(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

71/2022 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 29KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAREN ETAPAKO IRAKASKUNTZEN CURRICULUMA EZARTZEN DUENA

BON N.º 155 - 04/08/2022; corr. err., BON 29/09/2022



  ERANSKINA Nota de Vigencia


Atariko

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Ikuspegi horri jarraituz, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak, atariko tituluan, hezkuntzaren printzipio eta helburuen artean aipatzen du, besteak beste, haurren eskubideak benetan betetzekoa, Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera, hezkuntza inklusioa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak aplikatzea.

Testu berriak aldatu egiten du gutxieneko irakaskuntzen oinarrizko edukiei dagozkien eskumenen lehengo banaketa, Estatuaren eta autonomia erkidegoen artekoa. Horrela, Gobernuari dagokio, autonomia erkidegoei Hezkuntzaren Konferentzia Sektorialean kontsulta egin ondoren, curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzea, gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituztenak, helburuen, konpetentzien, edukien eta ebaluazio irizpideen arloan.

Era berean, hezkuntza administrazioek, legeak zehazten duen bezala, ikaskuntza konpetentziala, autonomoa, esanguratsua eta gogoetatsua sustatzeko premiari eutsiz, beren lurralde eremurako dagokion curriculuma ezartzeko ardura izanen dute, eta curriculum horren parte izanen dira lehen aipatutako oinarrizko alderdiak. Curriculum horren osaerak ikasleen hezkuntza garapena erraztera bideratuta egon beharko du, funtsezko konpetentzien garapenean oinarritutako prestakuntza integrala bermatuko du, haien nortasuna erabat garatzen laguntzeko eta gaur egungo gizartean giza eskubideak osotara baliatzeko eta herritar aktibo eta demokratikoak izan daitezen prestatzeko. Ezin da inola ere izan eskola uztea eragiten duen oztopo bat, edo hezkuntzarako eskubidea eskuratzea eta gozatzea eragozten duen oztopo bat.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzea foru dekretu honen bidez.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak, ikasgaitan antolatuta, lau ikasmailatan ematen dira. Lehendabiziko hiru ikasmailetan, ikasgaiak esparrutan antolatzeko aukera ematen da eta azken ikasmailan, ikasgaien aukeraketa errazteko eta ikasmaila horren izaera orientatzailea kontuan hartuta, ikasgai batzuk multzokatzen ahalko dira Batxilergoko modalitateetara eta Lanbide Heziketako arloetara bideratutako zenbait aukeratan.

Ikasgai guztietan landu beharko dira irakurriaren ulermena, ahozko adierazpena eta idatzizkoa, ikus-entzunezko komunikazioa, konpetentzia digitala, ekintzailetza, espiritu kritikoaren eta zientifikoaren sustapena, hezkuntza emozionala eta balioen hezkuntza, bakerako eta indarkeriaren kontrako hezkuntza eta sormena. Era berean, ezartzen da zeharka tratatuko direla osasunerako hezkuntza, afektibo-sexuala barne, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, prestakuntza estetikoa eta elkarrekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza. Azkenik, ikasle guztiek etapako ikasmailaren batean Balio Zibikoen eta Etikoen Hezkuntza ikasi beharko dutela ezartzen da.

Hezkuntza komunaren eta ikasleen aniztasunari erantzuteko printzipioekin bat etorriz, aniztasunarekiko arretarako antolaketa eta curriculum neurriak aplikatzea aurreikusten da, etapako helburuak ikasle guztiei lortzen laguntzera bideratuak; neurri horien artean nabarmentzekoa da curriculum dibertsifikaziorako programak berreskuratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko metodologia espezifiko bat onuragarria izaten ahal zaien ikasleentzat aurreikusitakoak. Bestalde, ezartzen da irakasle taldeek proposatzen ahalko dutela ikasleak oinarrizko mailako heziketa ziklo batean sartzea haien ikasketa profila dela-eta komeni denean, eta horrek bermatuko die ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak eskuratzea lanbide munduari lotutako ingurune batean, bai eta dagokion titulua lortzea ere, irakaskuntza horiek gaindituz gero.

Etapa honetako ebaluazioa helburuak eta funtsezko konpetentziak noraino lortu diren neurtzeko baliatuko da, eta irizpide hori hartu beharko da kontuan ikasmaila batetik bestera igotzeari buruzko erabakia hartzerakoan. Horrekin batera, adierazten da ikasmaila berean jarraitzea salbuespenezko neurria izanen dela, eta, beraz, behin bakarrik erabiltzen ahalko dela ikasmaila berean eta gehienez bi aldiz derrigorrezko hezkuntza osoan zehar. Titulazioa lortzeko, ikasleek etapako funtsezko konpetentziak eta helburuak lortu beharko dituzte. Nolanahi ere, erabakiak irakasle taldeak hartuko ditu modu kolegiatuan.

Foru dekretu honek, halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak ezartzen ditu. Helburu, xede eta printzipio horiek konpetentziatan zehazteko modua oinarrizko irakaskuntzaren amaieran ikasleen izan beharreko irteera-profilean jasotzen da. Bertan, derrigorrezko irakaskuntza amaitzean ikasleek bereganatu eta garatuta izan beharko dituzten funtsezko konpetentziak identifikatzen dira, bai eta deskriptore operatiboak ere, etapa amaitzean espero den jardun-mailari buruzko orientabidea emanen dutenak. Horrez gain, ikasgai bakoitzerako konpetentzia espezifikoak definitzen dira, baita ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukiak ere.

Beren autonomia erabiliz, ikastetxeek garatuko dute foru dekretu honetan ezarritako curriculuma eta, hala badagokio, osatuko ere.

Irakasleei beren lana errazteko, ikaskuntza egoeraren definizio bat proposatzen da eta haren diseinurako orientabide batzuk ematen dira.

Era berean, foru dekretu honetan etaparen antolamenduaren funtsezko alderdi batzuei buruzko beste zenbait xedapen jasotzen dira, hala nola tutoretza, orientazioa, banakako desberdintasunekiko arreta, ebaluazioa eta mailaz igotzeko eta titulaziorako irizpideak.

Ebaluazio diagnostikoei dagokienez, bigarren ikasmailan, ikasleek eskuratutako konpetentziak ebaluatuko dituzte ikastetxeek. Ebaluazio horrek informazio, prestakuntza eta orientazio izaera izanen du ikastetxe, ikasle eta familientzat, bai eta hezkuntza komunitate osoarentzat ere.

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren hogeita bederatzian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazioeremua.

Foru dekretu honen xedea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako curriculuma ezartzea, eta aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituztenetan.

2. artikulua . Curriculuma.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculuma da hezkuntza jarduna arautzen duten helburuen, konpetentzien (funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio irizpideen multzoa.

2. Ikastetxeek, beren autonomia erabiliz, foru dekretu honetan ezarritako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma garatuko dute, bai eta, hala badagokio, osatuko ere, eta zehaztapen hori beren hezkuntza proiektuaren parte izanen da.

3. Hezkuntza Departamentuak lagunduko du curriculuma garatzen, proposamen pedagogiko eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen sustatuta, horien bidez ikasleen eta hezkuntzako langileen beharrei erantzuteko.

3. artikulua . Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hitz hauek:

a) Helburuak: ikasleek etapa amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak bereganatzearekin lotuta daudenak.

b) Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko bete beharrekoak. Ikasleek Oinarrizko Irakaskuntza amaitzean izan beharreko irteera-profilean jasota daude, eta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzkoan, ezarritako funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.

c) Funtsezko konpetentzien deskriptore operatiboak: erreferentzia esparrua, konpetentzia espezifikoak eta funtsezko konpetentziak lotzen dituena, bide ematen duena konpetentzia espezifikoak ebaluatuta funtsezko konpetentzien bereganatze-maila zehazteko.

d) Konpetentzia espezifikoak: ikasleek zenbait jarduera edo egoeratan betetzeko gai izan behar duten jardunak, zeinak lantzeko beharrezkoak baitira ikasgai edo esparru bakoitzaren oinarrizko jakintzak. Konpetentzia espezifikoek lotzen dituzte, alde batetik, ikasleen irteera-profila, eta, bestetik, ikasgaien edo esparruen oinarrizko jakintzak eta ebaluazio irizpideak.

e) Oinarrizko jakintzak: ikasgai edo esparru bati dagozkion edukiak osatzen dituzten ezagutzak, abileziak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko ikasi beharrekoak.

f) Metodo pedagogikoak: irakasleek, kontzienteki eta gogoeta baten ondorioz, antolatu eta planifikatzen dituzten estrategiak, prozedurak, teknikak eta ekintzak; elkarren artean koordinatuta, helburu dute ikasleen ikaskuntza bideratzea helburuak eta funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak lortzera.

g) Ebaluazio irizpideak: erreferenteak, egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak adierazten dituztenak; egoera edo jarduera horiek lotuta daude, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean, ikasgai edo esparru bakoitzaren konpetentzia espezifikoekin.

h) Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.

i) Ikasleen irteera-profila (aurrerantzean, irteera-profila): tresna bat, zeinetan zehazten baitira Espainiako hezkuntza sistemak Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez dituen printzipioak eta xedeak. Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu, XXI. mendeko erronkei dagokienez, ikasleek oinarrizko hezkuntzaren etaparen bukaeran garatuta izan behar dituzten funtsezko konpetentziak.

