124/2022 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 15EKOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, 346 EREDUA ONESTEN DUENA, "NEKAZARITZAKO, ABELTZAINTZAKO EDO BASOGINTZAKO JARDUEREN ONDORIOZKO DIRULAGUNTZA, KALTE-ORDAIN EDO LAGUNTZAK. URTEKO AITORPEN INFORMATIBOA" IZENEKOA
BON N.º 4 - 05/01/2023
ERASKINA.
Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko 62.18 artikuluak ezartzen du nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak eman edo onartzen dituzten entitate publiko edo pribatuek urtero horien guztien berri emateko betebeharra dutela. Besteak beste, kitatu edo ordaindutako dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzaren zenbatekoa, mota eta kontzeptua jakinarazi behar dute.
62. artikulu horrek berak, 23. apartatuan, zerga arloan eskumena duen departamentuko titularra gaitzen du informazio betebehar hori betetzeko epeak, ereduak eta modua zehazteko. Gaikuntza hori baliatuz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, azaroaren 9ko 279/2001 Foru Aginduaren bidez, 346 eredua onetsi zuen, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa.
Eredua onetsi zenetik, hainbat arau aldaketa izan dira, eta, horien ondorioz, eredua eguneratu behar izan da, Administrazioak behar besteko xehetasunez jaso dezan informazioa, zerga tratamendu egokia izan dezan.
Lehenik eta behin, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, beste salbuespen kasu bat jasotzen du ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikuluak. Zehazki, salbuetsita gelditzen dira Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) osorik finantzatutako laguntzen 100eko 50, horiek jaso badituzte ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariek edo lehentasunezko nekazaritza ustiategien titularrek, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatutakoen 100eko 100; biek batera 20.000 euroko gehieneko muga dute.
Aurrekoaren arabera, 346 eredua aldatu behar da, hots, nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzen urteko aitorpen informatiboa, eredu horretan behar bezala zehaztu ahal izateko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan salbuetsita egonen diren laguntza horiek.
Horretarako, bi gako berri sartu dira ereduaren "Hartutakoaren gakoa" eremuan, ereduaren diseinu logikoetako 2. motako erregistroan. "C" gako berriarekin emanen da LGENF funtsak kofinantzatutako laguntzei buruzko informazioa, eta "D" gako berriarekin NBEUF funtsak osorik finantzatutako laguntzei buruzkoa.
Bigarrenik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 78. artikuluak denbora egozpenari buruzko arau bereziak ezartzen ditu nekazari gazteei lehen instalaziorako emandako laguntza publikoetarako, Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean ezarrietarako. Laguntza horiek identifikatzeko, ereduaren diseinu logikoetako 2. motako erregistroko "Hartutakoaren mota" eremua ere aldatu behar izan da: beste gako bat gehitu da, 7. gakoa, laguntza horiei buruzko informazioa emateko.
Ereduaren edukian egindako aldaketa horiez gain, aurkezteko moduari eta epeari buruzko aldaketak daude, berriki onetsiak. Batetik, urtarrilaren 18ko 4/2016 Foru Aginduan ezarri zen aitorpena aurkezteko epea, urtero, urtarrilaren 1etik otsailaren 5era izanen dela, biak barne. Bestetik, abenduaren 21eko 147/2021 Foru Aginduak aitorpena ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarrietan aurkezteko aukera kendu zuen.
Horrek guztiak justifikatzen du 346 eredu berria onetsi beharra, informazio premia berrietara egokitua eta egun indarrean diren aurkezteko moduari eta epeari dagokienez eguneratua.
Horrenbestez, eta bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduko 62.23 artikuluak emandako aipatu gaikuntzarekin,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. 346 eredua eta haren erregistro diseinuak onestea.
346 eredua onesten da, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa. Ereduaren erregistro diseinuak eranskinean daude.
2. artikulua. 346 eredua aurkeztera behartuta dauden entitateak.
1. 346 eredua aurkeztera behartuta daude nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak eman edo onartzen dituzten entitate publiko edo pribatuak, horien emaile gisa zein beste entitate edo erakunde batzuen izenean ordaintzeko arduradun gisa izan.
Entitate emaileak helbidea Espainiatik kanpo baldin badu, dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak haren izenean kudeatzeko eginkizuna esleiturik duen entitate egoiliarrak bete behar du aurreko paragrafoak aipatzen duen betebeharra.
2. 346 ereduan sartzeari dagokionez, dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak ordaintzeko agindua ematen den egunean joko dira kitatutzat. Ordainketa agindurik ez baldin badago, ordainketa egiten denean hartuko dira kitatutzat.
3. artikulua. 346 eredua aurkezteko epea.
346. eredua urtero aurkeztu behar da, urtarrilaren 1etik otsailaren 5era, biak barne, aurre-aurreko ekitaldian kitatu edo ordaindu diren dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzei dagokienez.
4. artikulua. 346 eredua aurkezteko modua.
Aipatutako eredua soilik formatu elektronikoan izanen da eskuragarri eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.
Aitortzaileek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuta daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.
5. artikulua. 346 eredua aurkezteko gaikuntza.
Honako hauek aurkezten ahalko dute 346 eredua modu elektronikoz, Internet bidez:
1. Zergadunek edo, hala dagokionean, haien legezko ordezkariek.
2. Tributuen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).
6. artikulua. 346 eredua aurkezteko baldintza orokorrak.
346 eredua elektronikoki aurkezteko, bete beharko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.
7. artikulua. 346 eredua elektronikoki aurkezteko prozedura.
Aitorpenak Internet bidez aurkezteko, prozedura hau erabiliko da:
1. Sartu 346 eredua aurkezteko tramitera, Nafarroako Gobernuaren webgunean, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.
2. Bete web formularioan galdetzen diren datuak eta erantsi aitorpenaren fitxategia, igortzeko.
Fitxategi horren edukia eranskinean ezartzen diren erregistro diseinuen araberakoa izan behar da.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili.
Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotuko du. Akatsik atzemanez gero, formularioaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 9ko 279/2001 Foru Aginduaren lehenengo apartatua eta I. eta II. eranskinak. Foru agindu horren bidez onesten dira eurotako 346 eredua, entitate publiko edo pribatuek nekazari edo abeltzainei ordaindutako dirulaguntza eta kalte-ordainen urteko aitorpen informatiboa aurkeztekoa, eta ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrien diseinu fisiko eta logikoak, eredu horren barreneko orriak ordeztuko dituztenak; eta aldatzen dira 181, 182, 190 eta 345 ereduak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrien diseinu fisiko eta logikoak.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie lehenbizikoz, 2022ko informazioari dagokionez.
ERASKINA.