(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

303/2019 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 6KOA, EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK ONESTEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 227 - 18/11/2019



  I. TITULUA. IZAERA, ATXIKIPENA ETA ESKUMENAK


  II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

  I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK

  II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

  III. KAPITULUA. ZUZENDARI KUDEATZAILEA

  IV. KAPITULUA. ZERBITZUAK ETA ATALAK


  III. TITULUA. EUSKARAREN NAFAR KONTSEILUA


  IV. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUA ETA KONTROLA


  V. TITULUA. LANGILERIA


  VI. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA


Atariko

Espainiako Konstituzioak Atariko Tituluaren 3. artikuluan xedatzen du, Espainia aberatsa izanik mintzaira-moldez, bereziki errespetatu eta zainduko dela kultura-ondare hori. Era berean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 22. artikuluan aitortzen du Batasunak aniztasun kulturala, erlijiosoa eta linguistikoa errespetatzen dituela.

Ildo berean, Europako Kontseiluaren baitan eginiko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak, Espainiak 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon sinatu eta 2001eko otsailaren 2an berretsi zuenak, ezartzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen babesak Europako kultura tradizioak eta aberastasuna mantentzen eta garatzen laguntzen duela.

Espainiak gutun hori Berresteko Tresnan aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla zenbait autonomia erkidegotako, tartean Nafarroa, autonomia estatutuek ofizialtzat jotakoak eta horiei aplikatuko zaizkiela Gutunaren III. ataleko xedapenak, hain zuzen ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera bizitza publikoan sustatzeari buruzkoak. Era berean, Espainiak aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla autonomia estatutuek tradizioz mintzatzen diren lurraldeetan babestutakoak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak ezartzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere hizkuntza ofizialaren izaera izanen duela Nafarroako eremu euskaldunetan. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen bidez arautzen da euskararen erabilera arrunta eta ofiziala bizikidetza sozialaren eta irakaskuntzaren esparruetan. Foru lege horrek, 2. artikuluan adierazten du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla, eta ondorioz, herritar orok duela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakundea irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuaren bidez sortu zen erakunde autonomo gisa, euskara berreskuratzera, sustatzera eta garatzera bideraturiko langileak eta baliabide ekonomikoak modu positibo eta integratzaile batez kudeatzeko. Ordutik hona estatutuek erregulazio bat baino gehiago izan dituzte.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bitartez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura. Foru dekretu horrek Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari esleitu dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hizkuntza politikaren alorrean dituen eskumenak.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zuen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuaren bidez, departamentu horretara atxikirik gelditu zen Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa.

Erakunde autonomo hau abian egon den urteetan izandako esperientziak bi alderdi hauek kontuan hartu behar direla erakutsi du: batetik, euskararen garapenari tratamendu organiko desberdindua eman behar zaiola Euskararen Plan Estrategikoaren eskakizunak behar bezala betetzeko, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuaren departamentu-egitura berrian izan diren aldaketak estatutu arauetan bildu behar direla.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 48. eta 49. artikuluek xedatzen dute erakunde autonomoak sortuko direla eta haien estatutuak aldatuko direla Nafarroako Gobernuak emandako foru dekretu bidez, erakundea atxikia duen departamentuko titularrak proposaturik.

Horrenbestez, foru dekretu honen xedea da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren eskudantziak eta egitura organiko berria finkatu eta garatzea.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko azaroaren seian egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu Bakarra. Estatutuak onestea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira; estatutuen testua foru dekretu honen eranskina izanen da.

Lehen Xedapen Gehigarria. Kudeaketa esleipenak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak atxikita dagoen departamentuko edo beste bateko beste organo edo erakunde publiko batzuei agindu diezaieke, esleiturik dituen helburuak eta eginkizunak betetzeko, beharrezkoak diren izaera materialeko, teknikoko edo zerbitzuetako jarduerak egitea, gai hau arautzen den legeetan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Izendapenak berrestea.

Berretsi egiten dira foru dekretu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten zerbitzuetako zuzendaritzen eta ataletako burutzen izendapenak, haiek egin zireneko baldintza berberetan betiere.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetzen dira foru dekretu honetan ezartzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren estatutuak. Foru dekretu horren bidez onetsi ziren Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.

Azken Xedapenetako Lehena. Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Arauen garapena.

Ahalmena ematen zaio Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA, ATXIKIPENA ETA ESKUMENAK

1. artikulua . Izaera.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomo bat da, berezko izaera juridikoa du eta jarduteko ahalmen osoa du bere helburuak bete ahal izateko.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua zeharkakotasunez arituko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetan, indarra duen araudiari jarraikiz.

