(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2023 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 25ekoa, NAFARROAKO FORUZAINGOKO KIDEEK ZERBITZUA EMATEKO JANTZIAK EROSTEAGATIK KALTE-ORDAINA JASOTZEKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUENA

BON 14/02/2023



ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 21eko 90/1991 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako foruzainen hainbat lan baldintza arautu ziren. Horien artean, zerbitzua emateko arauzko uniformea erabili beharrean kaleko jantzia erabiltzen duten foruzainak kaleko jantziez hornitzeko zuzkidura ekonomikoa. Espresuki aipatu ziren garai hartako Agintariak Babesteko Atala eta Jokoaren eta Ikuskizunen Atala. Zehazki, 125.000 pezeta ezarri ziren foruzain bakoitzeko eta urteko.

Gero, irailaren 2ko 273/1992 Foru Dekretuaren bidez, aipatu zuzkidura ekonomikoa eguneratzeko irizpidea ezarri zen, urtean urteko kontsumoko prezioen indizea aplikatuz.

Foruzaingoan, zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuen kalte-ordainen esparruan, konnotazio berezia dute arropa berezia erosteak sortutako gastuek. Arropa berezi hori, ohiko jantzi arruntaz bestelakoa, foruzain jakin batzuek erabili behar dute, agintzen zaien zerbitzu publikoa emateko, eta gainerako foruzainek ere, noizbehinka, uniformea ez den bestelako jantzia erabili behar izaten dute.

Bestetik, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan premiazko zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen helburuarekin bat, Nafarroako Gobernuak, aurrekontuen egonkortasunaren helburua betetzeko, zenbait neurri hartu zituen diru-sarrera publikoak indartzeko eta gastuak murrizteko. Besteak beste, langileei dagokienez, finkatutako neurriak apirilaren 17ko 25/2013 Foru Dekretuan gauzatu ziren. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foruzaingoko kideek zerbitzuaren arrazoiak direla-eta arropa erabili eta erosteagatik kalte-ordaina jasotzeko baldintzak, eta beste neurri batzuk, arautu ziren.

Ondoren, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea onartu da eta ondorioz, arau garapen guztiei dagokien egokitzapen azterketa egin behar da, erregulazio berri horren ondorio zuzen gisa sortuko baitira batzuk eta beste batzuk zehar ondorio gisa, lehenagoko arau garapenetatik, eta horiek guztiak eguneratu eta arau berrira egokitu behar dira. Halaber, komenigarria eta egokia da kalte ordainak jasotzeko prozedura hobetzea, segurtasuna bermatzeko dagozkion izapide guztietan.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak behar diren xedapenak emanen ditu hura erregelamendu bidez garatzeko.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko urtarrilaren hogeita bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foruzaingoko zenbait kidek, beren polizia eginkizunak betetzeko arauzko uniformea ez diren beste jantzi batzuk erabiltzen baitituzte, horiek erosteko izan ditzaketen gastuen ordaina arautzea, aldez aurretik baimena badute zerbitzua emateko arauzko uniformea jantzi gabe.

2. artikulua. Beren eginkizunak arauzko uniformea jantzi gabe beteko dituzten unitateak.

Nafarroako Foruzain buruari edo haren ordezkariari dagokio Foruzaingoko zein unitatek edo kidek beteko dituzten eginkizunak arauzko uniformea jantzi gabe eta ohiko jarduera horren baldintzak modu arrazoituan erabakitzea.

3. artikulua. Zenbatekoak.

1. Polizia eginkizunak ohituraz arauzko uniformea jantzi gabe betetzeko baimena duten unitateetako foruzainek eskubidea izanen dute urtean 900 euroko kalte-ordaina jasotzeko, unitate horietako kide behin-behinekoz edo behin betiko diren lehen urtean. Bigarren urtean, gehieneko kalte ordaina 700 eurokoa izanen da, eta hirugarren urtean eta hurrengoetan 550 eurokoa gehienez.

