(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

19/2020 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 11KOA, KULTURA ETA KIROLEKO KONTSEILARIAK EMANA, KULTURA ETA KIROL DEPARTAMENTUAREN EGITURA ORGANIKOA EZARTZEN DUENA BULEGOEN MAILAN

BON N.º 115 - 28/05/2020



  I. KAPITULUA. XEDEA ETA EGITURA OROKORRA


  II. KAPITULUA. IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIA


  III. KAPITULUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEAKULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA

  1. ATALA. ONDARE HISTORIKOAREN ZERBITZUA

  2. ATALA. ARTXIBOEN ETA DOKUMENTU ONDAREAREN ZERBITZUA

  3. ATALA. MUSEOEN ZERBITZUA

  4. ATALA. LIBURUTEGI ZERBITZUA

  5. ATALA. KULTUR EKINTZA ZERBITZUA

  6. ATALA. BALIABIDEEN ETA GARAPEN ESTRATEGIKOAREN ATALA


Atariko

Urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, atalen maila arte.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Kultura eta Kirol Departamentuaren bulego mailako egitura egokitzearren, bidezkoa da beste erregulazio bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDEA ETA EGITURA OROKORRA

1. artikulua . Xedea.

Foru agindu honen xedea da Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura eta eginkizunak garatzea, bulegoen mailan.

2. artikulua . Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran:

- Administrazio Aferetarako Bulegoa.

- Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.

3. artikulua . Vianako Printzea ErakundeaKultura Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran:

a) Ondare Historikoaren Zerbitzuaren menpe:

Ondare Arkitektonikoa Zaintzeko Bulegoa.

b) Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren menpe:

- Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoa.

c) Museoen Zerbitzuaren menpe:

- Koordinazioaren eta Zerbitzuen Bulegoa.

- Ondare Etnologiko eta Immaterialaren Bulegoa.

d) Liburutegi Zerbitzuaren menpe:

- Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoa.

- Informazio Baliabideen Bulegoa.

- Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoa.

- Prestakuntza, Sustapen eta Hedapen Bulegoa.

- Zerbitzu Digitalen Bulegoa.

e) Kultur Ekintza Zerbitzuaren menpe:

- Berrikuntza Bulegoa.

f) Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalaren menpe:

- Argitalpen Bulegoa.

2. Hala Nafarroako Liburutegia, nola kultura arloan eskumena duen departamentuari atxikitako langileek lan egiten duten Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko liburutegiak, organikoki, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren menpeko zentroak dira.

II. KAPITULUA. IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIA

4. artikulua . Administrazio Aferetarako Bulegoa.

Administrazio Aferetarako Bulegoak, Kudeaketa Administratiboaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarrei argibideak eta arreta emateko zerbitzuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistroen gaineko araudiak erregistro orokorrei esleitzen dizkien eginkizunak.

c) Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taularen eguneratze eta mantentze-lanak.

d) Dokumentuak Nafarroako Aldizkari Ofizialera eta Estatuko Aldizkari Ofizialaren ediktu-taula bakarrera igortzea.

e) Hitzarmenen Erregistroko inskripzioaren tramitazioa.

f) Departamentuko espediente administratiboen tramitazioa koordinatu eta haien jarraipena egitea.

g) Espedienteak artxibatu eta zaintzea.

h) Dokumentuen digitalizazioa eta haien tratamendua.

i) Behar den guztia prestatzea departamentuaren zerbitzu administratibo eta orokorrek funtzionamendu egokia izan dezaten.

j) Langileak lanera joaten diren edo ez kontrolatu eta kudeatzea.

k) Laguntza administratiboa eta langileen mailako laguntza ematea hala eskatzen duten departamentuko unitate organikoei.

l) Lanpostuak eta informatikako ekipoak egokitzeko eskaerak, baita telekomunikazio zerbitzuen eta Interneten gainekoak ere.

m) Administrazio prozedurak hobetzeko behar diren berrikuntzak proposatzea, baita zirkuitu administratiboak arrazionalizatzeko neurriak ere.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

5. artikulua . Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.

Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoak, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuari lotutako gastu konpromisoak tramitatzea eta haien jarraipena egitea.

b) Fakturen Erregistroa administratzea departamentuan, eta, hortaz, departamentuari lotutako Fakturen Erregistroaren mantentze-lanez eta koordinazioaz arduratzea.

c) Extr@ bidetik kontabilizatutako espedienteen jarraipena egitea, baita Fakturen Erregistroarena ere, departamentuko gainerako zerbitzuen laguntzarekin.

d) Kontu-hartzailetza delegatuarekin eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak gastua kontrolatzeko dituen organoekin koordinatzea.

e) Azterlan edo txosten ekonomikoak egitea.

f) Departamentuko titularrak, zuzendaritza nagusiek edo zerbitzuek proposatzen dituzten aurrekontu-aldaketak tramitatzea.

g) Departamentuko kontabilitate-espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

h) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

III. KAPITULUA. VIANAKO PRINTZEA ERAKUNDEA-KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA

1. ATALA. ONDARE HISTORIKOAREN ZERBITZUA

6. artikulua . Ondare Arkitektonikoa Zaintzeko Bulegoa.

Ondare Arkitektonikoa Zaintzeko Bulegoak, Ondare Arkitektonikoaren Atalari atxikita, honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ondare arkitektonikoaren obra proiektuak prestatzea eta zuzendari lana egitea.

b) Ondare arkitektonikoaren eraikinetako proiektuak eta obrak gainbegiratzea eta kontrolatzea.

c) Nafarroako Gobernuaren monumentuen kontrola eta mantentze-lana.

d) Ondare arkitektonikoaren gaineko informazio, komunikazio, hedapen eta kudeaketa lanak koordinatzea, programa berekien bidez edo eskumena duten gainerako organoekin lankidetzan.

e) Ondare arkitektonikoari buruzko gaietan aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea, koordinazio administratiborako organoetan parte hartzearen ondorioz behar denean.

f) Ondare Arkitektonikoa Zaintzeko Bulegoaren urteko memoria idaztea.

g) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

2. ATALA. ARTXIBOEN ETA DOKUMENTU ONDAREAREN ZERBITZUA

7. artikulua . Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoa.

Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoak, Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko programa administratzea.

b) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko programaren garapena zehaztu eta koordinatzea.

c) Departamentuko artxibo unitateetan kudeaketa programaren garapena sustatu eta gainbegiratzea.

d) Administrazio unitateei laguntza teknikoa ematea dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko programa ezartzeko orduan.

e) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko programari buruzko prestakuntza ematea.

f) Artxibo digitalarekin integratzeko eboluzio beharrak definitzea.

g) Nafarroako Atarian (artxiboak) informazioa sartzeko lanak koordinatzea eta eguneratzea.

h) Langileen Atariko ezagutza kudeatzailean (intranet) Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalaren informazioa eguneraturik mantentzea.

i) Nafarroako Artxibo Garaikidearen Atalean egiten diren jardueren gaineko estatistikak koordinatzea.

j) Dokumentuen digitalizazioa eta sisteman nola sartzen diren planifikatzea eta kontrolatzea.

k) Biltegiko gordailuak kudeatzea eta dokumentazio fisikoaren instalazioa gainbegiratzea.

l) Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoaren urteko memoria idaztea.

m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

3. ATALA. MUSEOEN ZERBITZUA

8. artikulua . Koordinazioaren eta Zerbitzuen Bulegoa.

Koordinazioaren eta Zerbitzuen Bulegoak, Nafarroako Museoaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gelako zaindarien funtzionamendua eta txandak antolatu eta kontrolatzea.

b) Segurtasunaren eta Segurtasun Sistemen Zainketa Zerbitzua koordinatzea.

c) Bisitarien sarrera eta dendako salmentak kontrolatzea.

d) Ekitaldi eta ospakizunen azpiegitura prestatzea.

e) Nafarroako Museoaren mantentze-lanak koordinatzea.

f) Koordinazioaren eta Zerbitzuen Bulegoaren urteko memoria idaztea.

g) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

9. artikulua . Ondare Etnologiko eta Immaterialaren Bulegoa.

Ondare Etnologiko eta Immaterialaren Bulegoa Museoen Zerbitzuari atxikirik dago, eta eginkizun hauek ditu:

a) Ondare etnologikoa eta kultur ondare immateriala dokumentatu, babestu eta zabaltzera bideratutako estrategia eta ekintza berekiak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea.

b) Erkidego edukitzaileei eta toki entitateei laguntza ematea kultur ondare immateriala babestu eta zabaltzeko.

c) Ondare etnologiko eta immaterialaren arloan lan egiten duten entitateei laguntza ematea.

d) Museo eta bilduma museografiko iraunkorrekin lankidetzan aritzea, beren bildumei eta lurraldeari lotutako kultura ondare immateriala identifikatzeko eta zabaltzeko.