2. artikulua . Atxikipena eta babesa.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, bere helburuak betetzeko, hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuaren plangintza eta politika orokorrerako arauen mende egonen da -hari atxikita baitago- eta departamentu horrek Estatutuek, foru legeek eta antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten kontrolerako eta zaintzarako ahalmenak erabiliko ditu Euskarabidean.

3. artikulua . Eskumenak eta eginkizunak.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkio euskararen erabilera ofizialaren araudia garatzeko ikerketa- eta aholkularitza-eskumenak, eta euskararen baliabideak planifikatu, sustatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Eskumen horiek garatzeko eta haien esparru materialaren barnean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hizkuntza politikako eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduketak aztertu eta ebaluatzea, eta jarduketa horien gaineko txostenak egitea.

b) Nafarroako Gobernuaren xedapen orokorretako proiektuen nahitaezko txostenak egitea, indarrean den hizkuntzaren alorreko legeriari egokitzeari dagokionez.

c) Euskarari buruzko Foru Legearen eta berau garatzen duten arauen aplikazioari dagozkien araudi eta planen proposamenak egitea, bere ekimenez zein hala eskatzen zaionean.

d) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak betetzen direla bermatzeko jarduketa irizpideak proposatuz.

e) Nafarroako Gobernuko sozietate publikoei aholku eman eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

f) Nafarroako toki entitateei eta udal izaerako beste entitate publiko batzuei aholku eman eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

g) Nafarroan den Estatuko Administrazioari aholku ematea, bi administrazioek hala adosten badute, eta Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeko orduan lankidetzan aritzea.

h) Euskararen Nafar Kontseiluaren jarduera koordinatzea.

i) Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jarduketen gaineko txostenak aztertu eta prestatzea, bereziki, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez.

j) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek euskara ikasteko eta hobetzeko prestakuntza antolatu eta kudeatzea, eta euskararen ezagutza egiaztatzea.

k) Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea, prestakuntzara edo hautatze prozesuetara loturik, eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

l) Helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatu eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko.

m) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren ediziorako xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako egintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

n) Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialak bi norabideetan egitea, Euskarari buruzko Foru Legeak eta berau garatzen duten arauek xedaturikoarekin bat.

o) Administrazio Publikoei aholkua ematea euskara-gaztelania zein gaztelania-euskara itzulpen ofizialen arloan.

p) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekitaldi publikoetan, komunikazioetan eta irudi korporatiboan euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatzeko irizpideak prestatzea.

q) Terminologiaren arloan ekin eta euskararen hizkuntza baliabideekin eta terminologiarekin loturiko gaietan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

r) Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta haiek erabiltzeko irizpideen proposamena egitea.

s) Euskaltzaindiarekiko akordio proposamena prestatzea eta haien izenpetzea kudeatzea, baita akordio horien ondoriozko jarduketen jarraipena egitea ere.

t) Nafarroako euskalkiak kontserbatu, garatu eta hedatzeko jarduketa planak onestea.

u) Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatu, koordinatu eta egitea, ebaluazio-sistemak eta adierazleak ezartzea eta, hala behar denean, beste erakunde edo entitate batzuek garatutako proiektuetan lankidetzan aritzea.

v) Euskara sustatu eta erabiltzeko Plan Estrategikoaren proposamena egitea eta beroni jarraipena egiteko, ebaluatu eta eguneratzeko nahitaezkoak diren azterlan eta ikerketak egitea.

w) Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

x) Hizkuntza aniztasuna zaintzen duten foro, sare eta erakunde jakinetako parte-hartzea kudeatzea.

y) Hizkuntza politikaren alorrean eskumenak dituzten erakundeekiko harremanak koordinatzea.

z) Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskaldunen beste talde batzuekin harremanak sustatzea.

aa) Euskara bizitza sozialeko esparruetan agertu eta erabiltzeko informazio- eta sentsibilizazio-programak gauzatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

ab) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten zeharkako politikak sustatu eta garatzea.

ac) Herritarrei hizkuntza eskubideen berri ematea.

ad) Agerraldi kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena, ikus-entzunezko ekoizpena eta euskaraz egiten den edo euskarari buruzkoa den zeinahi beste jarduera sustatu eta antolatzea, eta xede horretarako herritarren elkarteekin lankidetzan aritzea.

ae) Euskarak Nafarroako hedabide sozial publiko eta pribatuetan izan behar duen presentzia progresiboa sustatu eta laguntza ekonomiko eta materialeko plan eta hitzarmenak prestatzea.

af) Euskararen presentzia eta erabilera informazioaren eta komunikazioaren teknologietan eta sare sozialetan sustatzeko proposamenak egin eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

ag) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamenak egin eta Nafarroan garatzeko programak martxan jartzea.

ah) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. ZUZENDARITZA ORGANOAK

4. artikulua . Zuzendaritza organoak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaritza organoak dira:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendari kudeatzailea.