Gertatuko balira destino aldaketak, kolektiboak edo banakakoak, behin betikoak edo behin-behinekoak, eta horien ondorioz, poliziek uzten badute edo alta hartzen badute unitate horietan, non zerbitzua ohituraz arauzko uniformea jantzi gabe ematen den, eta horren kalte-ordaina jasotzen eskubidea duten, kalte-ordaina kalkulatzeko, urte naturalaren barruan unitate horietan zerbitzua eman duten denborari dagokion ehunekoa aplikatuko da, betiere foru dekretu honetan jasotako gainerako baldintzak betetzen badira.

2. Areako eta komisariako buruek eta polizia eginkizunetan noizean behin arauzko uniformea jantzi gabe aritzeko baimena duten unitateetako foruzainek, urte naturalean uniformerik gabeko 30 lanegun baino gehiago egiten badituzte, eskubidea dute urtean 200 euroko kalte-ordaina jasotzeko.

3. Salbuespenez horretarako baimena duten foruzaingoko kideek, zein unitatetakoak diren kontuan hartu gabe, urte naturalean uniformerik gabeko 10 eta 30 bitarteko benetako lanegun egiten badituzte, urtean 100 euroko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute.

4. Nolanahi ere, kalte-ordainaren zenbatekoa ez da inoiz izanen aurkeztutako fakturen bidez frogatutako gastutik gorakoa.

4. artikulua. Ordaintzeko prozedura.

1. Foru dekretu honetan aipatzen diren kalte-ordainak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten foruzainek kalte-ordainen eskaera aurkeztuko dute telematika bidez bakarrik, horrek ematen duelako bidea aurkeztu dutela egiaztatzeko, administrazio prozeduraren araudian xedatutakoarekin bat etorriz, eta hor azalduko dituzte egindako gastuen zerrenda eta zenbateko bakoitzari dagokion fakturaren zenbakia. Eskaerarekin batera, eskubidea duten zenbatekoei dagozkien fakturen kopia aurkeztu beharko da.

2. 3. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako kalte-ordainen kasuan, urte naturala amaitu baino lehen aurkeztu beharko dira eskaerak, horretarako ezartzen den epean, kalte-ordaina kobratzeko eskubidea sortu den epearen barruan, eta kalte-ordainak ordainduko dira urtea amaitu ondorengo lehenengo bi hilabeteetan, aldez aurretik kontrolatuta, unitate buruaren aldetik, arauzko uniformea jantzi gabe egin dituzten lanegunen kopurua.

3. Bestalde, 3. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako kalte-ordainak kobratzeko eskaerak bi alditan aurkeztu beharko dira, horretarako ezartzen den epean, lehenengoa, urte naturaleko lehen seihilekoa amaitu aurretik, eta bigarrena, urte hori amaitu baino lehen. Ondoren, kalte-ordainak ordainduko dira, hurrengo aldiaren lehenengo bi hilabeteetan.

4. Foruzaingoko burutzak espresuki ezarriko ditu kalte-ordain eskaerak aurkeztu eta tramitatzeko eredu espezifikoak, eta interesdunek horiek erabili behar dituzte nahitaez. Eskatzaileek eta organo kudeatzaileek ereduetako datuak bete beharko dituzte eta kalte-ordaina jasotzeko nahitaezkoak diren elementu eta agiriak erantsi.

5. Prozedura foru dekretu honetan espresuki xedatutakoaren arabera eginen da, eta aurreikusi ez den orotan, administrazio prozeduraren araudian xedatutakoaren arabera.

6. Foruzaingoko burutzak jarraibide espezifikoak prestatu eta onesten ahalko ditu, prozedura normalizatuak erabiliz, kalte-ordain horiek aurkeztu eta ebazteko, betiere, administrazio prozedurari buruz indarra duen araudia betez.

5. artikulua. Ordaintzeko baldintzak egiaztatzea.

1. Kalte-ordaina ordaindu aurretik, Nafarroako Foruzaingoko buruzagitzako titularrak, edo hark delegatzen duen pertsonak, idatziz adierazi beharko du aurkeztutako faktura bakoitzarekin edo fakturen zerrendarekin ados dagoela, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, batik bat baimenari dagokiona, eginkizunak benetan eman izana arauzko uniformea jantzi gabe, eta eskuratutako jantziak zerbitzua emateko egokiak direla, aldez aurretik dagokion burutzak ezarritako irizpideen arabera, eta era horretan ziurtatuz gastua bat datorrela eta egokia dela eginkizunak betetzeko planteatu diren egoerekin.

