(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

122/2021 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 29KOA, NAFARROAKO ESTATISTIKA KONTSEILUAREN ANTOLAMENDUAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.

BON N.º 10 - 14/01/2022



  I. KAPITULUA. IZAERA ETA EREMU FUNTZIONALA


  II. KAPITULUA. KONTSEILUAREN ANTOLAKETA ETA OSAERA


  III. KAPITULUA. KONTSEILUKO KIDEAK ETA HAIEN EGINKIZUNAK


  IV. KAPITULUA. KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUA


Zioen azalpena

Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen bidez, Nafarroako Estatistika Kontseilua sortu zen, Nafarroako estatistika sisteman parte hartzeko eta kontsultatzeko organo gisa.

Foru lege horren azken xedapenetako hirugarrenarekin bat, Gobernuak kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendua onetsi zuen urriaren 19ko 308/1998 Foru Dekretuaren bidez.

Ikusirik Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean egindako aldaketak, beharrezkoa da Nafarroako Estatistika Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren erregelamendu berri bat onestea, egitura parte-hartzaileago batera egokitu behar baita.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko abenduaren hogeita bederatzian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.-Erregelamendua onestea.

Onetsi egiten da Nafarroako Estatistika Kontseiluaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua. Testu hori ondotik erantsi da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzea.

Foru dekretu honek indarra hartutakoan, indarrik gabe gelditzen dira urriaren 19ko 308/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Estatistika Kontseiluaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena, eta foru dekretu honetan xedatutakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.-Arauak emateko gaikuntza.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu honen bidez onesten den erregelamendua bete, gauzatu eta garatu dadin.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abenduaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

NAFARROAKO ESTATISTIKA KONTSEILUAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA. IZAERA ETA EREMU FUNTZIONALA

1. artikulua . Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Nafarroako Estatistika Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea. Horrenbestez, kontseilua Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legean, erregelamendu honetan eta, osagarri gisa, aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz zuzenduko da.

2. artikulua . Egoitza.

Kontseiluak Nafarroako Estatistika Institutuaren helbidean izanen du egoitza.

3. artikulua . Baliabideak.

Nafarroako Estatistika Institutuak emanen dizkio Kontseiluari behar bezala funtzionatzeko behar dituen baliabideak.

4. artikulua . Eginkizunak.

Kontseiluak aholkularitza, parte-hartze eta proposamen eginkizunak beteko ditu Nafarroako estatistika sistemaren jarduerei eta proiektuei dagokienez, eta zehazki:

a) Nafarroako estatistika planen eta estatistikako urteko programen proposamenak onestea.

b) Nahitaezko ebaluazio txostenak egitea Nafarroako estatistika planen nahiz estatistikako urteko programen helburuen betetze mailari buruz.

c) Gomendioak ematea estatistika-unitateen eta informatzaileen arteko harremanei buruz, batez ere sekretu estatistikoaren aplikazio praktikoari buruz.

d) Txostenak egitea Nafarroako Gobernuak edo Kontseiluko edozein kidek estatistikaren arloan eskatzen duen edozein gairi buruz.

II. KAPITULUA. KONTSEILUAREN ANTOLAKETA ETA OSAERA

5. artikulua . Organoak.

Hauek dira Kontseiluko organoak:

a) Osoko Bilkura.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Talde tematikoak.

d) Lantaldeak.

6. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Honako hauek osatzen dute Osoko Bilkura:

a) Burua, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularra.

b) Buruordea, Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendaria.

c) Idazkaria, Nafarroako Estatistika Institutuari atxikita dagoen pertsona bat, institutuko zuzendariak izendatua.

d) Kideak, unitate, erakunde edo elkarte hauen ordezkariak:

-Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren ordezkari bat, kasuan kasuko departamentuko estatistika organoko edo estatistika batzordeko kidea izanen dena, 11/1997 Foru Legean zehaztuta dagoen bezala.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

-Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

-Estatistikako Institutu Nazionalaren ordezkari bat.

