(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

57/2019 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 15EKOA, NAFARROAKO MERKATARITZA KONTSEILUAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 100 - 24/05/2019



Zioen azalpena

Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa dauka barneko merkataritzaren arloan, deusetan eragotzi gabe prezioen politika orokorra, Estatuko lurraldearen barneko ondasunen joan-etorri librea eta lehiaren defentsari buruzko legeria, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.d) artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Eskumen esklusibo hori gauzatuz, Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea onetsi zuen. Lege horrek, bere 63. artikuluan, Nafarroako Merkataritza Kontseilua eratzen du, arlo horretan eskumenak dituen organoa dela esanez, eta adieraziz erregelamenduaren bidez ezarriko direla bere osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Nafarroako Merkataritza Kontseilua Garapen Ekonomikorako Departamentuari atxikitako organoa da. Bertan behar bezala ordezkatuak egon behar dute Foru Komunitateko sektoreko eragile ekonomiko eta sozial garrantzizkoenek.

Kontseilua eratu zenetik metatu den esperientziak eta hala gizartean nola Nafarroako merkataritza sektorean izan diren aldaketek ekarri dute bere osaera aldatu behar izatea, ordezkaritza zabaldu eta hobetzeko, eta aldi berean, gizonezkoen eta emakumezkoen parte-hartze orekatua sustatzeko.

Beste alde batetik, foru dekretuak organoaren funtzionamendua hobetu nahi du, besteak beste lantaldeak sortzeko aukera emanez, edo bitarteko elektronikoen erabilera aurreikusiz, deialdiak egiteko eta aktak bidaltzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluak ezartzen dituen printzipioetara egokitzeari dagokionez, zioen azalpen honek justifikatzen du arauaren beharra eta eraginkortasuna, baita printzipioak betetzen direla ere: proportzionaltasunaren printzipioa, hobekuntza horietarako ezinbestekoa den araudia baitauka; segurtasun juridikoarena, ordenamendu juridikoan txertatzen baita, eta arau-esparru egonkor, aurresangarri, integratu, argi eta ziurra, ezagutu eta ulertzeko modukoa ezartzen baitu; gardentasunarena, tramitazioan eta jarduketetan aplikatu dena; bakuntasun eta eraginkortasunarena, ez baititu karga administratibo gehigarriak gaineratzen, eta azkenik, irisgarritasunarena ere bai.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua . Osaera.

Nafarroako Merkataritza Kontseiluak honako kargu hauek izanen ditu:

- Kontseiluko burua

- Kontseilukideak.

3. artikulua . Antolaketa.

1. Nafarroako Merkataritza Kontseiluak kontseiluko buruak eta kide guztiek osatutako osoko bilkuraren bidez funtzionatuko du.

2. Osoko bilkurari dagokio Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren eginkizun guztiak betetzea.

3. Osoko bilkurak lantaldeak eratzen ahalko ditu.

4. artikulua . Kontseiluko burua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan merkataritza arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen da kontseiluko burua.

2. Kontseiluko buruak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

3. Kontseiluko buru den pertsona ez badago, edo huts egiten badu gaixotasuna edo beste arrazoi justifikatuarengatik, merkataritza alorreko eskumenak dituen zuzendaritza nagusia betetzen duen pertsonak ordezkatuko du.

5. artikulua . Idazkaria.

1. Kontseiluko buruak izendatutako administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikoa) Nafarroako Merkataritza Kontseiluko idazkaria izanen da, ahotsarekin baina botorik gabe. Halaber, haren ordezko bat ere izendatuko da.

2. Idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

6. artikulua . Kontseilukideak.

1. Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kideak hauek izanen dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan, ondoko arlo hauetako bakoitzaren arduraduna den departamentuko ordezkari bat: ogasuna, toki administrazioa, lurraldearen antolamendua, lana, kontsumoa eta turismoa. Dagokion zuzendaritza nagusiko titular bakoitzak izendatuko ditu.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan merkataritza arloan eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren titularra.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan merkataritza arloan eskumenak dituen zerbitzuko zuzendaritzaren titularra.

d) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bi ordezkari, federazioak berak izendaturikoak.

e) Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialaren bi ordezkari, ganbarak berak izendaturikoak.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan ordezkaritza handiena daukaten merkatarien talde, elkarte edo federazioen bi ordezkari. Bi elkarte edo federazio horietako bakoitzak bere kidea izendatuko du.

g) Eskualdeko merkataritza elkarteen bi ordezkari, foru dekretu honen 2.4 xedapen gehigarrian ezartzen denaren arabera, txandaka bi urteko aldietarako; ordezkarietako batek eskualdeko eta eskualdez haraindiko merkatarien elkarteen ordezkaritza edukiko du, eta besteak eremu ertainetako edo udal-eremuetako merkatarien elkarteen ordezkaritza edukiko du.

h) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren bi ordezkari, konfederazioak berak izendatuta.

i) Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan ordezkaritza handiena daukaten erabiltzaileen eta kontsumitzaileen elkarteetako bi ordezkari. Bi elkarte horietako bakoitzak bere kidea izendatuko du.

j) Sindikatuetako lau ordezkari, barnean dela, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuetako ordezkari bana, gutxienez. Ordezkaritza handienekotzat hartzeko, gutxienez botoen %10 lortu behar da sektore hartako hauteskunde sindikaletan, eta parte-hartzea ordezkagarritasunaren arabera osatuko da, beharrezkoa bada.

k) Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan ordezkaritza handiena daukaten enpresarien erakundeen hiru ordezkari. Erakunde horietako bakoitzak bere kidea izendatuko du.

l) Garapenerako agentziak ordezkatuko dituzten bi pertsona, garapen agentzia guztien artean aukeratuta, bi urteko aldietako txandetan.

m) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duen gizarte ekonomiaren erakundearen ordezkari bat, erakunde horrek berak izendatuta.

2. Zenbat kide titular diren, beste hainbeste ordezko kide izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko ez-bertaratzeak gertatzen direnean gaixotasunarengatik edo justifikatutako beste arrazoi batengatik.

3. a), d), e), f), g), h), i), j), k), l) eta m) apartatuei dagozkien titularren eta ordezkoen izendapenak Idazkariari zuzendutako idatziaren bidez eginen dira. Idazkariak kontseiluko buruari helaraziko dizkio, hark foru aginduaren bidez izenda ditzan.

7. artikulua . Kontseiluko buruaren eta kideen eginkizunak eta ahalmenak.

1. Kontseiluko buruak eta kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluak kide anitzeko organoetako kideei ematen dizkien ahalmenak eta eginkizunak izanen dituzte.

2. Kontseilukideek zabaldu behar dituzte, ordezkatzen dituzten erakundeetako kideen artean, Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren bileretan ematen diren informazioak, informazio horiek interesgarriak direnean aipatu erakundeetarako.

8. artikulua . Agintaldia.

Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kideen agintaldiak, oro har, iraupen mugagabea izanen du, baina amaitu eginen da, nahitaez, ondoko hauek gertatzen direnean:

a) Izendapena egin zuen entitateak edo organismoak ordezkatzen duenean.

b) Idazkaritzan ukoa aurkezten denean.

c) Izendapenak egin zituzten erakundeek ordezkagarritasun-baldintzak galtzen dituztenean.

d) Heriotza edo ezintasunaren deklarazioa dagoenean.

e) Bertan egoteko baldintzak galtzen direnean.

f) Bi urteko agintaldia amaitzea, 6. artikuluko g) eta l) apartatuek aipatzen dituzten kontseilukideen kasuan.

9. artikulua . Genero berdintasuna.

Departamentuen eta sailen ordezkaritza, bai titularrei dagokienez, bai ordezkoei dagokienez ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka zaintzen saiatuko da, indarreko araudiak ezartzen duenarekin bat.

10. artikulua . Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kideak ez diren pertsonak bertaratzea.

Nafarroako Merkataritza Kontseiluko buruak eta lantaldeetako buruak, berek hala nahita edo kontseilukideek proposamen arrazoitua eginez gero, adituak gonbidatzen ahalko dituzte, ahotsarekin baina botorik gabe. Gonbidapenaren zioa izanen da Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren edo bere lantaldeen eginkizunak betetzen laguntzea.

11. artikulua . Funtzionamendu araubidea.

