(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

100/2021 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 24KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO KIROLAREN GORESMEN SARIAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 279 - 14/12/2021



Hitzaurrea

Abenduaren 21eko 363/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak eratu ziren, eta horiek emateko oinarrizko araubidea arautu zen. Sari horiek orain arte urtero eman izan dira, eta honako hauek dira: Kirol Merezimenduaren Dominak (urrezkoa eta zilarrezkoa), Nafarroako Kirolaren Ohorezko Aipamenak eta Nafarroako Kirolaren Sariak.

Ondoren, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren apirilaren 5eko 42/2001 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak nola eman arautu zuenak, sari horien zenbait alderdi zehaztu zituen.

Azken edizioetako eskarmentuak eta Nafarroako Foru Komunitatean kirol sarearen etengabeko bilakaerak beharrezko egiten dute kirol sariak eta horien helburuak birplanteatzea, horiek emateko prozedura malgutuz eta arinduz, eta kirol-jarduera fisikoen garapenean (alderdi ezberdinetan) beren denbora eta esfortzua ematen duten pertsona eta entitateen aitortza sozialaren espiritua errespetatuz. Hori guztia, kirol-jarduera sustatzeko xedez.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko azaroaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1.

Hauek dira Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak:

a) Nafarroako Kirol Merezimenduaren Domina: Aparteko saria da, eta urtero ematen ahalko da aitortzeko Foru Komunitatean kirol-jarduera fisikoak sustatzearen alde goi mailako zerbitzuak, oro har, eman dituzten pertsona fisiko edo juridikoen ibilbidea.

Nafarroako Kirol Merezimenduaren Domina urrezko edo zilarrezko kategoriatan ematen ahalko da. Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina da kirol-jarduera fisikoen eskumenen esparruan Foru Komunitateak ematen ahal duen goresmenik handiena.

b) Nafarroako Kirolaren Ohorezko Aipamena: Aparteko sari bat da, eta urtero ematen ahalko da aitortzeko Foru Komunitatean pertsona fisiko edo juridikoen jarduketa nabarmenak, oro har, kirol-jarduera fisikoak sustatu edo praktikatzearen alde. Halaber, jarduera horiek sustatzen jardun duten erakunde juridikoen urteurrenak aitortzeko helburua izanen du.

c) Nafarroako Kirol Saria: Urtero ematen den saria da, eta haren helburua da aitortzea Nafarroako pertsona fisiko edo juridikoek urtean zehar izandako kirol lorpenak eta jarduera nabarmenak, errendimenduaren eta kirol-jarduera fisikoaren sustapenaren esparruan.

2.

Nafarroako Gobernuak, foru dekretuaren bidez, emanen ditu Kirol Merezimenduaren Dominak, kirol arloan eskuduna den departamentuko titularrak proposaturik, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da horren berri.

Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina zuzenean Nafarroako Gobernuak emanen du, kirolaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak proposaturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioko titularraren aldez aurreko ekimenez. Pertsona horrek aholku batzorde bat sortzen ahalko du, hautagai izaten ahal diren pertsona edo erakundeen merezimenduak baloratzeko. Batzorde hori sortuz gero, proposamen loteslea eginen du eta kirolaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari helaraziko dio, eta hark Nafarroako Gobernuari eginen dio azken proposamena.

Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina emateko prozedura Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren titularraren ebazpen baten bidez abiaraziko da. Ebazpen horrek hautagaitzak aurkezteko epea ezarriko du. Era berean, aholku batzorde bat izendatzen ahalko du, pertsona edo entitate hautagaien merezimenduak baloratzeko. Batzordeak alegatutako merezimenduak baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen informazio, argibide edo agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Batzorde hori sortuz gero, proposamen loteslea eginen du eta kirolaren arloan eskuduna den departamentuko titularrari helaraziko dio, eta hark Nafarroako Gobernuari eginen dio azken proposamena.

Nafarroan kirol-jarduera fisikoen garapenarekin inplikaturiko eta loturiko entitateek proposatzen ahalko dituzte Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Dominarako pertsona eta entitate hautagaiak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak ezartzen dituen modu eta baldintzen arabera. Nolanahi ere, honako hauek aurkezten ahalko dituzte proposamenak: Nafarroako kirol federazioek, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturiko kirol entitateek, Nafarroako toki entitateek, Foru Komunitateko unibertsitateek eta hedabideek, bai eta kirol administrazioak berak ere.

a) Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina emateko, honako irizpide hauek hartzen ahalko dira kontuan:

- Kirol ibilbidean kirol emaitza nabarmenak lortzea.