II. KAPITULUA. GOBERNU KONTSEILUA

5. artikulua . Osaera.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren Gobernu Kontseiluko kideak honako hauek dira:

a) Kontseiluburua: hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularra.

b) Kontseiluburuordea: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.

c) Kontseilukideak: departamentu bakoitzaren ordezkari arituko den pertsona bat, kasuan kasuko departamentuko titularrak zuzendari nagusien edo, erakunde autonomoei dagokienez, zuzendari-kudeatzaileen artean izendatua.

d) Idazkaria: Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

2. Gobernu Kontseiluan kide moduan sartzen diren departamentuetako zuzendaritza karguetan hutsuneren bat gertatuz gero, departamentuko titularrak, behin-behinekoz, bokal moduan ordezkatuko dituzten pertsonak izendatuko ditu, behin betiko izendapenak egin arte.

6. artikulua . Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:

a) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena onestea.

b) Urteko kudeaketa plana eta prestatzen diren urteko txostenak onestea.

c) Plan Estrategikoak onestea, Kontseiluak erabakitzen duen aldizkakotasunarekin.

d) Erakunde autonomoaren zuzendaritza funtzioak kontrolatu eta gainbegiratzea.

e) Nafarroako Gobernuko departamentuetan aplikatuko den hizkuntza politikaren arau bidezko garapena koordinatzea.

7. artikulua . Kontseiluburuaren ahalmenak.

1. Kontseiluburuaren ahalmenak honako hauek dira:

a) Gobernu Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Bilkuretara deitu eta eguneko aztergaiak finkatzea eta, orobat, Kontseiluko bilkuren buru izan eta haiek zuzentzea.

c) Gobernu Kontseiluko erabakiak eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren funtzionamendua erregulatzen duten arauak betetzen direla zaintzea.

2. Postua hutsik dagoenean, kontseiluburua kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, haren ordez kontseiluburua arituko da.

8. artikulua . Idazkaria.

1. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak Kontseiluko bilkuretan parte hartuko du, hizpidearekin eta botoarekin, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuaren aginduz, Kontseiluko bileretara joateko deia egitea.

b) Kontseiluko lanak prestatzea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera, eta erabakien exekuzioa tramitatzea.

c) Kontseiluko bileren akta egitea, hartutako erabakien fede ematea, eskatzen zaizkion egiaztagiriak egitea eta Gobernu Kontseiluko liburu eta agiriak zaintzea.

d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

2. Kontseiluko bilkuretan, idazkariari hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuko edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

9. artikulua . Funtzionamendua.

1. Kontseiluak bilera arrunta eginen du, urtean behin gutxienez, eta ezohiko izaeraz, kontseiluburuak hartarako deia egiten duenean.

2. Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du beste pertsona batzuen aholkua, daukaten ezagutza, prestakuntza, izen ona edo beste zergatiko bat dela kausa haien esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

3. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publikoari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA. ZUZENDARI KUDEATZAILEA

10. artikulua . Izendapena, kargutik kentzea eta ordeztea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuko titularrak proposaturik.

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean, edo beste arrazoi batzuengatik beharrezkoa denean, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du edo, hori kanpoan bada, Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak edo, hori kanpoan bada, Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak.

11. artikulua . Eginkizunak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ordezkaririk gorena izatea.

b) Euskarabidearen eta bere organoen jarduna zuzentzea.

c) Erakunde autonomoaren funtzionamenduaren erantzukizun gorena bere gain hartzea.

d) Jarduketa ildoak proposatzea, eta urteko kudeaketa plana prestatu eta Kontseilura eramatea, onets dezan.

e) Bere eskumenen esparruan urteko txostenak igorri, eta, hala eskatzen zaionean, plan estrategikoa prestatu eta aurkeztea.

f) Kudeaketarako helburu orokorrak prestatzea.

g) Gobernu Kontseiluko erabakiak eta haren buruarenak bete eta betearaztea.

h) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena prestatu eta Kontseilura eramatea, onets dezan.

i) Erakunde autonomoak jarduteko behar dituen administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

j) Erakunde autonomoko giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, osoki kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eman ahal izateko.