2. Zerbitzuak arauzko uniformea jantzi gabe emateko baimena duen unitate batean lan egiteagatik konpentsazioa ordaintzeko eskubidea dagoenean, unitate horretako burutzaren titularrak, kalte-ordaina ordaindu baino lehen, agenteek unitatean ematen duten denboraren berri emanen du, foru dekretu honen 3. artikuluko 1. apartatuaren azken paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Unitatean emandako denboraren zenbaketa.

1. Foruzainek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duten unitateetan ematen duten denbora, behin-behinean nahiz behin betiko zerbitzuan, metatu eginen dira zerbitzu aktiboan diren bitartean, eta beraz, lanpostuak betetzeko eta mailaz igotzeko edozein sistemaren ondoriozko zerbitzu denborak batuko dira.

Hala ere, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duten unitateetako batean ari diren agenteak beste unitate batera aldatzen badira, eta han arauzko uniformea jantzi behar badute, eta ondoren hasierako unitateetara itzultzen badira, 4 urte baino gehiago igaro ondoren, eskubidea izanen dute hasierako urterako ezartzen diren kalte-ordainen zenbatekoak jasotzeko.

2. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, kontuan hartuko da foru dekretu honek indarra hartzen duen egunean agente bakoitzak unitateetan behin-behineko edo behin betiko gisa eman duen denbora.

Xedapen Iragankor Bakarra. Beren eginkizunak arauzko uniformea jantzi gabe beteko dituzten unitateak.

Foruzain buruak, edo hark eskuordetzen duenak, erabaki arte Foruzaingoko zein unitateri aplikatzen zaion 3.1 eta 3.2 artikuluetako araubidea, xedapen iragankor honetan xedatutakoa aplikatuko da, honela:

a) Zerbitzua arauzko uniformerik gabe emateagatik dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute Agintarien Babeseko, Joko eta Ikuskizunen Arloko eta Ikerketa Kriminaleko Arloko unitateetako foruzainek, alde batera utzita Salaketen eta Herritarrentzako Arretaren Taldeko kideak edo zerbitzua uniformez eman ohi dutenak, Lurralde Komisarietako Polizia Judizialeko Taldeetako agenteak, Segurtasun Pribatuko eta Sistemetako Taldekoak, Barne Araubideko Brigadakoak, Automobilaren Delinkuentziako Taldekoak, eta Ingurumen Ikerketa Taldekoak.

b) Laneko eginkizunetan salbuespen gisa arauzko uniformerik gabe aritzeagatik dagokien kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute, urte naturalean 30 lanegun baino gehiago eginez gero, areako eta komisariako buru titularrek, eta Herritarren Segurtasunerako Areako unitateetako eta Foruzaingoaren lurralde komisarietako Herritarren Babeserako eta Arretarako Taldeetako kideek.

Azken Xedapenetako Lehena. Gaikuntzak.

1. Ahalmena ematen zaio eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

2. Ahalmena ematen zaio barne gaietan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritako kalte-ordainen gehieneko zenbatekoak bi urteko aldietan eguneratzeko, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu ondoren.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, 2022. ekitaldian jaso daitezkeen kalte-ordainei dagokien kalkuluaren ondorioetarako, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako zerbitzu aldiak hartuko dira kontuan.

Salbuespen gisa, 2022. ekitaldiari dagokion kalte-ordaina eskatzeko aparteko aldi bat gaituko da, onuradunek 2023ko otsailaren 28a arte dokumentazioa aurkeztu ahal izan dezaten. Era berean, salbuespen gisa eta behin bakarrik, 2023ko urtarrilaren 31 arte egindako gastuak sartzen ahalko dira epe horretako gastu ordaingarrietan.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetzen dira foru dekretu honetan, eta bereziki apirilaren 17ko 25/2013 Foru Dekretuan (horren bidez Nafarroako Foruzaingoko kideek zerbitzuaren arrazoiak direla-eta arropa erabili eta erosteagatik kalte-ordaina jasotzeko baldintzak, eta beste neurri batzuk, arautu ziren) ezarritakoa eragozten duten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web