeen ehunekoa %8 baino handiagoa bada.

3. Baterako hautagaitzak aurkezten dituzten federazioek honako irizpide hauen arabera osatu beharko dute zerrenda:

a) Federazio horren eta estamentuaren hautesle-erroldan dauden emakumezkoen lizentzien ehunekoa boto-eskubidea duten indarreko lizentzia guztien %8 baino gehiago eta %25 baino gutxiago izanez gero, hautagaitzak zerrenda bakar eta itxian aurkeztuko dira, eta hautagaien %25, gutxienez, emakumeak izanen dira.

b) Federazio horren eta estamentuaren hautesle-erroldan dauden emakumezkoen lizentzien ehunekoa boto-eskubidea duten indarreko lizentzia guztien %25 baino gehiago bada, hautagaitzak zerrenda bakar eta itxian aurkeztuko dira, eta hautagaien %40, gutxienez, emakumeak izanen dira.

c) 3.a) eta 3.b) apartatuetan jasotako ehunekoen irizpideak aplikatuko dira hauteskundeak egiten diren estamentuetako bakoitzean.

d) Boto-paperean hautagaitza aurkeztean, bi zutabe egonen dira, bat genero bakoitzarendako. Boto-paper horretan adieraziko da hautagaitzan parte hartzen duten pertsona guztien baturarekiko zer ehunekotan parte hartzen duen genero bakoitzak. Hautagaitzaren goiburuan adieraziko da nor den hautagaitzako burua, haren generoa edozein dela ere.

4. Lehendakaritzarako hautagaitzen kasuan, beste idazki bat erantsi beharko da, abal-emaileen identifikazioa eta sinadurak jasoko dituena, baita haien NANaren fotokopiak ere. Abal-emailea kirol entitate bat bada, organo eskudunak hautagaitza abalatzeko hartutako erabakia ere erantsi beharko da.

5. Aipatutako agiriak paperean aurkeztu beharko dira, jatorrizko sinadura eta guzti, edo euskarri digitalean, ezagutzeko moduko sinadura digital eta guzti.

17. artikulua. Bozkatzeko prozedura eta batzar nagusiko parekidetasuna.

1. Batzar nagusirako hautagaiek artekari bat izendatzen ahalko dute; horretarako, agiri bat emanen diote kargu hori egiaztatzeko. Artekari izateko beharrezkoa izanen da hautesle izatea. Artekariek botoa emateko eskubidea izanen dute; gainera, hauteskunde-mahaira joaten ahal dira eta haren eztabaidetan parte hartu, hitzarekin baina botorik gabe.

2. Bozketa honela eginen da: boto-emaileak bere izaeraren berri emanen dio hauteskunde-mahaiko idazkariari; horrek hautesle-erroldaren alboan botoa eman duela markatuko du, ezabatu ezin den materiala erabiliz. Hautesleak bozkatzeko gutun-azal itxia berehala sartuko du hautetsontzian.

3. Batzar nagusiko kideak hautatzeko bozketan ezin izanen da botoa delegatu edo postaz igorri.

4. Bozketa errazteko asmoz, hauteskunde-batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak prestatuko ditu.

5. Hautesle bakoitzak, botoa zein hautagairi eman nahi dien, horien izenak adieraziko ditu, betiere estamentu bakoitzari esleitutako ordezkari kopurua gainditu gabe.

6. Boto-paper hauek baliogabekotzat hartuko dira:

a) Hauteskunde-batzordeak ezartzen duen ereduari egokitzen ez zaizkionak.

b) Bozkatzen ari den estamentuari dagozkionak baino batzar nagusiko kide gehiagoren izenak adierazten dituztenak.

c) Boto-paperean bozketari ez dagokion edozein idatz-ohar dutenak.

d) Hautagai-zerrendetan ez diren pertsonei boto ematen dietenak.

