(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2022 FORU LEGE-DEKRETUA, APIRILAREN 13KOA, ZEINAREN BIDEZ PREMIAZKO NEURRIAK HARTZEN BAITIRA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, UKRAINAKO GERRAREN ONDORIO EKONOMIKO ETA SOZIALEI ERANTZUTEKO Nota de Vigencia.

BON N.ş 78 - 22/04/2022



  ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  I. TITULUA. ENERGIA BERRIZTAGARRIEN INSTALAZIOAK BAIMENTZEKO PROZEDURAK ETA IZAPIDEAK SINPLIFIKATZEKO ETA BIZKORTZEKO NEURRIAK


  II. TITULUA. BIZKORTZEKO NEURRIAK, EUROPAKO BERRESKURATZETRESNATIK DATOZEN EUROPAKO FUNTSEKIN FINANTZA DAITEZKEEN JARDUERAK KUDEATZEKO ETA GAUZATZEKO


  III. TITULUA. NEURRI BEREZIAK ETXEBIZITZAREN ARLOAN


  IV. TITULUA. OHIZ KANPOKO NEURRIAK KONTRATAZIO PUBLIKOAREN ARLOAN


  V. TITULUA. ZERGA ARLOKO OHIZ KANPOKO NEURRIAK


Texto

I

COVID-19aren pandemiak mundu zabalean eragindako inpaktu sozial eta ekonomiko handiak areagotu egin dira Errusiak berriki Ukraina inbaditu ondotik. Oraindik ere beharrezkoa da neurriak hartzea inpaktu sozial eta ekonomikoak arintzeko, eta are gehiago inbasio hori eta hark ekarritako ondorioak ikusirik.

Martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren bidez, premiazko neurriak hartzen dira Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren esparruan.

Zioen azalpenean adierazten den moduan, honako hauek dira Erantzun Plan hau osatzen duten neurrien oinarrizko helburuak: energiaren prezioak jaistea herritar eta enpresa guztiendako, kalterik handienak jaso dituzten sektoreei eta kolektibo ahulenei laguntzea, eta prezioen egonkortasuna sendotzea. Era berean, adierazten du mugatu egin nahi duela distortsio geopolitikoaren kostu ekonomiko eta sozialak gasaren prezioan izaniko inpaktua, errotik eten nahi dela inflazio-prozesua, eta ekonomia aldi baterako egoera horretara egokitzen lagundu nahi duela; orobat, sendotu egin nahi ditu aldi berean susperraldi ekonomikorako eta kalitatezko enplegua sortzeko oinarriak.

Hura baino lehen, beste bi foru lege-dekretu onetsi ziren: alde batetik, 4/2021 Foru Lege-Dekretua, apirilaren 14koa, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko, eta, bestetik, 5/2021 Foru Lege-Dekretua, ekainaren 2koa, zerga arloko zenbait neurri onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

II

Ukraina inbaditu izanak sorturiko premien testuinguruan, agerian geratu da mendekotasun handia dela zenbait esparru estrategikotan, eta, Espainiako Gobernuak egoera horri emaniko erantzunaren argitan -besteak beste, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriei buruzko martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren bidez-, egoki irizten zaio Nafarroako Foru Komunitatean premiazko eta ezohiko neurriak hartzeari, betiere estatuan onetsi dituztenekin lerrokaturik, energia berriztagarrietarako instalazio jakin batzuk instalatzeko prozedurak erraztera eta arintzera bideraturik.

Inbasioaren ondorioz identifikaturiko arazo nagusien artean ageri dira, besteak beste, hornidurarik eza, lehengaiak eta energia garestitzea, ez ordaintzeak izateko eta abalak exekutatzeko arriskuak, ekoizpen-etenaldiak eta kutxa-fluxuen tentsioa. Horri guztiari garraiolarien greba gaineratu behar zaio, zeinak geldiarazi egin baitu produkzioa zenbait industria-sektoretan.

Kontuan harturik zenbait proiektu publiko eta pribatuk ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko abenduaren 13ko 2011/92/EB Zuzentarauaren 4.2 artikulua, energia berriztagarrietako proiektuak prozedura horren pean biltzeko hainbat irizpide bateratu ezartzen dira; esaterako, instalazioon aire-lineak ez egotea bilduta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 75 MW-eko edo gutxiagoko potentzia duten proiektu eolikoak izatea, 150 MW-eko edo gutxiagoko potentzia duten eguzki-energia fotovoltaikoko proiektuak izatea, eta, itsas ingurunean eta Natura 2000 Sareko gainazaletan ez instalatzeaz gainera, sentsibilitate baxuko eta ertaineko eremuetan egotea erabat, guztia ere Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak zehazturiko “Energia berriztagarriak ezartzeko ingurumen-zonifikazioak” dioenari jarraikiz.

Prozedura horren emaitza da ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenak detektatzea. Txostenak zehazten ahalko du beharrezkoa ote den proiektuaren baimena ingurumen-eraginak arintzeko edo konpentsatzeko egokitzat jotzen diren baldintzen mende jartzea, bai eta proiektuaren jarraipenari eta zaintza-planari buruzko baldintzen mende jartzeko obligazioa ere, edo, kasuak hala eskatzen badu, erabakitzen ahalko du Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen duen ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jartzea. Horregatik, baldintza horiek bete ezean, instalazioak ez du jasotzen ahalko eraikuntza- edo esplotazio-baimenik.

Errege lege-dekretu haren 6. artikuluko 6. apartatuan autonomia-erkidegoei emandako gaikuntzaren arabera -haien eskumen-eremuan energia berriztagarrien proiektuetarako ingurumen-eragina zehazteko prozedura hori aplikatu ahal izan dezaten-, proposatzen da artikulu bat txertatzea, zeinean berariaz adieraziko baita Nafarroako Foru Komunitatean zuzenean aplikatzekoak direla errege lege-dekretu haren 6. artikuluan jasoriko determinazio guztiak.

Energia berriztagarriak baliatzen dituzten eta Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren sorkuntza-proiektuak baimentzeko prozedurak errazteari dagokionez, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 7. artikuluak premiazkotzat jotzen ditu, interes publikoko arrazoiak direla eta, aipaturiko prozedura horiek, eta, ildo horretan, prozedura erraztu bat arautzen du energia berriztagarrien proiektuak baimentzeko.

Aipaturiko 7. artikuluan jasotako helburu berberak lortzeko (mendekotasun energetikoa murriztea, prezioei eustea eta hornidura bermatzea), proposatzen da prozedura erraztu bat arautzea Nafarroan, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 7. artikuluan jasotako espezialitateak foru araudira egokituz. Hori horrela, proposatzen da artikulu bat txertatzea horretarako, eta, artikulu horretan, premiazkotzat jotzea, interes publikoko arrazoiengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-proiektuak baimentzeko prozedurak, baldin eta ingurumenaren gaineko eragina zehazteko aldeko txostena lortu badute, eta sustatzaileek baimena emateko prozedura erraztu horri atxikitzea eskatzen badute 2024ko abenduaren 31 baino lehen, 7. artikuluan ezarritakoaren antzeko baldintzetan.

Proposaturiko prozedura erraztu hori egokiturik dago foru araudira, eta, beraz, proiektuak izapidetzerakoan, honako arau hauek hartuko dira kontuan: lehenik eta behin, 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren garraioa, banaketa, merkaturatzea eta hornidura eta instalazioak baimentzeko jarduerak arautzen dituena; bigarrenik, 56/2019 Foru Dekretua, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan; eta hirugarrenik, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-Dekretuaren 14. artikulua (foru lege-dekretu haren bidez, premiazko neurriak onesten dira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko). Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako epeak murriztea ez ezik beste hainbat ondorio ere aurreikusten dira. Energiaren arloko organo eskudunak jarduera lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duenarekin koordinaturik jarduteko, zenbait espezialitate ezartzen dira, zeinetan kontuan hartzen baita lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena emateko, eta ezartzen baita, orobat, organo horrek zer fase eta unetan esku hartuko duen eta zer epe izanen duen horretarako.

Errege lege-dekretuaren 7. artikuluak xedatzen duen bezala, batera izapidetu eta ebatziko dira aldez aurreko baimenak eta eraikuntza-baimenak, eta ardurapeko ondasun eta eskubideei eragin diezaiekeen instalazioaren zatian metatuko dira informazioa emateko eta egikaritze-proiektua administrazio, erakunde edo, hala badagokio, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresetara bidaltzeko izapideak; orobat, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera eginen dira.

Sustatzaileek onura publikoaren deklarazioa eskatzeko prozedura abiarazi baldin badute proiekturen baterako, metatu eginen da prozedura horren baliokide diren izapideetan.