- Proiekzio publiko garrantzitsua Nafarroan edo Estatu mailan.

- Bereziki nabarmentzeko lana kirol entrenatzaile, zuz+endari edo laguntzaile ibilbidean.

- Lan sozial nabarmena kirol-jarduera fisikoen esparruan.

b) Kirol Merezimenduaren Zilarrezko Domina emateko, honako irizpide hauek hartzen ahalko dira kontuan:

- Honako hauetan ibilbide luzeak egin eta bereziki nabarmendu izana: kirol modalitate batean edo batzuetan; edo, maila pertsonalean zein instituzionalean, kirol-jarduera fisikoaren eta kirol-jardueraren zuzendaritzan, antolakuntzan, sustapenean, ikerketan eta garapenean, bai eta ardura bereziko postuetan, hautazkoetan, edozein administrazio publikoren zerbitzuko eginbeharrak dedikazio eta eredugarritasun nabarmenaz betez, izan kirolaren eta kirol-jarduera fisikoen arloan, izan kirol mailako elkarte egituren zerbitzuan.

- Kirolaren eta kirol-jarduera fisikoen arloan aparteko zerbitzua eta ukaezinezko merezimendua duen lana egin izana 25 urte baino gehiagoan, borondatez eta ordainsaririk jaso gabe.

- Ekimen eta ekintza eredugarriak dituzten ibilbide nabarmenak, aitortza publikoa merezi dutenak, bai kirol baloreetan izan duten garrantzi eta oihartzunagatik, bai eta kirolaren bidez Nafarroaren irudia nazioarteko proiektatzeagatik ere.

3.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak emanen ditu Kirolaren Ohorezko Dominak, haren titularraren ebazpen baten bidez.

Kirolaren Ohorezko Aipamena emateko, honako irizpide hauek hartzen ahalko dira kontuan:

- Kirol-jarduera fisikoen eta kirolaren esparruan garrantzi handiko ekintza puntualak egin izana, ikerkuntza, kudeaketa, sustapen, zuzendaritza eta antolakuntzaren arloetan.

- Kirol arloan kirol lorpen oso nabarmenak lortu izana, Nafarroako jendartearentzat eredugarriak direnak.

- Kirol entitateen kasuan, sorreratik 50, 75 edo 100 urte bete izana.

Prozedura Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren titularraren ebazpen baten bidez abiaraziko da. Ebazpen horrek hautagaitzak aurkezteko epea ezarriko du. Era berean, aholku batzorde bat izendatzen ahalko du, pertsona edo entitate hautagaien merezimenduak baloratzeko. Batzordeak alegatutako merezimenduak baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen informazio, argibide edo agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Batzorde hori sortuz gero, hark eginen du emateko proposamena, eta loteslea izanen da.

Nafarroan kirol-jarduera fisikoen garapenarekin inplikaturiko eta loturiko entitateek proposatzen ahalko dituzte Kirolaren Ohorezko Aipamenetarako pertsona eta entitate hautagaiak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak ezartzen dituen modu eta baldintzen arabera. Nolanahi ere, honako hauek aurkezten ahalko dituzte proposamenak: Nafarroako kirol federazioek, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribaturiko kirol entitateek, Nafarroako toki entitateek, Foru Komunitateko unibertsitateek eta hedabideek, bai eta kirol administrazioak berak ere.

4.

Urtero eginen da Kirol Sarietarako deialdia, eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak emanen ditu, haren titularraren ebazpen baten bidez. Deialdiak ezarriko du zeintzuk izanen diren ematen ahalko diren kirol sarien kategoriak.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren titularrak abiaraziko du prozedura, ebazpen baten bidez, eta bertan zehaztuko da emateko prozedura. Era berean, aholku batzorde bat izendatzen ahalko du, pertsona edo entitate hautagaien merezimenduak baloratzeko. Batzordeak proposamen loteslea eginen du. Batzorde horrek funtzionatzeko bere modua ezarriko du, bertan kirol administrazioaren kide ez diren entitateen ordezkari eta pertsonak badira.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak sariak eman gabe uzten ahal ditu -ofizioz, edo, halakorik balitz, aholku batzordeak proposaturik-, edozein kategoriatan.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe, kirol administrazioak sustatzen ahalko ditu prozedura parte-hartzaileak bide elektronikoz, herritarrek bozka ditzaten proposaturiko pertsona edo entitate hautagaiak.

5.

Indarrik gabe uzten dira abenduaren 21eko 363/1998 Foru Dekretua, Nafarroako kirol goresmenaren sariak eratu zituena, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren apirilaren 5eko 42/2001 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak nola eman arautu zuena.

6.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web