7. Bozkatzeko, hautesleak gurutze bat eginen du bozkatu nahi duen hautagaiaren izenaren aurretik.

8. Honako hau izanen da kirolarien, epaileen eta teknikarien estamentuak batzar nagusian ordezkatzeko kideak hautatzeko prozedura:

8.1. Banakako hautagaitzarako bozketa-prozesua:

a) Nafarroako kirol federazio baten estamentu batean emakumezkoen lizentzien ehunekoa hautesle-erroldan jasotako lizentzia guztien %10 baino gutxiago bada, estamentuko kide hautetsiak honela banatuko dira: %10, gutxienez emakumeak; aurkeztutako emakumezko hautagai guztien artean boto gehien jaso dituztenak izanen dira. Eta %90, gehienez ere, gizonak; aurkeztutako gizonezko hautagai guztien artean boto gehien jaso dituztenak izanen dira. Estamentuko hautagaien artean ez bada nahikoa emakumerik erregistratu kide hautetsi guztien gutxieneko %10eko ordezkaritza hori betetzeko, automatikoki hautatuko dira emakumezko hautagai guztiak.

b) Nafarroako kirol federazio baten dagokion estamentuan emakumezkoen lizentzien ehunekoa estamentu horretako hautesle-erroldako lizentzia guztien %10 baino gehiago eta %25 baino gutxiago bada, estamentuko kide hautetsiak honela banatuko dira: %25, gutxienez emakumeak; aurkeztutako emakumezko hautagai guztien artean boto gehien jaso dituztenak izanen dira. Eta %75, gehienez ere, gizonak; aurkeztutako gizonezko hautagai guztien artean boto gehien jaso dituztenak izanen dira. Estamentuko hautagaien artean ez bada nahikoa emakumerik erregistratu kide hautetsi guztien gutxieneko %25eko ordezkaritza hori betetzeko, automatikoki hautatuko dira emakumezko hautagai guztiak.

c) Nafarroako kirol federazio baten estamentu batean emakumezkoen lizentzien ehunekoa hautesle-erroldan jasotako lizentzia guztien %25 edo gehiago bada, estamentuko kide hautetsiak honela banatuko dira: %40, gutxienez emakumeak; aurkeztutako emakumezko hautagai guztien artean boto gehien jaso dituztenak izanen dira. Eta %60, gehienez ere, gizonak; aurkeztutako gizonezko hautagai guztien artean boto gehien jaso dituztenak izanen dira. Estamentuko hautagaien artean ez bada nahikoa emakumerik erregistratu kide hautetsi guztien gutxieneko %40ko ordezkaritza hori betetzeko, automatikoki hautatuko dira emakumezko hautagai guztiak.

d) a), b) eta c) apartatuetan jasotako ehunekoak aplikatzekoak izanen dira soilik aplikatzen ahal den estamentuetan pertsona bat baino gehiago bada hautagai.

8.2. Baterako hautagaitzako batzarkideak hautatzeko prozesua:

a) Baterako hautagaitzak aurkezten dituzten federazioei dagokienez, 16.2.b) artikuluan jasotakoari jarraikiz, hautagaitza guztien artean hautatutako pertsonak D`Hondt metodoaren arabera banatuko dira.

b) Hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaitza bakoitzerako pertsona kopurua ezarri ondoren, hautagaitza bakoitzerako ordezkariak banatuko dira hautagaitza horretan ordezkatutako generoen ehunekoa aintzat hartuta, 16.3.d) artikuluari jarraikiz. Aurkeztutako hautagaitzaren arabera hautatuko dira hautagaiak. Hautagaitza zehatz bati batzarkide bat bakarrik baldin badagokio, pertsona hori izanen da hautagaitzaren buru.

9. Hautagaitzak aurkezteko epea amaitzean ez bada aipatu baldintza betetzen duen hautagaitzarik aurkeztu, berriz ere hasi beharko da hauteskunde-prozesua; batzar nagusiari hautagaitzak aurkeztu beharko zaizkio, eta, horretarako, hauteskunde-egutegi berria onetsi beharko da, eta egutegi hori Foru Komunitateko Kirol Administrazioak onetsi beharko du. Hori gertatuz gero, hautagaiak banaka aurkeztu beharko dira nahitaez.

10. Aurreko apartatuetan ez dira aintzat hartuko zenbaki dezimalak egoeretako bakoitzean ukitutako pertsonak kalkulatzeko; zenbaki osoak erabiliko dira bakarrik, eta hurrengo zenbaki osoa aintzat hartuko da 5 dezimala baino dezimal handiagoa duten zenbakietan (adibidez, 10,6 biribildu eta 11 izanen da). 5 dezimala baino dezimal txikiagoa duten zenbakietan, aurreko zenbaki osoa hartuko da aintzat (10,2 biribildu eta 10 izanen da). Zenbakiaren dezimala 5 bada, hautagai hori batzar nagusian ordezkaritza txikiena duen generoarena izanen da.

18. artikulua. Batzar nagusirako hauteskundeak.