Horren ondotik, eta lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena eman ondoren, energiaren arloko organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena helaraziko dio Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari, ebazpena eman dezan.

Lehentasuna emanen zaio energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-proiektuak baimentzeko espedienteak bideratzeari eta dagozkion txostenak egiteari.

Azkenik, adierazten da gainerako udal emakidak, baimenak eta lizentziak deusetan galarazi gabe emanen direla prozedura erraztu honen bidezko baimenak, betiere aplikatzekoak diren bestelako xedapen batzuei jarraikiz.

Bestalde, birpotentziazioari dagokionez, Nafarroak lehen belaunaldiko energia berriztagarrien parke ugari ditu, eta, hainbat eta hainbat kasutan, kokalekurik onenak hartzen dituzte energia-errendimenduaren ikuspegitik. Horregatik, birpotentziazio-estrategia argiak bultzatu behar dira, kokaleku horiek hobeki aprobetxatzen direla bermatzeko, eta, hartara, potentzia eta efizientzia txikiagoko ekipamendu zaharren tokian potentzia eta errendimendu handiagoko makina berriak paratzeko. Ildo horretan, zenbait artikulu txertatzea proposatzen da, esku-hartzeen irismenaren eta baldintzen arabera prozedura desberdinak definitzeko, eta proposatzen da, orobat, administrazio-izapideak arintzeko neurriak txertatzea, betiere energiaren, ingurumenaren eta lurralde-antolamenduaren arloko ordenamendu juridikoarekin koherentzia gorderik.

Energia-iturri berriztagarriek, hala nola eolikoak eta biltegiratu gabeko eguzki-energiak, ahalmen-faktore txikia dute banaka, eta, horren ondorioz, gomendagarria da instalatutako potentzia gaindimentsionatzea elkarren artean osagarriak diren energia berriztagarriak aprobetxatzeko teknologia-hibridazioaren bidez, bai urtaroko erabilgarritasunari dagokionez, bai ordutegiari dagokionez, haizearekin eta eguzki-erradiazioarekin gerta daitekeen moduan. Horri esker, parkearen ahalmen-faktorea areagotzea lortuko da, eta ahalik eta gehien aprobetxatuko da sarearen konexio-nodoaren huste-gaitasuna.

Lehendik martxan dauden parke eolikoak edo lehendik dauden beste teknologia berriztagarri batzuen instalazioak hibridatzeko proiektuak, baldin eta bat badatoz martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako irizpideekin, foru lege-dekretu honen 3. artikuluan araututako prozedura erraztuaren arabera izapidetuko dira.

Era berean, estatuari dagokion eskumen-esparruan bezalaxe, xedapen iragankor bakar bat txertatzea ezartzen da, energia berriztagarrien proiektuei buruzko prozedurak arintzeko neurriak nola aplikatu behar diren arautzeko.

Azkenik, xedapen indargabetzaile bakarra biltzen da, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-Dekretuaren 13. artikulua indargabetzen duena (haren bidez, premiazko neurriak onesten dira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko), artikulu horren idazketa Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeak ezarritakoari baitagokio.

III

Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan finantzatutako laguntzen kudeaketak agerian utzi du komenigarria dela Gobernuak banakako ebaluazio-araubidea aplikatzeko aldez aurretik emaniko baimena deuseztatzea, baldin eta araubide horren aplikazioa Estatuko Administrazioak onetsiriko tresna juridikoan ezarrita badago, kontuan izanik hari jarraikiz egikaritu behar direla finantzaturiko proiektuak. Kasu horietan, funts horiek kudeatzeko ezarritako baldintza denez banakako ebaluazio-araubidera jotzea, errepikakorra eta alferrikakoa da aurreikusitako jarduerak gauzatzeko gobernu-akordio bat izapidetzea; hori horrela, foru lege-dekretuaren helburuen barruan dago hura ezabatzea, betiere finantzatutako jarduerak errazteari eta administrazio-prozedurak bizkortzeari begira.

Horretaz gainera, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan proiektuen kargurako laguntzen deialdietako izapideak bizkortzeko, ezabatu egiten da Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimenaren izapidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 7.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan. Hau da, milioi bat eurotik gorako emakida-zenbatekoa dutenak, eta, salbuespenezko kasuetan, zuzeneko emakida-kasuak, baldin eta, dirulaguntzaren xedea dela-eta, hartzailea zehazteak baztertu egiten badu beste interesdun bat sartzeko aukera.

Bestalde, zentzuzkoa da Nafarroako Gobernuaren baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 40. artikuluak jasotzen duena; izan ere, ekitaldi bateko aurrekontuak egiteko Gobernuaren erabaki-tarteari eragiten dio. Hori dela medio, hainbat urtetako konpromisoek baldintzatu egiten dute aurrekontu horien edukia, aurrekontuak nolabait bermatu egin behar baititu indarrean dauden konpromisoei erantzuteko beharrezko baliabideak, eta, ildo horretan, Gobernuak baimendu behar ditu konpromiso horiek. Foru lege horretan jasotako prozedurak 600.000 euroko muga ezartzen du erreferentzia gisa, eta, hortik aitzina, Nafarroako Gobernuaren baimena behar da hainbat urtetako konpromiso bat hartzeko. Hala ere, Berreskurapen Planean bilduriko jardueren kasuan, jasotako finantzaketak, zeina loturik baitago hainbat urtetarako konpromisoak estaltzearekin, ez dio eragiten 40. artikuluko baimenaren bidez babestu nahi den Gobernuaren hautazko marjina horri. Beraz, hainbat urtetako konpromisoek Gobernuaren jarduteko tarte horri eragiten ez dioten heinean, ez da beharrezkoa konpromisoak aldez aurretik baimentzea. Planteaturiko mekanismoaren bidez, atxikitako finantzaketaren eskemari dagokion aurrekontu-egituran islaturiko jarduketaren finantzaketaren gaineko soberakina bakarrik hartzen da zenbateko konputagarritzat, Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean jasotako atalasea zehazteko. Halakotzat harturiko zenbatekoaren jatorri diren aurrekontu-baliabideen gainean, Gobernuak badu jarduteko marjinarik urte bakoitzeko aurrekontua egiterakoan.

Azkenik, eta Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruko proiektu-kudeaketa bizkortzeko neurriei dagokienez, egokitzat jotzen da kontratuak salbuestea Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren 1.a) apartatuan aurreikusitako Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimenaren obligaziotik, baldin eta kontratu horiek Foru Komunitateko Administrazioko kontratazio-organoek eta haren erakunde autonomoek formalizatzen badituzte eta haien balio zenbatetsia 3.000.000 eurotik gorakoa bada, BEZa kanpo. Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitako jarduerak direnean, Estatuko Administrazioak jada onetsitako jarduketei loturik daude kontratu horiek, hark ematen baititu jarduketok gauzatzeko funtsak. Jarduketa horietan exekuzio-denbora elementu kritikoa denez funtsak jasotzea ahalbidetu duten helburua betetzeko -eta hala ulertzen da jarduera horiek arautzen dituen araudi osoan, izapideak eta epeak murriztera bereziki bideratua den heinean-, eta kontuan izanik erakunde horren kontratuek protagonismo erabakigarria dutela gauzatu beharreko jarduketen edukiari begira, komenigarria da betekizun hori ezabatzea, are gehiago aintzat harturik Estatuko Administrazioak ere erretiratu egin duela bere ordenamendu juridikotik kontratu horietarako beretarako aldez aurreko baimenaren eskakizuna, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren azken xedapenetako hogeita hamaikagarrenaren bidez.

IV

Etxebizitzaren esparruan, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuak, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan, ezohiko muga bat ezartzen du 46. artikuluan, etxebizitza-errentamenduko kontratuen urteko errenta eguneratzeko. Neurri hori ez zaie aplikatzen etxebizitza babestuen errentamendu-kontratuei Nafarroako Foru Komunitatean, erregulazio propioaren arabera arautzen baitira.

Horrenbestez, beharrezkoa da neurria berehala hedatzea Nafarroako etxebizitza babestuen kasuan, eta arrazoi handiagoz, gainera, litekeena baita etxebizitza horietako maizter-familiak ahalmen ekonomiko txikiagoarekin edo kalteberatasun handiagoko egoeran bizi izatea.

Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietan, familiaren diru-sarrera haztatuen zenbaketatik kanpo geratzen dira alokairu-sistema publikoaren barruan dauden etxebizitzak errentan hartzeko dirulaguntzak.