k) Kontratazio administratiboaren gainean indarra duen araudiak erakunde autonomoetako ordezkariei kontratuak egiteko esleitzen dizkieten ahalmenak erabiltzea.

l) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko ahalmenak gauzatzea, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zuzendari nagusiei ahalmen horiek ematen zaizkien heinean.

m) Euskarabideko jarduketa programak eta urteko txostena prestatu eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.

n) Euskarabidearen funtzionamendurako beharrezkoak diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarreko araudiaren arabera.

o) Euskarabidean lan egiteko metodoak hobetzeaz arduratzea.

p) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkion ondarearen gaineko erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibilera eta lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileei dagozkien erreklamazioak izan ezik.

q) Hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuko titularrari proposatzea atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren gaian eskumena duen departamentuak aldeko txostena aldez aurretik eman ondoren.

r) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko langileen buru izatea.

s) Arlo honetako araudiak erakunde autonomoei langileriaren arloan ematen dizkien eskudantziak gauzatzea.

t) Erakunde autonomoko zerbitzuko zuzendariak eta atalburuak aldi baterako ordeztuko dituztenak ebazpen bidez izendatzea, haien postuak hutsik geratzen direnean, lanean ez daudenean, gaixo daudenean edo aldi baterako ezintasuna dutenean.

u) Hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuko titularrak agintzen ahal dizkion eginkizun guztiak gauzatzea.

12. artikulua . Eginkizunak eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzietako batzuk Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA. ZERBITZUAK ETA ATALAK

13. artikulua . EuskarabideaEuskararen Nafar Institutuko zerbitzuak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak zerbitzu hauek ditu egituran:

a) Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzua.

b) Hizkuntza Baliabideen Zerbitzua.

c) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzua.

14. artikulua . Zerbitzuko zuzendaritzak.

Zerbitzuetako zuzendariak Nafarroako Gobernuak libreki izendatuko eta kargutik kenduko ditu, hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde publikoetako funtzionarioen edo haiei atxikitakoen artean. Haien araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publikoari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean zerbitzuko zuzendariei ezarritako berbera izanen da.

15. artikulua . Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzua.

Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten zeharkako politikak sustatu eta garatzea.

b) Euskararen gainean indarrean dagoen araudia garatzeko neurriak proposatzea.

c) Euskarak administrazioan duen erabileraren gaineko txostenak prestatu, plantillaren gaineko diagnostikoa egin eta ele biko zirkuituak abian jartzea.

d) Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jarduketen gaineko txostenak aztertu eta prestatzea, bereziki, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez.

e) Euskararen presentzia egokia bermatzea ekitaldi publikoetan, komunikazioetan, protokolozko ekitaldietan eta, oro har, Administrazio Publikoen irudi korporatiboan.

f) Nafarroako Gobernuko departamentuei eta Nafarroako gainerako Administrazio Publikoei aholkua eman eta haiekin elkarlanean aritzea, Euskarari buruzko Foru Legearen eta hura garatzen duen araudiaren garapenean, eta jarduketa-irizpideak proposatu eta haiek betetzen diren jakiteko jarraipena egin eta ebaluatzea.

g) Tresnak ezar daitezen bultzatzea, batetik, administrazio publikoen zerbitzuan ari diren langileek euskara errazago erabil dezaten, eta, bestetik, herritarrak administrazio horietara euskaraz errazago zuzen daitezen.

h) Toki administrazioekin lankidetza hitzarmenak bultzatzea.

i) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek euskara ikasteko eta hobetzeko programak eta baliabideak sustatzea.

j) Administrazio Publikoetan euskararen prestakuntzarako eta haren erabilera sustatzeko planak prestatzea.

k) Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea, eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

l) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

16. artikulua . Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuaren atalak.

Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuak atal hauek ditu egituran:

a) Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atala.

b) Aholkularitza Atala.

17. artikulua . Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atala.

Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskara helduei irakasteko behar diren langileak, baliabide teknikoak, materialak eta ekonomikoak kudeatzea.

b) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek euskara ikasteko eta hobetzeko prestakuntza kudeatzea.

c) Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea, prestakuntzara edo hautatze prozesuetara loturik, eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

d) Gaur eguneko eskariari eta etorkizunekoari erantzuteko ikasketa mota hau ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea eta dirulaguntza deialdiak kudeatzea.

e) Helduei euskara irakasteko curriculum edukiak eta material didaktikoa prestatu, eguneratu eta ikertzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoaren baitan eta irakaskuntza hori ematen duten gizarte ekimeneko entitateekin koordinaturik.

f) Unibertsitateekin lankidetzan aritzea, soziolinguistikaren eta hizkuntzalaritzaren alorretan ikasleen eta tituludunen prestakuntzan.

g) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko entitateekin lankidetzan aritzea, helduen euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko.

h) Euskararen Liburutegi Espezializatua kudeatu eta euskarazko funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak eskuratzea, haiek bildu eta kontsultarako uzteko.

i) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

18. artikulua . Aholkularitza Atala.