-Ordezkaritza handieneko enpresa-elkarteen bi ordezkari.

-Ordezkaritza handieneko sindikatuen bi ordezkari.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat.

-Erakunde sozialen bi ordezkari, buruak izendatuak.

-Estatistika arloko lanbidean nabarmendu diren bi pertsona, buruak izendatuak. Batzorde Iraunkorrak proposatuak.

2. Nafarroako Estatistika Institutua zer departamenturi dagoen atxikita, hango kontseilari titularrak izendatuko ditu Kontseiluko kideak, foru agindu bidez. Lehenago, Nafarroako Gobernuko departamentuek eta Kontseiluko kide diren gainerako erakundeek ofizialki jakinarazi beharko diote Kontseiluko idazkariari zer ordezkari titular eta ordezko izanen dituzten, eta horrek indarrean iraunen du legegintzaldi osoan, non ez den kausa arrazoitu bat gertatzen aldaketa proposatzeko. Nafarroako Gobernuko departamentuen ordezko ordezkariek ere izan beharko dute departamentuetako estatistika unitate edo batzordeetako kideak.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari izendatzen direnek kargua utziko dute kasuan kasuko departamentuaren titularrak kargua uzten duenean, edo departamentu baten antolaketan aldaketak egiteagatik titularrak ordeztea erabakitzen duenean. Enpresa erakundeek eta sindikatuek eta Kontseiluan parte hartzen duten gainerako entitate eta erakundeek ordezkariaren izendapena alda dezakete, Kontseiluko idazkariari aurretik jakinarazita.

Aldaketaren proposamena egin daiteke izendapena egin zen bide bera erabiliz eta arrazoiak emanez. Nafarroako Estatistika Institutua zer departamenturi dagoen atxikita, hango titularraren foru aginduaren bidez onetsiko da.

4. Nolanahi ere, proposamena berretsia izan dadin, kontuan hartuko da betetzen ote den ordezkaritza orekatuaren printzipioa, zeina aurreikusia baitago Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 4. artikuluan, berdintasuna bermatzeko printzipio gisa, eta 16. artikuluan, berdintasuna bermatzeko baliabide gisa. Horretarako, ordezkari titularrak eta ordezkoak proposatzean, gizonak eta emakumeak sartuko dira, Osoko Bilkuraren azken osaeran ordezkaritza orekatua izan dadin.

7. artikulua . Batzorde Iraunkorra.

1. Nafarroako Estatistika Kontseiluko Osoko Bilkurako kide hauek osatuko dute Batzorde Iraunkorra:

a) Estatistika Kontseiluko Osoko Bilkurako buruordea, batzorde honetako burua izanen dena.

b) Estatistika Kontseiluko Osoko Bilkurako idazkaria, batzorde honetako idazkaria izanen dena.

c) Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen hiru ordezkari.

d) Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzen duten gainerako instituzio eta erakundeen hiru ordezkari.

2. c) eta d) letretan adierazitako pertsonak 2 urterik behin berrituko dira.

Bere burua eskainiko dute Batzorde Iraunkorrean parte hartu nahi duten pertsonek. Edozein taldetan leku bat hutsik geldituz gero, beste taldeko ordezkariekin bete daiteke. Eskaerak gehiago badira lekuak baino, zozketa bat eginen da finkatutako kupoa gainditzen du(t)en talde(et)an.

Behar adinako ordezkariek ez badute bere burua eskaintzen, talde bakoitzean txanda-sistema bat ezarriko da Kontseiluko Osoko Bilkurako kideen artean. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen ordezkarien kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen egitura indarduna ezartzen duen foru dekretuan zehazten den ordenari jarraituko zaio. Gainerako instituzio eta erakundeetarako, alfabeto-ordenari jarraituko zaio.