4. artikulua . Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hezkuntza sistemaren barruan.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza oinarrizko hezkuntzaren zati den hezkuntza etapa bat da, lau ikasmaila dituena. Ikasleek hamabi urte betetzen dituzten urte naturaletik hamasei urte betetzen dituzten urte naturalera bitartean egin ohi dira maila horiek. Hala ere, ikasleek eskubidea izanen dute etapa horretan hemezortzi urte betetzen dituzten urte naturalera arte egoteko.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasleen konpetentziak garatzera bideratutako ikasgaietan antolatuta dago. Lehendabiziko hiru ikasmailetan, ikasgai horiek esparrutan antolatuta egoten ahalko dira.

3. Etapako laugarren maila orientatzailea izanen da, bai derrigorrezkoen ondoko ikasketetarako, bai lanean hasteko.

5. artikulua . Xedeak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburua da ikasleek kulturaren oinarrizko elementuak bereganatzea, batez ere alderdi humanistikoan, artistikoan, zientifiko-teknologikoan eta motorrean; ikasleengan ikasteko eta lan egiteko ohiturak garatzea eta finkatzea, bai eta bizi-ohitura osasungarriak ere; eta, halaber, ondorengo ikasketei heltzeko nahiz laneratzeko prestatzea eta herritar gisa dituzten eskubide eta betebeharrak gauzatzeko trebakuntza ematea.

6. artikulua . Printzipio orokorrak.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.

2. Etapa honetan arreta berezia jarriko zaio ikasleen hezkuntza eta lanbide orientazioari. Eremu horretan, besteak beste, genero-ikuspegia sartuko da. Era berean, kontuan hartuko dira desgaitasuna duten edo kalteberatasun egoeran dauden ikasleen berariazko hezkuntza premiak.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bi printzipio hauen arabera antolatuko da: hezkuntza komuna eta ikasleen aniztasunari erantzutea. Hezkuntza Departamentuak arautuko ditu aniztasunari erantzuteko neurriak, antolaketakoak eta curriculumekoak, ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, irakaskuntzen antolaketa malgua egiteko aukera izan dezaten, beren ikasleen ezaugarrietara egokituta.

4. Aurreko apartatuan adierazitako neurrien artean, honako hauek jasoko dira: curriculuma egokitzea, ikasgaiak esparrutan antolatzea, multzokatze malguak, ikastaldeak bikoiztea, aukerako ikasgaiak eskaintzea, errefortzu programak eta hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleentzako laguntza pertsonalizatuko neurriak.

5. Era berean, arreta berezia jarriko zaio konpetentziak garatzeko ikaskuntza esanguratsua indartzeari, eta horretarako autonomia eta hausnarketa sustatuko dira.

7. artikulua . Printzipio pedagogikoak.

1. Ikastetxeek etapa honetako ikasle guztientzako proposamen pedagogikoak eginen dituzte, ikasle horien aniztasuna kontuan hartuta. Era berean, ikasleen ikasteko erritmo desberdinak kontuan hartuko dituzten, beren kabuz ikasteko gaitasuna erraztuko duten eta talde-lana sustatuko duten metodoak ezarriko dituzte.

2. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du zer baldintza espezifikotan taxutzen ahalko den esparruen arabera antolatutako eskaintza bat, ikasle guztiei zuzendua, edo batzuei, aurrera egiteko onuragarria izaten ahal zaiela uste denean.

3. Etapa honetan, arreta berezia eskainiko zaio oinarrizko hezkuntza amaitzean ikasleek izan beharreko irteera-profilean ezarritako konpetentziak bereganatu eta garatzeari, eta ahozko eta idatzizko adierazpenaren zuzentasuna eta matematikaren erabilera sustatuko dira. Irakurtzeko ohitura sustatzeko, denbora bat eskainiko zaio irakurketari ikasgai guztien irakaslanean.

4. Konpetentzien integrazioa sustatzeko, eskola-ordutegiaren zati bat ikasleentzako proiektu esanguratsuak egiteko eta arazoak elkarlanean ebazteko erabiliko da, autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna indartuta. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak ezarriko du ikastetxeetako eskola-ordutegiaren zer portzentaje erabiliko den etapako konpetentzia guztien garapen integratua bermatzeko eta zeharkako edukiak esparru eta ikasgai guztietan txertatzeko.

5. Berariazko tratamendua alde batera utzi gabe, ikasgai guztietan landuko dira irakurmena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, konpetentzia digitala, ekintzailetza soziala eta enpresariala, espiritu kritikoaren eta zientifikoaren sustapena, hezkuntza emozionala eta balioen hezkuntza, genero-berdintasuna eta sormena. Nolanahi ere, zeharka sustatuko dira osasunerako hezkuntza, afektibo-sexuala barne, prestakuntza estetikoa, jasangarritasunerako eta kontsumo arduratsurako hezkuntza, elkarrekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza.

6. Behar bezalako kualifikazioa duten irakasleek etaparen lehen ikasmailetan ikastalde berari ikasgai bat baino gehiago emateko baldintzak ezarriko ditu Hezkuntza Departamentuak.

7. Hezkuntza Departamentuari dagokio behar diren neurriak sustatzea ikasleen tutoretza pertsonala eta hezkuntza-, psikopedagogia- eta lanbide-orientazioa etapa hau antolatzeko funtsezko elementuak izan daitezen.

8. Era berean, Hezkuntza Departamentuak berariazko konponbideak arautuko ditu arreta emateko ikasteko edo ikastetxeetako ohiko jardueran integratzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleei, adimen gaitasun handiko ikasleei eta desgaitasuna duten ikasleei.

9. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan, ahozko ulermena, adierazpena eta interakzioa lehenetsiko dira. Gaztelania edo, hala badagokio, euskara hizkuntza horien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez da erabiliko.

8. artikulua . Etaparen helburuak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak lagunduko du ikasleengan honako xede hauetarako gaitasunak garatzen:

a) Beren betebeharrak erantzukizunez onartzea; beren eskubideak baliatzea, gainerakoekiko begirunez; tolerantzia, lankidetza eta pertsonen eta taldeen arteko elkartasuna lantzea; elkarrizketa erabiltzea, giza eskubideak gizarte plural baten balio komun gisa sendotzeari begira, eta herritar demokratikoa izateko prestatzea.

b) Diziplina, ikasketa eta laneko ohiturak garatu eta finkatzea, bakarkakoak zein taldekoak, beharrezkoak baitira ikaskuntza lanak eraginkortasunez egiteko eta baliagarriak ere bai, garapen pertsonalari begira.

c) Sexuen arteko desberdintasuna eta haien arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna balioetsi eta errespetatzea. Gizonen eta emakumeen arteko diskriminazioa dakarten estereotipoak arbuiatzea.

d) Norberaren gaitasun afektiboak indartzea nortasunaren esparru guztietan eta besteekiko harremanetan; indarkeria, mota guztietako aurreiritziak eta jokabide sexistak arbuiatzea, eta gatazkak bakebidez konpontzea.

e) Informazio-iturriak erabiltzeko oinarrizko abileziak garatzea, zentzu kritikoaz ezagutza berriak eskuratzeko. Oinarrizko konpetentzia teknologikoak garatzea, eta haien funtzionamendu eta erabileraren gainean hausnarketa etikoan aurrera egitea.

f) Ezagutza zientifikoa jakintza integratutzat hartzea, hainbat diziplinatan egituratzen dena, eta ezagutzaren eta esperientziaren arloetan arazoak identifikatzeko metodoak ezagutzea eta aplikatzea.

g) Espiritu ekintzailea eta bere buruarekiko konfiantza, parte-hartzea, zentzu kritikoa, ekimen pertsonala, eta ikasten ikasteko, planifikatzeko, erabakiak hartzeko eta erantzukizunak bere gain hartzeko gaitasuna garatzea.

h) Ahoz nahiz idatziz gaztelaniazko (edo, hala badagokio, euskarazko) testu eta mezu konplexuak ulertu eta zuzen adieraztea, eta literatura ezagutzen, irakurtzen eta aztertzen hastea.

i) Atzerriko hizkuntza bat edo gehiago ulertzea eta horretan/horietan modu egokian hitz egitea.

j) Norberaren eta gainerako pertsonen kulturaren eta historiaren oinarrizko alderdiak ezagutzea, balioestea eta errespetatzea, bai eta Nafarroako ondare artistikoa eta kulturala, geografia eta historia eta bertako hizkuntzen, kulturen eta ohituren aniztasuna ere.

k) Norberaren gorputzaren eta gainerakoenen funtzionamendua ezagutu eta onartzea, desberdintasunak errespetatzea, gorputzaren zaintza eta osasun ohiturak sendotzea, eta gorputz hezkuntza eta kirola egitea, garapen pertsonala eta soziala errazteko. Sexualitatearen giza dimentsioa ezagutu eta baloratzea, bere aniztasunarekin. Osasunarekin, kontsumoarekin, izaki bizidunen zaintzarekin, enpatiarekin eta begirunearekin (bereziki animalien kasuan) eta ingurumenarekin lotutako ohitura sozialen balorazio kritikoa egitea, eta horiek gordetzen eta hobetzen laguntzea.

l) Arte-sorkuntza aintzat hartzea eta arte-adierazpen guztien hizkuntza ulertzea, hainbat adierazpen eta irudikapen baliabide erabilita.

