(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2024 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 6KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, STREAM-AI PENTSAMENDU KONPUTAZIONALEKO SAREA SORTZEN DUENA, ZEINA FUNTS PUBLIKOEKIN LAGUNDUTAKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEEI ZUZENDUA BAITA

BON N.º 50 - 08/03/2024



  ERANSKINA. STREAMAI PENTSAMENDU KONPUTAZIONALEKO SAREAREN HELBURUAK


Atariko

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaz baliatuz, hura aldatzeko 3/2020 Lege Organikoa barne, aitortzen da garrantzitsua dela hezkuntza sistema gizarte digitalaren egungo eta etorkizuneko beharretarako moldatzea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak azpimarratzen du konpetentzia digitalak garatu behar dituztela bai ikasleek bai irakasleek, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentzien arloan Europan eman diren gomendioetara egokituta. Ikuspegi hori bat dator Europar Batasunaren ikuspuntuarekin, zeinak nabarmentzen baitu garrantzitsua dela gazteak helduarorako trebatzea gero eta digitalizatuagoa den mundu batean.

Testuinguru horretan, eta hezkuntza digitalaren eta pentsamendu konputazionalaren ikuspegi integrala sustatzeko asmoz, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea proposatu da. Sarearen helburu nagusia pentsamendu konputazionala hezkuntzako curriculumean txertatzea izanen da, ikasleei aro digitalaren desafioei aurre egiteko behar dituzten tresnak eta trebetasunak emateko. STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarearen helburuen zerrenda osoa foru agindu honen eranskinean dago.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren asmoa da sare hau ezarriz Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren aginduak betetzea eta, horrez gain, ikasleak trebatzea herritar konpetente eta kritikoak izan daitezen teknologiaren aldetik aurreratua den mundu batean.

Ikusita departamentu honetako Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostena, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea proposatzen duena, komenigarritzat jotzen da Hezkuntzako zuzendari nagusiak eta Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak esleituak dituzten eskumenak Hezkuntzako kontseilariak bereganatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nireganatzea Hezkuntzako zuzendari nagusiaren eta Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren eskumena, STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzeko, funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzendua.

2. STREAM-AI pentsamendu konputazionaleko sarea sortzea, funts publikoekin lagundutako Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzendua. Sare horren helburuak foru agindu honen eranskinean jasota daude.

3. Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiak erabakiko du nola sartuko diren sarean funts publikoekin lagundutako ikastetxeak.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA. STREAM-AI PENTSAMENDU KONPUTAZIONALEKO SAREAREN HELBURUAK

ERANSKINA

Pentsamendu konputazionaleko sarearen helburu nagusiak honako hauek dira:

1. Irakasleek pentsamendu konputazionalaren arloan prestakuntza eta garapen profesionala izan dezaten sustatzea, adimen artifizialaren (AA) aurrerapenetan eguneratzea eta robotika integratzea barne. Aldi berean, prestakuntza integrala bultzatu nahi da STEAM arloan (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika), bereziki pentsamendu konputazionaleko trebetasunen garapenari begira, eta arlo horien diziplina anitzeko ulermena eta aplikazioa ziurtatzea.

2. Konpetentzia digitala eta pentsamendu konputazionala garatzea ikasleengan: ikasleen gaitasun digitala garatzea, ikasgelan adimen artifizialeko (AA) eta robotikako jarduerak txertatuz, STEAM ekimenekin osatuta. Jarduera horiek pentsamendu konputazionala sustatzeko diseinatuko dira; ikasleen trebetasunetara eta ikaskuntza-mailetara egokituko dira, eta hezkuntza-ikuspegi integrala eta diziplina anitzekoa sustatuko da.

3. Pentsamendu konputazionalaren bidez gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzea: ikerketa-prozesuak, elkarlana, informazioaren erabilera kritikoa eta sormena sustatzea. Horretarako, teknologiaren erabilera positibo, seguru eta arduratsuaren bidez gaitasun horiek garatzeko esparru gisa erabiliko da pentsamendu konputazionala.

4. Inklusioa eta aniztasuna pentsamendu konputazionalaren bidez: ikasle guztien inklusioa sustatzea, aniztasunetik abiatuta genero-ikuspegiarekin lan eginez eta pentsamendu konputazionala aniztasun horri heltzeko eta errespetatzeko tresna gisa erabiliz.

5. Pentsamendu konputazionalaren inguruko irakasle-komunitate bat sortzea: pentsamendu konputazionalean, adimen artifizialean eta STEAMen oinarritutako esperientziak eta baliabideak partekatzeko lankidetza-espazioak eskaintzea.

6. Pentsamendu konputazionalaren bidez erabaki estrategikoak erraztea: sareko proiektuak erabiltzea pentsamendu konputazionalarekin lotutako prozesuak eta tresnak probatzeko, horrek erraztu eginen baitu etorkizunean erabaki estrategikoak hartzea.

7. Aurreko helburuekin edo haien etorkizuneko bilakaerarekin lotuta zehazten den beste edozein.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web