V

Egungo egoera ekonomikoa ikusirik, beharrezkoa da kontratu publikoen esparruko neurriak ere egokitzea. Hori horrela, kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak prezioak berrikusteko aurreikusten duen mekanismoa ez da egokia azken urtean zenbait lehengaitan izaniko gorakadari aurre egiteko, kontuan hartuta igoera horren zenbaterainokoa eta bilakaera aurreikusteko ezintasuna.

Inguruabar hori kontuan izanik, kontratuak gauzatzearekin loturiko interes publikoa arriskuan ez jartzeko, egokitzat jotzen da premiazko neurriak hartzea, eta, neurrion bidez, kontratuaren prezioak salbuespenez berrikusi ahal izatea berariaz aurreikusitako kasuetan, baldintza-agirietan ezarritako araubidea alde batera utzita.

Horretarako, egokitzat jo da prezioak berrikusteko erabili ohi diren formulei erreferentzia egitea, bidezkotzat jo diren kostuak soilik kontuan hartzeko behar diren zuzenketak eginik.

Aldi berean, kontratu publiko oro arrisku eta menturaren printzipioa betez gauzatzen dela bermatzeko, jaso beharreko gehieneko zenbatekoa zedarritzen duten mugak aurreikusten dira, eta aurreikusten da, orobat, kontratuaren ekonomiaren haustura zuzenean eta modu esanguratsuan gertatzen den kasuetan bakarrik aplikatuko dela salbuespenezko neurri hori.

Errazago aplikatu ahal izateko, prezioen salbuespenezko berrikuspen hori aplikatzeko eskubidea aitortzeko prozedura arautzen da, bai eta azpikontratistak babesteko zenbait arau ere.

Horrenbestez, foru lege-dekretu honetan zehazturik geratzen dira obra-kontratuetan prezioen salbuespenezko berrikuspena egiteko kasuak eta berrikuspen hori onesteko baliatuko diren irizpideak, eta jasota gelditzen dira, orobat, horiek kalkulatzeko irizpideak eta ateratzen den zenbatekoa ordaintzeko modua.

VI

Zergen arloan ere ezartzen da neurririk, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoak esleitutako eskumenen arabera.

Energia-krisia eta prezioen igoera handia nagusi diren testuinguru honetan, funtsezkoa da neurriak hartzea energiaren prezioaren igoerarekin lotutako likidezia-tentsioek ez dezaten jarri arriskuan enpresa bideragarrien biziraupena eta ez dezaten sortu presio orokorrik ekonomiaren kostuen eta prezioen egituran.

Hori horrela, zerga-betebeharrak behar bezala betetzea zailtzen duten egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzeko tributu-neurri berriak biltzen dira foru lege-dekretu honen bidez.

Inguruabar horiek kontuan hartuta, zerga-zorren salbuespenezko beste atzerapen bat ezartzen da, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko tributu-neurriak onesten dituen urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Lege-Dekretuak araututakoaren ildo beretik. Geroratu daitezkeen zorrak izanen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioei dagozkienak, bai eta 2022ko lehen hiruhilekoko eta 2022ko martxoko balio erantsiaren gaineko zergari dagozkienak ere.

Era berean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituztenak ez dira egonen beharturik 2022ko bigarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua egitera.

Bestetik, urtebete luzatzen da Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legean ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenari heltzeko ezartzen den epea, berrinbertitzeko epea 2022ko zergaldian bukatzen zaien zergadunen kasurako; 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen da, aldiz, Inbertsioetarako Erreserba Berezirako zenbatekoa gauzatzeko epea, epe hori berez 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunen kasurako. Erregulazio horren bidez, luzatu egiten zaie epea, batetik, zergaldi arrunteko enpresei (haien epea 2022ko abenduaren 31n amaituko litzateke), bigarrenik, zergaldi zatituko enpresei (inbertsioetarako erreserba berezia 2020ko mozkinen kargura hornitu dutenak eta epea 2023an amaituko zaienak), eta, hirugarrenik, zergaldi zatituko enpresei, baldin eta 2019ko irabazien kargura hornitu badute eta epea 2022an amaitzen bazaie. Ez zaie epea luzatuko 2021eko irabazien kargura ematen dutenei eta epe arrunta dutenei (2023/12/31n amaitzen da).

Neurri horien helburua da, hain justu, kalterik ez eragitea 2022an aurreikusita zeuzkaten inbertsioak ordaintzeko zailtasunak dituzten zergadunei, epe horiek betetzeari begira.

Berehalako likidezia-neurri horietaz gainera, beste neurri batzuk ere ezartzen dira, eta guztiek ere 2022an hasitako zergaldian izanen dituzten ondorioak, dela pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, dela sozietateen gaineko zergan.

Lehenik eta behin, deklaratzen da salbuetsita geratzen direla martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren babesean emaniko laguntzak, zeinaren bidez premiazko neurriak hartzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan. Haien barruan sartzen dira gasa erauzteko industriarako zuzeneko laguntzak, taxilarientzako eta garraiolarientzako zuzeneko laguntzak eta lehen sektorerako zuzeneko laguntzak (nekazaritza eta abeltzaintza).

Era berean, enpresa-jarduerak garatzen dituzten pertsona fisikoek eta mikroenpresek aparteko kenkari bat izanen dute, zeinaren helburua baita energia-krisiaren ondorioz sorturiko inpaktu ekonomikoa arintzea. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, kenkaria subjektu pasiboaren etekin garbi positiboaren %3koa izanen da, etekin garbia zehazteko eskubidea duten murrizketa zuzeneko zenbatespen erraztuan edo zuzeneko zenbatespen berezian aplikatu ondoren, betiere 3.000 euroko mugarekin.

Bestalde, sozietateen gaineko zergan, 2022an negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 eurotik gorakoa ez duten zergadunek aplikatuko dute kenkaria. Ondare-erakundeek ez dute aplikatzen ahalko kenkaria. Aplikatu beharreko kenkaria zerga-oinarri positiboaren %3koa izanen da, 3.000 euroko mugarekin. Kenkari horrek gutxieneko tributazioaren zenbatekoa murrizten ahalko du, eta sozietateen gaineko zergaren pizgarriengatiko kenkariak baino lehen aplikatzen ahalko da. Ezohiko kenkaria denez, kuota nahikoa ez izateagatik kendu ez den zenbatekoa ez da kentzen ahalko hurrengo ekitaldietan. Hala ere, aplikatzekoa izanen da Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 67.7 artikuluan aurreikusitakoa.

Azkenik, 200.000 eurora igo da eragiketen bolumenaren atalasea, zuzeneko zenbatespen bereziko araubidean enpresa-jardueren etekin garbia zehaztu ahal izateko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

VII

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Nafarroako Foru Komunitateak eskumenak ditu foru lege-dekretu honetan arautzen diren auzietan.

Zehazki, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Nafarroak eskumen esklusiboa du energia ekoizteko, banatzeko eta garraiatzeko instalazioen, lurraldearen antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloan (44. artikulua), eta eskumena du, orobat, kontratu eta emakida administratiboen arloan, Estatuaren oinarrizko legeriaren funtsezko printzipioak errespetatuz, bai eta zerga-araubide propioa mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko ahala ere, betiere dagokion Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren kalterik gabe (45. artikulua). Horretaz gainera, Nafarroak ingurumenaren eta ekologiaren arloko legeak garatzeko eta betearazteko eskumenak ditu (57. artikulua), garraio hori ez denean irteten Nafarroako lurraldetik eta haren aprobetxamenduak ez dionean eragiten estatuko beste lurralde bati. Ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenen barruan ematen da arau hau.

Hauek dira aipaturiko neurriok, zeinak foru lege-dekretu honen artikuluetan jasotzen baitira:

Atariko tituluan arau honen xedea jasotzen da, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean premiazko neurriak ezartzea, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

Ondoren, I. tituluan, energia berriztagarrien instalazioak baimentzeko prozedurak eta izapideak errazteko eta arintzeko neurriak ezartzen dira.

II. tituluan, bizkortzeko neurriak ezartzen dira, Europako berreskuratze-tresnatik eratorritako Europako funtsekin finantza daitezkeen jarduerak kudeatzeko eta gauzatzeko.

III. tituluan, etxebizitzaren arloko ezohiko neurriak ezartzen dira.

IV. tituluan, kontratu publikoen prezioak berrikusteko ezohiko neurriak ezartzen dira, egungo egoera ekonomikotik eratorriak.

V. tituluan, zergen alorreko ezohiko neurriak ezartzen dira.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko apirilaren hamahiruan eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru lege-dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean premiazko neurriak ezartzea, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

I. TITULUA. ENERGIA BERRIZTAGARRIEN INSTALAZIOAK BAIMENTZEKO PROZEDURAK ETA IZAPIDEAK SINPLIFIKATZEKO ETA BIZKORTZEKO NEURRIAK

2. artikulua . Energia berriztagarrien proiektuetarako ingurumen eragina zehazteko txostena.

Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren esparruan premiazko neurriak hartzeko martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 6. artikuluaren 6. apartatuan xedaturik dagoenaren arabera, 1. apartatuan aipatzen diren proiektuetarako bakarrik izanen da zuzenean aplikatzekoa 6. artikulu horretan araututako prozedura Nafarroako Foru Komunitatean, haren eskumenen esparruan.

3. artikulua . Energia berriztagarrien proiektuak baimentzeko prozedura erraztuak.

Energia-mendekotasuna murriztea, prezioak merkatzea eta hornidura bermatzea lortzeko, premiazkotzat jotzen dira, interes publikoko arrazoiengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren energia berriztagarrien bidezko sorkuntza-proiektuak baimentzeko prozedurak, baldin eta ingurumenaren gaineko inpaktua zehazteko aldeko txostena lortu badute, eta, orobat, sustatzaileek baimena emateko prozedura erraztu horri heltzea eskatzen badute 2024ko abenduaren 31 baino lehen.

Prozedura horiek izapidetzeko, honako arau hauek hartuko dira kontuan: 56/2019 Foru Dekretua, maiatzaren 8koa, zeinaren bidez arautzen baita parke eolikoetarako baimena Nafarroan; apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-Dekretuaren 14. artikulua, teknologia fotovoltaikotik abiatuta energia elektrikoa sortzen duten instalazioetarako koordinazio prozedurei buruzkoa (foru lege-dekretu haren bidez, premiazko neurriak onesten dira Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko); eta 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren garraioa, banaketa, merkaturatzea eta hornidura eta instalazioak baimentzeko jarduerak arautzen dituena; orobat, aplikatzekoak izanen dira artikulu honetan aurreikusitako epeen murrizketa eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 33. artikuluan aurreikusitako gainerako ondorioak, espezialitate hauekin bat etorriz:

1. Batera izapidetu eta ebatziko dira abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluaren 1. apartatuaren a) eta b) letretan zehazturiko aldez aurreko baimenak eta eraikuntza-baimenak. Ondorio horietarako:

a) Lehen adierazitakoarekin bat etorriz, sustatzaileak energia berriztagarrien proiektuak baimentzeko prozedura erraztuaren eskaera aurkeztuko du, ingurumen eragina zehazteko aldeko txostenarekin eta egikaritze proiektuarekin batera; era berean, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan adierazitako dokumentazioa ere aurkeztuko du, beharrezkoa baita lurzoru urbanizaezinean egiteko jardueretarako baimena eskatzeko.

Egikaritze proiektuak aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza teknikoak bete beharko ditu, bereziki, honako hauetan ezarritakoak: abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; goi-tentsioko instalazioen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta ITC-RAT 01etik 23ra arteko jarraibide tekniko osagarriak, maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuak onetsiak; eta goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta haren ITC-LAT 01etik 09ra arteko jarraibide tekniko osagarriak, otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuaren bidez onetsiak.

b) Bateratu egiten dira 56/2019 Foru Dekretuaren 8. eta 15.2 artikuluetan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan araututako izapideak, ardurapeko ondasun eta eskubideei eragin diezaiekeen instalazioaren zatian, informazioa emateari eta egikaritze-proiektua administrazio, erakunde edo, hala badagokio, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei bidaltzeari buruzkoak. Erdira murriztuko dira artikulu horietan aurreikusitako epeak.

c) 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 126. artikuluetan araututako jendaurreko informazioaren izapidea b) letran aurreikusitakoarekin batera eginen da, eta erdira murriztuko dira epeak.

d) Dokumentazio guztia lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunari helaraziko zaio, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena eman dezan, bi hilabeteko epean, betiere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan adierazitako baldintzetan.

e) Izapide horiek amaitu ondotik, eta lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena eman ondoren, energiaren arloko organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena helaraziko dio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari.

2. Onura publikoaren deklarazioa eskatzen bada, aldez aurreko administrazio-baimenaren eta eraikuntza-baimenaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 143. artikuluan ezarritako dokumentazioarekin batera, aldi berean izapidetu daitezen. Ondorio horietarako:

a) Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 146. eta 147. artikuluetan araututako beste administrazio publiko batzuei informazioa emateko izapidea bateraturik geratzen da artikulu honen 1.b) apartatuan aurreikusitakoarekin, eta epe berberetan eginen da.

b) Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. eta 145. artikuluetan araututako jendaurreko informazioaren izapidea bateraturik geratzen da artikulu honen 1.c) apartatuan aurreikusitakoarekin, eta epe berberetan eginen da.

3. Lehentasuna emanen zaio artikulu honetan araututako espedienteak bideratzeari eta artikulu horren 1.d) apartatuan ezarritako txostenak egiteari.

4. Dena delako baimenak emateak ez du galaraziko gainerako emakidak, baimenak eta udal-lizentziak lortu behar izatea, betiere beharrezkoak badira aplikatzekoak diren beste xedapen batzuei jarraikiz.

4. artikulua . Birpotentziazioa.

1. Birpotentziazio gisa ulertzen da egun ustiatzen ari den parke batean dauden haize-sorgailu guztiak edo batzuk erretiratzea eta, haien tokian, potentzia unitario handiagoko beste batzuk instalatzea, eta, hala, parkeko haize-sorgailu kopurua murriztea. Instalazio fotovoltaikoak birpotentziatuz gero, egungo eguzki-baratzeak mugatutako perimetroaren barruan kokatu beharko dira jatorrizkoak ordezten dituzten eguzki-plaka berriak.

2. Birpotentziazio-jarduketen sustatzaileek birpotentziatu beharreko instalazioaren titular gisa agertu beharko dute Energia Elektrikoa Ekoizteko Instalazioen Erregistroan. Kasu horretan, titularra ez da egonen beharturik gaitasun legala, teknikoa eta ekonomikoa egiaztatzera.

Birpotentziazio-jarduketaren sustatzailea ez denean ageri birpotentziatu beharreko instalazioaren titular gisa, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan aurreikusitako izapideak beteko dira instalazioak eskualdatzeko.

3. Nolanahi ere, jarduketaren sustatzaileak plan bat aurkeztu beharko du ordeztutako haize-sorgailuak eraisteko eta ukituriko lurzoruak lehengoratzeko, eta egiaztatu beharko du betetzen dituela jatorrizko parkearen ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpenean jasoriko baldintzak.

4. Aprobetxamendu hidroelektrikoko instalazioak birpotentziatuz gero, eskatzaileak uren alorreko erakunde eskudunak emaniko aprobetxamendu hidroelektrikoaren emakida aldatzeko ebazpena aurkeztu beharko du, edo halakorik ez dagokiola dioen justifikazioa.

5. Birpotentziazioak beharrezkoa izanen du, kasu guztietan ere, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legerian araututako lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerak baimentzea. Hori dela eta, sustatzaileak baimena eskatu beharko du eskabidearekin batera, eta maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan adierazitako beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko du. Gehienez bi hilabeteko epean ebatziko da baimena.

5. artikulua . Aurretiazko administrazio baimenik eta eraikuntza baimenik behar ez duten birpotentziaziojarduketak.

1. Birpotentziazio-jarduketek, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuei jarraikiz nahitaezko udal-emakida, -baimen eta -lizentzien kalte gabe, ez dute izanen obligaziorik aurretiazko administrazio baimena eta eraikuntza baimena eskatzeko, eta, hala, ustiapen baimena bakarrik eskatu beharko dute, baldin eta baldintza hauetako bakoitza betetzen bada:

a) Birpotentziazioak haize-sorgailuak partzialki ordeztea bakarrik aurreikusten badu.

b) Garatu beharreko jarduketa ez badago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-eremuaren barnean, edo ez badago ingurumen eraginen ebaluazioaren mende, betiere ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean aurreikusitako baldintzetan.

c) Parkearen potentzia instalatua ez bada aldatzen jatorrizko proiektuan jasotakoarekin alderatuta, edo ez bada %5etik gorako aldaketa jatorrizkoarekin alderaturik.

d) Ez badu eragiten %5etik gorako gehikuntzarik jatorrizko sarbide-baimenean emandako kantitatearekin alderaturik.

e) Birpotentziazioak ukituriko lurzoru urbanizaezinak jatorrizko proiektuak eragindako lurzoruaren kategoria eta, kasuaren arabera, azpikategoria bera baldin badu, eta lurralde- eta ingurumen-babeseko arau berberen xede bada.

f) Ez bada beharrezkoa onura publikoa zehazki aitortzea, edo, hirugarrenen lursailei eragiten badie, eskubideen jabe eta/edo titularrekin lursail haiek okupatzeko adostasuna lortu izanaren egiaztagiriak aurkezten badira.

g) Ez baditu ukitzen zerbitzu publikoko edo interes orokorreko administrazio, organismo edo enpresa baten kargurako ondasunak edo zerbitzuak, edo, ukituz gero ere, aurkezten bada birpotentziazio-jarduketak nahitaez errespetatu beharreko baldintzak jasotzen dituen adostasun-agiria.

h) Ez badira aldatzen proiektuan jasotako jatorrizko parkearen ezaugarriak. Ondorio horietarako, ez da hartuko jatorrizko ezaugarrien aldaketatzat parke barruko lineak ordeztea, kontuan izanik beharrezkoa izan litekeela haize-sorgailu berriak ezartzeko eta funtzionarazteko, eta ez da hartuko jatorrizko ezaugarrien aldaketatzat, orobat, bideak egokitzea, instalazioak muntatzeko eta desmuntatzeko lanak errazteko egiten badira lanok.

i) Ez bada aldatzen instalazio nagusiaren eta osagarrien segurtasuna.