9. artikulua . Lehendabiziko hiru ikasmailen antolaketa.

1. Lehen hiru ikasmailetako ikasgaiak hauek izanen dira:

a) Biologia eta Geologia.

b) Gorputz Hezkuntza.

c) Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza.

d) Fisika eta Kimika.

e) Geografia eta Historia.

f) Gaztelania eta Literatura.

g) Euskara eta Literatura, hala dagokionean.

h) Atzerriko Hizkuntza.

i) Matematika.

j) Musika.

k) Teknologia eta Digitalizazioa.

2. Hiru ikasmailetan, ikasle guztiek ikasiko dituzte ikasgai hauek:

a) Biologia eta Geologia eta/edo Fisika eta Kimika.

b) Gorputz Hezkuntza.

c) Geografia eta Historia.

d) Gaztelania eta Literatura.

e) Euskara eta Literatura, hala dagokionean.

f) Atzerriko Hizkuntza.

g) Matematika.

h) h) Musika eta/edo Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza.

3. Hiru ikasmailetako batean, gutxienez, ikasle guztiek ikasiko dute Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaia. Era berean, lehendabiziko hiru ikasmailetako batean, ikasle guztiek ikasiko dute Balio Zibikoen eta Etikoen Hezkuntza ikasgaia.

4. Horrez gain, hiru ikasmailetan, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen esparruaren barruan, ikasleek aukerako ikasgai bat ikasiko dute, zeina izaten ahalko da, halaber, lan monografiko bat, diziplinarteko proiektu bat edo komunitatearentzako zerbitzu batekin elkarlanean aritzekoa. Eskaintza horretan sartu beharko da, gutxienez ere, Kultura Klasikoa, konpetentzia digitala garatzeko ikasgai bat eta atzerriko bigarren hizkuntza bat. Atzerriko bigarren hizkuntzaren kasuan, eskaintza etapako ikasmaila guztietan bermatuko da.

5. Ikastetxeek esparruen arabera multzokatzen ahalko dituzte etaparen lehendabiziko hiru ikasmailetako ikasgai guztiak, Hezkuntza Departamentuan horretarako ezartzen duenaren barruan. Esparruak ezartzen badira, horien curriculumean sartu beharko dira osatzen dituzten ikasgaien konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak. Ondorio horietarako, esparru bakoitzaren eskola-ordutegia hura osatzen duten ikasgai guztien batura izanen da.

6. Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko trantsizioa errazteko, azken hori antolatzean, Hezkuntza Departamentua saiatuko da lehen eta bigarren mailako ikasleek gehienez ere ikasgai bat gehiago ikas dezaten Lehen Hezkuntzako azken zikloa osatzen duten arloak baino.

7. Hezkuntza Departamentuak erregelamenduz ezarritakoaren arabera, ikasleak Euskara eta Literatura ikasteaz edo horretan ebaluatua izateaz salbuesten ahalko dira. Beti bermatuko da, halere, bi hizkuntza ofizialetan behar adinako hizkuntza konpetentziaren helburua.

8. Inklusioa sendotzeko, Hezkuntza Departamentuak zeinu-hizkuntza espainiarrak sartzen ahalko ditu ikasmaila hauetan.

10. artikulua . Laugarren ikasmailaren antolaketa.

1. Laugarren mailako ikasle guztiek ikasiko dituzte ikasgai hauek:

a) Gorputz Hezkuntza.

b) Geografia eta Historia.

c) Gaztelania eta Literatura.

d) Euskara eta Literatura, hala dagokionean.

e) Atzerriko Hizkuntza.

f) Matematika A edo Matematika B, ikasle bakoitzak egindako aukeraren arabera.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren ikasgaiez gain, ikasleek ikasgai hauetatik beste hiru ikasi beharko dituzte:

a) Biologia eta Geologia.

b) Digitalizazioa.

c) Ekonomia eta Ekintzailetza.

d) Adierazpen Artistikoa.

e) Fisika eta Kimika.

f) Prestakuntza eta Orientazio Pertsonal eta Profesionala.

g) Latina.

h) Musika.

i) Atzerriko Bigarren Hizkuntza.

j) Teknologia.

3. Laugarren ikasmaila orientatzailea izanen da, bai derrigorrezkoen ondoko ikasketetarako, bai lanean hasteko. Ikasleen aukeraketa orientatzeko, ikastetxeek bigarren apartatuan aipatutako ikasgaiak hainbat aukeratan multzokatzen ahalko dituzte, Batxilergoko modalitateetara eta Lanbide Heziketako arloetara bideratuta, eta ikasketa-adar guztietan sexu bien presentzia orekatua izatea sustatuko dute. Nolanahi ere, ikasleek lortzen ahalko dute, ezartzen diren aukeretako edozeinen bidez, oinarrizko irakaskuntza amaitzean ikasleek izan beharreko irteera-profilean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezarritako konpetentzien bereganatze-maila.

4. Ikastetxeek bigarren apartatuan aipatutako ikasgai guztiak eskaini beharko dituzte. Ikasleen hautaketa mugatzen ahalko da soilik ikasgai edo aukeretako baterako nahikoa ikaslerik ez dagoenean, kopuru hori Hezkuntza Departamentuak aldez aurretik ezarritako irizpide objektiboetan oinarrituz zehaztuta.

5. Ikasleek aukerako ikasgai bat edo gehiago ikasten ahalko dituzte, Hezkuntza Departamentuak ezarritako esparruaren barruan betiere. Ikasgai horiek lan monografikoak izaten ahalko dira, edo komunitatearentzako zerbitzu batekin elkarlanean aritzeko proiektu bat.

6. Hezkuntza Departamentuak erregelamenduz ezarritakoaren arabera, ikasleak Euskara eta Literatura ikasteaz edo horretan ebaluatua izateaz salbuesten ahalko dira. Beti bermatuko da, halere, bi hizkuntza ofizialetan behar adinako hizkuntza konpetentziaren helburua.

7. Inklusioa sendotzeko, Hezkuntza Departamentuak zeinu-hizkuntza espainiarrak sartzen ahalko ditu ikasmaila honetan.

11. artikulua . Ordutegia.

Hezkuntza Departamentuak ezarriko du ikastetxeetako eskola-ordutegian zer portzentaje erabiliko den etapako konpetentzia guztien garapen integratua bermatzeko eta zeharkako edukiak ikasgai eta esparru guztietan txertatzeko.

12. artikulua . Irteeraprofila, funtsezko konpetentziak eta deskriptore operatiboak.

1. Foru dekretu honen I. eranskinean ezartzen da ikasleak oinarrizko irakaskuntza amaitzean bereganatu eta garatuta izan beharko duen irteera-profila. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulaziorako jardun-konpetentzialaren erreferente nagusia da. Curriculumeko gainerako erabakien oinarria da, baita irakaslanaren estrategia eta orientabide metodologikoena ere.

2. Irteera-profilak funtsezko konpetentziak finkatzen ditu, eta, horietako bakoitzerako deskriptore operatiboak, ikasgai edo esparru bakoitzaren konpetentzia espezifikoak zehazteko erreferentzia-esparrua osatzen dutenak. Deskriptore operatiboen eta konpetentzia espezifikoen arteko lotura horrek bide ematen du konpetentzia espezifikoak ebaluatuta funtsezko konpetentzien bereganatze-maila zehazteko, bai eta, beraz, etapan aurreikusitako helburuen lorpena ere.

3. Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuetan foru dekretu honetan ezarritako curriculumaz egiten duten zehaztapenerako erreferentea izanen da aipatutako irteera-profila.

4. Hauek dira konpetentzia funtsezkoak, etapa osorako komunak direnak:

- Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia.

- Eleaniztasunerako konpetentzia.

-Matematikarako konpetentzia, eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia.

- Konpetentzia digitala.

- Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa.

- Herritar konpetentzia.

- Ekimenerako konpetentzia.

- Kulturaren kontzientzia eta adierazpenerako konpetentzia.

5. Foru dekretu honetan ezarritako irakaskuntzen helburua da funtsezko konpetentziak eskuratu eta gara daitezen bermatzea.

13. artikulua . Konpetentzia espezifikoak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak, oinarrizko jakintzak eta ikaskuntza egoerak.

1. Foru dekretu honen II. eranskinean ikasgai bakoitzaren konpetentzia espezifikoak ezartzen dira, etaparen ikasmaila guztietarako komunak direnak, bai eta ikasgai bakoitzean ziklo bakoitzerako ezartzen diren ebaluazio irizpideak eta edukiak ere, oinarrizko jakintza gisa emanak.

2. Esparruak ezartzen badira, errespetatu beharko dituzte horietan sartzen diren ikasgaietako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak.

3. Metodo pedagogikoak ikastetxeek beraiek diseinatu eta ezarriko dituzte etapako ikasmaila bakoitzean, ikasleei prestakuntza integrala ematea xede, zeinak lagunduko baitie beren nortasuna erabat garatzen eta beharrezko trebakuntza izaten etorkizuneko ikasketak aprobetxamenduarekin ikasteko.

4. Funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak bereganatu eta garatzeko, ikaskuntza egoerak planifikatuko ditu irakasle taldeak. Irakasleei beren lana errazteko, foru dekretu honen III. eranskinean jaso dira egoera horiek diseinatzeko orientabide batzuk.

14. artikulua . Curriculum dibertsifikaziorako programak.

1. Curriculum dibertsifikaziorako programen xedea izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lor dezaten etapa honetako lehen edo bigarren mailan laguntza neurriak jaso ondoren ikasteko zailtasun nabarmenak dituzten ikasleek, edo aniztasunari erantzuteko neurri hori titulua lortzeko mesedegarri zaienek.

2. Programa horiek ezartzeak berekin ekarriko du metodologia espezifiko bat aplikatzea, curriculuma ezagutza esparruetan, jarduera praktikoetan eta, hala badagokio, ikasgaietan antolatuko duena eta oro har ezarritakoaz bestelakoa izanen dena, ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eta etaparen helburuak lor ditzaten.

3. Oro har, curriculum dibertsifikaziorako programak bi urtetan eginen dira, hirugarren mailatik etaparen amaierara arte.

4. Bigarren ikasmaila bukatzean mailaz igotzeko moduan ez dauden ikasleak sartzen ahalko dira curriculum dibertsifikaziorako programa batean, baldin eta irakasle taldearen iritziz maila berean beste urte batez jarraitzeak ez badu onurarik ekarriko ikasleen bilakaera akademikoan.

5. Era berean, curriculum dibertsifikaziorako programaren lehen urtea egiteko proposatzen ahalko zaie etaparen hirugarren ikasmaila bukatzean mailaz igotzeko moduan ez dauden ikasleei, baldin eta irakasle taldearen iritziz programan sartzea onuragarria izanen bada haien bilakaera akademikoarentzat.

6. Salbuespen gisa, DBHko laugarren maila bukatzean titulua ateratzeko moduan ez dauden ikasleei proposatzen ahalko zaie programan sartzeko, baldin eta irakasle taldearen iritziz neurri horri esker Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen ahalko badute, 4.1 artikuluan ezarritako iraupen-mugak gainditu gabe.

7. Kasu guztietan, programa horietan sartzeko beharrezkoa izanen da, ebaluazio akademikoaz gain, neurriaren egokitasunari buruzko txosten bat, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan. Ikasleari entzun ondoren eginen da, haren gurasoen edo legezko tutoreen adostasunarekin.

8. Hezkuntza Departamentuak ezarriko du programa horien curriculuma. Programa horiek irteera-profilean ezarritako konpetentziak lortzea bermatu beharko dute betiere.

9. Programa horiek bi esparru espezifiko izanen dituzte; horietako batek izaera linguistiko eta sozialeko elementuak bilduko ditu, eta besteak izaera zientifiko eta teknologikoko elementuak, eta, gutxienez, etaparako ezarritako hiru ikasgai, aurreko esparruetan jaso ez direnak, ikasleek, oro har, talde arrunt batean ikasiko dituztenak. Horrez gain, esparru praktiko bat ere ezartzen ahalko da.

10. Esparru linguistiko eta sozialean sartuko dira, gutxienez, Geografia eta Historia, eta Gaztelania eta Literatura -eta, hala badagokio, Euskara eta Literatura- ikasgaiei dagozkien curriculumaren oinarrizko alderdiak. Era berean, Atzerriko Hizkuntza ere sartzen ahalko da esparru horretan. Esparru zientifiko-teknologikoan sartuko dira, gutxienez, Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika eta, hala badagokio, Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaiei dagozkienak. Atzerriko Hizkuntza ez badago esparru linguistiko eta sozialean sartuta, aurreko paragrafoan ezarritako hiru ikasgaietako bat bezala ikasi beharko da. Esparru praktiko bat sartuz gero, Teknologia eta Digitalizazioa ikasgaiari dagokion curriculumaren oinarrizko alderdiak jasotzen ahalko ditu.

11. Ikastetxeek curriculum dibertsifikaziorako programak antolatzen ahalko dituzte Hezkuntza Departamentuak ezarritakoaren barruan eta ikasleen premiak kontuan hartuta.

12. Programa hauetan parte hartzen duten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntza baliabideak bermatuko dizkie Hezkuntza Departamentuak, ikasle horientzat oro har aurreikusitakoak.

15. artikulua . Ebaluazioa.

1. Ikasleen ebaluazioa etengabea, prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da, eta, erreferente nagusi gisa, kontuan hartuko du etaparako ezarritako helburuak lortu diren eta irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentzien bereganatze-maila, ikasgai edo esparru guztiei dagokienez.

2. Etengabeko ebaluazio prozesu horren testuinguruan, ikaslearen aurrerapena ez bada egokia hezkuntza errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek ikasturteko edozein unetan hartuko dira, zailtasunak hauteman bezain laster, eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen egoeraren jarraipen berezia eginen da; neurrien helburua izanen da bermatzea ikasleek bereganatzen dutela hezkuntza prozesuarekin jarraitzeko behar duten konpetentzia-maila, ikasle bakoitzak behar dituen laguntzekin.

3. Ebaluazioa integratzailea izateak ez du eragotziko irakasleek modu bereizian ebaluatzea ikasgai edo esparru bakoitza, beren ebaluazio irizpideak kontuan hartuta.

4. Esparruen kasuan, haietako bakoitzaren ebaluazioa ere modu integratuan eginen da.

5. Ikasturtean zehar egindako jarraipena gorabehera, irakasle taldeak modu kolegiatuan eginen du ikasleen azken ebaluazioa, ikasturtearen bukaeran eginen den saio bakar batean.

6. Irakasleek ebaluatuko dituzte bai ikasleen ikaskuntzak, bai irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana, hobekuntzari begira.

7. Hezkuntza Departamentuak bermatuko du ikasleen eskubidea ebaluazio objektiboa izateko eta haien dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez balioetsi eta aitortu daitezen, eta, horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, kontuan hartuko dituztenak indarreko legerian xedatutako ebaluazioaren ezaugarriak. Alde horretatik, sustatuko da oro har erabil daitezela ebaluazio tresna askotarikoak, erabil errazak eta ikaskuntza egoeretara egokitutakoak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko. Bermatuko da, halaber, ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen beharrekin bat etortzea.

8. Curriculum dibertsifikaziorako programetan ikasten duten ikasleak etapako helburuen eta programa bakoitzean finkatutako ebaluazio irizpideen arabera ebaluatuko dira.

9. Curriculum egokitzapenak dituzten ikasleen kasuan, haietan ezarritako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentziatzat ebaluazioa egiteko.

16. artikulua . Mailaz igotzea.

1. Ikasleak ikasmailaz igotzeko erabakiak irakasle taldeak modu kolegiatuan hartuko ditu eta kontuan hartuko dira helburuen lortze-maila eta ezarritako konpetentzien bereganatze-maila, bai eta ikaslearen aurrerabidearen aldeko neurrien balorazioa ere. Ikastetxeen hezkuntza proiektuek arautuko dituzte ebaluazioaz arduratzen den irakasle taldearen jarduerak, Hezkuntza Departamentuak ezarritakoaren arabera.