1. Nafarroako kirol federazioen batzar nagusira aurkeztu eta behin betiko aldarrikatutako hautagai-zerrenden kopurua ordezkarien kopurua adinakoa edo txikiagoa bada, hauteskunde-batzordeek batzarkide izendatuko dituzte aurkeztutako hautagaiak. Hori gertatuz gero, ez da bozketarik egin beharko.

2. Federazioaren batzar nagusirako bi hautagaitzaren edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada eta, hori dela kausa, kasuan kasuko estamentuko ordezkari kopurua gainditzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa eginez erabakiko da zein izendatu batzar nagusiko kide.

3. Batzar nagusiko estamenturen batean bete beharreko tokiak aurkeztutako hautagaiak baino gehiago badira, hautesle-erroldako kideen kopurua bete beharreko postuen kopurua baino txikiagoa delako, toki hutsak sortzen direnean eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo entitateek beteko dituzte.

4. Batzar nagusiko estamenturen batean bete beharreko tokiak aurkeztutako hautagaiak baino gehiago badira, hautesle-erroldako kideek behar adina hautagai aurkeztu ez dituztelako, batzar nagusian betetzeko gelditzen diren postuak hautagai gisa aurkeztu ez diren erroldako kideek beteko dituzte, zozketa eginda.

19. artikulua. Lehendakaria hautatzea. Arau orokorrak.

1. Federazioko lehendakaria aukeratzeko batzarraren eraketa bilkuran, zozketaz aukeratuko den estamentuko hautetsi zaharrena arituko da batzarburu. Haren laguntzaile, idazkari lanetan, arituko da zozketaz aukeratzen den estamentuko hautetsi gazteena, baina hasierako bi kargu horiek betetzen dituztenak ezin izanen dira estamentu berekoak izan.

Batzarburua eta idazkaria ez badira batzar nagusiaren eraketa saiora joaten ez lehenengo ez eta bigarren deialdian ere, batzarburua hurrengo kide zaharrenak ordeztuko du, eta idazkaria hurrengo kide gazteenak, betiere kasu bakoitzean zozketa egin den estamentuaren barnean.

Ez bada batzarburuaren eta idazkariaren estamentuetako batzarkiderik joaten, zozketa eginen da horien ordezkarien estamentuak ezartzeko.

2. Bozketa egin baino lehen, hautagai bakoitzak bere programa azal dezake batzarraren aurrean.

3. Lehendakari izateko hautagaiek beren hautagaitza abalatu beharko dute, gutxienez batzarkideen %10en eta gehienez %25en sinadura aurkeztuz. Zilegi da lehendakarigaiak batzarreko kide ez izatea.

Batzarreko kide bakoitzak hautagaitza bakarra abala dezake.

4. Lehendakarigaiak aurkezteko epea ez da hiru egun baliodunekoa baino txikiagoa izanen.

5. Federazioko lehendakaria hautatzeko bozketan, ezin izanen da botoa delegatu edo botoa postaz igorri.

6. Lehendakari izateko bi hautagairen edo gehiagoren artean berdinketa gertatzen bada, 30 minutuko geldialdia egin eta gero bozketa errepikatuko da; orduan ere berdinketa gertatzen bada, egoera horretan dauden hautagaien artean zozketa eginda izendatuko da federazioko lehendakaria.

7. Behin federazioko lehendakaria izendatu eta gehienez ere 10 egun balioduneko epean, federazioaren hauteskunde-batzordeko buruak lehendakari hautetsiari dei eginen dio karguaren jabetza har dezan organo horren aurrean. Ekitaldi horren akta eginen da eta kirol arloko eskumena duen organoari igorriko zaio.

8. Lehendakari izateko hautagai bakarra behin betiko izendatuz gero, ez da beharrezkoa izanen aurreko puntuan adierazitako prozesu osoa burutzea, izan ere, hauteskunde-batzordeak lehendakari izendatuko du eta zuzenean hartzen ahalko du kargua, aurreko puntuan ezarri bezala.

20. artikulua. Lehendakaritzarako hautagairik ez egotea.

1. Hauteskunde-egutegian ezarritako epea bukatzen denerako federazioko lehendakaritzarako hautagai bat ere aurkezten ez bada, aurreikusitako hauteskunde-egutegia eten, eta beste egutegi bat aurkeztu beharko da, lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko momentutik aurrera.