Aholkularitza Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hizkuntza politikako eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduketak aztertu eta ebaluatzea, eta jarduketa horien gaineko txostenak egitea.

b) Euskarari buruzko Foru Legearen eta berau garatzen duten arauen aplikazioari dagozkien araudi eta planen proposamenak egitea, bere ekimenez zein hala eskatzen zaionean.

c) Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jarduketen gaineko txostenak aztertu eta prestatzea, bereziki, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen artean koordinazio-organo moduan aritzea, haiei aholkua ematea eta haiekin elkarlanean aritzea Nafarroako Gobernuak hizkuntza plangintzan ezarritako ildo estrategikoak gauzatzeko.

e) Departamentuen proposamenak aztertzen dituzten txostenak prestatzea. Txosten horietan ezarriko da zein diren ele biko puntuak eta nola baloratuko den euskara lanpostuetan sartu eta haiek hornitzeko merezimendu-faseetan.

f) Nafarroako Gobernuko sozietate publikoei aholku eman eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

g) Udalei eta udal izaerako beste entitate publiko batzuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duen araudia aplikatzeari dagokionez.

h) Nafarroan den Estatuko Administrazioari aholku ematea, bi administrazioek hala adosten badute, eta Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeko orduan lankidetzan aritzea.

i) Tresnak ezar daitezen bultzatzea, batetik, administrazio publikoen zerbitzuan ari diren langileek euskara errazago erabil dezaten, eta, bestetik, herritarrak administrazio horietara euskaraz errazago zuzen daitezen.

j) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten zeharkako politikak sustatu eta garatzea.

k) Euskararen eta haren erabileraren gainean indarrean dagoen araudia garatzeko arau-neurriak proposatzea.

l) Erakunde autonomoaren jardueraren plangintzan, kudeaketan eta ebaluazioan genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna aplikatzeko aholkularitza-eginkizunak gauzatzea, departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiarekin koordinatuz.

m) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

19. artikulua . Hizkuntza Baliabideen Zerbitzua.

1. Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako egintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

b) Administrazio Publikoei aholkua ematea euskara-gaztelania zein gaztelania-euskara itzulpen ofizialen arloan.

c) Terminologiaren arloan ekin eta euskararen hizkuntza baliabideekin eta terminologiarekin loturiko gaietan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

d) Proposamenak prestatzea, euskararen presentzia egokia bermatzeko ekitaldi publikoetan, komunikazioetan, ekitaldi instituzionaletan eta, oro har, Administrazio Publikoen irudi korporatiboan.

e) Euskaltzaindiarekiko akordio proposamena prestatzea eta haien izenpetzea kudeatzea, baita akordio horien ondoriozko jarduketen jarraipena egitea ere.

f) Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduketak egitea eta haiek erabiltzeko irizpideen proposamena egitea.

g) Nafar komunitate zientifikoak euskararen gaineko ikerketa programetan parte har dezan bultzatzea.

h) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

2. Hizkuntza Baliabideen Zerbitzua Itzulpen Atalaz baliatuko da bere eginkizunak betetzeko.

20. artikulua . Itzulpen Atala.

Itzulpen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialak bi norabideetan egitea, Euskarari buruzko Foru Legeak eta berau garatzen duten arauek xedaturikoarekin bat.

b) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko ediziorako xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako egintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

c) Administrazio Publikoei aholku ematea euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialei dagokienez, bi norabideetan.

d) Nafarroako Gobernuko departamentuei itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuak ematea euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara.

e) Entitate publikoekin eta pribatuekin lankidetzan aritzea itzulpenaren eta interpretazioaren esparruan.

f) Terminologiaren eremuan jardutea, eta esparru horretan ari diren entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

g) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

21. artikulua . Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzua.

1. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskara sustatzeko eta erabiltzeko plan estrategikoaren proposamena eta diagnostikoa egin eta beroni jarraipena egin, ebaluatu eta eguneratzeko nahitaezkoak diren azterlan eta ikerketak egitea.

b) Euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzeko eta erabiltzeko informazio- eta sentsibilizazio-programak gauzatu eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea, bereziki gazteenei zuzendutako programetan.

c) Herritarrei hizkuntza eskubideen berri ematea.

d) Nafarroako Gobernuaren xedapen orokorretako proiektuen nahitaezko txostenak egitea, indarrean den hizkuntzaren alorreko legeriari egokitzeari dagokionez.

e) Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatu, koordinatu, egin eta hedatzea, eta beste erakunde edo entitate batzuek garatutako proiektuetan lankidetzan aritzea.

f) Euskara sustatu eta erabiltzeko plan estrategikoaren proposamena egitea eta beroni jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta eguneratzeko nahitaezkoak diren azterlan eta ikerketak egitea.

g) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea hizkuntza politikaren alorrean eskumenak dituzten erakundeekiko hartu-emanean.

h) Euskararen Nafar Kontseiluaren jarduera koordinatzea eta idazkaritza lanak egitea.

i) Euskararen presentzia Nafarroako hedabide sozial publiko eta pribatuetan sustatzea.

j) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamenak egin eta garatzeko programak martxan jartzea.

k) Euskararen presentzia eta haren erabilera ingurune digitalean sustatzea.

l) Helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatu eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko.

m) Nafarroako euskalkiak kontserbatu, garatu eta hedatzeko jarduketa planak onestea.

n) Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

o) Hizkuntza aniztasuna zaintzen duten foro, sare eta erakunde jakinetako parte-hartzea kudeatzea.

p) Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskaldunen beste talde batzuekin harremanak sustatzea.

q) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

2. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzua Euskara Sustatzeko Atalaz baliatuko da bere eginkizunak betetzeko.

22. artikulua . Euskara Sustatzeko Atala.

Euskara Sustatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskara bizitza sozialeko esparruetan agertzeko eta erabiltzeko informazio- eta sentsibilizazio-programak gauzatu eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea, bereziki gazteenei zuzendutako programetan.

b) Herritarrei hizkuntza eskubideen berri ematea.

c) Agerraldi kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena, ikus-entzunezko ekoizpena eta euskaraz egiten den edo euskarari buruzkoa den zeinahi beste jarduera sustatzea eta antolatzea. Xede horretarako, hala nahi duten toki entitateekin eta herritarren elkarteekin lankidetza bultzatuko da.

d) Nafarroako komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen presentzia progresiboa sustatu eta Nafarroako komunikabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdi eta hitzarmenak kudeatu eta ebaluatzea eta laguntza ekonomiko eta materialeko planak egitea.

e) Nafarroan euskararen presentzia eta erabilera informazioaren eta komunikazioaren teknologietan eta sare sozialetan sustatzeko proposamenak egin, eta garatzeko programak martxan jartzea.

f) Esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko proposamenak egin eta garatzeko programak martxan jartzea.

g) Helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatu eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko.

h) Nafarroako euskalkiak kontserbatu, garatu eta hedatzeko jarduketa planak onestea.

i) Nafarroako Euskararen Mediateka kudeatzea.

j) Indarra duten xedapenek esleitutako edo agindutako gainerako eginkizunak.

23. artikulua . Bulegoak edo antzeko unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez eginen da, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

III. TITULUA. EUSKARAREN NAFAR KONTSEILUA

24. artikulua . Izaera eta atxikipena.

1. Euskararen Nafar Kontseilua Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartze organoa da eta, euskararen plangintzan eta sustapenean, Nafarroako Gobernuaren organo aholku-emailea da.

2. Euskararen Nafar Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuari atxikiko zaio, eta horrek emanen dizkio jarduteko behar dituen aholkularitza eta bitartekoak.

25. artikulua . Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak.

Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza normalizazioaren arlokoak diren izaera orokorreko xedapenen proiektuei eta arlo horretako plan orokorrei buruzko irizpen ez-lotesleak ematea.

b) Euskararen Plan Estrategikoaren garapenaren eta betetze mailaren gaineko informazioa hartzea.

c) Euskararen erabileraren eta sustapenaren gainean proposamenak eta iradokizunak egitea.

d) Arloan eskumena duten administrazioetako edozeinek eskatzen dizkion hizkuntza plangintza eta normalizazio arloko txosten eta kontsulta guztiak egin eta erantzutea.

e) Lan batzordeek egindako balizko txostenak eta proposamenak aztertu eta, halakorik bada, onestea.

f) Kontseiluak egindako jardueren urteko memoria onetsi eta Nafarroako Gobernuari bidaltzea.

g) Indarrean dauden xedapenek berariaz esleitutako gainerako eginkizunak.

26. artikulua . Osaera, izendapena eta kargua uzteko arrazoiak.