2. Ikasleak ikasmailaz igoko dira, baldin eta, irakasle taldearen iritziz, gainditu gabe dituzten ikasgaien edo esparruen izaerak galarazten ez badie hurrengo maila arrakastaz egitea, errekuperatzeko aukera onak badituzte eta mailaz igotzea onuragarria izanen bada haien bilakaera akademikorako. Mailaz igoko dira ikasitako ikasgaiak edo esparruak gainditu dituztenak edo ikasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa dutenak.

3. Ikasgai guztiak gainditu gabe mailaz igotzen direnek errefortzu planak beteko dituzte, irakasle taldeak ezarrita. Planen aplikazio pertsonalizatua berrikusi behar du irakasle taldeak tarteka, ikasturtean zehar eta, kasu guztietan, ikasturtea bukatzean. Ikasle horiek gainditu egin beharko dituzte plan horiei dagozkien ebaluazioak, Hezkuntza Departamentuak xedatutakoaren arabera. Egoera hori kontuan hartuko da mailaz igotzeko eta titulazioa lortzeko.

4. Curriculum dibertsifikaziorako programa batean sartzen direnek, halaber, irakasle taldeak ezarritako errefortzu planak bete beharko dituzte, eta dagozkien ebaluazioak gainditu, aurreko mailetan gainditu ez dituzten eta programaren esparruren batean sartuta ez dauden ikasgaietan. Curriculum dibertsifikaziorako programaren esparruren batean sartutako aurreko ikasturteetako ikasgaiak gainditutzat joko dira, hartzen dituen esparrua gainditzen bada.

5. Maila berean jarraitzea salbuespenezko neurria izanen da, eta ikasleak ikaskuntzan dituen zailtasunak konpontzeko asmoz errefortzurako eta laguntzarako hartutako neurri arruntak agortu ondotik baizik ez da hartuko. Ikaslea behin bakarrik gelditzen ahalko da ikasmaila berean, eta gehienez bi aldiz derrigorrezko hezkuntza osoan.

6. Maila berean jarraitzea erabakiz gero, planifikatu egin beharko da curriculuma: ikasleen premietara egokitu behar dira curriculum baldintzak eta hautemandako zailtasunak gainditzera bideratuak egon behar dute, bai eta jada eskuratutako ikaskuntzetan aurrera egitera eta horiek sakontzera ere. Baldintza horiek berariazko plan pertsonalizatu batean jasoko dira, ikasle horientzat egokitzat jotzen diren neurri guztiekin.

7. Curriculum dibertsifikaziorako programetan, bertan beste urtebetez jarraitzeari buruzko erabakiak programaren bigarren urtea bukatuta baizik ez dira hartuko.

8. Salbuespen gisa, beste urtebetez egoten ahalko da laugarren ikasmailan, nahiz eta maila horretan jarraitzeko gehieneko aldia agortuta izan, baldin eta irakasle taldeak uste badu neurri horrek lagundu egiten duela etaparako ezarritako funtsezko konpetentziak bereganatzen. Horrelakoetan, urtebetez luzatzen ahalko da foru dekretu honen 4.1 artikuluan aipatzen den adin-muga.

17. artikulua . Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean, irakasle taldearen iritziz, irteera-profilean ezarritako funtsezko konpetentziak bereganatu eta etapako helburuak lortu dituzten ikasleek, foru dekretu honen 20.B).3 artikuluan ezarritakoa gorabehera.

2. Ikasle bakoitzaren irakasleek hartuko dituzte titulu akademikoa lortzeari buruzko erabakiak modu kolegiatuan. Hezkuntza Departamentuak irizpideak ezartzen ahalko ditu irakasle taldeen erabakiak orientatzeko, irteera-profilean ezarritako funtsezko konpetentzien bereganatze-mailari eta etapako helburuak lortzeari dagokienez, irizpide horiek eragiten ez badute gainditu gabeko ikasgaien kopurua eta tipologia finkatzea.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua bakarra izanen da, eta kalifikaziorik gabe emanen da.

4. Ikasle guztiek ziurtagiri ofizial bat jasoko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolatzea bukatzen dutenean. Ikasten egindako urte kopurua eta irteera-profilean zehaztutako funtsezko konpetentzien bereganatze-maila adieraziko dira ziurtagiri horretan.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ebaluazio prozesua bukatu ondoren, titulua lortu ez duten eta foru dekretu honetako 4.1 artikuluan ezarritako adin-mugak gainditu dituzten ikasleek, kontuan hartuta, halaber, etapan jarraitzeko denboraren salbuespeneko luzapena, 16.8 eta 20.B).4 artikuluetan aurreikusitakoa, hurrengo bi ikasturteetan eskuratzen ahalko dute, gainditu ez dituzten ikasgai edo esparruen gaineko aparteko proba edo jarduera pertsonalizatuak eginez, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

18. artikulua . Tutoretza eta orientazioa.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, orientazioak eta tutoretza-lanak ikasleen hezkuntza prozesuan lagunduko dute, bakarkakoan nahiz kolektiboan.

2. Bigarren ikasmaila bukatzean, orientaziorako aholku bat emanen zaie ikasle bakoitzaren gurasoei edo legezko tutoreei. Aholku horretan txosten bat jasoko da helburuen lortze-mailari eta kasuan kasuko konpetentzien bereganatze-mailari buruz, bai eta proposamen bat ere, guraso edo legezko tutoreentzat, edo, hala badagokio, ikaslearentzat, prestakuntzarekin jarraitzeko egokientzat jotzen den aukerari buruzkoa. Proposamen horren barnean, curriculum dibertsifikaziorako programa batean edo oinarrizko mailako heziketa ziklo batean sartzekoa egon daiteke.

3. Irakasle taldeak komenigarritzat jotzen duenean gurasoei edo legezko tutoreei eta ikasleari berari proposatzea hirugarren maila bukatzean oinarrizko mailako heziketa ziklo batean sartzeko, proposamen hori beste orientaziorako aholku baten bidez eginen da, eta aholku hori helburu horretarako baino ez da emanen.

4. Ikastetxeek informazioa eta orientazioa eman beharko diete ikasleei, 10.2 artikuluan aipatzen diren aukeren eta ikasgaien aukeraketa beren interesetarako eta ondorengo prestakuntza-orientaziorako egokiena izan dadin, genero estereotipoen ondoriozko baldintzapenak saihestuta.

5. Era berean, etapa edo, hala badagokio, derrigorrezko eskolatzea bukatzean, ikasle guztiek orientaziorako aholku indibidualizatu bat jasoko dute, eta bertan proposamen bat eginen zaie haientzat egokien jotzen diren aukera akademikoei, prestakuntzakoei edo profesionalei buruz. Orientaziorako aholku horren helburua izanen da ikasle guztiek aukera egoki bat aurkitzea beren etorkizuneko prestakuntzarako.

6. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu aurreko apartatuetan aipatzen diren orientaziorako aholkuen ezaugarriak.

19. artikulua . Banako desberdintasunei erantzutea.

1. Foru dekretu honen 6.3 artikuluan aipatzen diren hezkuntza komunaren eta aniztasunari erantzuna ematearen printzipioak kontuan hartuta, Hezkuntza Departamentuari dagokio araudia ezartzea, ikastetxeek beren ikasleen hezkuntza premia zehatzei erantzuteko beharrezkoak diren neurriak hartzea ahalbidetuko duena, ikasleen egoerak eta ikaskuntza-erritmoak kontuan hartuta.

2. Neurri horiek ikastetxeen hezkuntza proiektuaren parte izanen dira, eta ikasle guztiek irteera-profilean aurreikusitako konpetentziak gara ditzaten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lor ditzaten ahalbidetzera bideratuta. Beraz, neurri horiek ezin izanen dute, inola ere, haien onura hartzen dutenei dagokion titulazioa lortzea eragotziko dien diskriminaziorik eragin.

20. artikulua . Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak.

A) Printzipio orokorrak.

1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak dira hezkuntza arreta arruntaz bestelakoa behar dutenak, hezkuntza premia bereziak dituztelako, heltze prozesuko atzerapenagatik, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduengatik, arretaren edo ikasteko prozesuaren nahasmenduengatik, ikaskuntzarako hizkuntzaren ezezagutza handiagatik, gizarte eta hezkuntza ahulezia egoeran egoteagatik, adimen gaitasun handiak izateagatik, hezkuntza sisteman berandu sartzeagatik edo baldintza pertsonalengatik edo eskola historiaren baldintzengatik.