2. Egutegi hori federazioko kudeaketa-batzordeak prestatu eta onetsiko du, eta kirol arloko eskumena duen organoaren ebazpen bidez ere onetsi beharko da.

3. Epe horretan ere lehendakaritzarako hautagairik aurkezten ez bada, hauteskunde-prozesua behin betiko etenen da, eta bitartean kudeaketa-batzordea jardunean arituko da. Kasu horretan, kirol arloko eskumena duen organoak kirol federazio horren aitorpena atzera botatzeko prozesuari hasiera emanen dio, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 46. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eta foru lege horren 51. artikuluan aurreikusitako tutoretza-neurriak hartuko ditu.

21. artikulua. Federazioko lehendakaria hautatzea. Bertaratze quoruma.

1. Federazioko lehendakaria hautatuko duen batzar nagusia lehenengo deialdian eratzeko eta baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da batzar nagusia osatzen duten kideen erdiak gutxienez bertan egotea.

2. Bertaratze quorum hori lortzen ez bada, baliozkoa izanen da batzar nagusia bigarren deialdian eratzea, eta orduan bertaratzen direnek hautatuko dute lehendakaria zenbat-nahi kide izanda ere. Bigarren deialdi hori lehenengo deialdia baino ordu erdi bat geroago izanen da gutxienez.

3. Nolanahi ere, beharrezkoa da batzarburua eta idazkaria edo haien ordezkoak bertan izatea, 19.1 artikuluan ezarritako prozedurarekin bat izendatuak. Kide horiek batzar nagusia egiten den bitartean bertan egon beharko dute.

22. artikulua. Erreklamazioa, federazioko hauteskundebatzordeari zuzendua.

1. Behin-behineko hautesle-erroldaren argitalpenaren aurkako erreklamazioa, federazioko hauteskunde-batzordeari zuzendua, hauteskunde-egutegian ezarritako epean aurkeztuko da.

2. Erreklamazioa aurkezteko egintza berean, alegazioak aurkeztu behar dira, eta, hala badagokio, bidezko diren frogabideak.

3. Federazioaren hauteskunde-batzordeak gehienez hiru egun balioduneko epean ebatziko du, erreklamazioa jartzen denetik hasita.

4. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, hauteskundeetako berraztertzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.

23. artikulua. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea.

1. Federazioaren hauteskunde-batzordearen ebazpenen aurka errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari zuzenduta, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita 5 egun balioduneko epean.

2. Kontuan harturik kirol federazioetako ordezkaritza eta gobernu organoetarako hauteskundeen arloko berrikuspen prozedura sumarioa dela, hauteskunde-prozesuak normalki gara daitezen eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean aurkezten diren errekurtsoak ebazteko epea arintzeko asmoz, organo horrek ahalmena izanen du federazioaren hauteskunde-batzordearen ebazpenak eta egintzak berrikusteko prozedurek presako tramitazioa behar dutela deklaratzeko. Prozedura batek presako tramitazioa duela deklaratuz gero, ohiko tramitaziorako ezarritako epeak erdira murriztuko dira.

3. Federazioetako bakoitzean ezarritako hauteskunde-prozesuetako hauteskunde-egutegiak indarrean egonen dira nahiz eta NKJBari aurkeztutako errekurtsoren bat ebatzi gabe egon. Salbuespena izanen dira lehendakariak eta batzar nagusiko kideak hautatzeko bozketen egunak. Bi kasu horietan, ez bada NKJBari aurkeztutako errekurtsoren bat ebatzi, hasierako egutegia bertan behera utziko da errekurtso horiek ebatzi arte, eta beste hauteskunde-egutegi bat sortu beharko da. Egutegia federazioko kudeaketa-batzordeak proposatu beharko du eta kirol arloko eskumena duen organoak ontzat eman beharko du.

4. Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeak, ofizioz edo alderdi interesdun batek eskaturik, prozedura hasi ondoren, egokitzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu, gero eman litekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.

Behin-behineko neurriak honelakoak izan daitezke, besteak beste:

a) Hauteskunde-prozesua bertan behera uztea.

b) Hauteskunde-batzordea bertan behera uztea aldi baterako.

c) Prozedura irekitzea ekarri duten gertakariekin zerikusi zuzena duten objektuak konfiskatzea.

d) Beharrezkoak iruditzen zaizkion bestelako behin-behineko neurriak.

5. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenek bide administratiboa agortzen dute, eta zilegi izanen da haien aurka errekurtsoa jartzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

6. Kirol Justiziako Batzordearen ebazpenak baliozkoak eta nahitaez eta berehala betetzekoak izanen dira alderdientzat, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan haien aurka jotzeko aukera galarazi gabe.

24. artikulua. Hauteskundeprozesuaren zabalkundea.

1. Nafarroako kirol federazioek ahal bezainbeste zabaldu eta iragarriko dituzte batzar nagusiko kideen eta lehendakariaren hauteskundeak egiteko deialdiak. Horretarako, hauteskunde-erregelamenduan zehaztuko dute zer baliabide erabiliko dituzten xede hori lortzeko, eta bermatuko dute hauteskunde-prozesuari dagozkion agiri guztiak federazioaren iragarki-taulan zein web-orrian eskuragarri egonen direla.

Horrez gain, federazioko lehendakaria hautatzeko batzarra eratzeko deialdia batzarkide guztiei jakinarazi beharko zaie banan-banan, interesdunak jakinarazpena jaso duela frogatzeko moduko edozein bide erabiliz.

2. Federazioek, beren web-orrietan, hauteskunde-prozesuari buruzko atal bat izanen dute nahitaez, eta web-orriaren hasierako orritik zuzenean sartzeko aukera egonen da. Hartan, hauteskunde-prozesuari buruzko informazio guztia jarriko dute, datu pertsonalak babesteari buruzko araudian datu pertsonalen gainean ezarritakoa errespetatuz.

Web-orri horretan, halaber, honako informazio hau egon beharko da, gutxienez:

a) Hauteskunde-prozesua onesteko, kirol arloan eskumena duen organoak emandako ebazpena.

b) Hauteskunde-erregelamendua, hauteskunde-egutegia barne.

c) Hauteskunde-deialdia.

d) Hauteskunde-batzordearen eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aktak eta ebazpenak.

e) Federazioak onartzen dituen agiri-ereduak.

3. Hauteskunde-erroldari buruzko informazioan, kirol entitateen atalean, entitate horien posta helbideak jaso beharko dira. Kirolarien, teknikarien eta epaileen ataletan Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikotik eratorritako araudia errespetatuko da.

4. Batzar nagusiko hautetsien zerrenda federazioaren egoitzan jarriko da ikusgai, eta federazioko lehendakari izateko hautagai guztiei emanen zaie, hala eskatzen badute.

5. Nafarroako kirol federazioek arau batzuk emanen dituzte batzar nagusiko hautagai guztiek eta federazioko lehendakari izateko hautagai guztiek baldintza beretan bidal dezaten informazioa eta propaganda, zertarako eta, batetik, hautagai guztiek beren programaren berri eman ahal izateko, eta bestetik, Datuak Babesteko Legean ezarritakoa betetzeko. Gainera, federazioaren baliabideak ezin izanen dira erabili hautagai bakar baten onerako.

6. Batzar nagusiko, zuzendaritza-batzordeko eta federazioak dituen gainerako zuzendaritza organoetako kideen zerrendak eguneraturik izan beharko dira une oro federazioaren web-orrian, haien agintaldiak iraun bitartean.

Lehen xedapen gehigarria. Batzar nagusia eratzeko bilkura eta federazioko lehendakariaren lehenengo hautapena.

Federazioaren lehenbiziko batzar nagusia osatzeko eta federazioko lehendakariaren lehenengoz hautatzeko, zilegi izanen da kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagai izateko betebeharren berariazko erregulazioa ezartzea. Kasu horretan, kirol federazioaren bultzatzaileak ordezkatzeko eratzen den kudeaketa-batzordeak prestatuko du hauteskunde-erregelamendua, eta kirol arloko eskumena duen organoak onetsi beharko du.

Bigarren xedapen gehigarria. Batzarrean gertatzen diren altak eta bajak.

1. Kargualdia bukatu baino lehen, hautatua izateko eskatutako betebeharretatik bat edo beste galtzen duten pertsonek edo entitateek kasuko kirol federazioaren batzar nagusiko kide izaera galduko dute. Batzarkideei horrelako baja emateko, beharrezkoa izanen da behar den espedientea irekitzea; horren barnean, interesdunari hamar egun balioduneko epea emanen zaio, nahi badu, alegazioak egin eta baja hori ekarri duen egoera konpontzeko. Epe hori bukaturik, federazioan horretarako eskumena duen organoak bidezko den bezala ebatziko du, eta kirol arloan eskumena duen administrazioari horren berri emanen dio. Espediente horren aurka errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen aurrean.