2. Aurreko premisak betetzen direnean, sustatzaileak aurretiazko jakinarazpen bat aurkeztu beharko dio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari obrak hasi aurretik, garatu beharreko jarduerak deskribatzeko, eta, harekin batera, agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Birpotentziazio-proiektua.

b) Sustatzaileak sinaturiko erantzukizunpeko adierazpena, honako hau adierazten duena: garatu beharreko jarduketa ez dagoela Estatuko oinarrizko araudiaren arabera ingurumen ebaluazioaren mendeko ezein kasutan, edo ez dagoela foru araudiak arauturiko ingurumen eraginen ebaluazioaren mende.

c) Dagokion kasuetan, ordeztu beharreko haize-sorgailuak eraisteko eta eragindako lurzorua lehengoratzeko proiektua, ingurumen eraginaren azterketaren eta parkearen ingurumen eraginaren adierazpenaren edukia betetzen dela egiaztatuz.

d) Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren arabera, lurzoru urbanizaezinean baimena emateko beharrezkoa den dokumentazioa.

3. Aurretiazko jakinarazpena eta aurreko apartatuan zerrendatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen organoari helaraziko zaio, eta bi hilabete izanen ditu lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena emateko. Baimena epe horren barruan jakinarazi beharko zaio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari.

Baimena eskuratu ondotik, sustatzailea gaituta egonen da obrak egiteko, eta horrek ez du galaraziko organo eskudunaren ahala, bien bitartean aurkeztutako agiriak egiaztatzeko. Organo horrek eginiko egiaztapenaren ondotik, lanak gerarazteko eta bertan behera uzteko agintzen ahalko da, honako kasu hauetan:

a) Egiaztatzen bada birpotentziazio-jarduketak ez dituela betetzen artikulu honetan jasotako baldintzak.

b) Egiaztatzen bada okerra edo faltsua dela aurkezturiko dokumentazioa.

4. Obrak amaitu ondotik, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera izapidetuko da ustiatzeko baimenaren eskaera.

6. artikulua . Aurretiazko administrazio baimenik behar ez duten birpotentziazio proiektuak.

1. Birpotentziazio jarduketek eraikitzeko baimena lortu beharko dute, aurretiazko administrazio baimenik behar izan gabe, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Garatu beharreko jarduketak ez badu behar ingurumen eraginaren ebaluazio arruntik.

b) Aldaketak egin ondoren, instalatutako potentziak ez badu gainditzen jatorrizko proiektuan zehaztutako potentziaren ehuneko hamar baino gehiago.

c) Haize-sorgailu berriak parkearen jatorrizko poligonalaren barruan kokatzen badira, edo lehengo eguzki-baratzeak mugaturiko perimetroaren barnean, behinik behin.

d) Birpotentziazioak ukituriko lurzoru urbanizaezinak jatorrizko proiektuak eragindako lurzoruaren kategoria eta, kasuaren arabera, azpikategoria bera baldin badu, eta lurralde- eta ingurumen-babeseko arau berberen xede bada.

e) Ez bada beharrezkoa onura publikoa zehazki aitortzea, edo, hirugarrenen lursailei eragiten badie, eskubideen jabe eta/edo titularrekin lursail haiek okupatzeko adostasuna lortu izanaren egiaztagiriak aurkezten badira.

f) Ez bada aldatzen instalazio nagusiaren eta osagarrien segurtasuna.

2. Eraikitzeko baimena eskatzeko eta izapidetzeko, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitakoa bete beharko da, honako berezitasun hauekin:

a) Ez da izanen beharrezkoa proiektuaren separata aurkeztea zerbitzu publikoko edo interes ekonomiko orokorreko administrazio publiko, organismo eta/edo enpresentzat, baldin eta:

- Eskabidearekin batera, sustatzaileak administrazio publikoek emaniko baldintzak aurkeztu behar ditu.

- Aipaturiko administrazioek, erakundeek eta enpresek Industria Zuzendaritza Nagusiarekin adostu badituzte instalazioak ezartzeko arau orokorrak, edo linea elektrikoak ondasun, instalazio, obra, zerbitzu, zentro edo eremuekin gurutzatzeko edo paraleloan paratzeko arau orokorrak, 15. artikuluko 2. apartatuan aipatzen direnak.

b) Dagokion kasuetan, eskabidearekin batera, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezteaz gainera, aurkeztu beharrekoak izanen dira ingurumen eraginaren ebaluazio errazturako eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko eskaerarako beharrezko agiriak ere.

c) Energiaren arloko organo eskudunak ingurumenaren, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko organo eskudunei helaraziko die dagokion dokumentazioa.

Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunak, kasuaren arabera, dagokion baimena emanen du bi hilabeteko epean. Baimena epe horren barruan jakinarazi beharko zaio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari.

3. Aplikagarriak diren beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren udal emakida, baimen eta lizentzien kalte gabe emanen da eraikitzeko baimena, eta han txertatuko da lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerei dagokiena ere.

7. artikulua . Prozedura erraztuari atxikitako birpotentziazioproiektuak.

1. Aurreko artikuluetan jaso ez diren birpotentziazio-proiektuak, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako irizpideekin bat datozenean, foru lege-dekretu honen 3. artikuluan araututako prozedura erraztuaren arabera izapidetuko dira.

2. Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunak, kasuaren arabera, dagokion baimena emanen du bi hilabeteko epean. Baimena epe horren barruan jakinarazi beharko zaio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari.

8. artikulua . Gainerako birpotentziazioproiektuak.

1. Birpotentziazioa ez badago aurreko artikuluetan aurreikusitako kasuetako batean ere, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan araututako aurretiazko administrazio baimenaren, eraikuntza baimenaren eta ustiapen baimenaren araubidearen mende geratuko da, berezitasun hauekin:

a) Energiaren arloko organo eskudunak ingurumenaren, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko organo eskudunei helaraziko die dagokion dokumentazioa.

b) Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen organoak emanen du, egoki iritziz gero, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena, bi hilabeteko epean. Baimena epe horren barruan jakinarazi beharko zaio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari.

2. Dena delako baimenak emateak ez du galaraziko gainerako emakidak, baimenak eta udal-lizentziak lortu behar izatea, betiere beharrezkoak badira aplikatzekoak diren beste xedapen batzuei jarraikiz.

9. artikulua . Instalazio berriztagarrien hibridazioa.

Lehendik martxan dauden parke eolikoak edo lehendik dauden beste teknologia berriztagarri batzuen instalazioak hibridatzeko proiektuak, baldin eta bat badatoz martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako irizpideekin, foru lege-dekretu honen 3. artikuluan araututako prozedura erraztuaren arabera izapidetuko dira.

10. artikulua . Biltegiratzea.

1. Energiaren arloko organo eskudunak baimenduko ditu biltegiratze-instalazioak, elektrizitateari, ingurumenari eta lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko araudietan ezarritakoaren arabera. Horretarako:

a) Energiaren arloko organo eskudunak ingurumenaren, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren alorreko organo eskudunei helaraziko die dagokion dokumentazioa.

b) Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen organoak emanen du, egoki iritziz gero, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren baimena, bi hilabeteko epean. Baimena epe horren barruan jakinarazi beharko zaio energiaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiari.

2. Aplikagarriak diren beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren udal emakida, baimen eta lizentzien kalte gabe emanen da biltegiratzeko instalazioen baimena, eta han txertatuko da lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerei dagokiena ere.