2. Ikasle horiek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien gara ditzaten eta irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak garatzeko nahiz etaparen helburuak lortzeko, curriculumaren eta antolaketaren egokitzapenak egiten ahalko dira. Bereziki, malgutzeko neurriak eta alternatiba metodologikoak ezarriko dira atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan eta ebaluazioan, hura ulertzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan. Egokitzapen horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak gutxiagotzeko.

B) Hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Hauek dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak: hezkuntza jasotzea, eskolan egotea, parte hartzea edo ikastea mugatzen dieten oztopoak dituztenak -desgaitasunak edo jokabidearen, komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larriak dituztelako eskolatze aldiaren tarte batean edo eskolatze aldi osoan-, berariazko hezkuntza laguntza eta arreta behar dituztenak haien garapen-mailarekin bat datozen ikaskuntza helburuak betetzeko.

2. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak curriculumean sartzen lagunduko duten irisgarritasun baldintzak eta diseinu unibertsaleko baldintzak eta laguntza baliabideak (giza baliabideak eta baliabide materialak), eta egokitu eginen ditu ikasle horien ebaluazioa behar bezala egitea bermatuko duten tresnak eta, hala badagokio, denborak eta laguntzak.

3. Xede horrekin, ikastetxeek behar diren prozedurak ezarriko dituzte curriculumaren elementuak egokitzeko, foru dekretu honetan ezartzen denetik nabarmen aldentzen direnak, egokitzapen horiek beharrezkoak direnean ikasle horiei curriculumean sartzea errazteko. Egokitzapen horiek eginen dira funtsezko konpetentziak ahalik eta gehien garatzeko aukera emateko xedearekin, eta barnean bilduko dituzte ikasle horien ebaluazioan aplikatuko diren erreferenteak, horrek eragotzi gabe mailaz igotzea edo titulazioa lortzea.

4. Foru dekretu honen 4.1, 16.5, 16.7 eta 16.8 artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ikasle horiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan ikastetxe arruntetan eskolatuta egoteko denbora urtebetez luzatzen ahalko da, baldin eta hori lagungarria bada funtsezko konpetentziak eta etapako helburuak beregana ditzaten.

5. Ikasle horien hezkuntza premiak ahal bezain laster identifikatu eta baloratuko dituzte horretan aditu diren profesionalek, Hezkuntza Departamentuak finkatzen dituen baldintzetan. Prozesu horretan, nahitaez, entzun egin beharko zaie ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei, eta informazioa eman beharko zaie. Hezkuntza Departamentuak sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko prozedurak arautuko ditu, betiere kontuan hartuta adingabearen interes gorena eta erregimen inklusiboena lehenesten duten familien borondatea.

C) Ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleak.

1. Ikasteko zailtasun berariazkoak dituzten ikasleak ahal bezain laster identifikatu eta baloratuko dira, eta zailtasun horien balorazioa eta horietarako esku-hartzea ere lehenbailehen eginen dira, Hezkuntza Departamentuak finkatzen dituen baldintzetan.

2. Ikasle horien eskolatzea normalizazio eta inklusio printzipioek arautuko dute; eskolatzeak diskriminaziorik ez egotea ziurtatuko du, bai eta hezkuntza sisteman sartzeko eta egoteko berdintasun eragingarria ere.

D) Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak.

1. Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak eskolatzeko, kontuan hartuko dira haien egoera, ezagutzak, adina eta historia akademikoa. Eskolatze hizkuntza ofizialean edo ofizialetan gabezia handiak baldin badituzte, arreta berariazkoa jasoko dute, ikastalde arruntetan eskolatzearekin batera betiere, eta talde horiekin eginen dituzte ahalik eta eskola-ordu gehien astean.

2. Curriculumeko konpetentzia-mailan bi ikasmaila edo gehiagoko atzerapena dutenak adinaren arabera dagokiena baino ikasmaila bat beherago eskolatzen ahalko dira. Ikasle horientzat behar diren errefortzu neurriak hartuko dira, eskolan integratzen eta atzerapena gainditzen laguntzeko eta ikasketak aprobetxamenduarekin egiten jarrai dezaten. Atzerapen hori desagertzen denean, adinaren arabera dagokion mailan sartuko da ikaslea.

E) Adimen gaitasun handiko ikasleak.

1. Ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte adimen gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatzeko eta haien beharren balorazio goiztiarra egiteko. Horrekin batera, behar horietarako egokiak diren jarduketa planak eta curriculuma aberasteko programak ezarriko dituzte, ikasle horiei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko aukera emanen dietenak.

2. Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan, adimen gaitasun handiak dituzten ikasleen eskolatzea malgutzen ahalko da, etapan ikasmaila bat lehenago has daitezen edo etaparen iraupena maila bat murrizteko, aurreikusten denean horiek direla neurri egokienak ikaslearen oreka pertsonala eta sozializazioa garatzeko.

21. artikulua . Oinarrizko mailako heziketa zikloak.

1. Oinarrizko mailako heziketa zikloen hartzaileak izanen dira, lehentasunez, lanbidearen munduarekin lotutako ingurune batean ikaskuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak lortzeko aukera gehien dituzten ikasleak; zainduko da ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik bereizten ez direla, eta trebatzen jarraitzeko prestakuntza emanen zaie horrela.

2. Irakasle taldeek proposatzen ahalko diete gurasoei eta legezko tutoreei, bai eta ikasleari berari ere, dagokion orientaziorako aholkuaren bidez, oinarrizko mailako heziketa ziklo bat egiteko, ikaslearen ikasketa profilak eta bokaziozkoak hala gomendatzen dutenean, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Hamabost urte beteak izatea, edo abian den urte naturalean betetzea.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren ikasmaila edo, salbuespen gisa, bigarren ikasmaila egina izatea.

Hezkuntza Departamentuak ezarriko du ikasleek, haien familiek eta orientazio-talde edo -zerbitzuek prozesu horretan izanen duten esku-hartzea.

3. Oinarrizko mailako heziketa zikloek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskuratzea erraztuko dute, honako esparru hauetan antolatutako irakaskuntzen bitartez:

a) Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparrua, honako ikasgai hauek barne hartzen dituena:

-Gaztelania.

-Lanbide Hastapeneko Atzerriko Hizkuntza.

-Gizarte Zientziak.

-Euskara, hala badagokio.

b) Zientzia Aplikatuen Esparrua, honako ikasgai hauek barne hartzen dituena:

-Matematika Aplikatua.

-Zientzia Aplikatuak.

c) Lanbide esparrua; Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko 1. mailako kualifikazioa lortzeko behar den prestakuntza jasoko du, gutxienez.

Era berean, Hezkuntza Departamentuak konpetentzia horiek garatzen lagunduko duten beste ikasgai edo modulu batzuk sartzen ahalko ditu.

4. Foru dekretu honen IV. eranskinean, aurreko puntuko a) eta b) apartatuetan aipatzen diren esparruetarako, konpetentzia espezifikoak ezartzen dira, bai eta ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukiak ere.

5. Ziklo horietako prestakuntza programak garatzeko erabiliko diren irizpide pedagogikoak ikasleen ezaugarri espezifikoekin bat etorriko dira, curriculuma ikuspegi aplikatutik antolatuta, eta trebetasun sozialak eta emozionalak garatzea, talde-lana eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea sustatuko dute.

6. Ebaluazioari lotutako prozesuak egiteko baldintzak egokitu beharko dira hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen beharretara eta, horretarako, neurririk egokienak ezarri behar dira.

7. Oinarrizko mailako heziketa zikloetako ohiko eskaintzetan ikasten duten eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, curriculumaren egokitzapenetan jasotakoak izanen dira ebaluazioaren erreferenteak, baina horrek ezin die galarazi mailaz igotzea edo titulazioa lortzea.

8. Oinarrizko mailako heziketa ziklo batean sartutako esparru guztiak gaindituz gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko da. Ikasleek bereganatutako lanbide konpetentziak lanaren arloan justifika daitezen errazteko, apartatu honetan aipatzen diren ikasleek oinarrizko teknikariaren titulua ere jasoko dute, dagokion espezialitatean.

9. Tutoretza eta hezkuntza- eta lanbide-orientazioa bereziki hartuko dira aintzat, eta gizarte eta hezkuntza arloko akonpainamendu pertsonalizatua emanen zaie ikasleei. Hezkuntza Departamentuak inguruko gizarte eragileen eta beste erakunde eta entitate batzuen lankidetza eta partaidetza sustatuko du, bereziki toki korporazioena, lanbide elkarteena, gobernuz kanpoko erakundeena eta bestelako erakunde enpresarial eta sindikalena, programa horiek garatzeko.

10. Hezkuntza Departamentuak oinarrizko mailako heziketa zikloen eskaintza espezifikoak antolatzen ahalko ditu hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, eskaintza arruntetan sartzea ezinezkoa denean eta aniztasunari erantzuteko neurrien esparruan premia horiei erantzun ezin zaienean. Gutxienez 21 urte bete arte eskolatzen ahalko da.