Legegintzaldia aldatzeak ez du ekarriko izendapenen ordena berriz hastea; aitzitik, ordenari eutsiko zaio harik eta departamentu edo erakunde guztiak Batzorde Iraunkorreko kide izan arte. Horretarako, Batzordeak beharrezkoak diren moldaketak eginen ditu, egitura edo erakunde parte-hartzaileak aldatuz gero.

3. Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek ditu:

a) Kontseiluko Osoko Bilkuraren bilerak prestatzea.

b) Talde tematikoen gaineko ardura, barne dagoela haien eraketa, dinamizazioa eta kontrola.

c) Buruari proposatzea nor nabarmendu den estatistikaren arloan Kontseiluko Osoko Bilkuran parte hartzeko.

d) Estatistika Kontseiluko Osoko Bilkurak aholkularitza eta partaidetzarako eskuordetzen dizkion eginkizunak.

4. Batzorde Iraunkorrak hiru hilabetean behin eginen du bilkura arrunta, eta bilkura bereziak, berriz, buruak deitzen duen aldiro, bere ekimenez edo hiru kidek eskatuta. Erabakiak gehiengo soilaz hartuko ditu.

8. artikulua . Talde tematikoak.

1. Batzorde Iraunkorrak talde tematikoak era ditzake, jarduketa eremu hauetarako:

a) Ekonomia eta finantzak.

b) Populazioa eta demografia.

c) Gizarteari buruzko estatistikak.

d) Industria, merkataritza eta zerbitzuak.

e) Ingurumena, nekazaritza eta energia.

f) Zientzia, teknologia eta gizarte digitala.

2. Honako hauek parte har dezakete talde horietan: Estatistika Kontseiluko kideak, Nafarroako Gobernua, enpresa publikoak eta gizarte erakundeak, interesa badute talde tematikoaren gaiaren inguruan. Taldearen osaera Batzorde Iraunkorrak onetsiko du.

Nafarroako Gobernuaren ordezkariak departamentuetako estatistika unitateetako edo estatistika batzordeetako kideak izan beharko dira.

Talde tematiko bakoitzean, Nafarroako Estatistika Institutuari atxikitako pertsona bat egonen da, eta huraxe izanen da idazkaria. Era berean, talde tematiko bakoitzaren jarduketetan eta lan proposamenetan, genero-ikuspegia txertatuko da, bidezkoa den guztietan.

3. Talde tematikoen eginkizunak hauek izanen dira:

a) Koordinazio organoa izatea gizartearen eta Nafarroako Estatistika Kontseiluaren artean estatistikaren arloan.

b) Estatistika sustatu eta hedatzeko jarduketak proposatzea.

c) Proposamenak egitea estatistika planean eta programetan txertatzeko. Proposamen horiek arrazoituak egonen dira, eta txosten ekonomiko bat izanen dute, onetsi ahal izateko.

4. Talde tematikoek beren jardunari buruzko txosten bat prestatuko dute urtero Estatistika Kontseiluko Osoko Bilkurarako, haiek eta lantaldeek eginiko lanaren gaineko dokumentazioa erantsiz.

9. artikulua . Lantaldeak.

1. Talde tematiko bakoitzean, kideetako edozeinek proposatuta, lantaldeak era daitezke gai jakin batzuk aztertzeko. Lantalde bat eratzeko proposamenean, honako hau zehaztu behar da: lortu beharreko helburua, gauzatzeko egutegia (ezin da urtebetetik gorakoa izan) eta haren parte-hartzaileak. Iraupena urtebete luza daiteke, horretarako arrazoirik baldin badago.

2. Lantalde bat eratzeko proposamena talde tematikoak onetsi beharko du gehiengo soilaz, baita Batzorde Iraunkorrak ere.

Zeharkako gaien kasuan, talde tematiko bateko baino gehiagotako ordezkariek osa ditzakete lantaldeak. Batzorde Iraunkorrak onetsi beharko ditu.