11. artikulua . Autokontsumorako instalazio berriztagarriak.

Honako berezitasun hauek aplikatuko zaizkie ingurumen eraginaren ebaluaziorik behar ez duten autokontsumorako iturri berriztagarrien bidez energia sortzeko instalazioak baimentzeko prozedurei:

1. 100 kW-tik beherako potentzia nominala duten autokontsumorako instalazioek ez dute beharko aurretiazko administrazio baimenik, ezta eraikitzeko administrazio baimenik ere, betiere zuzenean konektaturik badaude 1 kV-tik gorakoa ez den tentsio-sare batera.

2. Gehienez 5 ha-ko azalera hartzen duten autokontsumorako instalazioak baimentzeko, foru lege-dekretu honen 3. artikuluan araututako prozedura erraztua bete beharko da, honako berezitasun hauekin:

a) Ingurumen eraginaren aldeko txostenaren ordez, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak ezarritako ingurumen eraginei buruzko txostena aurkeztuko da.

b) Onura publikoaren deklarazioa eskatzen ez bada, ez da beharrezkoa izanen jendaurreko informazioaren izapidea.

3. Eraikinen edo eraikuntzen eta aparkatzeko pergolen autokontsumorako instalazioek ez dute beharko jendaurreko informazioaren izapidea administrazio-baimena lortzeko, potentzia-mugarik gabe.

II. TITULUA. BIZKORTZEKO NEURRIAK, EUROPAKO BERRESKURATZE-TRESNATIK DATOZEN EUROPAKO FUNTSEKIN FINANTZA DAITEZKEEN JARDUERAK KUDEATZEKO ETA GAUZATZEKO

12. artikulua . Aldez aurreko baimenak lortu beharretik salbuestea dirulaguntzak emateko.

1. Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan finantzatutako dirulaguntzak emateko, ez da izanen beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7.3 artikuluan aurreikusitakoa.

2. Ez da izanen beharrezkoa Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena, proiektuaren gauzatzea arautzen duen Estatuko tresna juridikoan zehazten bada banakako ebaluazioaren araubidea.

13. artikulua . Hainbat urtetako gastukonpromisoak hartzea, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotako jarduketei dagokienez.

Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotako jarduketetan, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikuluaren 6. paragrafoan xedatutakoa betetzeko, planeko funtsekin finantzatu ez den zenbatekoa bakarrik hartuko da kontuan, atxikitako finantzaketarako aurrekontu-egituran jasotzen denaren arabera.

14. artikulua . Aldez aurreko baimena behar izatetik salbuestea kontratuen alorrean.

Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozen funtsekin finantzatuko diren kontratuak salbuetsita daude Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/20218 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren 1.a apartatuan aurreikusitako kontratatzeko baimena betetzeko obligaziotik.

III. TITULUA. NEURRI BEREZIAK ETXEBIZITZAREN ARLOAN

15. artikulua . Ohiz kanpoko muga etxebizitza babestuen errentamendukontratuen urteko errenta eguneratzeko.

1. Etxebizitza babestua alokatzeko kontratu baten errentariak errentatzailearekin negoziatzen ahalko du zer igoera aplikatu errentaren urteko eguneratze horretan, baldin eta kontratu hori loturik badago errenta-prezioaren mugetara eta haren errenta eguneratu beharra badago dagokion indarraldiko urterokoa 2022ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra bitartean betetzen delako. Horretarako, baldintza hauei jarraituko zaie:

a) Errentatzailea pertsona juridikoa bada, errenta-igoera alderdien arteko itun berriaren ondorioz lorturikoa izanen da, eta eguneratze horren datan ez da gainditzen ahalko lehiakortasuna bermatzeko indizearen urteko aldakuntza aplikatzearen emaitza, betiere eguneratzeko erreferentziazko hil gisa harturik kontratua eguneratzen den datan argitaratutako azken indizeari dagokion hilabetea. Alderdien arteko itun berri hori izan ezean, muga hori bera izanen du errenta-igoerak.

b) Errentatzailea pertsona fisiko bat bada, eta errentamendurako edo erosteko aukera aurreikusten duen errentamendurako kalifikatutako etxebizitza babestuaren sustapen baten jabe bada, alderdien arteko itun berriaren ondorioz zehazturikoa izanen da errenta-igoera, eta ez du gainditzen ahalko eguneratze horren datan lehiakortasuna bermatzeko indizearen urteko aldakuntza aplikatzearen emaitza, betiere eguneratzeko erreferentziazko hil gisa harturik kontratua eguneratzen den datan argitaratutako azken indizeari dagokion hilabetea. Alderdien arteko itun berri hori izan ezean, muga hori bera izanen du errenta-igoerak.

c) Gainerako pertsona fisiko errentatzaileen kasuan, errenta-igoera alderdien arteko itun berriaren ondorioz lorturikoa izanen da, eta eguneratze horren datan ez da gainditzen ahalko lehiakortasuna bermatzeko indizearen urteko aldakuntza aplikatzearen emaitza, betiere eguneratzeko erreferentziazko hil gisa harturik kontratua eguneratzen den datan argitaratutako azken indizeari dagokion hilabetea, ehuneko puntu bat gehituta. Alderdien arteko itun berri hori izan ezean, muga hori bera izanen du errenta-igoerak.

2. Aurreko apartatuak eragindako errentamendu-kontratuen gainean 2023an aplikatu beharreko errenta-eguneratzean, aurreko apartatuaren arabera kalkulaturiko 2022ko errentaren gainean aplikatuko da errenta-gehikuntza, eta ez muga hori aplikatu gabe legokiokeen errentaren gainean.

16. artikulua . Etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietan familiaren dirusarrera haztatuak zenbatzetik salbuetsitako dirusarrerak.

Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietan, familiaren diru-sarrera haztatuen zenbaketatik kanpo geratzen dira alokairu-sistema publikoaren barruan dauden etxebizitzak errentan hartzeko dirulaguntzak.

IV. TITULUA. OHIZ KANPOKO NEURRIAK KONTRATAZIO PUBLIKOAREN ARLOAN

17. artikulua . Kontratistari prezioen salbuespenezko berrikuspena onartzeko baldintzak Nota de Vigencia.

Salbuespen gisa, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen mendeko erakundeek adjudikatutako obra-kontratu publikoetan, kontratistari onartuko zaio prezioen salbuespenezko berrikuspena egiteko aukera, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Kontratua egoera hauetakoren batean egotea:

a.1) 2022ko martxoaren 2an lizitazioan, adjudikazioan, formalizazioan edo exekuzioan egotea. Ondorio horietarako, ulertuko da kontratu bat gauzatzen ari dela azken ziurtapena onartu ez den bitartean.

a.2) Kontratuaren adjudikazioaren edo formalizazioaren iragarkia urtebeteko epean argitaratzea, 2022ko martxoaren 2tik aurrera, Nafarroako Kontratazioaren Atarian.

a.3) Kontratuaren lizitazioaren iragarkia urtebeteko epean argitaratzea, 2022ko martxoaren 2tik aurrera, Nafarroako Kontratazioaren Atarian, eta baldintza-agiriak prezioen berrikuspenerako formula bat ezartzea.

b) Material siderurgikoen, material bituminosoen, aluminioaren edo kobrearen kostuaren igoerak, adierazitako aldietan, ehuneko hauek gainditzea:

b.1) 12 hilabete edo gehiagoko iraupena duten kontratuetarako: kontratuaren zenbateko ziurtatuaren %5, honela kalkulatuta: epe horretan berean ziurtatzen diren kontratuaren zenbatekoei prezioen berrikuspenerako formula aplikatuko zaie, halakorik balego, eta halakorik ezean, obren izaeragatik dagokiona aplikatuko zaie, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretuan ezarritakoen artetik (1359/2011 Errege Dekretua, urriaren 7koa, Administrazio Publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko obra-kontratuen eta hornidura-kontratuen prezioen berrikuspenerako oinarrizko materialen zerrenda eta ereduzko formula orokorrak onartzen dituena).

Kalkulua egiteko, kontuan hartuko da kontratistak eskabidean zehazten duen aldia; epe hori ez da 12 hilabetetik beherakoa izanen, ezta 24 hilabetetik gorakoa ere, eta, nolanahi ere, 2021eko urtarrilaren 1aren ondorengoa izango da.

b.2) 4 hilabete edo gehiago eta 12 hilabete baino gutxiago irauten duten kontratuetarako: kontratuaren zenbateko ziurtatu guztien %5.

