80/2019 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 3KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOEN SAREA BERRANTOLATZEN DUENA
BON N.º 149 - 01/08/2019
ERANSKINA
Ikasleak Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko ikastetxe bati atxikitzea eta ikastetxe horretan sartzea Nafarroako Foru Komunitateko geografia eta populazio aniztasunaren arabera antolatu behar dira, eta, horretarako, martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen zituena.
Ondoren, ikasleek eskolatze prozesuan zehar aldaketa asko egiten zituztenez eta, horren ondorioz, ikastetxe berriak sortu behar izan zirenez, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuak arestian aipatutako foru dekretua aldatu zuten.
1998an foru dekretuaren azken egokitzapena egin zenetik, ikastetxe publikoen sarea antolatzen jarraitu da ikastetxe publikoak sortuz, kenduz edo bereiziz gobernu erabakien bitartez; erabaki horiek sarea aldatzen zuten, ikasleak ikastetxeei atxikitzeari dagokionez.
Ikastetxe publikoen sarearen egitura erregelamenduz arautu zen azken alditik hona denbora luzea igaro da, eta denbora horretan hezkuntza arloko lau lege organiko berri onetsi dira; honako hauek, hain zuzen: 9/1995 Lege Organikoa, azaroaren 20koa, Ikastetxeetako parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzkoa; 10/2002 Lege Organikoa, abenduaren 23koa, Hezkuntzaren Kalitateari buruzkoa; 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; eta 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa. Horrenbestez, komenigarria eta beharrezkoa da ikastetxe publikoen sarea osorik berrantolatzea, ikasleen eskolatze bideak honako faktore hauen arabera egokitzeko: dagoen ikastetxeen sarea eta ikasleen bizilekua.
Era berean, berrantolamendu hori egin behar da Iruñerrian, Tuteran eta biztanlegune nagusien inguruan egon diren hiri-kontzentrazioen ondorioz populazioak nabarmen aldatu baitira eta, horren ondorioz, Foru Komunitateko landa inguruko biztanleak gutxitu baitira.
Berrantolamendu hori egin beharra ekarri duen beste arrazoietako bat hauxe da: Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistemarako onetsi diren hizkuntza-ereduen eskaintza nola garatu den, eredu horiek handituz edo txikituz, ikastetxeak lehenengo aldiz berrantolatu zirenetik gaur egunera arte. Aurreko puntuan adierazitako arrazoiaren euskarri gisa, otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen bidez Euskarari buruzko irailaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 26. artikulua aldatu zen, eta testu hau hartu zuen: “Euskararen irakaskuntza bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, botere publikoek osoki edo partzialki finantzatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraiki eta eskarien arabera”. Hori dela eta, D hizkuntza-ereduaren (euskara) eskaintza aldatu zen Nafarroako eremu geografiko batean, non eredu hori hezkuntza eskaintzatik kanpo baitzegoen ikastetxe publikoen sarean, lege aldaketa hori egin arte.
Horrez gain, 69/1995 Foru Dekretuan ezartzen den ikastetxeen sarerako esleipena dela eta, urteak joan ahala zenbait udalek eskatu dute beren eskola atxikipena aldatzea, beren hezkuntza eredua egokitu dadin kokapen geografikoaren eta bide-komunikazioko azpiegituren garapenaren ondoriozko egungo eta benetako zirkunstantzia sozialetara.
Ikastetxe publikoen sarea berrantolatu beharra dakarten argudioak azaldu ondoren, Nafarroako hezkuntza sistemako ikastetxe publikoen sarea antolatzen duen egituran egin diren aldaketak adieraziko ditugu. Hasteko, aipatuko dugu lurralde egitura berri bat sartu dela ikasleei ikastetxe publikoa esleitzeko oinarri hartzen den egituraren osaeran, ikasleen bizilekuen arabera. “Departamendu” izeneko figura sortzen da, barrutiaren lurralde atxikipena baino handiagoa dena hartzen duena, Nafarroako herri guztiek izan dezaten ikasleek eskatzen dituzten hezkuntza arloko hizkuntza-ereduen eskaeretarako egokia den hezkuntza eskaintza.