3. Hauek dira lantaldeen eginkizunak:

a) Gai jakin batzuk aztertzea, prestakuntza handiagoa eta azterketa xeheagoa eskatzen dutenean haien konplexutasuna, zailtasun teknikoak edo berariazko inguruabarrak direla eta.

b) Batzorde Iraunkorrak Nafarroako estatistika sistemaren garapen egokirako beharrezkotzat jotzen duen beste edozein lan.

4. Talde tematikoari eman behar zaio lantaldeetan eginiko lanen emaitzen berri, jarduketen eta ondorioen zerrenda barne.

10. artikulua . Aholkularitza.

Kontseiluak, Batzorde Iraunkorrak, talde tematikoek eta lantaldeek adituak gonbidatzen ahalko dituzte saioetara, beharrezkotzat jotzen badute, eginkizunak hobeki bete ditzaten.

III. KAPITULUA. KONTSEILUKO KIDEAK ETA HAIEN EGINKIZUNAK

11. artikulua . Kontseiluburua.

Kontseiluburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Estatistika Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Bilkura arrunt eta berezietarako deia egitea erabakitzea eta osoko bilkurako gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan izanen ditu, kasua bada, gainerako kideek gutxienez 10 egun lehenago aurkeztutako eskaerak.

c) Osoko bilkuretan buru aritzea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, bilkurak bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Kontseiluko Osoko Bilkurak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Kontseiluaren eskumeneko gaiak behar bezala bideratzeko egokiak diren barne-araubideko jarraibideak ematea.

g) Kontseiluaren jakinaren gainean jarritako prozedurak hobeki bideratzeko beharrezkotzat jotzen dituen txostenak eta agiriak biltzea.

h) Kontseiluburu gisa dagozkion gainerako eginkizun guztiak betetzea.

12. artikulua . Kontseiluburuordea.

Kontseiluburuordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburua ordezkatzea, kargua hutsik dagoenean, hura eri edo kanpoan dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.

b) Kontseiluburuari dagozkion eginkizunetan laguntzea.

c) Kontseiluburuak berariaz esleitzen dizkion eginkizunak betetzea.

d) Kontseiluko idazkaria izendatzea.

e) Batzorde Iraunkorreko buru izatea, eta kide anitzeko organo horretako buruak berezko dituen eginkizunak betetzea.

13. artikulua . Idazkaria.

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuaren aginduz Osoko Bilkuraren bileretarako deia egitea eta kideentzako zitazioak egitea.

b) Osoko Bilkuran parte hartzen dutenen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo haren ezagutza behar duten bestelako idazki guztiak.

c) Gaiak ebazteko bidea prestatzea eta Osoko Bilkuraren bileretako aktak idatzi eta baimentzea.

d) Osoko Bilkuran onesten diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea.

e) Osoko Bilkuraren administrazio jarduerak zuzentzea.

f) Osoko Bilkurak jasotzen dituen agirien sarrera erregistratzea, baita egiten dituenen irteera ere.

g) Osoko Bilkuraren erabakiak betearaztea.

h) Osoko Bilkurako buruari bileretan laguntzea.

i) Batzorde Iraunkorreko idazkari izatea, Osoko Bilkurako idazkari gisa dituen eginkizun berekin.

14. artikulua . Kontseiluko kideak.

1. Kontseiluko kideei honako hauek dagozkie:

a) Bilkuretako deialdia eta eguneko gai-zerrenda gutxienez ere bost egun lehenago jasotzea. Gai-zerrendako gaiei buruzko informazioa epe berean izanen dute eskura.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Boto eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, bai eta botoaren zentzua eta haren arrazoiak azaltzea ere. Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langile edo agintari gisa aritzen diren kontseilukideak ezin izanen dira bozketetan abstenitu.

d) Galde-eskeak egitea.

e) Esleituak dituzten eginkizunak betetzeko behar den informazioa lortzea.

f) Karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak gauzatzea.