22. artikulua . Ebaluazio diagnostikoa.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila bukatzean, ikasleek lortutako konpetentzien ebaluazio diagnostikoa eginen dute ikastetxe guztiek. Ebaluazio hori, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoa, informatzailea, prestakuntzakoa eta orientatzailea izanen da ikastetxeentzat, irakasle, ikasle zein familientzat edo legezko tutoreentzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat. Ebaluazio hori zentsala izanen da eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144.1 artikuluan ezarritako erreferentzia esparruan eginen da.

2. Aipatutako lege organikoaren 121. artikuluan aipatzen diren hobekuntza planen esparruan, eta ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aztertuta, Hezkuntza Departamentuak sustatuko du ikastetxeek jarduera proposamenak egin ditzatela, horien bidez ikasleek konpetentziak lor ditzaten laguntzeko, hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea hobetzeko neurriak hartzeko eta irakaslana orientatzeko.

23. artikulua . Ikastetxeen autonomia.

1. Hezkuntza Departamentuak erraztuko die ikastetxeei beren autonomia pedagogikoaz, antolaketakoaz eta kudeaketakoaz baliatzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta lege hori garatzen duten arauetan jasotako baldintzetan, eta irakasleen talde-lana sustatuko du.

2. Hezkuntza Departamentuari dagokio, halaber, curriculuma garatzen laguntzea eta irakaskuntzako programaziorako eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen sustatzea, horien bidez ikasleen eta irakasleen beharrei erantzuteko, betiere Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei men eginez.

3. Ikastetxeek autonomia izanen dute taldeak eta ikasgaiak malgutasunez antolatzeko eta ikasleen ezaugarrietara ondoen egokitzen diren antolaketa neurriak edo aniztasunari erantzuteko neurriak hartzeko. Neurri horien artean, esparru bereko hainbat ikasgai batera ematea dakarten antolaketa didaktikoak ezartzen ahalko dituzte, beren hezkuntza proiektuarekin bat etorriz eta Hezkuntza Departamentuak xedatzen dituen baldintzetan.

4. Foru dekretu honetan ezarritako curriculuma zehaztu edo egokituko dute ikastetxeek, eta beren hezkuntza proiektuetan txertatuko dute. Zehaztapen horrek bultzatu eta garatuko ditu herritar aktibo izatera bideratuta eta konpetentzietan oinarrituta dagoen ikaskuntzari dagozkion printzipioak, helburuak eta metodologia.

5. Ikastetxeek, halaber, ikasleen gurasoekin edo legezko tutoreekin hezkuntza konpromisoak sustatuko dituzte, non jasoko baita hezkuntza komunitateko kideek hitz ematen dutela ikasleen aurrerapen akademikoari laguntzeko zenbait jarduera betetzeko, eta zein diren jarduera horiek.

6. Ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi ezartzen ahalko dituzte: esperimentazioak, berrikuntza pedagogikoak, hezkuntza programak, lan planak, antolatzeko moduak, elkarbizitza arauak, eskola-egutegia edo ikasgaien nahiz esparruen eskola-ordutegia zabaltzea; betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, horrek ez du inolako diskriminaziorik ekarriko eta gurasoei edo legezko tutoreei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta Hezkuntza Departamentuarentzako exijentziarik ere.

7. Prestakuntza prozesuaren jarraitutasuna eta Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara eta bertatik Derrigorrezkoaren ondoko Bigarren Hezkuntzara trantsizioa eta bilakaera positiboak izan daitezen bermatzeko, Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek etapen arteko koordinazioan laguntzeko mekanismoak ezarriko dituzte.

24. artikulua . Gurasoen eta legezko tutoreen partehartzea eta informazioa jasotzeko eskubidea.

Ikasleak adingabeak direnean, gurasoek eta legezko tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza prozesuaren bilakaeran parte hartu beharko dute eta hura babestu, ikastetxeek ikasleen aurrerapena errazteko hartzen dituzten laguntza edo errefortzu neurrietan lagunduta. Horrez gain, eskubidea izanen dute ikasleen ebaluazioari eta mailaz igotzeari dagozkien erabakiak ezagutzeko, banako buletin baten bidez, bai eta haien seme-alabei edo tutoretzapekoei egiten zaizkien ebaluazioen agiri ofizialak, probak eta agiriak eskuratzeko ere, kasuan kasuko ikasleari dagokion zatian, horrek galarazi gabe Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta datu pertsonalen babesaren arloko araudi aplikagarrian ezarritako bermeak errespetatzea. Horretarako, ebaluazio aktetarako sarbidearen ordez, banako buletin bat egiten ahalko da, dagokion ikasleari buruzko aktaren informazioarekin.

25. artikulua . Ebaluazio agiriak eta txostenak.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ebaluazio agiri ofizialak honakoak dira: ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

2. Ikasketen historia eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala oinarrizko agiriak dira ikasleen mugikortasuna bermatzeko Espainiako lurralde guztian.

3. Ebaluazio agiri ofizialetan foru dekretu honen aipamena jaso beharko da. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

26. artikulua . Ebaluazio aktak.

1. Ebaluazio aktak ikasmaila bakoitzerako eginen dira, eta eskolaldi arrunta bukatzean itxiko dira. Taldea osatzen duten ikasleen izen-zerrenda jasoko dute, ikasgai edo esparruen ebaluazioaren emaitzekin eta ikasmailaz igotzeaz edo maila berean jarraitzeaz hartutako erabakiekin batera.

2. Ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan.

3. Ikasgai bat baino gehiago dituzten esparruen kasuan, ebaluazioaren emaitza kalifikazio bakar batekin adieraziko da, horrek galarazi gabe prozedurak ezartzea ikasleak eta haren gurasoek edo legezko tutoreek informazioa izan dezaten bilakaeraz.

4. Ebaluazio aktak taldeko irakasle guztiek izenpetuko dituzte eta ikastetxeko zuzendariak ontzat eman beharko ditu.

27. artikulua . Ikasketa espedientea.

1. Ikasketa espedientean bilduko dira ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearenak eta ikaslearen ebaluazio prozesuari buruzko informazioa. Ikastetxean sartzean irekiko da eta, gutxienez ere, honakoak jasoko ditu: ikasgai edo esparruetako ebaluazioaren emaitzak, mailaz igotzeari eta titulazioari buruzko erabakiak, hezkuntza laguntzako neurriak eta ikaslearentzat egin diren curriculum egokitzapenak, bai eta, hala dagokionean, derrigorrezko eskolatze aldia bukatu izanari buruzko ziurtagiriaren entrega-data ere, foru dekretu honen 17.4 artikuluan aipatzen dena.

2. Ikasleak ikasgairen bat esparru batean sartuta ikasi badu, espedientean esparruaren izena jasoko da, berariaz adierazita zer ikasgai sartzen diren haren barnean.

3. Ikasketa espedienteen zaintza eta artxiboa kasuan kasuko ikasketak egin diren ikastetxeei dagozkie, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko ditu.

28. artikulua . Ikasketen historia.

1. Ikasketen historia ikastetxeko zuzendariak ontzat eman beharko du, eta egindako ikasketak egiaztatzeko balioa izanen du. Gutxienez ere honakoak jasoko ditu: ikaslearen identifikazio datuak, eskola urteetako bakoitzean ikasitako ikasgaiak edo esparruak, aplikatutako curriculum eta antolaketa neurriak, ebaluazioaren emaitzak, mailaz igotzeaz eta maila berean jarraitzeaz hartutako erabakiak, ikastetxe aldaketei buruzko informazioa eta aipatutako gertaera guztien datak. Era berean, adierazi beharko da ikasleak zein ikasgai ikasi duen curriculum egokitzapen esanguratsuekin, halakorik bada.

2. Ikasleen mugikortasuna bermatzearren, ikasleak ikasgai batzuk esparru batean sartuta ikasi baldin baditu, haietako bakoitzean lortutako kalifikazioa jasoko da historian. Kalifikazio hori izanen da kasuan kasuko esparrurako espedientean ageri den berbera.

3. Etapa bukatu ondoren, ikasketen historia ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei emanen zaie, edo ikasleari berari adin nagusikoa baldin bada.

29. artikulua . Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

1. Ikaslea etapa bukatu aurretik beste ikastetxe batera mugituz gero, jatorrizko ikastetxeak destinokora bidali behar du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, destinokoak eskatuta, ikasketen historiaren kopia batekin batera. Hura jasotzen duen ikastetxeak ikaslearen ikasketa espedientea irekiko du. Matrikulazio berria behin betiko bihurtuko da behin ikasketen historiaren kopia jaso ondoren.

2. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonalean jasoko dira egindako ebaluazioen emaitzak, curriculum eta antolaketa neurriak, aplikatu baldin badira, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruz egokitzat jotzen diren ohar guztiak.

30. artikulua . Benetakotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.

1. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen benetakotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea desagertu edo azkentzen bada.

2. Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. Ebaluazio agiri ofizialak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko apartatuetan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta ziurtatzen badira haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, eta betetzen badira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta azken hori garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.

4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez ere, ebaluazio agiri ofizialetan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Lehen Xedapen Gehigarria. Ezarpena eta ordutegia.

Hezkuntza Departamentuak foru agindu baten bidez arautuko ditu irakaskuntza hauen ezarpena eta ordutegia.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Erlijio irakaskuntza.

1. Erlijio irakaskuntza sartuko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituen martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz; izan ere, errege dekretu horrek garatzen du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoa.

2. Hezkuntza Departamentuak bermatuko du ikasturtearen hasieran adin nagusiak diren ikasleen eta ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek adierazi ahal izatea zer nahi duten, erlijio irakaskuntza jasotzea ala ez.

3. Ikastetxeek behar diren antolaketa neurriak hartuko dituzte, gurasoek edo tutoreek beren seme-alabek edo tutoretzapekoek erlijio irakaskuntza jasotzea aukeratu badute, ikasle horiek behar bezalako hezkuntza arreta jaso dezaten. Arreta hori ikastetxeek planifikatu eta programatuko dute, halako moduan non bideratuko baita funtsezko konpetentziak garatzera, ikasleentzat esanguratsuak diren proiektuak eginda eta arazoak elkarlanean konponduta, autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna sendotzearekin batera. Proposatutako jarduerak beti egonen dira zuzenduta curriculumaren alderdi zeharkakoenak sendotzera eta diziplinartekotasuna eta jakintzen arteko loturak sustatzera. Apartatu honetan aipatzen diren jarduerek ez dute inola ere ekarriko erlijioaren ezagutzarekin edo etapako ezein ikasgairekin lotutako curriculum edukiak ikastea.

4. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren curriculuma eta Estatu espainiarrarekin hezkuntza arlorako lankidetza hitzarmenak sinatu dituzten gainerako konfesioen curriculumak elizaren hierarkiak eta erlijio bakoitzeko agintariek ezarriko dituzte, hurrenez hurren.

5. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren ebaluazioa etapako gainerako ikasgaietakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu. Estatuak zer erlijiorekin egin dituen lankidetza hitzarmenak, haien irakaskuntzen ebaluazioak hitzarmenetan ezarritakoari jarraituko dio.

6. Ikasle guztien berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatzeko, erlijio irakaskuntzaren ebaluazioan lortutako kalifikazioak ez dira kontatuko ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia egin beharreko deialdietan, ez eta, ikasleak onartzeko, espediente horietara jo behar denean ere eskatzaileen artean hautaketa egiteko.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Atzerriko hizkuntzetan ematen diren Espainiako hezkuntza sistemako irakaskuntzak.

Hezkuntza Departamentuak baimentzen ahalko du curriculumaren ikasgaietako zati bat atzerriko hizkuntzetan ikastea, baina horrek ez ditu aldatuko foru dekretu honetan arautzen diren curriculumaren oinarrizko alderdiak. Halakoetan, ahalegina eginen da etapan zehar ikasleek ikasgaien berezko terminologia beregana dezaten bai atzerriko hizkuntzan bai gaztelaniaz edo euskaraz, hala dagokionean.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Helduen hezkuntza.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion konpetentziak eta ezagutzak bereganatu nahi dituzten helduek beren baldintzetara eta premietara egokitutako eskaintza izanen dute. Eskaintza hori aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren, irisgarritasun unibertsalaren, mugikortasunaren eta gardentasunaren printzipioen arabera arautuko da, eta irakaskuntza presentzialaren, erdi-presentzialaren eta urrutiko hezkuntzaren bitartez gauzatzen ahalko da.

2. Ikasleek jakintzaren ikuspegi integratua izan dezaten, konpetentziak garatu ahal izateko eta XXI. mendeko erronka nagusiei arrakastaz aurre egin ahal izateko, etapa honetako irakaskuntzak moduluka antolatuko dira, hiru esparrutan eta horietako bakoitzean bi mailatan:

a) Komunikazioaren esparrua, non foru dekretu honetan jasotako irakaskuntzen oinarrizko alderdiak sartuko diren, honako ikasgai hauei dagokienez:

-Gaztelania eta Literatura.

-Atzerriko Hizkuntza.

-Euskara eta Literatura, hala dagokionean.

b) Esparru soziala, non foru dekretu honetan jasotako irakaskuntzen oinarrizko alderdiak sartuko diren, honako ikasgai hauei dagokienez:

-Geografia eta Historia.

-Balio Zibikoen eta Etikoen Hezkuntza.

c) Esparru zientifiko-teknologikoa, non foru dekretu honetan jasotako irakaskuntzen oinarrizko alderdiak sartuko diren, honako ikasgai hauei dagokienez:

-Fisika eta Kimika.

-Biologia eta Geologia.

-Matematika.

-Teknologia eta Digitalizazioa.

3. Hezkuntza Departamentuak, aurrekoarekin bat, irakaskuntza horien curriculuma ezarriko du, eta kasuan kasuko esparruetan foru dekretu honen 9. eta 10. artikuluetan aipatzen diren gainerako ikasgaien curriculum alderdiak sartzen ahalko ditu.

4. Irakaskuntza horien antolaketak bi ikasmailatan egiteko aukera eman beharko du, eta irteera-profilean ezarritako funtsezko konpetentziak lortzea bermatu behar du.

5. Hezkuntza Departamentuak prozedurak ezarriko ditu ikasleek egiaztatzen duten Espainiako hezkuntza sistemaren prestakuntza aitortzeko eta hezkuntza ez-formalaren bidez eskuratutako ezagutzak eta esperientziak baloratzeko, orientatzeko eta ezagutza-esparru bakoitzaren barruan maila jakin batei atxikitzeko.

6. Bigarren paragrafoan aipatzen diren hiru esparruetako bakoitzari dagokion mailaren bat gainditzeak Estatu osoan izanen du balioa.

7. Esparru guztiak gainditzeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko eskubidea emanen du. Era berean, irakasle taldeak proposatzen ahalko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua ematea esparru horietako bat gainditu ez duten pertsonei, baldin eta helduen oinarrizko prestakuntzaren helburu orokorrak oro har lortu dituztela uste bada. Erabaki horretan kontuan hartuko dira ikasle bakoitzak dituen prestakuntza aukerak eta ikasketa eta lan jardueran integratzekoak.

8. Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, probak antolatuko ditu aldizka, hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean lor dezaten, baldin eta funtsezko konpetentziak eta etapako helburuak lortu badituzte. Proba horiek aipatutako hiru ezagutza esparruetan oinarrituta antolatuko dira, eta Hezkuntza Departamentuari berari dagokio zehaztea proba horietan parte hartzen dutenek proba horien zer zati gainditu dituzten, beren aurretiko ikasketen historiaren arabera.

9. Era berean, Hezkuntza Departamentuari dagokio bermatzea aurreko apartatuan aipatutako probetan irisgarritasun unibertsaleko neurriak beteko direla, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasle guztiek behar dituztenak hain zuzen.

Lehen Xedapen Iragankorra. Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuaren aplikagarritasuna 20222023 ikasturtean.

1. 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuaren arabera araututako irakaskuntzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren mailetan aplikatuko dira.

2. 2022-2023 ikasturtean, apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretuaren eranskinetan jasota dauden ikaskuntza-estandar ebaluagarriak orientagarriak baino ez dira izanen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren mailetarako.

Bigarren Xedapen Iragankorra. 20222023 ikasturteko ebaluazioa.

2022-2023 ikasturtean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren eta laugarren mailetan, Lehen Hezkuntzako ebaluazioa eta mailaz igotzea, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa arautzen dituen azaroaren 16ko 984/2021 Errege Dekretuaren I. eta III. kapituluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

1. Indargabetzen da apirilaren 22ko 24/2015 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

2. Maila bereko edo apalagoko arauetan, indargabeturik dago foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan oro.

Azken Xedapenetako Lehena. Ezarpen egutegia.

Foru dekretu honetan xedatutakoa 2022-2023 ikasturtean ezarriko da lehen eta hirugarren mailetarako, eta 2023-2024 ikasturtean bigarren eta laugarren mailetarako.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Arau garapena.

Ahalmena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko ekainaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA Nota de Vigencia

ERANSKINA Nota de Vigencia

Ikus jatorrizko dokumentua

Iragarkiaren kodea: F2209514

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web