1. Nafarroako Merkataritza Kontseiluko osoko bilkurak bilkura arrunta eginen du urtean behin bederen, eta bilkura berezia egin dezake Kontseiluko buruak hala erabakitzen badu, edo kontseilukideen herenak eskatzen duenean, Kontseiluko buruari bidalitako idazki baten bidez. Eskabidean aipatuko da ukitu beharreko gaien zerrenda, eta aintzat hartu behar den dokumentazioa gaineratuko da.

Eskabidea erregistratu eta gero, bilkura berezia egiteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da.

2. Deialdiak bilkura eginen den data baino sei egun lehenago eginen dira, gutxienez.

Salbuespen gisa, epe hori hogeita lau ordukoa izan arte laburtzen ahalko da gehienez ere, Kontseiluko buruak aintzat hartzen dituen presazko arrazoiengatik.

3. Deialdia bitarteko elektronikoen bidez zabalduko da kide bakoitzak eman duen posta elektronikoaren helbidera mezua bidaliz. Bertan bilkura zer egunetan, non eta zer ordutan eginen den finkatuko da, eta eguneko gai zerrenda jasoko da, baita eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa ere, hau posible denean.

4. Kontseilukideek eskatzen ahal diote ontseiluko buruari, idatziz, Nafarroako Merkataritza Kontseiluak eginen duen hurrengo bilkurako gai zerrendan egoki eta interesgarriak jotzen dituzten gaiak sartzeko.

5. Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, lehen deialdian, beharrezkoa izanen da elkartzea kontseiluko burua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, hala badagokio, eta gutxienez ere kontseilukideen erdiak.

Bigarren deialdia lehena egiteko ezarri den ordua baino ordu erdi geroago izanen da, eta orduan aski izanen da elkartzea Kontseiluko burua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, hala badagokio, eta gutxienez ere kontseilukideen laurden bat.

6. Kontseiluko buruak Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren bilkurak bertan behera utz ditzake. Hala denean, bilkurak zer egunetan eta ordutan jarraituko duen adierazi behar du. Edonola ere, bilkura jarraitzeko ez da beste deialdi formal bat egin beharko.

7. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotarako, Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea honako arau hauetan kide anitzeko organoentzat ezarritakoa izanen da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

12. artikulua . Erabakiak nola hartu.

1. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da gai-zerrendan sartuta agertzen ez den deus, salbu, kide anitzeko organoko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanez.

2. Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira.

3. Organoko kideek kontrako botoa eman edo abstenituz gero, ez dute erabakien ondorioz suerta litekeen erantzukizunik izanen.

4. Bidezko interes baten titulartasuna frogatzen dutenek kide anitzeko organo bateko idazkaritzara jotzen ahal dute erabakien ziurtagiria eskuratzeko. Ziurtagiria elektronikoki jaulkiko da, salbu interesdunak berariaz kontrakoa azaltzen badu, Administrazioarekin modu horretan erlazionatzera behartuta egon gabe.

13. artikulua . Lantaldeak.

1. Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren osoko bilkurak lantaldeak eratzen ahalko ditu, ukitu beharreko gaien garrantziak hala aholkatzen duenean.

2. Lantaldeak kontseiluko buruak proposatuta edo osoko bilkurako kideen heren batek proposatuta eratuko dira. Eratzeko erabakiak zehaztuko du osaera, xedea eta lantaldeko burua nor izanen den.

3. Oro har, lantaldeak gai jakin batzuetan arituko dira, eta beren iraupena mugatua izanen da.

4. Nafarroako Merkataritza Kontseiluko idazkariak eginen ditu idazkaritza lanak, ez bada osoko bilkuraren buruak beste pertsona bat izendatzen duela.

5. Lantaldearen eraketa baliozkoa izateko, lantaldeko buruak, idazkariak eta kideen hiru herenek egon beharko dute.

6. Lantaldeko buruaren bidez bidaliko zaizkio Nafarroako Merkataritza Kontseiluko buruari azterketak, txostenak edo proposamenak, beren ondorioak sor ditzaten.

14. artikulua . Aktak.

1. Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren osoko bilkurak edo eratzen ahal diren lantaldeek egiten dituzten bilkura bakoitzaren aktan honako hauek jaso behar dira: bildutako pertsonak, gai zerrenda, bilkura non eta noiz izan den, eztabaidetako puntu nagusiak eta hartutako erabakien edukiak; eta, kasua bada, honako hau ere bai, dena delako botoa eman duenak eskatzen badu: hartutako erabakiaren kontrako botoa, bere abstentzioa eta hori justifikatzen dituen arrazoiak, edo bere aldeko botoaren azalpena.

2. Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartu ahalko da edo hurrengo bilkuran. Idazkaritzak akta prestatuko du, Kontseiluko buruaren oniritziarekin, eta osoko bilkuraren edo lantaldearen kideei deialdia egiteko erabili dituen helbide elektronikoen bidez bidaliko du. Akta onetsi baino lehen, kideek hamabost egun naturaleko epea edukiko dute testuarekin ados dauden edo ez adierazteko. Adostasuna bada, edo epe horretan ez bada eragozpenik agertzen, akta bilkuran bertan onetsi dela kontsideratuko da.

3. Kide anitzeko organoak egindako bilkurak grabatzen ahalko dira. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilkura-aktarekin batera jartzen ahalko dira, eztabaiden puntu nagusiak aktan jaso behar izan gabe.

4. Kide anitzeko organoko edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta, aktari erantsitako bilkuraren grabaziorik ezean, une horretan bertan edo organoko lehendakariak jartzen duen zuhurtasunezko epean aurkezten badu bere mintzaldia fidelki islatzen duen testua; hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.

5. Nafarroako Merkataritza Kontseiluak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezartzen dituen publizitate aktiboaren betebeharrak betetzeaz gain, proposatuko du bere bilkuretan ukitutako eta interes publikokoak diren gaiei buruzko alderdirik esanguratsuenak argitaratzeko, Nafarroako Gobernuak eskura dituen bitartekoen bidez.

15. artikulua . Urteko memoria.

Nafarroako Merkataritza Kontseiluko idazkaritzak prestatuko du, urtero, bere jardunei buruzko memoria bat.

Lehen Xedapen Gehigarria. Ordezkagarritasun handiena.

1. Zer erakundek izendatuko dituen 6.f) artikuluak aipatzen dituen kideak zehazteko, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkagarritasunik handiena duten federazioak edo elkarteak izanen dira merkatari-elkarte gehien dauzkatenak.

2. Zer erakundek izendatuko dituen 6.g) artikuluak aipatzen dituen kideak zehazteko, honako merkataritza-gune hauek hartuko dira aintzat:

- Eskualdez gaindiko merkataritza guneak: Iruñea erdialdea (Alde zaharra eta zabalguneak).

- Eskualdeko merkataritza guneak: Lizarra, Tafalla, Tutera, Sakana.

- Tarteko eremuak hartzen dituzten merkataritza guneak: Altsasu, Zangoza.

- Udal eremuko eta hurbileko merkataritza guneak: lehen esandako toki horietan ez daudenak.

3. Zer erakundek izendatuko dituen 6.i) artikuluak aipatzen dituen kideak zehazteko, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkagarritasunik handiena duten erabiltzaileen eta kontsumitzaileen elkarteak izanen dira beren elkarteetan pertsona gehien bazkidetuta dauzkatenak.

4. Zer erakundek izendatuko dituen 6.k) eta 6.m) artikuluek aipatzen dituzten kideak zehazteko, Nafarroako Foru Komunitatean merkataritza sektorean ordezkagarritasunik handiena duten enpresarien elkarteak zein diren adierazi behar da, eta horretarako ondoko hiru parametro hauek hartuko dira kontuan, eta hirurek pisu berdina edukiko dute:

- Elkartean bazkidetuta dauden merkataritza establezimenduek Nafarroako Foru Komunitatean dauzkaten denden erakusketa eta salmentarako azalera erabilgarriaren batura.

- Elkartean bazkidetuta dauden merkataritza establezimenduek Nafarroako Foru Komunitatean dauzkaten dendetan lan egiten duten langileen kopurua.

- Elkartean bazkidetuta dauden merkataritza establezimenduek Nafarroako Foru Komunitatean dauzkaten denden batura.