1. Euskararen Nafar Kontseiluak burua, buruordea eta bokalak izanen ditu.

2. Kontseiluburua hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko titularra izanen da.

3. Kontseiluburuordea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea izanen da.

4. Honako hauek izanen dira bokal:

- Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

- Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia.

- Kontseiluburuak izendaturiko zuzendari nagusi bat, esparru hauetako batekoa: hezkuntza, toki administrazioa, lehendakaritza, eta gobernu irekia edo funtzio publikoa.

- Nafarroako Parlamentuak proposatutako bost kide.

- Erakunde eta entitate hauetako bakoitzeko ordezkari bat, nork berea:

- Euskaltzaindia,

- Nafarroako Unibertsitate Publikoa,

- Nafarroako Unibertsitatea,

- Eusko Ikaskuntza,

- Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioa,

- Nafarroako Gazteriaren Kontseilua,

- Nafarroako Ikastolen Elkartea,

- Nafarroako Kazetarien Elkargoa.

- Beren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako zazpi kide.

- Euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako hamar kide.

5. Euskararen Nafar Kontseiluko idazkaria Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko titularra izanen da.

6. Kontseiluko bokalak Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez izendatuko dira, ordezten dituzten entitateek edo erakundeek proposatu ondoan. Bokal horiek izendatzeko emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia orekatuaren printzipioa kontuan hartuko da, arrazoi oinarritu eta objektiboek eragozten ez badute behintzat.

Lau urteko agintaldia izanen dute bokalek, eta hura iraupen bereko epeetan berritzen ahal da. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, ordezten duen bokalaren kargualdia bukatu arte arituko da titular berria.

Orobat, honako kasuotan utzi beharko dute kargua bokalek:

- Heriotza edo ebazpen judizial irmo baten bidez deklaratutako desgaikuntza.

- Norberak eskatuta.

- Lanbidean edo politikan aritzeko desgaikuntza ekarri duen zigorra jasotzea epai irmo baten bidez.

- Ordezkaritza galtzea.

Hautatua izateko epea bukatuz gero, bokalek beren eginkizunetan jarraituko dute bokal berriak karguaz jabetzen diren arte.

Kargu hutsak betetzeko, izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

27. artikulua . Ordezkoak.

1. Kontseiluburua ez dagoenean, kontseiluburuordeak ordeztuko du.

2. Idazkaria ez dagoenean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuan postua betetzen duen eta lan horretan aritzeko titulazio hori behar duen zuzenbideko lizentziadun batek ordeztuko du.

3. Bokal bakoitzeko, titular bat eta ordezko bat izendatu beharko dira. Kargua hutsik dagoenean edo titularra kanpoan edo eri dagoenean arituko da ordezkoa.

28. artikulua . Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Euskararen Nafar Kontseiluak foru dekretu honen xedapenen arabera onetsiko du bere barne araubidearen erregelamendua.

2. Euskararen Nafar Kontseiluak sei hilean behin eginen du osoko bilkura arrunta, eta osoko bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak hala erabakitzen duenean bere ekimenez edo hala eskatzen duenean bokalen heren batek, gutxienez.

3. Euskararen Nafar Kontseilua balioz era dadin, beharrezkoa izanen da beti kontseiluburua eta idazkaria bertan egotea, edo haiek ordezten dituztenak. Lehenbiziko deialdiak balioa izateko, kide gehienek egon behar dute, eta, bigarren deialdian berriz, kideen heren batek gutxienez.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak, eta erabakitako txostenen eta irizpenen arrazoiak emanen dira. Boto partikularrak erants daitezke, gehiengoz hartutako erabakiaren kontrakoak badira.

Berdinketarik egonez gero, kontseiluburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

5. Akta eginen da bilkura bakoitzean, non hartutako erabakiak jasoko baitira.

6. Kontseiluko edozein kidek proposatuta eta Kontseiluak onetsi ondoan, lantaldeak era daitezke gai zehatz batzuetarako. Kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztuko dira haien osaera, funtzionamendua eta helburua. Kontseiluari aldian-aldian emanen zaio haien lanen, ondorioen eta agirien berri. Kontseilutik kanpoko pertsonak onar daitezke osaeran, baina halakoak ez dira lantaldeko kideen erdia baino gehiago izanen.

7. Kontseiluburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskararen Nafar Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Bilkuren deialdia hitzartu eta aztergaiak finkatzea. Horretarako, Kontseilua osatzen dutenen eskaerak hartuko ditu kontuan, behar bezain goiz egiten badira.

c) Bilkuretan buru aritu, eztabaidak gidatu eta horiek etetea arrazoi justifikatuengatik, eta bere botoarekin desegitea sortzen diren berdinketak, erabakiak hartzeko orduan.

d) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

e) Adituak edo interesdunak gonbidatzea bilkuretan parte hartzera.

f) Kontseiluburua izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

8. Kontseiluburuordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburua ordeztea, kargua hutsik dagoenean, hura eri edo kanpoan dagoenean, edo beste arrazoi justifikatu batzuetan.

b) Kontseiluburuak edo Kontseiluaren Osoko Bilkurak esleitzen dizkion eginkizunak betetzea, kontseiluak kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendu ona izan ditzan.

9. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bilkuretarako deia egitea, kontseiluburuak hala aginduta, eta Kontseiluko kideentzako zitazioak egitea.

b) Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

c) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuren aktak egin eta baimentzea, eta onetsitako erabakien, irizpenen eta kontsulten ziurtagiriak egitea.

d) Lan batzordeen eginkizunak koordinatzea.

e) Kontseiluak egindako jardueren urteko memoria onestea.

f) Kontseiluaren dokumentazioa zaintzea.

g) Idazkaria izateagatik berezko dituen beste eginkizunak betetzea, edo indarreko araudiak esleitzen dizkionak.

Kontseiluko bilkuretan, idazkariari hizkuntza politikaren arloan eskumena duen departamentuko funtzionario batek lagun diezaioke.

10. Jorratu edo aztertu beharreko gaien arabera, edozein kidek eska diezaioke kontseiluburuari adituek edo interesdunek parte har dezaten. Horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

29. artikulua . Gardentasuna eta gizarteari irekitzea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Gobernu Irekiaren Atarian edo xede horretarako sortzen diren beste plataforma batzuetan argitaratuko ditu Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera, aplikazio araudia, gai zerrendak, aktak, irizpenak, azterlanak, txostenak eta urteko memoriak.

IV. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUA ETA KONTROLA

30. artikulua . Ondare Zerbitzua.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ondare araubidea Nafarroako Ondareari buruzko araudian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.

31. artikulua . Baliabide ekonomikoak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua ondoko baliabideez finantzatuko da:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideak.

b) Ondasun eta eskubide horien produktu eta errentak.

c) Kobratzen ahal dituzten ohiko eta ohiz kanpoko diru-sarrerak, arautzen dituzten xedapenen arabera.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleiturik dituen transferentzia arruntez edo kapitalekoez.

e) Administrazioek edo entitate publikoek ematen dizkioten dirulaguntzak, arruntak zein kapitalekoak.

f) Dohaintzak, legatuak eta entitate pribatuen nahiz partikularren bestelako ekarpenak.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabideak.

32. artikulua . Aurrekontu araubidea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen mendean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

Aurrekontuen egitura, diru-sarreren eta gastuen sailkapenari eta horien zehaztasun mailari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.

Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

33. artikulua . Kontuhartzea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren kudeaketa ekonomikoa -kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren eduki ekonomikoko eskubide eta betebeharrak sartzen dira-, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetzaren arloan, dela kontabilitatearen arloan.

34. artikulua . Kontabilitate araubidea.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua kontabilitate publikorako araubidearen mendean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

V. TITULUA. LANGILERIA

35. artikulua . Langileen araubidea.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko langileak honako hauek izanen dira:

a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari atxikita dauden edo atxikiko zaizkion Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak.

c) Erakunde autonomoari berari atxikitako aldi baterako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zerbitzuko langileak funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitatearen Administraziorako ezarritako modu berean.

VI. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

36. artikulua . Araubide juridiko orokorra.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sekotre publikoari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen III. tituluko II. kapituluan erakunde autonomoetarako ezarritakoa da.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

37. artikulua . Errekurtsoak.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak. Egintza horiek, bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurreko erreklamazioak eta ondare-erantzukizunari buruzkoak ebazten dituztenak izan ezik, ez dute bide administratiboa amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da horien aurka hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuko titularrari zuzenduta.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko organoek bide administratiboari amaiera ematen dioten egintzen eta ebazpenen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen ahal da egintza edo ebazpena eman duen organoaren aurrean.

3. Bide judizial zibilaren edo lanekoaren aurreko erreklamazioen gaineko ebazpenen kontra, demanda jartzen ahal da jurisdikzio eskudunari zuzendua.

4. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako egintzei dagokienez, egintza deusezen ofiziozko berrikuspena, egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea, eta kargak ezartzen dituzten edo kalterako direnen ezeztapena hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez eginen dira.

38. artikulua . Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatzeko eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak lege arloko aholkua ematen ahalko dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1914430

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web