(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

3/2021 FORU LEGE-DEKRETUA, MARTXOAREN 31KOA, ZEINAREN BIDEZ EZARTZEN BAITA DENBORA-EGOZPENA, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAN, ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEENGATIK JASOTAKO PRESTAZIOEN ERREGULARIZAZIOARI DAGOKIONA, ETA ALDATZEN BAITA ONDARE-ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGAREN TESTU BATEGINA.

BON N.º 80 - 12/04/2021



ZIOEN ADIERAZPENA

Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak, batetik, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuak, COVID-19aren inpaktu sozial eta ekonomikoari aurre egiteko presako neurri bereziei buruzkoak, bestetik, hainbat eta hainbat langile enplegu-erregulazioko espedientearen egoeran deklaratzea ekarri dute, Estatuko Enplegu Publikoaren Zerbitzuaren (EEPZ-SEPE) kolapsoa eragiteraino. Eskaeren kopurua hain handia izan denez, akatsak gertatu dira prestazioen kudeaketan; horren ondorioz, langile ugarik zegozkienak baino prestazio handiagoak jaso dituzte 2020an, eta diru hori itzuli behar diote aipatutako zerbitzuari. Kasu batzuetan, itzulketa 2020an egin da, baina beste batzuetan 2021ean eginen da. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko foru araudian aurreikusirik dago honelako kasuetan, hau da, ordainketaren egileari aurreko zergaldietan jasotako lan-etekinak itzuli behar zaizkionean, zergadunak bi aukera dituela: itzulketak eragindako errenta negatiboaren aitorpena egitea itzulketa egiten den zergaldiko autolikidazioan, edo bidegabeko errenta jaso zen zergaldiko autolikidazioan egoztea. Foru arauak ezartzen duenez, halaber, aukera hori eginen da itzulketa egiten den zergaldiko aitorpenean. Horrek esan nahi du aldi baterako enplegu-erregulazioen prestazioak 2021ean itzultzen direnean, 2020ko zergaren autolikidazioa aurkeztu aurretik itzultzen direnean ere, zergadunak jasotako zenbateko osoa sartu beharko duela 2020ko errentaren autolikidazioan (eta horren arabera tributatu), eta 2022. urtera arte itxoin beharko duela, errenta negatiboa 2021eko autolikidazioan sartzeko edo, hala nahi badu, 2020ko autolikidazioaren zuzenketa eskatzeko. Aukera hori egiteko prozedura errazagoa izan dadin, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek ukitutako langile askok 2020ko zergaldian ez dezaten tributatu behar izan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar dizkioten edo dagoeneko itzuli dizkioten diru-sarrerengatik, foru lege-dekretu honen bidez ezartzen da itzuli beharreko diru kopuruen egozpena egiten ahalko dela 2021eko apirilaren 12an hasi eta itzulketa egiten den ekitaldiari dagokion aitorpena aurkezteko epea amaitu arteko epean. Horrela, aurreratu egiten da aukeraz baliatzeko unea, zerga administrazioari hala adierazten dioten langileek ABEEE-en itzulketak eragindako errenta negatiboak egozten ahal ditzaten 2020ko autolikidazioan, 2022an zuzenketa eskatzeko zain egon gabe. Foru lege-dekretuaren tresna erabiltzeko dagoen premia hain presakoa eta ohiz kanpokoa izateko arrazoia da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2020ko kanpaina hastear dela, 2021eko apirilaren 12an zehazki, eta, beraz, ez dagoela denborarik lege aldaketa hori foru lege baten tramitaziorako ohiko prozedura erabiliz egiteko.

Azaroaren 17ko 34/2020 Errege Lege-dekretuak presako neurriak ezartzen ditu, enpresen kaudimenari eta sektore energetikoari laguntzeko, eta zerga arloan, enpresek eta autonomoek finantzaketa eskuratzea sustatzeko eta likidezian egon daitezkeen tentsioak kaudimen arazo bihur ez daitezen; ildo horretan, arauan aurreikusten da martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege-dekretuaren babesean emandako abal publiko baten bidezko mailegua duten zordunek eskatzen ahalko dutela epemuga luzatzea, abal publikoaren epe bererako luzapenarekin.

Bestalde, COVID-19aren pandemiari erantzuteko, enpresen kaudimenari laguntzeko ohiz kanpoko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuan ezartzen da abal publikoarekin emandako maileguen epemuga luzatzeko aukera, azaroaren 17ko 34/2020 Errege Lege-dekretua aplikatuz egindakoaz haratago.

Neurri horren osagarri, foru lege-dekretu honek ezartzen du egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario agirien mailakako kuotatik salbuetsirik egonen direla abal publikoa jaso duten finantzaketa eragiketen epemugen luzapena formalizatzeko eskriturak, berme erreal inskribagarria dagoenean.

Foru lege-dekretuak bi artikulu eta bi azken xedapen ditu.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko martxoaren hogeita hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteengatik (ABEEE) jasotako bidegabeko prestazioak direlaeta erregularizatutako zenbatekoen denboraegozpena.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 78.5 artikuluko bigarren paragrafoan ezarritakoarekin bat, subjektu pasiboak Estatuko Enplegu Publikoaren Zerbitzuari (EEPZ-SEPE) itzuli behar badizkio aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetatik datozen lan etekinak, 2020an jasotakoak, itzulketa horiek egotziko zaizkio itzulketa egiten den zergaldiari, non ez den erabakitzen 2020ko zergaldiari egoztea. Bi kasuetan, aipatu itzulketek lan etekinak gutxituko dituzte.

Aurreko paragrafoan aipatzen den aukeraren berri eman beharko zaio Administrazioari 2021eko apirilaren 12tik hasi eta itzulketa egiten den ekitaldiari dagokion aitorpena aurkezteko epea bukatu arteko epean.

2. artikulua . Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren testu bateginaren aldaketa.

Paragrafo bat gehitzen zaio Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.I.B.26 artikuluari (apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), testu hau izanen duena:

“COVID-19aren pandemiari erantzuteko enpresen kaudimenari laguntzeko aparteko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege-dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren haritik, abal publikoa jaso duten finantzaketa eragiketen epemugaren luzapena formalizatzeko eskriturak, berme erreal inskribagarria dagoenean, salbuetsirik egonen dira egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario agirien mailakako kuotatik”.

Azken xedapenetako lehena. Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru Lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da, baliozkotzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis. 2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, bertan aurreikusten diren ondorioekin.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web