Hogei puntu emanen zaizkio, aipatutako parametroetako bakoitzean, azalerarik gehien, langilerik gehien eta denda gehien dituela egiaztatzen duen elkarteari. Gainerako elkarteei parametro horiengatik dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie. Kideak izendatzeko, ordezkagarritasunik handiena daukaten erakundeak, parametro guztien puntuazioak batu eta puntuaziorik handiena lortzen duten elkarteak izanen dira. Gehienez ere lortzen ahal den puntuazioa 60 puntu da.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Kontseilukideak izendatzea.

1. Foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, 6. artikuluaren e) eta h) apartatuen arabera ordezkaritza daukaten erakundeek berretsi beharko dituzte beren ordezkaritza daukaten pertsonak, edo bestela ordezkari berriak izendatu.

2. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean komunikatu beharko du bere kideak mantentzen dituela, edo bestela ordezkari berriak izendatu beharko ditu.

3. Foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, 6. artikuluaren f), i), k) eta m) apartatuen arabera Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kideak izendatzeko interesa daukaten erakundeek ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, baita erantzukizunpeko deklarazioa ere, zeinean lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren datuak jasoko baitira, kasu bakoitzean ordezkagarritasun handiena justifikatzen dutenak.

4. Foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, Nafarroako Merkataritza Kontseiluko kideak izendatzeko interesa daukaten eskualdeko merkataritza-elkarteek ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute.

Beren ordezkaritza izendatu behar duten erakundeen arteko lehen aukeraketa Nafarroako Merkataritza Kontseiluko idazkariak egindako zozketaren bidez eginen da. Zozketa aipatu eskabidea aurkeztu duten elkarteen artean eginen da.

Elkarte horien kide ordezkariak 6. artikuluaren g) apartatuan aipatzen diren bi eremuetako elkarte guztien artean txandakatuko dira.

Ordezkaria izaten bi urte igaro eta gero, ordezkarien berritzea zozketa eginez eginen da berriro, baina beren kontseilukidea eduki duten erakunde guztiak ez dira zozketan sartuko. Kontseilukiderik izendatu ez duten erakundeak dauden artean, ez dira berriz zozketan sartuko.

5. Foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, 6. artikuluaren j) apartatuan aipatzen diren sindikatuek komunikatuko dute beren ordezkarien berrespena, edo beren ordezkariak izanen direnen izendapena.

6. Nafarroako garapenerako agentziei dagozkien kontseilukideak izendatu behar dituzten erakundeak aukeratzeko, dauden guztien artean adostasuna lortu beharko dute.

Adostasunik lortzen ez bada, erakundeak Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren idazkaritzan egindako zozketaren bidez izendatuko dira. Kasu horretan, Nafarroako Merkataritza Kontseiluaren idazkaritzak epe bat ezarriko du eskabidea aurkezteko. Zozketa parte hartzeko interesa duten eta ereduaren araberako eskabidea aurkeztu duten erakundeen artetik eginen da.

Ordezkatzeko epea amaitzen denean, ordezkaritzaren berrikuntza hasierako aukeraketa egin zen modu berean eginen da, eta izendapen berriak zer urteri dagozkion, urte horren abenduaren 31 baino lehen komunikatu beharko dira.

Agentzien arteko adostasunik ez bada eta ordezkari berriak zozketaren bidez aukeratu behar badira, kontseilukidea eduki duten agentziek ez dute parte hartuko zozketan, eta ordezkariak izendatzeko aukerarik eduki ez duten agentziak dauden bitartean, ez dute zozketa horretan parte hartuko.

7. Kasu guztietan, ordezkarien izendapenak eta berrespenak berdintasunari buruz indarrean dagoen araudiak ezartzen duenari jarraiki eginen dira, eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko oreka zaintzen saiatuko da.

8. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, komunikazioak eta berrespenak idazkaritzari zuzendutako idatziaren bidez eginen dira. Idazkaritzak Kontseiluko buruari bidaliko dizkio.

Xedapen Indargabetzailea Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Aholku Behatokiaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen urriaren 29ko 68/2010 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Lehena. Garatzeko gaikuntza.

Merkataritzaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren egintza eta xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.-Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1906637

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web