(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

46/2023 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 5EKOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, BATETIK, ARAUTZEN DUENA NEKAZARITZAKO EKOIZLEEK KONTSUMITZEN DUTEN GASOLIOAREN PREZIOA ORDAINTZEN LAGUNTZEKO ASMOZ EKAINAREN 28KO 5/2023 ERREGE LEGE-DEKRETUAREN BIDEZ EZARRITAKO ALDI BATERAKO LAGUNTZA BEREZIA KUDEATU ETA ORDAINTZEKO PROZEDURA, ETA BESTETIK, ALDATZEN DUENA APIRILAREN 6KO 46/2022 FORU AGINDUA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTU BAITZEN ZENBAIT PRODUKTU ENERGETIKOREN AZKEN PREZIOAREN APARTEKO ETA ALDI BATERAKO HOBARIA KUDEATU ETA ITZULTZEKO PROZEDURA

BON N.º 155 - 27/07/2023



Atariko

Ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez zenbait neurri hartu dira, eta beste batzuk luzatu, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, La Palma uhartea berreraikitzen laguntzeko eta beste kalteberatasun-egoera batzuei laguntzeko, bai eta Europar Batasunak merkataritza-sozietateen egiturazko aldaketei eta gurasoen eta zaintzaileen familia-bizitza eta bizitza profesionala uztartzeari buruz emandako zuzentarauen transposizioa egiteko eta, orobat, Europar Batasuneko zuzenbidea betearazteko eta betetzeko ere. Errege lege-dekretu horren 200. artikuluak laguntza bat ezartzen du nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioa ordaintzeko.

Aldi baterako laguntza berezi hori zuzenduta dago nekazaritzan -baratzezaintza, abeltzaintza eta basogintza barne- erregai gisa gasolioa erabiltzen duten pertsona fisiko edo juridikoentzat eta entitateentzat (erregai horri Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 50.1 artikuluaren 1.4 epigrafeko zerga-tasa dagokio), eta haren asmoa da konpentsatzea Ukrainako inbasioak sortutako egoeraren ondorioz erregaien prezioak 2023. urtean izan duen garestitzeak ekar dezakeen kostuen igoera.

Laguntza horien onuradunak izanen dira 2023an erositako gasolioarengatik hidrokarburoen gaineko zergaren kuota itzulia izan dakien eskubidea aitorturik duten pertsonak edo entitateak, 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta kuota horiek aurreko paragrafoan aipatutako ustiategien titularrek ordaindu edo jasandakoak badira.

Laguntzen onuradunek 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Aipatutako 5/2023 Errege Lege-dekretuaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek tramitatzeko eta kudeatzeko eskumena duena, egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten onuradunei dagokienez.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko uztailaren 15eko Erabakiaren bidez ezarri da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola 5/2023 Errege Lege-dekretuaren 200. artikuluan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta tramitatzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horiek horrela, 5/2023 Errege Lege-dekretuak xedatzen duenaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzen da foru agindu honen bidez.

Era berean, foru agindu honek aldatu egiten du apirilaren 6ko 46/2022 Foru Agindua, zenbait produktu energetikoren azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatu eta itzultzeko prozedura arautzen duena, 5/2023 Errege Lege-dekretuak martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluan egindako aldaketara egokitzeko (6/2022 Errege Lege-dekretu horren bidez presako neurri batzuk hartu ziren Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan).

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da nekazaritzako ekoizleek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko aldi baterako laguntza berezia kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzea, egoitza fiskala Nafarroan daukaten onuradunei dagokienez. Laguntza hori ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren 200. artikuluan ezarrita dago (errege lege-dekretu horren bidez, zenbait neurri hartu dira, eta beste batzuk luzatu, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, La Palma uhartea berreraikitzen laguntzeko eta beste kalteberatasun-egoera batzuei laguntzeko, bai eta Europar Batasunak merkataritza-sozietateen egiturazko aldaketei eta gurasoen eta zaintzaileen familia-bizitza eta bizitza profesionala uztartzeari buruz emandako zuzentarauen transposizioa egiteko eta, orobat, Europar Batasuneko zuzenbidea betearazteko eta betetzeko ere).

Bigarrena. Nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko aldi baterako laguntza berezia.

1. 5/2023 Errege Lege-dekretuaren 200. artikuluan ezarritako betekizunak bete eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona edo entitateen laguntza eskaera Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztutzat joko da honako hau aurkeztuz gero 2024ko apirilaren 1etik aurrera: hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko eskaera, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen den gasolioari dagokionez, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 17ko 47/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin, haren bidez ezarri baitzen gasolioa erosteagatik nekazariek edo abeltzainek hidrokarburoen gaineko zergaren kontura jasandako kuoten zati baten itzulketa egiteko prozedura.

Aldi berean eta batera tramitatuko dira laguntza kudeatzeko prozedura eta nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen den gasolioari dagokionez hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako tramitatutako prozedura; itzulketa partzial hori abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian dago aurreikusita.

2. Laguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan aurreikusitako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa zein kontutan ordaintzea agintzen den, kontu horretan.

3. Eskaera aurkezteko epea amaitu eta sei hilabete ondoren ez bada ez esleipenik ez ordainketarik egin, eskera ezetsi dela ulertzen ahalko da. Ustezko ezespen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko dira, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarrena. Apirilaren 6ko 46/2022 Foru Aginduaren aldaketa.

Honela geldituko da idatzita zenbait produktu energetikoren azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatu eta itzultzeko prozedura arautzen duen apirilaren 6ko 46/2022 Foru Aginduaren Hiru.9 apartatua:

"9. Behin betiko jasotako zenbatekoen doikuntza egiten ahalko da, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluaren 6 7 apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. Azken doikuntza horretatik ateratzen bada laguntzaileak zenbateko bat ordaindu behar duela, dagokion ebazpenean adierazten den lekuan, moduan eta epean egin beharko du."

Laugarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta 2023ko ekainaren 30etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web