e) Ondare etnologiko eta immaterialari lotutako entitateek egiten dituzten ekintzei, jarduerei eta programei zabalkundea ematen eta ezagutzera ematen laguntzea, herritarrentzat ikusgarriagoak izan daitezen.

f) Nafarroako ondare etnologiko eta immateriala ezagutu eta hedatzeko ezartzen diren hitzarmen eta deialdiak kudeatzeko.

g) Nafarroako Kultur Ondare Immaterialaren Inbentarioa prestatu eta eguneratzea.

h) “Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoa kudeatu eta koordinatzea.

i) Ondare etnologiko eta kultur ondare immaterialaren arloan egiten diren kultur intereseko ondasun eta ondasun inbentariatu deklaratzeko espedienteetan txostena prestatzea.

j) Ondare Etnologiko eta Immaterialaren Bulegoaren urteko jardueren memoria idaztea.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

4. ATALA. LIBURUTEGI ZERBITZUA

10. artikulua . Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoa.

Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoak, Nafarroako Liburutegiaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak diseinatu, programatu, kudeatu eta ebaluatzea.

b) Liburutegiaren zerbitzuak sustatu eta hedatzeko tresnak sortu eta jarduerak antolatzea herritar guztientzat.

c) Liburutegiak ematen dituen zerbitzuak arautzen dituzten jarraibide edo arau guztien berri ematea erabiltzaileei, argiro eta modu ikusgarri batean.

d) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren erabiltzaileei arreta eta argibideak emateko programak eta zerbitzuak kudeatzea.

e) Nafarroako Liburutegi Sistemako liburutegietako mailegu, truke eta lankidetza zerbitzuak kudeatu eta ebaluatzea.

f) Erabiltzaileen iradokizunak, kontsultak eta erreklamazioak antolatu, bideratu eta ebaluatzea.

g) Informazioaren teknologien bidez zerbitzuak erabiltzeko eta funtsak kontsultatzeko zerbitzua kudeatzea.

h) Nafarroako Liburutegiaren informazio baliabideak mailegatu eta kontsultatzeko baldintzak egiaztatzea eta Nafarroako Liburutegiaren instalazioak eta ekipamenduak behar bezala mantentzea, erabiltzaileei arreta egokia emateko.

i) Nafarroako Liburutegiaren giza baliabideak koordinatzea eta haien egoera eta beharrak ebaluatzea.

j) Jendearentzako Zerbitzuen Bulegoaren urteko memoria idaztea.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

11. artikulua . Informazio Baliabideen Bulegoa.

Informazio Baliabideen Bulegoak, Nafarroako Liburutegiaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Informazio baliabideak hautatu, ebaluatu, eskuratu eta prozesatzea, zeinahi euskarri, formatu eta hizkuntzatakoak -batez ere euskarazkoak-, Nafarroako Liburutegiarentzat eta, egokia irudituz gero, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemarentzat.

b) Zeinahi euskarri, formatu eta hizkuntzatako -batez ere euskarazko- informazio baliabideen eskaintza hautatu, ebaluatu eta haren gainean informatzea Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemari, erosteari begira.

c) Informazio baliabide mota guztien prozesu teknikoarentzako araudia ezartzea, zeinahi delarik euskarria edo formatua, eta araudia aplikatzeko irizpide eta jarraibideak ematea.

d) Katalogazioaren eskuliburua, hango arauak eta taulak berrikusi, mantendu eta eguneratzea, nazioko eta nazioarteko estandarretara egokituz.

e) Nafarroako Liburutegi Publikoaren Sistemako bildumak osatu, mantendu eta ugaltzeko irizpideak ezartzea eta horretarako jarraibideak ematea, eskaintza ingurunearen ezaugarrietara errazago egokitu dadin.

f) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako informazio baliabideak garbitu eta eguneratzeko irizpide eta jarraibideak prestatu eta aplikatzea.

g) Nafarroako Liburutegi Sisteman sartutako liburutegi espezializatuekin lankidetzan aritzea eta katalogo kolektiboan txertatzeko prozesuak eta prozesu teknikoak koordinatzea.

h) Nafarroako Liburutegien Sarearen Katalogoa kudeatu, berrikusi eta ebaluatzea, sarea osatzen duten liburutegi publikoen eta liburutegi espezializatuen informazio baliabideak hedatzeko tresna den aldetik.

i) Informazio Baliabideen Bulegoaren urteko memoria idaztea.

j) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

12. artikulua . Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoa.

Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoa, Liburutegien Sarearen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren zentro, baliabide eta zerbitzuen liburutegi mapa prestatu eta eguneraturik edukitzea.

b) Tresna eta baliabideak prestatu, eta haien informazioa eguneratutarik edukitzea, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren egoera eta beharrak ezagutu eta ebaluatzeko, giza baliabideen arloan.

c) Liburutegiko jarduera egiteko behar diren materialen zuzkiduraren beharrak kudeatzea.

d) Aldian-aldian Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren zentro guztiak bisitatzea haien egoera, beharrak eta gabeziak ezagutu eta aztertzeko, iritziak, eskaerak eta iradokizunak Liburutegi Zerbitzuari bidaltzeko zubi-eginkizuna betez.

e) Foru Komunitate barruan nahiz kanpoan liburutegiko jarduerari dagozkion intereseko gaien berri ematea liburutegi guztiei.

f) Liburutegi publikoak indartu eta laguntzea udalekin, administrazioaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloko kudeatzaileekin eta gizarte taldeekin eta herritarrekin duten harremanetan, elkarlan eta ulermen ezin hobea bilatuz liburutegiko jarduera garatzeko.

g) Liburutegien arteko kooperazio eta lankidetza jarduerak proposatu, sustatu eta koordinatzea haien sustapen eta zabalkunderako programak diseinatzeko.

h) Liburutegietako langile guztien arteko informazioa eta komunikazioa errazteko tresnak eta produktuak diseinatu, egin eta mantentzea, horiei esker koordinaziorako, lankidetzarako eta parte-hartzeko bideak hobetzeko.

i) Liburutegietako jarduera guztien informazio estatistikoa modu mekanizatuan jaso eta antolatzea, liburutegietako zerbitzuak aztertu eta ebaluatzeko ezinbesteko tresna den aldetik.

j) Liburutegiak Koordinatzeko Bulegoaren urteko memoria idaztea.

k) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

13. artikulua . Prestakuntza, Sustapen eta Hedapen Bulegoa.

Prestakuntza, Sustapen eta Hedapen Bulegoak, Liburutegien Sarearen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Liburutegietako langileentzako prestakuntza ekintzak proposatu eta diseinatzea.

b) Esperientzia trukeak sustatzea eta faboratzea, topagune eta argitalpen profesionalen bitartez.

c) Irakurzaletasuna eta liburutegiak sustatzeko programa edo kanpainak, finkoak edo noizbehinkakoak (Liburuaren Eguna, Liburutegiaren Eguna...), garatzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

d) Liburutegi publikoek irakurzaletasuna bultzatzeko antolatzen dituzten jardueretarako laguntza eta aholku ematea eta haiek ebaluatzea.

e) Ikastetxeen bisiten programak sustatu, faboratu eta koordinatzea, ikastetxeekin batera lan eginez eta haur eta gazteentzako berariazko jarduerak programatuz.

f) Liburutegi publikoek egiten dituzten kultur jarduerak ezagutarazteko tresnak koordinatu eta garatzea.

g) Irakurzaletasuna eta liburutegiak sustatzeko baliabideen banku bat sortu eta mantentzea.

h) Herritarren etengabeko prestakuntzarako ekintzak proposatu eta garatzea.

i) Irakurle taldeen jarduera koordinatu eta sustatzea.

j) Liburutegi publikoen irudia sustatu eta bultzatzea, publizitate kanpainen bidez eta haien zerbitzu eta jarduerak ikustera emanez.

k) Liburutegiak udalerriko kultur eragile gisa duen eginkizuna indartzea, eta kultur sortzaileekiko eta kultur elkarte eta entitateekiko harremanak sustatzea.

l) Liburutegiak gizarte eragile gisa duen eginkizuna indartzea, eta behar bereziak dituzten eta/edo baztertzeko arriskuan dauden herritarrentzako jarduerak garatzea.

m) Prestakuntza, Sustapen eta Hedapen Bulegoaren urteko memoria idaztea.

n) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

14. artikulua . Zerbitzu Digitalen Bulegoa.

