(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 22/2019 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 6KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN DEPARTAMENTUEN EGITURA EZARTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON 07/08/2019



Atariko

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, bateratu eta kentzea, eta bakoitzaren izena eta eskumenen esparrua zehaztea.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio departamentuak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta departamentu bakoitzaren eskumeneko jarduera administratiboa zein sektoretan arituko den finkatzea ere, foru dekretu bidez.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 30.7 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2004 Foru Legearen 29.2 artikuluan ezarritakoaren babesean,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua . Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa departamentu hauetan antolatzen da:

- Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua.

- Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua.

- Lurralde Kohesiorako Departamentua.

- Ekonomia eta Ogasun Departamentua.

- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua.

- Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua.

- Hezkuntza Departamentua.

- Eskubide Sozialetako Departamentua.

- Osasun Departamentua.

- Herritarrekiko Harremanetako Departamentua.

- Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua.

- Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

- Kultura eta Kirol Departamentua.

2. artikulua . Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren eskumenen esparrua Nota de Vigencia.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: Gobernuko Idazkaritza; Erregistro Orokorra; administrazioaren sinplifikazioa eta administrazio elektronikoaren garapena; Nafarroako Aldizkari Ofiziala; gobernu irekia, kode etikoa, jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa; Foru Komunitatearen aholkularitza juridikoa eta ordezkaritza eta defentsa epaiketetan; Foru Zuzenbide Zibila; hauteskunde prozesuak; departamentuen arteko politiken koordinazioa; funtzio publikoa; segurtasun politikak; polizia; jokoa eta ikuskizunak; babes zibila eta larrialdien kudeaketa; azterketa estrategikoak; herritarren parte-hartzearen gaineko politikak; lehendakariarentzako laguntza; Parlamentuarekiko eta Foru Komunitateko, autonomia erkidegoetako eta Espainiako beste erakunde batzuekiko harremanak; Nafarroako Gobernuaren erakunde irudiaren babesa, garapena eta sustapena; informazio politikaren koordinazioa; herritarren arreta; komunikabide sozialak; Nafarroako Gobernuaren agerpena Interneten eta sare sozialetan; gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako politikak; gazteriak gizartean parte aktiboa izateko politika zeharkakoen garapena; gazteak elkartzeko eta gazteriaren sormena eta ekintzailetza bultzatzeko politiken sustapena; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

3. artikulua . Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: lurralde mailako proiektu estrategikoen definizioa, analisia, plangintza, garapena eta ebaluazioa; lurralde antolamendua, paisaia eta hirigintza; Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Garapen Agentziaren politiken sustapena; etxebizitza eskuratzeko aukeren sustapena, eraikuntzen kalitatearen kontrola eta sustapena, eta etxebizitzak egiteko lurzoruaren merkatuan esku hartzea; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

4. artikulua . Lurralde Kohesiorako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: Nafarroako Toki Administrazioa; despopulazioaren aurkako estrategiaren kudeaketa; Nafarroako errepide sarearen proiekzioa, exekuzioa, kontserbazioa, ustiapena eta defentsa; geologia eta geoteknia; kartografia; interes orokorreko obra hidraulikoak, trenbideetakoak eta aireportuetakoak edo agintzen zaizkion antzeko obrak kudeatzea; garraioaren arloko politikaren plangintza, koordinazioa eta exekuzioa; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

5. artikulua . Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa; ogasun publikoa; aurrekontuen plangintza eta prestakuntza eta kontrol ekonomiko-finantzarioa; politika finantzarioa eta Estatuarekiko eta gainerako administrazio publikoekiko koordinazio ekonomikoa; ondarea; estatistika; Hitzarmen Ekonomikoaren kudeaketa; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

6. artikulua . Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: garapen ekonomiko eta enpresarialaren kudeaketa; Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) definizioa, eguneraketa, ezarpena, monitorizazioa eta jarraipena; aipatu estrategian definitutako sektore estrategikoen sustapena; klusterren sustapena; talentuaren plan estrategikoa; industria jardueraren sustapena; lehiakortasuna, ekintzailetza, kalitatea eta berrikuntza sustatzea enpresetan; plangintza eta kontrol energetikoa; industrien eta meategien kontrola; energia berriztagarrien sustapena; Nafarroako enpresak nazioartekotzeko sustapena; lan harremanak, ekonomia soziala eta lan autonomoa sustatu eta antolatzea; lan bitartekaritza; Nafarroako turismoaren sektorea antolatu eta sustatzea; barne merkataritza eta artisautza antolatu eta sustatzea; kontsumoa eta arbitrajea; Enpresa Korporazio Publikoaren koordinazioa, departamentu bakoitzari esleitutako enpresa publikoak errespetatuz; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

7. artikulua . Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: Justizia Administrazioa; delituen biktimei laguntzea; delitugileak birgaitu eta gizarteratzea; Nafarroako Zuzenbidea oro har sustatzea; Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan definitutako politikak garatu eta koordinatzea; etorkinen integrazioa; aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

8. artikulua . Hezkuntza Departamentuaren eskumenen esparrua.

Hezkuntza Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza; eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.