Igoera hori kalkulatzeko, kontratuari aplikatu beharreko formulatik kendu eginen dira lehen aipatutakoez bestelako kostu-elementuak adierazten dituzten terminoak, eta kontratuaren prezioaren frakzio berrikusezina adierazten duen termino finkoa gehituko da, ezabatutako terminoen koefizienteen balioa adina –hartara, mantendutako koefiziente guztien gehi termino finkoaren batura izanen da unitatea–.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu bidez, beste material batzuk ezartzen ahalko dira, baldin eta horien kostu-igoera aurreko ondorioetarako ere kontuan hartu behar bada.

18. artikulua . Salbuespenezko berrikuspenaren zenbatekoaren gehieneko muga.

Xedapen honetan aipatzen den salbuespenezko berrikuspenaren zenbatekoa ez da izaten ahalko kontratuaren esleipen-prezioaren ehuneko 20 baino handiagoa. Zenbateko hori ez da kontuan hartuko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean aurreikusitako kontratuaren esleipen-prezioarekiko ehuneko 50eko aldaketaren mugaren ondorioetarako.

19. artikulua . Salbuespenezko berrikuspena kalkulatzeko irizpideak Nota de Vigencia.

1. Berrikuspen horren ondoriozko zenbatekoa kontratuari dagokion kasuaren arabera kalkulatuko da:

a) Obra-kontratuaren administrazio-klausula partikularren agiriak prezioak berrikusteko formula bat ezartzen duenean, zenbateko hau onartuko da:

Ondoren zehaztutako moduan aldatutako berrikuspen-formula horren aplikazioaren ondoriozko igoera, 2021eko urtarrilaren 1etik –edo aurreneko ziurtapenetik, geroagokoa bada–, harik eta baldintza-agirian aurreikusitako berrikuspena eragingarria izan daitekeen unera arte.

Formulan aldaketa hauek txertatu behar dira:

1) Ezabatu eginen da energiari dagokion kostu-elementua ordezkatzen duen terminoa.

2) Handituko da termino finkoa, kontratuaren prezioaren frakzio berrikusezina adierazten duena, ezabatu den terminoaren koefizientearen balioa adina, eta, hartara, mantendutako koefiziente guztien gehi termino finkoaren batura izanen da unitatea.

Epe hori igarotakoan, baldintza-agirian ezarritakoak arautuko du kontratua.

b) Administrazio klausula partikularren agiriak ez duenean ezartzen prezioen berrikuspenerako formula, zenbateko hau aitortuko da:

2021eko urtarrilaren 1etik (edo aurreneko ziurtapenetik, geroagokoa bada) kontratua bukatu arte obra gauzatzeagatik urtero ziurtatutako zenbatekoaren eta gauzatze horrek prezioen berrikuspenerako eskubidea izan balu ziurtatuko zen zenbatekoaren arteko aldea, lizitaziorako oinarri gisa erabili zen eraikuntza-proiektuan agertzen den formula aplikatuta, edo, halakorik ezean, urriaren 7ko 1359/2011 Errege Dekretuan (Administrazio Publikoen armamentua eta ekipamendua fabrikatzeko obra-kontratuen eta hornidura-kontratuen prezioen berrikuspenerako oinarrizko materialen zerrenda eta ereduzko formula orokorrak onartzen dituena) aipatutako kontratuetatik legokeena, aldaketa hauek eginda:

1) Ezabatu eginen da energiari dagokion kostu-elementua adierazten duen terminoa.

2) Handituko da termino finkoa, kontratuaren prezioaren frakzio berrikusezina adierazten duena, ezabatu den terminoaren koefizientearen balioa adina, eta, hartara, mantendutako koefiziente guztien gehi termino finkoaren batura izanen da unitatea.

Arau hori aplikatuko da, nahiz eta oraindik ez egon gauzatuta kontratuaren zenbatekoaren %20 edo ez diren igaro bi urte kontratua formalizatu zenetik.

2. Baldintza-agiriak prezioak berrikusteko formula bat jaso ala ez, data hau hartuko da erreferentziatzat berrikuspen-formuletan 0 azpiindizearekin adierazitako prezio-indizeetarako:

a) Kontratua eskaintzak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean formalizatu bada, kontratua formalizatu zenekoa izanen da erreferentziako data, salbu eta formalizazio data 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada, halakoetan, 2020ko abenduaren 31 hartuko baita kontuan.

b) Kontratua eskaintzak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabete igaro ondoren formalizatu bada, aipaturiko hiru hilabeteko epea amaitzen den eguna izanen da erreferentziako data, salbu eta data hori 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada, eta, halakoetan, 2020ko abenduaren 31 hartuko da kontuan.

20. artikulua . Prezioak salbuespenez berrikusteko prozedura.

1. Kontratazio-organoak onartuko du prezioen salbuespenezko berrikuspena, kontratistak eskatu ondoren.

Kontratua indarrean dagoen bitartean aurkeztuko da kontratistaren eskaera, kontratazio-organoak obren azken ziurtagiria onartu aurretik, eta, horrekin batera, xedapen honetan ezarritako inguruabarrak betetzen direla egiaztatzeko behar diren agiriak aurkeztuko dira.

Dokumentazio hori behar bezala aurkeztu ezean, kontratazio-organoak zazpi egun balioduneko epe luzaezina emanen du akats hori zuzentzeko. Epe horretan ez bada zuzentzen akatsa, ukatu eginen da eskaera.

Xedapen honetan jasotako inguruabarrak hautemateko, Estatistikako Institutu Nazionaletik harturiko datuak erabiliko dira.

2. Dokumentazioa jaso ondoren, kontratazio-organoak behin-behineko proposamen bat eginen du, eta, bertan, prezioen salbuespenezko berrikuspena onartu behar den adieraziko du, eta, hala bada, zer formula aplika dakiokeen kontratuari. Proposamena kontratistari helaraziko zaio, 10 egun balioduneko epean alegazioak aurkez ditzan.

Kontratazio-organoak dagokion ebazpena emanen du hilabeteko epean, behar bezala arrazoituta, alegazioak jasotzen direnetik edo aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Prezioen salbuespenezko berrikuspena emateko, ez da izanen beharrezkoa behin betiko bermea doitzea.

Ebazteko gehienezko epea berariazko ebazpenik gabe amaitzen bada, eskatzaileak ulertzen ahalko du administrazio-isiltasunez ezetsi dela eskaera.

21. artikulua . Prezioen salbuespenezko berrikuspenaren ondoriozko zenbatekoa ordaintzea.

1. Prezioen salbuespenezko berrikuspenaren ondoriozko zenbatekoa ordaintzeko, kontratistak modu frogagarrian egiaztatu beharko du atzera egin duela administrazio-bideko erreklamazio edo errekurtsoetan, edo edozein motatako akzio judizialetan, kontratu horretan materialen kostua garestitu izanagatik.

2. Aparteko berrikuspen horren ondoriozko zenbatekoa obraren azken ziurtagirian aplikatuko da, partida gehigarri gisa, aurrekontu-legeria erabat errespetatuz.

Kontratazio-organoak konturako ordainketak egiten ahalko ditu, betiere Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean eskatutako baldintzak betetzen baditu, obra-ziurtagiri bakoitza ordaintzeko egunean kalkulatutako berrikuspenaren zenbatekoan.

Kasuaren arabera, zenbatekoa gorantz edo beherantz zuzenduko da kontratua likidatzerakoan, berrikuspena aplikatu den aldiari dagozkion behin betiko indize ofizialak aplikatuta.

3. Aparteko berrikuspen horren ondoriozko zenbatekoa jasotzen duen kontratistak azpikontratistari jasanarazi beharko dio azpikontratatutako obraren zatiari dagokion partea. Azpikontratistak kontratistaren aurkako akzioa izanen du, parte hori erreklamatzeko. Azpikontratistek ez dute izanen administrazio kontratatzailearen aurkako zuzeneko akziorik kontratu nagusia eta azpikontratuak egikaritzea dela-eta kontratistak haiekin hartutako betebeharrengatik.

V. TITULUA. ZERGA ARLOKO OHIZ KANPOKO NEURRIAK

22. artikulua . Zerga arloko zorrak salbuespenez geroratzea.

1. Nortasun juridikorik gabeko pertsonek eta erakundeek, betiere 2021ean 6.010.121,24 euro gainditzen ez dituzten eragiketa-bolumeneko jarduera ekonomikoak gauzatzen badituzte, borondatezko epean atzeratzen ahalko dituzte pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioei dagozkien zerga-zorrak, baldin eta aurkezteko eta borondatezko aldian sartzeko epea 2022ko apirilaren 25ean amaitzen bada, hiru hilean behingo autolikidazioen kasuan, edo 2022ko maiatzaren 2an, hileko autolikidazioen kasuan; hala, ez dute egin beharko konturako ordainketarik, ez dute eman beharko bermerik eta ez dute sortuko berandutza-interesik, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.