Horrela, departamenduen araberako lurralde egituraketari esker, departamendu bakoitzean Nafarroako Foru Komunitatean dauden hizkuntza-eredu guztiak eskainiko dira, hau da, A, G eta D ereduak eremu mistoan eta A, B eta D ereduak eremu euskaldunean.
Esan bezala, departamenduak egitura figura berri bat dira, lurralde esleipena kokapen geografikoaren arabera egiten dutena, eta, beraz, lurralde esleipeneko unitate handienak dira. Baina, horietaz gain, osorik mantentzen da martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuan zehaztutako lurralde esleipeneko egitura, non eskola barrutiak, eremuak eta zonak konfiguratzen baitira eskola ibilbide zehatz bat esleitzea ahalbidetzen duen antolaketa egitura osatzeko. Horrela, ikastetxe guztiak ibilbide horretan sartzen dira, ikaslearen familia-unitateak bizilekua ezarri duen herriaren kokapen geografikoaren arabera.
Antolaketa egitura horri esker, aldez aurretik jakin daiteke ikasle bakoitzari zer ikastetxe publiko dagokion bere bizilekuaren kokapen geografikoaren arabera, ikaslearen hezkuntza etapa eta aukeratutako hizkuntza-eredua oinarri hartuta.
Bestalde, administrazio prozedurak azkartzeagatik eta interes publikoa hobetzen saiatzeagatik, Hezkuntza Departamentuari esleitzen zaio ikastetxeak eta hezkuntza ildoak eta unitateak sortu, aldatu, bateratu, kendu, integratu eta atxikitzeko prozeduren eskumena. Gauzak horrela, lehengo araudia aldatu da, eskumen hori Nafarroako Gobernuari esleitzen ziona.
Hori horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua . Ikastetxe publikoen sarearen berrantolamendua.
1. Ikastetxe publikoen sarea antolatzen da geografia eta populazio irizpideak oinarri hartuta, Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistema behar bezala ematen dela bermatzeko modu gisa, foru dekretu honi gehitutako eranskinean zehazten den bezala.
2. Eskola departamenduen figura ezartzen da ikastetxeen sarea antolatzeko egitura unitate gisa. Horrela, eskola departamenduak sortzen dira, eskola barruti, zona eta eremuetan banatuko direnak, eranskin horretan departamendu bakoitzerako ezarritako banaketaren arabera.
3. Eskola departamendua izanen da geografia eta populazio unitate bat, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioaren mendeko ikastetxeak -irakaskuntza maila guztietakoak- dituena eta ofizialki dauden hizkuntza-eredu guztiak eskaintzen dituena (A, G eta D ereduak eremu mistoan eta A, B eta D ereduak eremu euskaldunean).
2. artikulua . Ikastetxeak eta hezkuntza ildoak eta unitateak sortu, aldatu, bateratu, kendu, integratu eta atxikitzeko prozesuak.
1. Foru dekretu honen eranskinean zehazten den ikastetxeen sarearen egitura edonola aldatzeko (ikastetxe berriak sortzea, ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, hainbat ikastetxe batean integratzea eta ikastetxeen eta hezkuntza ildo eta unitateen atxikipenak aldatzea), horri dagokion administrazio espedientea tramitatu beharko du Nafarroako Gobernuan hezkuntza arloko eskumenak dituen departamentuak.
2. Hezkuntza arloko eskumenak esleiturik dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio honako hauek jasotzen dituen administrazio espedientea tramitatu eta onesteko: ikastetxeen osaera aldatzea, ikastetxeak bateratzea, ikastetxeen eta hezkuntza ildo eta unitateen atxikipenak aldatzea edo antolaketaren beste edozein alderdi aldatzea; baina ez ikastetxeak sortzeko edo kentzekoa. Izan ere, eskumen hori Nafarroako Gobernuari dagokio, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten xedapen guztiak eta, bereziki, honako hau:
-69/1995 Foru Dekretua, martxoaren 13koa, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituena.
Hezkuntza Departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2019ko uztailaren 3an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.
ERANSKINA
ESKOLA-MAPA (PDFA).
Iragarkiaren kodea: F1909224