9. artikulua . Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Eskubide Sozialetako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: gizarte gaiak; familia; haur eta nerabeen arreta; pertsonen autonomiaren sustapena; hirugarren adinekoen eta desgaitasunak dituztenen beharretarako laguntza; gizarteratze-lana; garapenerako nazioarteko lankidetza eta ekintza humanitarioa; enplegua sortzeko politika aktiboak sustatzea eta enplegua lortzeko informazioa, orientazioa, prestakuntza eta laguntza; bitartekaritza lana lan eskaintzaren eta lan eskariaren artean; egoera sozialaren, aldaketa prozesuen eta problema sozialen azterketa; eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak.

10. artikulua . Osasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Osasun Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: osasun publikoa, lan osasuna, osasun laguntza eta osasuna babesteari buruzko eskubideak bermatzea; eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskudantziak.

11. artikulua . Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren eskumenen esparrua.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: hizkuntza politika; euskararen berreskurapena eta garapena; hizkuntza politikaren arloko erakunde eta entitateekiko harremanak; bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko politikak; Nafarroako Memoriaren Institutua; memoriaguneak; Europar Batasunaren gaineko erakunde eta aferetan parte hartzea; Gobernuak Europar Batasunean duen Ordezkaritza; mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza; kanpoan bizi diren herritar nafarrekiko harremana eta arreta; eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak.

12. artikulua . Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: unibertsitateko irakaskuntza; ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzarako estrategia orokorraren definizioa, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) esparruan eta gainerako departamentuekin koordinatuta, nork bere eskumen esparruan; lehiakortasun eta kalitaterako estrategia publikoaren definizioa eta koordinazioa; eraldaketa digitalerako planen definizioa, gainerako departamentuekin koordinatuta, nork bere eskumen esparruan; zientzia eta teknologiako planen sustapena; zentro teknologikoen koordinazioa; informazioaren gizartea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera garatzea; eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak.

13. artikulua . Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura, nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partizipatiboa; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaia integratzea plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; aldaketa klimatikoaren aurkako estrategiak eta aldaketa horretara egokitzeko ekimenak definitzea; ekonomia zirkularraren sustapena; eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak.

14. artikulua . Kultura eta Kirol Departamentuaren eskumenen esparrua.

Kultura eta Kirol Departamentuak beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan eskuratuak dituen eskumenak: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako sarbidea izateko erraztasunak ematea; arte sormena eta zabalkuntza bultzatu eta sustatzea; kirola sustatzea bizi kalitatea hobetzeko oinarrizko ardatz gisa; kirol azpiegiturak arautu eta hobetzea; eta indarra duten xedapenetan emandako gainerako eskudantziak.

Lehen xedapen gehigarria .Arauetako erreferentziak.

Indarra duen antolamendu juridikoaren erreferentzia organiko eta funtzionalak Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako foru dekretu honetan ezarritako departamentuei dagozkiela ulertzen da, betiere beren gain hartzen dituzten eskumenen esparruen arabera.

Bigarren xedapen gehigarria .Lehentasunak.

Nafarroako Foru Komunitateko lehentasunen araubidearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoa izanen da departamentuen ordena.

Lehen xedapen iragankorra .Kreditu egozpena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak emandako foru dekretu honek indarra hartzen duenetik 2019ko aurrekontu ekitaldia itxi arte, aurrekontuetako kreditu-konpromisoen egozpen organikoa indarra duen sailkapen organikoaren arabera eginen da, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aginduko ditu beharrezkoak diren egokitzapenak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen bidez sortu edo aldatu diren departamentuen aurrekontu-konpromisoak kasuan kasuko eginkizunak orain arte bete dituzten departamentuetako bidezko kredituei egotziko zaizkie, 2019ko aurrekontu ekitaldia amaitu arte.

Bigarren xedapen iragankorra.- Berregituraketa eta egitura organikoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen 1. artikuluarekin bat sortu diren edo gaur eguneko departamentuen eskumenak beren gain hartu dituzten departamentuen berregituraketa edo behin betiko egituraketa egin bitartean, horien mendeko unitate organikoek eta entitateek eskumenak jaso dituzten departamentuetan jarraituko dute lanean eta bertan beteko dituzte beren eginkizunak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan ezarritakoaren arabera departamentuen berregituraketa egin bitartean, idazkaritza tekniko nagusiek eta horien mendeko unitate organikoek kasuan kasuko eskumenak jaso dituzten departamentuetan beteko dituzte beren eginkizunak, dagozkien arloetan.

Hirugarren xedapen iragankorra.- Laguntza eta lankidetza.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan adierazten den konfigurazio berriaren araberako departamentuen egiturak onesten ez diren bitartean, bai eta geroko garapenari begira ere, departamentu guztiek laguntza emanen diote elkarri eta behar den sostengua jarriko dute besteen eskura lehenbailehen eta eraginkortasunez ezarri eta lanean has daitezen.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honen kontrako xedapen guztiak ere, maila berekoak nahiz beheragokoak.

Azken xedapenetako lehena.- Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena.- Indarra hartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 6an.-Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Victoria Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F1910447

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web