2. Kontseiluko kideek ezin izanen dituzte beretako hartu Kontseiluari aitortutako ordezkaritza-eginkizunak, non ez zaizkien berariaz esleitzen arau baten bidez edo organoak berak kasu zehatz bakoitzerako modu baliozkoan hartutako erabaki baten ondorioz.

3. Kontseiluko kideek izendapen pertsonal baten bidez dira kide; hortaz, ezin dute ordezkapena edo botoa beste baten esku utzi.

15. artikulua . Ordezkoak.

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, kanpoan edo eri daudenean, eta, oro har, arrazoi justifikaturen bat dagoenean, idazkaria nahiz kontseilukideak ordezkatzen ahalko dituzte, saio jakin baterako, berariaz ordezko izendatutakoek, Kontseiluko idazkariari jakinarazi ondoren.

IV. KAPITULUA. KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUA

16. artikulua . Bilkurak.

Kontseiluko Osoko Bilkurak urtean behin gutxienez eginen du bilkura arrunta, eta bilkura berezia, berriz, buruak horretarako deialdia egiten duenean edo batzordekideen heren batek horretarako eskaera egiten duenean.

17. artikulua . Deialdiak.

Kontseiluaren osoko bilkuretarako deialdiak idatziz eginen dira bost egun lehenago gutxienez, eta gai-zerrenda erantsiko zaie. Batzorde Iraunkorraren, talde tematikoen eta lantaldeen deialdiak berrogeita zortzi ordu lehenago eginen dira.

18. artikulua . Eraketa.

Kontseiluko Osoko Bilkura lehen deialdian eratutzat joko da kontseiluburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak gutxienez biltzen direnean.

Bigarren deialdia lehenengotik ordu erdira eginen da besterik gabe, eta horretan erabakiak hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da gutxienez kontseiluburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta Kontseiluko kideen heren bat egotea.

Hala ere, Kontseiluko Osoko Bilkura balio osoz eratutzat joko da, bilera berezian eta deialdirik gabe, kide guztiak elkartu badira eta aho batez erabakitzen badute eztabaidatu eta akordioak hartzea.

19. artikulua . Gaizerrenda.

Kontseilukideek erabakien proposamenak aurkezten ahalko dituzte idatziz, eta horiek Osoko Bilkurak egiten duen lehenengo bileraren gai-zerrendan sartuko dira, betiere buruak bilera egin baino hamar egun lehenago jaso baditu.

Dena dela, kontseiluburuak ez badu egokitzat jotzen proposamena gai-zerrendan sartzea, gaiaren berri emanen dio Kontseiluari, arrazoiak emanez, eta Kontseiluak, aurretiaz, proposamena gai-zerrendan sartzeari buruz erabakiko du. Orobat, edozein kidek eskatuta, ebatziko du bidezkoa den gai-zerrendatik kentzea hartan sartutako gairen bat.

20. artikulua . Erabakiak.

Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira, eta buruak kalitatezko botoz deseginen ditu berdinketak.

21. artikulua . Aktak.

1. Kontseiluko Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bilera bakoitzean, idazkariak akta eginen du, non nahitaez zehaztuko baitira agertu direnen izenak, bilerako gai-zerrenda, tokia eta egun-orduak, eztabaidaturiko gaien alderdi nagusiak eta harturiko erabakien edukia.

2. Aktan adieraziko dira, kideek eskatuta, hartutako erabakiaren kontrako botoa, abstentzioa eta horren zergatiak, edo aldeko botoaren esanahia.

Edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta 48 orduko epean aurkezten badu bere mintzaldia zuzen islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.

Gehiengoaren erabakiarekin ados ez dauden kideek boto partikularra ematen ahal dute idatziz, 48 orduko epean, eta onetsitako testuari erantsiko zaio.

3. Kideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakien ondorioz etor litekeen erantzukizunik izanen.

4. Aktak hurrengo bileran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabaki zehatzen gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Akta onetsi aitzin egindako ziurtagirietan, espresuki adieraziko da inguruabar hori.

Iragarkiaren kodea: F2118355

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web