Delako enpresa sozietate talde bateko kidea bada (Merkataritza Kodearen 42. artikuluak definitzen duen bezala), alde batera utzita egoitza eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra, eragiketen bolumena kalkulatuko da talde horretako kide diren entitate guztiak aintzat hartuta, kontuan harturik kontabilitateko araudia aplikatuta egoki diren ezabaketak eta sarrera berriak. Irizpide hori bera aplikatuko da pertsona fisiko bat, bera bakarrik edo ezkontidearekin edo ahaide dituen beste pertsona fisiko batzuekin batera (ahaideak lerro zuzenekoak nahiz albokoak izan, odol bidezkoak nahiz ezkontza bidezkoak, bigarren graduraino, bigarrena barne), Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuetako batean badago bazkide diren beste entitate batzuei dagokienez, alde batera utzita entitateen egoitza eta urteko kontu kontsolidatuak egiteko betebeharra.

2. Ez dira atzeratzen ahalko:

a) 1. apartatuan adierazitako epeetatik kanpo aurkezturiko autolikidazioei dagozkien zerga-zorrak.

b) Zenbateko hauek edo txikiagoak dituzten zorrak:

b.1) Pertsona fisikoak diren zergadunak: 100 euro.

b.2) Pertsona fisikoak ez diren zergadunak: 300 euro.

3. Artikulu honetan aipatzen diren zor geroratuen ordainketa hiru hilabetez etenen da, aitorpenaren eta ordainketaren borondatezko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Epe horretatik aurrera, zatikatuta ordainduko dira, zenbateko bereko hileko lau kuotatan.

4. Geroratze horien eskaera geroratze eredu ofiziala erabiliz eginen da, soilik Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez aurkeztuta, eta Diru-bilketa Zerbitzuko titularrak ebatziko du.

5. Foru lege-dekretu honek indarra hartu aurretik artikulu honetan aipatzen diren zorrak geroratzea eskatu duten zergadunek, artikulu honetan araututako salbuespenezko geroratzeari heldu nahi badiote, berariaz eskatu beharko dute 4. apartatuan ezartzen den eredu ofizialaren bidez. Eskaera egin ondotik, besterik gabe baliogabetuko da aurretik eskatutako geroratzea.

6. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamazazpigarren xedapen gehigarriko 4. xedapenean zehazturikoaren ondorioetarako, ez dira inola ere zenbatuko xedapen honen babesean emandako geroratzeak, ez horiek emateko, ezta etorkizuneko geroratzeak emateko ere.

7. Emandako geroratzeak betetzen ez badira, berandutze-interesak likidatuko dira, aurkeztu eta ordaintzeko borondatezko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

23. artikulua . Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten horiek ez dira egonen beharturik 2022ko bigarren hiruhilekoko ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera.

2. Ordainketa zatikatu horren autolikidazioa borondatez aurkeztuz gero, subjektu pasiboak ez du izanen eskubiderik ordainketa hori gerora itzultzea eskatzeko, bidegabeko sarreren itzulketa gisa.

24. artikulua . Ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeko eta Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epeak luzatzea.

1. Ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketa batean lortutako dirua berrinbertitzeko epea, zeina Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 37.1. artikuluan ezarrita baitago, urtebete luzatzen da, baina, bakar-bakarrik, berrinbertitzeko epea 2022ko zergaldian bukatzen zaien zergadunentzat.

2. 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzen da Inbertsioetarako Erreserba Berezia gauzatzeko epea, zeina araututa baitago 26/2016 Foru Legearen 45.2 artikuluaren lehenengo paragrafoan, baina, bakar-bakarrik, gauzatze-epea 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunentzat.

25. artikulua . Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan premiazko neurriak hartzeko martxoaren 29ko 6/2022 Errege LegeDekretuaren babesean emandako laguntzen salbuespena.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik eta sozietateen gaineko zergatik salbuetsita egonen dira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan premiazko neurriak hartzeko martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren babesean emandako laguntzak.

26. artikulua . Aparteko kenkaria, energiakrisiaren ondoriozko inpaktu ekonomikoa arintzeko.

1. Enpresa-jarduerak gauzatzen dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek, 2022. urteko zergaldian, beren jardueraren etekin garbi positiboaren %3ko aparteko kenkaria aplikatzen ahalko diote kuota osoari, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 36.A).3 eta 36.B).4 artikuluetan aipatutako murrizketa-ehunekoak aplikatu ondotik.

2. Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, baldin eta establezimendu iraunkor baten bidez jarduten badute eta haien negozio-zifraren zenbateko garbia, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztua, 1.000.000 eurotik beherakoa bada 2022ko zergaldian, kuota likidoaren aparteko kenkari bat aplikatzen ahalko dute zergaldi horretan, zerga-oinarriaren %3koa.

Ez dute aplikatzen ahalko kenkari hori ondarezkotzat hartzen diren erakundeek, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Sozietateen gaineko zergaren pizgarriengatiko kenkarien aurretik aplikatzen ahalko da kenkaria, eta gutxieneko tributazioaren zenbatekoa murrizten ahalko da.

3. Artikulu honetan ezarritako kenkarien zenbatekoa ez da izanen 3.000 eurotik gorakoa.

4. Artikulu honetan ezarritako kenkariei Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 67.7 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Xedapen iragankor bakarra.-Energia berriztagarrien proiektuei buruzko prozedurak bizkortzeko neurriak aplikatzea.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik aitzina, 3. artikuluan araututako prozedura aplikatuko zaie Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan premiazko neurriak hartzen dituen martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-Dekretuaren 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiei, izapidetze-egoera edozein dela ere, betiere baldintza hauei jarraikiz:

a) Baldintza horiek betetzen dituzten proiektuen sustatzaileek 6. artikuluko 3. apartatuan aipaturiko laburpen exekutiboa duen dokumentua bidaliko diote ingurumen-organoari, foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik 20 eguneko epean.

b) Proiektua organo substantiboan izapidetzen ari bada, organo horrek ingurumen-organoari bidaliko dizkio proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa osoa, eta, kasuaren arabera, dagoeneko eginda dauden izapideen emaitza, 10 eguneko epean; ingurumen-organoak 6. artikuluan aurreikusitako izapidetzearekin jarraituko du.

c) Gorde eginen dira ingurumen eragina zehazteko prozedurako izapideak, baldin eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera egin beharreko ingurumen ebaluazioaren prozeduran jasotzeko modukoak badira, aipaturiko prozeduraren ondoriozko emaitza gisa.

2. Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan aurreikusitako baimenak lortzeko izapidetzen ari diren proiektuen sustatzaileek, foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean eta ingurumenaren gaineko eragina zehazteko aldeko txostena lortzen badute, baimen horiek lortzeko izapideekin jarraitzen ahalko dute, dela maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan aurreikusitako moduan, dela 3. artikuluan aurreikusitako prozedura erraztuaren bidez.

Nolanahi ere, gorde eginen dira aurretik izapidetutako prozeduran eginiko izapideak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indarra galduriko xedapenak.

Indarrik gabe geratzen dira arau hauek:

Indarrik gabe geratzen da Suspertzerako Europako Bitartekoetatik heltzen diren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta betetzeko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege-Dekretuaren 13. artikulua, bai eta bertan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.

Azken Xedapenetako Lehena. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren aldaketa.

Aldatu egiten da 36.B) 1.b) artikulua, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, eta honela geratzen da idatzita:

b) Baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia edo balio erantsiaren zergaren araubide berezi erraztua aplikatzen zaizkien enpresa-jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboek, haien negozio-zifraren zenbateko garbia ez bada aurre-aurreko urtean 200.000 euro baino handiagoa izan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Plangintzatresnetan klimaikuspegia txertatzeko luzamendua eta salbuespenak.

1. 2023ko apirilaren 2ra arte atzeratzen da klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 18. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitako epea plangintza-tresnetan klima-ikuspegia txertatzeko, bai eta energia berriztagarria sortzeko lurzoru-eremu bat erreserbatzeko betebeharra ere, artikulu horren 2. apartatuan aurreikusitakoa.

2. 18. artikulu horretan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko plan zuzentzaile sektorialen, lurralde-planen eta udal-plangintzako tresnen formulazio, berrikuspen edo aldaketa berriei, ez eta ingurumen ebaluazio estrategikoa behar duen beste edozein plani ere, baldin eta izapidetzen ari badira aurreko apartatuan adierazitako datan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken Xedapenetako Laugarrena. Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen barnean, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken Xedapenetako Bosgarrena. Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru lege-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web