(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

92/2019 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 14KOA, ESKUBIDE SOZIALETAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 159 - 15/08/2019



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, kasuan kasuko departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. apartatuak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuaren titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean.

Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, departamentu bakoitzaren titularrak proposaturik.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 46.2 artikuluak adierazten du, berriz, erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko abuztuaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra .Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia.

c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Era berean, erakunde autonomo hauek atxikitzen zaizkio Eskubide Sozialetako Departamentuari:

a) Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

b) Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia.

3. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu gai hauetako eskumenak: oinarrizko arreta, gizarteratzea eta gutxiengoei arreta ematea, garapenerako lankidetza eta laguntza humanitarioa.

4. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu plangintza, ebaluazio, berrikuntza, sustapen digital eta kalitatearen arloko eskumenak, bai eta honako arlo hauetako eskumen orokorrak ere: errealitate sozialaren azterketa eta ikerketa, eta aldaketa prozesuen eta gizarte arazoen analisia. Zuzendaritza nagusi honek bere gain hartzen ditu, orobat, enpleguaren eta politika sozialen arloko azterketaren, plangintzaren eta ebaluazioaren gaineko eskumenak Nota de Vigencia.

5. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak bere gain hartzen ditu autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko politikak Nafarroan koordinatu eta kudeatzeko eskumena, baita gai hauetako politikak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak ere: familiak; adingabeen sustapena, arreta eta babesa; eta adinekoei eta desgaitasunak eta/edo buruko gaixotasunak dituztenei arreta ematea.

Xedapen gehigarri bakarra .Deskontzentrazioa.

1. Zuzendari nagusien esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Eskubide Sozialetako kontseilariari kontratazioaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.

2. Zuzendari nagusien esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Eskubide Sozialetako kontseilariari, zehapen espedienteak ireki, izapidetu eta ebaztearen arloan, esleitzen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Xedapen iragankor bakarra .Arauek jarraitzea.

Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatu arte, honakoan xedatutakoa aplikatuko da, Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskumen esparruari dagokionez, eta foru dekretu honen edukiaren aurka ez dagoen neurrian: Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretua.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 52/2015 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena .Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.-Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F1910747

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web