2. Baja gertatzen bada estamenturen batean federazioaren lizentzia berritu ez delako horretarako ezarritako epearen barrenean, bestelako tramiterik gabe emanen zaio baja, egoera hori konponezina delako. Hala ere, berritzeko eskaera behar bezala eta behar den epean aurkeztu bada eta federazioaren ebazpenaren zain baldin badago, espediente horren ebazpenaren zain geldituko da.

3. Aurreko zenbakietan xedatutakoa ez zaio federazioko lehendakariari aplikatuko.

4. Batzar nagusia osatzen duten estamentuetako ordezkarien bajak eta toki hutsak, federazioaren estatutuan edo hauteskunde-erregelamenduan horri buruz beste zerbait arautu ezean, estamentu horretako hauteskunde-emaitzen zerrendan hurrengo postuan dauden hautagaiek beteko dituzte.

5. Hauteskunde-emaitzen zerrendan ez badago sortutako bajak betetzeko nahikoa pertsonarik, horiek betetzeko zozketa eginen da, hautesle-erroldan batzar nagusia osatzeko beharkizunak betetzen dituzten kideen artean.

6. Edozein arrazoirengatik kargu huts horiek betetzeko behar diren baldintzak biltzen dituen pertsonarik ez badago hautagaien artean edo hautesle-erroldan, kargua hutsik gelditzen denean baldintza horiek betetzen dituzten entitate edo pertsonekin beteko dira.

Hirugarren xedapen gehigarria. Lehendakaria partzialki hautatzea.

1. Edozein arrazoirengatik federazioko lehendakariaren postua hutsik geratzen bada, zuzendaritza batzordea kudeaketa-batzorde bihurtuko da eta jarduneko lehendakaria hautatuko du bere kideen artean. Kudeaketa-batzorde horrek lehendakari berria hautatzeko hauteskunde-prozesuari ekin beharko dio postua hutsik geratu eta 15 eguneko epean, gehienez ere.

2. Nafarroako kirol federazioen hauteskunde-prozesuak arautzen dituzten arauak aplikatuko dira, orobat, edozein arrazoirengatik, agintaldi olinpiarraren barrenean lehendakariaren hautapen partzial bat egin behar den kasuetan.

Kasu horretan, honako hauek aplikatuko dira:

a) Hauteskunde-egutegiari dagokiona, lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteari buruzko puntutik aurrera.

b) Araudi honetan federazioko lehendakaria hautatzeari buruz dauden artikuluak, eta indarrik gabe geldituko dira gainerako atalei buruzko artikuluak.

3. Baldintza horietan hautatzen diren lehendakarien agintaldiak dagokion ziklo olinpiarreko hurrengo hauteskunde-urtera arte iraunen du.

4. Zuzendaritza-batzordeko kide guztiek kargua uzten badute, eta horren inguruan estatutuetan aurreikuspenik ez badago, federazioko eskubide osoko kideen artetik hautagaiak aurkezteko epe bat irekiko da, kudeaketa-batzordea osatzeko. Batzorde horrek desegiten den zuzendaritza-batzordeko kide kopuru bera izanen du. Kide kopuru hori baino hautagai gehiago edo gutxiago aurkezten badira, zozketaz erabakiko da nork osatuko duen kudeaketa-batzordea. Prozesu hori guztia kirol arloan eskumena duen administrazioaren tutoretzapean garatuko da.

5. Prozesu hori kirol arloan eskumena duen organoak onetsi beharko du ebazpen baten bidez. Horretarako, federazioak, aurretik, eskaera aurkeztu beharko du, eta, horrekin batera, aplikatuko den erregelamendua eta batzar nagusiak hari emandako onespena.

6. Lehendakari kargua hutsik gelditzen bada ziklo olinpiar baten eta, hortaz, lehendakariaren kargualdiaren azken urtean, federazioko batzarrak erabakitzen ahalko du kudeaketa-batzordearen eta jarduneko lehendakariaren agintaldia luzatzea hurrengo hauteskunde-prozesua egin arte.

Erabaki hori baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kirol arloan eskumena duen organoak ebazpen baten bidez onestea, horrek erabakiko baitu eskaera onesten den ala ez, federazio eskatzailearen egoera partikularraren arabera.