Zerbitzu Digitalen Bulegoak, Liburutegien Sarearen Atalari atxikia denak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako zerbitzu informatikoak eta digitalak hautatu, kudeatu eta ebaluatzea.

b) Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako programa informatikoak administratu, koordinatu eta ebaluatzea.

c) Funts bibliografikoak eta liburutegietako zerbitzuak automatizatzeko prozesuak normalizatu eta kontrolatzea.

d) Informazioaren teknologiak nola aplikatzen diren liburutegietako prozesu eta zerbitzuei programatu, garatu eta ebaluatzea.

e) Liburutegien informaziorako, komunikaziorako eta parte hartzeko tresnak diseinatu, egin eta mantentzea.

f) Liburutegietako informazio atariak eta eduki digitalak antolatzea, mantentzea eta eguneratzea.

g) Edukiak eskuratzeko hainbat plataformatan dauden liburutegietako bilduma digitalak antolatzea, sustatzea eta zabaltzea.

h) Prestakuntza ekintzak proposatu eta diseinatzea hala herritarrentzat nola liburutegietako langileentzat, lanabes teknologikoak eta zerbitzu digitalak ezagutzeko eta erabiltzen trebatzeko.

i) Zerbitzu Digitalen Bulegoaren urteko memoria idaztea.

j) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

5. ATALA. KULTUR EKINTZA ZERBITZUA

15. artikulua . Berrikuntza Bulegoa.

Berrikuntza Bulegoa Kultur Ekintza Zerbitzuari atxikia dago zuzenean, eta eginkizun hauek ditu:

a) Jarduketa-eremua antolatzea Nafarroako kultur eta sormen industrien sektorean, enpresen, profesionalen eta proposamenen azterlanak eta erregistroak finkatuz eta eguneratuz.

b) Urteko sustapen planak garatzea, Nafarroako kultur sektorearen presentzia antolatuz eta ebaluatuz hainbat ekitalditan (feriak, preskriptoreentzako aurkezpenak...).

c) Programa berekietan marken eta irudi grafikoen aplikazioa koordinatzea.

d) Tokiko, eskualdez gaindiko, estatuko edo nazioarteko laguntzen informazioa koordinatzea.

e) Online ingururako edukien sorrera koordinatzea (webguneak, sare sozialak, datu-baseak), Kultura eta Kirol Departamentuko eta Nafarroako Gobernuko beste sail batzuetako unitateekin koordinatuta.

f) Offline euskarrien (argitalpenen eta promozio objektuen) sorrera eta kudeaketa koordinatzea.

g) Kultur Ekintza Zerbitzuko ikus-entzunezkoen artxiboa garatu eta kudeatzea.

h) Merkaturatzerako laguntza-tresnak garatzea.

i) Komunikazio kanpainak abiaraztea hainbat hedabide eta euskarritan.

j) Publikoak erakartzeari buruzko jarduketak gauzatzea programa berekietarako eta kultur eta sormen sektoreen jardueretarako, publiko berriak erakartzeko ekintzak barne.

k) Erakundeen arteko barne komunikazioan eta kultur eta sormen sektoreei bideratutako komunikazioan laguntzea.

l) Kultur eta sormen industrietarako laguntzen deialdien diseinuan eta haien ebaluazioan parte hartzea.

m) Arte sorkuntzarako mintegi eta lantegien sarearen proiektua eta kultur berrikuntzako bestelako proiektuak kudeatzea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten beste batzuk, edo agintzen zaizkionak.

6. ATALA. BALIABIDEEN ETA GARAPEN ESTRATEGIKOAREN ATALA

16. artikulua . Argitalpen Bulegoa.

Argitalpen Bulegoak, Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren argitalpenen urteko planaren proposamena prestatzea (argitalpen monografikoak, zientifikoak, dibulgatiboak, aldizkariak, inprimakiak, entzunezko materialak, ikus-entzunezkoak eta multimediakoak).

b) Plan horretan aurreikusitako argitalpenak egiteko prozesua kudeatzea, departamentuari dagozkion faseetan.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko argitalpenen egoera aztertzea (liburuak, aldizkariak, etab.) eta urteko memoria bat prestatzea.

d) Argitalpenetarako ekimenei laguntzeko deialdiak kudeatzea.

e) Aholku eta laguntza teknikoa ematea Nafarroako Kulturaren Kontseiluko Argitalpen Batzordeari.

f) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.

Xedapen gehigarri bakarra. Unitateak kentzea.

Ondare Bibliografiko eta Filmografikoaren eta Lege Gordailuaren Bulegoa kentzen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.

Indargabetzen dira:

a) 38/2015 Foru Agindua, azaroaren 23koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoa garatzen duena, bulegoen mailan, Idazkaritza Tekniko Nagusiko bulegoen erregulazioari eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren erregulazioari dagokionez.

b) Foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web