Horrela hautatzen den jarduneko lehendakariari dagozkion eginkizunak eta eskumenak bide arruntetik hautatutako lehendakariari dagozkionak bezalakoak izanen dira.

7. Aurreko puntuan jasotakoa ez da aplikatuko baldin eta zuzendaritza-batzordeko kide guztiek dimititu badute. Hori gertatuz gero, lehendakaria hautatzeko hauteskunde-prozesua nahitaez egin beharko da.

Laugarren xedapen gehigarria. Erreferentzia organikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren oraingo egitura organikoa aldatuz gero, ulertuko da foru agindu honetan egitura organikoari edo eginkizunei buruz egiten diren aipamenak egitura organiko berria sortzeko edo lehengoa aldatzeko araudiaren bitartez kirol arloko eskumenak hartzen dituzten erakunde, organo eta unitateei dagozkiela.

Bosgarren xedapen gehigarria. Agiriak sinatzea.

Hauteskunde-prozesuen ondorioz kirol federazioetan sortzen diren agiri guztien ale originalak sinatuta egon beharko dira: paperean (sinatu behar duen pertsonak ez badu sinadura digitalik) edo sinadura digitalaren ziurtagiriaren bidez.

Xedapen iragankor bakarra. 20242027rako hauteskundedeialdia.

1. Onesten da Nafarroako kirol federazioen batzar nagusiak eta lehendakariak aukeratzeko 2024-2027rako hauteskunde-deialdia.

2. 2024-2027rako hauteskunde-prozesuak 2024ko abenduaren 31 baino lehen bukatu beharko dira oso-osorik (udako federazio olinpiarren kasuan eta olinpiarrak ez diren federazioen kasuan) edo 2026ko ekainaren 30a baino lehen (neguko federazio olinpiarren kasuan), salbu eta hurrengo puntuan jasotzen den kasuan.

3. Aurreko apartatuan adierazitako epea eta gero hauteskunde-prozesua egin ahal izateko, federazio interesdunak eskaera bat egin beharko du foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 2 hilabeteko epean (udako federazio olinpiarren kasuan eta olinpiarrak ez diren federazioen kasuan) edo 2026ko otsaila amaitu baino lehen (neguko federazio olinpiarren kasuan). Eskaera motibatua eta justifikatua aurkeztu beharko du, federazioaren batzar nagusiaren oniritzia duena eta hasiera batean proposatutako datak dituena. Kirol arloan eskuduna den administrazio organoak eskaera onesten duen edo ez ebatziko du, eskaera bakoitzaren baldintzen arabera.

4. Federazioek hauteskunde-prozesua arautuko duen hauteskunde-erregelamendua aurkeztu beharko diote kirol arloan eskumena den organoari, hark onets dezan, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 2 hilabeteko epean (udako federazio olinpiarren kasuan eta olinpiarrak ez diren federazioen kasuan) edo 2026ko otsaila amaitu baino lehen (neguko federazio olinpiarren kasuan). Geroratzea eskatzen duten federazioei igortzen zaien onespen edo ezezpen ebazpenean jakinaraziko zaie zer epe duten erregelamendua aurkezteko.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko da ekainaren 24ko 369/2015 Foru Agindua, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioen hauteskunde-prozesuak arautzen dituena. Halaber, indarrik gabe geratuko da foru agindu honetan ezarritakoaren aurkakoa den maila bereko edo beheragoko edozein xedapen.

Azken xedapenetan lehena. Betearazpena.

Kirol arloan eskumena duen administrazio organoari honako gai hauen gainean ebazteko ahalmena ematen zaio:

1. Foru agindu honetan xedatutakoa interpretatu eta aplikatzea.

2. Olinpiar urteen hasierarekin batera, federazioetako lehendakariak eta batzarrak aukeratzeko hauteskunde-urtearen hasiera onestea eta hauteskunde-prozesuak egiteko baliozko aldiak zehaztea.

3. Hauteskunde-urte bakoitzaren barrenean, Nafarroako kirol federazioek hauteskunde-erregelamenduak aurkezteko daukaten epea onestea.

4. Federazioetako hauteskunde-prozesuen gehieneko iraupena onestea.

5. Nafarroako kirol federazioetako lehenengo batzar nagusia eta lehenengo lehendakaria aukeratzeko hauteskunde-prozesuaren gaineko arauak onestea.

6. Onestea ezusteko inguruabarren ondoriozko ebazpenak, hauteskunde-prozesua gauzatzeari eragiten ahal diotenak.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web